78. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 20koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Berriozarko Udala entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Berriozarko Udala entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31000742011993) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko uztailaren 11n sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko apirilaren 4an izenpetu eta 2015eko otsailaren 16an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1.–Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2.–Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko otsailaren 20an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

BERRIOZARKO UDALEKO LAN-KONTRATUDUNEN LAN BALDINTZEI BURUZKO HITZARMENA
2014. eta 2015. URTEETARAKO

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Hitzarmen honen xedea da Berriozarko Udalaren eta erakunde horretan lan-kontratu finkoa edo aldi baterakoa duten langileen arteko lan baldintzak arautzea. 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitartean egonen da hitzarmen hau indarrean. Hitzarmen honetatik kanpo geratzen dira gizarte enplegu babestuko, oinarrizko errentako edo interes orokor nahiz sozialeko obretako programetan kontratatzen diren langileak; hauek dagozkien hitzarmenen bidez arautuko dira, hitzarmen honek berariaz ezarri eta erabakitzen dituenetan izan ezik.

2. Akordio honek jasotzen ez duen guztian, Langileen Estatutuak, horren garapenerako legezko xedapenek eta toki entitateei aplikatu beharreko gainerako arauek aginduko dute, baita Nafarroako Gobernuak bere langileekin sinatutako akordioak ere.

Aurrekoa gorabehera, akordio honetan jasotako alderdi partzial eta zehatzak berariaz negoziatu ahal izanen dira alde batek hala eskatzen duenean eta udalez gaindiko arauak aplikatu behar diren guztietan, aldaketek hobekuntzarik badakarte langileentzat edo zerbitzuarentzat.

Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo agertu aitzin, hala aurretiazko erreklamaziokoa edozein administraziori edo lan administrazioko agintaritza eskudunari, nola organo jurisdikzional eskudunari zuzendua, auzia Langileen Batzordearen esku jarriko da.

3. Ordainsari osagarri guztiak langileen batzordearen eta Berriozarko Udalaren artean negoziatuko dira.

4. Akordio hau automatikoki luzatuko da bertan jasotako gorabehera guztietan, harik eta beste bat sinatu arte, baldin eta aipatutako datarako akordio berririk lortu ez bada. Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurreko 30 egun naturaleko epean salatu beharko da.

2. artikulua. Langileak hautatzea.

Lanpostuen balorazioei eta antzeko aferei buruz Udalak enpresa publiko edo pribatuekin egiten dituen kontu guztietan, kontsulta eginen zaie langileen ordezkari sindikalei. Balorazio horien emaitzen ondorioz plantilletan aldaketarik sortuz gero, harekin negoziatuko dira.

–Lan-kontratudun finkoak hautatzea.

Lan-kontratudun finkoak hautatzeko, Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onetsi duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko III. tituluan xedatutakoa beteko da. Lan publikoaren eskaintzaren aurretik, bidezkoak diren lekualdatze-lehiaketak eginen dira. Udalak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzea arautzen duen araudian ezarritako lanpostu finkoen portzentajea gordeko du %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten langileentzat, hautapen probak gainditzen badituzte, betiere, eta duten desgaitasun maila behar denean frogatzen badute, eta desgaitasun hori beren lan eta eginkizunekin bateragarria bada.

–Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea.

Aldi baterako langileak hautatzerakoan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren IV. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio, eta haren xedapen osagarriak ere beteko dira, bereziki Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan xedatutakoa.

Aldi baterako lan kontratua lehenik eskainiko zaie antzeko lanpostu batean sartzeko hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenei. Lortutako puntuen hurrenkerari jarraituz kontratatuko dira langile horiek. Aukera hori agorturik, izangaien zerrendak osatzeko deialdiak onetsiko dira. Sindikatuen ordezkariek parte hartuta osatuko dira zerrenda horiek.

Beharrezkoa denean soilik eginen dira kontratuak zuzenean Nafarroako Enplegu Zerbitzutik.

Behin-behinekoak plantillako langileen %8 izanen dira gehienez ere, eta bajak, oporrak, lanpostu esperimentalen abiarazte aldiak edo trantsizioko lanpostuak betetzeko baizik ez dira erabiliko, langile finkoek haien lekua hartu arte. Urtero lan publikoaren eskaintza eginen da lanpostu hutsak betetzeko. Horiek Langileen Batzordean negoziatuko dira eta ordena kronologikoaren arabera eginen dira deialdiak, beharraren, hautapen-metatzeen eta abarren arabera, urtean zehar.

Administrazio-kontratuak eta horien gaineko arauak 2. artikuluarekin bat ezarritako Langileen Batzordeari kontsultatuko zaizkio.

Langile finkoak nahiz alde baterakoak hautatzeko epaimahaiak.

Langileak hautatzen dituzten epaimahaietako kideek jaso beharreko ordainsariei dagokienez, Nafarroako Gobernuak bere langileentzat onetsitako lansarien taula aplikatuko da.

Berriozarko Udalak berak langileak hautatzeko hasitako prozesu batean, epaimahaiko kide diren udal langileek ez dute ordainsaririk jasoko epaimahaiko kide gisa dituzten eginkizunak lan ordutegiaren barruan betetzen badituzte, eta, lan ordutegitik kanpo betez gero, orduen konpentsazioa emanen zaie lege testu honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Berriozarko Udalak berak langileak hautatzeko hasitako prozesu batean, epaimahaiko kideek ez dute ordainsaririk jasoko beste Administrazio Publiko baten zerbitzuan aritzen badira, betiere lan hori lan ordutegiaren barruan betetzen badute, salbu eta arauzko txostenen bidez justifikatzen badute bere jatorrizko Administrazioak ez duela hartuko bere gain epaimahaiko lanetan emandako denbora ordaintzea, kasu horretan 1.1 atalean aipatzen diren tarifak aplikatuko baitira.

3. artikulua. Lanaldia.

Lanaldia, oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean, egiaz lanean emandakoak, edo bestela Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioentzat finkatzen duena. Enplegatuek eskubidea dute plantilla organikoan lanaldia luzatzeagatik ezarritako osagarriak kobratzeko.

Urteko lanaldiaren banaketa Alkatetzaren esku egonen da, Langile Batzordeak proposatuta eta langileen delegatuekin negoziatu ondoren, Udalak bere antolaketa egiteko ahalmena eta zerbitzuaren beharrak, behar bezala justifikatuak, galarazi gabe.

Zerbitzuko beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileak, edonola ere, nor bere lan egutegiari lotuko zaio. Langile horiek orokorrean ezarrita dagoen urteko lanordu-kopurua bete beharko dute.

Ogitartekoa jateko 20 minutu hartuko dira. Zerbitzu bakoitzeko arduradunak begiratuko du hori zorrotz bete dadin. Lanaldi murriztua duten langileek ere proportzioan dagokien denbora hartuko dute ogitartekoa jateko.

Zerbitzu guztiek presentzia kontrolatzeko sistemak izanen dituzte.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, ordezkari sindikalei horren berri eman eta kontsultatu ondoren. Zerbitzuren batek larunbatetan lan egitea eskatzen badu ezinbestean, eta eskaera hori arrazoitua bada, eman litezkeen ordu konpentsazioak aztertuko dira, ordezkari sindikalekin itunduko den baremoa erabiliz.

Lanpostu guztietan ahalik eta zerbitzurik onena eman behar zaie zerbitzu publikoak ordaintzen dituzten herritarrei, eta zerbitzu hori egiten duten langileek ahalik eta baldintza eta eskubiderik onenak izan behar dituzte.

Zenbait zerbitzutan gerta liteke lanaldi bereziak egin behar izatea (hiru txanda, lanaldi zatitua...). Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmenean ezarritakoari edo ezartzen denari jarraituko zaio.

Zerbitzu anitzetako langileek Neguko Bidezaintza Plana bete beharko dute, hitzarmen honen VI. eranskinean zehazten den moduan.

Berriozarko Udalak ez badu negoziatzen bere irakasleen lanaldia, Nafarroako Gobernuak bere irakasleentzat ezarritako berbera izanen da, kasuan kasuko irakaskuntza motan.

Hitzarmen honen VII. eranskinean jaso da langileen lan ordutegia malgutzeko neurrien testua. Testu bat eginen da, telelana ezartzeko plana jasoko duena, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.

4. artikulua. Jaiegunak.

Berriozarko festak: festen hasierako eguna (abuztuko azken asteazkena, 14:00etatik aurrera) eta hurrengo bi egunak jaiegun izanen dira.

Festetako jardueretarako eta mantentze lanetarako behar diren oinarrizko zerbitzuetan (udaltzaingoa, garbiketa, mantentze lanak, jaietako zerbitzuak etab.), ondorio ekonomikoetarako soilik izanen dira jaiegunak festetako lehenbiziko eguna (abuztuko azken asteazkena, 14:00etatik aurrera) eta hurrengo bi egunak.

Gaueko txanda egiten dutenek gaueko lanarengatik dagokien osagarria ere jasoko dute. Gaueko txanda horiek urteko gainerako igande eta jaiegunekin batera kontatuko dira.

Era berean, herriko festa izanen da San Esteban eguna, abenduaren 26a.

5. artikulua. Egutegia.

1. Udal alor guztietako egutegiak Udalaren eta langileen ordezkarien artean adostuko dira, gai horretaz Udalaren organo eskudunak dituen eskudantziak galarazi gabe.

2. Ezartzen diren ordutegietan eta lan txandetan aldaketarik egiteko, eta gauza bera atsedenaldi, opor eta egutegiko aldaketa onetsietan, langileen ordezkariekin negoziatu beharko da.

3. Txanda aldaketak egiteko, 48 ordu lehenago adieraziko zaie dagokien langileei, zerbitzuko arduradunak behar bezala justifikatutako larrialdietan izan ezik, eta betiere, ahal bada, gutxienez 12 orduko tarte bat egonen da txanden artean.

4. Langileek elkarri aldatzen ahal dizkiote zerbitzuak eta txandak, aldez aurretik justifikatuta eta zerbitzuko arduradunak espresuki baimenduta.

5. Egutegi gorabeherak izanez gero, horiei dagozkien egunak nahitaez urte naturalaren barnean hartu beharko dira.

6. Aurreko klausuletan ezarritakoa zerbitzuaren beharren mende egonen da.

6. artikulua. Aparteko orduak.

1. Inork ere ez du aparteko 45 ordu baino gehiago egiten ahal urtean. Aparteko orduen ordainez betiere orduak hartuko dira. Aparteko orduak egin diren hilabete berean edo hurrengoan hartuko dira ordainezko orduak. Nolanahi ere, seihileko naturala amaitu baino lehen hartuko dira.

2. Aparteko orduak salbuespenezko kasuetan soilik eginen dira. Zerbitzuko arduradunak baimendu beharko ditu, eta egiten dituzten langileek gero zerbitzuko arduradunari justifikatu beharko dizkiote.

3. Aparteko orduak honela ordainduko dira: atseden ordu bat eta berrogeita bost minutu lanegunetan egindako aparteko ordu bakoitzeko, eta atsedeneko bi ordu, igandeetan edo jaiegunetan egindako ordu bakoitzeko.

4. Hiru hilean behin, Udaleko langile guztiek egindako aparteko orduen orria igorriko zaie ordezkari sindikalei.

Zerbitzu batean metaturiko aparteko orduak gehiegi direla egiaztatzen bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa bat eginen da.

5. Aparteko orduak eta ohiko lanaldia elkarren segidakoak ez badira, aparteko orduak honela ordainduko dira:

–30 minutu edo gutxiago, lanegunean = ordu bat.

–30 minutu baino gehiago, lanegunetan = 1,45 ordu.

–30 minutu baino gehiago, jaiegunetan = halako bi.

–30 minutu baino gutxiago, jaiegunetan = 2 ordu.

Lanegunetan behin eta berriz, Udaleko arduradunak eskatuta, ohikoa baino lan denbora gehiago egin behar izaten duten langileei, lanaldiaren luzapeneko osagarria esleituko zaie. Lan egutegian ezarrita ez dauden egunetan lan egitea, aldiz, ez da lanaldiaren luzapentzat hartuko.

Osagarri horrek ez du aparteko ordurik sortuko lanaldiaren ondo-ondoko aldian, bai ordea langilearen ohiko lanaldiaren segidakoak ez diren aldietan.

7. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldia eta hartzeko modua Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezarritakoak izanen dira (Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 23ko 5/2013 Foru Dekretua), baina zerbitzu bakoitzean langileek proposaturik egokitzen ahal da, betiere urtean hartzeko araua betez. Alkateak baimena ematen ahalko du aurreko urteko opor egun batzuk urtarrilaren lehen hamabostaldian hartzeko.

Zerbitzu bakoitzeko arduradunek beren ardurapeko langileen oporren plana aurkeztuko diote Alkatetzari, urteko maiatzaren 15a baino lehen, eta hark ekainaren 15erako horri buruzko ebazpena emanen du, Langile Batzordeak proposatuta eta zerbitzuen arduradunekin negoziatu ondoren. Oporrik geratzen bada hartzeko, bigarren plan bat aurkeztuko da urriaren 31 baino lehen.

Zerbitzuaren beharrengatik oporrak ezin izan badira urtean zehar hartu, hurrengo urteko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian hartzen ahal dira. Oporraldia aldarazteak langileari galera ekonomikoa eragiten badio (bidaia txartelak, egonaldien erreserbak etab. ezin berreskuratzea), Udalak kalte-ordaina emanen du, langileak agiri bidez galera frogatuz gero.

Opor egunak ezin konpentsatuko dira diru truk, ez osorik ez hein batean, salbu eta enpresa utzi, erretiratu edo eszedentzia hartuz gero, edo opor guztiak hartu ez direnean, edo zerbitzuaren beharrengatik denbora librez ordaintzerik ez dagoenean.

Zerbitzuko arduradunari oporrak hartzeko eskaera aurkezten zaionetik bost egun natural igaro eta interesdunari ukapenaren jakinarazpena egiten ez bazaio, baimena emandakotzat joko da. Ebazpena, dena den, arrazoitua izanen da.

Langileek arauzko oporretan jasoko duten ordainsaria urtearen gainerako egunetan jasotzen dituzten arauzko ordainsarien batez bestekoa izanen da.

Ikastetxeetan, futbol zelaian eta Haur Eskolan lan egiten dutenek, langileen batzordearekin kontsulta egin ondoren, opor ordainduak ikastetxean lanik egiten ez den garaian hartuko dituzte, non ez den zerbitzu beharrengatik besterik erabakitzen.

8. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

1. Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritako berak izanen dira.

2. Urtean zehar, lan-kontratudunek eskubidea izanen dute beren kontuetarako hiru egun bitarte hartzeko. Baimen egun horiek ordainduak izanen dira.

3. Lizentzia eta baimen ordainduak eskatzeko eta emateko funtsezko arrazoiak beharko dira eta ezin dira beste motatako lizentzia, baimen edo oporrekin bat egin, indarra duen foru legeriak besterik ezartzen ez badu, behintzat. Gertaera eragilea gertatzen den unetik hasita hartuko da lizentzia.

4. Kontsultak, tratamenduak eta miaketa medikoak egitera eta erditzea prestatzeko klasetara joateko, bai eta ezkontideari edo bizikideari, langilearen kargura dauden gurasoei eta seme-alabei laguntzeko ere, beharrezkoa den denbora hartuko da behar bezala justifikatuta. Baimen horren denbora ez da errekuperatzekoa izanen.

5. Baimenak eta lizentziak ukatuz gero, arrazoiak emanen dira.

Norberaren gauzetarako ordaindu gabeko lizentziak, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 14. artikuluan aipatzen diren horiek, gehienez ere hiru hilabetekoak izanen dira, eta bi urte naturaletik behin emanen dira; horrelakoetan, Berriozarko Udala ahaleginduko da baimen eta lizentziekin aurreztutako dirua langileen kontratazioan berrinbertitzen, baimena edo lizentzia jaso duten langileak ez egoteak sortu dituen edo sor ditzakeen beharrei aurre egiteko.

9. artikulua. Lanbide hobekuntza eta prestakuntza.

1. Langileei prestakuntzarako erraztasunak emateko, Administrazioak hitz eman du neurri hauek hartuko dituela, baldin eta zerbitzuaren kudeaketak eta lanaren antolaketak horretarako bide ematen badute: Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitateek antolatuak, baimen ordainduak emanen dira, gehienez ere urtean berrogeita hamabost (55) ordu inguru, honako irizpide hauei jarraikiz:

–Ikastaroen edukiak zerikusi zuzena izatea Administrazioan lan egiten duenaren lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin, eta ikastaroetara joateak ez du aldi baterako kontratu bidezko ordezkoa jarri beharra ekarriko.

–Ikastaroak egiteko eragozpenak izatea, lanaldiaren orduetan direlako edo txandaka lan egiteak klaseetara joatea oztopatzen duelako.

2. Konpentsazioa ez da aparteko orduena bezalakoa izanen, salbu eta prestakuntza ikastaroa Administrazioaren aginduz eta ohiko lanorduetatik kanpo egiten denean.

3. Kasu guztietan, zerbitzuetako arduradunek Alkatetzari jakinaraziko diote ikastaro bakoitzak zer-nolako lotura duen lanpostuarekin eta, hala bada, baimena emateko arrazoi berezia zein izan den.

4. Langileak Administrazioaren aginduz joaten direnean ikastaroa egitera, ordu horiek lanordu gisa kontatuko zaizkie, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen dute. (kilometrajea, dietak...).

5. Langile guztiak prestakuntzarako orduez baliatzen ahal direla bermatuko da, kontuan hartu gabe zein lan txandatan aritzen diren.

6. Nahi izanez gero baimena ematen ahal zaie langileei lanaldiaren barnean egiten diren ikastaroetara, lanpostuarekin lotura zuzenik ez baina Udalaren eginkizunekin lotura zuzena dutenetara, joateko. Halakoetan Udalak matrikularen eta testuen zati bat ordainduko du.

7. Berriozarko Udalak urtero 12.000 euro erabiliko ditu ohiko lanpostuekin zuzeneko lotura duten prestakuntza-gastuetarako edo bai Udalaren zuzendaritzarentzat bai langile eskatzailearentzat interesa dutenetarako; gastu horietan sartzen dira matrikula, joan-etorriak, ostatu-gastuak eta materialak. Organo eskudunak aldez aurretik eta berariaz emandako baimena behar da ikastaro horietara joateko. Funts horren gehieneko zenbatekoa, urtean eta pertsona bakoitzeko, langilearen oinarrizko soldataren %3 izanen da, non ez den zenbateko handiagoa ezartzen baimena emateko erabakian, arrazoiak emanda. Diru kopuru horiek ordain daitezen, gastuaren frogagiria aurkeztu beharko da.

8. Udalaren zerbitzuko langile finkoak 24.2 artikuluan erregulatutako zerbitzu berezietan daudela deklaratzen ahal da euren prestakuntza eta hobekuntzarako jarduerak, orain artekoak ez bezalakoak eta goragoko talde batekoak, egiteko eskatzen zaienean, lortutako ikasketa titulazioak profesionalki praktikan jarriz, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta hura garatzen duen xedapenetan aurreikusitako prozeduraren, baldintzen eta betebeharren arabera.

9. Urtero Laneko Segurtasun eta Higieneko prestakuntza ikastaroen programa bat onetsiko da.

10. Ikastaroetarako eskabideari ezezkoa ematen bazaio, arrazoiak eman behar dira beti.

11. Konpentsazioa zerbitzuko arduradunarekin adostuko da.

12. Ikastaroetarako joan-etorriak, lanorduetan nahiz lanorduetatik kanpora, “in itinere” motako joan-etorriak dira.

10. artikulua. Hizkuntza politika.

–Langileek euskalduntze ikastaroetan parte hartzea.

Administrazio elebiduna lortu eta zerbitzua euskaraz ematen ahal dela bermatzeko, Udalak erraztasunak emanen dizkie euskaldundu nahi duten langile guztiei.

Udal honen xede denez Berriozarko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan, nahi duten langileek beren lanpostuekin bat datorren hizkuntz eskakizuna eskura dezaten bitartekoak emanen dira. Horretarako, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

1. Udalak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa. Era berean, langileen hizkuntza gaitasuna orientatuko du, sustapen ekintzei lehentasuna emate aldera haien destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik behar handiagoa dagoela antzematen denean.

2. Euskara ikastaroetara doazen langileentzako ordu konpentsazioa Nafarroako Gobernuak indarreko legeen arabera ezarritakoa izanen da.

3. Udaleko lanpostu guztien hizkuntz eskakizunen azterketa sustatuko da eta emaitzen berri emanen zaie ordezkari sindikalei eta langileei berei.

Musika Eskolako langileak.

–Euskara Zerbitzuak adieraziko du astean zenbat ordu konpentsatu behar diren (klase orduen %50). Konpentsatu beharreko ordu horiek interesdunaren lanordu kopuru osoari batuko zaizkio, ikasleen matrikularen arabera, eta kontuan izanik hiru ordutegi moten arteko banaketa proportzionala (%66 eskola orduak, %14 eskolarik gabeko orduak, eta %20 ordu ez-presentzialak).

–Ordu konpentsazioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da euskaltegian zenbat ordu egiten diren, lanaldiaren iraupena gorabehera. Musika Eskolaz gainera beste entitate batzuetan ere irakasten duten langileei, hala ere, Berriozarko zentrora joan behar duten egunetako orduak soilik konpentsatuko zaizkie, eta gainerakoak beste entitate kontratatzaileen esku utziko dira.

4. Euskarazko ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak (195/93 FD, 1993ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofiziala):

Ordu konpentsazioa:

–Ikastaro estentsiboak: ordu bat lanorduen kontura eta bestea langilearen kontura.

–Ikastaro trinkoak: lanorduen kontura, erabat.

–Udako ikastaroak: egunen herena langilearen kontura eta beste bi herenak lanorduen kontura.

Diru konpentsazioa: matrikula gastuak Administrazioaren kontura.

–195/1993 Foru Dekretuaren ondorengo araudia, Nafarroako Gobernuak garatua:

  • Aldi baterako kontratatutako langileak euskalduntze planetan sartzen ahal dira haien ordezkoak jarri beharrik ez bada.
  • Birziklatzeko proposamen bat aintzat hartzeko (urritik ekainera arteko ordezkapena), langileak funtzionario behar du izan edo bestela, beste mota bateko kontratuaren bidez, birziklatzea justifikatzen duen jarraipena bermatua eduki behar du. Birziklatze plan bati ekin ahal izateko, gutxienez hirugarren maila eskatzen da (3. urratsa).
  • Gainerako ikastaroekin parekatuta, ikastaro teknikoetan denbora guztia lanaren kontura izanen da.

5. Lanpostuaren ezaugarriak direla eta, konpentsazio berezia duten taldeak.

Udaltzaingoa (txandaka eta jaiegunak aldatuz diharduten langileak):

–Klase estentsiboak:

Udaltzainak lan egin beharreko orduetan suertatzen bada klaseetako ordutegia, lanaldia murriztuko zaio klaseetara normal joan ahal izateko.

Klaseko ordutegia ez badator bat udaltzainak lan egin beharreko ordutegiarekin, ez zaio lanaldia murriztuko (gauak, jaiegunak edo arratsaldeak goizez estudiatzen badu eta goizak arratsaldez estudiatzen badu).

Urtean bi aldiz (otsailean eta ekainean) kalkulatuko da udaltzainak zenbat ordu egin dituen euskaltegian guztira (euskaltegiko asistentzia partearen arabera) eta zenbat ordu konpentsatu behar zaizkion (%50). Euskaltegira joan den egunak sailkatu eginen dira egindako txanda motaren arabera, eta langilearen aldeko edo kontrako ordu balantzea eginen da. Langilearen aldeko ordu balantzea bada, ordu horiek baimen bereziko egunetan metatuko dira. Baimen hori zerbitzuaren behar orokorrak kontuan izanik hartuko da.

6. Artikulu honetan xedatutakoa baldintza hauekin aplikatuko da:

–Txandaka lan egiten duten langileen prestakuntzak ez du aparteko orduen izaera izanen.

–Ikasketak egiteko lizentzia duten langileek ezin izanen dute bertan behera utzi eta hitz emanen dute zuzendaritzak euskara teknikariarekin koordinatuta proposa ditzakeen ikastaro guztiak egiteko.

–Prestakuntza hori ahal delarik udal euskaltegietan eginen da edo Nafarroako Gobernuak dauzkanetan.

11. artikulua. Osasun gastuak.

1. Atal honetan aipatzen diren osasun gastuak dira Gizarte Segurantzak edo Nafarroako Tokiko funtzionarioen Montepioak euren gain hartzen ez dituztenak.

2. Artikulu honetan xedatutakoa nominako eta plantillako funtzionarioei aplikatuko zaie, bai eta administrazio kontratudunei ere udalean sei hilabetetik gora eman baldin badituzte lanean, betiere, aurkezten duten gastua udalean lanean egon diren hilabeteetan egina bada. Udalean lanean hilabete gutxienez egin duten langileentzat, ordaindu beharreko zenbatekoa lan egindako denborarekin hainbanatuko da, betiere aurkezten duen gastua udalean lanean eman duen denboran egina baldin bada.

3. Udalak, akordio honen indarraldirako, 15.000 euroko kontu-saila gaituko du, gehienez, idatz-zati honen aplikazioak eragiten dituen osasun arloko gastuei aurre egiteko.

4. Laguntzak emateko lehentasuna honela eratu da:

–Langileak.

–Seme-alabak,18 urte bitarte.

5.–Gastua 15.000 euroko aurrekontuko kontu-saila baino handiagoa baldin bada, langile bakoitzari ordaindu beharreko zenbatekoa proportzio horretan murriztuko da, gastua aurrekontuarekin bat etorri arte.

6.–Gehieneko gastua langile bakoitzeko 600 eurokoa izanen da.

Ordainduko diren gastuak:

Ortopedia.

–Atal honen barnean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren katalogoan dauden plantilla eta produktu ortoprotesikoen %75 itzuliko da, dagokion fakultatiboak agindutakoaz izanez gero (17/1998 Foru Dekretua). Betiere, Gizarte Segurantzaren estaltzen ez badu.

–Era berean, audifonoen kostuaren portzentaje hori bera ordainduko da, betiere entzumenaren galera lanpostuarekin lotuta dagoenean.

Optika.

–Graduatutako betaurreko pare bat ordainduko da, gehienez, onuradun eta urte natural bakoitzeko. Betiere, horietako bakoitzean muga hauek izanen dira: 241 euro kristalen prezioan eta 27 armazoiarenean.

–Lentilla graduatuen balioaren %75 ordainduko da, edozein tankeratakoak direla ere; 241 euro, gehienez ere, onuradun eta urte natural bakoitzeko.

Odontologia.

Odontologiako gastu guztietatik, kontsultak eta kirurgia barne, kostu guztiaren %60 ordainduko da.

Errehabilitazioa.

–Errehabilitazio tratamenduak ordaintzeko, behar den espezialitateko sendagileak agindutakoa izan behar du nahitaez tratamenduak. Tratamenduak, gainera, bidezko espezializazioa duten osasun profesionalek emana izan behar du. Betiere Gizarte Segurantzak tratamendua bere gain hartzen ez duenean edo itxaron beharreko denbora oso luzea dela justifikatzen denean.

–Errehabilitazioko tratamenduetatik, kostu guztiaren 100eko 60 ordainduko da.

Podologia.

–Podologiako tratamenduetatik, kostu guztiaren 100eko 60 ordainduko da.

Psikologia klinikoa.

–Psikologia klinikoko kontsulten edo saioen kostu osoaren 100eko 60 ordainduko da.

12. artikulua. Objektu pertsonalak.

Berriozarko Udalak langileen lanerako behar diren objektu pertsonalak konpontzeko gastu guztiak ordainduko ditu, erabileraren erabileraz eta Udaleko lan eremuan hondatu badira, istripuen mutualitateak ordaintzen dituenak salbuetsita.

Euren eginkizunen ondorioz mendeku, liskar edo bestelako arrazoi batzuengatik ibilgailuetan kalte materialak izanez gero, kalte horiek Udalak ordainduko ditu osorik, adierazitako arrazoiengatik gertatu direla frogatzen bada, betiere.

13. artikulua. Gidabaimena.

Berriozarko Udalak gidabaimena berritzeko gastuak ordainduko dizkie bere langileei, lanpostua lortzeko baldintza gisa gidabaimena eskatu bazaie. Halaber, diru hori kobratzeko eskubidea izanen dute beren borondatez gidabaimena erabiltzea onartu dutenek eta, orobat, lanpostua lortu ondoren gidabaimena eskatu zaien langileek. Ordainketak berrikuntza-tasa hartuko du, ez ordea gestoria eta zehapen errekargua edo beste kontzeptu batzuk.

14. artikulua. Ordainsariak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzako aurrekontu orokorrei buruzko legeetan zehaztuko dira maila edo taldeen oinarrizko ordainsariak, 2012rako.

2. Antzinatasun saria eta familia-laguntzarako ordainsari osagarria jasotzeko eskubidea izanen dute Udaleko lan-kontratudun guztiek, hala finkoek nola Berriozarko Udalean urtebete baino gehiago aritu diren aldi baterakoek.

3. Udalak eskatuta eta aldeak ados jarri ondoren, dagokiena baino maila goragoko eginkizunetan diharduten lan-kontratudunek lehen egunetik kobratuko dituzte aldi baterako betetzen ari diren lanpostuari dagozkion ordainsariekin parekatzeko behar diren zenbatekoak.

4. Bajan dauden udal langileek soldataren %100 jasoko dute aldi baterako ezintasun egoerak dirauen bitartean.

15. artikulua. Plantilla organikoa.

Udalak konpromisoa hartzen du ezintasun osoa aitortzen zaien langileak daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri den lanpostu batean kokatzeko, edo lanaldi partziala eskaintzeko, ezintasunik gabe kobratuko luketen adinako ordainsaria izan dezaten. Hori guztia, ahal izanez gero.

Bulegoetako lanpostuak baloratzeko azterlan bat eginen du Udalak, kanpoko enpresa baten zerbitzuak erabiliz.

16. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioentzat dituenak berak izanen dira, Udal honen zerbitzuko funtzionarioek dituztenekin parekatuta.

2. Ordezkari sindikalek hilean hogei orduko kreditua izanen dute. Kreditu hori hiru hilez behin kontatuko da.

3. Ordezkari sindikalek, nahi badute, zilegi dute ordu sindikalak elkarri lagatzea. Baimena emateko, orduak lagatzen dituen ordezkariak agiri bat sinatuko du, eta atzera egiteko aukera izanen du, edozein unetan.

4. Ordezkari sindikalek honako irizpide hauei jarraituz erabil ditzakete ordu sindikalak:

–Inoiz ere ez da gaindituko ezarritako muga, hogei ordu hilean, alegia.

–Konpentsazioa ordezkarien artean eginen da, eta langileen ordezkariak behar bezala frogatu eta justifikatuko du, betiere.

5. Udalak eta sindikatuetako ordezkariek urtero adostuko dituzte Haur Eskolako ordezkari sindikalen ordezpenak, uneoro bermatuz hautatutako ordezkarien eskubide sindikalak eta zerbitzuaren beharrak.

17. artikulua. Prebentzioko delegatuak.

Laneko Arriskuei aurre hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 35.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ordezkari sindikalek hautatuko dituzte langileen ordezkariak, horretarako ados eta prest dauden langileen artean.

18. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

1. Istripuetarako aseguru poliza bat kontratatuko da, bai zerbitzuan bai “in itinere” edo bidean gerta litezkeen istripuak estaliko dituena. Langileen ibilgailuek trafiko istripuetan izan ditzaketen kalteak ere estaliko ditu, langileek lanean beren ibilgailua erabiltzeko baimena duten kasuetan.

2. Bizi aseguruaren poliza bat ere kontratatuko da, heriotza eta lanbiderako baliaezintasun iraunkor osoa estaliko dituena.

3. Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuko da, Udalaren zerbitzuko langileek euren eginkizunetan egiten ahal dituzten kalteetarako.

4. Poliza guztietan kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko KPI errealak izan lezakeen desbideratzea (lau urtean behin berrikusiko da).

19. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, Udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara eramanak direnean. Udaleko langileen kontra erasorik edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da auzitegietan.

2. Udalak bere gain hartuko du prozesu guztietan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.

3. Defendatzaileen eta, nahitaezkoa izanez gero, prokuradoreen kontratazioa eta izendapena Udalaren kontu izanen da.

20. artikulua. Osasun azterketa.

1. Berriozarko Udalak, urtero, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera nahitaezkoak diren osasun azterketak eginen ditu. Kanpoko Prebentzio Zerbitzuarekin zehaztuko ditu Udalak zer langile talderi eginen zaizkion, zer proba eginen diren eta zenbatean behin eginen diren.

2. Lan istripuagatiko estaldura Gizarte Segurantzarekin kontratatuko da, ez mutuekin.

21. artikulua. Udal zerbitzuak erabiltzea.

1. Udalak antolatu edo bere laguntza nahiz babesa ematen duen ikastaro edo/eta jardueretan, Udalarentzat lan egiten duten langileek erroldan dauden pertsonei aplikatzen zaizkien baldintza eta tarifa berak izanen dituzte.

2. Udaleko langileen seme-alabak Haur Hezkuntzako zentroan (0-3 urtekoak) sartzen ahal dira, erroldan daudenek dituzten baldintza eta tarifa berberekin, erroldatuen beharrak bete ondoren eta lehentasuna izanik Berriozarren bizi ez direnekin alderatuta.

22. artikulua. Ekipamendua eta jantziak.

1. Ondoko talde hauetako udal langileek euren lana egiteko beharrezkoak dituzten jantziak izateko eskubidea dute, ondorengo tauletan ezarri bezala, eta bertan finkatzen da zein diren jantziak eta oinetakoak berritzeko epeak.

Udaltzaingoko langileek eskubidea izanen dute lana betetzeko behar dituzten jantziak jasotzeko. Jantzien aldizkako aldaketa ez da aplikatuko, jantziak beharra izan ahala berrituko baitira.

2. Udako jantziak apirilean emanen dira eta negukoak urrian, urtero.

3. Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.

Hondatutako jantziak zerbitzuko arduradunari eman beharko zaizkio.

Arduragabekeriaz zaindu edo gordetzeagatik hondatzen diren jantziak ez dira aldatuko.

4. Bi alderdiak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.

5. Urtero kontu-sail bat aurreikusi beharko da udaltzainen jantzietarako.

6. Aldeak ados jarrita, proposatzen da garbitzaileek, lorategietako langileek eta obretakoek jantzietan “Berriozarko Udalaren zerbitzua” bereizgarria eraman dezatela.

7. Jantzi horiek guztiak norbera babesteko ekipamenduak (NBE) izanen dira Berriozarko enplegatu eta kontratudunentzat. Zerbitzu bakoitzeko arduradunak banatuko du materiala.

Obretako langileak, lorategietakoak eta garbitzaileak

ARTIKULUA

URTERO

3 URTETIK BEHIN

HONDATZEN DENEAN

UDAKOA

Alkandorak edo elastikoak (unitateak)

2

Galtzak (unitateak)

2

NEGUKOA

Alkandorak (unitateak)

2

Galtzerdiak (pareak)

3

Galtzak edo buzoa (unitateak)

2

Jertsea (unitateak)

1

Goretexezko anoraka (unitateak)

1

Buruko berokia (unitateak)

1

Txalekoak (unitateak)

1

Uretako jantzia, botak barne (unitateak)

1

BESTE BATZUK

Goretexezko bota edo oinetako arinak (pareak)

1

Haur Eskola:

Haur Eskolako hezitzaileetako bakoitzak 100 euro jasoko ditu urtean jantzietarako. Erdia urtarrilean emanen da eta beste erdia apirilean.

23. artikulua. Itzuli beharreko aurrerakinak, arruntak eta bereziak.

1. Udaleko langileek eskubidea dute, soldata ordaintzeko eguna iritsi baino lehen, aurrerakin arruntak nahiz bereziak jasotzeko.

–Aurrerakin arrunta: hilabeteko soldataraino bitarteko aurrerakinak dira, hurrengo hiru hilabeteetako nominekin zati berdinetan itzuli beharrekoak.

–Aurrerakin berezia: 20.000 euroko funtsa sortuko da 2014-2015 ekitaldirako. Funts horretatik, 4.008 euro gordeko dira larrialdietarako. Gehienez ere 4.008 euro eskatu ahal izanen dira. Eskaera unean zer funts dagoen ikusita emanen dira.

2. Kasu hauetan eskatzen ahal da:

–Ezbeharrak etxebizitzetan edo ibilgailuetan: sutea, lapurretak, istripuak, uholdeak eta abar.

–Familiako gorabehera larriak, hala nola dibortzioa, banantzea, drogak, eta abar.

–Ustekabeko aldaketak etxebizitzan edo norberaren ibilgailua, istripu edo matxuraren ondorioz, konpondu beharra.

–Lehenengo etxebizitza erosi beharra.

–Pertsona eskudunen iritziz antzeko garrantzia duten bestelako arrazoiak.

3. Ez da aurrerakinik emanen azken aurrerakinaren likidazioa egina ez badago. Gutxienez urtebete beharko da aurrerakin bat kitatu eta beste bat eskatu bitarte.

4. Dena dela, 10 urtean behin bakarrik emanen da aurrerakina eskaeraren arrazoia ohiko etxebizitza erostea bada edo hura erosteko banku-kredituen amortizazioa.

Aurreko bi puntuetan salbuespena eginen da, banantzearen ondorioz eskatzen bada aurrerakina.

5. Aurrerakin horiek adjudikatzean, lehentasun irizpide hauei jarraituko zaie:

1.–Arau orokor gisa, Udalaren Erregistro Orokorreko sarrerako ordenak aginduko du.

2.–Eskaera batzuk egun berean eginez gero eta eskatutakoa dagoen dirua baino gehiago bada, lehentasuna emanen zaio aurrerakinak beste lankideek baino gutxiagotan jaso dituenari eta horretan ere berdintasunik gertatuz gero, soldata baxuena duenari emanen zaio eta artean ere parean egotea gertatuz gero, ordena hau ezarriko da:

–Ezkontza:

–Seme edo alabaren jaiotza.

–Ohiko etxebizitza erostea edo hura eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.

–Dibortzioa edo banantzea.

–Enplegatuak edo lehen mailako ondorengoek ikastetxe ofizialetan ikasteko dituzten matrikulazio gastuak.

–Lehentasuna izanen dute soldata maila baxuena duten langileek, goragoko mailakoen gainetik.

–Beste arrazoi batzuk.

Ekitaldi batean bete gabe geratzen diren eskaerek hurrengoan lehentasuna izanen dute.

6. Langile interesdunak eskaera idatzia egin beharko du eta gastu edo inbertsioak egiaztatzen dituen dokumentazioa gehitu. Horretarako, bi hilabeteko epea izanen du gertaeraren egunetik aitzina. Gertaera baino bi hilabete lehenago egiten ahal da eskaera.

7. Itzultzea: aurrerakin bereziak gehienez 24 kuota berdinetan itzuliko dira. Aldez aurretik kitatzen ahal da, enplegatuak hala nahi badu.

8. Aurrerakina itzultzeko, onuradunak hilean jaso behar duen soldatatik kenduko da kuotaren zenbatekoa. Onuradunak eszedentzia edo soldatarik gabeko baimena eskatzen badu edo Udalean egiten dituen zerbitzuak uztea edo etetea ekartzen duen beste edozein egoera gertatzen bada, oraindik itzuli gabe duena itzuli egin beharko du. Azken kasu honetan, behartua dago etenaldiko kuotei dagokiena itzultzera, zein den ere horretarako arrazoia.

9. Aurrerakina zer gastu edo inbertsiotarako den behar adina egiaztatzen ez bada, berehala kenduko da eta oso-osorik itzuli beharko da, dagozkion korrituekin batera.

10. Aurrerakin berezia jaso duenak ezin izanen du amortizazioko hiletan soldata aurrerakinik eskatu.

24. artikulua. Lanpostuen mugigarritasuna.

1. Lanpostuetarako edozein deialdi baino lehen, egungo langileen barne mugigarritasuna agortuko da, lekualdatze lehiaketen edo deialdi murriztuen bidez, langileen mugigarritasunaren prozedurari buruzko abenduaren 29ko 388/1997 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Lekualdatze lehiaketak edo langileen igoerarako lehiaketa murriztuak eginen dira. Horiek arautzeko baldintzak eta baremoak ordezkari sindikalekin negoziatuko dira.

3. Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugigarritasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak birkokatuz edo/eta langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Udalak, ahal bada eta aplikatzekoak diren legeen arabera, ezintasun iraunkor osoa aitortua duten langile finkoak birkokatuko ditu, daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri diren lanaldi partzialeko lanpostuetan. Lanaldi horri dagokion ordainsariaren eta ezintasunagatik jasotakoaren baturak aurreko lanpostuko soldataren %100 eginen du. Ezintasuna lan istripu baten ondorioz gertatuz gero, Udalak baldintza hori bete beharko du, baldin eta plantilla organikoan langilearen ezintasunarekin bateragarria den lanposturik badago.

Langile finkoen lanpostuetan osasun arrazoiengatiko aldaketak egiten ahalko dira, betiere mediku baten txostena tarteko. Horretarako, plantilla organikoan lanpostu egoki bat izan beharko da, indarra duten arauen araberakoa. Ezadostasunik egonez gero, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari edo antzeko organo espezializatu bati txostena eskatuko zaio.

55 urte betetzean, lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuak egiten dituzten funtzionarioak beren gaitasunei egokiago zaizkien beste lan batzuk egiten hasiko dira, beren zerbitzuaren barnean. Lan horiek bigarren jarduerako lantzat joko dira, posible izanez gero eta aplikatu beharreko arauei jarraikiz.

Lanpostu hutsak deialdi irekian atera aurretik, Udaleko langile finko guztiei eskainiko zaizkie, ahal izanez gero. Horrela, lehenengo eta behin lekualdatze lehiaketak eginen dira. Ondoren, hutsik gelditutako lanpostuak Funtzio Publikoaren Estatutuaren 15. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta beteko dira.

25. artikulua. Bizi, istripu eta erantzukizun zibileko aseguruak.

Udalak kontratu hauek sinatuko ditu:

–Istripu aseguruko poliza bat, egunaren 24 orduetarako, heriotza kasurako 50.000 euroko estaldura izanen duena istripuagatiko heriotzarako eta 120.000 eurokoa ezintasun oso edo partzialerako, baremoaren arabera.

–Bizi aseguruko poliza bat, egunaren 24 orduetarako, 36.000 eurokoa, heriotza eta lanerako erabateko ezintasun iraunkorra edo osoa hartuko dituena.

–Erantzukizun zibileko poliza bat langile guztientzat, lanaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak estaliko dituena.

Bi urtean behin eguneratuko dira.

Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei.

26. artikulua. Enplegu publikoaren defentsa. Zerbitzu publiko hoberako.

Zerbitzu publiko hobea, herritarrengandik hurbilagoa, eraginkorragoa eta gizartearentzat errentagarriagoa emateko helburuarekin, enplegu publikoa defendatu nahi dugu.

Horregatik, Udalaren langileek egiten ahal dituzten lanak ez zaizkie esleituko enpresa pribatu edo publikoei. Udalaren langileak diogunean ulertu behar da Udalak une bakoitzean dituen langileez edo zerbitzuak egiteko behar lituzkeen langileez ari garela. Beraz, baliteke lanpostuak sortu eta lan publikoaren eskaintza egin behar izatea.

Lan edo zerbitzuren bat enpresei esleitu beharra badago, akordio honetatik legez aplika daitezkeen baldintza guztiak jaso eta aplikatzeko eskatuko zaie. Halakoetan aldi baterako kontratatzen diren langileak subrogatu egin beharko dira, Langileen Estatutuaren 44. artikuluarekin bat.

Udalak ezin izanen du inolako lan kontrataziorik egin ABLEak erabiliz.

Kanpoko kontratazioetan, lizitatzaileek kontratatutako langileen lan baldintzak baloratuko dira klausula sozialak ezarriz.

27. artikulua. Lanaldiaren murrizketa.

Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aplikatuko da.

Lege testu horren 4. artikuluan aurreikusitako kasuei dagokienez, hau da, lanaldi murriztua (herena edo gehiago murriztea) ematea zerbitzuaren beharren menpe noiz egonen den. Honakoak dira kasuak:

“a) Funtzionarioak berrogeita hamabost urte edo gehiago baditu.

b) Funtzionarioak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, lan arriskuen prebentziorako unitate organikoak hari buruz emandako txostenaren arabera.

c) Funtzionarioak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu hamabi eta hamasei urte (biak barne) bitarteko haurren bat.

d) Langilearen interes partikularrengatik.”

Berriozarko Udalak konpromisoa hartzen du lanaldi murriztua emateko ahal den guztia egiteko, salbu eta zerbitzuaren beharrak direla eta justifikatuta, ematea ezinezkoa denean.

28. artikulua. Zerbitzu bereziak, eszedentziak eta etenaldiak.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak agintzen duenaren arabera jokatuko da. puntu hauetan izan ezik:

–Langile batek bere Administrazioko beste lanpostu bat eskuratzen duenean, deialdi publiko batean txanda irekian nahiz murriztuan, hautapen probak gainditu ondoren, lanpostu berrirako ezarritako probaldia gainditzen ez badu lehen zeukan lanpostura itzuli beharko du.

–Behar izanez gero INSSrekin hitzarmena eginen da eszedentzia berezietan kotizazioa osatu ahal izateko.

29. artikulua. Ordainsariak lanaldi murriztuan.

Aplikatzekoa den indarreko legeriari jarraituko zaio.

31. artikulua. Erretiroak.

Langileek erretiro aurreratua hartzen ahalko dute, erretiro aurreratua zilegi eta legezkoa denean, bai eta lanaldi partziala eta errelebo kontratua ere. Udalak hori bere langileei aplikatzeko behar diren urratsak eginen ditu.

32. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Laneko arriskuak galarazteko araudia zinez aplikatzea bultzatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:

A) Arriskuen ebaluazioa:

Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera.

Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, prebentzio jardueraren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Administrazio bakoitzeko arduradunek beren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.

Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri eta diru baliabideak esleituko ditu.

B) Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:

–Kontratak eta azpikontratak. Ondasunak eskuratu edo erostea. Osasuna zaintzea.

–Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.

–Larrialdietarako neurriak eta planak.

–Prestakuntza eta informazioa.

C) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

Langileei aldian-aldian mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean izaten ahal diren arriskuen arabera.

Zein maiztasunez eginen den eta, hala behar denean, nahitaezkoa noiz den, aldez aurretik erabakiko da Segurtasun eta Osasun Batzorde bakoitzean.

D) Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

Ahal baldin bada, Udalak daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri gerta daitekeen lanpostu batean birkokatuko ditu ezintasun iraunkor osoa aitortua duten langile finkoak. Nolanahi ere, ukitutako pertsonari kobratzen ari zen ordainsariak osatzeko nahikoa den lanaldi partziala egiteko aukera ematen saiatu beharko da.

Ezintasuna lan istripu edo laneko eritasun baten ondorioz etorri baldin bada, Udala hori egitera behartuta egonen da.

Langile finkoen lanpostuetan osasun arrazoiengatiko aldaketak egiten ahalko dira, betiere mediku baten txostena tarteko. Horretarako, plantilla organikoan lanpostu egoki bat izan beharko da, indarra duten arauen araberakoa.

E) Larrialdietarako planak edo neurriak.

Udaleko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulakroak eginen dira aldian-aldian.

F) Langileentzako prestakuntza eta informazioa.

Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.

Prestakuntza NAPIren edo bestelako erakundeen bidez emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.

Sexu jazarpenaren eta mobbing-aren kontrako prebentzio eta ekintza protokoloa ezartzea. (IV. eranskina).

33. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.

Nafarroako Gobernuak beste prozesu bat abiarazten duenean Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun finkoak funtzionario bihurtzeko, Berriozarko Udalak aukera horretaz baliatzeko bideak emanen dizkie bere lan-kontratudunei, nahi izanez gero funtzionario bihurtzeko epea irekiz.

34. artikulua. Udaleko ordezkari sindikalentzako informazioa.

Udalak informazio hauek eman behar dizkie Udaleko ordezkari sindikalei:

–Prestakuntzarako eskaera, irizpide eta baimenen zerrenda.

–Osasun poltsarako eskaera, irizpide eta baimenen zerrenda.

–Urtean egindako aparteko orduen zerrenda, zerbitzuz zerbitzu eta langile bakoitzeko.

–Aurrerakinetarako eskaeren zerrenda.

–Aseguru guztien polizak eta estaldurak.

–Langileak kontratatzeko xedearekin edozein prozeduraren babesean egin diren kontratuen zerrenda.

I. ERANSKINA

Musika Eskolako irakasleak

1.–Berriozarko Udalak, lan hitzarmena sinatzearekin batera, lanaldi osoa eta finkoa aitortuko die Musika Eskolako irakasleei, Udalarekin lan-kontratu finkoa eduki eta bi egoera hauetako batean badaude:

–Lanaldi osoan aritzea ikasketetako bigarren kurtsotik hasita.

–Ikasketetako hirugarren kurtsotik lanaldi osoaren %90ean bederen aritzea.

Nolanahi ere den, lortutako lanaldia kurtso bakoitzean izandako matrikula kopuruaren ondorio zuzena izanen da, irakasle bakoitzak ematen dituen gaien barnean, eta hori, berez, lanaldia luzatzeko arrazoi izanen da.

2.–Kasu horietan, Administrazioaren eta langilearen artean sinatzen den kontratuak, lanaldi osoa biltzen duenak, ezarriko du zer lan betetzen zituen ordura arte interesdunak, besteak beste bere espezialitatearen irakaskuntza eta beste batzuk, hala nola musika hizkuntza eta abar, xede anitzeko kontratu batean.

II. ERANSKINA

Lana eta berdintasuna

Udaleko berdintasun batzordea Udalean lan egiten duten gizon eta emakumeen lan kontuez arduratuko da. Behin batzordea sortuta, Udaleko berdintasun egoeraren berri emanen digun diagnostikoa egin beharko da. Diagnostiko horrek bereizkeriazko egoerak antzematen lagunduko digu eta halakoak ezabatzeko ekintzak antolatzen ahalko ditugu. Halaber, Udalean abian jarriko ditugun ekintzak lehenetsi ahalko ditugu.

Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

–Berdintasun printzipioa sustatu eta bultzatzea alderdi eta egoera guztietan, eta sexuarengatiko bereizkeria mota guztiak ezabatzea.

–Lana eta familiako bizitza uztartzeko neurriak prestatzea, pertsonen beharretara eta lanpostu bakoitzaren berezitasunetara egokituta.

–Langileak hautatu, kontratatu eta mailaz igotzeko prozedurak berrikusi eta zehaztea, bereizkeriarik gabekoak izan daitezen. Administrazioan sartzeko hautapen prozedura gardena izatea, lan eskaintzak idazteko eta zabaltzeko moduan bereizkeriarik egin gabe.

–Ekintza positiboak garatzea, bereziki kontratazioan, prestakuntzan, igoeran eta, oro har, lan baldintzetan.

Aitatasun baimena hartu ahal izateko neurriak

Gaur egun bi asteko lizentzia ematen da. Eskubide horien banakotasuna eta berdintasuna aldarrikatu beharra dago. Eskubide hori erabiltzeko egoeran dauden guraso bakarren, bananduen edo dibortziatuen kasuan, aitatasun baimenaren iraupena luzatzea.

Oporraldiak hautatzeko lehentasuna

Oporraldiak hautatzeko lehentasuna, norbait beren kargura duten langileentzat, hura zaindu ahal izateko. Guraso bakarrak, bananduak edo dibortziatuak.

Berdintasunari buruzko prestakuntza

Udalak berdintasunezko prestakuntza sustatuko du plantillako langile guztientzat.

Kontratazioa

Udaleko plantillaren diagnostikoa eginen da eta ekintza positiboak eratuko dira bi sexuetako langileak egon daitezen ardurako lanpostuetan eta orain arte gizonezkoek bakarrik bete izan dituzten lanpostuetan.

Aldagelak emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat egokituko dira.

Emakumezkoen aldi baterako enplegua ez dadila izan gizonezkoena baino ohikoagoa.

Prestakuntza eta sustapena

Aldi baterako lizentzia edo baimena hartuta norbait zaintzen aritu diren langileek, mailaz igotzeko aukera gutxiago izan ez dezaten, lehentasuna izanen dute Udaleko langileentzat egiten diren prestakuntza ikastaroetara joateko.

III. ERANSKINA

Tokiko Agenda 21erako proposamenak

Udala, lana, filosofia eta ingurumena.

Egokitzat jotzen dugu Berriozarko Udalak ingurumen arloko neurri batzuk hartzea:

–Energia berriztagarriak erabiltzea.

–Motor mistoa edo elektrikoa duten ibilgailuak erostea.

Energia aurrezteko azterlanak egitea zerbitzuz zerbitzu. Langileak sentiberatzeko kanpaina.

–Materialak biltzeko guneak sortzea udal zerbitzuetan: pilak, papera, kartutxoak, tonerrak.

–Paper birziklatua erabiltzea. Bestelakoak.

–Eraikin berri guztietan energia aurrezteko neurriak jarriko dira.

IV. ERANSKINA

Sexu jazarpenaren kontrako prebentzioa eta prozedura/protokoloa

Laneko sexu jazarpena, Europako Batzordeak 1991ko azaroaren 27an emandako 92/131 Gomendioan dagoen definizioaren arabera, laneko harremanetan emakumezkoen eta gizonezkoen duintasunari kalte egiten dion jokabide edo portaera sexuala da. Portaera fisikoa, hitzezkoa edo hitzez bestekoa izan daiteke, eta beraren ezaugarri nagusia da biktimari edo portaeraren xede den pertsonari nahitaez jasanarazten zaiola.

Udalak hitz ematen du deklarazio bat eginen duela sexu jazarpenik ez dela onartuko adierazteko.

Udalak hitz ematen du sexu jazarpenari antzemateko, aurrea hartzeko eta hura salatzeko prestakuntza eskainiko duela.

Sexu jazarpenezko egoerei aurre egiteko prozedura/protokoloa prestatuko da. Aurretik Langileen Batzorde bat eratuko da, protokolo hori prestatzeko irizpide zehatzak ezar ditzan.

Udalaren diziplina arauetan sexu jazarpenezko portaerak eta dagozkien zehapenak jasoko dira.

Udalak hitz ematen du goian aipatutako protokoloaren berri zabalduko duela.

V. ERANSKINA

Neguko Bidezaintza Plana

Plan honen xedea da elurteen eta izozteen eragina ahalik eta gehien gutxitzea Berriozarko Udalaren eremu publikoan, bai eta herriko bizilagunentzat eta ibilgailuetan dituzten ondorioak ere, udalerrian barna ibiltzea eta bertatik atera eta sartzeko mugimenduak laguntzeko.

Tenperatura jaitsi behar dela aurreikusten denean, Obra Zerbitzuak gatza izanen du gorderik, behar denean erabiltzeko, eta larrialdi bati aurre egiteko tresnak eta ibilgailuak gertu.

Plana abiaraztea beharrezkoa bada, elurteak edo izozteak gertatzeagatik, gauez izan, arratsaldez izan nahiz lanaldiaren barruan izan, Hirigintza Batzordeko buruak (edo, hura ez badago, alkateak) baloratuko du egoera eta erabakiko du Larrialdi Plana abian jartzea edo ez; erabakiaren berri emanen die Udaltzaingoko buruari eta Obra eta Zerbitzuen Alorreko buruari.

Plana abian jarrita, Obra Zerbitzuko buruak Lorategien eta Garbiketaren arduradunekin hitz eginen du, beren langileak antola ditzaten.

Kaleetako eta errepideko egoerak hala eskatzen badu, lanaldia goizeko 6:00etan hasiko da, arduradun batekin eta langile batekin. Geroago, goizeko 7:00etan, Obra, Lorategi eta garbiketako langileak honakoetatik elurra edo izotza kendu eta garbitzeari emanen diote lehentasuna: oinezkoendako pasabideak, udal eraikinetako edo zerbitzu publikoetako sarbideak, autobus geltokiak, etab.; arduradunek agindutako lan guztiak ere beteko dituzte.

Lehentasun-ordena:

1.–Berriozarko etorbidea eta Mendialdea ikastetxeko sarrera garbitzea, autobusak igaro daitezen, arreta berezia emanez trenbidearen gaineko zubiari eta alde zaharreko sarbideari (kaleak berriki urbanizatu direnez ez da komeni gatza botatzea, salbu eta arazo gehien sortzen diren tokietan, adibidez, garbitokitik Matxinen larrainera bitarte).

2.–Osasun etxearen sarbideak garbitzea.

3.–Done Eztebe plazan eta Eguzki plazan dauden haur eskoletako sarbideak garbitzea.

4.–Ikastetxeko autobus geltokiak garbitzea (Etxaburua eta Zortziko kaleetan eta Berriozarko etorbidean).

5.–Herriko kaleetako zirkulazioa ahalbidetzea.

Lan hauek goizeko 8:30ak baino lehen eginen dira.

6.–Hiriko autobusen geltokiak garbitzea (markesinen inguruak garbitzea).

7.–Oinezkoen pasabideak garbitzea, kale zaharrenei lehentasuna emanez: Arantzazu, Artekale, Donamaria, Iruñalde, Kaleberri, Lekoartea, San Agustin.

8.–Gainerako oinezkoentzako kaleak garbitzea.

Gatza banatzea bizilagunei eta saltokiei.

Denen laguntza sustatzeko xedez, Udalak gatz zakuak utziko ditu herriko hamar tokitan, kubeta batzuetan, bizilagunek erabil dezaten gatz hori. Gune hauetan dauden argibide oholen ondoan jarriko dira kubetak:

–Antsoain Zendearen kalea (igerilekuetako sarrera).

–Konstituzio plaza.

–Artekale, Iruñaldeko kantoian.

–Done Eztebe plaza.

–Etxaburua kalea, Errekerteko kantoian.

–Etxaburua kalea, Ezkabako kantoian.

–Gipuzkoako etorbidea, Zortzikoko geltokia.

–Lantzeluze kalea, Etxapeko bidegurutzea.

–Berriozarko etorbidea, Lantzeluzeko parkearen aurrean.

Alde zaharra, ur biltegia.

Alkatetzak udal bandoa emanen du, gatz biltegiak non dauden eta herritarrek espaloiak garbitzeko betebeharra dutela gogorarazteko; betebehar horiek Bideen Garbiketari eta Hondakin Solidoei buruzko udal ordenantzan jasota daude.

Makineria-tresneria

IBILGAILUA

LANABESA

LANGILEAK

ZEREGINA

Toyota 5833-GHZ

Elurretako hortza

Gatza zabaltzekoa

2

Garbitzea, gatza zabaltzea

Agria NA-073840

Ongarria zabaltzekoa

Hortza

1

Gatza zabaltzea errepidean

Dumper NA-073955-VE

Zalia

1

Espaloiak garbitzea

Nissan 1319-FVK

2

Gatza garraiatzea

Renault NA-9387-AS

2

Gatz-paletak garraiatzea

Citroen C15 NA-4317-AZ

2

Oinezkoen pasabideak garbitu eta bertan gatza zabaltzea

Citroen Jumper NA-1367-BC

2

Oinezkoen pasabideak garbitu eta bertan gatza zabaltzea

Peugeot NA-1785-AK

2

Garbitzea eta gatza zabaltzea

Toyota, hortzarekin, pilatutako elur kantitatea dela-eta beharrezkoa denean baizik ez da erabiliko, batetik, makina eta kalea azkarregi ez hondatzeko, eta bestetik, elurra ez trinkotzeko, izotza sortzen baita toki ospeletan edo hotza handia denean.

Arreta berezia beharko da abiadura murrizteko kautxuzko oztopoak dauden tokietan, oinezkoentzako zebra-bideen ondoan. Toki horietan, ibilgailuaren gidariak hortza jaso beharko du kalterik ez egiteko zoruan.

Laneko arriskuen prebentzioa:

Langile guztiak arreta bereziaz arituko dira haien segurtasunari dagokionez, inolako kalterik ez sortzeko, ez pertsonengan ez gauzetan, kontuan hartuta izotza edo elurra dagoelarik maizago gertatzen direla auto istripuak eta erorikoak. Beraz, nahitaezkoa izanen da ikusgarritasun handiko ekipoak erabiltzea.

Lan egindako orduen konpentsazioa:

Neguko Bidezaintza Planeko zerbitzuetan, elurte eta/edo izozteak direla-eta bete beharreko jarduketetarako, ezarritako lanalditik kanpo emandako lan-orduak aparteko ordutzat hartuko dira, eta konpentsazio hau izanen dute:

Goizeko 6:00etatik 7:00etara, ordu bakoitzeko bi orduko konpentsazioa izanen da.

Arratsaldez emandako orduak Berriozarko Udalaren Lan-hitzarmen Kolektiboan ezarritakoari jarraikiz konpentsatuko dira.

Larunbatean lan egindako ordu bakoitzeko bi orduko konpentsazioa izanen da. Oro har, igandeetan lan hauek ez dira beharrezkoak izanen.

Abenduaren 26an goizeko 9:00etatik 14:00ak arte lan eginen da, eta konpentsazioa bi lanegunekoa izanen da.

VI. ERANSKINA

Batzorde paritarioa

Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 85.3 artikuluko c) eta e) ataletan xedatua bete beharrez, testu legal beraren 82.3 artikuluak aipatzen dituen lan baldintzak ez aplikatzean sor daitezkeen desadostasunak egoki konpontzeko prozedurak ezartzen dira. Halaber, alderdi negoziatzaileen ordezkarien Batzorde Paritarioa izendatzen da, legean ezarritako gaiak eta esleitzen zaizkion beste guztien gainean aritzeko, baita batzorde horrek jarduteko prozedurak eta epeak finkatzeko ere, bertan sortzen diren desadostasunak gatazkak konpontzeko sistema ez-judizialen mendean uztea barne, zein 83. artikuluan Estatuko edo autonomiako esparruetarako aurreikusitako lanbide arteko akordioen bidez ezarri baitziren.

Hitzarmenaren Interpretazio eta Jarraipenerako Batzorde Paritarioak honako jarraibideak, prozedurak eta epeak kontuan harturik jokatuko du.

Hitzarmena interpretatuko du, bitartekaritza eta arbitrajea eginen ditu, bateratzea eta beteko dela betetzea. Halaber, bere eginkizuna izan daiteke, hitzarmenak irauten duen bitartean, hura egokitu edo aldatzea.

Orokorrean, Batzorde Paritarioa sei hilean behin bilduko da, eta edozein alderdi sinatzailek eskatzen duenean. Eskaera egin eta gehienez ere astebeteko epean eginen da bilera. Eskaera idatziz eginen da, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztuta.

Oro har, bi alderdiak ados daude hitzarmena aplikatzerakoan, ez aplikatzerakoan, kanpo gelditzerakoan edo interpretatzerakoan sor litezkeen arazo, desadostasun eta gatazka guztiak Batzorde Paritarioaren mende jartzeko, gorabehera horiek Nafarroako Lan Auzitegiaren edo lan arloko jurisdikzio eskudunaren esku jarri aurretik. Desadostasunak gehienez ere zazpi eguneko epean ebatzi beharko dira, Batzorde Paritarioan aurkezten direnetik.

Batzorde Paritarioaren erabakiek hitzarmen kolektiboaren testuaren balio bera izanen dute, Langileen Estatutuaren 91.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta berehala argitaratuko dira zentroko iragarki oholean.

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako inguruabarrak izaten direnean, eta Batzorde Paritarioan akordioa lortzerik izan ez bada, alderdi sinatzaileek erabaki dute horrelakoetan gatazka Nafarroako Lan Auzitegira igorriko dutela, autonomia erkidegoan indarra duen lanbide arteko akordioan ezarritako baldintzak eta epeak betez. Bitartekotza aginduzkoa izanen da organo judizialean demanda jarri ahal izateko, eta arbitrajea borondatezkoa izanen da beti.

VII. ERANSKINA

Jarraibideak ordutegi malgutasunerako

Alkatetzaren ebazpenaren bidez ezarriko da, urtero (edo behar denean), udaleko langileek zer ordu banaketa izanen duten lanerako, zerbitzuaren beharren arabera.

Berriozarko udalaren zerbitzuko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen 2012. urterako lan-baldintzei buruzko akordioko testuan, ezartzen da testu bat prestatuko dela, bertan jasotzeko langileen lan ordutegia malgutzeko neurriak ezartzeko plan bat, bai eta telelana aplikatzeko aukera ere, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.

Akordio/hitzarmenaren atal hori garatzeko, Batzorde Paritarioan lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak negoziatu dira, eta langile batzordea ados agertu da.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu publikoa kaltetu gabe enplegatu publikoen lan bizitza eta familiakoa bateragarri egiteko, bidezkoa da udal honen zerbitzuko langileen lan ordutegia malgutzeko jarraibideak onestea. Jarraibide horiek apurka ezarriko dira zerbitzuetan, baldin eta zerbitzu-beharrak betetzen badira.

1. Jarraibideak ordutegi malgutasuna aplikatzeko:

a) Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia, orokorki, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da (edo, halakorik ezean, aplikatzekoa den araudian xedatzen dena).

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiak lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, honako hau izanen da zerbitzu hauetarako: herritarrentzako arreta bulegoa, hirigintza arloa, kontu-hartzailetza arloa, langile teknikoak eta Idazkaritza: 9:00-14:30, astelehenetik ostiralera.

Aipatutako arlo horietako bakoitzean pertsona bat egonen da, nahitaez, 8:00etan, egunero, astelehenetik ostiralera.

Eguneko lanaldia osatu arte geratzen den denbora, minutuak, 7:00etatik 9:00etara eta 14:30etik 18:00etara eginen da, enplegatuak aukeratzen duena, malgutasunez.

Urte osorako modu orokorrean finkatu den lanaldiaren banaketaren ondorioz eguneko lanaldiak jasan ditzakeen aldaketen mendean egonen da aipatu lanaldi malgua.

b) Ordutegia malgutzeko berariazko neurri gisa honako hau ezartzen da: beren ardurapean adineko pertsonak, hamabi urtetik beherako seme-alabak (adin hori betetzen duten Lehen Hezkuntzako ikasturtea bukatu arte), ezgaitasunen bat duten pertsonak edo eritasun larriak dituzten bigarren gradurainoko ahaideak (odolekoak edo ezkontzakoak) dituzten enplegatuek lanpostura egunero sartzeko ordutegi malgua ordu erdi atzeratzeko eskatzen ahalko dute, hau da, 9:30era arte.

Eskari hori alkatetzak aintzat hartuko du, baldin eta zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatuta badago, eta enplegatuak behar bezala egiaztatzen badu neurri horrek bere familiako bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri izaten laguntzen duela.

c) Enplegatu bakoitzak modu jarraituan gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du eguneroko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero eguneratuko da lanorduen kontrolerako sisteman.

10 orduko saldo positibo hori gainditzen duen denbora ez da ezertarako ere zenbatuko sisteman, eta ez inola ere konpentsatuko.

10 orduko saldo negatibo hori gainditzen duen denborak nominan dagozkion ordainsariak automatikoki deskontatzea ekarriko du.

d) Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogei minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da. Nolanahi ere, zerbitzu bakoitzeko arduradunak saiakera eginen du zerbitzua atsedenaldian ere estalirik egon dadin, eta atsedenaldia ez dadin egin lanik handiena dagoen orduetan.

Egindako atsedenaldiak ezarrita dagoen iraupena gainditzen badu, gehieneko denbora gainditzen duen zatia aurreko atalean ezarri den enplegatuaren saldo negatiboan egotziko da.

e) Lanera ez joatea, lanpostura berandu iristea eta lanpostuan behar den denboran ez geratzea, aurreko atalean azaldu den atsedenaldia alde batera utzita, beti justifikatu beharko dira, eta dagokion buruak aurretiaz eta espresuki baimendu beharko ditu.

f) Lanaldia lan egutegiaren doikuntzengatik murriztu behar den kasuetan, murrizketa ahal dela lanaldiaren azken zatian aplikatuko da.

g) Puntualtasun arauak nahitaez lanpostuan egon behar deneko lanaldiaren hasieran eta amaieran aplikatuko dira, inolako tolerantziarik gabe.

Laneratzea kontrolatzeko, lanorduen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik irtetean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Lanaldia betetzeari buruzko kontrola unitate bakoitzeko arduradunek eginen dute. Horretarako, beste hainbat baliabideren artean, presentzien kontrolerako sistemaren zerrendak erabiliko dituzte. Zerrenda horiek aldian-aldian bidaliko dizkie Idazkaritzak.

h) Lanaldiaren zati finkoa betetzen ez bada edo saldo negatiboa 10 ordukoa baino handiagoa bada, nominan automatikoki deskontatuko dira lan egin ez den denborari dagozkion ordainsariak. Deskontua hilero eginen da, idazkaritzak bidaltzen duen informazioa oinarri hartuta.

Deskontu hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren 68. artikuluan eta ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretu bidez onetsitako Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eginen da. Aldez aurretik, giza baliabideen kudeaketaz arduratzen denak interesdunari jakinaraziko dio.

2. Zerbitzu bakoitzean ordutegi malgua apurka ezartzeko prozedura eta irizpideak.

Alkatetzak emanen du ordutegi malgua zerbitzu bakoitzean ezartzeko baimena ebazpen bidez.

Unitate batzuetan zein besteetan bermatu beharko da herritarrentzako arreta zerbitzua, ezarrita dauden orduen barnean, baita gainerako zerbitzuen funtzionamendu egokia ere. Horretarako, zerbitzu bakoitzak unitate edo lanpostu jakin batzuetarako orokorrean ezarrita dagoen orduen malgutasunean mugak ezartzen ahalko ditu, arrazoiturik.

Ematen dituzten zerbitzuen ezaugarriengatik unitate batean edo enplegatuen talderen batean bidezkoa ez bada, ordutegi malgua ez da aplikatuko. Hori zehaztuko du, arrazoiturik, eragindako unitate edo zerbitzuan ordutegi malgua baimentzen duen ebazpenak.

3. Lanaldi malgua apurka ezartzeari buruzko jarraibideen aplikazioaren jarraipena.

Alkatetzak aldian-aldian jarraibide hauen gaineko kontrolak eginen ditu, giza baliabideen arloaren bidez. Beharrezkoa bada, bete dadila galdatuko du, eta behin eta berriz betetzeari uzten bazaio baimena ezeztatzen ahalko du.

VIII. ERANSKINA

Lantokian jasaten diren kanpoko erasoei aurre egiteko protokoloa

Prozedura honen xedea da langileei jakinaraztea zer egin behar den administrazioaren erabiltzaile baten erasoaren xede direnean lanean ari direlarik, berriz gerta ez dadin beharrezkoak diren neurri egokiak hartzeko.

Berriozarko Udalaren langile batek, lantokian nahiz lantokitik kanpo, bere lana betetzearen ondorioz honako jokabide baten xede denean aplikatuko da:

–Beldurtzeko jokabideak.

–Indarkeria fisikoa eta/edo ahozkoa.

–Bandalismoa: langile baten gauzak, zentroko altzariak edo instalazioak hondatu edo suntsitzen direnean.

Hasierako egoera.

Jendeari arreta ematen zaionean, bereziki aldez aurretik jokabide desegokiak izan dituzten erabiltzaileei arreta ematean edo haserre dagoen edo erabiltzaile liskarti bati, langileak honakoak hartuko ditu kontuan:

1.–Lasai egon eta egoera bideratzen saiatu: EZ erantzun ahozko eraso edo probokazioei. Helburua da egoera bideratzea elkarren adostasuna bilatuz.

2– Segurtasuneko distantzia: Segurtasuneko distantzia egokia jartzen saiatu eta, ahal bada, oztopo fisikoa jarri tartean (mahaia, erakusmahaia etab.).

3.–Irteerako atetik hurbil jarri, alde egiteko beharrezkoa izanez gero. Irteerako aterako bidean oztoporik ez jarri, arazorik gabe alde egiteko.

4.–Indarkeria egoera arintzeko, laguntza eskatu edo jende gehiagori deitu, lekuko izan daitezen, beharrezkoa bada.

5.–Lanari utzi egoera kontrolpean ez dagoen bitartean edo langilea behar besteko segurtasunez lanari berriz ekiteko moduan ez dagoen bitartean.

6.–Berehala eman abisua (nagusiari) zerbitzuaren edo txandaren arduradunari, komunikaziorako bide egokiena erabiliz (walkie-a, telefonoa, alarma). Arduraduna identifikatu da, eta agindu argi eta zehatzak emanen dizkie inplikatutakoei.

Zer egin erasoa gertatzean.

Arestian azaldutako eginda ere, erabiltzailearen jarrera oldarkorra izaten jarraitzen badu eta langileak erasoa jasotzen badu, hauxe izanen da bete beharreko protokoloa:

1.–Indarkeria egoera gertatzen denean udaltzaingoari deitu, ahal bada. Erasotzaileak alde egin ondoren ere poliziak datuak bildu ditzake eta erasotzailea identifikatu, ezaguna ez denean.

2.–Zerbitzuaren arduradunari abisua eman ez bazaio, berehala jakinaraziko zaio gertatu dena.

3.–Eraso fisikoa baldin badago, langilea, erasoa norainokoa izan den ikusirik, Mutua Navarrara edo ospitalera eramanen dute laguntzarako agiriarekin, lesioen agiria izateko.

4.–Langilearen arduradunak adieraziko dio langileari polizia-etxean salaketa aurkez dezakeela erabiltzaile erasotzailearen aurka. Salaketa aurkezteko, Berriozarko Udaltzaingoaren bulegoetara joan beharko du lesio-agiria ematera, balego, eta erasotzaileaz dakien guztia esatera.

5.–Arduradunak Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuari jakinaraziko dio gertatutakoa. Jakinarazpen hori langilearen historian jasoko da gertaera gisa, lesiorik ez badago, eta lan istripu gisa, lesioak baldin badaude.

6.–Prebentzio Zerbitzuak gertaera ikertuko du eta berriz ez gertatzeko behar diren prebentzio neurriak ezarriko ditu. Neurri horiek zenbait arlotakoak izanen dira (gaitasun sozialetako prestakuntza, antolakuntza neurriak, zaintzakoak). Ondorioak idatziz jakinaraziko zaizkio bai arduradunari bai langile inplikatuari.

7.–Langileak, uneoro, honakoak izanen ditu eskura:

–Behar duen osasun laguntza.

–Arreta psikologikoa, barne hartuta ondorioei aurre egiteko arreta eta euskarri emozional profesionala.

–Beharrezkoa duen laguntza juridikoa eta legala, langileak salaketa aurkezten badu.

Erabiltzaileak salatzen badu langilea, barneko txosten informatiboa irekiko da langilearen erantzukizuna argitzeko, eta errugabea dela erabakiz gero, defentsa emanen zaio epaiketarako.

8.–Prebentzio Zerbitzuak kasuaren jarraipena eginen du jakiteko proposatutako neurriak hartu diren eta eraginkorrak izan diren.

Erasoen erregistro-orria

Langileak bete beharrekoa:

–Izen-deiturak:

–Adina.

–Sexua. H M.

–Lan egoera: Finkoa Aldi bat. kont.

–Zerbitzua:

–Lanpostua:

–Telefonoz:

–Erasoaren data:

–Erasoaren ordua:

–Lekukorik izan al zen? Ez Bai (baiezkoa bada, izen-deiturak idatzi):

–Zure lanpostuak mugikortasuna badu, adierazi non zeuden:

–Zehaztu zertan ari ziren erasoa jasan zenuenean:

–Jasandako eraso mota (bat edo batzuk): Irainak Mehatxuak Gorputzeko lesioak Bestelakoak:

–Osasun zentro batera joan zara? Bai Ez.

–Lan istripuak eragindako aldi baterako ezintasuna tramitatu da? Bai Ez.

–Kontatu gertatutakoa kronologikoki: aurrekariak (aurreko uneak), indarkeriazko gertaera (erasoaren jokabidea), amaiera (langilearen eta ingurukoen erreakzioak).

(Langilearen sinadura)

Zerbitzuaren arduradunak bete beharrekoa:

–Izen-deiturak:

–Erasoaren data:

–Erasoaren ordua:

–Erasoa jakinarazi diote data honetan (............), eta langileari laguntza juridikoa eskaini dio: Bai Ez

–Bidali erregistro orri hau gerentziara, prebentzio zerbitzura eta prebentzio delegatuei.

(Zerbitzuaren arduradunaren sinadura)

Prebentzioko delegatuak bete beharrekoa:

–Laguntza juridikoa eskatzen du: Bai Ez.

–Laguntza juridikoa eman da: Bai Ez.

–Proposatutako neurriak:

–Gauzatutako neurriak:

(Prebentzioko delegatuaren sinadura)

Berriozarren, 2014ko apirilean.

Stua.: .............................. Stua.: ...............................

Ordezkari sindikalak - Alkatea.

Stua.: ...................................

Giza baliabideetako arduraduna.

Iragarkiaren kodea: F1503107