73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Udal ordenantza, Artzibarko gizarte eta kultur etxearen erabilera lagatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2015eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artzibarko gizarte eta kultur etxearen erabilera lagatzea arautzen duen udal ordenantza (2015eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2015eko martxoaren 24an.–Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

UDAL ORDENANTZA, ARTZIBARKO GIZARTE ETA KULTUR ETXEAREN ERABILERA LAGATZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Araudi honen xedea da Artzibarko Udaletxeko bigarren solairuan dagoen gizarte eta kultur etxearen erabilera lagatzeko baldintzak ezartzea, gizarte eta kultur jarduerak egiteko.

2. artikulua. Udalak arduradun bat izendatuko du, honako ardura hauek izanen dituena: giltzak uztea eta biltzea, egoera gainbegiratzea antolatzen den ekitaldi bakoitzaren aitzinetik eta ondotik, eta arau hauen 10. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria biltzea. Nolanahi ere, eskatzen diren egintzak ez ditu arduradun horrek baimenduko, Artzibarko Udalaren ardura izanen baita, arau hauen 5. artikuluan azaltzen den gisan.

3. artikulua. Interesdunek Udaletxean aurkezten duten eskaeran ezartzen dena izanen da ekitaldiaren iraupena eta sekula ez hilabetetik gorakoa, Udalak baimentzen duenetik kontatzen hasita; luzapenak eman ahalko dira, hilabeteka.

Luzapen horiek besterik gabe emanen dira hilabeteka, salbu eta alderdietako batek modu fede-emailean besterik adierazten badu baimena bukatu baino hilabete lehenago.

Baimendutako emanaldiak bukaturik, Udalak izendatutako arduradunak instalazioak gainbegiratuko ditu eta, kalterik balego, esleipen-hartzaileak erantzun beharko du, lehengoen antzekoak diren beste batzuk jarriz edo haien diru ordaina Udalari emanez.

4. artikulua. Esleipen-hartzaileek Artzibarko Udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dituzte proposamenak edo posta elektronikoa erabiliz, ayuntamiento@valledearce.com helbidera bidaliz, proposatutako jarduera baino hamabost egun lehenago gutxienez. Hala ere, epe horiek betetzen ez dituzten eskaerak ebatzi ahalko dira, presakoak direla behar bezala justifikatzen bada. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie gutxienez:

A) Eskatzailea pertsona juridikoa bada eta lehenengo aldia badu, enpresaren IFKren fotokopia aurkeztu beharko du.

Eskatzailea pertsona edo enpresari banakakoa bada, nortasun agiri nazionalaren edo enpresaren IFKaren fotokopia aurkeztu beharko du.

Eskatzailea elkarte bat bada, entitatearen IFKren eta Elkarteen erregistroko altaren fotokopiak aurkeztu beharko ditu, lehenengo aldian soilik.

B) Egin beharreko jarduketen gaineko txostena, haien edukia, datak eta ordutegiak barne, baita eskatzaileari komenigarria iruditzen zaion beste edozein agiri. Betiere, txostenaren barnean sartuko dira eskatzailearen datuak (izena, harremanetarako pertsona, helbidea, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa geroko harremanetarako).

Posta elektronikoaren bidezko eskaerak izanez gero, A eta B puntuei buruzko artxiboak gehitu beharko dira.

5. artikulua. Proposamenen azterketa eta onespena.

Artzibarko Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko eta erabakiko errefusatzea edo onartzea.

6. artikulua. Esleipenerako irizpideak eta lagapenaren aurretiazko dokumentazioa.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan erabiltzeko proposamenak onartzeko:

–Proposamenaren interesa, gizarte, kultura eta hezkuntzaren aldetik.

–Proposatu diren egun eta orduak.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate plana, Udalaren partaidetza aipaturik.

–Jardueraren ardura duten pertsona eta entitateen curriculuma.

–Prezio eta tarifen proposamena, halakorik bada.

–Hobekuntzarako bestelako proposamen batzuk, halakorik bada.

Udalak bidezko iruditzen zaizkion irizpen eta txosten guztiak eskatzen ahalko ditu, lagapenaren aitzinetik nahiz ondotik. Esleipen irizpideen arabera esleituko da erabileraren lagapena; esleipen prozedura eman gabe utz daiteke.

Gisa berean, Udalak, proposamen bat onartu eta interesdunari jakinarazi ondoan, beretako gordeko du hura gero deuseztatu edo aldatzeko eskubidea, lagapen-hartzaileari inolako ordainik eman behar izan gabe horregatik.

Bai onarpenak, bai geroko aldaketa edo deuseztapenak, idatziz jakinaraziko zaizkio lagapen-hartzaileari, posta elektronikoaren bidez, baita erabili beharreko udal armarriaren logotipoa ere, lagatzeko arau hauen 17. artikuluan adierazten den gisan.

7. artikulua. Halako kasu batzuetan, Udalak beretako gordeko du tarifa bat kobratzeko eskubidea higiezina lagatzeagatik; hura baimenaren aitzinetik jakinaraziko da betiere. Horretarako, urtero Udalak tasak arautzeko osoko bilkuran onetsiko dituen ordenantza hartuko da oinarritako.

8. artikulua. Esleipen-hartzailea tarifetatik heldu diren diru-sarrera guztien onuradun izanen da, halakorik bada.

9. artikulua. Esleipen-hartzaileak bere bizkar eskuratu beharko ditu proposatzen dituen jarduera guztiak egiteko behar diren baimenak.

10. artikulua. Esleipen-hartzaileak giltzak ematen zaizkion mementoan aitorpen bat sinatuko du, higiezina egoera onean jasotzen duela dioena, eta erabileraren lagapena bukatzean jaso bezain egoera onean itzultzeko beharkizuna ezartzen diona. Makurren bat izanez gero, ekitaldia gauzatu aitzin jakinarazi beharko zaio giltzen arduradunari; bestela ez da kontuan hartuko.

11. artikulua. Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira erantzukizun zibila nahiz istripuengatikoa, hala bere zerbitzuko langile guztiena nola parte-hartzaileena edo programatzen diren jarduerena; Artzibarko Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

12. artikulua. Gizarte eta kultur etxean ez da inolako jarduerarik egiten ahalko, aurkeztutako txostenean agertzen ez bada. Arrazoiren bat dela-eta aldaketarik gertatzen bada, horren berri eman beharko zaio aitzinetik Udalari, baita honek onetsi ere.

Beraz, jarduera bakoitza antolatzeko, Udalak aitzinetik jakin eta baimendu beharko du.

13. artikulua. Lagapenaren esleipen-hartzailearen betebeharrak izanen dira:

–Berak eskaintzen dituen zerbitzu guztien funtzionamenduaren gaineko erantzukizun osoa.

–Higiezina behar bezala zaintzea jarduera garatzen den bitartean.

–Programaturiko jarduera guztiak koordinatzea.

–Tarifarik bada, haien kobrantza.

–Artzibarko Udalak eskuordetutako arduradunaren eskutik giltzak bildu eta berari itzultzea, zehaztutako epeetan.

–Instalazioen erabilera okerraren ondoriozko kalteen erantzule izatea.

–Instalazioaren funtzionamenduan edozein makur gertatuz gero, horren berri berehala ematea Udalak eskuordetutako arduradunari.

–Lokala garbi mantentzea, obra, ekipamendu edo altzariei dagokien jarduketarik egin gabe, eta kartel, errotulu edo bestelako seinalerik pintatu eta jarri gabe, aldez aurretik eta espresuki Udalak baimendu ez baditu.

–Bere jarduerari dagozkion instalazioen mantentze-lanak egitea.

–Higiene, osasun eta osasungarritasun kontuak direla-eta, animalia guztiei sarrera debekatzea.

–Erantzukizun zibil nahiz istripuengatikoaren segurtasunaren erantzule izatea, hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez; Artzibarko Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

14. artikulua. Gastu hauek esleipen-hartzailearen bizkar izanen dira:

–Proposatutako jardueren ondoriozko gastu guztiak.

–Hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez, erantzukizun zibileko asegurua eta istripuengatikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak, legediari jarraituz eskatu behar denean.

15. artikulua. Araudi hau ahalik eta hobekien bete ahal izateko, eta lagapen prozesuetan pizten diren kontu desberdinak arintzeko, udal batzorde bat sortuko da; hura Alkatetzak, Kultur Zinegotzigoak eta Udalak higiezinaren lagapenerako izendatzen duen erantzuleak osatu dute, eta bertara gonbidatu ahal izanen dute esleipen-hartzailea, horren beharrik baldin bada.

16. artikulua. Oro har, debekatua dago gizarte-etxearen barnean edatea eta jatea. Haietarikoren bat egin ahal izateko Udalak baimen espresa eman beharko du.

17. artikulua. Esleipen-hartzaileak Artzibarko gizarte eta kultur etxean antolatzen dituen jarduera publiko guztietan eta publizitaterako edozein euskarritan, gaztelaniaz eta euskaraz egin beharko baita, Artzibarko Udalaren logotipoa agertuko da, ikusteko moduko tokian eta antolatzailearen edo edozein laguntzaileren maila berean, eta baita idazkun hau ere: “Artzibarko Udalaren laguntzaz”, gaztelaniaz eta euskaraz. Logotipo hori baimenaren posta elektronikoan erantsiko da.

18. artikulua. Udalak beretako gordeko du instalazioan edozein emanaldi antolatzeko eskubidea, eta horrek lehentasuna izanen du beste edozein entitatek, esleipen-hartzailea barne, antolatzen dituenen aitzinetik; antolaketaren aldetik, esleipen-hartzaileari jakinarazi beharko dio, gutxienez ere hamabost egun lehenago, salbu eta presako eskaerak, Udalak baloratuko dituenak, erabakitzen ahalko baitu zer emanaldik duen lehentasuna.

19. artikulua. Udalbatzako edozein kidek, bere buruz edo berak gaitutako bertze baten bitartez, programaturiko zerbitzu eta jarduera guztien egoera eta funtzionamendua ikuskatzen ahalko ditu; beraz, xede horrekin, sarbidea zabalik izanen dute barnera eta jarduera horietara, ez izanik eman gabe ez aitzinetik gaztigatu gabe.

20. artikulua. Aparteko arrazoien kariaz gizarte eta kultur etxea itxi behar baldin bada, Udalak ez ditu bere gain hartuko eragindako kalte-galerak.

21. artikulua. Debeku da espresuki esleipenaren lagapena edo eskualdaketa egitea, nolanahi eginda ere eta edonola izendatuta ere.

Halaber, lagapen-hartzailea bakarra izanen da; ez da beste zenbaitetan barreiatzen edo zatikatzen ahalko.

Orobat, esleipen-hartzaileak zuzenean eta pertsonalki eginen du jarduera.

22. artikulua. Esleipen-hartzaileak inoiz ez du gelan aldaketa iraunkorrik sartuko, horretarako Udalaren baimen espresik ez badu. Horietarako baimena jaso ondoan, esleipen-hartzailearen kontura izanen dira, eta jarduera bukatzen delarik Udalarendako geldituko dira, horrengatik batere dirurik ordaindu behar izan gabe.

23. artikulua. Erabiltzaileei tarifarik aplikatu behar bazaie, Udalak baimendu beharko ditu, bai eta egutegia eta ordutegia ere, eskatzaileak aurkeztutako eskaintza kontuan harturik.

24. artikulua. Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena desegiteko arrazoi, aparte utzirik esleipen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

25. artikulua. Programaturiko jardueren arrisku eta mentura esleipen-hartzailearen gain egonen da.

26. artikulua. Baldintza-orri honen ondoriozko esleipen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko goiti-beheiti guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Artzibarko Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki entitateetarako aurreikusirik dauden bideak erabiliz.

27. artikulua. Artzibarko Udalak noiznahi berrikusten eta aldatzen ahalko ditu arau hauek, baina horrek ez die eraginen lehenago onetsitako eskaerei.

28. artikulua. Bi eskaerak data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, horren beharrik bada, 18. artikuluak dioen bezala, Artzibarko Udalak erabakitzen ahalko du zer emanaldik duen lehentasuna aldi berean proposatu direnen artean.

Iragarkiaren kodea: L1504568