68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2015 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Zuñigako udal mugapeko zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena. Instalazioaren titularra Granja Los Alecos SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 0546/2010 Ebazpenaren bidez emana.

2014ko uztailaren 28an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, animalien gorpuak errausteko ekipo bat paratzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak abuztuaren 25ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2014ko abuztuaren 26an, Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasi zen, dagokion proiektua aurrera eramateko.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

Lehena.–Zuñigako udal mugapean dagoen zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, animalien gorpuak errausteko ekipo bat funtzionamenduan jartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Granja Los Alecos SL da.

Bigarrena.–Irekitzeko beste baimenik ez da eskuratu beharko aldatutako instalaziorako; dena dela, titularrak aldaketa abian jartzearen berri eman beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, eta, orobat, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du, proiektua ebazpen honetako baldintzei jarraikiz egin dela adierazten duena, eta horrekin batera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40.2 artikuluan adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko du.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Granja Los Alecos SLri, Zuñigako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 6an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1503726