73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako laguntza bereziak emateko oinarri arautzaileak aldatzea

Azkoiengo Udalak, 2015eko martxoaren 26an egin osoko bilkuran, larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako laguntza bereziak emateko oinarrien 3.1 atalaren aldaketa onetsi zuen. Jarraian argitara ematen da testua.

Azkoienen, 2015eko martxoaren 26an.–Alkatea, Josefa Vidorreta Alfaro.

ERANSKINA

Aldatutako oinarriak

3.–Baldintzak eta betebeharrak. Bateragarritasuna.

3.1. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezten diren unean, eta egoera hori mantendu beharko da diru-laguntza jasotzen den bitartean. Laguntza hauek biltzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

a) 18 urte baino gehiago izatea edo legez emantzipatua izatea edo, bestela, emantzipazioko legezko tramitea abiatu izana.

b) Eskatzaileak Azkoienen bizi beharko du egiazki eta bertan erroldaturik egon gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin, eta laguntza jasotzen duen bitartean laguntzaren onuradun zuzenekoak eskakizun hori betetzen segitu beharko du, laguntza norbanakoarentzat denean. Udalak egiaztatuko du, udal erroldaren bidez, eskatzaileen erroldatze eta bizikidetze egoera.

c) Diru-laguntza zer premiatarako eskatzen den, huraxe asetzeko baliabide ekonomikorik ez izatea elkarrekin bizi den familia unitateko kide guztien artean (bizikidetzaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da bizikidetza).

d) Ezinbertzean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Diru-sarreren galera, elkarrekin bizi den familia unitatean jendea aldatzeagatik.

–Saria eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

–Larrialdi egoerak, langabeziaren eta ezegonkortasun ekonomikoko bestelako egoeren ondorioz, hala nola banantzeak, eritasunak eta zor justifikatuak.

e) Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean egotea (Gizarteratzeko Errenta edo Oinarrizko Errenta). Laguntza eska dezakete, halaber, aipatu den baremoa gaindituta ere, hileko soldata zenbateko honetatik beherakoa dutenak: Gizarteratzeko Errenta edo Oinarrizko Errenta + etxebizitzaren gastuak (hipoteka edo alokairua).

f) Azkoiengo Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

g) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan aipatzen diren inguruabarretako bakar batean ere ez egotea.

h) Eskabidea eta bere egoera ebaluatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztu izana.

i) Familiaren ondarea gehienez ere 30.000 euro izatea, salbu eta familiaren etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.

j) Diru-laguntza egindako zorrak ordaintzeko baldin bada, ez dira 6 hilabete baino lehenagokoak izan beharko, egin zirenetik eskaera aurkezten den arte.

Baldintza hauek oinarri hauetan xedatzen denaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

Dena den, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan ezarritakoarekin bat, Azkoiengo Udalak laguntza ekonomikoak ematen ahal dizkie zorrak premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan sartuta dauden norbanakoei. Kasu horretan, Gizarte Ongizateko Batzordeak aztertuko du espedientea, eta hark laguntza emateko proposamena eginen dio Gobernu Batzarrari. Aparteko egoerak direla zehaztuko da, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

–Zorraren zenbateko nagusia ez da 800 eurotik gorakoa izanen.

–Laguntza eskatu aurreko hiru ekitaldietakoa izanen da, gehienez, zorra.

–Udaleko tributuen ondoriozkoa izanen da zorra.

–Eskatzaileak zorra zatituta ordaintzeko konpromisoa sinatuko du. Ordainketa egiten ez den lehen aldian, emandako laguntza itzultzeko eskatuko da, hala badagokio.

Iragarkiaren kodea: L1504790