96. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipamenduak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2015erako.

Jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko 2015-2017 hitzarmenean ezarritakoaren arabera, langileen lan osasuna hobetzea eta lan istripuak gutxitzea oinarrizko helburua da. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen egoera materiala hobetu behar da, besteak beste.

2015ean diruz lagunduko dira nekazaritzako elikagaien industrietako esterilizaziorako autoklabe bertikalak egokitzea eta ordeztea.

Nafarroako Gobernuaren 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza hori banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimendu zen.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako 2015eko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 87.212 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu Plana. Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak’’ izeneko 190000 19100 7709 494100 kontu-sailaren kargura, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

190000-19100-7709-494100: Enplegu plana. Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak

5038

2015

87.212,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 5ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ERANSKINA

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea eta bultzatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea.

Estatistikek erakusten dute “esterilizaziorako autoklabe bertikalak” izeneko presiozko ekipamenduak nekazaritzako elikagaien industrietan erabiltzeak arrisku handia dakarkiela haiekin ari diren langileei. Horregatik, 2015eko deialdiaren helburua da ekipo horiek egokitzea eta ordeztea.

2. oinarria. Diru-laguntza jasotzen ahal duten inbertsioak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezke 2015eko urtarrilaren 1etik azaroaren 23ra egiten diren inbertsioak:

a) Autoklabean segurtasun sistemak paratzea, haren barnean arriskua denean ireki ez dadin. Ekipoaren egokitzapenak baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Sistema horiek paratzeak ez ditu aldatuko presiozko ekipoak, ez instalazioa, abenduaren 12ko 2060/2008 Errege Dekretuaren 8. artikuluko 1. eta 2. ataletan definituak dauden bezala. Horren bidez onetsi ziren presiozko ekipoen eta horien jarraibide tekniko osagarrien araudia.

II. Paratutako segurtasun sistemak autoklabearen irekiera eragotziko du, langilearen osasunarentzat arriskua dagoen bitartean. Arrisku ezaren kontrola presioaren eta barneko tenperaturaren parametroen bidez bermatuko da, edo beste batzuen bidez, antzeko eraginkortasuna badute.

III. Arrisku eza horreen kontrolak bete beharko du laneko ekipoak erabiltzeari buruzko Arriskuak ebaluatzeko eta prebenitzeko gidaliburuan ezarritakoa, LSHIN, H eranskina, B4 atala, ondoko hau, alegia, “Bete behar da osagai baten huts edo matxura batek ez dezala eragin segurtasunaren funtzioa galtzea”.

IV. Aipatu 2060/2008 Errege Dekretuaren 8.3. artikuluaren arabera gauzatuko da egokitzapena eta ez du ekarriko presiopeko zatietan eragiketarik egitea, konparaziora lodieraren zati handi bati eraginen lioketen zulaketak edo soldadurak.

V. Egokitzapena EIP-2 kategoriako enpresa instalatzaile batek egin beharko du.

VI. Ez dira diruz lagunduko autoklabea irekitzea eragozten duten sistemak, goiko hustubide-balbula aldez aurretik ireki dela baizik ez badute bermatzen, baldin sistema horien eraginkortasuna balbula irekitzearen eta autoklabearen estalkia irekitzearen artean iragandako denborak baldintzatzen badu.

b) Barnean arriskua duten autoklabeak irekitzea ahalbidetzen duten esterilizaziorako autoklabe bertikalak ordeztea, eta haien lekuan jartzea irekidura eragozteko segurtasuneko osagaiak dituzten autoklabeak. Segurtasuneko osagai horiek a) letrako II., III. eta VI. zenbakietako baldintza berak bete beharko dituzte.

3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza bakoitzaren kopurua honakoa izanen da:

a) Ekipoak egokitzeko kasuan, gasturako eman daitekeen diru-laguntzaren %50 emanen da (enpresa instalatzailearen faktura, BEZarik gabe), gehienez ere 750 euro.

b) Ekipoak ordezteko kasuan, gasturako eman daitekeen diru-laguntzaren %15 emanen da (enpresa instalatzailearen faktura, BEZarik gabe), gehienez ere 3.000 euro.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa goratuko da 2014ko abenduaren 31n enpresaren plantillan dauden emakume kopuruaren arabera, ondoko taulan xedatutakoari jarraikiz:

EMAKUMEZKOEN PORTZENTAJEA PLANTILLAN

DIRU-LAGUNTZA GEHIGARRIA (%)

>40

1

>60

2

4. oinarria. Onuradunak.

1. Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Nekazaritzako elikagaien industriakoa izatea.

b) 2. oinarrian definitutako inbertsioak egitea Nafarroan dauden lantegietan.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013eko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debeku egoeraren batean ez egotea.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskaerak berarekin dakar departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

2. a) eta d) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko da. Gainerako baldintzak ofizioz egiaztatuko dira.

5. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko irailaren 30ean bukatuko da.

Enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Salbuespen gisa, 2015. urtean deialdia argitaratu aurretik egin diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaera telematikaren bidez eginen da nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Sinadura elektronikoaren titularrak du erantzukizuna, eskaeran emandako datuak egiazkoak izan daitezen.

3. Laguntzak eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira zein bere izenarekin (ad.: “Memoria”):

a) Inbertsioa justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira aurreko egoera eta nolako aldaketak egin diren edo egin nahi diren. Ekipoen azalpen-liburuxkak sartu behar dira, edo inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio.

Memoriak hurrengo informazioa jaso beharko du:

–Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamena.

–Ekipoak EBren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana.

b) Inbertsioaren aurrekontu xehea (edo proformako faktura). Aurrekontuko kontu-sailetan, egin behar dena identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da, baldin eta objektu horrek UNE araua edo EBren markatua bete behar baditu.

c) Hornitzaileak hautatzeko inprimakia: diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman. Inprimakia laguntzen fitxan eskuratu daiteke.

6. oinarria. Banakako ebaluazioa.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bitartez tramitatuko dira. Hori dela-eta, eskaerak 2. eta 3. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalak, aldez aurretik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena duela, ebazteko proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita onuradunek diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskabidea aurkezten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Egindako inbertsioaren justifikazioa.

1. Onuradunek 2015eko azaroaren 30a baino lehen, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 4.2 oinarrian adieraziriko moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipaturik.

b) Egindako gastuaren eta ordainketaren frogagiriak.

c) EIP-2 enpresa instalatzaileak emandako ziurtagiria, ondoko hauek adierazten dituena:

i) Enpresa instalatzailearen identifikazikoa (izena, helbidea eta identifikazio zenbakia).

ii) Egokitutako ekipoa dagoen enpresaren helbidea.

iii) Instalazioaren ezaugarri teknikoak eta haren erregistro zenbakia Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioan.

iv) Presiozko ekipoaren identifikazioa eta ezaugarriak.

v) Behar bada, beste berariazko ezaugarriak, instalazio motaren arabera.

vi) Egokitzapenaren kasuan, egindakoaren deskribapena.

vii) Erantsiko da berariazko aitorpen bat, adierazteko ez dela aldatu funtzio nagusia, ez fabrikatzaileak aurreikusitako beste batzuk, ezta segurtasun gailuak ere. Ez dela egin presiopeko zatietan zulaketarik, ezta lodieraren zati handi bati eragiten dion soldadurarik ere eta, beraz, instalazioa segurua dela.

viii) Egindako azterketa, kontrol eta proben deskribapena.

ix) Data eta arduradun teknikoaren izena eta sinadura, eta ziurtagiria izenpetzen duen enpresa instalatzailearen zigilua.

d) Esterilizaziorako autoklabe bertikala ordezten denean, autoklabea suntsitzeko erabili den prozedura deskribatuko du enpresak, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den edo hondakin ez arriskugarriak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzailea duenak, eginen duen. Diru-laguntza kobratzeko, enpresak modu sinesgarrian frogatu beharko du suntsipena.

e) Ekipoa aldatu ondoren, arriskuen ebaluazioa. Bertan justifikatuko da arriskua kontrolatu dela eta ikusi dela aldaketak ez dakarrela beste arriskurik.

2. Frogagiriak azterturik, laguntzen organo kudeatzaileak egiaztatuko du instalazioa erregistratua dagoela eta enpresak eginak dituela aldizkako ikuskapenak.

3. Aurkeztutako frogagiriak osatu gabe dagoela edo okerra dela ikusten bada, 10 eguneko epea emanen zaio enpresari okerrak zuzentzeko. Hori egin ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

9. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

b) Inbertsioak gauzatzea 2015eko azaroaren 30a baino lehen, 8. oinarrian aipatutako frogagiriak aurkezteko azken eguna.

c) 8.1.d) oinarrian esandako moduan, ordeztu den autoklabearen deuseztapena egiaztatzea.

d) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Behar izatera, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaileotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak azterturik, instrukzio organoak ordainketarako ebazpenaren proposamena igorriko dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste 8.1.a) oinarriko nahitaezko gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioaren frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epeak bete ezean, enpresa onuradunek diruaren legezko interesa ordaintzea eska dezakete eta, behar bada, sortutako kalteen ordaina.

11. oinarria. De mínimis laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko FC76/2015 Ebazpenaren bidezko laguntzekin. Horretan onetsi zen industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia (2015eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa). Dena dela, enpresek hautabide hau har dezakete.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1506893