89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 18koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Orkoiengo International Contract Molding España SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Orkoiengo International Contract Molding España SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100812012015) aztertu da, Erregistro honetan sartu zena 2015eko martxoaren 2an. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2015eko urtarrilaren 19an izenpetu zuten. Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 18an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

INTERNATIONAL CONTRACT MOLDING ESPAÑA SLren HITZARMEN KOLEKTIBOA
2013-2014-2015 URTEETARAKO

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta eremu funtzionala eta lurraldekoa.

Lan hitzarmen honek Empresa International Contract Molding España SL enpresaren eta enpresako langileen arteko harremanak arautzen ditu.

2. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honek enpresan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiengan izanen du eragina, hitzarmenetik kanpoko langileak salbu.

3. artikulua. Iraunaldia eta salaketa.

Hitzarmenak 2014ko azaroaren 1ean hartuko du indarra ondorio guztietarako, ondorio ekonomikoak 2013ko urtarrilaren 1era eramanen dira, eta 2015eko abenduaren 31 arte izanen du indarraldia.

Hitzarmen hau isilbidez luzatutzat joko da, urtetik urtera, ez badu alderdietako batek hitzarmena nahiz haren edozein luzapen salatzen, iraungitzeko eguna baino hilabete lehenago, gutxienez ere. Salaketa hori aldi berean jakinaraziko zaio beste alderdiari, eta ez du ondoriorik izanen hitzarmenaren indarraldia bukatu arte.

4. artikulua. Batzorde Misto Paritarioa.

Bi alderdi negoziatzaileek Batzorde Mistoa eratzea erabaki dute, hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, arbitraje, adiskidetze eta zaintzarako organoa izan dadin.

Batzorde Mistoa enpresaren ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak osatuko dute.

Batzorde horrek aholkularien noizbehinkako edo etengabeko zerbitzuak erabiltzen ahalko ditu, bere eskumeneko gai guztietan. Alderdi bakoitzak nahi dituen aholkulariak aukeratuko ditu.

Batzordeak, besteak beste, gai hauetan izaten ahalko du esku:

–Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.

–Itundutakoa betetzen den zaintzea.

–Hitzarmenaren testua haren indarraldian ezar daitezkeen zuzenbideko lege xedapenei egokitzea.

–Hitzarmen kolektibo honen bidez esleitzen zaizkionak.

–Hitzarmen honetako baldintzak noiz ez aplikatu.

Bera osatzen duten alderdietako batek eskatuta bilduko da Batzorde Mistoa, eta horren berri emanen dio beste alderdiari. Bilera, gehienez ere, hamar egunen buruan izanen da, eskaera egiten denetik.

Batzorde Mistoak aztertzen dituen gaiak hamabost laneguneko epean ebatziko dira, gehienez ere, bilera egiten denetik.

Batzorde Misto Paritarioaren eginkizunak eta jarduerak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikzioan libreki sartzeko, Legean aurreikusitako moduan.

II. KAPITULUA

Alderdi ekonomikoak

5. artikulua. Soldatak.

2013: oraingo soldatei eusten zaie (2013. urtean ordaindutakoei).

2014: bermatzen da enpresako langile guztiek jasoko dutela, gutxienez, Industria Kimikoaren Hitzarmen Kolektibo Orokorreko gutxieneko soldata bermatua, dagokien lanbide taldearen araberakoa.

Horretarako, langileei behar diren igoerak aplikatuko zaizkie, 2014ko urtarrilaren 1eko ondorioekin, baldin beren oinarrizko soldata gehi osagarri pertsonala txikiagoa bada beren lanbide taldearen gutxieneko soldata orokorra baino.

2. taldeko langileak irentsi eginen dira, eta, oinarrizko soldata gisa Industria Kimikoaren Hitzarmen Kolektibo Orokorreko gutxieneko soldata bermatua ezartzeko, beren osagarri pertsonaletik dagokien zatia konpentsatuko da, oraingo soldata gordinean aldaketarik egin gabe. Lerroalde honetako irenstea eta konpentsazioa berariaz onartzen dela adierazteko, ukitutako guztiek sinatzen dute.

Enpresako langile guztiei beren soldata beste %0,2 igoko zaie, 2014ko urtarrilaren 1eko ondorioekin.

Aurreko lerroaldetik ondorioztatutako soldata igoerak 2015eko urtarrileko nominan islatuko dira, eta 2015eko urtarrileko nominarekin batera likidatuko dira.

2015: aurretik esan bezala doitutako soldatetatik abiaturik, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean estatutuen arabera xedatutako igoera (%) izanen dute.

2016: bi alderdiek konpromisoa hartzen dute soldataren igoera bat aztertzeko, enpresak dituen ahal ekonomikoen arabera. Alderdiek adostu dute 2016ko urtarrilaren 1ean Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorra aplikatuko dela.

Artikulu honetan arautu gabeko guztian, eta, betiere, hemen ezarritakoari kontra egiten ez badio, aplikatzekoa den Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak estatutuz xedatutakoari eginen zaio men.

III. KAPITULUA

Diziplina araubidea

6. artikulua. Diziplina araubide aplikagarria.

Aplikatzekoa den Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak estatutuz araututako diziplina araubideari eginen zaio men.

V. KAPITULUA

Beste xedapen batzuk

Hitzarmen honetan araututako baldintzak ez aplikatzea.

Aplikatzekoa den Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak estatutuz xedatutakoari eginen zaio men, eta halakorik ezean, indarreko Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluari.

Zuzenbide osagarria.

Aplikatzekoa den Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak estatutuz xedatutakoari eginen zaio men, halakorik badago.

Emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna sustatzeko neurriak.

Aplikatzekoa den Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak estatutuz xedatutakoari eginen zaio men, halakorik badago.

Enpresako zuzendaritzaren aldetik. Langileen ordezkarien aldetik. 5. artikuluko 3. artikuluak, 2014 atalak, ukitutakoen aldetik, haien adostasuna eta onarpena adierazteko.

Iragarkiaren kodea: F1505294