62. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

108/2015 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, jarraibideak ezartzen dituena hornidura elektriko etenezina kontratatzeko.

Energia elektrikoa garraiatu eta banatzeko sareekin bat egiteko tarifak ezartzen dituen urriaren 26ko 1164/2001 Errege Dekretuan, (Sektore elektrikoari buruzko zenbait xedapen aldatzen dituen abenduaren 2ko 1454/2005 Errege Dekretuak aldatua), 9. artikuluko 1.2a) atalak ondokoa ezartzen du:

“1. 2.0A tarifa: eskatutako potentzia kontrolatuko da potentzia kontrolatzeko etengailu bat paratuz, kontratatutako potentziari dagozkion ampereen arabera. 2 epeko modalitatean (gaueko tarifa), potentzia kontrolatzeko etengailuaren bidez kontrolatuko da egunerako kontratatutako potentziarako (tontorra-zelaia).

Horren ordez, horniduraren ezaugarriak direla eta, hori eten ezin denean, kontsumitzaileak aukera dezake maximetroaren bidez zehaztea fakturaziorako oinarria izanen den potentzia. Kasu horietan, kontratatutako potentzia ez da izanen kasuan-kasuan ekipo etenezinetarako instalatzailearen buletinean jasotzen den potentzia baino txikiagoa. Kasu guztietan, 15 minutuko integrazio epea izanen dute maximetroek.”

Zenbait kasutan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behe tentsioko instalazioetarako ezarritako ziurtagiri ereduak ez dakar inolako aipamenik ekipo etenezinen potentziari buruz.

Aurrekoa ikusita, eta soil-soilik kasu horietarako, bidezkoa da ezartzea prozedura bat hornidura elektriko etenezina kontratatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko instalazio bati lotua.

Halaber, bidezkoa da ezartzea etenezintzat jo daitezkeen horniduren zerrenda, ez baitaude zehazturik urriaren 26ko 1164/2001 Errege Dekretuan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zerbitzu etenezintzat jotzea ondotik zehazten direnak, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 89. artikuluan funtsezkotzat hartzen direnez gain:

–Semaforoak.

–Igogailuak.

–Eskailera-igogailua.

–Aireberritze behartuko garajeak.

–Ur presioko taldeak (suteen kontra).

–Ura ateratzeko ponpak.

–Telefonia mugikorreko antenak.

–Telebistaren errepikagailuak.

–Telekomunikazioak.

–Maniobra eta kontrol zentroak.

Aurreko guztia, ezertan ukatu gabe enpresa hornitzaileak hornidura etenezintzat onar ditzakeen hornidura guztiak.

2. Jarraibideak ezartzea instalazio bati lotutako hornidura elektriko etenezin bat kontratatzeko, haren ziurtagirian jasota ez dagoenean ekipo etenezinei lotutako potentzia.

Kasu horietan, ez da bidezkoa instalazioaren ziurtagiri berri bat ematea (instalatzailearen buletina). Energia elektrikoa merkaturatzen duen enpresan, behe tentsioko enpresa instalatzaileak egindako ziurtagiria baino ez da aurkeztu behar, Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan, Interneten, eskura dagoen ereduaren arabera.

Halaber, aplikatzekoa den gainerako araudia bete beharko da, hornidura elektrikoa kontratatzeari dagokionez.

3. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Berrueza SAri, Distribuidora Eléctrica Isaba SLUri, Electra José Antonio Martínez SLri, Electra Saltea SLri, Electra Valdizarbe SAri, Elektra Urdazubi SLri, Endesa Distribución Eléctrica SLUri, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta Electra Orbaizeta SLri, eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko otsailaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1503182