89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 16koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Noaingo Aunditrans SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Noaingo Aunditrans SL entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100241012015) aztertu da, Erregistro honetan sartu zena 2015eko urtarrilaren 28an, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek izenpetu zutena 2015eko urtarrilaren 26an. Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 16an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

AUNDITRANS SLren HITZARMEN KOLEKTIBOA (2015-1-12)

1. artikulua. langile eremua.

Hitzarmen honek Aunditrans SL enpresaren Nafarroako lantokiari edo lantokiei atxikita dauden langile guztiengan du eragina, baita haren indarraldian sartu eta alta hartzen dutenengan ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua.

Hitzarmen honi lotutako langile guztiek lan egiteko behar dituzten baimen eta agiri guztiak indarrean eduki beharko dituzte. Edozein agirik indarra galduz gero, kontratua eteten ahalko da hiru hilabetez gehienez, eta epe hori bukatuta enplegatuak behar duen dokumentazioa lortzen ez badu, lan kontratua iraungiko da.

2. artikulua. eremu funtzionala.

Enpresa hitzarmena izanik, Aunditrans SL enpresara eta haren eremura mugatzen da, bere xede sozialean definitutakora, baita era dezakeenera ere, hitzarmen honen indarraldian hura handituko balitz.

Hurrengo jarduerak sartzen dira:

Garraio publikoa edo pribatua, errepidekoa, erregularra nahiz berezia, nazionala nahiz nazioartekoa, eta aurrekoen baliokideak, antzekoak, osagarriak edo erantsiak diren jarduerak.

Salgaiak garraiatzea lurreko bideetan barna, ibilgailu automobiletan, eta Lurreko Garraioen antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen arabera salgaien garraioaren jarduera laguntzaile eta osagarri direnak.

3. artikulua. lurralde eremua.

Hitzarmen hau aplikatuko zaie Nafarroako lantokietan atxikita zerbitzuak ematen dituzten Aunditrans SL enpresako langile guztiei.

4. artikulua. iraunaldia.

Hitzarmen honen iraupena eta indarraldia bi urtekoak dira, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31 arte.

Hitzarmenaren iraupena bukaturik, ulertuko da salatu dela eta isilbidez luzatu, harik eta negoziazio mahaiak beste erabaki bat lortu arte.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia bukatu baino lau hilabete lehenago hasiko dira negoziazioak; horretarako konpromisoa hartzen du enpresak.

5. artikulua. osotasunarekiko menpekotasuna.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Agintaritza eskudunak baliogabetzen badu hitzarmen honen klausula bat, hitzarmenaren gainerako klausulek indarra izaten jarraituko dute, eta izenpetu duten alderdiak beharturik egonen dira ezabatutako klausula edo artikuluak negoziatzen hastera hilabeteko epean.

Hitzarmen kolektibo hau, alderdien arteko lege den aldetik, nahitaez bete beharrekoa da bai sinatzaileentzat, baita kontratua sinatzearen ondorioetarako ordezkaturiko pertsona fisiko edo juridikoentzat ere, eta bete beharreko zuzenbide absolutua ez den beste edozein arauren gainetik egonen da haren indarraldian.

6. artikulua. konpentsazioa eta irenspena.

Hitzarmenean ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsi eginen dituzte hitzarmen kolektibo honek indarra hartzean zeuden guztiak, edozein dela ere haien izaera edo jatorria, bai eta gero batean xedapen orokor edo hitzarmenezkoen bitartez ezarri eta nahitaez aplikatu beharreko baldintza guztiak ere.

7. artikulua. hitzarmenaren aplikazio subsidiarioa.

Hitzarmen kolektibo honetan arautu gabeko gai eta baldintza guztiak honako hauen arabera arautuko dira: Nafarroako "salgaien errepide-garraioa" sektoreko lan hitzarmen kolektiboa, salgaien errepide-garraioari buruzko II. Akordio Orokorra eta martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina.

8. artikulua. urteko benetako lanaldia.

Urteko benetako lanaldia 1.784 ordukoa izanen da, urte guztirako, langile guztientzat, astelehenetik igandera. Atsedenaldiak, hots, bazkaltzeko denbora, atsedena edo kafea hartzeko etenaldiak eta antzeko beste batzuk, ez dira benetako lanordu gisa hartuko.

Gidarien kasuan, enpresaren eskura edo jardunean ematen duten denbora guztia hartuko da benetako lanordutzat, denbora horretan ibilgailua gidatzen aritu, edo ibilgailuen zirkulazio ordutegiaren barreneko beste lan batzuetan, edo ibilgailuarentzako lan osagarriak egiten aritu, berariaz alde batera utzita atsedena hartzeko finkatuak dauden aldiak. Ondorio horietarako, legez aplikatzekoak izanen dira 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 (EB) Erregelamendua edo horren ordezko araudia.

Gidariek "Kilometrajea eta beste konpentsazio batzuk" kontzeptu gisa jasotzen dituzten zenbatekoek (gero azalduko dira) konpentsatuko dituzte ibilbide bat egiteko luzatutako lanaldiak, luzapenak edozein motatakoak izanik ere.

9. artikulua. baldintza ekonomikoak.

I. eranskineko soldata taulak dira. Hiru aparteko eskersari izanen dira, eta hileko soldata baten adinakoak izanen dira, nominako kontzeptu finkoekin bakarrik. Udakoa uztailean pagatuko da, eta Eguberrietakoa abenduan. Hirugarren paga hilabeteko hainbanatzen da, "Mozkinen paga" kontzeptu gisa.

"Udako" eta "Eguberrietako" eskersari bakoitza seihilekotan sorraraziko dira: lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.

10. artikulua. dietak mantenuagatik eta ostatuagatik.

Mantenuko eta egonaldiko gastuak kalkulatzea zaila denez, konpentsazio sistema hau erabaki da: Espainian egindako kilometro bakoitzeko 0.076 euro eta Nazioartean egindako kilometro bakoitzeko 0.086 euro. Kopuru horren bidez ordaintzen dira gidariak bai Estatuan bai atzerrian dabilenean izaten dituen mantenu eta egonaldiko gastu guztiak.

11. artikulua. kilometrajea eta beste konpentsazio batzuk.

Aldaera garrantzitsu bat xedatzen da, kontuan harturik zenbat irteera eta iritsiera egiten dituen gidari batek igandeetan eta jaiegunetan eta larunbatetan, zenbat geldialdi dituen larunbatetan edo jaiegunetan, bezeroarekin trukatutako paletak eta egindako kilometroak, ondoren zehazten dugun bezala:

Irteera edo iritsiera larunbatean, igandean (ostiraleko 24:00etatik igandeko 24:00etara) edo jaiegunetan (aurreko eguneko 24:00etatik jaieguneko 24:00etara).

6.5 euro/gidaritza orduko

Geldialdiak, gidatzerik ez dagoen larunbatetan edo jaiegunetan

75 euro unitateko

Palet trukea, CMR edo DC bidez justifikatuak betiere, dagozkion itzulketekin

6.38 euro unitateko

Banaketa eta jasotzea

6 euro banaketako

Kilometro bakoitzeko

0.002 euro/km

Aldagai horien ondoriozko zenbatekoak konpentsatuko ditu ibilbide bat egiteko luzatutako lanaldiak, luzapenak edozein motatakoak izanik ere.

12. artikulua. aldez aurretik abisatzeko epea.

Enpresa utzi nahi duten langileek gutxienez ere 15 egun baliodun lehenago jakinarazi beharko dute.

Aldez aurretik abisatzeko epea bete ezik, jakinarazpena atzeratu zeneko egunetan sortuko zatekeen zenbatekoaren adinakoa galduko da likidazioan.

13. artikulua. hitzarmenaren Batzorde Paritarioa.

Bi alderdi negoziatzaileek Batzorde Mistoa eratzea erabaki dute, hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, arbitraje, adiskidetze eta zaintzarako organoa izan dadin.

Batzorde Mistoa enpresaren ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak osatuko dute.

Batzorde horrek aholkularien noizbehinkako edo etengabeko zerbitzuak erabiltzen ahalko ditu, bere eskumeneko gai guztietan. Alderdi bakoitzak nahi dituen aholkulariak aukeratuko ditu.

Batzordeak, besteak beste, gai hauetan izaten ahalko du esku:

–Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.

–Itundutakoa betetzen den zaintzea.

–Hitzarmenaren testua haren indarraldian ezar daitezkeen zuzenbideko lege xedapenei egokitzea.

–Hitzarmen kolektibo honen bidez esleitzen zaizkionak.

–Hitzarmen honetako baldintzak noiz ez aplikatu.

Bera osatzen duten alderdietako batek eskatuta bilduko da Batzorde Mistoa, eta horren berri emanen dio beste alderdiari. Bilera, gehienez ere, hamar egunen buruan izanen da, eskaera egiten denetik.

Batzorde Mistoak aztertzen dituen gaiak hamabost laneguneko epean ebatziko dira, gehienez ere, bilera egiten denetik.

Batzorde Misto Paritarioak hartutako erabakiak hitzarmen kolektiboko xedapenetako baten aurkakoak badira edo funtsezko eragina badute haiengan, balioa izateko, Batzarrean bildutako langileek gehiengo soilez onetsi beharko dituzte eta Langileen Estatutuaren 90. artikuluan ezarritako legezkotasun kontrola iragan beharko dute.

Batzorde Misto Paritarioaren eginkizunak eta jarduerak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikzioan libreki sartzeko, Legean aurreikusitako moduan.

14. artikulua. behin-behineko kontratuak.

Langileen Estatutuaren 15.1 artikuluaren b) letran jasotako ekoizpen beharretarako behin-behineko kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko erreferentzialdi bakoitzerako.

15. artikulua. lanbide sailkapena.

Hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuan sarturik dagoen enpresan zerbitzuak ematen dituzten langileak sailkatuko dira Salgaien errepide-garraioko enpresetarako II. Akordio Orokorreko lanbide taldeetako batean, eta III. taldean (Mugimenduko langileak) kategoria hauek sartuko dira:

–Gidari mekanikaria, 1. mailakoa: gidaria da, eta gidari mekanikariaren eginkizunak betetzen ditu, II. Akordio Orokorraren arabera, baina, gainera, 5 urteko eskarmentua du Aunditrans SL enpresan, eta 2. mailako gidari mekanikariaren baldintzak ere betetzen ditu.

–Gidari mekanikaria, 2. mailakoa: gidaria da, eta gidari mekanikariaren eginkizunak betetzen ditu, II. Akordio Orokorraren arabera, baina, gainera, 3 urteko esperientzia du Aunditrans SL enpresan. Horretaz gain, ezbehar-tasa txikia lortu du (zero istripu azken bi urtean), bere kargurako materiala ongi zaindu du eta erakutsi du baduela ahalmena, bai enpresaren barneko araudia betetzeko, bai bide segurtasuneko araudia betetzeko ere.

–Gidari mekanikaria, 3. mailakoa: gidaria da, eta gidari mekanikariaren eginkizunak betetzen ditu, II. Akordio Orokorraren arabera. Ez du esperientziarik enpresan, baina badu gidari mekanikariaren eskarmentua beste enpresa batzuetan.

–Gidari aprendiza: lanbidean esperientziarik ez duen langilea, badauzkana Aunditrans SL enpresako ibilgailuak gidatzeko baimenak, prestatzeko edo ikasteko kontratu bidez kontratatua.

Behin 1. mailako gidari mekanikariaren kategoria harturik, ez da galduko nahiz eta bigarren mailako gidari mekanikariari dagozkion baldintzak bete.

I. ERANSKINA

Soldaten taulak

GUZTIRA URTEAN

SOLDATA GORDINA HILEAN

SOLDATA GORDINA URTEAN

1. TALDEA. GOI MAILAKO LANGILEAK ETA TEKNIKARIAK

Zerbitzuburua

26.981,58

1.456,90

21.853,49

2. TALDEA. ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK

Atalburua

21.291,68

1.132,16

16.982,46

Bulegoburua

20.478,92

1.085,77

16.286,52

1. mailako ofiziala

19.452,72

1.027,20

15.407,98

2. mailako ofiziala

18.883,48

994,70

14.920,52

Adminis. laguntzailea

18.356,37

964,63

14.469,38

16-17 urteko izangaia

16.063,59

833,77

12.506,52

Bisitaria

18.356,37

964,63

14.469,38

3. TALDEA. MUGIMENDUKO LANGILEAK

Salgaien garraioa

1. mailako trafikoburua

20.479,08

1.085,78

16.286,65

2. mailako trafikoburua

19.452,72

1.027,20

15.407,98

3. mailako trafikoburua

19.028,03

1.002,96

15.044,39

Gidari mekanikaria, 1. mailakoa

19.276,24

1.033,33

15.500,00

Gidari mekanikaria, 2. mailakoa

1.000,00

15.000,00

Gidari mekanikaria, 3. mailakoa

966,67

14.500,00

Gidari aprendiza

606,00

9.090,00

Gidaria

19.045,10

1.018,12

15.271,81

Furgonetako gidaria

18.751,78

987,19

14.807,90

Laguntzailea

18.596,91

978,35

14.675,31

Eskorga gidaria

18.751,78

987,19

14.807,90

4. TALDEA. LANTEGIKO LANGILEAK

Lantegiburua

17.259,17

Arduraduna

15.537,89

1. mailako ofiziala

15.102,85

2. mailako ofiziala

14.980,18

3. mailako ofiziala

14.754,14

Lantegiko sehia

14.622,22

16-17 urteko aprendiza

11.842,22

II. ERANSKINA

Hitzarmen honetan araututako baldintzak ez aplikatzea.

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1505295