253. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196E/2015 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Esako arrain-haztegia edateko urez hornitzeko proiektuaren espedientea artxibatzen duena. Sustatzailea Esako Udala da.

2015eko martxoaren 2an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen aurreko lerroaldean aipatutako espedientea.

Espedienteko proiektu teknikoa ikusirik, 2015eko martxoaren 17ko idazkiaren bidez (2015eko martxoaren 18an jakinarazi baitzen) sustatzaileari eskatu zitzaion dokumentazio osagarria bidal zezala, behar bezala tramitatzeko. Errekerimendu horretan berariaz ohartarazten zen ezen, aipatutako jakinarazpenetik hiru hilabete igarota, behar den dokumentazioa aurkeztuko ez balitz, espedientearen iraungitzea deklaratuko litzatekeela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 92.1 artikuluko beharkizun eta ondorioekin. Horrek berekin ekarriko luke proiektatutako obrak eta instalazioak ezin gauzatzea.

Emandako epea igaro denez errekerimendua bete gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikuluak ematen dizkidan eskumenen indarrez,

EBATZI DUT:

1. Esako arrain-haztegia edateko urez hornitzeko proiektuaren espedientea iraungi dela deklaratzea. Sustatzailea Esako Udala da.

2. Orain arteko jarduketak artxibatzea, eta espedientea sustatzaileari itzultzea, adieraziz horren ondorioz ezin duela inola ere gauzatu eskatutako jarduera.

3. Adieraztea ezen, etorkizunean jarduera hori gauzatu nahi balu, espediente berri bati hasiera eman beharko litzaiokeela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritako moduan. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumeneko zuzendari nagusiaren aurrean aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau interesdunari eta Esako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko azaroaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1515919