62. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Transmol Logística SLU entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Iruñeko Transmol Logística SLU entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100231012015) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko azaroaren 27an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko azaroaren 14an izenpetu eta 2015eko otsailaren 2an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko otsailaren 5ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

TRANSMOL LOGÍSTICA SLU ENPRESAREN ETA BERE IRUÑEKO LANTOKIKO LANGILEEN ETA LANGILE DESPLAZATUEN ARTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOA (2014-2016 URTEAK)

I. KAPITULUA

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen honek Transmol Logística SLU enpresako plantilla osatzen duten langile guztiei eragiten die, Nafarroan zein desplazatuta ari direnei, Zuzendaritzako kideak kenduta.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Lan hitzarmen kolektibo honek Transmol Logística SLU enpresako plantilla osatzen duten langile guztiei eragiten die, gai arriskutsuen errepideko garraioaren enpresa jardueran aritzen baitira.

3. artikulua. Indarraldia eta iraupena.

Hitzarmen honen iraupena urtebetekoa eta sei hilabetekoa da izanen da, 2014ko azaroaren 1etik 2016ko apirilaren 30a arte.

4. artikulua. Luzapena eta salaketa.

Idatzita eginen da salaketa, haren indarraldia edo edozein luzapenena bukatu baino hilabete lehenago, gutxienez ere.

Hitzarmen kolektiboa salatzen ez bada, besterik gabe luzatuko da urte naturaletan.

Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioak hitzarmen honen indarraldia igarota eginez gero, negoziazioak bukatu arte luzatutzat joko da, indarra duen legeriak ezartzen duen gehieneko mugara arte. Dena dela, negoziatzeko gehieneko epe hori luzatzea erabakitzen ahalko dute alderdiek, horretarako propio egindako akordio baten bidez.

II. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

5. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honen arauzko itunetako eskubide eta betebeharren multzoa batasun zatiezina da eta, beraz, Lan Agintaritzak itun horietakoren bat onesten ez badu, osorik baliogabetuta geldituko da hitzarmen kolektiboa, eta berriz hasiko dira eztabaidak onartu gabeko itun edo akordioei buruz.

6. artikulua. Beste hitzarmenak baztertzea.

Hitzarmen hau arau nagusia izanen da, eta Nafarroan zein desplazatuta ari diren langileen lan harremanak erregulatuko ditu Transmol Logística SLU enpresa barrenean.

Hitzarmen kolektiboaren indarraldian, ez da bestelako hitzarmenik aplikatuko Transmol Logística, SLUn, zein den ere haien eremua, enpresaren instalazioetan egiten diren jarduera edo lanak, enpresako langileek burutzen dituztenak, haien helburu izanagatik ere.

Hitzarmenean zehazten ez den hartan, errepideko garraioaren lan erregelamentazioari, salgaien errepide-garraioko enpresen II. akordio orokorrari eta indarrean dauden gainerako legezko xedapenei jarraituko zaie.

7. artikulua. Konpentsazioa, irenspena eta berme pertsonala.

1. Hitzarmen honetan ezartzen diren baldintza ekonomiko guztiak, soldata arlokoak izan edo ez, urte osoko konputuan konpentsatzen ahal dira lehendik jasotzen diren edozein eratako hobekuntzekin, bai legeak hala aginduta, bai laudoa, banakako kontratua, erabilera edo ohitura, enpresaren borondatezko kontzesioa edo beste edozein arrazoi dagoelako.

2. Legezko aginduen, hitzarmen kolektiboen, lan-kontratu banakakoen eta beste edozein arrazoiren bitartez ezar daitezkeen igoerek irensten ahalko dituzte baldintza horiek, urteko konputuan haien parera iristeraino; berariaz hitzarmen honen testuan irenstetik salbuesten diren kontzeptuak dira salbuespen bakarrak.

Hitzarmen honetako baldintza orokorrek irentsi eta konpentsatuko dituzte, urteko konputuan, gero batean legezko xedapenek, ordainsarien kontzeptu guztietan edo batzuetan aldaketa ekonomikoak ekarriz, ezar ditzaketeenak. Lerroalde horretan aipatzen diren balizko hobekuntza ekonomikoek eragin praktikoa izanen dute baldin eta, oro har, urteko konputuan aintzat hartuta, hitzarmen honetan ezarritako maila ekonomiko orokorrak gainditzen badituzte.

Hitzarmen honetako xedapenek osorik indargabetu eta ordezten dituzte aurreko hitzarmeneko guztiak, baita langileen ordezkariekin eta Batzorde Paritarioarekin sinatutako akordioak eta enpresak aplikatutako hobekuntzak ere.

Enpresak zenbait langileri hitzarmen honetan agindutakoak baino soldata handiagoak ordainduz gero, ez da behartua egonen hitzarmenean finkatutako igoerak aplikatzera.

8. artikulua. Langileen betebeharrak.

Langilea behartua dago enpresaburuak bere zuzendaritza ahalmenen erabileran emandako aginduak eta jarraibideak betetzera eta bere lanbide gaitasunaren eta taldearen zeregin orokorraren barrenean agintzen zaizkion lanak interesez eta arduraz betetzera. Lan horien artean daude bere zeregin nagusia behar bezala betetzeko ezinbestekoak diren egiteko osagarriak.

8.1. Gidariaren betebeharrak.

Gidariak bere laneko eginkizunean dituen betebehar orokorrak, hau da, bere lan arrunta osatzen dutenak, galarazi gabe, erabileren, ohituren eta ematen duen zerbitzuaren izaeraren araberakoak dagozkio. Honako hauek dira bere jardueraren betebehar berariazkoak:

a) Enpresako edozein ibilgailu gidatzea, haren beharren arabera, zein den ere banatu beharreko produktua; ibilgailuaren eta garraiatzen duen salgaiaren erantzule da agindu zaion bidaia bukatu arte. Enpresak ezarritako ibilbideetan garraioa egiteagatik gidariari ezartzen zaizkion isunak enpresaren kargu izanen dira, ibilbideak Trafikoarentzat egokiak ez badira.

b) Gidatze lanaren osagarriak diren zereginak betetzea (zama-lanetako maukak akoplatzea, balbulak ireki eta ixtea, zisterna bete eta hustu dadin kontrolatzea...), enpresaren edo bezeroen araudi berariazkoari jarraituz, elementu horiek ibilgailuarenak berarenak izan edo bestelakoak izan; betiere, bakarrik egiteko gauza bada. Bezeroak begirunez tratatzea, haiekin eztabaidan sartu gabe, eta edozein gorabeheraren berri ematea bere nagusiei.

c) Egindako zerbitzuari eta kamioiaren, zisternaren eta bien elementu osagarrien egoerari buruzko parte idatzia egitea egunero, aldaketarik edo matxurarik izan bada; bestela, parte horren ordez, ibilbidearen orria beteko da Oharrak eta Gorabeherak izeneko atalean.

d) Ibilgailuen, zisternen eta elementuen (EPI) egoera, garbitasuna eta kontserbazioa ikuskatzea, eta atzematen duen edozein akats jakinaraztea, horretarako ezarrita dagoen dokumentua baliatuz. Esleitu zaion ibilgailuak lana egiteko beharrezkoak diren dokumentazio eta hornigai guztiak dituela egiaztatzea, zerbitzu hasieran.

e) Sutea itzaltzeko aparatuen funtzionamendua ezagutzea eta eragiketa horiek behar direnean burutzea; gainera, haietan trebatzeko praktikak egitea lanaldiaren barrenean.

Aparatuen maneiuan aldaketak dauden aldiro, enpresak prestakuntza emanen die langileei funtzionamendu berrian, eta nahitaez hartu beharko da parte ikastaroetan; prestakuntza horren arduradunaren eta enpresa batzordearen artean koordinatuko da egutegia, ahal dela, lanaldiaren barrenean, eta hori ezin bada, benetako lanaldian sartuko da ondorio guztiekin.

f) Zisterna betetzean eta ixtean, zorrotz jarraituko zaio bezeroak emandako metodo operatiboari; gidari guztientzat ezaguna da prestakuntza ikastaroei eta enpresak gidariari idatzita ematen dion kopiari esker.

g) Unean-unean eta zirkulazioari eta garraiatzen diren produktuei buruz oro har ematen diren legezko arau indardunak betetzea.

h) Ibilbide orrien atal guztiak betetzea, haien mekanizazioaren kontrol administratiboa eraginkorra izan dadin. Orobat, edozein istripuren, produktu isuriren edo jardueraren ohiko garapena galarazten duen beste edozein gorabeheraren berri ematea berehala ezbeharren arduradunari.

i) Norberak gasolioz kargatzea esleitua duen ibilgailua, enpresak aukeratzen dituen gasolindegietan.

j) Zama-lanetan gertatzen diren gorabeherak jakinaraziko zaizkie enpresako segurtasun kontseilariari eta prebentzioko ordezkariei, baita segurtasunerako arriskutsuak direnak ere.

k) Zisternan gasa dagoela, ezin da basera itzuli eguneko zerbitzua bukatu baino lehen, eta zisternan gasa geldituz gero, horren berri eman beharko zaio nahitaez trafiko-buruari, jarraibideak eman diezazkion.

l) Trafiko-buruak enpresaren beharrak ikusita banatuko ditu bidaiak, eta gidariak ezin izanen dio uko egin zerbitzuari, non ez dagoen uko hori justifikatzen duen legezko arrazoiren bat.

m) Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren araudia zorrotz betetzea, atsedenaldiei, gidatzeko denborari, gehieneko abiadurari eta abarrei dagokienez.

n) Enpresak lanerako emandako jarraibideak betetzea; bereziki, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia, EPIen erabilera, eta abar.

o) Zama-lanak eta garraioa egitean gertatzen den edozein gorabehera larriren berri ematea berehala trafikoko arduradunari.

Zer ezartzen den salgaien errepide-garraioko II. akordio orokorrean, horren arabera, hutsegite arina, larria edo oso larria izan daiteke betebehar horiek eta klausula honetan berariaz jaso gabe daudenak ez betetzearen ondorioa.

III. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

9. artikulua. Zuzendaritzaren ahalmenak:

a) Enpresako zuzendaritzaren ahalmenak: lana teknikoki eta praktikoki antolatzea haren zentro guztietan, indarra duen lan arloko antolamenduan ezarritako irizpideei eta arauei buruz.

b) Enpresak uneoro erabakiko du zer lanetan aritu behar duen gidariak, haren eginkizun edo egitekoak badira.

Bi alderdiek adierazten dute lanaren antolamenduak enpresan maila egokia lortzea duela helburu produktibitatean, errentagarritasunean, kalitatean eta zerbitzuetan, baliabide guztiak ezin hobeki erabilita.

IV. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

10. artikulua. Sailkapen orokorra.

Zerbitzuak Transmol Logística SL enpresan ematen dituzten langileak lanbide talde hauetako batean sailkatuko dira:

–I. taldea: goi mailako langileak eta teknikariak.

–II. taldea: administrazioko langileak.

–III. taldea: mugimenduko langileak eta laguntza zerbitzuetakoak.

11. artikulua. I. taldea.–Goi mailako langileak eta teknikariak.

Hau da, beren ekimenez eta Zuzendaritzak edo goragokoek emandako arauen barrenean, eginkizun teknikoak, edo/eta aginteari eta antolaketari dagozkienak burutzen dituztenak.

Ondoren aipatzen diren lanbide kategoriek osatzen dute I. talde hori, eta haien eginkizunak eta zereginak ere adierazten dira aipamen gisa.

11.1. Arloko edo departamentuko zuzendaria: enpresaren zerbitzu zentraletan, berariazko arlo edo departamentuetako baten buru dagoen langilea da, haren egituran halakorik badago, enpresako Zuzendaritza Nagusiaren edo Kudeatzailetzaren menpe, zuzenean.

11.2. Atalburua: enpresa baten egiturako zerbitzu zentraletako jarduera taldeetako baten agintea ekimenez eta arduraz darabilena da, baita sukurtsal edo lantoki garrantzitsu baten administrazioaren buru dagoena ere, zuzendariaren edo ordezkariaren menpe, horrelakorik bada.

11.3. Goi mailako tituluduna: hala eskaturik, doktore, lizentzia edo ingeniari tituluaren jabe izanik, enpresaren edozein dependentziatan edo zerbitzutan bere egitekoak betetzen dituen langilea da.

11.4. Erdi mailako tituluduna: hala eskaturik, erdi mailako titulu akademikoaren jabe izanik, enpresaren edozein dependentziatan edo zerbitzutan bere egitekoak betetzen dituen langilea da.

11.5. Trafiko-burua, lehen mailakoa: enpresarenak diren edo hark kontratatuta dituen hogeita bost ibilgailu baino gehiagoko multzo baten zerbitzuak zuzentzea bere kargu dituen langilea da; langileak eta materiala eta horren sarrera-irteerak banatzen ditu, eta trafikoen, ibilbideen eta kontsumoaren estatistikak prestatzen.

11.6. Trafiko-burua, bigarren mailakoa: aurrekoaren eskudantzia eta erantzukizun berekin, enpresarenak diren edo kontratatuta dauden 10 eta 24 arteko ibilgailu multzoaren zerbitzuak zuzentzen dituen langilea da, kategoria handiagoko trafiko-bururik ez bada; bestela, lehen mailako trafiko-buruaren menpe ariko da, zein den ere ibilgailu kopurua, harekin batera edo jardueraren atal baten buru.

11.7. Tailerreko burua: lanbide kategoria honetan, behar den gaitasun teknikoa izanik, tailer baten zuzendaritza beren kargu duten langileak sartzen dira; lanak agindu eta zaintzen dituzte bai enpresaren dependentzietan bai kanpoan, matxurak edo istripuak daudenean.

12. artikulua. II. taldea.–Administrariak.

Enpresaren dependentzia edo zerbitzuetan administrazioko, burokraziako edo/eta kontabilitateko eginkizunak, baliabide informatiko edo ofimatikoekin egiten diren lanak eta fakturaziokoak barne, betetzen dituzten langile guztiak dira lanbide talde honetakoak; orobat, beste lanbide talde batekoak ez diren mantentze, kontrol eta arreta orokorreko eginkizunak sartzen dira.

Ondoren aipatzen diren kategorietan sailkatzen da, eta horien eginkizun edo egitekoak ondoren ere adierazten dira aipamen gisa:

12.1. Lehen mailako ofiziala: bere erantzukizunpean ekimen beteko burokrazia lanak ezin hobeki betetzen dituen langilea da: besteak beste, merkataritzako kudeaketak (bai enpresan bai bezero eta erakundeekiko bisitetan), lan administratiboak eta 9 ibilgailu arteko trafikoa kudeatzekoak.

Egiteko nagusia lan administratiboak, informatika programaziokoak eta sistemen analistarenak dituztenak sartzen dira kategoria honetan.

12.2. Bigarren mailako ofiziala: bulegoko arduradunik izanez gero, haren menpe eta ezagutza teoriko eta praktiko egokia dutela, agintzen zaizkien lanak arduratsu eta behar bezala egiten dituztenak sartzen dira kategoria honetan; lan horietan merkataritzakoak (bai enpresan bai bezero eta erakundeekiko bisitetan) eta zeregin administratiboak sartzen dira.

Egiteko nagusia lan administratiboak eta sistemen operadorearenak dituztenak sartzen dira lanbide kategoria honetan.

12.3. Laguntzailea: goragokoen aginduak betez eta burokraziaren ezagutza izanik, zailtasun berezirik ez duten lanak egiten dituen langilea da.

12.4. Telefonista: enpresako telefonogunea edo beste edozein komunikazio sistema erabiltzeaz arduratzen den langilea da; gainera, egiteko administratiboak edo/eta kontrolekoak eta harrerakoak esleitzen ahal zaizkio.

13. artikulua. III. taldea.–Mugimenduko langileak eta laguntza zerbitzuetakoak.

Enpresaren instalazioetan edo handik kanpo salgaiak mugitu, sailkatu eta herrestan eramaten dituzten langile guztiak dira talde honetakoak, baita ibilgailuen mantentze-lanak eta jarduera nagusiaren jarduera osagarriak egiten dituztenak ere; ondoren aipatzen diren lanbide kategoria hauetan sailkatzen dira, eta horien eginkizun edo egitekoak ondoren ere adierazten dira aipamen gisa:

13.1. PGL gidaria: zein diren enpresaren beharrak, C + E motako gidabaimena izanik, enpresaren edozein ibilgailu, atoiarekin edo gabe, gidatzeko kontratatzen den langilea da, Repsol Butano SA gure bezeroarentzat PGLa, kargatu, garraiatu eta deskargatzeko. Hauek dira bere eginkizun nagusiak:

–Ibilgailuak gidatzea.

–PGLa kargatu, garraiatu eta deskargatzea.

–Bezeroak bilatzea, lanaldia bukatu baino lehen ibilgailua osorik edo hein batean deskargatzeko.

–Ibilgailuaren mantentze-lan bereziak (kontagailuen kalibrazioa, mahukak, kargatze-ahoak).

–Zisternaren desgasifikazio lanak.

–Lan administratiboak eta konponketak.

–Urtaroz aldatzeko kanpaina.

–Deskargatutako produktua portzentajetan neurtzea, eta zaintzea.

13.2. Botillero gidaria: C + E motako gidabaimena izanik, Air Liquide SA bezeroaren botilak banatzeko baino kontratatzen ez den langilea da. Hauek dira bere eginkizun nagusiak:

–Ibilgailuak gidatzea.

–Karga, garraioa eta deskarga (zezen mekanikoa erabiltzea).

–Lan administratiboa eta konponketak.

13.3. Ogibideetako lehen mailako ofiziala: beren ogibidea erabat menperatuta eta edozein ibilgailu konpontzeko gai izanik, enpresaren instalazioetan edo kanpoan, arreta handiz eta errendimendu egokiaz gain, denbora eta material aldetik ahalik eta ekonomia handienaz matxurak konpontzen eta prebenitzen aritzen diren langileak sartzen dira kategoria honetan; egitekoen artean, enpresako ibilgailuak gidatzea dute, konponketa probak egiteko, eta IATa pasatzea.

13.4. Ogibideetako bigarren mailako ofiziala: behar bezala frogatutako ikaskuntzaren bidez edo praktikan luze arituz ogibidearen ezagutza teorikoa eta praktikoa izanik, lan arruntak errendimendu egokiekin egiten dituzten langileak sartzen dira kategoria honetan; egitekoen artean, enpresako ibilgailuak gidatzea dute, konpontze probak egiteko, IATa pasatzea, eta abar.

13.5. Tailerreko hirugarren mailako ofiziala: peoi izanik eta haien eginkizun berak burutuz, ogibide baten ezagutza orokorra dutelako, haren lan oinarrizkoenak errendimendu egokiarekin egin ditzaketen langileak sartzen dira kategoria honetan; egitekoen artean, enpresako ibilgailuak gidatzea dute, ibilgailuak garbiketa gunera eramateko, eta IATa pasatzea.

13.6. Peoia: bere zereginean batez ere ahalegin fisikoa eta arreta jarri behar duen langilea da; ez horrela praktika handia edo aldez aurreko ezagutza. Kamioi garbitzaileak, koipeztatzaileak, bulkanizatzaileak eta enpresako instalazioen garbiketako langileak sartzen dira kategoria honetan.

V. KAPITULUA

Lanaldia, oporraldiak eta atsedenaldi komunak

14. artikulua. Lanaldia.

Astean berrogei orduko benetako lana izanen da gehieneko lanaldi arrunta, hau da, batez besteko hori duena urteko konputuan, modu irregularrean banatua, astelehenetik igandera arte; zerbitzuaren benetako prestazioa dela ulertzen da; hortaz, ez dira konputuan sartuko lanaldiaren atsedenaldiak eta etenaldiak, hala nola, bazkaltzeko eta otartekoa jateko, horiek presentziako denboran sartzen baitira, eta 30., 31, eta 32. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Gainera, aparteko orduak atsedenaldiekin konpentsatzen ahalko dira, ordu horiek egin eta ondoko 4 hilabetean.

Oro har, lanaldi arrunta ez da laneko hamar ordutik gorakoa izanen egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik edo hondamendiak eta bestelako kalte berezi eta presakoak prebenitzeko edo konpontzeko. Nahitaez bete beharrekoak dira hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten diren eguneko eta asteko atsedenaldiak.

Mugimendu zerbitzuetan eta ibilgailuen sarrera-irteerei zuzenean lotutako gainerako jardueretan, diren bezalakoak direlako egunean hamabi ordu baino gehiagoko denboran etenak eginez gertatzen baitira, lanaldien arteko atsedena bederatzi ordukoa izaten ahalko da; betiere, langileak gutxienez ere bost orduko atsedenaldi jarraitua hartzen ahal badu egunean.

Logistikaren jarduerak bereziak direnez, Repsol Butano SA bezeroaren erabakiei zuzenean loturik baitaude, eta horrek enpresak etengabe jardutea eskatzen duenez, hitzarmen kolektiboan finkatzen diren irizpide zuzentzaileek aukera eman beharko dute zerbitzuaren behar bezalako prestazioa gauzatzeko moduko langileen lanaldi, txanda eta ordutegiak ezartzeko, dagozkien konpentsazioak galarazi gabe.

15. artikulua. Langile mugikorren lanaldia.

Arloaren gaineko xedapen orokorrak galarazi gabe, martxoaren 15eko 561/2006 (EB) Erregelamenduan eta lanaldi bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuan (azaroaren 14ko 1635/2011 Errege Dekretuak aldatua) xedatutakoari lotuko zaio sektoreko langile mugikorren lanaldia. Aipatu 1561/1995 Errege Dekretuaren testuak geroan aldaketarik izatera, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute artikulu hau berriro negoziatzeko, horren beharrik bada; horretarako, ahalmena ematen zaio berariaz hitzarmen kolektibo honen Batzorde Paritarioari, hitzarmen kolektibo honen lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraituz, behar izanez gero, artikulu hau berriz negoziatzeko, baita 1561/1995 Errege Dekretuaren aldaketak zuzenean ukitzen dituen guztiak ere; haren baitan erabakitzen dena hitzarmen kolektibo honen berrikuntza izanen da, eta lan arloko agintaritzari igorri beharko zaio, erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin. Bidezkoa den aldiro, Batzorde Paritarioa eratuko da Langileen Estatutuaren 85.3.e artikuluan aurreikusitako eskakizunaren arabera.

1561/1995 Errege Dekretuaren 8.etik 12.era bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera, langile mugikorren lanaldia kontatzeko, benetako lan denbora eta presentziako denbora bereiziko dira; horren araubidea aipatu artikuluetan aurreikusitakoa izanen da, berezitasun hauekin:

Benetako lan denbora arruntaren gehieneko iraupena, Langileen Estatutuaren 34. artikuluan aurreikusitakoa, eta eguneko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak errespetatzea galarazi gabe, langile mugikorren benetako lan denbora ez da, batez beste, berrogeita zortzi ordutik gorakoa izanen, sei hilabetean kontatuta, eta ez da ezein astetan hirurogei ordutik gorakoa izanen. Orobat, jarduera honetan ezinbestean suertatzen diren ezaugarri objektiboak, teknikoak edo/eta lanaren antolaketakoak direla-eta, hala nola, zerbitzuak urtaroei lotuak izatea, erabaki egin da bi hilabetekoa izatea 1561/1995 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluan ezarritako erreferentziako denbora, astebeteko gehieneko presentzia denbora, 20 ordukoa, kontatzeko.

Langileak ezin izanen du lanik egin beste enpresaburu batzuentzat aldez aurretik asmo horren berri bere enpresari idatzita eman gabe, ez dadin hori gehiegizko lan orduetan edo presentzia orduekin nahasi, horren berririk izan gabe. Betiere, langileak beste enpresaburu batentzat lan egitea onartzen duenean, kontuan hartu beharko du ezin baztertu duela enpresarekin itundutako lana.

Produkzioaren errealitateari egokituz eta segurtasuna sustatzearren, honako hau ezartzen da:

Langile mugikorrek eskubidea izanen dute hamabi asteko atsedenetatik gutxienez ere zazpi beren etxean pasatzeko.

Urte osoan etxean ematen diren asteko atsedenetatik erdiak, gutxienez ere, aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera, murriztu gabeko atsedenak izanen dira.

Enpresaren antolaketa beharrek aukera ematen duten aldiro, langileak etxean pasatzen dituen asteko atseden ahalik eta gehienak asteburuan izan daitezela bilatuko da; horrela dela ulertuko da, atsedenaldia, osorik edo hein batean, larunbatean edo igandean denean.

Asteko atseden murriztuen errekuperazioa murriztu gabeko beste asteko atsedenean eta langilearen etxean izan dadila bilatuko da, kasuen ehuneko hogeita bostean gutxienez ere.

16. artikulua. Lan ordutegiak:

a) Gidarientzat: gure bezeroek behar dituzten zama-lanen orduek dute erabateko lehentasuna, eta gidariak, ahal den aldiro, saiatuko dira banaketa departamentuak ezarritako ordu programazioa betetzen.

b) Administrazioko langileentzat: Hauxe da ohiko ordutegia:

–08:00etatik 18:00ak arte, astelehenetik ostiralera (bi ordu bazkaltzeko). Trafikoko langileen ordutegia bateragarria izanen da uneoro zerbitzuaren beharrekin, eta behartuta daude tarte horretako trafiko gorabeherak konpontzera.

c) Tailerreko langileentzat: Hauxe da ohiko ordutegia:

–09:00etatik 18:00ak arte, astelehenetik ostiralera (ordubete bazkaltzeko). Dena dela, zerbitzuaren beharrekin bateragarria den ordutegia itundu beharko da.

17. artikulua. Aparteko orduak edo presentziakoak.

Aparteko orduak eta presentziakoak, ezinbestekokoak kenduta, ezin dira enpresako plantillako kide bakoitzarentzat legez ezarritakoak baino gehiago izan, eta, langileen ordezkarien eta enpresako zuzendaritzarekin aldez aurretik adostuta, Legeak horren gainean ezartzen dituen tarteetako atseden konpentsatzaileekin berdintzen ahalko ditu; horrelako itunik ez dagoenean, diruz konpentsatuko dira, hitzarmen honen 30., 31. eta 32. klausuletan eta I. eranskinean (soldata taulak) ezarritakoaren arabera.

Hilabeteko ohiko lanalditik gorako lanorduak aparteko ordutzat hartuko dira; hura hitzarmen kolektibo honetan finkatu da eta kasu bakoitzean ezarriko den moduan kontatuko da. Aparteko orduen gehieneko mugaren ondorioetarako, haiek sartu eta ondoko lau hilabetean atseden denbora baliokideekin konpentsatzen direnak ez dira kontatuko; enpresak eta langile interesdunak adostuta programatuko dira atseden konpentsatzaile horiek: ahal dela, enpresaren jarduera txikieneko boladetan eta asteko atsedenaren ondotik hartuko dira.

Enpresari dagokio aparteko orduak eskaintzea, eta langileek, oro har edo kasu jakin bakoitzean, borondatez onartuko dituzte.

Enpresak egiten duen jardueraren zer-nolakoa ikusita, langileak, aurreko lerroaldean adierazitakoa gorabehera, behartuta daude beharrezko aparteko orduak egitera, ohiko lanaldia bukatu aurretik hasita dauden gidatze lanak, zama-lanak, banaketa eta bilketa, ibilgailuen prestakuntza eta dokumentazio lanak bukatzeko, legez ezarritako gehieneko mugarekin.

18. artikulua. Oporrak.

Oporrak 22 lanegunekoak izanen dira. Denak batera hartzen ez badira, 11 egun enpresak dioenean izanen dira eta 11 egun langileak hautatzen dituen datetan.

Betiere, enpresaren zerbitzuaren iraupena bermatuko da.

Oporrak ordaintzeko, kontuan hartuko dira oinarrizko soldata, plus pertsonala, ADR plusa, eskorga-gidariaren plusa eta jarduera plusaren, kilometraje plusaren eta langileak sorrarazitako deskarga plusaren azken 6 hilabeteetako batez bestekoa edo zati proportzionala.

Langileak bi hilabete lehenagotik jakinen du noiz hartuko dituen oporrak.

Betiere, enpresaren zerbitzuaren iraupena bermatuko da.

Gidarientzat, urtero txandaka ezarriko dira oporrak eskualdeko langileen artean. Orobat, txandaka ezarriko dira eskualdeko langileen artean Eguberrietako eta Aste Santuko guardiak, halako moduan non Eguberrietan guardiak egin dituen inork ez baititu Aste Santuan eginen. Langileak bi hilabete lehenagotik jakinen du noiz hartuko dituen oporrak.

Lanaldiak astelehenetik ostiralera kontatuko dira, astebururik eta jaiegunik gabe, halakorik bada; beraz, 5 lanegun 7 egun naturalen baliokide dira.

19. artikulua. Lan egutegia.

Langileen legezko ordezkariekin adostuta, abenduan finkatuko da hurrengo urteko lan egutegia, gure bezero Repsol Butano SAk dituen jaiegun berberekin.

20. artikulua. Lizentziak.

Lizentzia eta baimen ordaindu guztiek indarra duten xedapenek diotena baino egun bat gehiago izanen dute, salbuespen hauekin:

1. Langileek ezkontzeagatik duten lizentziak 16 egun iraunen du.

2. Ezkontidea hilez gero zazpi egun emanen dira. Langilea joan-etorrian bada, heriotzaren eguna ez da kontatuko. Gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun, probintzian gertatzen bada, eta 6 egun, kanpoan gertatuz gero.

3. Ezkontidea, gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak eta horien pareko ezkon-senideak larriki gaixo edo ospitalean badaude, baita emazteak haurra izaten badu ere, 3 egun, probintzian gertatzen bada, eta 5 egun, kanpoan izanez gero.

Kasu berean, baina ezkontidearen, gurasoen eta seme-alaben kasuan bakarrik, lizentzia beste lau egun luzatzen ahalko da, baina soldatarik gabe.

4. Gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak eta horien pareko ezkon-senideak ezkonduz gero, 2 egun, probintzian gertatzen bada, eta 3 egun, kanpoan bada; ezkontza egunak baimenaren erdikoa izan behar du.

5. Elkarrekin bizitzen gutxienez ere bi urte egin dituztela frogatzen duten bikoteentzat, lizentzia ordaindu bat ezartzen da. Lizentziak elkarrendako laguntza edo sostengua izanen du xede. Beraz, ezin zabalduko da ezkontza bidezko ahaideen bestelako eskubideetara.

Kapitulu honetan ematen diren lizentziak unean uneko legezko xedapenetan ezartzen diren baldintzekin hobetuko dira.

Norberak hartzeko egunak: Lizentzia ordainduko hiru egun dira, aurreko hitzarmen kolektiboan ezarriak, horietarik bi langileak eskatu beharrekoak eta bat enpresak aukeratzen duen egunean hartu beharrekoa.

Enpresak eman egin beharko dizkio lizentziako bi egun horiek langileari, ezinezkoa denean izan ezik. Lehenbizikoz eskatzean ezin eman bazaizkio, bigarrengoz eskatzean eman beharko zaizkio nahitaez.

Urte naturala bukaturik enpresak ez badu idatziz adierazi zein den norberak hartzeko libre duen eguna, hartu gabeko atseden gisa ordainduko da, nominako kontzeptuekin batera, hurrengo urteko urtarrilean.

21. artikulua. Soldatarik gabeko lizentziak.

Zerbitzuan gutxienez ere 6 hilabete daramatzan langileak, beharra justifikatuta eta onartu ondoren, soldata gabeko lizentziak, hilabetekoak gutxienez eta sei hilabetekoak gehienez, eskatzen ahalko ditu. Lizentzia horiek ezin izanen dira behin baino gehiagotan eskatu hiru urtean. Soldata gabeko lizentziak lan harremanaren etendura dakar irauten duen bitartean.

VI. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

22. artikulua. Xedapen orokorra.

Oinarrizko soldatak eta haren osagarriek eratzen dituzte hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuko langileen ordainsariak, eta hitzarmen kolektibo honen 14. klausulan aipatzen den lanaldi arruntari dagozkio.

Soldatak hilabetea bukatutakoan ordainduko dira, hurrengo hilabeteko lehenbiziko 5 lanegunean.

23. artikulua. Aurrerakinak.

Langileak konturako aurrerakinak jasotzeko eskubidea izanen du, egindako lanaren aldera, haiek eskatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere, baina ez dira soldataren eranskineko ordainketa tauletan ageri den hilabeteko guztirako ordainketaren gehi antzinatasunaren zenbatekoaren %90 baino handiagoak izanen.

24. artikulua. Soldaten egitura.

Hauxe da hitzarmen kolektibo honek indarra hartzen duenetik ordainketek izanen duten soldata egitura:

1.–Oinarrizko soldata.

2.–Osagarriak:

2.1. Pertsonalak:

–Enpresarekiko loturaren paga.

–Plus pertsonala.

2.2. Lanpostukoa:

–Arriskuaren eta nekagarritasunaren plusa (ADR).

–Eskorga-gidariaren plusa (zezen mekanikoa).

2.3. Lanaren kantitatea edo kalitatea:

2.3.1. PGLa banatzeko jarduera (bezeroa: Repsol Butano SA).

–Jardueraren prima.

–Guardia egiteko prestasuna.

–Presako zerbitzua.

–Larunbatak.

–Igandeak eta jaiegunak.

–Hustuketak.

2.3.2. Botillero jarduera (bezeroa: Air Liquide SA).

–Kilometrajearen plusa.

–Deskargaren plusa.

Goi mailako langileak, administrariak eta tailerrekoak.

–Telefonoko guardia.

–Prestasunagatiko plusa.

2.4. Hilabetez gorako mugaeguna dutenak:

–Udako eskersaria.

–Eguberrietako eskersaria.

–Mozkinetako eskersaria.

2.5. Kalte-ordainak edo kitagarriak:

–Dietak.

25. artikulua. Oinarrizko soldata.

Lanbide kategorietako bakoitzean, hitzarmen kolektibo honetan finkatutako lanaldian jarduera arrunt bati dagokion ordainketari esaten zaio oinarrizko soldata, eta horrela zehazten da I. eranskinean.

Oinarrizko soldata beti izanen da hitzarmen honetan ezarritako legezko lanaldiari buruzkoa. Enpresak bere langileekin akordio partikular bat eginda lanaldi murriztuko lanaldia egiten bada, oinarrizko soldata orduka zatitzen ahalko da, eta dagokiona ordainduko da.

26. artikulua. Enpresarekiko loturaren paga.

50 urtetik gorako langile batek borondatezko baja hartzen duenean enpresan (kasu horretan bakarrik), paga bat jasotzeko eskubidea izanen du enpresan etengabe zerbitzuak ematen aritutako ordu kopuruaren arabera, baita konpentsazio ekonomiko bat ere, zenbateko gordin hauetakoa:

–Enpresan 10 urtez aritua zerbitzua ematen: 1.824,81 euro.

–Enpresan 15 urtez aritua zerbitzua ematen: 2.225,25 euro.

–Enpresan 20 urtez aritua zerbitzua ematen: 3.285,80 euro.

–Enpresan 25 urtez aritua zerbitzua ematen: 4.014,65 euro.

–Enpresan 30 urtez aritua zerbitzua ematen: 4.744,59 euro.

–Enpresan 35 urtez aritua zerbitzua ematen: 5.474,52 euro.

Kopuru horiek ordainketa bakar batean ordainduko dira, langileak enpresan borondatezko baja hartzen duen egunean.

Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzerako itundutako igoeraren arabera berrikusiko da kontzeptu hori.

27. artikulua. Plus pertsonala eta antzinatasun plusa.

Hitzarmen kolektibo honek ondorioak izanen dituen datan, langile bakoitzak izan dezakeen plus pertsonala bermatuko da Ad personam osagarri gisa (horrela definitua plus pertsonalaren soldataren banakako ordainagirian); plus hori ez da konpentsatuko, ezta irentsiko ere, eta legezko testu honen 35. artikuluan itundutako soldata berrikuspen bera izanen du.

Hitzarmen honek indarra hartzen duen egunetik egiten diren kontratazio berriek ez dute plus pertsonalaren kontzeptua dela-eta soldata osagarririk sorraraziko.

Langileren batek antzinatasun plusa sorrarazia badu, oro har izoztea erabaki da une honetan enpresako plantilla osatzen duten langileek hitzarmen hau sinatu arte sorrarazitako antzinatasun osagarria.

28. artikulua. ADR plusa.

Lanaldi osoko zerbitzuak egiten dituzten gidariek, enpresan garatzen duten jardueraren ondorioz salgai toxikoak, lehergarriak edo sukoiak manipulatu edo garraiatzen ohi dituztenek, 93,50 euro gordin sorraraziko dute hilabetean.

Aurreko lerroaldean adierazitako lanaldian baino ordu gutxiagotan zerbitzu horiek egiten dituzten gidariek aurreko kopuruei dagokiena jasoko dute, eginiko lanaldiaren araberako proportzioan.

29. artikulua. Eskorga-gidariaren plusa (zezen mekanikoa).

Gidariaren lan arruntaz gain (karga, garraioa eta deskarga), garraiatzen dituzten salgaiak deskargatzen laguntzeko, zezen mekanikoa gidatzeko eginkizunak betetzen dituzten gidariek, gaitasun agiriaren jabe direla, 15,00 euro gordin sorraraziko dute hilabetean, lanpostuko osagarri gisa eta, hortaz, ez da kontsolidatuko.

Aurreko lerroaldean adierazitako lanaldian baino ordu gutxiagotan zerbitzu horiek egiten dituzten gidariek aurreko kopuruei dagokiena jasoko dute, eginiko lanaldiaren araberako proportzioan.

30. artikulua. Lanaren kantitateagatiko edo kalitateagatiko osagarria PGLa banatzen (Bezeroa: Repsol Butano SA).

Enpresaburuak zail duenez gidarien jarduera kontrolatzea, askotan ezinezkoa baita gidatzeaz bestelako zer jarduera egin dituzten zehaztea, eta sartuak izan ditzaketen presentziako orduak, apartekoak eta prestasunekoak konpentsatzearren, baita gau laneko plusa ere, hitzarmen kolektibo honen 25. klausulako ordainsari finkoez gain, hurrengo kontzeptuek osatuko dute ordainketa aldakorra:

30.1. Jardueraren prima:

Soldata kontzeptu aldakorra da, hurrengo formula aplikatzetik aterako dena:

“Transmol Logística SLUko plantillatik PGL jarduerara esleitutako gidariek zerbitzatzen duten tona bakoitzeko, 2,7 euro ordainduko da, eta Transmol Logística SLko langileek ponpatutako tona bakoitzeko, 2,10 euro. Guztira ateratzen den zenbatekoa zati egiten da akordioari lotutako gidari guztiek lan egindako egun guztien artean, eta emaitza gidari bakoitzak lan egindako egunen kopuruaz biderkatuko da, eta kopuru hori igo edo jaitsiko da hurrengo eskalaren arabera”:

–0 - 1 urteko esperientzia: -%20.

–0 - 2 urteko esperientzia: -%10.

–0 - 5 urteko esperientzia: %3.

–5 urtetik gorako esperientzia: %5.

Jardueraren plusa kalkulatzeko adibidea (PGLa banatzeko jardueraren soldata-osagarria).

Transmol Logística SLU enpresan esperientzia praktikoan, enpresarentzat GPLa banatzeko eginkizunetan, emandako denboraren arabera aplikatzen dira koefizienteak. Beraz, ez da kontuan hartzen enpresan duen antzinatasuna, edo noiz hasi zen lan harremana.

Kasua.

Hiru gidarik (7 urteko esperientzia lehenak, 3 urtekoa bigarrenak eta 4 hilabetekoa hirugarrenak) hilabetean 200 t-ko hornidura egin dute Espainian, eta 400 t ponpatu. 7 urteko esperientzia duen gidariak 20 egunez egin du lan, 3 urteko esperientzia duenak 18 egunez, eta 4 hilabeteko esperientzia duenak 22 egunez; hortaz, honela kalkulatuko litzateke komisioa:

  • Transbaseko 200 t x 2,700 = 540,00.
  • Ponpa eta primarioko 400 t x 2,100 = 840,00.
  • Gidarien hustuketen batukaria hilabetean 0,00.
  • 1.380,00 Guztira
  • Guztira lan egindako egunak: 60 egun.
  • Eguneko komisioa: 23,00 euro/egunean.

–Jardueraren plusa:

  • 1. gidaria: 23,00 x 20 x 1,05 = 483,00 euro.
  • 2. gidaria: 23,00 x 18 x 1,03 = 426,42 euro.
  • 3. gidaria: 23,00 x 22 x 0.80 = 404,80 euro.

30.2. Guardiarako prestasuna.

Soldata-kontzeptu aldakorra, urgentzietan edo larrialdietan guardian egoteagatik sorrarazten dena. 4,29 euro gordin sorraraziko dira guardian emandako egun bakoitzeko.

30.3. Presako zerbitzua.

Soldata-kontzeptu aldakorra, gidariari ordaintzen zaiona urgentzia edo larrialdi baterako ateratzen denean. 44,28 euro gordin sorraraziko dira bezero bakoitzeko.

30.4. Larunbatak.

Zerbitzuak larunbatean ematen dituen gidariak 66,15 euro gordin sorraraziko ditu neguko kanpainan lan egindako larunbat bakoitzeko, hau da urte bateko abenduaren 1etik hurrengo urteko otsailaren 28 arte. Kanpainatik kanpo, zerbitzuak larunbatean ematen dituen gidariak 138,33 euro gordin sorraraziko ditu, eta ez 66,15 euro.

30.5. Igandeak eta jaiegunak.

Zerbitzuak igandez edo jaiegunez ematen dituen gidariak 138,33 euro gordin sorraraziko ditu lan egiten duen igande edo jaiegun bakoitzeko.

30.6. Hustuketak.

Gidariak 3,91 euro gordin sorraraziko ditu hustuketan emandako ordu bakoitzeko edo zati proportzional bakoitzeko.

PGL jardueraren gidariek egindako hustuketa guztien guztirako zenbatekoa jardueraren prima (30.1 art.) kalkulatzeko oinarrian sartuko da, eta lan egindako egunen arteko zatidura izanen da.

31. artikulua. Lanaren kantitateagatiko edo kalitateagatiko osagarria botillero jardueran (Bezeroa: Air Liquide SA).

Enpresaburuak zail duenez gidarien jarduera kontrolatzea, askotan ezinezkoa baita gidatzeaz bestelako zer jarduera egin dituzten zehaztea, eta sartuak izan ditzaketen presentziako orduak, apartekoak eta prestasunekoak konpentsatzearren, baita gau laneko plusa ere, hitzarmen kolektibo honen 25. klausulako ordainsari finkoez gain, hurrengo kontzeptuek osatuko dute ordainketa aldakorra:

31.1. Kilometrajearen plusa.

Botillero jardueraren gidariak 0,02 euro gordin sorraraziko ditu egiten duen kilometro bakoitzeko.

31.2. Deskargaren plusa.

Botillero jardueraren gidariak 0,02 euro gordin sorraraziko ditu deskarga bakoitzeko (bezeroko).

32. artikulua. Lanaren kantitateagatiko edo kalitateagatiko osagarria, goi mailako langileentzat, administrarientzat eta tailerreko langileentzat.

32.1. Telefonoko guardia:

Soldata-kontzeptu aldakorra, asteburuan urgentzietan edo larrialdietan telefonoko guardian egoteagatik sorrarazten dena. 60,00 euro gordin sorraraziko dira astean guardia bakoitzeko.

Txandako lauki bat ezarriko da hilabeterako, zerbitzua esleituta duten langileentzat.

32.2. Prestasun plusa.

Besteak beste, trafikoko gorabeherak konpontzea beren eginkizunetako bat duten trafikoko eta langileriaren buruek eta, orobat, zerbitzuak banatu eta esleitzeko eginkizunak betetzen dituztenek eta, beraz, astelehenetik ostiralera bitarteko bulego ordutegitik kanpo, gorabeherak telefonoz konpondu behar dituztenek 137,92 euro gordin sorraraziko dituzte hilabetean.

33. artikulua. Hilabetez gorako mugaeguna duten osagarriak. Aparteko eskersariak.

Enpresaren zerbitzuko langileek aparteko hiru eskersari jasoko dituzte: udakoa, Eguberrietakoa eta mozkinak deituak. Aurreko 25. artikuluan erabakitako oinarrizko soldataren zenbatekoa izanen dute.

Uztailean ordainduko da udako paga, abenduan Eguberrietakoa eta hurrengo urteko martxoan, mozkinak.

Hurrengo irizpidearen arabera sorraraziko dira aparteko pagak:

–Udako paga: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

–Eguberrietako paga: uztailaren 1etik abenduaren 31ra.

–Mozkinen paga: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

Langileak eskatuta, aparteko pagak hilabeteka banatzen ahalko dira.

34. artikulua. Kalte-ordainen edo kitagarrien osagarriak.

A.–Dietak: dieta soldataz kanpoko sorrarazten den kontzeptua da, kalte-ordain gisakoa edo konpentsatzekoa, eta irregularra. Haren helburua langilearen joan-etorrien ondoriozko mantenu eta ostatu gastuak ordaindu edo konpentsatzea da.

Zerbitzua dela-eta bere helbideko herritik kanpo eta zerbitzua eman ohi duen tokitik kanpo bazkaldu, afaldu edo gaua eman eta gosaltzera behartuta dauden mugimenduko langileek izanen dute dieta jasotzeko eskubidea. Enpresa ostatu-gaua ordaindu beharretik salbu egonen da langileei ostatua ematen badie, baita gosaldu, bazkaldu edo/eta afaltzeagatik ordaindu beharreko dietatik, baldin eta etxetik kanpo dabilen langilearen mantenuak harentzat gasturik ez badu, enpresa haren kargu delako.

Zerbitzuaren beharrak direla-eta gidariek 25,23 euro sorraraziko dituzte Espainian lan egindako egun bakoitzeko, eta 38.51 euro, zerbitzua Espainiatik kanpo eginez gero. Zerbitzuaren beharrengatik gaua kamioian ematen duen gidariak 53,61 euro sorraraziko ditu gau bakoitzeko, eta ez 25,23 euro. Konpentsazio estra gisa, 11,66 euro gordin sorraraziko dira, zerbitzuaren beharrak direla-eta kamioian ematen den gau bakoitzeko.

Goi mailako teknikarientzat eta administrarientzat, bidaiak direla-eta lan egiten duten edo bizi diren herritik kanpo gosaldu, bazkaldu, afaldu edo lo egitera behartuta badaude, 10,00 euro sorraraziko dituzte bazkariagatik edo afariagatik, eta 40,00 euro, lo egiteagatik eta gosaltzeagatik. Langileak ez du deus sorraraziko, enpresak gastuak dirutan konpentsatzen baditu, ordainagiria aurkeztuta.

35. artikulua. Soldataren berrikuspena.

Hauxe izanen da soldata igoeraren portzentajea:

–2014. urtean: I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

–2015. urtean: 2015eko urtarrilaren 1ean kontzeptu guztiak berrikusiko dira 2014ko KPIa oinarri hartuta, berariazko artikuluetan adierazitako kontzeptuak izan ezik, horiek ez baitute aldaketarik izanen.

–2016. urtean: 2016ko urtarrilaren 1ean kontzeptu guztiak berrikusiko dira 2015eko KPIa oinarri hartuta; betiere, KPIaren oinarria %1etik gorakoa bada, hortik abiatuta berrikusiko baitira kontzeptu guztiak. KPIa %1etik beherakoa bada, soldataren berrikuspena %0 izanen da.

VII. KAPITULUA

Lan harremanak hastea eta bukatzea

36. artikulua. Probaldiak.

Onartzen diren langileak proba gisa onartzen direla ulertuko da. Probaldi hori aldakorra izanen da, zein diren bete beharreko lanpostuak, baina inoiz ez da hurrengo eskalan finkatutakoa baino luzeagoa izanen:

1.–Mugimenduko langileak: bi hilabete.

2.–Titulurik gabeko teknikaria: bi hilabete.

3.–Teknikari tituludunak: sei hilabete.

Probaldiak irauten duen bitartean, langileak bere lanbide kategoriari eta betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, plantillako langile gisa, salbu eta lan harremana etetearen ondoriozkoak. Etetea bi alderdietako edozeinek eskatuta egiten ahalko da, aldez aurretik jakinarazi beharrik izan gabe. Halaber, inork ez du eskubiderik izanen kalte-ordainik jasotzeko, eta idatziz jakinarazi beharko da lana uzten dela.

Probaldia amaitzen bada eta atzera egiterik egon ez bada, kontratuak ondorio guztiak edukiko ditu. Langilearen antzinatasuna zenbatzeko orduan probaldi hori ere aintzat hartuko da.

Ezin izanen da beste probaldirik egin langileak lehendik eginkizun berberak bete dituenean enpresan, edozein kontratu mota izanda.

37. artikulua. Aurreabisua.

Enpresak zer jarduera egiten duen ikusita, enpresan zerbitzuak egiteari borondatez uzten dioten langileek idatzita jakinarazi beharko dute enpresa utzi baino hamabost egun lehenago, gutxienez ere, urtebetetik gorako kontratuentzat, eta zazpi egun lehenago, iraupen laburragoko kontratuentzat, non ez diren iraupen jakin bateko kontratuak, zeinetan lana uzteko eguna eta kontratua bukatzeko aurreikusten den data egun bera diren. Aurreabisurako epe hori betetzen ez bada, enpresak eskubidea izanen du abisurik eman gabe iragan egunen soldataren adinako kalte-ordaina kentzeko langilearen likidaziotik.

Enpresak kito gisa langileari ordaindu behar dizkion kontzeptuetatik kentzen ahalko da zehapen hori; aipatu kontzeptuek langilearen esku egon beharko dute enpresa uzten duen egunean.

38. artikulua. Lan kontratuak.

a) Behin-behineko kontratua, produkzioaren inguruabarrengatik:

Langileen Estatutuaren 15.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, produkzioaren inguruabarrengatiko behin-behineko kontratuak, gehienez ere, sei hilabeteko iraupena izaten ahalko du hamabi hilabeteko epean, inguruabarrak hasten diren egunetik. Epe hori iraganik, mugagabe bihurtuko da.

b) Neguko eta urtaro aldaketaren kanpainetako aldizkako kontratu finkoak.

Jarduera bakoitzeko zerbitzuaren beharren arabera eta antzinatasun ordenaren arabera, zaharrenetik berrienera, eginen zaie dei aldizkako kontratu finkoa duten langileei.

39. artikulua. Soldatarik gabeko lizentziak.

Zerbitzuan gutxienez ere 12 hilabete daramatzan langileak, beharra justifikatuta, soldata gabeko lizentziak, hilabetekoak gutxienez eta sei hilabetekoak gehienez, eskatzen ahalko ditu. Lizentzia horiek ezin izanen dira behin baino gehiagotan eskatu hiru urtean. Soldata gabeko lizentziak lan-harremanaren etendura dakar hark dirauen bitartean; gainera, denbora hori ez da kontuan hartuko antzinatasun gisa.

40. artikulua. Erreserba eskubidea.

Langileren bat atxilotuz gero, enpresak lanpostua gordeko dio harik eta epai irmoa eman arte; kontratua etenda geldituko da epe horretan, Langileen Estatutuaren 45.1.g artikuluaren babesean; hortaz, ezer jasotzeko eskubiderik gabe. Itzultzen denean izanen du berriz eskubidea, Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera. 41. artikula. Esnea emateko baimena.

Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluak langileei ematen dien eskubidea, esnea ematekoa, hartu beharrean, eskatzaileak hala nahita, hamabi laneguneko lizentzia ordaindua hartzen ahalko du, eta hori amatasuneko bajaren ondotik hartu beharko da, etenik gabe.

42. artikulua. Eszedentziak.

Indarra duen legerian aurreikusitakoaren arabera emanen dira.

VIII. KAPITULUA

Laguntza sozialak, kalte-ordainak eta prestakuntzarako laguntzak

43. artikulua. Gidabaimena kentzea.

Dela epai judizial irmoa, dela etendura gabeko administrazio-ebazpena, agintari eskudunak emana, lan-kontratua etenda geldituko da gidabaimena kendu zaien, baimen horren puntu guztiak galtzen dituzten edo ADR baimena kentzen zaien gidarientzat, harik eta gidariak gidabaimena edo puntuak edo ADRa berreskuratzen dituen arte. Betiere, salgai arriskutsuen ibilgailu bat gidatzera itzultzen ahal baldin bada. Lan-kontratuaren etenaldi bukaeran, gidariak bere lanpostua berriz hartzeko eskubidea izanen du, indarra duten laneko baldintzen barrenean.

Lan-kontratuaren etenaldian gidariak hilabetean 1.500,00 euro gordineko diru konpentsazioa hartzeko eskubidea izanen du enpresak helburu horretarako kontratatutako aseguru konpainia batetik, eta urtebetez gehienez ere; betiere, gidabaimena trafiko segurtasunaren kontrako delitu batengatik kendu ez bazaio. Adibidea (ibilgailua ausartegi gidatzea edo edari alkoholdunak, drogak edo estupefazienteak hartuta). Gidabaimena urtebeterako baino gehiagorako kentzen bada, gidabaimena edo puntuak edo ADRa berreskuratu arte egonen da langilea enplegu eta soldata gabe; betiere, salgai arriskutsuen ibilgailu bat gidatzen ahal duen arte, inolako diru konpentsaziorik gabe.

Gidariak ikastaroak egiteko eskubidea izanen du puntu guztiak, haien zati bat edo epai bidez urtebeterako, gehienez ere, kendutako gidabaimena berreskuratzeko, eta aseguru konpainiak ordainduko du.

Puntu batzuk berreskuratzeko ikastaroa: 4 puntu berreskuratzekoa, gidari profesionala izateagatik.

Puntu guztiak berreskuratzeko ikastaroa: 12 puntuak galduz gero, ikastaroa egin beharko du, eta Trafikon azterketa egin, eta erakunde horrek jartzen dion azterketa gainditu.

Aipatu diren primen zenbatekoek aldatu gabe jarraituko dute hitzarmen kolektibo honen eta bere luzapenen indarraldi osoan; artikulu honi ez zaio hitzarmen kolektibo honen 35. artikulua aplikatuko.

44. artikulua. Istripu asegurua.

Enpresak istripuetarako aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak:

–Istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: lan-kontratua desegin gabe, 25.000,00 euroko kapital aseguratua. Kontratua amaituz gero, kopuru horrek 40.000,00 euro eginen du.

–Ordaindutako lan orotarako erabateko ezintasun iraunkorra eta baliaezintasun handia, istripuen ondoriozkoa, 55.000,00 euroko kapital aseguratua.

–Istripuaren ondoriozko heriotza, 40.000,00 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.

Jarduneko langileek izandako lan istripuetan izanen dituzte ondorioak polizek, hitzarmen hau argitaratu eta ondoko bi hilabete iragan ondoren.

Izandako istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta horren arabera enpresa behartua bada langileari edo bere eskubidedunei kalte-ordain bat ordaintzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian ezarritako kopuruaren konturakoa izanen da.

Polizek aipatu diren kapitalak aldatu gabe jarraituko dute hitzarmen kolektibo honen eta bere luzapenen indarraldi osoan, eta artikulu honi ez zaio hitzarmen kolektibo honen 35. artikulua aplikatuko.

45. artikulua. Trafiko zehapenen ordainketa.

Trafikoari, Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko araudiaren kontrako arau-hausteak ibilgailu gidarien erantzukizunak dira eta, horrenbestez, arau-haustea egiten duenak ordaindu beharko ditu ezartzen zaizkion isunak.

Betiere, ibilgailuaren titularrak izanen du erantzukizuna ibilgailuaren dokumentazioari buruzko arau-hausteetan, haien kontserbazio egoerari buruzkoetan eta aldian aldiko azterketei buruzko arauak ez betetzearen ondoriozkoetan.

Oro har, baimenaren titularraren erantzukizuna eta haren kargura dira garraioen araudiaren kontrako arau-hausteak.

46. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Istripu edo gaixotasunagatik aldi baterako baja hartua duten langileek lansariaren 100eko 100 jasoko dute, lehenbiziko egunetik hasita, egoerak diraueino. Kasu horretan oinarrizko soldatak eta norberaren plusak (kontsolidatua duenarentzat, hala jasota bada soldataren hilabeteko ordainagirian) bakarrik osatuko dute lansaria.

Aurreko lerroaldeetan adostutako prestazio osagarriei dagokienez, enpresaren kargurako estalduraren portzentajea, haren indarraldiko egun kopurua eta gaur egun indarra duen Gizarte Segurantzaren araudiaren ondoriozkoak ez dira inoiz igoko, hitzarmen hau sinatu ondoren haietan edozein aldaketa izan ondoren.

Geroagoko legegintzako aldaketen kasuan hala gertatuz gero, enpresak bere kargura osatuko du estalduraren portzentaje berean oinarrituta eta aldatutako araudian zeuden egun kopuru bera mantenduz.

47. artikulua. Heriotza edo ezintasuna herritik kanpo.

Langileren bat bere ohiko bizilekutik kanpo hilez gero edo ezinduta gelditzen bada hartara itzultzeko, enpresak aginduta kanpoan dagoelako, hark ordainduko ditu hildako edo ezindutako langilea eta ahaide edo laguntzaile bat itzultzeko gastuak.

48. artikulua. Erretiroa.

Alderdien artean adostuz gero, enpresak eskaera egiten duten langileen erretiro eskaera, bai partziala bai orokorra, kudeatuko du; betiere, arlo horretan indarra duen araudiko baldintzak bete beharko dira.

IX. KAPITULUA

Ekintza sindikala

49. artikulua. Berme eta eskubide sindikalak.

Transmol Logística SLU enpresako langileen legezko ordezkariek indarra duen legeriak ematen dizkien bermeak, abantailak eta eskubideak izanen dituzte.

Legezko ordezkari bakoitzak hamabost ordu izanen ditu hilabetean, sindikatu lanetan aritzeko.

Idatzita eskatzen duen langileari sindikatu-kuota kenduko zaio nominatik, eta hark aukeratzen duen sindikatuari emanen zaio.

X. KAPITULUA

Lan osasuna

Alderdi sinatzaileentzat funtsezkoa da langileen segurtasuna eta osasuna babestea lanaren ondoriozko arriskuen aurrean; horretarako, laneko prebentzio politika eraginkorrak ezarriko dira, bi alderdien arteko beharrezko kontsentsuaren fruitu.

Beraz, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsitako prebentzio zerbitzuen erregelamenduan eta horiek osatzen dituzten garapeneko gainerako xedapenetan ezarritakoaren argitan, baita horien ordez aldarrikatzen ahal direnetan ere, lan baldintzen hobekuntza bultzatzeak du lehentasuna, baita langileen prestakuntza eta informazio mailen etengabeko hobekuntzan ahalegintzen jarraitzeak ere, langileen segurtasunaren eta osasunaren babes maila handitzen lagun baitezakete.

Hori helburu, laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea eratuko da, aipatu legerian jasotako eginkizun eta eskudantziak izanen dituena, enpresan burutzen diren jarduerak direla-eta segurtasunari eta osasunari buruz pizten ahal diren arazoak konpontzeko.

Ondorio horiekin, aipatu prebentzio arloko kudeaketak honako inguruabar hauek jaso beharko ditu, baina ez zehazki:

a) Osasuna zaintzea: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresak osasun egoeraren aldian aldiko zainketa bermatuko die langileei, lanak atxikita dituen arriskuen arabera.

Urtean osasun azterketa bat eginen zaie langile guztiei, enpresak kostua ordainduta. Zerbitzuak ahalik eta kalte txikiena izateko enpresak erabakitzen duen laneko ordutegian eginen da osasun azterketa.

Gidari lanak egiten dituzten langileentzat, urteko osasun azterketa nahitaezkoa izanen da, 31/1995 Legearen 22. artikuluari jarraituz. Lanean dituzten eginkizunei dagozkienak eta estupefazienteak edo gai psikotropikoak kontsumitzen ote dituzten atzematekoak izanen dira gidariek pasa beharko dituzten probak. Osasun analisien txostenak, osasun azterketen ondoriozkoak, intimitate pertsonalerako konstituzio eskubidearen barrenean sartzen dira eta, hortaz, isilpekoak eta pertsonalak izanen dira, eta azterketa izan dutenei eman beharko zaizkie. Dena dela, egiten dituen entitateak langileak “gai” edo “ez gai” kalifikazioa ote duen jakinarazi beharko dio enpresari.

Orobat, sartu berria den langileak nahitaez egin beharko du osasun azterketa, aldez aurretik; hartan, langilearen eginkizunen araberako azterketa arrunteko probez gain, drogadikzio eta alkoholemia probak eginen zaizkio, nahitaez.

Langilea aldi baterako gai ez bada lanpostuan aritzeko, berriz eginen dira probak 30 egun iragan ondoren, ez lehenago. Epe horretan, langileak medikuaren baja eskatuko du, eta ematen ez badiote, hartu gabe dituen oporrak emanen zaizkio, eta oporrik ez badu, kontratua etengo da, non ez den alderdien arteko akordiorik, SPAk gai kalifikazioa eman arte.

Gidari lanak egiten ez dituzten langileentzat, osasun azterketak borondatezkoak izanen dira; alabaina, beste azterketa batzuk egiten ahalko dira, nahitaez, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, berariazko legezko xedapenak daudenean, edo horiek beharrezkoak direnean lan baldintzek langileen osasunean duten eragina ebaluatzeko, edo egiaztatzeko langilearen osasun egoera arriskutsua izaten ahal den berarentzat, gainerako langileentzat edo beste pertsona batzuentzat. Osasunaren Prebentzio eta Zainketa zerbitzuko protokolo medikoen araberako tarteekin eginen dira osasun azterketak, zer lanpostu den kontuan hartuta.

Eman beharreko zerbitzuei dagokienez, portaera psikiko edo/eta farmakologiko arraroak, intentsitate eta ohikotasun berezikoak, ikusten direnean, interesdunak edo langileen ordezkariek eskatuta, enpresak bere ekimenez jarriko ditu beharrezko baliabideak, hark osasun azterketa berezia eta berariazkoa izan dezan, arrazoiak eta ondorioak diagnostikatzen eta tratamendu egokia jartzen laguntzeko; langilea behartua egonen da mediku taldearekin batera aritzera beharrezkoak diren azterketa, analisi eta tratamendu guztietan.

b) Babesa amatasunari: Laneko eta Familiako Eginkizunak Batera Eramateari buruzko 39/1999 Legean ezarritakoari jarraituz, enpresak beharrezko neurriak hartuko ditu, haurdun edo erditu berri diren langileen segurtasunak eta osasunak ez dezaten arriskurik edo kalterik izan haurdunaldian eta esnea emateko garaian.

Emakume langilearen laneko baldintzak eta denbora egokituta hartuko dira neurri horiek.

c) Prebentzioko ordezkarien prestakuntza: enpresak behar adinako prestakuntza ikastaroa eman beharko die prebentzioko ordezkariei, arlo horretako eginkizunak gara ditzaten.

d) Enpresa jardueren koordinazioa: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 24. artikuluan, prebentzio arloko enpresa jardueren koordinazioaren gainean ezarritakoari jarraituz, enpresak bere zerbitzuak ematen dituen besteen lantokietako titularrei informazio eta jarraibide egokiak eskatu beharko dizkie, lantokian dauden arriskuei eta babes eta prebentzio neurriei buruz, baita aplikatu beharreko larrialdi neurriei buruz ere, langileei haien berri emateko.

XI. KAPITULUA

Mugigarritasun geografikoa

50. artikulua. Lekualdatzeak eta joan-etorriak.

Lekualdatzeak. Baliabideak egokiago antolatuz bere egoera hobetzearren, enpresak bere langileak lekuz aldatzea erabakitzen ahalko du, eta bizilekuz aldatzera behartu, legez eskatzen diren baldintza eta beharkizunekin. Behar horiek, lehenik, egokitasun baldintzak bete eta lekuz aldatzea beren borondatez onartzen dutenekin beteko dira; horrelakorik ez bada, mugigarritasunak ukituta azkenak izateko lehentasuna izanen dute enpresa barreneko langileen ordezkariek; gero, haurdun dauden langileek edo urtebetetik beherako haurrak dituztenek eta familia-kargak dituztenek.

Aurreko lerroaldean jasotako kasuetan, interesdunaren eta harekin bizi diren pertsonen bidaia gastuak ordaindu beharko ditu enpresak, eta altzariak eta gauzak eraman edo, hark aukeratuta, garraio horrek eragiten dizkion gastuak ordaindu; gainera, beste edozein gastu konpentsatzeko, dagokion oinarrizko soldataren hilabeteko baten zenbatekoa ordaindu beharko du, gutxienez ere.

Leku-aldaketa langileak eskatuta egiten bada, ez du konpentsaziorako eskubiderik izanen, eta alderdiek adostuta bada, haiek erabakitzen duten konpentsazioa izanen du.

Desplazamenduak. Zerbitzuaren beharren ondorioz, langilearen bizileku aldaketa aldi baterako bada, desplazamendu esaten zaio.

Bai desplazamenduak, bai bizi den herritik eta zerbitzua eman ohi duen tokitik kanpora joateak eskubidea emanen diote langileari bidaiaren zenbatekoa ordaintzeko, enpresaren ibilgailuan mugitzen ez bada; orobat, desplazamenduak eragiten dizkion gastuak konpentsatzeko, dieta kobratzeko, aplikatzen den hitzarmen kolektiboaren arabera kasu bakoitzean dagokion kopuruan.

Aldi baterako desplazamenduren bat hiru hilabetetik gorakoa bada, eta urtebetekoa gehienez ere, dieten zenbatekoa dieta arrunten %85ekoa izanen da, non ez den besterik xedatzen hitzarmen kolektiboan. Iraupen luzeko desplazamendu horietan langileak eskubidea izanen du bere jatorrizko helbidera itzultzeko hiru hilabetean behin, bertan lau lanegun emateko; horiek lanean emandakotzat hartuko dira. Bai bidaien kostua, bai haietan emandako denbora –lanaldi barrenean gertatzen dena– enpresaren kontura izanen dira.

XII. KAPITULUA

Prestakuntza

51. artikulua. Etengabeko prestakuntza: helburuak.

Hitzarmen kolektibo hau sinatzen duten alderdiek elementu estrategikotzat dute langileen etengabeko prestakuntza, aukera ematen baitu enpresaren lehiakortasun handia bateragarri egiteko langilearen beraren prestakuntzarekin eta lanbide garapenarekin, enplegurako lanbide prestakuntzak berea duen etengabeko ikaskuntzaren prozesuan; horregatik, indarra duen legezko araudia ahalik eta gehien aprobetxatu eta garatzeko nahia adierazten dute.

52. artikulua. Prestakuntza ikastaroak.

Langileen prestakuntza eta hobekuntzarako doaneko ikastaroak antolatzen ahalko dituzte enpresek, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan (enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema arautzen du) edo hura ordeztu edo gara dezakeen arauan aurreikusitako prozeduraren arabera, helburua gaikuntza eta lanbide sustapena izanik.

Aukera eta tratu berdintasunaren printzipioa bermatuko zaie prestakuntza eskuratzeko, hura zailen duten langileei. Hori horrela, zenbait kolektibotako (besteak beste, gazteak, etorkinak, desgaitasunak dituztenak, aldi baterako kontratua duten langileak, genero indarkeriaren biktimak) langileen prestakuntza bultzatzeko ekintza positiboak sartzen ahalko dira prestakuntza ekintzetan.

53. artikulua. Prestakuntzarako banakako baimenak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek banakako prestakuntza baimenak eskatzen ahalko dituzte martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan (enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema arautzen du) edo hura ordeztu edo gara dezakeen arauan aurreikusitako moduan, beren gaitasun pertsonala eta lanbidekoa hobetu gogo duten langileei titulazio ofizial batek aitortzen dien prestakuntza erraztearren, zerbitzuak ematen dituzten enpresentzat kosturik eragin gabe.

54. artikulua. Gidarien birziklatze prestakuntza.

Enpresak emanen ditu Lanbideko Gaitasun Agiria (CAP) eta salgai arriskutsuen txartela (ADR) berritzera bideratutako prestakuntza ikastaroak, bereak diren baliabideak erabiliz edo beste zerbitzu batzuekin hitzartuta.

Prestakuntza tipologia honen kostua bakarrik izanen da enpresen kontura. Langileek xede horretan erabiltzen duten denbora Langileen Estatutuaren 23.3 artikuluan ezarritako baimen ordainduari egotziko zaio, otsailaren 10eko 3/2012 Errege Dekretu Legeak ezarritako testuarekin.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen baimena berritzearren, azterketa gainditzen ez duten langileei sei hilabetez, gehienez ere, etengo zaie lan-kontratua, eta epe horretan lortu beharko dute aipatu baimena.

XIII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

55. artikulua. Kaleratzea eta hutsegite larrien eta oso larrien zehapenak eta diziplina araubidea.

Langileren bat kaleratuz gero, enpresak nahitaez jakinaraziko die langileen legezko ordezkariei, langileari diziplina espedientea irekitzen zaiola jakinarazi aurretik. Orobat, hutsegite larriak eta oso larriak egiteagatik ezarritako zehapenen kasuan. Zehazki, hutsegite larri hauek ezartzen dira, beste batzuk murrizteko asmorik gabe:

1. Depositua gehiegi betetzea, %85etik gora, gidariari egozten ahal zaionean.

2. Deposituko sarrera eta irteerako portzentaje errealak tiketean behar bezala ez jasotzea. (Kargatu aurretik eta ondoren).

3. Zerbitzuan gertatzen diren gorabehera larrien berri ez ematea (gehiegi betetzea, ihesak, akatsak deskargatzean, istripuak, eta abar) zuzeneko nagusiari.

Gidariak urtebetean lehen aipatu hutsegiteren bat errepikatzen badu, hutsegitea oso larritzat joko da, eta gehieneko zehapena enplegu eta soldata gabeko 30 egunekoa da. Gidariak hirugarren aldiz hutsegitea eginez gero lehen alditik ondoko 2 urtean, hura oso larritzat joko da, eta zehapenik handiena ezar daiteke: kaleratzea, alegia.

Hutsegite oso larri hauek ezartzen dira, beste batzuk murrizteko asmorik gabe:

1. Horretara behartuta dauden gidariek takografo analogikoaren erregistro orriak edo diagrama diskoak behar bezala ez betetzea, edo takografo digitalean eskatzen diren sarrerak behar bezala ez egitea.

2. Gidariek ez izatea takografoko erregistro orriak edo diagrama diskoak, edo haiek hondatuta izatea.

3. Haiek betetzera behartuta dauden gidariek takografo analogikoaren erregistro orriak edo diagrama diskoak ez aurkeztea enpresari hitzarmen honetan ezarritako epeetan, edo gidariak uko egitea enpresak takografo digitaleko txarteletik datuak deskarga ditzan (arauzko 28 disko baino gehiago dituztenek hilaren 1etik 10era arte aurkeztu beharko dituzte diskoak).

4. Baimen idatzirik gabe, kanpoko pertsonak enpresaren ibilgailuetan eramatea.

5. Ordu gehiegi gidatzea edo atseden txikiegiak hartzea, baita takografoa manipulatu, faltsutu edo behar ez bezala erabiltzea ere.

Artikulu honetan jasotzen ez diren hutsegiteetarako Salgaien Errepide-garraioko Enpresen II. Akordio Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Kitoak diren ordainagiri guztiak langileen legezko ordezkarien aurrean sinatuko dira, interesdunaren berariazko ukoa izan ezik. Langileen ordezkarien informaziorako eskubideei buruz urtarrilaren 7ko 2/1991 Legean xedatutakoa beteko da arlo honetan.

Hauek dira diziplinako hutsegiteengatik ezartzen ahal diren zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea edo kargu-hartze idatzia eta 2 egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriengatik: 3 egunetik 15era arteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriengatik: 16 egunetik 30era arteko enplegu-soldaten etenaldia.

XIV. KAPITULUA

Salgaien Errepide-garraioko Enpresen II. Akordio Orokorreko VIII. kapituluan jasotzen diren diziplina araubideko xedapenak aplikatuko zaizkie hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileei, edo haren ordezkoan jasotzen direnak.

XV. KAPITULUA

Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea

56. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea.

Enpresaren antolaketa beharrak errespetatuta, langileen laneko eta familiako eginkizunak ahalik eta hobekien batera eraman ahal izateko lan baldintzak ezarri ahal izatea da enpresaren nahia. Horretarako, enpresek arlo honetako eskubide guztiak erabiltzen utziko diete hala eskatzen duten langileei, indarra duen legerian ezarritako moduan.

Eskatzaileak hala nahita, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan esnea emateko aurreikusitako baimenaren ordez, gutxienez hamabi laneguneko lizentzia ordaindua hartzen ahalko da, amatasuneko bajaren ondotik hartu beharko dena, etenik gabe. Lizentzia ordainduaren iraupena proportzioan handituko da erditze multiplearen kasuetan: bi egun haur bakoitzeko, bigarrenetik hasita.

Aitak zein amak hartzen ahalko dituzte bi aukerak, biak lanean ari badira.

Langileak (aitak zein amak) aurreko lerroaldean deskribatutako lizentzia ordaindua aukeratuz gero, amatasuneko atsedena bukatu baino 15 egun lehenago, gutxienez ere, jakinarazi beharko dio enpresari.

57. artikulua. Aukera berdintasuna.

Enpresak tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar du lan esparruan, eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu beharko ditu. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta adostu beharko ditu, indarra duen legerian zehazten den moduan.

Berdintasun planek enpresa osoa hartuko dute, deusetan galarazi gabe zenbait zentrotan egokiak diren ekintza bereziak ezartzea.

58. artikulua. Genero indarkeria.

Behar den konfidentzialtasuna errespetatuta, enpresak guztiz lagunduko die genero indarkeriaren biktima diren langileei Genero Indarkeriaren aurkako Osoko Babes Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan aurreikusitako eskubide eta bermeak izan ditzaten.

59. artikulua. Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena.

Enpresak sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena galarazten dituzten lan baldintzak sustatuko ditu, eta berariazko prozedurak ezarriko ditu haiek prebenitzeko, eta haiek jasan dituztenen salaketak edo erreklamazioak bideratzeko.

Helburu horrekin, langileen ordezkariekin negoziatu beharreko neurriak ezartzen ahalko dira, hala nola, praktika egokien kodeak prestatu eta zabaltzea, informazio kanpainak edo prestakuntza ekintzak egitea.

Langileen ordezkariei dagokie lanean sexu jazarpenari eta sexuarengatiko jazarpenari aurrea hartzen laguntzea, langileak horretaz jabearaziz, eta enpresa zuzendaritzari informazioa emanez, baldin jazarpen hori ekar dezaketen portaerak edo jokabideak ezagutzen badituzte.

XVI. KAPITULUA

Xedapen gehigarriak

Lehendabizikoa.–Batzorde Paritarioa.

Hitzarmen kolektibo honen aplikazioak sor ditzakeen gatazka guztiak konpontzearren, bi aldeei ongi iruditzen zaie Batzorde Paritarioa sortzea. Edozein alderdik egin dezake batzordea biltzeko deia, eta, halakoetan, deia egin eta hamabost eguneko epean bildu beharko da. Batzorde Paritarioak gutxienez kide bana izanen ditu enpresaren aldetik eta langileen aldetik. Beharrezkoak diren bilerak egin ondotik, Batzordeak erabaki bat hartuko du lehenbiziko bilera egin eta gehienez hamabost eguneko epean. Alderdien arteko akordiorik ez badago, Nafarroako Lan Auzitegiaren arbitrajea eskatuko da.

Besteak beste, Batzorde Paritarioa prestakuntza kudeatzeaz arduratuko da eta prestakuntza hori eginen duen zentroa aukeratzeaz. Prestakuntza emailea aukeratzeko, irizpide ekonomikoak eta antolaketakoak erabiliko dira.

Hitzarmen kolektiboa argitaratu eta ondoko 2 hilabetetik aurrera izanen dituzte bete-beteko ondorioak bizitza aseguru kolektiboko polizak eta gidabaimena kentzearenak. Bi alderdiek adostuta argitzen dute istripuen eta baliaezintasunaren polizaren estaldura, hitzarmen kolektiboaren 44. klausulan ezarria, sorrarazteko eskubidea izateko, bizitza aseguru kolektiboaren polizak eta gidabaimena kentzearenak indarra hartu ondoren sortu beharko dela baliaezintasun iraunkor osoa, edo absolutua, edo baliaezintasun handia eragiten duen inguruabarra, eta data horretan hartuko duela indarra hitzarmen kolektiboaren 43. klausulak.

Bigarrena.–Bezeroarentzako arreta eta zerbitzuaren kalitatea.

Bi alderdiek aitortzen dute enpresaren betebeharra, eskaerei puntualki arreta ematekoa; izan ere, Repsolen banatzaile ofiziala da, gasolindegiak, zentro ofizialak, ospitaleak, eskolak, auzoberriak, enpresak eta abar PGLz hornitzeko. Gure bezeroarekin ditugun kontratuko baldintzak ez betetzearen ondorioa kaltegarria denez gero, enplegatu guztiek hartzen dute konpromisoa ustekabeko urgentzietan eta lana metatzen denean arduraz eta arretaz hornitzen ahalegintzeko, kasu hauetan: a) Baldintza klimatologiko txarren ondoriozko eskaera pilaketa; b) Gasolindegien eskaera, zubi edo/eta oporretako sarrera-irteeretan; c) Beste lankideen bajak, haiek ordeztu arte; d) Ezinbestekoak, eta e) Beste edozein inguruabar, puntualki erantzun behar dena Repsolen beharra dela-eta.

Hirugarrena.–Berdintasun printzipioak.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioak betetzeko, akordio honen eraginpeko langileak biltzeari, aukeratzeari, banatzeari, sustatzeari eta haien lan baldintzei dagokienez.

Laugarrena.

Enpresaren jarduera nagusia Repsol Butano SAri zerbitzuak ematea da, kontratua lehiaketa bidez esleiturik, eta kontuan hartuta Repsol Butano SAren gaur egungo jokabidea, prezioak eta kostuak murriztekoa, eta enpresa hornitzaile guztiei aplikatzen dieten prezio politika oldarkorra, Trasmol Logística SLUn gaur egungo esleipen maila mantentzeko, beharrezkoa izanen da langileen kostuak deskribatu den egoera berri horretara moldatzea. Beraz, bi alderdiek adosten dute Repsol Butano SArekiko kontratua esleitzeko langileen kostuak doitu behar badira, gaur egungo hitzarmena ez aplikatzea itunduko dela arrazoi ekonomikoak, antolaketakoak, teknikoak eta produkziokoak ematen direnean, Langileen Estatutuaren 82. artikuluan adostutakoaren arabera. Klausula hori aplikatzeko, hurrengo prozedura abiatuko da, lan baldintzak ez aplikatzeko sortzen ahal diren desadostasunak eraginkortasunez konpontzeko.

Hitzarmen kolektiboa negoziatzeko legitimatuta dauden langileen ordezkarien eta enpresaren artean adostuta uzten ahal da aplikatu gabe hitzarmen kolektibo hau, Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, arau horren beraren 82.3 artikuluan ezartzen den moduan, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo produkziokoak daudenean eta kontsulta aldi bat egin ondoren Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan adierazitako moduan.

Hitzarmena ez aplikatzeko lortzen ahal den akordioa ezin izanen da luzatu enpresarekin egindako beste hitzarmen bat aplikatzen denetik aurrera, eta hitzarmenaren Batzorde Paritarioari igorriko zaio.

Kontsulta aldian adostasunik ez bada, desadostasunak hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren esku utziko dira, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik.

Batzorde Paritarioak ere akordiorik lortzen ez badu berari jakinarazitako desadostasunaren gainean, edo esku-hartzeko eskatzen ez bazaio, alderdiek Estatuko edo autonomia erkidegoko lanbide arteko akordioetan ezarritako prozeduretara jo beharko dute (Langileen Estatutuaren 83. artikuluan aurreikusiak) aipatutako akordioen negoziazioan sortzen diren auziak eraginkortasunez konpontzeko, eta horren barrenean sartzen da sortzen diren auziak, lehenbizi, arbitraje lotzaile baten menpe jartzeko konpromisoa. Kasu horretan, arbitraje laudoak kontsulta aldian hartutako akordioen eraginkortasun berbera izanen du, eta haren aurka jotzeko Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako arrazoiak eta prozedura baliatu beharko dira.

Kontsulta aldia akordiorik gabe bukatu eta aurreko lerroaldean aipatu prozedurak ezin aplikatu direnean edo ez badute desadostasuna konpondu, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboen Aholku Batzorde Nazionalaren esku uzten ahalko du irtenbidea, lan baldintzen aplikazio ezak autonomia erkidego bateko baino gehiagoko lurraldean diren enpresaren lantokietan eragina badu, edo autonomia erkidegoei dagozkien organoetan, gainontzeko kasuetan. Organo horien erabakia organoan bertan hartuko da, edo haiek horretarako eta inpartziala izanen dela segurtatzen duten bermeekin izendatutako arbitro batek hartuko du. Hogeita bost eguneko gehieneko epean emanen da, gatazka organo horien menpe jartzeko erabakiaren datatik hasita. Erabaki horrek kontsulta aldian lortzen diren erabakien eraginkortasun bera izanen du, eta horren kontrako errekurtsoa jartzeko, Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedura eta arrazoien arabera bakarrik jartzen ahalko da.

Aurreko lerroaldeetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, horren berri eman beharko zaio lan arloko agintaritzari, gordailua egin dezan, besterik ez.

Bosgarrena.

Enpresak garraioko beste jarduera batzuk kontratatzen baditu beste konpainia batzuekin, jaso dezaketen konpentsazio aldakorreko sistema erabakitzeko, hitzarmen kolektiboaren Batzorde Paritarioa bilduko da eta jarduera berrien ordainketa sistema aldakorra erabakiko du. Ordainketa finkorako, botillero gidariarena izanen da jarduera berrietarako soldata kategoria.

I. ERANSKINA

Transmol Logística SLUren soldata taulak
2014ko soldata taula

OIN.
SOLDATA

HILABETEA

URTEA

APARTEKO ORDUA

Goi mailako langileak eta teknikariak

Zuzendaria

1.400,00

1.400,00

21.000,00

11,50

Atalburua

1.300,00

1.300,00

19.500,00

10,68

Goi mailako tituluduna

1.050,00

1.050,00

15.750,00

8,62

Erdi mailako tituluduna

950,00

950,00

14.250,00

7,80

1. trafiko-burua

1.300,00

1.300,00

19.500,00

10,68

2. trafiko-burua

1.050,00

1.050,00

15.750,00

8,62

Tailerreko burua

1.300,00

1.300,00

19.500,00

10,68

Administrazioko langileak

Lehen mailako ofiziala

1.100,00

1.100,00

16.500,00

9,03

Bigarren mailako ofiziala

950,00

950,00

14.250,00

7,80

Administrari laguntzailea

890,00

890,00

13.350,00

7,31

Telefonista

790,00

790,00

11.850,00

6,49

Mugimenduko eta tailerreko langileak

PGL gidaria

1.275,00

1.275,00

19.125,00

10,47

Botillero gidaria

975,00

975,00

14.625,00

8,01

Ogibideetako lehen mailako ofiziala

900,00

900,00

13.500,00

7,39

Ogibideetako bigarren mailako ofiziala

820,00

820,00

12.300,00

6,74

Ogibideetako hirugarren mailako ofiziala

780,00

780,00

11.700,00

6,41

Peoia

710,00

710,00

10.650,00

5,83

Iragarkiaren kodea: F1502368