55. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da merkataritzako txikizkako enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2015eko diru-laguntzetarako deialdia.

Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III Planak, besteak beste, “Lehiakortasunaren hobekuntza” izeneko 1. programa ezartzen du, eta bost jarduketa lerro zehazten ditu programa horretan.

“IKTak eta teknologia” izeneko 1.1 jarduketa lerroak helburu du merkatariei eta merkatarien elkarteei laguntzea informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzen, sektoreko garapen teknologikoa handitu dadin, eta, horretarako, bultzatuko dira negoziorako edo jarduera garatzeko hobekuntzak ekarriko dituzten inbertsioak.

Bestalde, “Elkarteak” izeneko 1.3 lerroak, bere helburu nagusien artean, sektoreko enpresen arteko lankidetza ezartzen du, sinergiak baliatzeko eta, hala, txikizkako merkataritzak ekimen berriak abiarazteko enpresa integraziorako, beren lehiakortasuna eta efizientzia hobetzeko. Horretarako enpresen arteko elkarlana bultzatuko da, hainbat modalitatetan, bai unean uneko lankidetza proiektuetan bai erosketa-zentralak sortzean, udal azokak kudeatzean edo enpresa integrazioko beste formula batzuetan.

Orobat, azpiegiturak berrituz eta hobetuz, Nafarroako txikizkako merkataritza modernizatzea du helburu “Merkataritzako establezimenduen modernizazioa eta hobekuntza” izeneko 1.4 jarduketa lerroak, egungo merkataritza sareak eta sektoreko enpleguak aurrera jarrai dezaten.

Besteak beste, merkataritzako establezimenduak eta beren hornikuntza berritu eta hobetzeko inbertsioak bultzatzea da jarduketa lerro horien ondorioz aurreikusi diren jarduketa neurriak.

Halaber, aurreikusten da establezimenduetako inbertsioetarako diru-laguntzak ematea, inbertsioak honako proiektu hauen ondorioz egiten diren kasuetan: Salmenta-Puntuko Diagnostikoko berariazko proiektua (SPD proiektuak), Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak egina; Enpresa Integrazioko (EI) berariazko proiektua; eta Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua (MKTZ proiektuak) izeneko proiektua, Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioak kudeatua.

Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Merkataritzako txikizkako enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzetarako 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 700.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera. Hona hemen, zehaztuta:

a) Modernizazio edo erreforma proiektuetako inbertsioak: 580.000 euro.

b) Berariazko proiektuetako inbertsioak: Salmenta-Puntuko Diagnostikoa (SPD), Enpresa Integrazioa (EI) eta Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua (MKTZ): 80.000 euro.

c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak: 40.000 euro.

4. Gastu hori 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10003-A1140-7701-431402: txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea (MBP 1. programa)

4877

2015

700.000,00

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 5ean.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoa da Nafarroako txikizkako merkataritza berritzea eta modernizatzea, baita haren azpiegiturak hobetzea ere, egungo merkataritza sarea indartzeko eta sektoreko enplegua akuilatzeko eta haren lehiakortasuna eta errentagarritasuna handitzeko.

2. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.

Foru agindu honen II. tituluan zehaztu diren inbertsio proiektuak dira diru-laguntzaren xede, honako hauek hain zuzen:

A) Lehendik dagoen merkataritzako establezimendu bat modernizatu, erreformatu, berritu, handitu edo lekualdatzeko proiektuetako inbertsioak.

B) Berariazko proiektuetako inbertsioak.

B.1) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) Zerbitzua.

B.2) Enpresa integrazioko proiektuak (IEP).

B.3) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua (MKTZ).

C) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak.

3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.

Honako betekizun hauek betetzen dituzten inbertsioek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

1. Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden merkataritzako txikizkako establezimenduetan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian dauden saltokiak, betiere lurzatiak edo ondoko lurzatiek etxebizitzetarako erabilera nagusia badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan daudenak.

Betekizun hori ez da eskatuko hurrengo kasuetan:

–Lorezaintzako produktuak saltzen dituzten txikizkako merkataritza jarduerak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –EJSN– 2009 barreneko jarduera, 47.76 kodea).

–Eraikuntza eta saneamenduko materialak saltzen dituzten txikizkako merkataritza jarduerak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –EJSN– 2009 barreneko jarduera, 47.52 kodea).

–Mugaz gaindiko eremuetan dauden merkataritzako establezimenduetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.

2. Establezimendu berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, bultzatu behar den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak, eta, nolanahi ere, merkataritza jarduera hori izanen da lokal horretako jarduera ekonomiko nagusia.

Bereziki, elikagaiak eta edariak saltzen dituzten establezimenduek, bertan dastatzeko gune bat badute, laguntza izan dezakete; betiere, gune hori ez da merkataritzako establezimenduaren azaleraren %40 baino handiagoa izanen.

3. Diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera, deialdi honen II. tituluan ezarritako berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

4. Diru-laguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute diru-laguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.

5. Leasing bidez finantzaturik eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izanen dira baldin eta enpresak ondasuna erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu eta, gainera, eragiketagatik ordaintzeke dagoen BEZa aldez aurretik ordaintzen bada.

6. Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute, baldin leasing-aren bidez finantzatzen direnenak, eta haien kudeaketa ekonomikoa zuzenean egin.

7. Ez dira diruz lagunduko honako kontzeptu hauek:

a) Bigarren eskuko aktibo finkoak.

b) Merkataritza lokala eta lurrak erosteko inbertsioak.

c) Garraioko elementuak.

d) Negozioen eskualdaketa gisa ordaindutako gastuak.

e) Edozein eratako tributuak.

f) Erakusketako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak.

g) Merkataritza lokalen alokairu gastuak eta material suntsigarrienak.

4. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta deialdi honetan ezarritako berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

5. oinarria. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

1. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Diru-laguntza eskatzen duenak “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez adierazi beharko du ez duela Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekurik urratzen.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne.

c) Enpresa txiki eta ertaina izateko baldintza betetzen duelako erantzukizuneko aitorpena, kontuan izanik mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa.

d) Erantzukizuneko aitorpena, adierazten duena behar diren neurriak hartzen direla txikizkako merkataritza arloko jarduera ekonomiko arruntean eta aurkeztutako proiektuaren exekuzioan jarduerak sortutako hondakinak murrizteko eta egokiro tratatzeko.

e) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

f) Eskaeraren xedeko proiektuaren memoria, gutxienez ere honako hauek jasoko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egitea komeni dela azaltzen duten arrazoiak, lortu nahi diren helburuak, deialdiak gastuetarako onartzen duen epean egin gogo diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda baloratua, eta haiek gauzatzeko aurreikusi diren epeak.

g) Eskatzailea nor den frogatzen duten dokumentuak.

–Sozietate erregularren kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, baldin merkataritza arloko pertsona juridikoak badira.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoei dagokienez: nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

2. Laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira aurreko 1. puntuko a), b), c) eta d) ataletan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, erantzukizuneko aitorpenek deialdian zehaztutako ondorioak sortuko dituzte, galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egindako erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

3. II. tituluan ezarritako berariazko baldintzak betetzen direla frogatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, diru-laguntzaren xedeko proiektuen arabera:

a) Kasu guztietan: laguntza eskaeraren xedeko merkataritzako establezimendua jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman izanaren kopia. Hori ez bada, dagokion udalerriko ziurtagiria, non adieraziko baita noiz hasi duen eskatzaileak txikizkako merkataritza jarduera establezimendu horretan.

b) Salmenta-Puntuko Diagnostikoa: diagnostikoaren eta egindako gomendioen kopia, bai eta laguntzak jaso ditzaketen gastuen eperako aurreikusi diren jarduketena ere. Laguntzak jaso ahal izateko, tutoretza planeko jarduera guztiak egin direla frogatu beharko da.

c) Enpresa integrazioko proiektuetan parte hartzea: enpresa egituraren parte dela frogatzen duen dokumentazioa edo hartan integratzea eskatu izanarena.

d) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: diagnostikoaren eta egindako gomendioen kopia, bai eta laguntzak jaso ditzaketen gastuen eperako aurreikusi diren jarduketena ere. Laguntzak jaso ahal izateko, jarraipen fitxako jarduera guztiak egin direla frogatu beharko da.

6. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean adierazi ahal izateko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Ordua eta minutua agertu ezean, ulertuko da datu horiek dituen egun bereko azken eskaeraren ondoren aurkeztu dela 7. oinarrian ezarritako ondorioetarako.

2. 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31ra, biak barne, egindako edo egin nahi diren jarduketetarako eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Eskabidea Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakiaren araberakoa izanen da, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Deialdiaren 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

b) 2014ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte, biak barne, egindako inbertsioei dagokienez, 8. oinarrian adierazitako dokumentazioa ere aurkeztuko da.

c) Eskaera aurkezteko epearen biharamunetik 2015eko urriaren 31ra aurreikusitako gastuetarako, epe horretarako aurreikusitako gastuen zerrenda baloratu eta zehatza aurkeztuko da, aurrekontuekin, pro forma fakturekin edo gastu horiek zenbatzeko modua ematen duen beste dokumentazio batekin justifikatuta, eta ez dira onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

4. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira laguntza eskatzeko inprimakian eta jarduketen memorian proiektu mota bakoitzerako ezarritako zenbatekoak. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste inolako agiririk.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da, eta eskaerak aurkezteko ordenaren arabera tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak deialdiaren 2. oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

2. Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak ebaluatu eta aztertuko ditu aurkezpen ordenaren arabera eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean, gehienez ere; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

3. Epe hori bukaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.

4. 2. A) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. B) eta 2. C) oinarrietan ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori, hurrenkera horretan.

5. 2. B) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. A) eta 2. C) oinarrietan, hurrenez hurren, ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.

6. 2. C) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. A) eta 2. B) oinarrietan, hurrenez hurren, ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.

7. Diru-laguntza ematen duen ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak isiltasun administratiboaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

8. Laguntzak eman ondoren, aurreko atalei jarraituz, deialdiaren aurrekontu-kredituak agortuz gero, gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.

9. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Egindako inbertsioen justifikazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak bukaturik, onuradunek haiek egin izana frogatu beharko dute eta, horretarako, honako hau aurkeztu:

a) Egindako jarduketak frogatzeko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) eskuratzen ahal dena, kasuan kasuko zerbitzuen katalogoko fitxan, dokumentazio hau gehituta:

b) Egindako jarduketak ebaluatzen dituen azken txostena, honako hauek azaltzen dituela, gutxienez ere:

–Egin diren jarduketen deskribapena.

–Hasieran aurreikusitako proiektuan egindako aldaketak.

c) Aurkeztutako fakturen zerrenda zehatza, haiek diru-laguntzaren xedeko kontzeptuen arabera multzokatuta, eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta daudela.

d) Diruz lagundutako aktibo finkoen proba grafikoa eta, merkataritzako lokala berritu, modernizatu edo egokitzeko proiektuen kasuan, establezimenduaren argazkiak, barrenekoak zein kanpokoak, aurkeztu beharko dira, haren egoera egiaztatu ahal izateko jarduketen aurretik eta ondotik.

e) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen 205/2004 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzailearen izenean jaulki beharko dira.

f) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak, hau da, ordainagiriak edo bankuko karguak. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

g) Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa (BEZa barne) denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan (lokalak egokitzeko zaharberritzea eta obra zibila), edo 12.000 eurotik gorakoa (BEZa barne) aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu izana dioen erantzukizuneko aitorpena, laguntza justifikatzeko inprimakian sartua, bete beharko da.

Onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

h) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) proiektuaren ondoriozko inbertsioak frogatzeko, aurrekoaz gain, jarraipena egin duen teknikariaren azken txostena aurkeztuko da, horretarako egindako merkataritza-diagnostikoan agertzen diren gomendioen ezarpenari buruz. Gomendio horien ondoriozko inbertsioak 17.3 oinarrian agertzen den epetik kanpo ezartzen badira, laguntzen hurrengo deialdietan ez dituzte izango berariazko proiektuen onurak.

i) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua (MKTZ) proiektuaren ondoriozko inbertsioak frogatzeko, aurrekoaz gain, diagnostikoa egin duen teknikariaren azken txostena aurkeztuko da, horretarako egindako merkataritza-diagnostikoan eta jarraipen fitxan agertzen diren gomendioen ezarpenari buruz. Gomendio horien ondoriozko inbertsioak 17.3 oinarrian agertzen den epetik kanpo ezartzen badira, laguntzen hurrengo deialdietan ez dituzte izango berariazko proiektuen onurak.

2. Ekintzen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2014ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte egindako inbertsioak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2015eko urriaren 31ra bitarte egindako jardueren kasuan: 2015eko azaroaren 16a arte, egun hori barne.

Diruz laguntzen ahal diren ekintzak frogatzeko ezarritako epean ezin bada dokumenturen bat aurkeztu, eskatzaileak ez aurkezteko arrazoiak agerrarazi beharko ditu, eta epe hori handitzeko eskatuko du; Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onartuz gero, interesdunari jakinaraziko zaio, epe berriaren berri eman ahal izateko.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Diru-laguntzak epe hauetan pagatuko dira:

a) Eskaera aurkeztearekin batera justifikatzen diren gastuetarako, diru-laguntza ematen dela dioen ebazpenean berean aginduko da ordainketa egiteko.

b) Edozein kasutan, emandako diru-laguntzaren lehen ordainketa egin ahal izateko, diru-laguntza jaso dezakeen proiektu mota bakoitzari eskatzen zaion gutxieneko inbertsio-bolumena berdindu behar du justifikatutako gastu onartuak. Hala izan ezean, diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da diruz lagundutako proiektuaren gastu guztiak justifikatu ondoren.

c) Eskaera aurkeztu ondoren justifikatutako gastuetarako, aurreko oinarrian adierazitako frogagiriak aztertu eta onartu ondoren eginen da ordainketa.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, eskaintzen den aitorpenaren ereduan eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

2. Onuradunek gutxienez 4 urtez eduki beharko dituzte Nafarroan enpresari lotuta dauden diru-laguntzaren xedeko ondasunak, inbertsioak abian jartzen direnetik, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada. Ondasunak erregistro publikoan inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Epe horiek inbertsioak abian jartzen direnez geroztik hasiko dira.

3. Diru-laguntzaren onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela. Horretarako, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak diru-laguntza ordaintzeko unean prestatu eta igortzen duen frogagiria erakutsi beharko du merkataritzako establezimenduaren ageriko toki batean 2 urtez.

4. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5. Txikizkako merkataritza arloko jarduera ekonomiko arruntean eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan sortutako hondakinak murrizteko eta egokiro tratatzeko behar diren neurriak hartu beharko dituzte onuradunek. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari edo antzeko beste erakunde bati ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2014 Foru Legean ezarritakoa betez.

6. Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

1. Txikizkako merkataritzako establezimenduak modernizatzeko diru-laguntza bateraezina da jarduketa beretarako beste administrazio publikoetako, erakunde publiko edo pribatuetako edo partikularren diru-laguntzekin, haiek Estatukoak edo nazioartekoak izan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ezarritakoak ez badira.

2. Foru agindu honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1407/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. TITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

I. KAPITULUA

Modernizazio edo erreforma proiektuetako inbertsioak egitea

13. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.

1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira laguntzen xede:

a) Laguntza eskaera aurkezteko unean, jardueran bi urtetik gora daraman merkataritzako establezimendu bat modernizatu, erreformatu, berritu edo handitzeko egiten direnak.

b) Lehendik zegoen merkataritzako establezimendu bat tokiz aldatzeagatik, lokal berria modernizatu, erreformatu edo berritzeko egiten direnak; betiere, merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.

c) Merkataritzako establezimendu berri bat kokatzeko, lokala modernizatu, erreformatu edo berritzeko egiten direnak, baldin eta horrek txikizkako merkataritza enpresak dituen merkataritza establezimenduen kopurua handitzen badu.

2. Lehentasuna izanen dute merkataritzako proiektu hauek:

a) Landa guneetan dauden merkataritza establezimenduetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak; ondorio horietarako, 3.000 biztanletik beherako biztanle guneak hartuko dira kontuan. Biztanleen kopurua zehazteko, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak, oinarri hartuko dira.

b) Eskaera aurkezten den egunean, merkataritza establezimenduetan 25 urtetik gorako antzinatasunaz etenik gabe egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak; betiere, laguntza izan dezaketen inbertsioko proiektuek abian den jarduera ekonomikoak jarraituko duela bermatu beharko dute.

14. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.

Honako inbertsio hauei dagozkienak hartuko dira diru-laguntzaren xedeko jarduketatzat, eta ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte:

1. Kontzeptu hauetako bati egokitu beharko zaizkio:

a) Merkataritzako lokalak zaharberritzea eta haiek egokitzeko obra zibilak.

b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Altzariak, merkataritzako hornikuntza eta makinak.

–Merkataritza jarduerarako behar den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.

c) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketari zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira.

2. Foru agindu honen II. eranskineko a) atalean ezarritakoa da diru-laguntza eskuratzeko merkataritza establezimenduari eskatzen ahal zaion gutxieneko inbertsioa (BEZa kanpo), enpresaren tamainaren arabera.

3. 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31 arteko epean, biak barne, egindako inbertsioek izan dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat. Oinarri honen 1.c) atalean, zerbitzu tekniko profesionalen ordainsarientzat zehaztutako gastuen kasuan, 2014ko irailaren 1etik aurrerako fakturak onartuko dira.

15. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritzako enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:

–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

2. Kanpoan gelditu dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabakoaren produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

3. ETEtzat (enpresa txiki eta ertainak) jotakoak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.

5. Ez da lokalaren antzinatasuna eskatuko 13. b) eta c) oinarrian aurreikusitako kasuetan.

16. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko irizpideak.

1. Diru-laguntza inbertsioaren portzentaje bat izanen da eta foru agindu honen II. eranskinean jasotako ponderazioa duten hurrengo irizpide objektiboen arabera emanen da:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumena.

b) Lehentasuna duen proiektua.

2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da merkataritza establezimendu bakoitzeko, baldin proiektuak ez badu betetzen lehentasunezko proiektutzat hartua izateko 13.2 oinarrian ezarritako bi irizpideetako bakar bat ere; 32.500 eurokoa, bietako bat betetzen badu; eta 35.000 eurokoa, biak betetzen baditu.

II. KAPITULUA

Berariazko proiektuetako inbertsioak

17. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.

Nafarroako merkataritza establezimenduen kudeaketa hobetzearen ondoriozko inbertsioak izanen dira diru-laguntzaren xedeko jarduerak, hurrengo proiektu hauetako baten ondoriozkoak badira:

B.1) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) Programa: laguntza izan dezakete Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak 2014an kudeatutako proiektuan parte hartu duten enpresek merkataritzako establezimenduaren kudeaketa berritzeko edo hobetzeko egiten dituzten inbertsioek, betiere zerbitzu horrek egindako gomendioen ondoriozkoak badira eta tutoretza plan batek lagunduta gauzatu badira.

B.2) Enpresa integrazioko proiektuetan (IEP) parte hartzea: laguntza izan dezakete elkarte motan sartzeko, enpresa-egituran sartzeko eta egitura horien irudi amankomun edo korporatiboari egokitzeko behar diren inbertsioek, honako hauek eginak: erosketa-zentraletako enpresek, txikizkako udal merkatuetako kontzesionarioek, Eskurako Merkataritza Sarean integratutako establezimenduek edo bestelako enpresa elkarteetan sartzen diren enpresek.

B.3) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua (MKTZ): laguntza izan dezakete Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioak 2014an kudeatutako zerbitzuan parte hartu duten enpresek egiten dituzten inbertsioek, betiere merkataritzako establezimenduaren lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko egiten badira, aipatutako zerbitzuak egindako gomendioen ondorioz.

18. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.

Diru-laguntzaren xedeko jarduerak ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:

1. Aurreko oinarrian aurreikusitako jardueretako baten ondoriozko inbertsioak, honako kontzeptuetako bati dagozkionak:

a) Merkataritzako lokalak zaharberritzea eta haiek egokitzeko obra zibilak.

b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Altzariak, merkataritzako hornikuntza eta makinak.

–Merkataritza jarduerarako behar den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.

c) Frankizietan eta udal merkatuetan sartzeko, erosketa-zentralei hasieran atxikitzeko eta enpresa integrazioko beste modu batzuetan sartzeko kanonen ordainketari dagozkion gastuak.

d) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak, hala nola, proiektua prestatzea eta obra zuzendaritza eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuak.

2. Diruz laguntzeko gutxieneko inbertsioa 1.200 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.

3. 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren jarduketek jaso dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat. Oinarri honen 1.d) atalean, zerbitzu tekniko profesionalen ordainsarientzat zehaztutako gastuen kasuan, 2014ko irailaren 1etik aurrerako fakturak onartuko dira.

4) Aurreko oinarriko B.1) eta B.3) ataletan ezarritako proiektuetako laguntzak jaso ahal izateko, frogatu beharko da tutoretza planeko edo jarraipen fitxako jarduera guztiak egin direla.

19. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritzako enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 47.11 eta 47.79 taldeetan, biak barne, sartuta dauden jardueretako bat izatea.

2. Mikroenpresak edo enpresa txikiak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. Kanpoan gelditu dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabakoaren produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.

20. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren %40koa izanen da enpresa integrazioko proiektuen ondoriozko inbertsioetarako diru-laguntza; ondoren adierazten dira merkataritza establezimendu bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa, jarduketa mota bakoitzerako:

–Salmenta-Puntuko Diagnostikoa: 9.000 euro.

–Enpresa integrazioko proiektuetan parte hartzea: 9.000 euro.

–Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: 9.000 euro.

III. KAPITULUA

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako inbertsioak

21. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) txikizkako merkataritzako ETEetan sartzea eta aplikatzea izanen da diru-laguntzaren xedea, lagungarria izan dadin haien kudeaketa modernizatu, negozioaren eredu berriak sortu eta lehiakortasuna hobetuko duten antolaketa prozesuak hobetzeko.

22. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.

Honako inbertsio hauei dagozkienak jotzen dira diruz laguntzeko moduko jarduketak:

a) Enpresa jardueraren garapenari zuzenean lotutako programa informatikoak.

b) Enpresaren jarduerari buruzko web orriak diseinatu eta ezartzea.

c) Lehen aipatutako a) eta b) ataletan adierazitako programa informatikoak edo web orriak ezartzeko behar diren mahai gaineko ordenagailuak, baita salmenta-puntuko terminalak (SPT) eta datafonoak ere.

23. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.

a) Diru-laguntzatik kanpo daude produkziorako edo antibirus programetarako programa informatikoak, baita softwarearen eguneratzeak, lizentzien berrikuntza edo beste edozein mantentze-gastu; hortaz, programa informatikoek lehen aldiz ezarritakoak izan behar dute.

b) Mahai gaineko ordenagailuen erosketak diru-laguntza izateko, programa informatiko bat edo web orri bat ezartzearekin batera egin beharko da; betiere, kontzeptu honetan egiten den gastua ez da izanen aurreko oinarrian ezarritako a), b) eta c) kontzeptuetan guzira egindako inbertsioaren %50 baino handiagoa. Ondorio horietarako, ordenagailuek funtzionatzeko behar diren programa informatikoak (Office) ordenagailuaren kostu handiago gisa kontatuko dira. Orobat, enpresa eskatzaile bakoitzeko gehienez ere ordenagailu baterako ematen ahalko da diru-laguntza.

c) Web orriek menuen araberako nabigazioa izan beharko dute eta, gutxienez ere, honako hauek izanen dituzte: enpresa aurkezteko orriak, egiten den merkataritza jardueraren xehetasunak, merkataritza establezimenduaren kokapena, harremana eta eskaintzen dituen produktuen gaineko informazioa. Ez da diru-laguntzarik emanen web orrien eguneratzeak egiteko.

d) Aurreko oinarrian ezarritako a), b) eta c) kontzeptuetarako guztira eskatzen den gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa 1.000 eurokoa da (BEZa kanpo) eta gehieneko inbertsioaren zenbatekoa, hiru kontzeptu horietarako guztira, 5.000 eurokoa (BEZa kanpo) gehienez ere.

e) Ez da diru-laguntzan sartuko inprimagailu, eskuko ordenagailu eta aurreko oinarrian aipatu ez diren beste ekipamendu informatiko batzuen erosketa.

f) 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren jarduketek jaso dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.

24. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritzako enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 47.11 eta 47.79 taldeetan, biak barne, sartuta dauden jardueretako bat izatea.

2. Mikroenpresak edo enpresa txikiak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. Kanpoan gelditu dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabakoaren produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatutako establezimenduan hasteko eguna.

5. Ez da lokalaren antzinatasunaren baldintza eskatuko inbertsioa jarduera ekonomikoa tokiz aldatzearen ondoriozkoa denean edo inbertsioa txikizkako merkataritza enpresak dituen merkataritza establezimenduen kopurua handitzearen ondorioa denean.

25. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren %40koa izanen da informazioaren eta komunikazioaren teknologietako inbertsioetarako diru-laguntza, eta 2.000 eurokoa, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko.

II. ERANSKINA

I. kapituluko proiektuetarako diru-laguntzak emateko irizpideak: modernizazioa edo erreforma

Hauxe da deialdiaren 16. oinarrian laguntza emateko ezarritako irizpideen ponderazioa:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumen erlatiboa, oinarrizko diru-laguntzaren portzentajea zehazten duen enpresaren tamainaren arabera.

ENPRESAREN
TAMAINA

GUTXIENEKO INBERTSIOA MERKATARITZA ESTABLEZIMENDU BAKOITZEKO (BEZ-A kanpo)

OINARRIZKO DIRU-LAGUNTZA

Mikroenpresa

15.000 euro

%35

Enpresa txikia

40.000 euro

%23

Enpresa ertaina

150.000 euro

%5

b) Lehentasunezko proiektuak, aurreko ataleko oinarrizko diru-laguntzaren portzentajearen gaineko igoera erabakitzen dutenak.

ENPRESAREN
TAMAINA

LEHENTASUNEZKO PROIEKTUAK

Landa gunea
(< 3.000 biztanle)

Establezimenduak
> 25 urteko antzinatasuna

Mikroenpresa

%8

%8

Enpresa txikia

%8

%8

Enpresa ertaina

%8

%8

Iragarkiaren kodea: F1503596