62. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

75/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, abenduaren 11ko 477/2014 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez, “Zenbait estatubatuarren finantza kontuen urteko informazio-aitorpenaren eredua” (290 eredua) onetsi zen.

Ekainaren 30eko HAP/1136/2014 Aginduak zenbait gai arautzen ditu, Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko akordioan ezarritako informazio eta arretako betebeharrekin zerikusia dutenak, nazioarteko zerga betebeharra hobetzeko eta atzerriko kontuen zerga betebeharren gaineko Estatu Batuetako legea aplikatzeko, eta zenbait estatubatuarren finantza kontuen urteko informazio-aitorpena, 290 eredua, onesten du, baina informatzeko beste betebehar bat ezarri du finantza erakundeek daramatzaten kontuei buruz. Agindu horrek uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendu orokorraren 37 bis artikuluan xedatutakoa garatzen duenez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik martxoren 1 arteko epea ezarri du 290 eredua aurkezteko, aurreko urteko finantza informazioari buruz; aipatu erregelamenduak zerga arloko kudeaketa eta ikuskapen prozedurak eta jarduketak arautzen ditu, eta zergak aplikatzeko prozeduren arau komunak garatzen.

Ildo beretik, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak abenduaren 11ko 477/2014 Foru Agindua eman zuen, zeinak “Zenbait estatubatuarren finantza kontuen urteko informazio-aitorpenaren eredua” (290 eredua) onesten baitu, Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztera behartuta daudenentzat, eta lehen aipatu epe bera ezartzen du.

Alabaina, betebehar hau berria eta korapilatsua denez informazio jakin bat lehen aldiz egiaztatzeko, ona litzateke zenbait estatubatuarren finantza kontuen urteko informazio-aitorpena aurkezteko epea luzatzea 2014. urteko aitorpenarentzat bakarrik eta Estatuan ezarritakoaren indar berarekin; horrela, ahal den neurrian, finantza erakundeek aiseago izanen dute informazio betebehar berri hau behar bezala betetzea.

Horrenbestez, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan eta zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako gaikuntza orokorrarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Abenduaren 11n emandako 477/2014 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez, “Zenbait estatubatuarren finantza kontuen urteko informazio-aitorpenaren eredua” (290 eredua) onetsi zen.

Ondoren aipatzen diren abenduaren 11ko 477/2014 Foru Aginduaren manuek hurrengo testua izanen dute:

Bat. Xedapen iragankor bakarra gehitzea.

“Xedapen iragankor bakarra.–Zenbait estatubatuarren finantza kontuen 2014. urteko informazio-aitorpenaren 290 eredua aurkezteko epea.

Zenbait estatubatuarren finantza kontuen 2014. urteko informazio-aitorpenari bakarrik dagokionez, 2015eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31 arte izanen da 290 eredua aurkezteko epea.”

Bi. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2.b) artikulua, zioen azalpenean eta 2. artikuluan aipatzen dena, haren 46.2.a) artikuluarekin ordezten da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko martxoaren 20an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1504441