253. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2015 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 28ko 339/2014 Foru Agindua aldatzen duena; horren bidez, 187 eredua onetsi zen honako hauek aurkezteko: inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo itzultzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez.

Araudi fiskala aldatzeko eta jarduera ekonomikoa pizteko neurriak hartzeko abenduaren 24ko 29/2014 Foru Legeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia) testu bategineko 54. artikulua aldatzen du, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera ditu ondorioak. Egun horretatik aurrera, ondareko elementuen eskualdaketak direla eta, zerga-oinarriaren aurrezkiaren zati berezian sartzen dira agerian gelditzen diren ondare gehikuntza eta murrizketa guztiak, zein den ere haien antzinatasuna. Horrela, ondareko elementuen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntza edo murrizketei eman zaien tratamendu desberdina desagertzen da, haien eskualdaketa eta eskuratze egunen artean urtebete arte iragan edo urtebete baino gehiago.

Arau aldaketa horren ildoan, bidezko da 187 eredua aldatzea bereizketa hori jasotzen duten eremu guztietan; alegia, inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetza edo akzioekiko eragiketen ondorioz ondarean izandako gehikuntza eta murrizketak bereizten dituztenetan, sorkuntza epea urtebetetik gorakoa edo beherakoa den.

Horregatik, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluak oro har emandako eskumenaren ondorioz; gainera, honako hauek berariaz emandakoen ondorioz: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregelamenduko (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 62.23 eta 90.5 artikuluek, sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuak onetsia) 40.6 artikuluak eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) 53.4 artikuluak,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 28ko 339/2014 Foru Aginduaren aldaketa; haren bidez, 187 eredua onesten da, honakoak aurkezteko: inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo itzultzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez.

Ondoren azaltzen diren urriaren 28ko 339/2014 Foru Aginduaren manu hauek ondoko testu hau izanen dute:

II. eranskina.–187 eredua telematika bidez aurkezteko sortzen diren artxiboen eta eredu hori ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrien diseinu fisiko eta logikoak.

Bat.–Aldatu egiten da “Urtebetean edo hortik behera sortutako eragiketaren emaitza” izeneko eremua, 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 143.etik 156.era arteko idazguneei dagokiena; testu hau izanen du:

143

Alfabetikoa

ONDARE GEHIKUNTZA MURRIZTUAK (PFEZFLTB 7. XI).

Ondare gehikuntza konputatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategineko (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia) zazpigarren xedapen iragankorrean ezarria aplikatu bada, honela beteko da eremu hori:

A.–”A” gakoa adieraziko da, ondare gehikuntza zazpigarren xedapen iragankorrean ezarria aplikatuta zehaztu bada.

B.–”B” gakoa adieraziko da, ondare gehikuntza zazpigarren xedapen iragankorrean ezarria aplikatu gabe zehaztu bada.

Beste edozein kasutan eremu hau zuri utziko da.

144-156

-

ZURIUNEAK

Bi.–Aldatu egiten da “Urtebetetik gorako epeko eragiketan sortutako emaitza” izeneko eremuaren deskripzioa, 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 157.etik 170.era arteko idazguneei dagokiena; testu hau izanen du:

157-170

Alfazenbakizkoa

ERAGIKETAREN EMAITZA

“ERAGIKETA MOTA” izeneko eremuak “E”, “C”, “G” edo “H” balioa hartzen duenean bakarrik. Bazkidearen edo partaidearen partaidetza edo akzioa besterentzeko eragiketaren ondorioz izandako ondare gehikuntza edo murrizketaren zenbatekoa adieraziko da, dagokion zeinua erantsita.

Eremu hau bitan banatzen da:

157

Alfabetikoa

ZEINUA:

Partaidetza besterentzeko eragiketaren ondorioz ondare murrizketa gertatzen bada, eremu horretan “N” adieraziko da. Beste edozein kasutan, eremu honen edukia zuriune bat izanen da.

158-170

Zenbakizkoa

ZENBATEKOA:

Zenbatekoak euro-zentimotan adieraziko dira; hortaz, ez dute dezimalik ekarriko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Foru agindu honek indarra hartzearekin batera indarrik gabe utziko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 308/2001 Foru Agindua, kanbio-letraren eta paper tinbredunaren ereduak, notarioek soilik erabiltzekoak, onesten dituena, balioak eurotan dituztela.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehen aldiz aplikatuko da, informazioa 2015ekoa izanik, aurkezteko epea 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa duten informazio aitorpenetan.

Iruñean, 2015eko azaroaren 10ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1515282