255. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CINTRUENIGO

Ur zerbitzuaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Cintruenigoko Udalak, 2015eko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Cintruenigoko “Ur zerbitzuaren erregelamendua” deitu ordenantza.

Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2015eko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, azaroaren 12an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen da erabaki hori eta ordenantzaren testu osoa, ondorio juridikoak izan ditzan.

Cintruenigon, 2015eko abenduaren 21ean.–Alkatea, Raquel Garbayo Berdonces.

ERANSKINA

Ur zerbitzuaren Erregelamendua

1.–Definizioak.

Erregelamendu honetan aipatzen direnak errazteko, uraren hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak erabiltzen dituen pertsonari, hemendik aitzinera ‘’abonatua’’ erranen zaio.

Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuaren eskumena duen administrazioari, Cintruenigoko Udala baita, “Udala” erranen zaio.

2.–Xedea, norainokoa eta eremua

1. artikulua. Udala. Udala da udalerrian behe hornidura, banaketa, saneamendu eta arazketa sareari dagozkion zerbitzuak antolatu eta egiteko eskumenak dituen toki entitatea.

2. artikulua. Zerbitzua kudeatzeko modua. Udalak zuzenean kudeatzen ditu aurreko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak, tokiko zerbitzuak emateko indarrean den araudian ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua. Xedea.

1. Udalaren eta hark egiten dituen zerbitzuen erabiltzaile edo abonatuen arteko harremanak arautzeko xedea du ordenantza honek, eta alderdi bakoitzaren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak zehaztea.

2. Zerga eta diru-bilketa aferetan, zerbitzuek toki ogasunen arloan Nafarroak duen arautegi berariazkoa eta, bereziki, Udalean aldiro indarra duen ordenantza fiskala izanen dituzte arau.

3. Hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzeko behar diren ordenantza eta xedapen guztiak onesten ahal ditu Udalak, hau osatu edo garatu beharrez.

4. Indarrean da, udalerri mailan, Urbanizazioaren gaineko ordenantza, 2003ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 24an argitaratua.

Aplikatzekoak dira Saneamendu kolektore publikoetara ur isurketak egiteko baldintzei buruzko otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretua, 2006ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 13an, bai eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua ere, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

4. artikulua. Non. Udalak bere eskumenen esparruan ematen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei ordenantza hau aplikatuko zaie.

5. artikulua. Iraunaldia. Ordenantza honek indarraldi zehaztugabea du eta ondorio osoak sorraraziko ditu, non ez duen osoki nahiz partez aldarazten maila bereko edo goragoko xedapen batek.

3.–Arau orokorrak.

6. artikulua. Harremanaren izaera juridikoa. Behar den abonu-polizaren bidez hornidura kontratua sinatu ondotik, abonatuaren eta Cintruenigoko Udalaren arteko harremanak izaera juridiko administratiboa izanen du.

Horrenbestez, bi alderdi horien artean sortzen den edozein liskar-auzi, administrazio legeriak jarritako bideei jarraikiz ebatziko da.

7. artikulua. Zerbitzuaren publikotasuna. Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak publikoak dira eta, hortaz, nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute haietaz baliatzeko eskubidea, muga eta betebehar bakarrak izanik ordenantza honetan eta, oro har, aplikatzekoa den legerian ezarritakoak.

8. artikulua. Eskumen esklusiboa. Uraren hornidura modu guztietan emateko eskumena Udalarena da, beste inorena ez, eta berak hartuko du zerbitzua emateko erabakia, dagokion poliza-kontratua formalizatzen denean. Kontratuan finkatuko da zer baldintza bete behar diren hornidurarako.

Interesa dutenek Udalaren hornidura eskatuko dute, ura zertarako erabili gogo duten eta zenbat behar duten adierazita. Eskaeran aipatzen direnen arabera, ikusiko da hornidura egiten ahal den edo ez, nolakoak izan behar duten instalazio partikularrek, zer tarifa mota dagokion eskatzaileari eta zenbat kobratu behar den alta eskubideengatik. Ur eskaria handia bada, udal arkitektoaren txosten teknikoa eskatuko da eta dagokion informazio batzordeak baimena eman behar ote den baloratuko du.

Udalak eskatzen zaizkion argibide guztiak emanen ditu.

9. artikulua. Zerbitzuak elkarren osagarri. Ur eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarri eta elkarri lotuak direnez, Udalak ez ditu bereizirik emanen, Udalaren ustez eskatzaileak horietako bat bakarrik hartzearen aldeko arrazoiak behar bezala justifikatzen dituenean izan ezik.

10. artikulua. Horniduren ukapena. Inola ere ez da emanen urik doan, ezta hondakin urak husteko eta arazteko zerbitzurik ere.

Udalak abonamendu polizak izenpetzeari uko egin diezaioke honako kasu hauetan:

1. Ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa eskatzen duen pertsona edo entitateak uko egiten badio eredu ofizialaren arabera eta zerbitzuen kontratazioari buruz Udalean indarra duten xedapenei jarraikiz idatzitako poliza sinatzeari.

2. Eskatzailearen instalazio partikular eta/edo orokorrak Udalaren ustez betetzen ez baditu instalazio horientzat finkaturik dauden betebehar orokorrak edo Udalak horiek egiteko emandako ohar partikularrak.

Kasu honetan, Udalak aurkitutako okerren berri emanen dio interesdunari, honek zuzen ditzan.

3. Udalak, behar bezala justifikaturik, uste badu hustu beharreko hondakinen ezaugarriak ez direla onargarriak, kasuan aplikatzeko araudian ezarritako baldintzen arabera. Nahitaezkoa izanen da NILSAren txostena industriako isurketak edo bizitegietarako ez diren instalazio berezienak direnean.

4. Frogatzen bada zerbitzuak eskatzen dituen pertsonak ez dituela eguneraturik Udalarekin bete beharreko zerga kontuak, edo eskatzaile horrek ez baditu egin nahi 86. artikuluan aipatzen diren gordailu eta fidantzak.

4.–Udalaren betebeharrak eta eskubideak.

11. artikulua. Edateko ura paratzea. Udala beharturik dago, berak dituen edo noizbait izan ditzakeen baliabide eta instalazioak erabiliz, edateko ura eta hondakin urarendako hustuketa zerbitzua paratzera abonatuen lotune eta hustuketa guneetan, erregelamendu honetan eta hirigintzari buruz indarra duen legerian nahiz legeria orokorrean finkaturiko baldintzen arabera.

Araztegiaren hornidura ahalmenaren ezaugarriak kontuan hartuz, instalazio berri bereziek, abeltzaintzakoek eta industriakoek aldeko txosten teknikoa izan beharko dute, interesdunak berak aurkeztua, eta hura dagokion informazio batzordeak ebaluatuko du, udal arkitektoaren txostena jaso ondotik.

Hornidura ahalmena mugan dagoenez, bizitegietako eta industriako urbanizazio berriek kuota bat hartu beharko dute beregain haien urbanizazio proiektuetan. Muga hori gandituz gero, kuota hori Udalak kalkulatuko du.

12. artikulua. Zerbitzuak Mankomunitatearen eremutik kanpo. Oro har, ez da urik emanen, ezta hondakin urik hustu eta araztuko ere, Udalaren eskumeneko eremutik kanpo.

13. artikulua. Etxeko erabilera. Udala beharturik dago etxebizitzetarako ura ematera, bere eremuaren barreneko eraikin, lokal edo toki itxietan, eskatzen dioten pertsona edo entitate guztiei, baldin eta leku horiek betetzen badituzte kasu bakoitzean indarra duten hirigintzako arauak. Ez dira sartzen lorategiak, horiek hornidura izanen baitute horretarako baldintza egokiak baldin badaude.

Kasu horietan beretan eta baldintza berberetan, Udalak hondakin urak husteko zerbitzua eman beharko du.

14. artikulua. Industriako erabilera. Industriarako eta apainketarako edo aisialdirako ura eman ahal izateko, ikusi beharko da Udalak momentu bakoitzean bere esku duen ur kopurua zenbatekoa den.

Hondakin uren hustuketa egiteko, berriz, beharrezkoa izanen da haietaz aurreikusten eta deklaratzen diren ezaugarriak bat etortzea Udalaren arauetan eta hondakinei buruz indarra duen legerian bildutako baldintzekin.

NILSAren txostena beharko da isurketaren komenentziaren gainean eta eskatutako neurriak hartuko dira.

14.Bis artikulua. Aisiako erabilera. Igerilekuen jabeek nahitaez izan beharko dute kontagailu bikoitza: bata etxeko erabilerari dagokiona eta bestea aisiakoa (igerilekua).

Horri dagokionez, ez dira halakotzat hartuko ez berotegien instalazioak ez familia baratzeak.

Aisialdirako baratzeak egiteko eremuak sustatzen direnean, ur hornidura eta arazketa zerbitzuak kontratatzen ahalko dira, behar diren baimenak izanez gero eta indarra duen hirigintzako legeria betez, eta betiere hornidura orokorreko gaitasunak baimentzen badu. Beraz, obra lizentzia bakoitzarekin ur hornidura ere eskatu beharko da, eta ondorioz, hirigintzako lizentzia eman ahalko da baina ez ur hornidurarena.

15. artikulua. Nekazaritza/abeltzaintzako erabilera. Udala ez dago beharturik nekazaritzan edo abeltzaintzan erabiltzeko ura ematera, non ez den hornidura publiko bat, neurri batean edo osorik lorategiak edo oihanak ureztatzeko erabili behar dena, betiere Udalak momentu bakoitzean bere esku duen ur emaria zenbatekoa den ikusita.

16. artikulua. Zerbitzuen prestazioa. Zerbitzu egiteagatik, Udalak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

1. Zerbitzua etenik gabe eman beharko du. Funtzionamenduak hala behar-eta, zerbitzua eten edo murriztu behar bada, Udalak gaztigu eginen die abonatuei komenigarrien iruditzen zaion bidea erabilita, ezinbestez gaztigu hori ezinezkoa denean izan ezik.

2. Bermatu beharko du ura edateko modukoa izatea, indarra duten osasun xedapenetan ezarritakoaren arabera, erregistroko giltzaraino, hor hasten baita abonatuaren barreneko instalazioa. Horretaz gain, bete beharko ditu hondakin uraren nahiz hornidurakoaren tratamenduari eta arazketari buruz osasun agintaritzak ematen dituen xedapenak.

Bete beharko da Eraikuntzaren Kode Teknikoan (CTE-DB-HS-Osasungarritasuna) ezarritakoa, hura aplikatzekoa den eraikinetan, obraren sustatzailearen kargura.

3. Zaindu eta kontserbatu beharko ditu, bere kargura, hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bere jabetzako sare eta instalazioak.

4. Gaztiguak hartzeko zerbitzua edukitzea, abonatuek edo erabiltzaileek hartara jo ahal dezaten.

5. Idatziz egiten zaizkion erreklamazioei erantzutea.

6. Hornidura mota bakoitzari dagokion tarifa aplikatu beharko dio, momentu bakoitzean indarra duen ordenantza fiskalean onetsitakoaren arabera.

7. Ur hornidura bermatzea, aplikatzen ahal den araudiak ezarritako presio maila gorenen barnean. Suteen kontrako instalazioetarako errana kenduta, Udalak ez du inoiz ere presio maila gutxienekorik bermatuko. Beraz, horrela behar duten hornidurek berek izan beharko dute presioa goititzeko bitartekoren bat, ordenantza honen 53. artikuluak aipatzen duen aldez aurreko txostena ukatu gabe.

8. Ez da nahitaezkoa hornidura ematea lurzoru urbanizaezinean, ez eta urbanizagarrian ere, horietan, erabilera edo jarduera bakoitzaren sustatzailea behartua baitago behar dituen zerbitzuez hornitzera, Udalaren baimena jaso ondotik.

17. artikulua. Salbuespenak.

1. Udalak puska baterako eteten edo murrizten ahalko ditu egiten dituen zerbitzuak, zerbitzuen behar orokorretarako komeni edo beharrezkoa denean edo bere borondatetik aparteko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen denean, besteak beste, araztegiaren hornidura gaitasunaren arabera, handitzen ez den bitartean.

2. Udala beharturik egonen da bere neurriak iragartzera, aitzineko artikuluan aipatzen den ildotik.

18. artikulua. Ur emari nahikorik ez izatea. Ur hornidura egitetik gelditzen bada erabiltzaileen beharrak asetzeko ur emari nahikorik ez dagoelako, kontuan hartuko da kontrataturiko erabilera mota eta zerbitzuaren etena ordena honetan eginen da:

1. Familia-baratze edo berotegien ureztaleta.

2. Zerbitzu berezietarako kontsumoak.

3. Ureztapen, apainketa eta aisiarako, finka partikularretan.

4. Ongintza eta irakaskuntzako zentroetarako.

5. Militarren egoitzetarako.

6. Interes orokorreko kirol instalazioak.

7. Suteen aurka aritzeko.

8. Obrak egiteko.

9. Udal erabileretarako.

10. Industria-merkataritzarako erabilerak.

11. Etxeko erabilerak.

5.–Abonatuaren betebehar eta eskubideak.

19. artikulua. Arau orokorrak. Erregelamendu honetan berariaz ezarritako betebeharrez gainera, abonatuak honako arau orokor hauek bete beharko ditu:

1. Ura erabiltzeko manera eta erabilerak izan beharko dira kontratuan jartzen dituenak, beharrik gabeko gehiegizko kontsumorik egin gabe, hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura hobeki eduki ahal izan dezaten.

2. Isurketak egitea Udalak onesten dituen arauek eta aplikatzekoa den legeriak ezarritako baldintzetan eta mugen barrenean.

3. Udalari eman beharko dio, ahalik eta agudoena, banaketa sare orokorrean ikusten duen edozein matxura edo arazoren berri, batez ere ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uraren galera bada, edo saneamendu sarean zerbait trabatu bada.

4. Udalari jakinarazi beharko dio aldaketa nabarmena egiten badu bere kontsumo arruntean eta/edo hustuketan, eta/edo hustuketako ezaugarrietan, bai eta aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, baldin eta horrekin batera tarifak edo, oro har, polizaren baldintzak aldatu behar badira.

5. Udalari jakinarazi beharko dio, baita ere, zerbitzuak hartzetik gelditu nahi badu, betiere zein egunetatik aitzinera izanen den adierazita.

6. Ur horniduraren barneko instalazioetarako oinarrizko arauetan ezarrita dagoen guztia batere ukatu gabe, abonatu guztiek arreta osoz erabili, zaindu eta kontserbatu beharko dituzte beren zerbitzuko instalazioak. Bereziki, abonatuak bere barne instalazioan gertatzen diren matxurak konpondu beharko ditu berehala, haien ondorioa bada Udalarendako edateko ura galtzea. Orobat, higigarri eta higiezin publiko eta/edo pribatuetan eragindako kalteen aurrean erantzun beharko du.

7. Erraztu eta onartu beharko du beren lanean ari daitezen udal enplegatuak, edo Udalekoak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez kreditatzen dituenak, kontratuan ageri den bere finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen utziz, hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua irakurtzera etortzen zaizkionean.

8. Udalak zerbitzuez edo haiekin ikusteko dutenez eskatzen dituen datuak ahalik eta zehatzen ematea.

9. Eraikin ororen sustatzailea eta erabiltzailea behartua dago indarrean den araudia betetzera; bereziki, CTE-DB-HS, 12/2006 Foru Dekretua eta 2267/2004 Errege Dekretua.

10. Igerilekurako ur-kontagailu independentea edukiko da.

20. artikulua. Ur emariak berreskuratzea. Luxuzko erabileretan eta igerilekuetakoetan, kontrakorik xedatu ezean, abonatuak emariak berreskuratu eta eraberritzeko sistema egokiak paratu beharko ditu, bere kontura, ur emari horiek xede beretarako erabili ahal izateko.

21. artikulua. Debekuak. Abonatuak ezin izanen du:

1. Inolaz ere ez die bestelako ur iturririk txertatuko enpresaren hornidura instalazioei, nahiz eta edateko ura izan.

2. Sare orokorrean eta beste abonatuei emandako zerbitzuetan eragina izaten ahal duen ponparik edo gisako beste aparaturik paratu, lehendik baimenik izan gabe.

3. Udalak emandako ura edo hustutzeko ahalmena beste bati utzi, doan edo kostu bidez, denbora baterako edo betiko. Gisa horretako iruzurren bat gertatuz gero, bera izanen da erantzulea, bere izenean edo bere meneko beste norbaiten izenean.

4. Berari dagokion ur horniduraren edo hustuketaren erabilera beste norbaiti utzi, Udalak agintzen duena bete gabe.

5. Berari dagokion ur hornidura kontratuan jartzen ez diren gauzetarako erabili edo kontratuan jarritako hustuketarako baldintzak aldatu.

6. Udalaren baimenik gabe, neurgailuetarako sarbideak aldatzea. Neurgailu horien prezintoak nahita hautsi edo aldatu, hortik beretako irabazia ateratzeko asmoz.

7. Udalaren instalazioetan eskua sartzea, baita neurgailuetan ere, nahiz eta horiek abonatuenak izan.

8. Ur kontsumoak egitea neurgailu batek kontrolatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatzen diren isurketekin.

9. Saneamendu sareetan isuri Udalak eman duen araudian edo aplikatzekoa den legeria orokorrean eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten produktuak, edo hiri hondakin solidoak, nolanahi daudela ere.

10. Ur hornidura edo saneamendu sareari lotura egin baimenik izan gabe.Pasoko giltza, baldin bada, eta, bestela, erregistroko giltza, ezin izanen ditu erabili, ezinbesteko kasua ez bada, eta halakoetan segituan eman beharko dio abisua enpresari.

11. Saneamendu sarean euri ura isurtzea.

12. Abonatuak bakar-bakarrik manipulatzen ahalko du kontagailuaren irteerako giltza. Pasoko giltza ezinbestekoetan baizik ez du erabiliko, halakorik dagoenean, eta halakorik ez bada, erregistroko giltza, baina Udalari gaztigatu beharko dio berehala.

6.–Instalazioak.

22. artikulua. Instalazioak zerbitzuan. Zerbitzuan ari diren instalaziotzat hartzen dira, ondoko zerrendako moten artean, erabilera iraunkor eta jarraitua dutenak.

A) Hornidurako instalazioak:

1. Ura ekartzeko instalazioak.

2. Ura tratatzeko instalazioak.

3. Depositu erregulatzaileak.

4. Banaketa sarea.

5. Harguneak.

6. Abonatuaren barreneko instalazioa, bi adar hauek dituena:

a) Barne instalazio orokorra.

b) Barne instalazio partikularra.

B) Saneamenduko instalazioak: hodi sistema beregaina, bereizten dituena euri ura biltzen duten hodiak eta ur beltza biltzen dutenak, CTE-DB-HS-Osasungarritasunak eskatzen duenari jarraituz.

1. Barreneko instalazioa: partikularra, abonatuarena, eta orokorra, eraikinarena.

2. Euri uraren sarearen instalazio orokorra etxe partikularretan.

3. Hiri kolektore bateratzaileetarako harguneak.

4. Euri uraren hiri kolektoreetarako harguneak.

5. Ur beltzaren hiri kolektoreetarako harguneak.

6. Hiri kolektore bateratzaileen sareak.

7. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak.

8. Euri uraren hiri kolektoreen sareak.

9. Euri uraren kolektoreen sareak.

10. Ur beltzaren kolektoreen sareak.

11. Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak.

12. Industrietako urak arazteko instalazio partikularrak.

13. Ura arazteko tokiko instalazioak.

6.1. Hornidura.

23. eta 24. artikuluetan adierazitako instalazio eta zerbitzuak Ur Mankomunitateak kudeatuko ditu.

23. artikulua. Ura ekartzeko instalazioak. Ura ekartzeko instalazioak izenaren barnean sartzen dira hodiak, ura bideratu eta kontrolatzeko elementuak, fabrika lanak eta gainerako elementu guztiak, ura biltegiratzeko edo tratatzeko instalazioei behar dituzten ur bolumenak emateko erabiltzen direnak, betiere kontsumoaren beharren arabera.

24. artikulua. Ura tratatzeko instalazioak. Ura argitu eta arazteko prozesuetan erabiltzen diren makina eta gainerakoak, pertsonek ura kontsumitu ahal izateko beharrezkoak direnak, indarrean den araudian eta Urbanizazioaren gaineko udal ordenantzan (2003ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 24koa) ezarritakoan oinarrituz.

25. artikulua. Depositu erregulatzaileak. Ur-biltegiak dira, ura sarera bidali bitartean halako tokietan bildu behar izaten baita.

26. artikulua. Banaketa sarea. Herrietako karriketan paratzen diren hodiak eta ura bideratu nahiz kontrolatzeko beraiekin dituzten elementuak eta gainerakoak dira, haietan barna ura presio bidez eramaten baita, hornidura egiteko. Hori guztia indarrean den araudian eta Urbanizazioaren gaineko udal ordenantzan (2003ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 24koa) ezarritakoan oinarrituz.

27. artikulua. Hargunea. Haren barrenean sartzen dira banaketa sareko uraren hoditeria eta hornitu behar den higiezinaren barreneko instalazioa lotzen dituzten hodiak eta beren giltzak, lotunekoa, halakorik bada, erregistrokoa nahiz pasokoa. Hori guztia indarrean den araudian eta Urbanizazioaren gaineko udal ordenantzan (2003ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 24koa) ezarritakoan oinarrituz.

Zehazki,

a) Lotuneko sistema bat izaten da banaketa sareko hodiaren gainean, eta haren bidez irekitzen da hargunearen pasabidea.

b) Hodi-adarra edo tartea, lotuneko sistema erregistroko giltzarekin lotzen duena.

c) Erregistroko giltza edo lotunekoa, tranpolean dagoena, horixe da enpresaren eta abonatuaren arteko bereizketa egiten duena erantzukizuna banatzeko tenorean, eta hodi-adarraren bukaeran paratzen da, eremu publikoan, jabetza partikularraren muga baino lehen.

Harguneko pasoko giltza espaloian egonen da kutxeta normalizatuan (balbula tranpolean duen erregistroa) (Ac1 eta Ac2 xehetasun planoak), eta hartaraino iristen da Udalaren erantzukizun eremua eta handik aurrera hasten erantzukizun pribatuarena.

Ez badago hargunearen kutxetarik, honako kasu hauek gerta daitezke:

a) Etxebizitzaren barnean edo fatxadako paretan armairuan dagoen kontagailuaren kasuan, udal sarearen muga izanen da jabetzaren edo lurzatiaren muga (CAME 1 xehetasun planoa).

b) Espaloian armairuan edo kutxetan kokatutako kontagailuaren kasuan, udal sarearen muga izanen da jabetzaren edo lurzatiaren muga. Abonatuak kontagailua gaizki erabiltzen badu, matxurak haren kontura konponduko dira. (ACA xehetasun planoa)

Hargune bat baino gehiago badaude, honela jokatuko da:

Lurzati batek edo lurzati multzo batek ur hargune bat baino gehiago duenean, eta erabiltzen ez badira, lurzatiaren jabea behartua egonen da hargune horiek ixtera, betiere Udalaren ur zerbitzu teknikoaren oharrei jarraituz.

28. artikulua. Barne instalazioak.

1. Barreneko instalazio orokorraren barrenean sartzen dira hodiak, giltzak, makinak eta kontagailuak, erregistroko giltzatik edo hargunekotik (aurreko artikuluan zehaztua) hasi eta barreneko instalazio partikularren mugan dagoen pasoko giltzaraino ailegatzen direnak.

“Pasoko giltza” hargunearen eta elikatzeko hodiaren elkargunean da, higiezinerako sarbidearen ondoan eta horren barrenean. Jabeak edo abonatuak egiten duten kaxa irazgaiztu baten barrenean sartuko da. Normalki, kontagailuaren aitzin-aitzinetik paratuko da eta emari-neurgailua sartzeko kaxa edo armairu berean.

Haien barnean, elikadura hodia da hargunearen bukaera kontagailu sailarekin edo kontagailu orokorrarekin bat egiten duen hodia.

2. Barreneko instalazio partikularren barnean sartzen dira hodiak eta giltzak, abonatu bakoitzaren lokal, etxebizitza edo toki itxiaren barnean ura banatzen dutenak.

3. Kontagailua sartzeko kaxa, armairu edo kutxeta, bere giltza, lotune eta hodiekin batean, barreneko instalazio partikularraren atala da eta haren gaineko zaintze eta mantentze lanak higiezinaren jabeari dagozkio soil-soilik. Kontagailua Udalarena baldin bada, kontagailuaren edo emari-neurgailuaren gaineko zaintze eta mantentze lanak hari dagozkio soil-soilik.

6.2. Saneamendua.

29. artikulua. Barne instalazioak.

1. Saneamenduko barne instalazio partikularra da hodi multzo bat, abonatuaren etxebizitza edo lokalaren barnean dagoena, hondakin urak eraikinaren instalazio orokorreko saneamenduko hodietaraino eramaten dituena.

2. Eraikin baten saneamenduko instalazio orokorra da hodi, putzu eta ponpa multzo bat, kontrolerako elementuak barne, instalazio partikularretako hondakin urak hartu eta eraikineko saneamenduko harguneraino eramaten dituena.

3. Instalazioaren hondarrean eta hargunearen aitzinetik paratu beharko da eraikinaren putzu orokorra (abiaburuko kutxeta erraten dena). Hau izanen da instalazio pribatu eta publikoaren elkargunea eta halakorik ez bada, jabetza partikularraren muga izanen da instalazio pribatuaren eta publikoaren arteko bereizgarria eta, beraz, Udalaren eta erabiltzailearen erantzukizunaren artekoa (37. artikuluan xedatua batere ukatu gabe).

4. Eraikin berrietan eta instalazioak berritzea beharrezkoa duten zaharberritzeetan, sistema bereizgarria ezarriko da, espaloian erregistro kutxeta bat ezarriz ur beltzendako eta beste bat euri urarendako.

5. Industriako instalazioetan, ur beltzen kutxetak 40 zentimetroko irtengunea izanen du sarrerako hodien eta irteerakoen artean. Sarrerako gehieneko sakonera 80 zentimetrokoa izanen da eraikinetik neurtuta.

30. artikulua. Hiri kolektoreetarako harguneak. 1. Hiri kolektore bateratzaileetarako hargunea erraten zaio eraikin edo finka bateko hondakin urak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

2. Ur beltzen hiri kolektoreetarako hargunea erraten zaio eraikin edo finka bateko ur beltzak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

31. artikulua. Atzera egitea galarazteko balbula. Hargunearen konexioaren kota sare orokorrarenetik beherago badago, jabea behartua egonen da atzera egitea galarazteko balbula ezartzera. Zio horrengatik gertatzen den matxura oro jabearen kargura konponduko da.

32. artikulua. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak. Ur beltzaren hiri kolektoreen sarea erraten zaio ur beltzak hiri-finka multzo batetik hiri nahiz eskualde-kolektore bateratzaile bateraino edo herriko arazketako instalazio bateraino edo ibilgu bateraino eramaten dituzten hodi, erregistro, eta deskarga eta aireberritzeko kameren multzoari.

33. artikulua. Edukirik gabe.

34. artikulua. Arazketako instalazio partikularrak.

1. Ur beltzenak: halakotzat hartzen dira etxeko hondakin urak tratatzen dituzten elementu partikularrak, gero ur horiek behar diren baldintzetan isurtzeko kolektore, lursail edo ibilguren batean.

NILSAren baimena behar du.

2. Industrietako urenak: jabe partikularraren elementuak dira, prozesu industrial batetik heldu den ura tratatu eta arazten dutenak.

NILSAren baimena behar du.

35. artikulua. Hondakin urak arazteko tokiko instalazioa. Herri bateko kolektore sareetatik etortzen diren hiri hondakin urak arazten eta gero ibilgu publiko batera isurtzen dituzten depositu, hodi, mekanismo, makina eta kontrolerako elementuen multzoa da.

NILSAren baimena behar du.

36. artikulua. Edukirik gabe.

7.–Hornidura zerbitzua.

7.1. Harguneak.

37. artikulua. Trazadura. Banaketa sarean Udalaren iritziz egokiena den puntutik eginen da hargunea.

Hargunearen trazadura egitean, bilatuko da ahalik eta laburrena izateko modua, eta jabari publikoko eremutik egin beharko da (karrikatik). Salbuespenez zeharkatu behar izanez gero jabetza pribatuko eremurik, izanik hura abonatuarena nahiz beste titular batzuena, lehen jabetza partikularraren mugatik aitzinako tartea abonatuaren barne instalaziotzat hartuko da betiere. Harez landa beste jaberen bat loturaren trazadurak ukiturik gertatzen bada, haren baimena beharko da horretarako.

Eskatzaileak berak libreki eta bere kontura hautatuko du hargunea eginen dion paratzaile baimenduna, batere ukatu gabe 43. artikuluan jartzen duena Udalari lagatzeari buruz.

Hargunea gauzatzean Udalak ematen dituen beharrezko jarraibideei eginen zaie kasu, Urbanizazioaren gaineko udal ordenantzarekin bat etorriz.

38. artikulua. Kokalekua. Harguneko giltza banaketa sareko hodiaren gainean egonen da, beharrezkoa denean; erregistroko giltza eremu publikoan egonen da, bere trazaduran aurkitzen duen jabetza partikularreko muga baino lehenago; pasoko giltza, teknikoki komeni bada halakorik paratzea, kamera irazgaiztu batean egonen da, jabetzaren fatxadako paretan edo bestela horretarako ematen den kamera batean, fatxadan paratzea ezinezkoa bada. Kasu horretan latoizko balbulak erabiliko dira eta Udalak baimendu beharko ditu.

39. artikulua. Goiko sarea. Sare hauen bidez ura eramaten da iturburuetatik depositu erregulatzaileetaraino.

Ez da hargunerik baimenduko goiko sareetara.

40. artikulua. Hargunearen neurriak. Udalak erabakiko ditu harguneko osagaien neurriak, abonatuak bere eskaeran egiten duen kontsumo deklarazioa eta emateko zenbat ur dagoen kontuan harturik. Neurria ongi hartua dagoela jakiteko, aski izanen da eskatu edo kontsumitu emaria badela frogatzea.

Udalak ez ditu bere gain hartuko ur horniduran gertatzen diren akatsak, baldin eta abonatuaren barneko instalazioaren neurriengatik edo egokitzapenarengatik gertatu badira.

41. artikulua. Hargunea eta hornidura-aniztasuna. Finka bakoitzak bere ur lotunea izanen du; hartan erregistroko giltza bat eta ur sarrera partikular bat izanen dira, gutienez. Pasoko giltza jabegoaren sarreran paratzen bada, aise iristeko moduko tokian, ez da beharrezkoa izanen erregistroko giltza (banakako etxebizitza edo finketan ohi dena).

Hargune batetik abiatuta kontrataturiko hornidurak bat baino gehiago badira, kontagailu sail bat paratu beharko da, Udalak erraten duen motakoak eta erabakitzen duen lekuan paratzeko.

Erregistroko giltzatik hasita, kontagailu saileraino dagoen hodi puska eta gainerako instalazioak (elikatzeko hodia) eraikinaren barreneko instalazio orokorraren atal dira. Instalazio horren gaineko mantentze eta zaintze lanak bere jabe bidezkoei dagozkie.

Jabetza horizontal etzana:

Jabe elkarte bat baldin bada, jabetza pribatuko karrikak eta lurrak dituena eta horiek urbanizazioaren edo jabe elkartearen elementu komunen kalifikazioa badute, orduan esparru pribatu guztian diren hornidura eta saneamendu sareak urbanizazioaren barreneko instalazio orokortzat hartuko dira, zutikako eraikin bateko jabe elkarte bateko kontsiderazio tekniko-juridiko berarekin.

42. artikulua. Ura husten denerako hustubideak. Hodiak hausten ahal baitira, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izanen dute, kontrataturiko hargunearen bidez irits daitekeen gehieneko ur-emaria husteko lana egin dezaten, kalte materialik eragin gabe etxeari, bertan pilaturiko produktuei edo kanpoko edozein elementuri.

43. artikulua. Harguneen lagapena. Udalak ontzat emandako maneran hargunea bukaturik, partikularrak Udalari laga ahal izanen dio eta honek onartu, instalazio partikularren lagatzeko behar den kontratuaren bidez.

Ulertuko da “iuris tantum” instalazioaren lagapena jabetza partikularraren mugaraino onartzen dela edo, lehenago baldin badago, erregistroko giltza paratzen den lekuraino.

7.2. Hornidura, lehendik sarea duten tokietan.

44. artikulua. Sarera lotzeko eskubidea ematea. Sarera lotzeko eskubidea emateko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak ordaintzea Udalaren ordenantza fiskalak horretarako finkatua duen tasa.

45. artikulua. Hornidura ematea. Ur hornidura emateko, beharrezkoa da kasuan kasuko higiezinaren, etxebizitzaren edo lokalaren barneko instalazioak betetzea indarra duten arauek une bakoitzean diotena; horregatik, eskatzaileak nahitaez agiri bat aurkeztu beharko du, erakunde eskudunak egina, hori hala dela frogatzeko (instalatzaile baimenduaren ziurtagiria).

Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea deklaratzea hornitu gogo den higiezinaren gainean.

Aurreko ataletan aipatzen dena batere ukatu gabe, hornitutako ura zertarako erabiliko den kontuan harturik, honako hauek ere beharko dira:

–Etxebizitzetarako hornidura baldin bada, higiezinaren bizigarritasuna egiaztatzea, lehen aldiz okupatzeko dagokion lizentziaren bidez.

–Jarduera industrial, profesional edo merkataritzakoren batean erabiltzeko lokaletarako ura denean, jarduera hori egiaztatu beharko da irekitzeko lizentzia erakutsita.

–Erabilera pribatuko lokalak hornituz gero, jarduera kaltegabea irekitzeko behar den lizentzia aurkeztu beharko da.

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioetarako hornidura denean, lurraldearen antolamenduari buruzko baimena eskatuko da obrarako eta bere hornidurarako, bai eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren ingurumen baimenak ere.

46. artikulua. Behin-behineko hornidurak. Eskaria eginik, ur hornidura behin-behinekoz eman daiteke, baina hura ez da behin betiko onartutzat hartuko aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa aurkeztu arte.

Behin-behinekotasuna ez da inoiz sei hilabete baino luzeago izanen, halako obra edo zerbitzu batzuetarako emandako horniduretan izan ezik, behin-behineko hornidura horiek irauten duten guztian mantentzen ahalko baita.

47. artikulua. Hornidura bereiziak. Ur hornidura ezarriko da soil-soilik hitzartutako eraikin edo etxebizitzan, baita ere zenbait eraikin edo higiezin mugakide jabe berarenak izan edo errentari berdinak erabiltzen dituen kasuetan. Kasu horietan eraikin edo higiezin bakoitzak bere hornidura bereizia izan beharko du, banakako kontratuaren bitartez formalizatua.

Nolanahi dela ere, eraikinean baldin badago merkataritzako edo negozioko lokalen bat, hornidura bereizia eduki beharko dute.

48. artikulua. Beste toki batzuetako hornidurak. Berritik irekitzen diren urbanizazioetako hornidurek edo lehengo sarea handitu edo aldatu beharra dakartenek, aitzineko artikuluetan aipatu denaz gain, ondotik heldu diren arauei jarraitu beharko diete.

7.3. Lehendik dagoen sarea handitu edo aldatu beharra dakarren hornidura.

49. artikulua. Hornidura emateko aukera. Udalaren eskumen eremuaren barrenean egonik, hornidura sarea ez bada bertaraino iristen edo, nahiz eta sarea iritsi, handitu edo aldatu behar badira lehendik dauden instalazioak, hornidura berriak emateko kontuan hartu beharko da horretarako aukera edo modurik ba ote den.

50. artikulua. Ordainketa noren gain. Hornidura sarea iritsi ez edo, nahiz eta iritsi, behar adina hornitu gabeko lekuetan hornidura berria eskatzen duenak bere kontura eta fondo galdura ordaindu beharko ditu sarea handitzeak edo aldatzeak ekartzen dituen gastu guztiak, kontsumo eskaera berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada.

Sarea handitu edo aldatzeko lan guztietan, Udalak baldintza teknikoak paratuko ditu eta bete daitezen kontrolatuko du haiek egiten direnean.

51. artikulua. Behar adinako hornidurarik ez. Aitzineko artikuluetan aipatzen denari dagokionez, ulertuko da toki bat ez dagoela behar adina horniturik, baldin eta, banaketa-sarean, hargunea egin behar den tokian, eskualdeko kontsumoa asetzeko lehendik lotuak dauden ur-kopuruak kendu ondotik, eskatzen den hornidura berrirako behar adina ur emaririk ez badago. Ur emari hori kontsideratzen da harguneko kota gehi hiru metrora dagoela eta Udala ez dago beharturik presio jakin bat sareko inongo tokitan ematera, sute-ahoetarako salbu.

7.4. Urbanizazio ireki berrietako hornidurak.

Indarrean den Urbanizazioaren gaineko ordenantza orokorreko 3. artikulua aplikatuko da.

52. artikulua. Urbanizazioa. Erregelamendu honi dagokionez, urbanizazio ireki berria erraten zaio lur multzo bati, zeinaren gainean hirigintzako jarduketak agintzen baitu bide eta zerbitzu azpiegitura baten sorrera, lur horiek banatzen diren lurzatien edo orubeen artean eta lurzati edo orube horien eta herriguneko eremu eraikiaren artean.

Halako lekuan dauden orube edo higiezinetarako hargunea edo hornidura emateko, ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dira.

53. artikulua. Aldez aurreko betebeharrak. Behar diren urbanizazio proiektuak onetsi aitzin, eta betiere eraikitzeko lizentziak eman aurretik, Udalak txostena eskatu beharko du, hornidura eta saneamendua egiteko egiazki dauden ahalbideen gainean.

Orobat, aitzinetik arautu beharko da, hitzarmenaren bidez (Udala eta sustatzailea), urbanizazioa Udalari eskualdatuko zaion modua eta denbora, gero hari atxikitzeko.

54. artikulua. Ordainketa noren gain. Sare berria paratzeko gastuak, bai eta haren elikagailu nahiz egin beharreko errefortzuenak ere, oso-osorik sustatzailearen gain geldituko dira.

7.5. Hiri sareak berritzea.

55. artikulua. Kontribuzio bereziak. Hiriko sareak berritu baino lehen, Udalak berrikuntzaren kostuaren zati bat berreskuratu ahal izanen du, kontribuzio bereziak ezarriz.

7.6. Kontsumoaren kontrola.

56. artikulua. Neurgailuak. Abonatu bakoitzak egiten dituen ur kontsumoak kontrolatuko dira neurgailuaren bidez; hura ondoko artikuluetan erraten den bezala paratuko da.

57. artikulua. Motak. Mota hauetako neurgailuak paratzen ahalko dira:

–Kontagailuak.

–Emari-neurgailuak.

–Ekipo bereziak.

Kontagailua duen neurgailua da, aparatu mekaniko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari mugarik gabe. Izaten ahalko dira orokorrak edo banakatzaileak, instalazio partikularraren ezaugarrien arabera.

Emari-neurgailua duen neurgailua da aparatu elektromekaniko nahiz elektrikoa duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste mugarik gabe.

Neurgailu bereziak benturiak, isurtegiak eta diafragmak dira.

58. artikulua. Kontagailuak. Eraikin bakoitzaren barne instalazio partikularraren ezaugarriak nolakoak diren, ur hornidura ematen ahalko da kontagailu banakatzaileen bidez edo kontagailu orokorraren bidez. Fakturazioa honen arabera eginen da:

a) Kontagailu banakatzaileek abonatu bakoitzaren kontsumo partikularra neurtzen dute, etxebizitzan edo lokalean.

Kontagailu banakatzaileen saila horretarako baizik ez den lokal edo armairu batean paratuko da, eta hura kokatzeko lekurik egokiena, higiezinaren beheko solairuan, erabilera komuneko lekuren bat izanen da, jabari publikoko eremutik sarbide zuzena duena.

b) Kontagailu orokorrak neurtzen ditu eraikinean eginiko kontsumo guztiak. Horretarako baizik ez den armairu batean paratuko da, bere babes eta maniobrako giltzekin batera. (Hura kokatzeko lekuari dagokionez, aitzineko kasuan erranak berdin balio du honentzat ere).

Merkataritzako edo negozioko lokaletako kontagailuak kokatuko dira, hala baldin bada, eraikineko kontagailuen sail orokorrean. Kasu partikularren batean, lokal horiek kontsumo handia egiten badute edo eraikinaren hargunetik aparteko beste hargune bat behar bada, kontagailua fatxadan egonen da, kutxeta batean, eta bertara kanpoaldetik joko da.

Kontsumo handiko lokalak dira beren erabilera arruntaren bidez eraikineko ohiko kontsumoak aldarazten dituztenak, eta beti izan beharko dute beren aparteko hargunea.

59. artikulua. Ezaugarri teknikoak. Halaber, kontagailuen neurriak eta ezaugarriak erabakitzea, instalatzeko sistema edozein izanda ere, Udalaren esku gelditzen da, berak eginen baitu, abonatuak hornidura eskaeran aipatzen duen kontsumo deklarazioa ikusita eta barreneko instalazioetarako oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Udalak, egoki iruditzen bazaio, eskatutako jarduerarako batez besteko kontsumo deklarazioa eskatu ahalko du.

60. artikulua. Kokalekua. Udalak adieraziko du zein den lekurik egokiena kontagailua paratzeko, 58. artikuluan xedatu denarekin bat, jabetza partikularraren barrenean baina eremu publikotik hartara aise iristeko maneran, ahal dela fatxadan, eraikin komunitarioetan salbu.

Horretarako, interesdunek edo etxegintza obretako enpresek eta sustatzaileek nahitaez eskatu beharko diote Udalari, obretarako udal lizentzia lortu baino lehen, beren proiektuei oniritzia eman diezaiela, eraikinaren barreneko instalazioari dagokionez.

Era berean, hornidura hartzen duen eraikin, lokal edo dena delako tokian aldaketa edo konponketaren bat egiteko, kontagailuaren instalazioa edo bertara jotzeko bidea zerbait ukitu gogo bada, Udalaren baimena beharko da.

61. artikulua. Alta ematea zerbitzuan. “Zerbitzuan alta ematea” erraten zaio pertsona edo entitate batek udalarekin kontratua egiteari erregelamenduzko hargunea duen higiezin bat urez hornitzeko, horren aitzinetik sareari lotzeko eskubideak ordaindu eta gero.

Alta emate horrek balio izateko, Udalak ematen duen kontagailua paratu beharko da hartarako bereizi den tokian. Ez da onartuko erabiltzaileek ekarritako kontagailuak paratzea, Udalak berariaz baimentzen ez badu.

Zerbitzuan alta emateagatik eskatzaileari ordainarazten zaion tasan ezin izanen da sartu kontagailuaren prezioa, hori haren instalazioen parte bat baita.

Arrazoi beragatik, zerbitzuan baja ematen denean, Udalak kontagailua kendu eta beretako gordeko du. Orobat, harguneari zigilua emanen zaio.

Obrak eraikitzeko, zerbitzuan alta eman ondotik, kontagailua paratuko da eta kontagailu hori behin betikoa bilakatuko da obrak amaitutakoan. Eraikuntza-lanak egin bitartean, eraikitzailea behartua dago obrarako lotune kuota ordaintzera bai eta egindako kontsumoak ere. Obrak bukatuta eta irekitzeko edo lehen aldiz okupatzeko behar den lizentzia eskuratu ondotik, jabeak behar den zerbitzuan alta emateko lotune kuota ordaindu beharko du, bai eta ondoren egiten dituen kontsumoak ere.

Eskatzailearen kontura izanen da hargunea egiteko obra eta haren kostua. Udalak egiten duen zerbitzua, tasa honen zergapeko egintza sortzen duena, hau izanen da: hargunea egiteko gainbegiratze teknikoa eta etxebizitzek zein lokalek zerbitzua izateko Udalak inbertsio orokorretan egin beharreko konpentsazioa. Eremu publikoa irekitzea beharrezkoa bada horma-atal erdiak osorik jarriko dira berriz.

62. artikulua. Erantzukizunak. Udaleko langileak edo Udalak izendatzen dituen paratzaile baimenduak arduratuko dira kontagailuak paratu, kendu eta mantentzeaz, gainerako beste edozein pertsonak lan horietan esku hartzea debekatua izanen baitu.

Dena dela, ardura horren barrenean ez da sartuko kontagailuaren instalazioa eskatzen duen partikularrak prestatzen duen tokia edo kaxa.

63. artikulua. Prezintoak. Debeku da, orobat, fabrikatzaileak edo Udalak paratzen edo konpontzen dituenean kontagailuetan ezartzen dituen prezintoak aldatzea, horien bidez bermatzen baita ongi funtzionatzen dutela eta sistema homologatu batekoak direla.

Edozein inguruabar dela eta prezinturen bat hausten bada, hogeita lau orduko epean, Udalari jakinaraziko zaio.

64. artikulua. Egiaztapenak. Neurgailuen probak Udalari komenigarri iruditzen zaion guztietan eginen dira, baita abonatuak eskatzen duenean ere. Azken kasu horretan, kontagailua funtzionatzeko egoera onean baldin bada, lan horrek ekartzen dituen gastuak eskatzailearen bizkar izanen dira, eta horren tarifa ordenantza fiskalean ezartzen dena izanen da.

Neurgailua egoera onean dagoela ulertuko da, baldin eta neurketako akatsak, halakorik baldin bada, indarra duen araudian onartzen den tartearen barrenean badaude.

Kontagailua, hautsia dagoelako edo funtzionamenduan akatsak dituelako, konpondu behar denean, Udalak abonatuari kontagailuaren ordezkoa jarriko dio.

65. artikulua. Ohiko kontsumoak aldatzea. Abonatuak aldatzen badu bere ohiko kontsumoa edo kontsumo hori ez bada hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, eta, beraz, neurgailuarentzat jarritako neurriak desegokiak badira kontsumitu den ura behar den bezain zehatz kontrolatzeko, neurgailu berri bat paratu beharko da, bere neurrietan egokitua egiazki kontsumitzen denaren arabera.

Ulertuko da abonatuak bere ohiko kontsumoa aldatu duela edo kontsumo hori ez dela hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, Udalak egiten dituen egiaztapen teknikoen ondorioz ikusten bada paraturiko neurgailua ez dela egokia egiazko kontsumoetarako, enpresa fabrikatzaileak ematen dituen ezaugarrien barrenean.

Neurketa ekiporen bat aldatu behar bada, Udalak baimena du beste baldintzarik bete gabe hura aldatzeko.

7.7. Loturiko zerbitzuak.

66. artikulua. Zerbitzu bereziak. Udalak ez ditu ur zerbitzuari loturiko obra eta zerbitzuak eginen partikularrendako, hala nola hornituriko esparruaren barreneko instalazio partikularra etab., eta zerbitzu pribatutzat joko dira.

8.–Saneamendu zerbitzua.

67. artikulua. Arautzea. Saneamendu sareari oro har aplikatuko zaizkio aitzineko ataletan aipatu diren xedapen guztiak, non ez diren hornidura zerbitzuari baizik ez dagozkionak, batere ukatu gabe ondoko artikuluetan finkatzen diren arau bereziak.

Aitzineko lerroaldean eta ondoko artikuluetan aipatzen direnei buruz, jartzen duenean “hornidura”, “banaketa edo hornidura”, “kontsumoak” eta “hornidura hartzen duena, hornidura sarea duena edo horniturik/ta”, ulertuko da hemen dela “hustuketa”, “saneamendua”, “isurketak” eta “hustuketa duena”.

68. artikulua. Isurketa kota. Udala ez da inola ere beharturik egonen galtzada lerrotik behera 1,20 metro baino barrenago dagoen isurketa kotarik ematera. Beti mantenduko da 40 zentimetroko gutxieneko jauzia udal kolektoreko konexioraino. Isurketaren bat kolektorearen azpiko kotaren batean bada, eskatzailearen kontura izanen da hondakin urak gorago ekartzeko sistema paratu eta mantentzea. Orobat, kota horren azpitik aritzeagatik sor daitezkeen kalteen erantzulea izanen da. Edonola ere, erabiltzaileak beharrezko instalazioak eginen ditu hargunearen funtzionamendu egokia bermatzeko (adibidez, atzera egitea galarazteko balbula).

69. artikulua. Hargunea. Saneamenduko hargunea saneamenduko sareari lotuko zaio Udalari egokiena iruditzen zaion tokian, eta, behin egin ondotik, harena izatera pasako da.

Saneamenduko harguneak diseinatu eta eraikitzean, ziurtatu beharko da estankoak direla, bereziki saneamendu sarearekin lotzen diren puntuan.

Udalak eskatzen ahalko du kutxetak para daitezela, hala hargunea hasten den tokian nola sarearekin lotzen den puntuan, bai eta emariak kontrolatu eta neurtzeko kutxetak egin daitezela eta behar diren neurketa sistemak para daitezela ere. Horretaz gainera, Udalak eskatzen ahalko du harguneen erregistroko kutxetak egin daitezela eraikinaren barrenean. Hori dena Udalaren jarraibideen arabera egin beharko da. Nolanahi dela ere, saneamenduko harguneen proiektuak eta ondoriozko obrek bermatu beharko dute egiturek iraunen dutela eta jasanen dela garraiatu beharreko uren gogortasuna.

70. artikulua. Aparteko harguneak. Udalak euri urak eta ur beltzak bereizirik joateko sistema hautatu zuen aspaldi. Hori dela medio, hustuketa zerbitzua hartzen duten eraikin edo finka guztiek beren barreneko instalazioan eduki beharko dute euri urak eta ur beltzak bereizteko sistemaren bat.

Ur beltzen hargunea saneamendu sare publikoari lotuko zaio.

Euri uren hargunea euri uren sare publikoari lotuko zaio, halakorik baldin bada, edo bestela zuzenean isuriko du ura eremu publikora, toki entitate bakoitzak onetsitako hirigintzako araudiaren arabera.

71. artikulua. Isurketen neurketa. Udalaren ustez beharrezkoa edo komenigarria bada isurketen kontrol berezia egitea, berak diseinatuko du nahitaez paratu beharreko isurketak neurtzeko aparatua eta adieraziko du nola kokatu behar den.

Udalak eskatzen ahalko du egin daitezela isurketen laginak hartzeko kutxetak, berak onetsitako diseinuaren arabera.

72. artikulua. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuak. 1. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuetan, edo behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik ez dagoenetan, erabiltzaileek konponbide bereziak bilatzen ahalko dituzte, hala nola putzu septikoak, kubetak edo irazkiak, baldin eta Udalak eta NILSAk teknikoki onartzen baditu haien proiektua eta gauzapena.

Konponbideak eta haiek egiteko emandako baimenak behin-behinekoak izanen dira, Udalak finkatik hurbil saneamendu sarerik ez duen bitartean, hala denean lotura egin beharko baita ordenantza honetan aipatzen den maneran eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintza orokorrak betez.

2. Aitzineko atalean eta 49.etik 54.erainoko artikuluetan aipatzen denari dagokionez, saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremutzat hartuko dira hargunea kokatu behar den tokian kolektore sarerik ez dutenak.

Halaber, ulertuko da toki batek ez duela behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik, baldin eta hargunea kokatu behar den tokian ez bada garraio ahalmenik edo kotarik aski, heldu den isurketa kopuru berria hartu ahal izateko.

3. Aitzineko puntuetan jartzen duena deusetan ukatu gabe, ez da onartuko saneamendurako bestelako konponbiderik, baldin eta herriko hirigintza arauetan agintzen bada beharrezkoa dela saneamendu zerbitzu arruntaren azpiegiturak eduki behar direla.

73. artikulua. Etxeko instalazioen garbiketa. Udala ez dago beharturik etxeko instalazio berezirik hartu, garbitu edo saneatzera, non ez dagoen hondakin urak arazteko akordio idatzizko eta espresuren bat haren eta instalazio partikularraren jabearen artean, orduan kasu eginen baitzaio adostutakoari.

Udala ez dago beharturik saneamenduko hargunerako adarra garbitzera, horrek ez baldin badu harguneko kutxeta normalizaturik eremu publikoan.

Udala ez dago beharturik saneamendu pribatuko sare horizontala garbitzera, hau da, jabetzaren muga lerrotik edo harguneko kutxetatik jabetzaruntz dagoen saneamendu pribatua.

9.–Zerbitzuak kontratatzea.

74. artikulua. Kontratu-poliza.

1. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuen kontratazioa, erregelamendu honetan aipatzen diren helburuetako edozeinetarako eta hemen erraten diren baldintzetan, kontratu baten bidez formalizatuko da. Kontratua, alde batetik, Udalak izendatzen duen pertsonak sinatuko du eta, bestetik, zerbitzuak hartzen dituen eraikin, lokal, etxebiziza edo toki itxiaren jabeak edo kasuan kasuko higiezina okupatzeko behar adina titulu duenak, hala nola legezko errenta hartzaileak, biek esku hartzen ahalko baitute zuzenean edo haien ordezkoa denak. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez frogatu beharko da.

Ordezkaritzarik ez badago ere edo behar adina frogatu ez bada ere, kontratua egintzat hartuko da, duen akatsa zuzentzen bada horretarako jarri den epean.

2. Aitzineko atalean ezarritakoa ukatu gabe ere, alta Udalak eskura dituen baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoetan edozein erabiliz tramitatzen ahalko da.

3. Aitzineko ataletan xedatu dena, orobat, zerbitzua iraungitzen bada aplikatzen ahalko da.

Edonola ere, baja eskaera egin eta hurrengo lauhilabeteko lehenengo egunetik hasita izanen ditu ondorioak zerbitzuaren iraungipenak.

Zerbitzuaren iraungipena eskatu ondotik, udal arkitektoak txostena eginen du bajaren baldintzei eta behar dituen zerbitzuei buruz.

75. artikulua. Zerbitzuen eskaera. Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa lortu nahi duen pertsona interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, Udalak emanen dion eredua erabiliz, eta hori egitearekin batera bere gain hartuko du eskaeran paratu dituen datuen gaineko erantzukizuna. Udala beharturik dago ale bat, behar bezala osatua eta sinatua, abonatuari ematera.

Eskaera horrekin batera aurkeztu beharko dira 45. artikuluan aipatzen diren agiriak.

76. artikulua. Iraupena. Zerbitzuak kontratatzen ahalko dira denbora baterako edo denbora mugarik gabe.

Ez da, ordea, denbora mugarik gabe kontratatzen ahalko berez iragankorrak diren egoeretarako, hala nola obretarako, eta abar.

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren hustuketa modu berezian ematen ahalko da instalazioak probatzeko, aitzinetik Udalaren eta erabiltzailearen artean egiten bada hitzarmen bat, non zehaztuko diren zerbitzuen iraupena, kontsumitu gogo den uraren nahiz hustu gogo diren isurketen bolumena, haien ezaugarriak eta hitzarmena gauzatzeko egin behar diren gastuen zenbatekoa.

Halaber, zerbitzuak behin-behinekoz ematen ahalko dira, gehienez ere sei hilabeteko denboran.

Zerbitzuan baja hartzean, Udalak kontagailua kendu eta instalazioa zigilatuko du, eta interesdunek ezin izanen dute instalazioa eta zigilua manipulatu edo aldatu.

77. artikulua. Hornidura kolektiboak. Kasu berezi batzuetan, hornidura kolektiboa ematen bada, kontratua egiteko beharrezkoa izanen da lehendik eratua egotea ondasun komunitatea edo erakunde juridikoa, hornidura hartzen duen multzoaren titulartasuna bere gain hartuko duena.

Aitzinetik bete beharreko baldintza izanen da, baita ere, eraikinaren instalazio orokorrak baldintza tekniko egokiak ez izatea, etxebizitza edo lokal bakoitza bereiz hornitu ahal izateko.

Esandako hori batere ukatu gabe, gisa honetako horniduren kontratazioa normala izanen da, jabeen komunitateetan dauden zerbitzu komunitarioen kasuan.

Kasu horietan ezin izanen da egin guztientarako kontratu komunetik aparteko banakako kontraturik. Kontratuan paratu beharko dira, zehazturik, aplikatu beharreko tarifa eta gainerako baldintzak. Komunitateko kideek solidarioki erantzun beharko dute, elkarteak Udalarekin zorrik baldin badu.

Udalak erabakitzen ahalko du hornidura kolektiboa ematea eta gero jabeen komunitateak onartu, aipaturiko baldintza horiekin.

78. artikulua. Zerbitzuak helburuei atxikita. Ur hornidura eta hustuketako zerbitzuak eman ziren helburuei atxikita geldituko dira, eta ezin izanen da haietaz baliatu bestelako erabileretarako, zeren halakorik egin nahi bada beste kontzesio bat eskatu beharko baita.

79. artikulua. Polizak. Ur hornidura eta/edo saneamenduko polizak erabilera bakoitzerako finkatuko dira, eta poliza bereziak egin beharko dira tarifa edo baldintza desberdinak aplikatzeko eskatzen duten guztientzat. Edozein arrazoi dela kausa, abonatuaren polizan sinaturiko kontratuaren baldintza berezietakoren bat aldatzen bada, beste orri bat idatzi beharko da, dagokion data jarrita eta bi alderdiek sinaturik, non paratuko baitira erabaki diren aldaketak.

80. artikulua. Zerbitzuak besterendu ezin. Arau orokor gisa, ur hornidura eta/edo hustuketako abonua pertsonala eta besterendu ezina da. Beraz, abonatuak ezin izanen dizkie bere eskubideak hirugarrenei laga, eta ezin izanen du Udalarekin dituen erantzukizunen karga bere gainetik kendu.

Abonatu batek saldu, errentan eman (soilik merkataritzako edo industriako lokala errentan ematen denean) edo, edozein modutan, galtzen baditu hornitutako higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak, zerbitzuan baja emateko eskatu beharko du, higiezinaren gaineko eskubideak galdu dituela ziurtasunez jakiten duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean.

Abonatuak betetzen ez badu aitzineko lerroaldean aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, dagokion zehapena hartuko du, eta baja eman ahalko zaio ofizioz uraren hornidura zerbitzuan.

Aitzineko kasu horretan, higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak bereganatzen dituen pertsona edo entitateak Udalari jakinarazi beharko dio, hamabost eguneko epe horretan berean, nahi duela higiezina hornidurarik gabe gelditzea edo, bestela, eskatu beharko du zerbitzuan alta emateko.

Higiezinaz jabetzen denak betetzen ez badu aitzineko lerroaldean aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, eta dagokion zehapena hartuko du.

Abonatu berriari zerbitzuan alta emateko, administrazio baldintza guztiak bete beharko ditu eta behar diren tasak ordaindu.

81. artikulua. Subrogazioa. Abonu polizaren titularra hiltzean, bere ordez subrogatzen ahalko da hornidura hartzen duen etxebizitza edo lokalaren jabetza edo erabilera bereganatzen duen oinordekoa edo legatuduna.

Entitate juridikoen kasuan, eskubide eta betebeharretan subrogatzen denak gauza bera egiten ahalko du abonu polizan, betiere behar diren baimen administratibo guztiak Udalari aurkeztuta.

Subrogatzeko eskubidea izanen du, baita ere, irabazitako ondasunezko ezkontza-erregimena desegiten den kasuan, higiezina egokitzen zaion ezkontideak.

Eskubide hori bera izanen du hornitutako higiezin baten jabekideak, baldin eta, higiezinaren gaineko jabetza komuna desegiten denean, bera bihurtzen bada haren jabe bakar.

Eta, oro har, polizan subrogatzen ahalko dira higiezin baten gaineko eskubidearen aitzineko titularraren ondorengoak direnak, jabetza, errentamendu (soilik merkataritzako edo industriako lokalaren errentamenduaren kasuan), usufruktu, gozamen, erabilera edo bizileku eskubide errealaren titulartasunean.

Kasu hauetan guztietan subrogazioa egin ahal izateko, kontratuak indarra izan beharko du eta egungo titularrak eguneratuak izan beharko ditu Udalarekin bete beharreko obligazioak.

82. artikulua. Klausula bereziak. Polizan sartzen diren klausula berezietan ez da inola ere erregelamendu bidez onetsitako aginduen kontra joko, ezta indarra hartua duten baimendutako tarifa orokorrak gainditzen dituzten prezioak jarriko ere.

10.–Kontratuaren etendura eta amaiera.

83. artikulua.

1. Udalak abonatuei eteten ahalko dizkie ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak, honako kasu hauetan eta prozedura honi segituz:

a) Udalak egindako edozein zerbitzuren ordainagiria kobratzen hasten denetik hiru lauhilabeteko epean abonatuak ordaintzen ez duenean.

b) Iruzurragatiko likidazio irmotik edo horren berrerorketa frogatutik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.

c) Abonatuak erabiltzen badu ematen zaion ura kontrataturiko polizan erraten den ez bezala edo finkatzen diren erabileretatik aparteko beste zerbaitetarako.

d) Abonatuak egiten dituen isurketetan betetzen ez badira polizan baimendutako baldintzak.

e) Abonatuak txertatzen uzten badu edo txertatzen baditu adarrak bere instalazioan, bere abonu polizan sartzen ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuetara ura desbideratzeko.

f) Abonatuak ez badie kontrataturiko hornidura hartzen duen lokalean sartzen uzten Udalak baimendutako langileei, Udalaren lanorduetan eta beren dokumentazio eta nortasun agiri guztiak dituztela, instalazioak ikuskatu eta kontsumoa neurtzera joaten direnean. Kasu horretan beharrezkoa izanen da sarrera ukatzea bi lekukoren edo agintaritzaren agenteren baten aitzinean egitea.

g) Abonatuak ez dituenean aurkezten bere kontagailuaren irakurketak hiru lauhilabeteko epean jarraian.

h) Abonatuaren utzikeriagatik, sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekiporik ez paralatzea, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea iragan eta gero.

i) Abonatuak bere instalazio partikularrean matxura izan eta behar den konponketa egiten ez duenean, Udalak eskatu eta gero, bereziki ur-ihesaren kasua bada.

j) Eta, oro har, abonatuak larriki hausten baditu erregelamendu honetan aipatzen diren aginduak edo betetzen ez baditu abonu polizan finkatzen diren baldintzak.

2. Zerbitzuak behar den administrazio espedientea abiarazi ondoan eteten ahalko dira; hura ebatzi aitzin entzute epea eman beharko zaio interesdunari, hamar egunekoa.

3. Etendurak nahiz lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

4. Hornidura etenda, berriz ere ezarriko da zor den zenbatekoa, sortutako gainkargu eta korrituak eta aitzineko atalari jarraikiz baimendutako zenbatekoak ordaindu edo mozketa eragin zuen egoera bukatu eta gehienez ere hurrengo zazpi egun baliodunean.

84. artikulua. Kontratuaren amaiera. Kontratua eta, beraz, hornidura deuseztatuta geldituko dira hurrengo arrazoi hauetako edozein izanez gero, eta iraungipenak ondorioak izanen ditu hiruhileko hori bukatzen denean.

a) Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen badu, eta horretarako nahikoa izanen da Udalaren bulegoetan jakinarazpen idatzi bat aurkeztea, horniduraren titularrak edo legez baimendutako pertsonak sinaturik eta azkeneko neurketa ordaintzea. Horretarako, interesduna beharturik egonen da azken neurketa ematera eta Udalak egiaztatu eginen du. Horrela egiten ez bada, kasuan kasuko batez besteko kontsumoa halako bi kobratuko da.

b) Kontratuari zegokion iraupena amaitzen bada, denbora jakin baterako egina denean.

c) Abonatuari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, posible izan ez bada neurgailuak hamabi hilabetean erregistratu dituen datuak eskuratzea.

d) Kontrataturiko horniduraren titularrak galtzen badu hornitutako lokal, finka edo toki itxiaren gaineko erabilerarako jabaria.

e) Ez ordaintzeagatik mozketa egin ondotik, mozketaren egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean abonatuak ordaindu ez baditu ordaindu gabekoak eta berriz lotzeko tasa, batere ukatu gabe Udalak dagozkion bideen bitartez zorra exijitzeko duen eskubidea eta sortutako kalte-galerak ordaindu beharra.

f) Kontratuak eta, hortaz, Udalak emandako hornidurak baliogabetu daitezke, nahitaez betebeharreko arauzko xedapenak edo Erregelamendu honetako aginduak hausten direnean.

g) Etenak behin eta berriz pilatzeak iraungipena ekarri ahalko du.

85. artikulua. Edukirik gabe.

86. artikulua. Fidantzak. Iraupen mugatuko kontratuen kasuan eta izan daitezkeen zorpekoen nahiz, Udalaren instalazioetan, abonatuari egozten ahal zaizkion kalteen ordainketari aurre egin ahal izateko, horniduraren kontratua egiten duenean, diru zenbateko bat ordaindu beharko du diruzaintzan, fidantzatako. Zenbateko hori Udalak zehaztuko du ordenantza fiskalean eta kontratua desegiten denean itzuliko zaio, behar den likidazioa egin eta gero.

11.–Zerbitzuen erabilera motak.

87. artikulua. Erabilera motak. Ur hornidurak emanen dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabilera.

b) Industriarako eta merkataritzarako erabilerak.

c) Udala erabilerak.

d) Obrak egiteko.

e) Suteen aurka aritzeko.

f) Interes orokorreko kirol instalazioetarako.

g) Militarren egoitzetarako.

h) Ongintza eta irakaskuntzako zentroetarako.

i) Ureztapen, apainketa eta aisiarako, finka partikularretan.

j) Zerbitzu berezietarako kontsumoak.

k) Familia-baratze edo berotegien ureztaketa.

88. artikulua. Definizioak.

1. Etxeko erabilerarako kontsumoaren barrenean sartzen dira edaria, garbiketa, higienea eta gainerako behar arruntak, behar den bizigarritasun zedula edo antzeko agiria eduki behar duten etxebizitza edo toki itxietan, horien bidez Udalak bere iritziz egiaztatu ahal izan dezan bizigarritasuna.

2. Industria eta merkataritzako erabileretarako kontsumoaren barrenean sartzen dira lantegiak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, jarduera lizentzia behar duten guztiak, bai eta erabilera pribatuko lokalak, biltegiak, garajeak eta erabili gabeko etxabeak ere.

3. Udal erabilerak dira toki entitateen eta horien mendeko erakundeen eraikinetarako eta instalazioetarako direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak dira mota guztietako obren eraikuntza edo eraberritze beharrak asetzeko xedea dutenak.

5. Suteen aurka aritzeko hornidurak ematen dira eraikin, lokal edo toki jakin bateko suteak itzaltzeko egokituriko edozein instalazio espres hornitzeko. Horrelakoak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, bakarrik sute edo ezbehar kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, Udalaren baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6. Erabilera berezietarako hornidurak dira edozein motatako premiak asetzeko xedea izanik, noizbehinkakoak eta iragankorrak direnak.

89. artikulua. Iraupena. Obren eraikuntzarako eta zerbitzu berezietarako hornidurak denbora mugatu baterako kontratatuko dira, prekarioan eta kontuan hartuz herritarren behar orokorrak.

Hornidura horiek ematearekin, haiek kontratatzeko momentu berean, abonatua beharturik egonen da likidatzera Udalak finkatzen dituen diru kopuruak eta hornidura egiteko behar den instalazioa muntatzeko gastuak.

Gainerako erabileretarako hornidurak denbora mugarik gabe kontratatuko dira.

90. artikulua. Saneamendu zerbitzuaren erabilera. Saneamendu zerbitzuaren erabilera, isurketa motak eta haietarako baldintzak egin beharko dira Udalean isurketei buruz momentu bakoitzean indarra duten arau edo ordenantzek agintzen dutenaren arabera.

12.–Irakurketak eta kontsumoak:

91. artikulua. (Egiazko) Kontsumoen zehaztapena. Abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak, bereziak deitzen direnak salbu, norberak paratua duen neurgailuan ageri diren datuen arabera zehaztuko dira.

Enpresako langileek irakurriko dituzte datu horiek, edo, Udaleko enplegatuak ez izanagatik, hark kreditatzen dituen pertsonek, eta berak finkatzen duen denbora-tartea utzirik, eta, kontrako froga egiaztaturik ez badago, irakurketa horrek adieraziko du abonatu bakoitzak egindako kontsumoa zenbatekoa den.

92. artikulua. Abonatuak berak irakurtzea. Udalaren borondatez kanpoko arrazoiengatik, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea abonatuaren kontsumoak kontrolatzen dituen neurketa ekipoan ageri diren datuak, abonatuak berak emanen dizkio datuak Udalari, ondoko bost egunen barrenean, hornidura puntuan horretarako espres dagoen inprimakian idatzita neurketa ekipoan erregistratu diren datuak.

93. artikulua. Kontsumo zenbatetsiak.

1. Neurgailua matxuratu delako, irakurketa egin nahi izan zenean abonatua kanpoan izan eta ez duelako aurreko artikuluan ezarri beharkizuna bete, edo bete arren, emandako datu horiek bat ez datozelako abonatuak duen kontsumo erregimenarekin, horiek guztiak direla-eta, kontsumoa jakiten ahal ez denean, aitzineko urteetan sasoi berean zer kontsumo izan den, huraxe hartuko da oinarritako berria zenbatesteko, hamabi hilabete baino gehiagoko antzinatasuna badu. Bestela, Udalak berak zenbatetsiko du kontsumoa, kontuan hartuz berak dituen fakturazio guztien denboran zenbat kontsumitu den.

Zenbatespena egin aitzin fakturaziorik ez bada eskura, hargunearen diametroa eta egindako erabileratik ondorioztatzen ahal den ohiko kontsumoa kontuan hartuta eginen da. Delako zenbatespena harguneak lau urtean eman lezakeen ur emaria izan daiteke gehienez.

2. Kontagailurik gabeko puntuetan (ur-ahoak, ur- paldoak etab.) aldian behin egiten den kontsumoa Udalak neurtuko du eta horren berri erabiltzaile edo abonatuari emanen dio.

3. Aitzineko idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan, denbora-tarte horiei dagokien fakturazioa egitean, Udalak kontsumoak zenbatetsiko ditu, edo, bestela, kontsumo hori hurrengo denbora-tarteari gehituko dio, gero bietako kontsumoen batuketa egiteko.

94. artikulua. Lehentasuna horniduretan. Matxura, hornidura mozketa, agorte luzea edo beste edozein arrazoi dela medio, hornitzeko uraren bolumena urritzen bada, lehentasuna emanen zaio erabilera beharrezkoenetarako hornidurari, ur faltak jendeari edo ekonomiari kalterik handienak ekartzen ahal dizkienari.

13.–Fakturazioa eta ordaintzeko modua.

95. artikulua. Fakturazioa. Udalak fakturatuko ditu abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak, une bakoitzean ofizialki onetsiriko tarifetan agindutako prezio eta baldintzetan eta enpresak ekitaldi bakoitzerako finkatzen dituen aldietarako fakturatu ere.

96. artikulua. Tributuen ondorioak ordainketan. Arau orokor gisa, uraren hornidura eta kontsumo instalazioen gainean Estatuak, Foru Komunitateak edo udalek ezarritako tributuek, Udala berorietan zergadun bada, ez dute abonatuarengan ondoriorik izanen tributu moduan, tributua sortzen duen arauak besterik xedatzen ez badu, baina dagokion zenbatekoa tarifan kostu gisa eransten ahalko da.

Aitzineko hori horrela izanik ere, hornidura kontratua sinatzeko formalizatu behar den dokumentazioa nola edo hala kargatzen duten zergak, arielak, eskubideak edo bestelako gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

97. artikulua. Ordaintzeko modua. Edozein kontzeptu dela medio abonatuak Udalari zor dizkion zenbatekoak Udalak aurrezki bulegoetan horretarako irekitako kontuetan ordainduko dira.

Orobat, zenbateko horien ordainketa helbideratu ahalko da abonatuak adierazitako banku-kontuan.

98. artikulua. Ordainagiriak. Ordainagirietan ondorengo datuak jasoko dira gutxienez, betiere aplikatzekoa den legezko araudiak baimentzen dituen aukeretan oinarrituz:

a) Abonatuaren helbidea.

b) Ordainagiriaren titularraren helbidea, aitzineko bera izan ez eta horrela azaltzen bada polizan.

c) Tarifa aplikatua.

d) Fakturatutako kontsumoa zehazten duten kontagailuen irakurketak eta haien datak, fakturazio epea definitzeko.

e) Fakturatutako kontsumoak.

f) Erasaten ahal diren zeharkako zergak.

g) Fakturaren batura osoa.

14.–Tasak, kontribuzio bereziak eta prezioak.

99. artikulua. Arautzea. Udalak ematen dituen zerbitzuek erabiltzaileari ekarriko dioten kostua dagokion ordenantza fiskalean ezarriko da.

15.–Arau-hausteak, iruzurrak eta zigorrak.

100. artikulua. Arau-hausteak. Abonatuaren arau-haustetzat hartzen da ordenantza honetan agintzen zaizkion betebeharrak eta baldintzak ez betetzea, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

101. artikulua. Sailkapena.

Arau-hausteak, beren garrantzi eta ondorioen arabera, arinak, larriak eta oso larriak izaten ahal dira.

a) Arau-hauste arina izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta atal hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 3, 5 eta 8. atalak.

b) Arau-hauste larria izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta atal hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 1, 2 eta 7. atalak eta 21. artikuluaren 2, 3, 4, 9, 11 eta 12. atalak.

c) Arau-hauste oso larria izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta atal hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 4 eta 6. atalak, eta 21. artikuluaren 1. eta 5. atalak (horren ondorioz abonatuarentzat irabazi ekonomikoa ateratzen bada), eta 6, 7, 8 eta 10. atalak. Horiez gain, oro har, Udalaren kontra eta irabazi asmoz egiten diren egintza guztiak.

102. artikulua. Penalizazioak: arau-hauste arinak. Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste arinek Udalaren ohartarazpena ekarriko dute, eta abonatua beharturik egonen da bere egoera zuzentzera, hala eskatzen zaion kasuetan, hamabost eguneko epean eta horrekin sortzen diren gastu guztiak bere gain hartzen dituela.

103. artikulua. Arau-hauste larriak. Erregelamendu honetan jasotzen diren arau-hauste larriek 60,10 eurotik 601,01 bitarteko isunak izanen dituzte zehapen. Hori horrela izanik ere, hala behar den kasuetan, hornidura moztuko da, harik eta frogatzen den arte instalazioa hasierako egoeran utzi dela berriz, eta interesdunak sortutako egoeran zuzeneko erantzule gisa izan ditzakeen erantzukizunak ukatu gabe.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emanen, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

104. artikulua. Arau-hauste oso larriak. Erregelamendu honetan jasotzen diren arau-hauste oso larriek 601,02 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen.

Gainera, egindako iruzurraren ezaugarriengatik ezin bada kontsumituriko ur bolumena zehaztu, Erregelamendu honen 93. artikuluan ezarritakoari jarraikiz zenbatetsiko da kontsumo hori.

105. artikulua. Arau-haustearen eta zehapenaren mailaketa. Arau-hauste arin batean berreroriz gero larritzat hartuko da, eta arau-hauste larri batean berreroriz gero oso larritzat hartuko da.

Zehapenen mailaketan eta aplikazioan kontuan hartuko dira asmoaren norainokoa, egindako kaltearen nolakoa eta arau-haustean berrerori ote den.

Zehapena %50 merkeago ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa salaketa-orria salatuaren eskuetan jarri edo zehapen espedientea abiarazi dela jakinarazi ondoko lehen hamabost egunean egiten bada.

106. artikulua. Prozedura. Zehapen prozedurarako erabiliko da araudi orokorrean ezarritakoa (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko erregelamendua). Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

16.–Erreklamazioak, errekurtsoak eta jurisdikzioa

107. artikulua. Erreklamazioak. Edozein inguruabar dela eta abonatuak Udalaren halako jarduera baten aurka erreklamazioak paratu nahi dituenean, idatziz egin beharko ditu, eta bertan erreklamazioaren zergatiak azaldu.

Arestian aipatutako prozeduraren bidez Udalari zuzendutako edozein erreklamaziok, azaroaren 26ko 30/1992 Legen ezarritako epeetan izan beharko du erantzuna.

108. artikulua. Errekurtsoak. Udalaren erabakien aurka, araudi administratiboak orokorrean aurreikusten dituen errekurtso eta erreklamazioak para daitezke.

109. artikulua. Jurisdikzioa. Erregelamendu hau aplikatu eta ulertzeko moduak eta bere babesean eman diren hornidura kontratuek sor ditzaketen arazoak konpontzeko, Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegiak izanen dira eskudun.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Erregelamendu honetan espresuki jaso gaberik ere sor daitezkeen arazoak, bertan araututakoaren antzekotasunaren irizpideari jarraikiz konponduko dira, 15. kapituluari dagokiona salbu.

Bigarren xedapen gehigarria.–Erregelamendu honen aplikatzeko legeria osagarritzat hartuko da Etxegintzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua, eta hura garatzen edo aldatzen duen gainerako araudia, eta gehigarri gisa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautzen dituena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Erregelamendu honek indarra hartzean paraturik zeuden kontagailuak erabiltzailearenak izanen dira beti, lehenago ere baziren.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Erregelamendu honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Eranskinak

Planimetria (PDF).

Uraren hornidura eta saneamenduko kontratua (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1515616