255. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Ordenantza, Julián M.ª Espinal IPan Mendigorriko familiei jantokirako diru-laguntza emateko. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2015eko irailaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Julián M.ª Espinal IPan Mendigorriko familiei jantokirako diru-laguntza emateko udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2015eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 21ean, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Mendigorrian, 2015eko azaroaren 18an.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.

JANTOKIARI BURUZKO ORDENANTZA

JULIÁN M.ª ESPINAL IP-AN MENDIGORRIKO FAMILIEI JANTOKIRAKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua.

Honako honen xedea da Mendigorriko udalerrian diru-laguntza emateko irizpideak eta prozedura arautzea eta ezartzea. Jantokirako diru-laguntza arautzen da, egoera sozio-ekonomiko larria duten ikasleendako.

Diru-laguntzaren zenbatekoa

2. artikulua.

2.1. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan horretarako izendatzen den kontu-sailean adieraziko dira gai honi dagozkion zenbatekoak; hartan agertzen den zenbatekoa gehienekoa izanen da.

2.2. Ekitaldiren batean honetarako kontu-sailik paratzen ez bada, ez da deialdirik izanen ikasturte horretan, ezta ulertu ere eskubideak sortu direnik ordenantza hau onesteagatik ere.

3. artikulua.

Aurrekontuan honetarako zenbat diru-dagoen eta ordenantza honetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak zenbat diren, horren arabera ezarriko da onuradun bakoitzari dagokion ekarpena.

Diru-laguntza hori ematea borondatezkoa eta aldi baterako da, eta ezin da aurrekaritzat jo. Diru-laguntza ez da jantokiaren kostua baino handiagoa izanen, eta zuzen banatuko da eskatzaileen artean.

Diru-laguntza hau bateragarria izanen da beste diru-laguntza batzuekin, baina ezin da jantokiaren kostua baino handiagoa izan.

Onuradunek bete beharreko baldintzak

4. artikulua. Nahitaezko baldintzak:

a) Mendigorrian egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea gutienez ere urtebete lehenagotik (adingabea, adingabearekin bizi den aita, ama, egitatezko bikotekidea, tutorea).

b) Matrikulaturik egotea edo hurrengo ikasturtean matrikulatzeko konpromisoa izatea Mendigorriko ikastetxekoan, jantokia erabilirik.

c) Familia-unitateko kideen per capita errentaren azken hiru zerrendetan egotea, Lehen Hezkuntzako ikastetxean, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan, familiek haurrak eskolatzeko ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituen Foru Aginduan Nafarroako Gobernuak ezartzen dituenen artetik. 2015-2016 ikasturtea. 6.650 eurotik beheitiko per capita errenta.

d) Mendigorriko Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

f) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, salbu eta ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.

Baldintzak betetzen direla frogatzeko modua

5. artikulua.

Eskaeraren inprimakia eredu ofizialaren arabera bete behar da. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide orria.

b) NANa edo pasaportea:

c) Familia liburua. Familia liburuaren fotokopia, bere kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, edo familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala.

d) Aitzin ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren fotokopia. bizikidetza unitateko kideena (aita/ama, ezkontide berriak edo izatezko bikoteak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Ogasun Bulegoak luzatua.

e) Egoera ekonomikoa goitik behera aldatu bada, azken hiru nominak edo gizarte prestazioaren zenbatekoa aurkeztu beharko dira, egungo egoera frogatzeko.

Eskabidea aurkezteko epea

6. artikulua.

Ikasturtea hasten denetik irailaren 20ra arte aurkezten ahal dira eskaerak eta eskatutako dokumentazioa.

7. artikulua.

Epe horretatik kanpora ez da eskaerarik onartuko, ezta ikastetxean geroago matrikulazio epeetan sartzeagatik edo familiaren inguruabar ekonomikoak gero aldatzeagatik ere.

8. artikulua.

Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira eskabideak, 6. artikuluko epean.

Ikasturtea hasten denetik irailaren 20ra arte aurkezten ahal dira eskaerak eta eskatutako dokumentazioa.

Diru-laguntza emateko modua eta irizpideak.

9. artikulua.

Matrikula egiteko aroan honen berri emanen da: sortu den kontu-saila, behar den ikasturterako deialdiaren irekiera eta eskaerak aurkezteko aukera.

10. artikulua.

Ikastetxean jantokia diruz laguntzeko aurrekontuko kontu-sailean jarri den zenbatekoa aurkeztu diren eskaeren artean banatuko da, ordenantza honen baldintzak betetzen badituzte.

11. artikulua.

–Eskaerak ikasturtearen hasieran aurkeztuko dira.

–Udalak aztertuko ditu aurkeztu diren eskaerak eta, dokumentazioan akatsik egin baldin bada, eskatzaileek 10 egun naturaleko epea izanen dute horiek zuzentzeko.

Diru-laguntza kudeatzeko organoa hauek osatuko dute: Mendigorriko Udaleko Hezkuntzako Batzordeko Burutza eta Ekonomiako Batzordeko Burutza.

–OGZren erantzuna jaso ondoren emanen du ebazpena Udalak eta interesdunei jakinaraziko zaie 15 egun naturaleko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazio edo erreklamazioak aurkez ditzaten.

–Erreklamazioak ebatzirik, diru-laguntzen gaineko ebazpena jakinaraziko zaie interesdunei.

Onuradunaren bete-beharrak eta bete-behar horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak

12. artikulua.

Diru-laguntza honen onuradun izateko bete beharko dira ordenantza honetan ezarritako betebeharrak eta aurkeztu eskatzen den dokumentazioa.

Beharrezkoa ikusten denetan, Udalak argibideak eskatzen ahalko ditu aurkeztutako dokumentazioaren gainean, eta are dokumentazio gehiago eskatu ere, aurkeztu denetik ez baldin bada ondorioztatzen ahal zein den, egiazki, interesdunaren errenta edo ondarea.

13. artikulua.

Ikasturte barrenean aldaketa aipagarririk baldin bada eta aldaketa horiek diru-laguntza emateko erabakigarriak izan ziren inguruabarrak bertzelakoak izatea ekartzen badute, haien berri eman beharko zaio Udalari.

Halaber, Udalari aditzera emanen zaio ikasleren bat gelditzen bada jantokira joatetik.

14. artikulua.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak edo bertzelakotzeak ekartzen ahal du hura emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea.

Aitzineko bi artikuluetan ezarritakoa ez betetzeak diru-laguntzaren galera ekartzen ahal du eta, hala behar badu, modu bidegabean jasotako zenbatekoa itzuli beharra.

Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak

15. artikulua.

Ebazpenaren arabera ordenantza honen diru-laguntzaren onuradun direnek dagokien kuota ordainduko dute eta Udalak jantokirako diruz lagundutako zatia pagatuko dio enpresari.

Iragarkiaren kodea: L1515753