68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Sakanako Mankomunitateko idazkariaren lanpostua administrazio araubidean aldi baterako betetzeko deialdiaren oinarriak

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Sakanako Mankomunitateko Udaleko idazkariaren lanpostua aldi baterako betetzea oposizio-lehiaketa bidez, entitate horretan idazkaritzako eginbehar publikoak betetzeko.

Lan boltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 9. oinarrian ezarri bezala.

1.3. Hautapen prozesu honen kontratazioak 6 hilabete iraunen du, luzagarria izanen da eta kasua bada, iraunen du lanpostuan ordezkapenak egiten diren bitartean. Edonola ere, kontratua bukatuko da lanpostua behin betiko betetzen denean edo amortizatzen denean, egun aplikatzekoa den araudiari jarraituz.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan administrazio kontratatzaileak prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak ezeztatu ahalko ditu bere iritziaren arabera.

Orobat, kontratua amaitzeko zergatia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatuetariko edozein.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezartzen duena izanen da, betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.5. Lanpostuak A mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Kontratatutako langilearen eginkizunak idazkaritza lanpostuari dagozkionak izanen dira, Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legean ezartzen baitira, bai eta ere Sakanako Mankomunitateko egoitzen eta zerbitzuen antolaketa eta zuzendaritzari dagozkionak, baldin eta lan horiek ez bazaizkio gerentzia eginkizunak betetzen dituen A mailako beste langile bati agindu.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostu horretarako lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

A) 16 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina ez gainditzea. Horretaz gain, Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

B) Hauetako ikasketa tituluren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat:

–Zuzenbideko lizentziaduna.

–Politika eta Administrazio Zientzietako lizentziaduna edo Soziologiako lizentziaduna edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna.

C) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

D) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

E) Euskaraz jakitea, C-1 mailaren titulua, EGA edo baliokidea den Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria aurkeztuz egiaztatua, edo eskatutako hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen berariazko probaren bidez, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. oinarria.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Uriz kalea, 32 - 31830 Lakuntza) 09:00etatik 14:00ak bitarte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena. Alegatutako merezimenduak ere aurkeztu beharko dituzte.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat (II. eranskineko eredua erabiliko da).

Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com).

Bost egun balioduneko epean, iragarkia Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia, eta, kasua bada, euskararen probak egitekoak ere bai.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com) jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Halaber, kasua bada, euskararen probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Mahaiburua: Aitor Karasatorre Mugurutza, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Garazi Urrestarazu Zubizarreta, Sakanako Mankomunitateko lehendakariordea.

–1. mahaikidea: Isaac Valencia Alzueta, Sakanako Mankomunitateko jarduneko idazkaria.

1. mahaikidearen ordezkoa: María Barcos Berruezo, Lakuntzako Udaleko idazkaria.

–2. mahaikidea: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari juridikoa.

2. mahaikidearen ordezkoa: Fermín Cabasés Hita, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari ekonomikoa.

–3. mahaikidea: Natalia Rodriguez Aguado, Leitzako Udaleko idazkaria.

3. mahaikidearen ordezkoa: María Concepción Lopetegui Olasagarre, Irurtzungo Udaleko idazkaria.

–4. mahaikidea: Jon Etxague Goia, Malerrekako Mankomunitateko idazkaria.

4. mahaikidearen ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana, behar diren aktak eginen ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.5. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.6. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.7. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7. oinarria. Proben nondik norakoa.

Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba eginen dute deialdi honen 2. oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan idatzizko bi ariketa eginen dira eta ahozko bat, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, C-1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.

7.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldian bi ariketa eginen dira.

–Proba teorikoa: galdera laburrak eta/edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, ondoko gai hauen inguruan, betiere indarrean den legediaren araberakoak izan beharko baitira:

–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

–Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.

–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

–Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua.

–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua (2568/1986 ED).

–Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea.

–Administrazio Publikoen ondare erantzukizunaren arloko prozeduren erregelamendua.

–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea.

–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.

–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina, 251/1993 FDL.

–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea eta hura garatzen duten arauak.

–Sakanako Mankomunitateko estatutuak eta ordenantzak.

–Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa.

Proba honek ordu eta erdi iraunen du gehienez eta 40 puntu izanen ditu gehienez ere. Erantzun okerrak zigortuko dira, epaimahaiak ariketa hasi aurretik zehaztuko duen maneran. Baztertu eginen dira gutxienez 20 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

–Proba praktikoa: Bi txosten edo irizpen juridiko prestatu beharko dira, epaimahaiak zehazten dituen alderdiei buruz, arestian aipatutako gaien eta lanpostuari dagozkion eginkizunen inguruan, epaimahaiak adierazitako denboran. Gehienez ere 40 puntu emanen dira. Txosten bakoitzarengatik gehienez ere 20 puntu emanen dira eta baztertuta geldituko dira bi txostenen puntuazioa batuta 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik lehengoa gainditu dutenek.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

7.2. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, administrazio dei-egileak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapenaldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek, alegatutako merezimenduez gain, Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.4. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Lehiaketaldiaren balorazioa.

8.1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, probak egitera aurkezten direnean.

8.2. Epaimahaiak, 7. oinarrian ezarritako probak egin bitartean, izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat eta osotara, ez da inoiz 20 puntu baino gehiago emanen. Hona hemen:

–Nafarroako toki entitate bateko idazkari lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko puntu 2, eta gehienez ere 14 puntu.

–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, haietan aritzeko Zuzenbideko edo Politika eta Administrazio Zientzietako lizentziaduna, edo Soziologiako lizentziaduna edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna izatea eskatu bada, 4 puntu gehienez ere.

–Espezializazio edo hobekuntza ikastaroetara joan den bakoitzeko, idazkari lanari berez dagozkion arlokoak izanik, 0,4 puntu ikastaroko 5 orduko, eta gehienez ere puntu 2.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Kontuan hartuko dira, soilik, epaimahaiari aurkezteko unean jatorrizko agiriaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatzen diren merezimenduak. Hark izangai bakoitzak aurkeztutako zerrendarekin alderatu ondoren emanen ditu ontzat.

9.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio administrazio dei-egileari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

9.2. Proposamena lotestela izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.

9.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak egin diren tokian eta web orrian (http://www.sakana-mank.com).

9.4. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren kontratazio proposamena onartzen duenetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Lakuntzan, 2015eko martxoaren 25ean.–Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Karasatorre Mugurutza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ……………….........................., Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: …….……, jaioteguna: ........, jaioterria: ........... (..................) eta bizitokia: ...................... (............), kalea: ..............., zenbakia: .........., pisua: .............., posta kodea: ............, telefono finkoa: ............., telefono mugikorra: ..........., e-maila: .................., zure aurrera agertu eta adierazten dut:

ADIERAZTEN DUT:

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

–Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

–Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

–Euskararen C1 mailako ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

Euskararen C1 mailako ezagutza izatearen ziurtagiriaren kopia kautotua gehitzen diodala eskabide honi.

Euskararen C1 mailako ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.

–Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

–Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabideari agiri hauen fotokopia konpultsatuak erantsi dizkiodala:

Nortasun agiri nazionala.

Eskatzen den titulazio akademikoa.

Merezimenduak, lehiaketaldirako.

Horrenbestez, iragarritako deialdian onartu izatea eskatzen dut.

...............(e)n, 2015eko............aren .....(e)an

(Sinadura)

DATUEN BABESA.–Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Mankomunitateak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Sakanako Mankomunitatearen datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Erregistro Orokorrari zuzendurik erabili ahalko dituzu.

Iragarkiaren kodea: L1504698