89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 29an hartua, “Esa Fundazioa” izeneko fundazio publikoa iraungitzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez “Esa Fundazioa” izeneko fundazio publikoa eratzea onetsi zen, baita haren estatutuak ere.

Egungo testuinguruan, mundu garatuko herrialde nagusietako ekonomietan krisi latzaren ondorioek irauten duten honetan, Espainiako ekonomian, eta horrenbestez, Nafarroakoan ere, nabaritzen dira pairamen horiek. Inguruabar horietan, lehentasun handiena da, Europar Batasunaren eskakizunen harira, Espainian hitzartutako iraunkortasun programa betetzea, eta, hori dela eta, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko helburua ere betetzea, 2014an Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean hitzartua.

Aurrekontuak gauzatu behar dira austeritatearen irizpideak ardatza izanik, baina, aldi berean, suspertze ekonomikoaren alde, enplegua sortzearen alde eta proiektu estrategikoen alde egin behar dute, eta, halaber, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte politiken arloko funtsezko zerbitzu guztiak bermatuta gelditu behar dira, diru-sarrera publikoek modu nabarmenean behera egin duten honetan.

Helburu hori izanik, Nafarroako Gobernuak, besteak, beste, Foru Komunitateko Administrazioaren goi karguen eta zuzendaritza organoen murrizketa handia egin du, eta sozietate publikoak berrantolatzeko prozesu bat ere bai, Administrazioan austeritatea eta eragimena areagotzearen helburua betetzeko asmoz, ematen diren zerbitzu publikoen kalitateari eutsiz, betiere.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak 2014ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez agindu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait fundazio iraungitzeko edo haien estatutuak aldatzeko prozedurak abian jartzeko. Erabaki horretan agindu zen “Esa Fundazioa”, besteak beste, iraungitzeko prozedura abian jartzeko, eta adierazi zen iraungitzeko proposamenak 2014ko ekitaldian bidali behar zitzaizkiola Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, “Esa Fundazioa” fundazio publikoa iraungitzeko proposamena Nafarroako Gobernuari bidaltzeko epea luzatu zen 2015eko lehen lauhilekora arte.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 126. artikuluan, ondokoa xedatzen du:

“126. artikulua. Osaera eta estatutuak.

1.–Nafarroako Gobernuak sortuko ditu fundazio publikoak, erabaki baten bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

2.–Erabaki horren bidez fundazio publikoa arautuko duten estatutuak onetsiko dira. Horiek, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako kontuez gain, sortzaileari patronatuaren kaltean datxezkion ahalmenak eta bertan parte hartzeko modua adierazi beharko dituzte.

3.–Bereziki, fundazio publikoa aldatu eta iraungitzeko eskumenari atxiki beharko zaio sortzailea. Egintza horiek artikulu honetako 1. idatz-zatian zehaztu bezala onetsi beharko dira.

4.–Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.”

Bestalde, Fundazioaren Estatutuen 43.4 artikuluan hauxe xedatzen da:

“Nafarroako Gobernuak likidazioaren ondoriozko ondasunei buruzko erabakia hartuko du, eta fundazioaren xedean eraginik izan gabe bereizten ahal diren ondasunak entitate lagatzaileei itzultzeko erabakia hartzen ahal du.

Likidazioaren ondoriozko ondasunak interes orokorreko xedeetan erabiliko dira osorik, fundazioaren xedeen antzekoak badira; bestela, irabazi-asmorik gabeko edozein fundazio edo entitateri atxikiko zaizkio, baldin Fundazioaren interes orokorreko xedeen antzekoak bilatzen badituzte eta beren ondasunak haiek lortzera zuzenduta badituzte.”

Ildo horretan, estatutuen artikulu aipatuan adierazten dena betez, bidezkotzat jotzen da Fundazioaren jarduketa eremuko toki entitateen artean banatzea likidazioaren ondoriozko fundazio-uneko zuzkidurako geldikina, hots, 23.353,00 euro.

Likidazioaren ondoriozko geldikinaren banaketari dagokionez, Zangozako Udaleko idazkariak ziurtatutakoaren arabera, Xabierko, Ledeako, Irunberriko eta Esako Udalek Zangozako Udalean eskuordetu dute “Baterako interpretazio proiektu bat garatzeko baldintza teknikoak” memorian definitutako lanen lizitazio, esleipen eta exekuzioaren espedientearen tramitazioa. Izan ere, fundazioko toki entitateek batera proposatu dute jarduketa hori egitea eta Fundazioaren likidazioaren ondoriozko geldikinarekin finantzatzea. Halaber, ziurtagiriaren arabera, Zangozako Udalaren Gobernu Batzordearen martxoaren 31ko Erabakiaren bidez, 23.353,00 euroan (BEZa barne) esleitu zen kontratua.

Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 10ean hartutako Erabakiarekin bat, batera kontratatzen den jarduketa bukatu ondoren banatzen ahalko da fundazio-uneko zuzkidurako geldikina, egindako inbertsioaren arabera. Horri dagokionez, fundazioa iraungitzeko prozesuaren barruan, Fundazioak 23.353,00 euroko geldikina ordainduko dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari. Gero, idazkariaren ziurtagiri bidez, Zangozako Udalak egiaztatu beharko du kontratatutako lanak bukatu direla eta kontratistari ordaindu zaizkiola, eta Sustapen Departamentuari eskatu beharko dio dagokion zenbatekoa (23.353,00, gehienez) ordaintzeko. Sustapen Departamentuak zenbateko hori ordainduko dio Zangozako Udalari.

Aurrekoarekin bat, Sustapen Departamentuak “Esa Fundazioa” iraungitzeko proposamena bidali du, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskudun diren departamentuen aldeko txostena izanik.

Horrenbestez, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. “Esa Fundazioa” izeneko fundazio publikoa iraungitzea.

2. Xedatzea ezen Zangozako Udalari ordaindu dakiola likidazioaren ondoriozko fundazio-uneko zuzkidurako geldikina, hots, 23.353,00 euro.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki hau jakinaraztea “Esa Fundazioari” eta Xabierko, Ledeako, Irunberriko, Zangozako eta Esako udalei, eta igortzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Kontabilitate Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiari eta Sustapen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1506690