68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Ordenantza, Agur zibelen gainekoa. Behin betiko onespena

Ribaforadako Udalak, 2015eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ribaforadan hilberrien aldeko agur zibilak arautzen dituen ordenantza (1/2015 ordenantza).

Horren iragarkia 2015eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an, eta geroztik, hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, ez da inon jaso erreklamazio, kexa edo oharrik.

Horren ondorioz, delako ordenantza behin betiko onetsitzat jo da eta behin-behineko onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da; indarra har dezan haren testu osoa argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, RIBAFORADAN HILBERRIEN ALDEKO
AGUR ZIBILAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Gizarteak oro har ederki dakienez, estatu akonfesional batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar du, ideologiaz, erlijioaz, sinesmenez eta kultuaz den bezainbatean, muga bakarra dela ordena publikoa legearen arabera mantentzeko behar dena.

Agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Hilberrien aldeko agur zibilak sortu dira gizartearen behar baten ondorioz, erran nahi baita, modu duin eta pertsonal batean agurtzea beren pentsaera eta bizimoduaren arabera agur zibila nahi izan zuten herritarrak.

Gure gizarteko erlijio guztien jarraitzaileek hilberriak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Ribaforadako Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Beraz, ordenantza honen bitartez arautu nahi dira ahaideek edo bertzenaz adiskideek hilberrien omenez egin nahi dituzten agurrak, baita horretarako egokitzen diren lokalak erabiltzeko ordaindu behar diren tasak.

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Ribaforadako udal mugapean hilberrien aldeko agur zibilak egiteko Ribaforadako Udalak erabakitzen dituen lokalen baimena eta erabilera arautzea,

II. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

2. artikulua. Prozedura abiatuko da lagunak edo ahaideak eskaera edo eskabidea igortzen duelarik Ribaforadako Udaleko Erregistro Orokorrera, ondoko artikuluan zehazten den edukiarekin.

Agur zibilak egiteko eskaerak laster batean tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

3. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa, baita harremanetarako telefonoa eta, ahal dela, posta elektronikoa ere.

b) Zenduaren izen-abizenak.

c) Agur zibila egiteko hobesten diren eguna eta ordua zehaztea, baita horretarako eskatzen den lokala ere. Ahal den neurrian, eskatzaileen hobespena aintzat hartuko da, eskaeren aurkezpen ordenaren arabera.

Kasu berezietan aldatzen ahalko da ordena hori, aparteko inguruabarrak gertatzen direlarik. Nolanahi ere, premiazko inguruabar objektibo horiek arrazoitu eta azaldu beharko zaizkio eskabidean aldaketa jaso duenari.

d) Eskaeraren tokia eta data, eta eskatzailearen sinadura.

e) Ekitaldiaren azalpen laburra, eta erabiliko den materiala, halakorik bada.

f) Lokala erabiltzeko tasaren ordainketaren gordekina; hura 95 euro izanen da 2015erako, eta hurrengo urteetarako, Udalbatzak onesten duena.

g) Fidantza utzi izanaren gordekina, Udalaren ondasunetan egin daitezkeen kalteengatik erantzuteko; hura 100 eurokoa izanen da, edo urtero eguneratuta ateratzen den zenbatekoa, eta ekitaldia bukatuta itzuliko da deus hondatu ez bada.

h) Agur zibila egiten zaion lagunaren heriotzaren ziurtagiriaren kopia.

i) Sala apainduko ote den eta nola zehaztea; hura eskatzailearen kontura eginen da betiere.

4. artikulua. Eskabidea zuzentzea eta hobetzea. Eskabidean aitzineko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan.

5. artikulua. Agur zibilak egiteko lokalak eta orduak:

Orokorrean, ekitaldi hauek Ribaforadako Kultur Etxean eginen dira, edo Udalak horretarako hautatzen duen lokalean, behar diren baldintzak betetzen baditu edukiari, premiei eta segurtasunari dagokienez.

6. artikulua. Baimena ematea. Alkateak edo berak eskuordetzen duen zinegotziak baimenduko du agur zibilak egiteko espazioen erabilera, ordenantza honen 3. artikuluak aipatzen duen dokumentazioa jasota.

III. KAPITULUA

Prozeduraren instrukzioa

7. artikulua. Agur zibila egiteko eguna eta ordua baimen-emaileak (alkateak edo berak eskuordeturiko zinegotziak) ezarriko du, betiere Ribaforadako Udaleko Kultur Zerbitzuak behar den espedientea bideratu ondoan, ahal dela, eskatutako eguna nahiz ordua aintzat harturik.

8. artikulua. Eskaera ikusirik, baimen-emaileak erabakiko du Udalaren zer lokaletan eginen den agur zibila, zer egunetan eta zer ordutan.

9. artikulua. Agur zibilak astelehenetik larunbatera eginen dira, eta horretara behar diren udal baliabideak jarriko dira; salbuespenez, igande goizetan egiten ahalko dira, betiere Kultur Etxean ekitaldirik programatua ez badago.

10. artikulua. Astelehenetik ortziralera, agur zibilak egiteko ordutegia izanen da 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:00etatik 21:00etara arratsaldez. Larunbatetan, berriz (eta igandeetan, halakorik bada), 11:00etatik 14:00etara, goizez bakarrik. Zeremoniak gehienez ere ordubete iraunen du.

11. artikulua. Agur zibila egin bitartean, udal enplegatu bat edo Ribaforadako Udalak izendaturiko pertsona bat egonen da bertan, instalazioaren ordena zaintzeko eta ekitaldia gauzatzen dela bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

12. artikulua. Agur zibilak egiteko aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, zeremoniara etortzen direnek ezin izanen dute egin Udalaren aretoak hondatu edo haietan kalterik eragin dezakeen deus ere.

Ekitaldia dela eta, Udalaren ondasunetan kalteak egiten badira, arduraduna baimenaren titularra izanen da. Beraz, lokala erabiltzeko tasaz landa, 100 euroko fidantza pausatu beharko du, kalte eta galerarik gertatuz gero haiengatik erantzuteko. Ekitaldia inolako kalterik gabe bukatzen bada, itzuliko da fidantzaren zenbatekoa.

13. artikulua. Haren ezaugarrien araberakoa izanen da ekitaldia egiteko tokia. Hala ere, ahaideek eta/edo adiskideek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, adierazi beharko dute aurkezten duten eskaeran, bidezkoa dena baimendu dadin. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta interesdunaren kontura izanen dira arrazoi hori dela-eta sortzen diren gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Ribaforadako Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu, nolanahi den.

Eskabidean agurra egiteko adierazten den ordua baino ordu erdi lehenago irekiko da erabiltzeko baimentzen den tokia, ahaideek loreak edo egokia iruditzen zaien bertze edozein apaingarri paratu ahal izateko.

14. artikulua. Lokal horiek gisa horretara erabiltzeko egiten diren lagapenak baldintzapeturik egonen dira beti Ribaforadako Udaleko Kultur Zerbitzuak, Ribaforadako Udalak berak edo bere erakunde autonomoek antolatutako jardueretarako erabiltzen ez ote diren.

15. artikulua. Agur zibilaren ekitaldia errautsontzia bertan dela egiten ahalko da, baina ezin izanen da zenduaren hilotza bertan dela.

16. artikulua. Ribaforadako Alkatetzari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

17. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udaleko arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

V. KAPITULUA

Udal aretoak agur zibiletarako erabiltzeko tasak

18. artikulua. Bidezko den udal aretoa agur zibiletarako erabiltzeko, 95 euroko tasa ezarri da; zenbateko hori urtero eguneratuko da, udal tasak onesten eta/edo aldatzen direlarik.

Azken xedapena.–Indarra hartzea. Behin betiko onetsi ondoan, honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Ribaforadako Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Ribaforadan, 2015eko martxoaren 20an.–Alkatea, Jesús Mª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: L1504475