238. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

262/2015 FORU DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Foru dekretu hori 2015eko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean.

Egitura organikoa unitateen esparrura eta eginkizunetara hobeto egokitzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiak eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuten komenigarria dela lau unitateren izena aldatzea, horietako bietan eginkizunak berrantolatzea eta atalburutza batzuen jardun baldintzak doitzea.

Zehazki, Nafarroako Segurtasun Eskolaren eta Suhiltzaileen Zerbitzuaren titularrek interesa adierazi dute haien unitateen izenak aldatzeko, egiaz dituzten eginkizunekin bat egiteko.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, eskolaren helburua Nafarroako Administrazio Publikoen segurtasun publikoaren arloko langileei prestakuntza ematea eta langile horiek hautatzeko prozesuetan parte hartzea da. Hauek dira segurtasun publikoaren arloko langileak: Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuetan ari direnak, Nafarroako su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako lanpostuetan ari direnak, babes zibileko zerbitzuetako lanpostuetan ari direnak, toki entitateetako albiente lanpostu batean ari direnak, babes zibilaren edo suteen prebentzio eta itzaltzearen arloko unitateen laguntzaile diren erakunde eta entitateetan sartutako langileak eta babes zibilerako plan berariazkoetan sartutako langileak.

Segurtasun Eskolako zuzendaritzak, bere zerbitzuak jasotzen dituzten langile guztiak kontuan hartuta eta haren eginkizunak eta irakaskuntza eremua zehatzago adierazteko, izen berri bat proposatu du: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola.

Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak jakinarazi du zerbitzu horren izenak aldaketa batzuk izan dituela sortu zenetik. Hasieran Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua izan zen, gero Suhiltzaileen Partzuergoa izena hartu zuen eta ondoren Nafarroako Larrialdietako Agentzia. Hala ere, herritarrek Nafarroako Suhiltzaileak izena erabili dute beti, bere jarduketa eremuko zeregin hauek guztiak sartuta: informazioa, prestakuntza, esku-hartze operatiboa eta larrialdiak. Horregatik, proposatzen da hemendik aurrera Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua erabiltzea.

Bestetik, departamentuaren gaur egungo egitura organikoak indarra hartu ondoren, Justizia Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jo du aldaketak egitea haren unitateen antolakuntzan, Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuari esleitutako eginkizunak eraginkorrago betetzeko. Atal bakoitzari esleitutako eginkizunak berrantolatu dira, eta horren ondorioz izenak aldatu behar dira.

Proiektuen eta Langileriaren Atalaren izen berria Proiektuen Atala da. Izan ere, zerbitzuko zuzendaritzak berak hartuko ditu langileriaren arloko eginkizunak, haren menpeko Langileria Bulegoaren bidez. Haren esparrua eta eginkizunak ere aldatzen dira, eta Justizia Administrazioan garatzen diren kudeaketa prozesalaren sistema eta aplikazio informatiko guztien ardura berria izanen du. Arrazoi beragatik, bidezko da Baliabide Materialen eta Artxibo Judizialen Atalaren izena eta esparruaren eta eginkizunen deskribapena aldatzea. Hemendik aurrera, Baliabide Materialen Atala izanen da.

Bestetik, atalburutza batzuen jardun baldintzak doitzeari dagokionez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko lau atalburutzen dedikazio esklusiboko osagarria kentzen da, ulertzen baita eskatzen diren prestasuna, dedikazioa eta ardura lanpostuaren ordainsari oinarrizko eta osagarriek saritzen dituztela, bai eta zerbitzuko langileen lanaldien araubide bereziak ere.

Kontrako norabidean, dedikazio esklusiboko osagarria esleitzen zaie unitate hauetako burutzei: Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasunaren Koordinazio Atala, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuko Proiektuen Atala eta Justizia Zuzendaritza Nagusiko Justiziako Gizarte Zerbitzuko Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala. Izan ere, atal horiei esleitutako eginkizunek dedikazio eta prestasun berezia eskatzen dute, askotan lanaldi orokorretik kanpoko denbora eta arreta eman behar baitituzte.

Azkenik, uztailaren 27ko 100/2005 Foru Dekretuaren 5. artikuluaren 5. idatz-zatia indarrik gabe uzten da. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa onesten da. Xedapen horri esker, Nafarroako polizietako kideek lehenbizikoz aukera izan zuten igoera prozesuetan parte hartzeko, polizia lanekin lotutako Administrazio Erroko burutzen bidez. Aukera hori, oro har, orain Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 44. artikuluak aitortzen du, apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak sartutako aldaketaren ondorioz. Hala ere, idatz-zati horrek soldata mugaketa dakar, eta diskriminatzailea izan daiteke burutza berberak bete ditzaketen gainerako funtzionarioekin alderatuta.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 25eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua aldatzea.

Bat. Nafarroako Segurtasun Eskolaren izena aldatzen da, hemendik aurrera “Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola” izanen baita.

Bi. Suhiltzaileen Zerbitzuaren izena aldatzen da, hemendik aurrera “Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua” izanen baita.

Hiru. 75. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“75. artikulua. Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuaren egitura.

Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Proiektuen Atala.

b) Baliabide Materialen Atala.”

Lau. 76. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“76. artikulua. Proiektuen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Proiektuen Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Epaitegi eta auzitegietan hobekuntza informatikoak pixkanaka ezartzeko bidezkoak diren ekimenak garatzea, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta aplikazioak garatzen dituzten enpresekin elkarlanean.

b) Zuzendaritza Nagusiaren araubide administratiboa hobetzeko neurriak aplikatzea.

c) Justiziako langileentzako prestakuntza plan bat prestatzea.

d) Organo judizialek artxiboetan gordetzeko helarazten duten dokumentazioa gainbegiratu eta zaintzea.

e) Organo judizialentzako mailegu zerbitzua bermatzea, eta Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordean parte hartzea.

f) Artxibo digitalen ezarpena bultzatzea.

g) Zuzendaritza Nagusiko dokumentazioa erregistratu, artxibatu eta gordetzea.

h) Jardueren memoria prestatzen laguntzea.”

Bost. 77. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“77. artikulua. Baliabide Materialen Atalaren esparrua eta eginkizunak.

Baliabide Materialen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epaitegien eta Zuzendaritza Nagusiaren eraikinen eraikuntzari eta zaharberritzeari dagokionez, kontratuak kudeatzea eta lanen egikaritza eta entrega kontrolatzea.

b) Epaitegien eta Zuzendaritza Nagusiaren eraikinen azpiegituren mantentze-lanei dagokienez, kontratuak kudeatzea eta lanen egikaritza eta entrega kontrolatzea.”

Sei. 78. artikuluaren e) idatz-zatia aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“e) Doako justiziaren kudeaketa, abokatuen elkargoekin elkarlanean, eta Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari aholku ematea, aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena ematen baitu.”

Zazpi. Zortzigarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Zenbait unitateren jardun baldintzak.

1. Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko ataletako burutza berriek zuzendaritza nagusi horietako gainerako atalburutzen dedikazio araubide bera izanen dute.

2. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Ataleko burutza betetzen duen funtzionarioak prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko ditu bere eginkizunak, eta horregatik dagokion osagarria jasoko du.

3. Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko, Segurtasunaren Koordinazio Ataleko, SOS Nafarroa Ataleko eta Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burutzak betetzen dituzten funtzionarioek prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko dituzte beren eginkizunak, eta horregatik dagokien osagarria jasoko dute.

4. Proiektuen Ataleko eta Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Ataleko burutzak betetzen dituzten funtzionarioek prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko dituzte beren eginkizunak, eta horregatik dagokien osagarria jasoko dute.

5. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria Foruzaingoko kide bat edo Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko kide bat denean, kasuan kasuko kidegoko kide izaten segituko du, ondorio guztietarako, eta zerbitzuetako zuzendariei dagokien ordainsaria kobratuko du, hori handiagoa bada.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenak eta jardun baldintzak.

1. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Barne Zuzendaritza Nagusian:

–Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariarena, hemendik aurrera Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendaria izanen baita.

–Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Proiektuen eta Langileriaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Proiektuen Ataleko burua izanen baita.

–Baliabide Materialen eta Artxibo Judizialen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Baliabide Materialen Ataleko burua izanen baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe uzten da uztailaren 27ko 100/2005 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 5. idatz-zatia. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa onetsi zen.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren aldaketa.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoak araudi indardunean dituen ondorioak galarazi gabe, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan ezartzen den “Nafarroako Segurtasun Eskola” izena aldatzen da, eta hemendik aurrera “Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola” izanen da.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko azaroaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1515978