217. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

661/2015 EBAZPENA, urriaren 23koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 0,71ko eguneratze koefizientea onesten duena 2016ko ekitaldian aplikatzeko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztien katastroko balioei.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen duenez, “ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen du merkatukoa gainditu eta ez da izanen foru lege honen 24.2. artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa”.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak irailaren 13an emandako 28/2011 Ebazpenaren bidez, Tuterako udalerriko balorazio txostena onetsi zen eta, horrenbestez, haren aplikaziotik ateratzen diren balioek hurrengo zergaldian izanen dute eragina, aipatu foru legearen 38. artikuluan xedatzen den moduan.

2015eko irailaren 29an, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean sartu zen Tuterako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko irailaren 28an hartutako Erabakia. Hartan, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskatu zitzaion, Tuterako Udalak Katastro Lanak SA enpresari eskatutako azterlanean lortutako emaitzak direla bide, 0,71ko eguneratze koefizientea aplikatzeko 2016an Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztien katastroko balioei.”

12/2006 Foru Legearen 23.2.i) artikuluak adierazten du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak direla, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, eta horien artean daude, besteak beste, balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezartzen direnak; bestetik, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituen otsailaren 22ko 20/2010 Foru Aginduaren 12. arauko 1. zenbakiak adierazten du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ezaugarri homogeneoak dituzten higiezin multzo jakin batzuen balioa eguneratzeko koefizienteak onesten ahalko dituela kasuan kasuko ebazpenean berariaz zehazten den lurralde eremu jakin baterako, balorazioko parametro gisa erabiltzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 i) artikuluan aipatzen den bezala. Horrela onetsitako koefizienteak urtero aplikatuko zaizkie Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako katastroko balioei.

Aurrekoa ikusita, eta, Tuterako Udalak dituen datuetan oinarrituta, Lur-ondasunen Erregistroan egun inskribatuta dauden katastroko balioek alde nabarmena dutenez antzeko ezaugarriak dituzten higiezinen merkatuko prezioekin, aipatu araudia aplikatuz, bidezkoa da 0,71ko eguneratze koefizientea onestea Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezinen katastroko balioei 2016ko ekitaldian aplikatzeko.

Horrenbertzez,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–0,71ko eguneratze koefizientea onestea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Tuterako udal mugapeko ondasun higiezin guztien katastroko balioei 2016ko ekitaldian aplikatzeko.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko urriaren 23an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1514446