68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32/2015 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Abaurrepeko (Nafarroa) San Martinen eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:

“Abaurrepeko San Martinen parrokia-eliza XIV. mendeko eraikin gotikoa da, tamaina txikikoa, nolabait, baina egikera onekoa. Habearte bakarreko oinplanoan, gurutze-gangaz estalitako hiru tarte daude, bai eta gurutze-gangaz estalitako burualde pentagonala ere, giltzarria tartearen erdian dagoela. Iparraldean, habearteko lehen tartean, kapera angeluzuzen bat zabaltzen da, 1590ean eraikia. Gurutze-ganga dauka, arku tertzeleteekin eta loturekin. Sakristia garai berekoa da, geroago eraberritua. Burualdeari atxikita dago. Apaindura landuak dituzte gangetako giltzarriek eta galgetako nerbioen oinarri diren mentsulek zein kapitelek. Oinaldeko tartean, habearteak gotiko flamigeroko koru bat dauka, izar-ganga baten gainean. Karel bat dauka, trazeria irekikoa, baita estilo bereko eskailera bat ere, sarbide moduan. Hormak pinturaz estalirik daude. Aurreko pintura baten arrastoak ageri dira, baina egun ezin da zehaztu noizkoak diren. Burualdean, burdin hesi gotikoa mantentzen du, eta habeartearen oinetan, berriz, bataiarria. Altzarien artean, erretaula nagusi erromanista nabarmentzen da, 1611tik aurrera egin zena. Barreneko kalitatea erakutsi gabe, kanpotik itxura soila dauka. Harlanduzko hormak kontrahormekin egituratzen dira. Halaber, arkibolta zorrotzak dituen portalea dauka, baita bi leiho zabal eta itsu ere, bata burualdeko erdiko horma-atalean eta bestea hegoaldeko horman. Oinaldeko tartean dorrea dago eraikita, habeartearen zabalera berarekin eta garaiera txikiarekin (kanpai-gorputzari dagokiona baino ez). Estalkiek malda handia dute, herrian ohikoa den bezala.

Parrokiak, 7 urtean, 1995etik 2001era, Vianako Printzea Erakundearen aholkularitza teknikoari eta diru-laguntzei esker, emeki-emeki, beren ahalmenen arabera, estalkiak eta perimetroko hormak konpondu ditu.

Eraikinaren balioa dela eta, Abaurrepeko parrokoak eskatu du eraikina interes kulturaleko ondasun deklaratzeko, edo, bestela, ondasun inbentariatu.

Eraikina Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago 9016 fitxa zenbakiarekin, eta horrek biko sailkapena eman dio. Herriko 2. poligonoko 1. lurzatian dago.

Eraikinaren ezaugarriak aintzat hartuta, eta Nafarroako arkitektura gotiko guztia kontuan izanik, irizten da bidezkoa dela eskaera baiestea eta egokiena dela hura ondasun inbentariatu deklaratzea.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 42.1 artikuluak zehazten du ondasun higiezin inbentariatuak babesteko araubidea izanen dela deklarazioan ezarritakoa. Horrek berariaz ezarriko du zer neurri den egokiena ondasuna babesteko.

Alde horretatik, ondasun hori behar bezala babesteko, irizten da beharrezkoa dela eraikinaren ingurunea zedarritzea. Arrazoia da eraikinaren ikuspegiak mantentzea eta herrian nola dagoen ezarrita babestea.

Ingurune horren barnean egonen da, elizaren kokaleku den 2. poligonoko 1. lurzatiaz gain, 2. poligonoko 2. eta 6. lurzatiak, eta 2. poligonoko 638. lurzatiko zerrenda bat, 20 metroko sakonera duena, elizaren mendebaldeko hormatik hasita, eta karrikatik 2. lurzatiko kantoiraino joanen dena.

Hau da ukituen zerrenda:

–Iruñeko Artzapezpikutza.

–Abaurrepeko Udala.

–Ignacio Saiz de Aja Ballesteros.

Ingurunearen muga grafikoak erantsitako planoan jasota daude.

Horrenbestez, proposatzen da Abaurrepeko San Martinen eliza ondasun inbentariatu deklaratzea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin bat.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. San Martinen parrokia-eliza izeneko monumentua, Abaurrepean (Nafarroa) dagoena, ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Abaurrepeko Udalari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2015eko otsailaren 26an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1503653