253. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Otxobiko Kontzejuko Batzarrak, 2015eko urriaren 8an egin bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Otxobin, 2015eko azaroaren 25ean.–Kontzejuko burua, Reyes Gurrea Baigorrotegui.

ORDENANTZA, OTXOBIKO (ITZA) KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontzeju mugape honetako herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Otxobiko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Otxobiko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Otxobiko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Otxobiko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Otxobiko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Otxobiko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Otxobiko Kontzejuak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Otxobiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulula. Otxobiko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Otxobiko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Otxobiko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilurretako larreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Otxobiko Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Otxobiko Kontzejuak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

16. artikulua.

Zerealen laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Otxobiko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Otxobiko Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan: Lehorreko lurrak: 50 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

3. Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, 35 erregu lehorreko lur.

19. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Otxobiko Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan: ezaugarri berdintsuko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50, erreguko eta urteko.

Urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIaren arabera. Nolanahi ere, kanonak Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Otxobiko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Otxobiko Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Otxobiko Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Diruzaintzan.

25. artikulua. Otxobiko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Otxobiko Kontzejuak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera izanen da.

29. artikulua. Modu honetako aprobetxamenduaren onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da ezaugarri bertsuko lurretan eskualdeko errentamenduaren prezioaren %90. Kanona urterako eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.

30. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

31. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

32. artikulua. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

Otxobiko Kontzejuak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Otxobiko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Otxobiko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du esleipena, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko eperako.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da.

Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Otxobiko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

34. artikulua. Otxobiko Kontzejuak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

35. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Otxobiko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak beteak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Imarkoaingo mugapean bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako aberastasunaren zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Otxobiko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Otxobiko Kontzejuko Osoko Bilkurak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta esleipen modalitate bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Otxobiko Kontzejuak ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak esleituko ditu.

Laborantzako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Kontzeju honen iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

41. artikulua. Otxobiko Kontzejuko herrilarreek honako ustiapen eremu hauek dituzte:

a) Monte de Arriba: izen hori duen hermendia.

a) Monte de Arriba: izen hori duen hermendia.

c) Muinoa eta jabetzak: muinoko herrilurrak, gehi jabetza partikularreko finkak. Finka partikular esleipen bakoitzean lagatuko dira edo ez, osorik edo haien zati bat, larrea aprobetxatzeko.

42. artikulua. Otxobiko Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

43. ordenantza. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Otxobiko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan.

44. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Otxobiko Kontzejuak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean Kontzeju honetako Aziendaburuen Erregistrotik.

45. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

46. artikulua. Otxobiko Kontzejuak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

a) MONTE DE ARRIBA

100 buru, azienda larri

b) MONTE DE ABAJO

80 buru, azienda larri

c) MUINOA ETA JABETZAK

300 buru, ardi azienda

47. artikulua. Jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kalitatea eta haien eskuragarritasuna kontuan hartuta, Kontzejuak kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera; hura ez da larreen balio errealaren %80 baino txikiagoa izanen, ez eta %90 baino handiagoa ere.

48. artikulua. Esleipenaren prezioa bigarren urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.

49. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa hiruhileko aurreratuetan ordainduko dira.

50. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du, esleipen egunetik hasita 5 eguneko epean.

51. artikulua. Otxobiko Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

Kontzejuak une egokian mugatuko du erreserba hori.

52. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

53. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

–Herrilurrak: Monte de Arriba eta Monte de Abajo. Onuradunak behartuta daude itxiturak edo alanbre-hesiak bere kontura zaintzera, ez dadin azienda alhatzeko eremutik atera. Aziendek alhatzen diren eremutik kanpo kalterik sortuz gero, haien jabeek izanen dute erantzukizuna. Aprobetxamendua bukatzean, alanbre-hesiak edo itxiturak ezin hobeki utzi beharko dira Kontzejuaren iritzirako.

–Muinoa eta laga daitezkeen jabetza partikularrak: Zereala hazten den finketan, hura bilduta dela, ezin izanen da azienda sartu uzta bildu arte eta, uzta bilduta dagoen tokietan, makina joan eta 15 egun iragan arte.

Euri asko botatzen duen egunetan ezin izanen da azienda finketan sartu euri egiteari utzi eta 24 ordu iragan arte. Euria egiteari utzi eta 4 egun igaro arte ez da azienda landutako lurrean sartuko. Artaldeak ahalik eta gutxiena ibiliko dira bideetan.

Prozedura

54. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

55. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, ordenantza honen 35. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 52. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, bai eta erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda ere.

56. artikulua. Kontzejuak behin-behineko esleipena eginen du, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

57. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

59. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Otxobiko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

60. artikulua. Otxobiko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta ezin izanen dira saldu.

62. artikulua. Egurra banatzerakoan, Otxobiko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

63. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Otxobiko Kontzejuak irizpide objektiboen arabera jokatuko du, ordenantza honen 17. artikuluan jasotzen denari jarraituz, non ez dagoen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan aurreikusitakoaren aurka, horrexek baitu lehentasuna.

64. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

65. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatitu eta metatuta daudenean.

c) Ezin dira hondar horiek bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan metatu; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira landazainek agindutako jarraibideak.

d) Loteak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.

e) Loteak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

66. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, ordenantza honen 34, 35, 36, 37, 38, 39, 40, 54, 55, 56 eta 57. artikuluei jarraituko zaie.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

67. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

68. artikulua. Otxobiko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

69. artikulua.

1. Otxobiko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

70. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

71. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Hildako abereak bertan uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

72. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak galarazi gabe; gainera, gordailuan utzitako fidantza galduko da.

Aipatu g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 150 euroko zehapena ezarriko da, gehienez ere.

–Hasiera batean onetsia, Kontzejuaren 1988ko ekainaren 20ko erabakiaren bidez.

–Iragarkia, 1988ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 5ean, argitaratua.

–Behin betiko onetsia, Kontzejuaren 1988ko abuztuaren 29ko erabakiaren bidez.

–Iragarkia, 1988ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19an, argitaratua.

–Aldaketaren onespena, Kontzejuaren 2015eko urriaren 8ko erabakiaren bidez.

–Iragarkia, 2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 20an, argitaratua (ordenantzaren aldaketaren hasierako onespena).

Iragarkiaren kodea: L1516103