47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, “Turismoko elkarteek, enpresa batasunek eta partzuergoek turismoaren marketinean egindako jardueretarako 2015eko laguntzen deialdia onesten duena”.

Turismoa garatu eta sustatzea helburu duten turismo partzuergoek eta elkarteek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismoaren sektorea indartuz, Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten baitute.

Laguntzen deialdi honen bidez turismoko marketina egiteko ekimenak sustatu nahi dira sektore publikoan eta pribatuan, Nafarroako Turismoaren Plan Integrala gauzatzeko funtsezko tresna baita.

Diruz lagunduko diren ekintzek dinamizatu egiten dituzte marketin turistikoko 2015erako eragiketa-plana osatzen duten programak (web-a eta teknologia berriak, azoketara joatea eta zuzeneko aurkezpenak, turismoko argitalpen eta euskarriak, eta marketin arloko prestakuntza eta teknologia berriak), eta loturak dituzte haiekin.

Ikus daitekeenez, askotan data jakin batzuetan egin behar diren jarduketak jasotzen ditu deialdi honek eta, beraz, ezin dira beti zain egon, aurkeztu ohi diren deialdia noiz argitaratuko den. Deialdi hau urtero, eta modu berean aldiro, argitaratzen da; hortaz interesdunak jarduketa batzuk egiteko arriskua hartzen du bere gain, onuradun izanen den edo ez jakin gabe. Gainera, diru-laguntzen kudeaketa hobetzearren eta kudeatzaileek urte bukaerako justifikazioak berrikusteko nahikoa asti izan dezaten, esan behar da deialdiak kontuan hartzen duen aldia ez dela urte errealarena. Hori horrela, eta argitalpena aurrekontuaren xedeko urtean egiten denez, argitalpenaren aurreko jarduketak onartu beharrean gaude, baina betiere oinarri arautzaileetan ezarritako epearen barrenean; izan ere, interes orokorreko jarduketak direla uste dugu, bai elkarteentzat bai Nafarroa osoko garapen turistikoarentzat.

Deialdi hau norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baina norgehiagoka egin gabe. Aitzitik, diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Hori horrela da deialdian aurreikusten diren jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako; zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobe izanen da Nafarroaren eta bertako turismo produktuen berri zabaltzeko. Esperientziari esker badakigu horrelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, elkarteek ez dutelako diru aski. Baina laguntza emateko aukerarik badago, hasiera batean deialdian ezartzen dena baino txikiagoa izanik ere, jarduerak burutu ohi dira.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Turismoko elkarteek, enpresa batasunek eta partzuergoek 2015. urtean turismoaren arloan egiten dituzten marketin jardueretarako laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10001-A1130-4609-432100: Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak jarduketetarako eta sustapenerako (PITN)

4871

2015

40.000,00

A10001-A1130-4709-432100: Ekimen pribaturako laguntzak, sustapenerako (PITN)

4871

2015

139.500,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

TURISMOKO ELKARTEEK, ENPRESA BATASUNEK ETA PARTZUERGOEK TURISMOAREN MARKETINEAN EGITEN DITUZTEN JARDUERETARAKO 2015EKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honetako laguntzak 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean egiten diren turismoko marketin jardueretarako dira. Irizpide hori aplikatuko zaie, orobat, proiektu bakar batean aurkeztuta ere bertako jarduketen %75 gutxienez epe horren barrenean egiten diren proiektuei.

Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak ezarritako Turismoaren Plan Integralaren ildoei jarraituko diete deialdi honen xede diren jarduketek, eta haren eragiketa-planaren ezarpen zabalagoa ekarriko dute. Halaber, “Nafarroako Erresuma” marka turistikoa sustatzen lagunduko dute, baita www.turismonavarra.es Nafarroako turismoaren webgune ofiziala ere.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gehieneko zenbatekoa 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura eginen da:

–Turismoko elkarteentzako edo enpresa batasunentzako laguntzak.

Gehienez ere 139.500 euro, Ekimen pribaturako laguntzak, sustapenerako (PMT) izeneko A1001 / A1130 / 4709 / 432100 kontu-sailaren kargura.

–Turismo partzuergoentzako laguntzak.

Gehienez ere 40.000 euro, “Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak turismoko jarduketetarako eta sustapenerako” izeneko A10001 A1130 4609 432100 kontu-sailaren kargura.

Nolanahi ere, espedienteak berrikusi eta deialdiaren ebazpena proposatu ondoren, azpiatalen batean dirurik gelditzen bada, besteari gehitzea proposatzen ahalko da. Halaber, deialdi honen eta programa bereko beste deialdi batzuen beste atal batzuk ebatzi ondoren, edo aurrekontuetako kontu-sailak handitu ondoren gerakinik baldin bada, aipatu kopuruak handitzen ahalko dira.

Modu berean, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua handitzen ahalko da gerakin berria agortu arte edo, hainbanatu beharrik gabe bakoitzari zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

3. Onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete laguntzok:

–Nafarroako Turismo Erregistroan 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik inskribatuta dauden turismoko enpresaburuen elkarteak, haien kideen edo bazkideen %50, gutxienez, turismo sektorearen ordezkariak baldin badira. Horrelakotzat hartuko dira turismo erregistroan erregistratuta dauden turismo establezimenduen titularrak. Orobat, 200 bazkidetik gora dituzten elkarteak hartuko dira kontuan, haietako 100ek, gutxienez ere, aurreko baldintzak betetzen badituzte.

–Helbidea Nafarroan izan eta 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismo arloko enpresa batasunak.

–Helbidea Nafarroan duten turismo partzuergoak, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Deialdi honen xedeko jarduketak izanen dira azoka eta/edo aurkezpenetara joatea, hedapen turistikoko materiala argitaratzea, deialdi honen II. eranskinean zehazten diren jarraibide teknikoen araberako publizitate kanpainak, eta marketinaren, teknologia berrien eta berrikuntzaren gaineko prestakuntza ekitaldiak.

Hemen aurkezten diren proiektu guztiek harreman zuzena izan behar dute haiek sustatzen dituen elkartearekin edo partzuergoarekin, eta haren proiektu edo jarduketei buruzkoak izanen dira, edo bazkide guztiak ukitzen dituzten edo haiengan eragina duten jarduketak. Eragina bazkide multzo batengan baldin badu bakarrik, behar bezala argudiatu beharko da jarduketak elkartearentzat duen interesa. Jarduketa indibidualak ez dira inola ere onartuko.

Zehazki, ondoko jarduketa motek jaso ditzakete laguntzak:

A.–Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.

Turismo marka aplikatzea eta turismoko web ofiziala agertzea nahitaezkoak izanen dira muntaketaren apainduran (erakustokiak, olanak, roll-up-ak...) eta epigrafe honen barrenean egiten diren ekintza guztietan. Turismoko marka eta webgunea zuzen aplikatzeko, deialdi honen II. eranskineko jarraibide teknikoen eskuliburuaren 1. atalean zehaztutako jarraibideak beteko dira.

a.1. Nazioarteko azoka eta aurkezpen ekitaldiak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia bertaratzen denean. Ekintza horiek sartuta egon beharko dira turismoko azoken eta sustapen ekitaldien 2015eko planean.

a.2. Turismoko azoka edo aurkezpen ekitaldietan parte hartzea hurbileko merkatuetan (Espainiakoak edo nazioartekoak), EAEn, Errioxan, Aragoin, Frantziako hego-mendebaldean eta Nafarroan, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak horietan parte hartzen ez duenean, eta inguruabar puntualak direla-eta interes berezikoak izan daitezkeenetan, haietara joanen dela aldez aurretik jakinarazi zaionean Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari.

a.3. Navartur azoka.

a.4. Nazioarteko turismo azoka eta aurkezpen ekitaldiak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia bertaratzen denean. Ekintza horiek sartuta egonen dira Turismoko azoken eta sustapen ekitaldien 2015eko planean.

a.5. Nazioarteko turismo azokak, workshop-ak eta aurkezpenak (Frantziako hego-mendebaldea salbu), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia bertaratzen ez bada.

Salbuespen gisa, inguruabar puntualak eta behar bezala arrazoituak direla kausa, interes berezikoak izan daitezkeen azoka edo aurkezpenak onartzen ahalko dira, haietara joanen dela aldez aurretik jakinarazi bazaio Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari.

A epigrafe osoko laguntzaren zenbatekoen laburpen-taula:

Epi.

Azoka mota

Gehienez pertsonak eguneko

Langileen gastuak: ostatu hartzea, garraioa
eta mantenua

Azokaren/aurkezpenaren gastuak: lurzoruaren eta erakustokiaren alokairua eta materialaren garraioa (*)

a.1

Espainiakoa Nafarroako Gobernuarekin

1

125 euro

0

a.2

Hurbilekoak Nafarroako Gobernurik gabe

2

125 euro

%70

(gehienez ere 5.000 euro)

a.3

Navartur

0

0 euro

%70

(gehienez ere 5.000 euro)

a.4

Nazioartekoa Nafarroako Gobernuarekin

1

200 euro

0

a.5

Nazioartekoa Nafarroako Gobernurik gabe

2

200 euro

%70

(gehienez ere 8.000 euro)

Onartutako gastu motak:

–Langileen gastuak: halakoak dira parte-hartzaileen garraio*, ostatu eta mantenu gastuak, behar bezala justifikatuak tiket edo fakturen bidez, zein bere ordainketa agiriarekin (ez da hirugarrenen fakturarik onartzen).

–Azoka edo aurkezpenak instalatzeko gastuak: halakoak dira lurzorua alokatzeak, erakustokiak edo material garraioak eragindakoak. Aurkezpen ekitaldiak egiten direnean, honako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza: aretoen, baliabide teknikoen (megafoniak, pantailak...) alokairua, koktela, materialen garraioa eta aurkezpenaren xede den materialarena, betiere II. eranskineko jarraibideen eta tekniken eskuliburuko aginduei jarraitzen bazaie.

(*) Joan-etorriak auto partikularrean egiten direnean, garraio gastutzat hartuko dira elkartearen egoitza dagoen tokitik ekitaldiaren tokira dagoen kilometro kopurua kalkulatuta sortzen direnak, kontuan hartuta kilometroaren prezioa (0,30 euro), bidesaria autopisten kasuan, eta aparkatzeko gastuak. Ez dira garraio gastutzat hartuko auto partikularra erregaiz hornitzean sortutakoak. Betiere, elkartearen/partzuergoaren erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatu beharko da gastua, eta elkarteak/partzuergoak partikularrari ordaindutakoaren agiriaren bidez.

B.–Hedapen turistikorako materiala, publizitate kanpainak eta web orriak.

b.1. Hedapen turistikorako materiala: ostatuen eta turismo produktuen gidak, euskarriak eta argitalpenak.

Epigrafe honen barruan honako kostu hauek sar daitezke: liburuxkak, argitalpenak, bideoak, objektuak eta produktu turistikoen sustapen euskarriak diseinatzea eta argitaratzea*, eta web orrien domeinuak zabaltzea, betiere Nafarroako Gobernuaren materialik ez bada.

Deialdi honen II. eranskinean ezarritako jarraibide teknikoen eskuliburuko 1) puntuan zehaztutako aginduei jarraitu beharko diete proiektuen materialek.

Proiektuaren memorian zehaztu eginen da zein sustapen-ekintzatan erabiliko diren euskarriak, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari hainbat ale emanen zaizkio, egokitzat jotzen dituen ekintzetan banatzeko.

(*) Berariaz baztertzen dira argitalpenak banatzeko gastuak.

b.2. Publizitate kanpainak.

Ohiko eta ezohiko publizitate kanpainak Nafarroan, EAEn, Aragoin, Errioxan eta Frantziako hego-mendebaldean.

On line hedabideetan eta sare sozialetan publizitatea egiteko proiektuetarako eskatzen diren laguntzak b.3 atalari atxikiko zaizkio.

II. eranskinean ezarritako jarraibide teknikoen eskuliburuko 2) puntuan zehazten diren aginduei jarraitu beharko diete kanpaina horiek.

Proiektuaren memorian zehatz azaldu behar dira ekintzak sortzeko bideak, ekintzetarako baliabideen plana, ekintzen hartzaileak eta helburuak.

b.3. Web orriak eta marketineko on line ekintzak.

–Web orriaren garapen eta hobekuntzak; besteak beste, hauek:

  • Web orria hizkuntza batera edo batzuetara osorik itzultzea.
  • Mikroguneak sortzea: berariazko produktuak (kultur, natur, landa turismoa, hegaztien behaketa, Done Jakue Bidea, turismo aktiboa etab.), eskaintzak (prezio bereziak eta deskontuak edo asteburu, zubi, eta abarretarako proposamenak dakartzan atala), profil zehatz bat xede duen atala (familiak, bikoteak, taldeak, hirugarren adina etab.).
  • Web orriaren bilakaera garrantzitsua ekar dezaketen beste garapen batzuk. Kontzeptu honetarako eskaerei berariazko aurrekontu bat erantsi beharko zaie, eta argi eta garbi azaldu beharko da oraingo web orrian egin nahi diren aldaketak.

–Marketineko on line ekintzak; besteak beste, hauek:

  • SEO bidezko bilatzaileetako kokalekua hobetzeko jarduerak.
  • On line hedabideetako eta sare sozialetako publizitatea.

Diruz lagundu behar diren marketineko on line ekintzetan helburuak definitzeko eta helburuen jarraipena egiteko plana aurreikusi beharko da.

II. eranskineko jarraibide teknikoen eskuliburuko 2) puntuan zehaztutako jarraibideak errespetatu beharko dituzte web orriak eta marketineko on line ekintzak garatu eta hobetzeko proiektuek.

B ataleko diru-laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartzen den aurrekontuaren %55era artekoa. Gehienez 10.000 euroko aurrekontua onartuko da proiektu bakoitzeko.

C.–Prestakuntza ekintzak.

Turismo sektorean marketinaren, teknologia berrien eta berrikuntzaren arloetan egiten diren prestakuntza ekintzak sartzen ahalko dira atal honetan, betiere haien edukiak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak antolatzen dituen edo onartzen dituen ekintzenak bezalakoak ez badira, edo, hala ere, departamentuaren oniritzia badute.

Eskaeran honako datu hauek adierazi beharko dira: ikastaro(ar)en helburua, norentzat den, non eta noiz eginen diren, aurreikusitako programa eta hizlariak, eta prezioa. Gainera, kontzeptu guztiak sailkatuta adieraziko dira: aretoen alokairua, hizlariak... Betiere, behin betiko programa gutxienez 15 egun lehenagotik jakinaraziko zaio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari.

–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak: hizlariaren ordainsariak, lokalaren alokairua, materiala, publizitate gastuak edo kanpoko komunikaziokoak eta kudeaketa eta koordinazioko gastuak, behar bezala argudiatu eta justifikatuak (kanpoko aurrekontu onartuaren %20, gehienez).

C ataleko diru-laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartzen den aurrekontuaren %55era artekoa. Gehienez 15.000 euroko aurrekontua onartuko da prestakuntza ikastaro bakoitzeko.

5. Diru-laguntzen muga orokorra.

–Elkarteak.

Elkarte bakoitzak ezin izanen du diru kopuru hauen gaineko laguntzarik jaso deialdi honetan azaldutako jarduketa guztietarako:

  • 5.000 euro, 10 bazkidetik beherako elkarteen kasuan.
  • 10.000 euro, 10 eta 50 bazkide bitarteko elkarteen kasuan.
  • 25.000 euro, 51 eta 70 bazkide bitarteko elkarteen kasuan.
  • 40.000 euro, 70 bazkidetik gorako elkarteen kasuan.

Nolanahi ere, elkarte berak ezin izanen du 40.000 euro baino gehiago jaso, laguntza gisa, deialdi honetako jarduketetarako eta “turismoa garatzeko” deialdian sartzen direnetarako.

–Partzuergoak. Kontzeptuen arabera aurreikusitako mugak.

6. Eskaeren aurkezpena.

6.1. Eskaerak non eta nola aurkeztu.

Eskaera egiteko, horretarako berariaz ezarrita dagoen inprimakia bete beharko da. Inprimakia eskura dago Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.

Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, eskaeraren inprimakia –eransten den dokumentazioa azaltzen duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

6.2. Entitate eskatzailea. Entitate batek proiektu bat baino gehiago baditu, denak eskabide berean aurkeztu beharko ditu. Eskabide horretan jasotzen diren proiektuen edukiak bat etorri beharko du deialdian aurreikusitako ataletako batekin.

Entitate batzuek proiektu bat batera egiten dutenean, haietako batek ordezkari lanak eginen ditu: frogagiriak aurkeztuko ditu, diru-laguntza kudeatuko du eta gainerako parte-hartzaileei dagokien zatia ordainduko die.

6.3. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita bat egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira diru-laguntzarako eskaerak.

6.4. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskabide-orria, behar bezala betea, dokumentazio honekin batera aurkeztuko da:

a) Entitateari edo entitateei dagokien dokumentazioa:

–Identifikazio Fiskaleko Kodea.

–Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Mendekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea diru-laguntzaren jasotzaile izendatu.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

–Entitate eskatzaileak aurkezten duen proiektu bakoitza zehazteko memoria. Memorian adierazi behar da ekintza noiz eta non egin behar den. Proiektuko memoriaren edukian eta formatuan behar adina xehetasunez agertu beharko da deialdiaren oinarriak eta II. eranskineko jarraibideak betetzeari buruzko informazioa, hori ebaluatu ahal izateko moduan.

–Gastuen aurrekontua, eskatzaileek aurkeztutako proiektuetako bakoitzak berea. A epigrafeari atxikita eskatzen bada laguntza, horretarako eratzen den txantiloian ezarritakoaren arabera eginen da gastuen banakatzea. Txantiloi hori Nafarroako Gobernuaren web orrian lortzen ahalko da, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.

c) Beste batzuk:

–Proiektuak egoki zehazteko behar diren beste agiri batzuk.

–Eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek proiektu bererako emandako laguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelako dirurik jaso ez badu, horren berri eman beharko du.

–Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

7. Laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Deialdi hau lehia bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baita zer kontzeptuk eta zer kopuruk izan dezaketen laguntza ere.

a) Diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzean zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa, atal bakoitzean ezarritako portzentajeak eta mugak kontuan hartuta.

b) Jarduketa mota eta onuradun bakoitzeko baimendutako gastua kontuan hartuta, eta aurrekontuko kontu-sail bakoitzean erabilgarri dagoena hasierako kalkuluaren arabera behar zena baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak 2014ko deialdian babestuta zituen ekintzen gauzatze maila aplikatuko zaio aurreko kopuruari.

Hasieran onartutako aurrekontuaren guztirakoa azkenik aurkeztutako justifikatuaren artean zatituta ateratzen dena da gauzatze maila hori. Entitateak bere proiektuetako bati uko egiten diola edo aurrekontua aldatzen duela, horretarako ezarritako epeetan, aurkeztuz gero, azken datu horiek kontuan hartuko dira.

Eskatzaileak lehen aldia badu laguntzen deialdira aurkezten dela, %100eko gauzatze maila aplikatuko da.

c) Aurrekontuko kontu-sail bakoitzeko diru kopuru erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen batura baino txikiagoa bada, hainbanaketa lineala eginen da proiektu guztien artean.

8. Kontzesioaren tramitazioa.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio, hark emandako posta elektronikoaren helbidera mezua bidaliz, akatsak zuzen ditzala hamar egun balioduneko epean, errekerimendu hori jakinarazten zaionetik hasita; adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren oniritzia eskatuko du, aurkeztutako eskaeren inguruan dagokion txostena egin dezan gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

Eskaerak azterturik, eta Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren txostena kontuan harturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, Turismoko zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako moduan.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

9. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Atal bakoitzean zehaztuta eta hirugarrenek 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean fakturatzen diren proiektuen garapenari zuzenean lotuta dauden kanpoko gastu guztiek jaso dezakete laguntza. Ez dute diru-laguntzarik izanen bere langileei dagozkien gastuek (prestakuntzarako koordinazio gastuak salbu), ezta entitatearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozkoek ere, ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

10. Diru-laguntza ordaintzea eta justifikaziorako epeak.

10.1. Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakar batean abonatzen ahalko dira zor diren zenbatekoak, edo bi zatitan.

10.2. Justifikaziorako epeak.

Beren proiektuetako bat bukatuta duten entitateek, laguntza ematen duen ebazpenaren ondoren, edozein unetan aurkezten ahalko dute gauzatuta dauden proiektuak ordaintzeko eskaera, haien justifikazioarekin batera.

Betiere, 2015eko urriaren 15ean bukatuko da justifikazioa aurkezteko epea.

10.3. Ordaintzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Onuradunek diru-laguntzen deialdiari buruzko informazio-orrian dagoen justifikazio inprimaki formalizatua bete beharko dute (http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/) eta, harekin batera, diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu. Honatx dokumentu horiek:

–Aurkeztutako fakturen zerrenda, haiek proiektuen arabera elkartuta, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritako xehetasunei jarraituz.

–Egindako jarduerak osorik ordaindu direla frogatzen duten agirien eta fakturen kopia, hau da, nominak eta langileen gastuak eta fakturak, fakturatutako kontzeptuak beraien sozietatearen xedeen artean dituzten pertsona fisiko edo juridikoek luzatuak. Ordainketa egin dela frogatzen duten banku agiriak ere aurkeztu behar dira, Fakturazioko betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera (ez da onartuko ez eskurako ordainketarik eta hartze-agiririk). Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie, fakturen zerrendaren arabera, eta eskaneatuta egonen dira, zein bere fakturarekin.

–Diruz lagundutako jardueren memoria eta aurreikusitako helburuen betetze maila baloratuko duen azken balorazioa, atal bakoitzean adierazten diren zehaztapenei jarraikiz.

–Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena.

–Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

–Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta, bidezkoa bada, hedabide horietan jarri den publizitatea.

–Diru-laguntza jaso duen kontzeptuarekin harremana duen sustapen material guztiaren ale bat eta/edo webguneetan eta antzekoetan txertatuta dagoen informaziorako loturak.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, ordainketa eskatzeko inprimakia –eransten den dokumentazioa zehazten duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioaren bidez egiaztatzen bada proiektuaren %75 baino gutxiago burutu dela, eta hori justifikatzeko arrazoirik ez badago, proiektuak laguntza jasotzeko oinarria galdu duela ulertuko da, eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Dokumentazio horri agiri grafiko bat erantsi beharko zaio, honako hauek frogatzeko:

–Ekintzak egin izana.

–Marka turistikoaren aplikazioa.

–Nafarroako turismoko web ofiziala sartzea, II. eranskinean zehazten den moduan.

Agiri grafikotzat hau hartzen da:

–A epigrafearen kasuan: erakustokiaren edo aurkezpen ekitaldia egiten den aretoaren argazki bat.

–B epigrafearen kasuan: sustapenerako argitalpen edo euskarri bakoitzaren ale bat.

–C epigrafearen kasuan: publizitate ekintza bakoitzaren ale bat (egunkaria, aldizkaria, irrati tartea, etab.).

–d2b epigrafearen kasuan: kasuan kasuko web-ean publizitatea agertzen den uneko pantaila-kaptura bat bidali beharko da.

Ordaintzeko eskaera jaso ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari igorriko dio aurkeztutako dokumentazio grafikoa gehienez ere 15 egun balioduneko epean txostena eman dezan II. eranskinean ezarritakoa betetzeari dagokionez.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordainduko da, justifikazioko dokumentazioa egiaztatu ondoren, eta, hala balegokio, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak aurreko paragrafoan adierazitakoaren inguruan emandako txostena ikusita.

11. II. eranskinean ezarritakoa ez betetzea.

Diru-laguntzaren justifikazioa dagokion dokumentu grafikoarekin batera jaso ondoren, II. eranskinean adierazitako zehaztapenen inguruan zerbait bete ez dela ikusten bada, diru-laguntza deuseztatzen ahalko da, edo modu honetan murriztu:

–%15 bitarte, marka eta/edo bannerra gaizki kokatzeagatik, edo haren hizkuntza tratamenduarengatik.

–%30 bitarte, marka eta/edo bannerra eta web orriaren aipamena falta bada, edo aurreko ataleko irregulartasun bat baino gehiago gertatzen badira.

–%50 bitarte, publizitate ekintzen aleak aurkezten ez badira.

12. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek dituzte:

–Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

–Beren erakundeari buruz Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan diren datuak eguneratzea, eskabidea aurkeztu ondoren Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak horretarako igorri dien dokumentua berrikusiz.

–Deialdi honetan ezarritako epean, laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztutako aurrekontuan aurreikusi eta egindako gastuak frogatzea.

–2015eko ekainaren 30aren aurretik jakinaraztea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari uko egiten zaiola jasotako laguntzari diruz lagundutako proiektu(ar)engatik (edo, behar bada, gehienez ere 10 egun naturaleko epean laguntza emateko ebazpena jasotzen denetik). Uko hori ez bada behar den epean jakinarazten, ezin izanen da hurrengo deialdietan laguntzarik eskatu kontzeptu beragatik.

–Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak barne) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horrek berak sortutako euskarri guztietan agertu beharko dira Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako turismoko web ofiziala (www.turismo.navarra.es), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin bat. Orobat, Nafarroako Gobernuaren logoak agertu beharko du diru-laguntza ematen duten erakundeen berariazko atal batean. Nolanahi ere multzotan banatu beharko dira erakundeen logoak edo markenak diren kontuan hartuta, eta eman duten diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta.

–Ekitaldiari buruzko aurkezpen guztietan adierazi beharko da hark Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren diru-laguntza jaso duela, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia aurkezpen guztietara gonbidatu beharko da.

–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibideak betetzea, deialdi honen xedeko proiektuei loturiko argitalpenetan Nafarroako buruzko irudi bakarra azal dadin; izan ere, argitalpen horiek proiektuen parte dira.

–Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako gainerako betebeharrak.

Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren komunikazio eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide orriaren bidez egin beharko dira, eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honen aplikazioaren ondorioz ematen diren laguntzak eta onuradunak Nafarroako Gobernuaren Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren webgunean emanen dira jakitera http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.

14. Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan ezarritako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak, osorik edo partez.

15. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal dituzten beste laguntza guztiekin, salbu eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren beraren gainerako laguntzekin.

Onuradunak hartutako laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.

II. ERANSKINA

Zehaztapen teknikoak

Sarrera.

Eranskin honetan laguntzen eskatzaileek deialdirako aurkezten dituzten proiektuak diseinatzean bete beharreko zehaztapen teknikoak azaltzen dira.

Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak zehaztapen hauek betetzen ote diren ebaluatuko du. Ondorioz, ezinbestekoa da aipatutako deialdiaren xede diren laguntzak jaso nahi dituzten proiektuen sustatzaileek zehaztapen eta ohar horiek ezagutu eta aplikatzea.

Hauek dira eskuliburu honetan agertzen diren jarduketen kategoriak:

1) Argitalpenak eta bestelako euskarriak, bai eta azoketako erakustokiak eta turismoko aurkezpen ekitaldiak egiten diren aretoen apainketa ere.

2) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak.

Proiektuko memoriaren edukian eta formatuan behar beste xehetasunez agertu beharko da deialdiaren oinarriak eta II. eranskineko jarraibide teknikoen eskuliburuan jasotako aginduak betetzeari buruzko informazioa, hura ebaluatu ahal izateko moduan.

1) Argitalpenak edo bestelako euskarriak egitea (CD/DVDak, publizitate kanpainen ikus-entzunezko produktuak, roll up-ak, panelak, sustapenerako objektuak, irrati tarteak, erakustokiak, aurkezpen ekitaldiak, etab.).

Diseinua.

Gomendio orokorrak.

–Edukien kalitate-alderdiak:

  • Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.
  • Egitura argi eta koherentea.
  • Argazkiak: bereizmen onekoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.
  • Ikus-entzunezko materiala: eguneratua, maila artistiko onekoa.
  • Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

–Funtsezkoa izanen da zaintzea euskarriak egokiak direla, kontuan izanik zer erabilera aurreikusi den eta zer publiko objektibori zuzentzen zaizkion. Sustapeneko seinalizaziorako euskarriek ingurunearekin bat etorri beharko dute, eta publikoak ikusteko eta argi identifikatzeko moduan jarriko dira.

–Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen dira.

“Nafarroako Erresuma” izeneko turismo-marka txertatzea.

–Azalaren (argitalpenetan), karatularen eta aurkezpen- nahiz itxiera-kapituluaren (ikus-entzunezkoetan) diseinuan txertatzea, eta, oro har, gainerako euskarrien kasuan, lehentasunezko lekuan jartzea. Irratiko publizitatearen kasuan, “Nafarroako Erresuma” markaren leloa aipatu behar da. Azoka eta aurkezpenen kasuan, muntaketaren apaindurara erantsi beharko da marka (erakustokiak, aurkezpen mahaiak, olanak...).

–Aplikatu beharreko eskuliburua errespetatzea, eta Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak emandako formatua aplikatzea. Horretarako, marka aplikatzeko oinarrizko eskuliburua dago, Nafarroako turismoko web ofizialetik behera kargatu daitekeena:

http://www.turismo.navarra.es/eus/profesionales/descargas/logotipos/

–Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua. Marka hainbat hizkuntzatan egonen da. Hura aplikatzeko, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari eskatzen ahal zaio informazioa.

Nafarroako Turismo Atariaren web helbidea txertatzea.

Nafarroako Turismo Atariaren Web helbidea nahitaez txertatu beharko da:

–www.turismo.navarra.es (Espainiako publikoarentzako euskarriak).

–www.visitnavarra.es (nazioarteko publikoarentzako euskarriak).

Inprimaketa eta banaketa (argitalpenak).

–Banaketa plan bat prestatzea eta aleen kopurua plan horren arabera aurreikustea.

–Helmugan banatu beharreko euskarriak direnean, eragin eremu hari dagokion Nafarroako Gobernuaren sareko turismo bulegoa hornitzeko konpromisoa (ale guztien %5 gutxienez).

Baldintzak bete direla egiaztatzea.

–Euskarri guztien ale bana bidali beharko zaio Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari, egin dela eta deialdiaren oinarriak bete dituela egiaztatzeko. Ezinezkoa denean, tamaina edo kokapena (azoketako erakustokiak, aurkezpen ekitaldietarako aretoak, etab.) dela eta, argazki bat bidaliko da, euskarria bertan dagoela eta haren itxura modu egokian erakusten duena, eta irratiko publizitate proiektuen kasuan, irrati tartearen kopia bat igorriko da.

2) Web orriak eta euskarri elektronikoa duten informazio eta kudeaketa sistemak (on line publizitatea...).

Diseinua.

Gomendio orokorrak.

–Erabilgarritasun eta irisgarritasun irizpideak kontuan izatea.

–Edukien kalitatea:

  • Testuak: edizio-estilo zaindua, informazio eguneratua.
  • Argazkiak: bereizmen egokikoak, eguneratuak, askotarikoak, tamaina orekatukoak.
  • Egitura argi eta koherentea.
  • Mantentze-lana: datuak eguneratuak izatea.
  • Grafikoak eta mapak: argitasuna, datuen zehaztasuna.

–Sustatzaileak bermatu beharko du zerbitzua etenik gabe ematen duela informazioari nahiz funtzio interaktiboei dagokienez.

–Publiko objektiboari dagokion hizkuntzan edo dagozkion hizkuntzetan eginen da.

“Nafarroako Erresuma” izeneko turismo-marka txertatzea.

–Hasiera-orrian txertatu beharko da nahitaez, banner gisa, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak emandako formatuan.

  • Banner-aren oinarrizko fitxa teknikoa:
  • Erabil daitezkeen neurriak:
  • 500 x 70 pixel.
  • 300 x 160 pixel.
  • 222 x 125 pixel.
  • 160 x 80 pixel.
  • Formatua: Adobe Flash.

–Banner-a laguntzaren xedeko web orrian txertatzearekin zerikusia duten lanak onuradunaren kontura izanen dira.

–Hartzaileentzat egokia den hizkuntza tratamendua.

Baldintzak bete direla egiaztatzea.

–Lan guztietan, hari lotuta dagoen web helbidea bidali beharko zaio Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuari, egin dela eta deialdiaren oinarriak bete dituela egiaztatzeko. On line publizitateko proiektuetan, kasuan kasuko web-ean publizitatea agertzen den uneko pantaila-kaptura bat bidali beharko da.

–Kultura eta Turismoko kontseilariaren abenduaren 24ko 483/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurri komunen protokoloan aurreikusita dagoena betetzea (kanpoko seinaleak eta barreneko diseinuan agertzea, Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuaren ardurapean).

Baldintzak bete direla egiaztatzea.

–Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuak egiaztatuko du deialdiko oinarrietan zehazten diren baldintzak betetzen diren, ikuskapen bisiten bitartez eta eskura dituen logistikako eta estatistikako sistemek ematen duten kontrola erabiliz.

Iragarkiaren kodea: F1502674