73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

668/2015 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz, langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Lan eta Gizarte Aferen Ministerioaren 1997ko abenduaren 19ko Aginduan eta uztailaren 20ko TAS/2435/2004 Aginduan Enplegu Zerbitzu Publikoek diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak finkatu ziren, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz, langileak kontratatzen dituzten Estatuko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako organoei, unibertsitate publikoei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei laguntzeko.

Lan eta Gizarte Aferen Ministerioaren 1997ko abenduaren 19ko Aginduan arautzen diren laguntza horien kudeaketa Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzi zen maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari esleitu zitzaion urriaren 4ko 501/1999 Foru Dekretuak.

Enplegu publikorako programa horren araubidea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 483/2012 Ebazpenaren bidez finkatu zen, horren bidez onetsi baitziren irabazi-asmorik gabeko entitateei interes orokorreko edo sozialeko zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko diru-laguntzak. Alabaina, hainbat arrazoi direla-eta, programa berrikusi beharra dago: batez ere, kontratatzen diren pertsonen enplegagarritasuna eta enplegua hobetu behar dira, eta kontratatzen diren pertsonen zerbitzuen onuradun izanen direnenak ere bai. Horregatik, erabaki da diru-laguntza ematea, bakar-bakarrik, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburua duten zerbitzuak egiteko kontratazioetarako.

Hori horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 29ko 1860/2014 Ebazpenaren bidez, baliorik gabe utzi da aipatutako 483/2002 Ebazpena.

Irailaren 5eko 751/2014 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin da Enplegua Sustatzeko 2014-2016 Espainiaren Estrategia, enplegurako politika aktiboak lurralde bakoitzaren errealitateari doitzeko aukera ematen duena.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, beharrezkoa da, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Azkenik, aipatu beharra dago Europako Gizarte Funtsak laguntza horien %50 finantzatzen duela. Izan ere, funts horrek 2014-2020 aldirako Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako baliabideak, bereziki, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzera eta enplegua sustatzera bideratu behar dira. Hortaz, irabazi-asmorik gabeko entitateei langabeak kontratatzeko diru-laguntzak emateko inbertsioak egitea neurri egokia eta ona da, Europako Gizarte Funtsak erregio honetan dituen helburuak lortzen zuzenean laguntzen baitu.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz, langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen direnak.

2. 468.025 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Administrazio Publikoek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egindako kontratazioetarako diru-laguntzak. Kofinantzaketa sektoriala eta EGF” izeneko 170001 15100 4819 241106 kontu-sailaren kargura (laguntzen eta diru-laguntzen biltegi zentraleko 4967 zenbakia, E-09-000003-06 PEP elementua).

3. 2015. urteko ekitaldirako eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek argitaratu eta biharamunetik hasita. Diru-laguntza eskatzen ahalko dute zerbitzuak urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateek. Diru-laguntza laneko kostuetarako izanen da, eta 10 hilabetez emanen da gehienez.

2015eko proiektuen azken justifikazioa egiteko bi hilabeteko epea izanen da, diruz lagundutako proiektua bukatzen denetik hasita. Horren ondorioetako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onesten duen proiektuan adierazten den eguna hartuko da bukaera-eguntzat, salbu urriaren 31tik aurrera bukatzen diren proiektuen kasuan, izan ere, kasu horretan, azken justifikazioa 2015eko abenduaren 31ra arte aurkeztu ahalko da. Azkeneko kasu horretan, Gizarte Segurantzako azaroko eta abenduko kotizazioak eta urteko azken hiruhilekoari dagokion PFEZaren ordainketaren egiaztagiria 2016ko otsailean aurkeztuko dira.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea ez baitu amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2015eko apirilaren 1ean.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko langabeak kontratatzeagatik, irabazi-asmorik gabeko entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, langabezian dauden pertsonak lanean aritzea sustatu nahian.

Xede horretan ez dira sartuko entitate eskatzailearen beraren funtzionamenduari eta kudeaketari edo antolamenduari lotutako egiturazko lanpostuak betetzea helburu duten kontratazioak.

Laguntza administratibo huts-hutsa emateko direnak ere ez dira kontuan hartuko, non eta ez diren kontratatzen baldintza hauetako bat betetzen duten langabeak:

–%33ko desgaitasun aitortua izatea, egiaztagiriaren bidez frogatua.

–Gizarte politiken arloko departamentuak gizarteratzeko edo lan munduan eta gizartean txertatzeko ematen dituen diru-laguntzak jasotzen ari direnak.

–Genero-indarkeriaren biktima izatea. Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartzen da genero-indarkeria gisa: emakumeen aurkako indarkeria, emakume izate hutsagatik egiten dena, edo haiengan neurriz kanpoko eragina duena generoagatiko bazterkeriaren adierazle gisa, kalte edo sufrimendu fisikoak, psikologikoak, sexualak edo ekonomikoak sortzen ahal dituena, eta horren barnean dira, orobat, mehatxuak, larderiak eta koakzioak, eta askatasunaren ukatze arbitrarioa bizitza publikoan edo pribatuan; eta etxeko indarkeriaren biktimak izatea.

Genero-indarkeriaren biktima direla frogatzeko, aski izanen da gizarte zerbitzuen ziurtagiri bat aurkeztea edo legez ezarrita dagoen beste edozein agiri.

2.–Entitate onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

Enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak izan daitezke oinarri hauen xede diren diru-laguntzen onuradunak, baldintza hauek betez gero:

–Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

–Egoitza edo zentro bat izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

–Diru-laguntza honen xedeko jarduerak agertzea entitatearen estatutuetan.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak betetzea. Hori erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatu beharko du diru-laguntzaren eskatzaileak.

Baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.

3.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebeharrak beterik, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak egiteko kontratatzen diren langileen soldata kostuak finantzatzeko erabiliko dira diru-laguntzak. Soldata kostu horiek izanen dira aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritakoak edo lan kontratuan adostutakoak, eta gehieneko muga honela aterako da: kontratuaren iraupeneko hilabeteak bider kontratatzen diren pertsonen maila berean sartuta dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen hasierako soldataren zenbatekoa. Kontratuak lanaldi partzialekoak badira, kontratatutako lanaldia nola murrizten den, horrenbeste murriztuko dira gehieneko mugak.

Oinarri hauen ondorioetarako, soldatak berak eta Gizarte Segurantzan enpresek kotizatutako kontzeptu guztiek osatzen dituzte soldata kostuak (kontingentzia arruntak, langabezia, Soldatak Bermatzeko Funtsa eta lanbide prestakuntza).

Honako gastu hauek diru-laguntza jaso dezaketen gastuetatik aparte uzten dira berariaz: kontratu bukaerako kalte-ordaina, eta egin eta kobratzen diren aparteko orduak, bai eta, jantzien edo uniformearen kostuak, dietak eta mantenuaren eta ostatuaren gastuak ostalaritzako establezimenduetan, joan-etorrien edo garraioaren plusak, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko ordainketak, ekarpenak pentsio planetan eta istripu edo bizi aseguruengatik ordaindutako primak edo kuotak, langilearen gastuen edo ordejarritakoen zenbatekoa, ezkontzeagatik jasotako saria, eta antzeko beste batzuk.

3.2. Laguntzen zenbatekoa.

Eman beharreko diru-laguntza zehatza entitate eskatzaileek lortzen duten puntuazioaren araberakoa izanen da; diru-laguntza jaso dezaketen kostuen %50 ordainduko da gutxienez, eta %80 gehienez. 25 eta 40 puntu bitarteko balorazioa lortzen duten zerbitzuentzat, diru-laguntza %50ekoa izanen da; 41 eta 55 puntu bitarteko balorazioa lortzen duten zerbitzuentzat, %60koa; 56 eta 70 puntu bitarteko balorazioa lortzen duten zerbitzuentzat, %70ekoa; eta balorazioan 70 puntu baino gehiago lortzen duten proiektuentzat, %80.

Entitate bakoitzari, gehienez ere 60.000 euroko laguntza esleituko zaio.

Entitate bakoitzari 6 langileren kostuak ordainduko zaizkio gehienez.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzak urte bakoitzean Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Enplegu plana. Administrazio publikoen eta irabazi- asmorik gabeko entitateen kontratazioetarako diru-laguntzak. Kofinantzaketa sektoriala eta EGF” izeneko programa kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, edo antzeko beste kontu-sail baten kargura, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuan dagoen gehieneko diru-muga agortu arte.

Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa izanen dute, %50ekoa, “Egokigarritasuna eta Enplegua” izeneko 2007ES05UPO001 Erregio anitzeko programa eragilearen bitartez.

5.–Egin beharreko zerbitzuek bete beharrekoak.

5.1. Nafarroako lurralde eremuan egitea.

5.2. Entitate onuradunek berek zuzenean egitea.

5.3. Enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak izatea.

Oinarri hauen ondorioetarako, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak izanen dira bere baitan honako jarduera hauei loturiko jarduketak hartzen dituztenak: laneko orientazioa, ekintzaileen sustapena, lanbide gaitasunen hobekuntza, laneko bitartekaritza, enplegu prospekzioa eta antzeko beste jarduera batzuk.

5.4. Erabiltzaileentzat doako zerbitzuak izatea.

5.5. Urte natural bakoitzean, zerbitzu horiek gutxienez hiru hilabetez eskainiko dira, eta, gehienez ere, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zerbitzuetako langileria kostuak lagunduko dira.

6.–Eskaeren eta erantsi beharreko dokumentazioaren aurkezpena.

6.1. Aurkezteko epea eta tokia.

Oinarri hauen xede diren laguntzak lortzeko eskaerak urte bakoitzeko urrian aurkeztu beharko dira.

Ahal dela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, are Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web orritik sartuta (kasu horretan, sinadura elektronikoa behar da).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) Egin beharreko zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Eredua Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke (www.navarra.es). Memoria horretan kontratatzen diren pertsonek egin beharreko lanak zehaztuko dira, zerbitzua zenbat erabiltzaileri emanen zaien adierazita.

c) Diru-laguntza eskatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

d) Entitate eskatzailea eratzeko eskritura publikoaren eta estatutuen fotokopia konpultsatua. Estatutuetan argi eta garbi jaso beharko da entitateak ez duela irabazteko asmorik.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen zaion lehenengo aldia baldin bada.

h) Erantzukizuneko aitorpena edo ziurtagiria, adierazteko aurreikusitako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa ez dela kontratazioen guztirako kostua baino handiagoa, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne direla.

i) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen aitorpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera).

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago c), d), e) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri direneko espedientea edo deialdia adierazten bada eta aurkeztu zirenez geroztik aldaketarik gertatu ez bada.

6.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

7.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena lotzailea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Enplegua Sustatzeko Ataleko burua.

Idazkaria: Enplegua Sustatzeko Ataleko teknikari bat.

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

8.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Behar izanez gero, kontu-saileko dirua hainbanatuko da gutxieneko puntuazioa gainditzen duten zerbitzu guztien artean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hainbanaketa egin behar baldin bada, instrukzioa egiteko eskumena duen organoak aukera emanen die entitate eskatzaileei eskaerak berregiteko, baina moldatu ondoren, puntuazio berbera lortu beharko dute balorazioan.

9.–Balorazio irizpideak.

Balorazioan irizpide hauek erabiliko dira:

9.1. Egin beharreko zerbitzuak zein jarduera eremutan egiten diren: 30 puntu bitarte.

a) Gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatzen edo garatzen duten zerbitzuak: 10 puntu.

b) Lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntza eta sostengu teknikoa emateko zerbitzuak (20 urtetik beherako gazteak, 50 urtetik gorakoak, luzaroko langabeak, desgaitasuna duten pertsonak, gizartetik baztertuak dauden pertsonak edo baztertzeko arriskua dutenak, genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak): 20 puntu.

9.2. Moderna Planeko ardatzetako jardueretako zerbitzuak: 10 puntu.

9.3. Diruz laguntzen diren kontratua sinatzen duten pertsonak entitatean sartzea lan egitera: 20 puntu bitarte.

a) Gutxienez hiru hilabeteko kontratua egiteko konpromisoa badago, eta lanaldia %50ekoa baldin bada gutxienez: 10 puntu bitarte.

–Langile bat kontratatzen bada: 5 puntu.

–Bi langile edo gehiago kontratatzen badira: 10 puntu.

b) Mugagabeko kontratua egiteko konpromisoa badago, eta lanaldia %50ekoa baldin bada gutxienez: 20 puntu bitarte. Horrelako kontratazioei hiru urteko jarraipena eginen zaie.

–Langile bat kontratatzen bada: 15 puntu.

–Bi langile edo gehiago kontratatzen badira: 20 puntu.

Atal honetan ezarritakoa baloratzekotan, eskaera egiten den unean entitateko arduraduna den pertsonak sinatutako idatzi bat eskatuko da, laneratzearen gaineko konpromisoa hartzeko. Hori bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharko da, oinarri hauetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako irizpideak aplikatuz.

9.4. Ondoren aipatzen diren kolektiboetako batean sartuta dauden langabeak kontratatzeagatik: 25 puntu bitarte.

–Emakumeak: 10 puntu.

–30 urtetik beheko pertsonak: 10 puntu.

–Lehenbiziko lanpostuan sartzen diren pertsonak: 10 puntu.

–Luzaroko langabeak, hau da, kontratazioaren aurreko hemezortzi hilabetean Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan langabe gisa inskribaturik egon direnak gutxienez hamabi hilabetez: 15 puntu.

–50 urtetik gorako pertsonak: 15 puntu.

–Desgaitasunen bat duten pertsonak, gutxienez %33ko desgaitasuna dutela aitortzen duen ziurtagiri baten bidez egiaztatua: 25 puntu.

–Genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak: 25 puntu.

–Gizarte politiken arloko departamentuak gizarteratzeko edo lan munduan eta gizartean txertatzeko ematen dituen diru-laguntzak jasotzen ari diren pertsonak: 25 puntu.

Kontratazio horiek baloratzekotan, eskaera egiten den unean entitateko arduraduna den pertsonaren idatzizko konpromisoa eskatuko da. Hori bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharko da, aipatutako irizpideak aplikatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

9.5. Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoagatik: 6 puntu bitarte.

–Zerbitzuen erabiltzaileen enpresetan lanekoak ez diren praktikak egitea aurkezten duten zerbitzuengatik: 2 puntu bitarte.

–Enpleguaren sorgune berriei loturiko zerbitzuengatik: 2 puntu bitarte.

–Kalitatearen ziurtagiriren bat, EFQM eredua, Berdintasunerako Plana, etab. izateagatik, profesionaltasuna eta ematen den zerbitzuaren kalitatea bermatzen dutenak edo etengabeko hobekuntza prozesu batean sartuta daudela bermatzen dutenak: 2 puntu.

9.6. Entitate eskatzaileak parte hartu duen azken deialdian diruz lagundutako zerbitzuen kudeaketaren arloan izandako gabeziengatik, puntuazioa honela gutxituko da:

–Zerbitzua ematean akatsak izatea edo zerbitzuaren hasiera 15 egunetik gora atzeratzea justifikatu gabe, edo zerbitzua 15 egunetik gora etetea justifikatu gabe: 5 puntu.

–Diruz lagundutako zerbitzua ez egitea: 7 puntu.

Entitate bakoitzak 91 puntu lor ditzake gehienez. Diru-laguntza jasotzeko, gutxienez 25 puntu lortu beharko dira.

10.–Prozeduraren ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bost hilabeteko epean gehienez. Epe hori berariazko ebazpena eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da diru-laguntza eskaera.

Administrazio ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Entitate onuradunen zerrenda.

–Egin beharreko zerbitzuaren izena.

–Lortutako guztirako puntuazioa.

–Diruz lagundutako aldia hasteko eguna.

–Zerbitzu bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

–Diru-laguntza ukatu zaien entitateen zerrenda, eta ukatzeko arrazoia.

Halaber, emandako diru-laguntza Europako Gizarte Funtsak ere finantzatzen duela aipatuko da.

11.–Zerbitzuen hasiera.

Zerbitzua hasi dela hasieraren ziurtagiriaren bidez frogatuko da, eta gero Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzura igorriko.

12.–Langileak hautatzeko eta kontratatzeko betebehar eta irizpideak.

Oinarri hauen babesean kontratatzen diren pertsonek lanik gabe egon behar dute, eta lan eskatzaile gisa inskribatuak enplegu agentzietan.

Diru-laguntza hauen hiru deialditan edo 1997ko abenduaren 19ko Ministro Aginduaren babesean arauturiko deialdietan lehenago diruz lagundu diren kontratuen pertsonak kontratatuz gero, haien lan kostuak ez dira onartuko diru-laguntzaren xedeko gastu gisa.

Entitate onuradunek lan eskaintza generikoa aurkeztuko dute dagokien enplegu agentzian, behar dituzten pertsonak eskatzeko.

Hautaketa prozesua bukatuta, entitate onuradunek hautatutakoak kontratatuko dituzte, lan kontratu mota egokiena erabiliz.

Egiten diren lan kontratuak Enplegu Agentzian erregistratu beharko dira.

Kontratatzen den pertsonaren batek lana uzten badu zerbitzua bukatu baino lehen, 9. oinarriko 4. atalaren arabera haren kolektibo berekoa den ordezko bat jarri beharko zaio, aipatutako oinarri horretan ezarritako prozedurari eta beteharrei jarraikiz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Entitateak oinarri hauetan ezarritakoa bete gabe ordezkatzen badu, emandako diru-laguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, dagokion zatia eta berandutza-interesak itzuli beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Bidegabeko deklaratu edo aitortzen den kanporatze bat dela kausa langileren batek lana galtzen baldin badu, eta entitateak ordezkatzen ez badu diruz lagundutako kontratua izan duen pertsona hori, edo deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete gabe ordezkatzen badu, entitate onuradunak emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko du, eta ordaindutako diru-laguntzaren zatia eta, hala badagokio, berandutza-interesak itzuli beharko ditu.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

13.1. Diru-laguntzaren xedeko zerbitzua deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza ematerakoan kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko dute.

13.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, erantzukizuneko aitorpen baten bidez, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu duen. Horren berri jakin bezain laster jakinaraziko du, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera.

13.3. Gizarteratzeko edo lan munduan sartzeko diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak kontratatzen dituzten entitateek gizarte politiketen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko diote zein kontratu egin diren eta nork egin dion uko lan eskaintzari.

13.4. Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematen zaio behar den informazioa biltzeko, entitateek betebehar horiek beteak dituzten jakitearren.

13.5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

13.6. Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunek argitaratzen dituzten agirietan, prentsako iragarkietan eta zabalkunde materialetan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala agerrarazi beharko da, eta horrekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programaren edo jardueraren testua, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoarena eta Europako Gizarte Funtsarena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera.

13.7. Gardentasunerako betebeharrak.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza ematen zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

13.8. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.

14.–Diru-laguntzaren ordainketa.

14.1. Diru-laguntza ordainduko da entitate onuradunek eskatu ondoren. Ordainketa egiteko bi bide daude:

a) Diru-laguntza guztia ordainketa bakar batean ematea diruz lagundutako zerbitzu osoa bukatutakoan. Laguntza honela ordaintzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a.1) Zerbitzuaren exekuzio memoria, non azalduko baita, gutxienez, aurkeztuko proiektuan aurreikusitakoa zenbateraino bete den eta entitateak azkenean kasu egindako erabiltzaile kopurua.

a.2) Kontrataturiko pertsonen nominak, gizarte segurantzak eta PFEZa, diruz lagundutako aldi guztikoak, lehenagotik aurkeztu ez badira.

a.3) Erantzukizuneko aitorpena, helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzarik lortu ez duela adierazten duena, ez publikorik, ezta pribaturik ere. Bestela, ziurtagiri bat, adierazteko lortutako laguntzen baturak ez duela gainditzen kontratazioen kostu osoa, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

a.4) Zerbitzuaren hasieraren ziurtagiria, kontrataturiko pertsonen lan kontratuak eta Gizarte Segurantzako alta-agiriak, lan eskaintzaren fotokopia eta exekuzioaren memoria teknikoa, lehenagotik aurkeztu ez badira.

a.5) Kontrataturiko pertsonen nominak, gizarte segurantza eta PFEZa ordaindu izanaren egiaztagiriak.

b) Diru-laguntza bi epetan ordaintzea.

–Lehenbizi, emandako diru-laguntzaren %50eko konturako ordainketa eginen da, gastuak justifikatuta. Ordainketa hau egiteko, oinarri honetako a.4) atalean eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

–Bigarren ordainketa, edo diru-laguntzaren azken likidazioa. Ordainketa hau egiteko, oinarri honetako a.1), a.2) eta a.3) ataletan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Diru-laguntzaren azken justifikazioa euskarri digitalean eta euskarri dokumentalean aurkeztu beharko da gehienez bi hilabeteko epean, diruz lagundutako proiektua bukatzen denetik hasita, hau da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartutako proiektuan amaitzeko adierazitako egunetik hasita.

Dokumentazioa azterturik, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Hala, likidazio ebazpena eman eta espedientea itxi eginen da.

Behar den ebazpena onetsita eginen dira ordainketak, organo kudeatzaileak proposamen txostena egin ondoren.

14.2. Entitate onuradunak gardentasun-betebeharra bete behar badu, egiaztatuko du 13.7 oinarrian adierazitako dokumentazioa telematika bidez aurkeztu duela diru-laguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, edo bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-laguntzaren baten onuradun izanez gero, dokumentazio hori zein organori aurkeztu dion adierazi beharko du. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago.

Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, konturako ordainketak barne.

14.3. Diru-laguntzaren azken ordainketa jaso ondoren, entitate onuradunak frogatuko du dirua jaso duela.

15.–Jarraipena eta kontrola.

Entitatea onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak, eta legez bidezko diren gainerako egiaztatze lanak, Europar Batasunaren gastuaren legezkotasuna fiskalizatzen duten estatuko edo Batasuneko erakunde eta organismoen kontrolak barne.

16.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Hala ere, ematen diren laguntzek, banaka edo denak batera harturik, ezin dute gainditu, inola ere, diruz lagundutako zerbitzuak egiteko langabetuen kontratazioaren ondoriozko laneko kostuen %100.

17.–Diruz lagundutako zerbitzuen aldaketa.

Diruz lagundutako proiektua nola edo hala aldatuz gero, edo jarduera egin bitartean beste laguntza edo diru-sarreraren bat lortuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, deialdi honen 13. oinarriko 1. eta 2. puntuetan adierazi bezala.

Programa aldatzeko eskatuz gero, aldaketa edo oztopoa azaltzeko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi; betiere, diruz lagundutako zerbitzua egiteko epea bukatu baino lehen. Aldaketak zerbitzua bukatu ondoren jakinaraziz gero, emandako diru-laguntza 500 euroan murriztuko da.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

17.2. Zerbitzuen aldaketen ondorioz diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzak aldatzen ez badira ere, aldaketa horiek egiteko ere Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren oniritzia beharko da.

18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Zerbitzua egin ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita. Horren ondorioetarako, egoera horretan dagoela ulertuko da baldin eta diruz lagundutako jardueraren %51 edo gehiago egin baldin badu.

Laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutza interesak barne.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutza interesak barne.

Entitate onuradunak gardentasun-betebeharra bete behar badu, egiaztatuko du 13.g) oinarrian adierazitako dokumentazioa telematika bidez aurkeztu duela diru-laguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, edo bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-laguntzaren baten onuradun izanez gero, dokumentazio hori zein organori aurkeztu dion adierazi beharko du. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago.

Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, konturako ordainketa barne.

Entitateak baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko du, baina berandutza interesik gabe.

19.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

20.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta berau garatzeko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1505183