30. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: “Jenáriz 1. Miranda Arga” izeneko estazio meteorologikoa ezartzea, baliabide eolikoa neurtzeko, Miranda Argako udal mugapean. Agrowind Navarra 2013 da sustatzailea.

2014ko otsailaren 19an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hauxe da proiektutako jarduketa: dorre bat paratzea, baliabide eolikoa neurtzeko, Miranda Argako 6. poligonoko 816 A lurzatiko hego-mendebaldeko muturrean. Sareta motakoa izanen da dorrea, 80 metro luze. Hartan, haizea neurtzeko behar diren neurgailuak ezarriko dira, baita azterlan meteorologikorako behar direnak ere. Halaber, armairu bat ezarriko da, datuak hartzeko behar diren ekipoak paratzeko. Beheko tartea 1 x 1 metroko oinarri batean ezarriko da. Lur trinkotuan ainguratuko da, 40 zentimetroko 4 finkagailuren bidez.

Soka bidezko sei ainguraketa jarriko dira (bi norabide bakoitzeko), gutxi gorabehera 120 graduko bereizketarekin, lur motaren arabera. Txarrantxatze egitura osatzen duten hiru norabideetako bakoitzean jarriko dira pikak. Sokak 8 milimetroko zirgak izanen dira, eta sei mailatan lotuko zaizkio hagari. Beheko lehenbiziko hiru sokak (9 m, 21 m eta 33 m) zutoinean 22 metrora dauden ainguraketetara lotuko dira, eta azkeneko lauak (45 m, 57 m, 69 m eta 77.1 m) 45 metrora dauden ainguraketetara.

Soketarako, sei zapata ainguratuko dira, 1,50 m x 1,40 m neurrikoak, eta kanpoko soketarako 1,70 m x 1,40 m neurriko zapatak. Horien gainean 1 x 1 metroko ainguraketa plakak ezarriko dira.

Soketan, hegaztiak babestekoak ezarriko dira, basa hegaztiek jo ez ditzaten, eta, elementu horizontaletan, bertan ez pausatzeko sistemak, arrazoi berberarengatik.

Landa bideetan barna iritsiko da tokira, eta azkeneko zatian nekazaritza finka batetik. Instalazioarako behar diren ibilgailuak ertainak edo txikiak izanen dira; hortaz, ez da behar nekazaritzako bideak hobetzea.

Ez da espero berezko landaredia ukitzea, izan ere Miranda Argako 6. poligonoko 521. lurzatian dago bakarrik berezko landaredia, eta hori 6. poligonoko 816 A lurzatiaren mendebaldean dago.

Agirien artean bada obrak zaintzeko proposamen bat ere, bereziki hegaztiak babesteko elementuak paratzeari eta mantentzeari dagokienez. Gainera, jarraipena eginen da, jakiteko zer eragin duten dorreak eta sokek hegaztiengan.

Espedientean jasota dago Miranda Argako Udalaren 2014ko azaroaren 20ko aldeko txostena, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2014ko azaroaren 10eko aldeko txosten baldintzatua ere.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, baina zenbait baldintza ezarri ditu, hegaztiak eta natur habitatak babesteko, eta jarraipena egiteko, ikusteko zer eraginkortasun duten hegaztien kalteak murrizteko neurriek.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: Jenáriz 1. Miranda Arga izeneko estazio meteorologikoa ezartzea, baliabide eolikoa neurtzeko, Miranda Argako udal mugapean. Agrowind Navarra 2013 da sustatzailea.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Obrak herrilurretan sustatu direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herrilurrak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo jardueraren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bada nekazaritzako erabilera ez duen mendi-mazela bat, eta haren goiko aldeko ezpondan berezko landaredia dago. Miranda Argako 6. poligonoko 821. lurzatian, toki horrekin bat egiten den tokian ez da ainguraketarik ezarriko. Beraz, beharrezkoa izanez gero, dorrearen kokapena metro batzuk mugituko da, UTM ETRS 89 30N 551593, 4702659 koordenatuak dituen tokitik (agirietan kokaleku hori jaso da) ipar-ekialdera, aipatutako baso lurzatiaren mugatik 45 metro baino tarte handiagoa izan arte.

–Ingurumen ukipenetarako baimena eman ondoren, beharrezkotzat jotzen bada espedientean aurreikusi gabeko ekintza bat gauzatzea, dorrea jarri bitartean, ingurunean eragin gehiago ekarriko dituena, aldez aurretik horren berri eman beharko da, txostena egiteko edo baimena emateko eta espedientean sartzeko.

–Obren lizentziaren aurretik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan ingurumenaren zainketa plana aurkeztuko da, jadanik abian dela, instalazioak hegaztiengan duen eraginari buruzkoa.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Miranda Argako Udalari, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 13an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1500494