209. ALDIZKARIA - 2015eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

243/2015 FORU DEKRETUA, urriaren 14koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa hein batean aldatzen duena.

ATARIKOA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 23an), Nafarroako Foru Komunitateko departamentuen egitura ezarri zen, baita departamentu bakoitzari zegokion eskumen esparrua ere. Foru dekretu hori lehendakariaren abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuak aldatu zuen (156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).

Era berean, abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an.

Abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Dekretu hori 2015eko 172. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 1ean.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretu horren bidez onetsitako egitura birmoldatzea proposatu du.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 14ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Hein batean aldatzen da abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, era honetan:

Bat. 73. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“73. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu Nafarroako Toki Administrazioaren arloan. Berariaz, hauexek dagozkio:

a) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerriak mugatzeari buruzko espedienteetan.

b) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerrien mugapeak aldatzeko espedienteetan.

c) Tramiteko ebazpenak, Kontzejuak eta Barruti Administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteetan.

d) Toki entitateei baimena ematea Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 138.1 artikuluak aipatzen dituen ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

e) Toki entitateak baimentzea kreditu operazioak egin ditzaten, indarreko araudian ezarritako baldintza eta zehaztapenetan.

f) Nafarroako toki entitateei konpentsazio ekonomikoa ematea toki-tributuetan hobari fiskalak onesteagatik.

g) Udal zerbitzuak monopolio araubidean emateko onespena.

h) Saneamendu kanonarengatik eta batera emandako zerbitzuengatik toki entitateek ordaindu gabe dituzten diru-kopuruen ordezko ordainketa, eta toki entitateen batasun bateko partaide diren udalek bidegabeki ordaindu gabe utzi dituzten diru-ekarpenen ordezko ordainketa.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiarioari buruzko espedienteetan Nafarroako Gobernuak haren esku uzten dituen jarduketak.

j) Toki azpiegituren planak erregulatzen dituzten arauek Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkioten eskumenak, Nafarroako Gobernuari edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen zaizkionak izan ezik.

k) Gastuak baimentzea eta xedatzea, eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea zuzendaritza nagusiari dagozkion arloetan.

l) Nahitaez desjabetzeko, Zuzendaritza Nagusi honen eskumenekoak izanik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkion jarduketak.

m) Haren esku uzten diren gainerakoak.”

Bi. 74. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“74. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua.

b) Toki Azpiegituren Zerbitzua.

c) Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzua.”

Hiru. 2. atala aldatzen da. Hona testu berria:

“2. ATALA

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua”

Lau. 75. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“75. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren esparru materiala.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak eginkizun eta eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren epe erdi eta luzeko plangintza ekonomikoa eta aurrekontuak prestatu, aldatu eta kudeatzea, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lankidetzan.

b) Neurriak aztertzea, toki entitateek finantzabide egonkor eta nahikoa izan dezaten.

c) Nafarroako Gobernuko departamentuekin lan egitea toki entitateekiko lankidetza ekonomikoan.

d) Toki entitateen arteko ordezko ordainketak kudeatzea.

e) Toki entitateen kredituko baimenak kudeatzea.

f) Transferentzia Arrunten Funtsa eta hura banatzeko formula prestatu eta kudeatzea.

g) Kapital Transferentzien Funtsaren kudeaketa ekonomikoa.

h) Estatuko Administraziotik eta beste entitate batzuetatik toki entitateentzat datozen diru-sarreren ordainketa kudeatzea.

i) Kudeaketa ekonomikoaren arloan, kontabilitatearen arloan eta inbertsioen eta zerbitzuen arloan, toki entitateei aholku ematea.

j) Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko gaien inguruko azterlan ekonomikoak egitea.

k) Zuzendaritza Nagusiko informazio ekonomikoa ustiatzea.

l) Toki Araubideko Foru Batzordeari eta Lurralde Mugaketaren Batzordeari laguntza ematea ekonomia gaietan.

m) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Bost. 76. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“76. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren egitura.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa Ekonomiko-finantzarioaren Atala.

b) Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atala.

c) Aurrekontu eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atala.”

Sei. 77. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“77. artikulua. Kudeaketa Ekonomiko-finantzarioaren Atalaren esparru materiala.

Kudeaketa Ekonomiko-finantzarioaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Transferentzia Arrunten Funtsaren banaketa eta ondoko ordainketa finkatzea.

b) Estatuko Administraziotik eta beste entitate batzuetatik toki entitateentzat datozen diru-sarreren ordainketa kudeatzea.

c) Toki entitateen arteko ordezko ordainketak kudeatzea.

d) Toki entitateentzako kreditu baimenen tramitazioa eta txostenak egitea.

e) Toki entitateen egoera ekonomiko finantzarioari buruzko txostenak prestatzea kredituko entitateentzat.

f) Transferentzia Arrunten Funtsaren afektazioak kontrolatu eta kudeatzea.

g) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak tramitatu beharreko espedienteen bideragarritasun txostenak eta azterlan ekonomikoa.

h) Toki entitateek, indarreko araudia betez, aurkeztu beharreko plangintza ekonomiko eta finantzarioen onespena eta segimendua.

i) Aurrekontuaren egonkortasunaren gaineko aholkularitza.

j) Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko gaien inguruko azterlan ekonomikoak egitea.

k) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zazpi. 78. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“78. artikulua. Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalaren esparru materiala.

Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren epe erdi eta luzeko plangintza ekonomikoa eta aurrekontuak prestatu, aldatu eta kudeatzea, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lankidetzan.

b) Nafarroako Gobernuko departamentuekin lan egitea toki entitateekiko lankidetza ekonomikoan.

c) Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarrera eta gastuen administrazio zirkuituak ezartzea.

d) Banaketa kontua eta horko zorren geroratzea kudeatzeko, Zuzendaritza Nagusiari dagozkion lanak.

e) Toki entitateen inbertsioei buruzko espedienteen azterketa ekonomikoa eta bideragarritasunaren gaineko txostenak egitea, diru-laguntzei buruzko arauei jarraikiz.

f) SAP-GE`21 sisteman sartutako Azpiegituren Planak Kudeatzeko (APK) sistema kudeatzea.

g) Toki entitateetatik datorren informazioa kudeatzea, IDECAL sistemaren bidez.

h) Zuzendaritza Nagusiko informazio ekonomikoa ustiatzea, baita analizatu eta hedatzea ere.

i) IDECAL sistema modernizatzea.

j) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Zortzi. 79. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“79. artikulua. Aurrekontu eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalaren esparru materiala.

Aurrekontu eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateei aurrekontu eta kontabilitate gaietan laguntzea eta aholku ematea.

b) Nafarroako toki entitateei aholku ekonomiko finantzarioa ematea.

c) Aurrekontuen eta kontabilitatearen inguruko araudia kudeatzea eta haren gaineko aholku ematea Nafarroako toki entitateei.

d) Finantza eta aurrekontu egoerak, inbentarioak eta kostuen azterlanak finkatzeko araudia garatu eta ezartzea.

e) Kontabilitatea eramateko modulu osagarriak garatu eta ezartzea: ukitutako baliabideak, gastuen proiektua, inbertsioen eranskina, aurrekontu luzatua, zor biziaren egoera, etab.

f) Toki entitateei kontabilitate eta aurrekontu arloko prestakuntza ematea.

g) Kontabilitate eta aurrekontu arloko sistema informatiko berrien ezarpena edo daudenen hobekuntza sustatzea.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Bederatzi. 3. atala aldatzen da. Hona testu berria:

“3. ATALA

Toki Azpiegituren Zerbitzua”

Hamar. 80. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“80. artikulua. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren esparru materiala.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateekin elkarlanean aritzea udaletako oinarrizko azpiegituren inguruko premia nagusiak ezartzeko, eta haiek eraikitzeko egutegiak eta jarduketa-irizpideak ezartzea.

b) Toki entitateei suerta dakizkiokeen presako obrei aurre egitea, eta halako obren eta larrialdi estuen aurrean erantzun eta jarduteko estrategiak prestatzea.

c) Toki azpiegiturak finantzatzeko irizpideak ezartzea eta programetan antolatzea, eta toki entitateentzako laguntza ekonomikoak kudeatzea.

d) Udaletako oinarrizko azpiegituretarako Toki Inbertsioen Planak (PIL) prestatu, kudeatu eta berrikustea, eta haiek gauzatzeko egutegia programatzea. Nafarroako Parlamentuak onesten ditu plan horiek, Nafarroako Gobernuak proposaturik.

e) PILeko obren kontrola eta jarraipena egitea.

f) Plan zuzentzailea osatzen duten uraren goi hornidurarako azterlanak eguneratzea eta mekanizatzea.

g) Hainbat erakundek (Europar Batasuna, Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua) toki azpiegituretarako ematen dituzten laguntzak kudeatzea eta haien jarraipena egitea.

h) Ebroko eta Iparraldeko arroetako plan hidrologikoak prestatzeko lan batzordeetan aktiboki parte hartzea.

i) Ebroko Ur Konfederazioak Nafarroako Ubidetik edateko ur kontzesioa kudeatzea.

j) Nafarroako toki azpiegiturei lotutako espediente guztien tramitazioaren lan administratiboa egitea, Gobernuaren eta toki entitateen arteko lankidetzari dagokionez.

Hamaika. 81. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“81. artikulua. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren egitura.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Toki Azpiegituren eta Obren Azterketa, Plangintza eta Aholkularitzarako Atala.

b) Kudeaketa eta Lankidetza Tekniko-administratiboaren Atala.”

Hamabi. 82. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“82. artikulua. Toki Azpiegituren eta Obren Azterketa, Plangintza eta Aholkularitzarako Atalaren esparru materiala.

Toki Azpiegituren eta Obren Azterketa, Plangintza eta Aholkularitzarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki azpiegituren planak prestatzea, zerbitzuko zuzendaritzarekin elkarlanean, eta haiek gauzatzeko denbora-banaketa egitea herrien eta ezarritako programen arabera.

b) Plan zuzentzaileak prestatu eta kudeatzea.

c) Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuko eta Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko atalei laguntza ematea toki azpiegituren plan berriak ukitzen dituzten legeak prestatzen, eta programak eta aurkeztutako obrak hautatzeko irizpideak planteatzea.

d) Toki entitateei aholkularitza eta lankidetza teknikoa ematea azpiegituren arloan.

e) Obren jarraipena egitea eta haien gauzatze-egoeraren aldian behingo txostenak egitea. Obren ikuskapena, kontrola eta jarraipen teknikoa egitea.

f) Obrak presakoak edo larrialdikoak direla deklaratzeko eskaerei eta obrak hasteko baimenaren eskaerei erantzuna ematea eta haiek ebaztea.

g) Azterketa egitea eta aholkularitza ematea obra proiektuen erredakzio fasean.

h) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuarekin batera, txostenak planteatzea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak laguntzak ordain diezazkien egiten diren obren toki entitate arduradunei.

h) Ebroko eta Iparraldeko arroetako plan hidrologikoak prestatzeko lan batzordeetan aktiboki parte hartzea.

j) Beste departamentu batzuetako Plan Sektorialekin koordinatzea.”

Hamahiru. 83. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“83. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Tekniko-administratiboaren Atalaren esparru materiala.

a) Toki inbertsioen planak hautatzeko eta lehenesteko adierazleen kudeaketa sistema administratzea. Eskaerak eta zerrendak kudeatzea.

b) Toki inbertsioen planetako obren espedienteak kudeatzeko sistema orokorki administratzea eta parametrizatzea. GPI sistema kudeatzea eta mantentzea, eta SAP-GE’21ekin koordinatzea.

c) Zerbitzuko dokumentuen sarrerak eta irteerak erregistratzea eta kontrolatzea. Espedienteak eta proiektuak artxibatzea.

d) Obrak planean sartzeko espedienteak ireki eta tramitatzea, gorabeherak eta ordainketak tramitatzea eta ziurtapenak egitea. Mugimenduak kontrolatzea, espedienteak kudeatzea eta zerbitzu ekonomiko eta juridikoekin eta kontu-hartzailetzarekin koordinatzea.

e) Toki Azpiegituren Zerbitzuko ebazpenak eta foru aginduak prestatzea.

f) Zerbitzuko informatizatu gabeko espedienteak informatizatzea.

g) Toki inbertsioen planen gaineko informazio estatistikoa sortzea eta ustiatzea. Toki inbertsioen planaren balantzea egitea eta Nafarroako Parlamentuari urtero bidaltzea.

h) GIS teknologia erabiltzea espedienteak kudeatu eta mekanizatzeko. Uraren goi hornidurarako plan zuzentzailearen informazio sistema kudeatzea eta mantentzea.

i) SITNAren lan batzorde teknikoetan aktiboki parte hartzea eta plan zuzentzaileak SITNAn integratzea.”

Hamalau. 4. atala aldatzen da. Hona testu berria:

“4. ATALA

Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzua”

Hamabost. 84. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“84. artikulua. Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren esparru materiala.

Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateen eskumenak aztertu, analizatu eta defendatzea.

b) Nafarroako toki administrazioari lotutako arauak proposatu, aztertu eta tramitatzea.

c) Nafarroako toki entitateen udal planta eta antolaketa administratiboa aztertzea eta analizatzea, haien hobekuntza sustatu eta bultzatzeko.

d) Toki zerbitzuak batera emateko prozesuak sustatzea espazio funtzional egokietan, haien kalitatea hobetzeko, eta horretarako prestatzen diren laguntza neurrien berri ematea toki entitateei.

e) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu, garatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

f) Toki entitateei aholkularitza ematea sistema informatiko berriak eta kudeaketa administratiborako teknika berriak ezartzeko prozesuetan, bai eta prozedura eta tramite administratiboak erraztu eta sinplifikatzeko.

g) Hobekuntza prozesuak aztertzea eta bultzatzea toki entitateetako langileen kudeaketaren arloan.

h) Eskatzen duten toki entitateen gobernu organoekin lankidetzan aritzea arlo juridikoan.

i) Toki entitateen jarduketen legezkotasuna eta interes orokorra kontrolatzeko eginkizun legalak betetzea.

j) Mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

k) Kontzejuak eta barruti administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteak tramitatzea.

l) Nafarroako udalerriak mugatzeko eta haien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

m) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

n) Kudeaketa batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

ñ) Toki Araubideko Foru Batzordeari eta Lurralde Mugaketaren Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta haien idazkaritzako lanpostuak betetzea.

o) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzea, bai eta nahitaezkoak ez diren toki zerbitzuenak ere.

p) Legeak ezartzen dituen baimenak kudeatzea ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

q) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiariorako prozedurak kudeatzea.

r) Desjabetze espedienteak kudeatzea eta bultzatzea.

s) Toki Entitateen Erregistroa, Interesen Erregistro Berezia, Toki Entitateen Akten Erregistroa eta Toki Ordenantzen Erregistroa kudeatzea.

t) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Hamasei. 85. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“85. artikulua. Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren egitura.

Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atala.

b) Toki Administrazioaren Kudeaketa eta Aholkularitzarako Atala.

c) Kudeaketa Administratiboaren Atala.”

Hamazazpi. 86. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“86. artikulua. Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atalaren esparru materiala.

Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateen eskumenak aztertu, analizatu eta defendatzea.

b) Nafarroako toki administrazioari lotutako arauak proposatu, aztertu eta tramitatzea.

c) Intereseko azterlan eta analisi juridiko, sozial, soziologiko eta estatistikoak egitea arlo hauen hobekuntza sustatu eta bultzatzeko: udal plantaren konfigurazioa, toki entitateen antolaketa administratiboa, toki entitateak elkartzeko figurak eta udal zerbitzuak.

d) Toki zerbitzuak batera emateko prozesuak sustatzea espazio funtzional egokienetan, haien kalitatea hobetzeko, eta horretarako prestatzen diren laguntza neurrien berri ematea toki entitateei.

e) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu, garatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

f) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea aurreko ataletako proposamenen inpaktu ekonomikoak ebaluatzeko.

g) Departamentuari aholkularitza juridikoa ematea Toki Administrazioaren arloan.

h) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuekin elkarlanean aritzea toki entitateei lotutako gaiak aztertu eta kudeatzeko.

i) Eskatzen duten toki entitateen gobernu organoekin lankidetzan aritzea arlo juridikoan.

j) Toki entitateentzat interesgarria den informazioa sortu, banatu eta zabaltzea, toki administrazioari dagozkion gaien gaineko konpilazio eta argitalpenak prestatzea eta administrazio eta kontratu bidezko prozedura orokorrak (bereziki euskarri informatikokoak) erraztu, arrazionalizatu eta sinplifikatzeko irizpideak eta eredu-agiriak ezartzea.

k) Toki entitateen jarduketen legezkotasuna eta interes orokorra kontrolatzeko eginkizun legalak betetzea.

l) Mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

m) Kontzejuak eta barruti administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteak tramitatzea.

n) Nafarroako udalerriak mugatzeko eta haien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

ñ) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

o) Kudeaketa batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

p) Toki Araubideko Foru Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta haren idazkaritzako lanpostuak betetzea.

q) Lurralde Mugaketaren Batzordeari laguntza juridiko-administratiboa ematea eta haren idazkaritzako lanpostuak betetzea.

r) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzea, bai eta nahitaezkoak ez diren toki zerbitzuenak ere.

s) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Hemezortzi. 87. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“87. artikulua. Toki Administrazioaren Kudeaketa eta Aholkularitzarako Atalaren esparru materiala.

Toki Administrazioaren Kudeaketa eta Aholkularitzarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki eremutik horretarako ezartzen diren bideetatik egiten zaizkion txosten edo argibide eskaerei erantzutea.

b) Legeak ezartzen dituen baimenak kudeatzea ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

c) Desjabetze espedienteak kudeatzea eta bultzatzea.

d) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsiodiariorako prozedurak tramitatzea.

e) Toki Entitateen idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintzako lanpostuak betetzeko prozesuak aztertzea eta bultzatzea.

f) Hobekuntza prozesuak aztertzea eta bultzatzea toki entitateetako langileen kudeaketaren arloan.

g) Toki entitateen gaineko espedienteen egoerari buruzko azterlan eta txostenak egitea.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Hemeretzi. 88. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“88. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren esparru materiala.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Administrazio eta antolaketa sostengua ematea Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren jarduerei, Nafarroako toki entitateen udal planta eta antolaketa administratiboa hobetzeko asmoz.

b) Toki entitateei aholkularitza ematea sistema informatiko berriak eta kudeaketa administratiborako teknika berriak ezartzeko prozesuetan, bai eta prozedura eta tramite administratiboak erraztu eta sinplifikatzeko.

c) Espedienteen Erregistro Orokorra kudeatzea.

d) Toki entitateen Erregistroa kontrolatu eta eguneratzea.

e) Interesen Erregistro Berezia kudeatzea.

f) Toki entitateen aktak erregistratzea eta haien artxiboa kudeatzea.

g) Toki Ordenantzen Erregistroa mantentzea eta kudeatzea.

h) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren espedienteak tramitatzea.

i) Udal errolden kudeaketa subrogatua egitea.

j) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

Hogei. Indarrik gabe uzten da 5. atala (Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua).

Hogeita bat. 89. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“89. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Aurrekontuen Kudeaketarako Atala.

c) Informazioa Kudeatzeko Atala.

d) Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atala.

e) Laguntza Teknikoaren Atala.”

Hogeita bi. 90. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“90. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Araubide Juridikoaren Atalak beteko ditu foru dekretu honetan, idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoekin loturik, ezarritako eginkizunak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo Idazkaritza Nagusiko titularrak bere jardueraren eremuan agintzen dizkionak ere.

Zehazki, eginkizun izan ditzakeen guztien artean, honako hauek beteko ditu:

a) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintzari buruzko legeria aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen ahal zaizkion ondarearen gaineko erantzukizunari lotutako erreklamazioak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

f) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan zehapen espedienteak instruitzea eta jarraipena egitea, eta fiskaltzarekin nahiz zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

g) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko txosten juridikoak egitea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak eskatzen dizkion guztiak ere.

h) Nafarroako Landa Garapeneko Programa gauzatzeko laguntza juridikoa, barne harturik landa garapeneko programa gauzatzerakoan tramitatzen diren espedienteek eskatzen duketen txosten juridikoa. Halaber, laguntza juridikoa Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritzari.

i) Departamentuko titularrak, bide jurisdikzional zibilera jo aurretik, ebatzi behar dituen landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko erreklamazioetan, txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

j) Koordinatu eta gainbegiratzea Departamentuko unitateen jarduna lege-proiektuak prestatzeko garaian.

k) Behar diren irizpideak eta jarraibideak ezartzea Departamentuko unitate guztiei zeharkako araudia aplikatzeko; kontratazioa, diru-laguntzak, gardentasuna, langileria, antolaketaren egitura, eta antzeko izaera duten gainerako guztiak.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hogeita hiru. 91. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“91. artikulua. Aurrekontuen Kudeaketarako Atalaren eskumenen esparru materiala.

Aurrekontuen Kudeaketarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu aurrekontuaren aurreproiektua egiteari, kontabilitateari, kudeaketari eta aurrekontu betearazpenaren informazioari dagokienez, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.”

Hogeita lau. 92. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“92. artikulua. Informazioa Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparru materiala.

Informazioa Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Telekomunikazio eta informazio sistemen inguruan diren premiak identifikatzea, eta departamentuko unitate administratiboek gai horren gainean egiten dituzten eskaerak bideratzea.

b) Erabiltzaileen errekerimenduak eta asetzeko xedeak bildu, definitu eta lehenestea, hori guztia elkarlanean arituz jarraian aipatzen diren gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin; gai hauetan: informazio sistemak eta aplikazio informatikoak eratu eta ezartzea, auditoretza eta kontrola informazioaren segurtasunean, departamentuetakoak edo korporatiboak izan.

c) Departamentuko unitate organikoen lan metodoak hobetzeko beharrezkoak diren erreformak proposatu eta bultzatzea.

d) Ezagutzaren Ataria eta Departamentuaren web orria kudeatzea.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hogeita bost. 93. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“93. artikulua. Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalak dituen eskumenen esparru materiala.

Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Eguneko gai zerrendak eta jakinarazpen administratiboak tramitatzea.

b) Erakunde harremanen ondoriozko lanak kudeatu eta kontrolatzea.

c) Giza baliabideak.

d) Erregistroa eta herritar, enpresa eta entitateentzako informazioa.

e) Eskualdeetako eta Arloetako Bulegoak.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hogeita sei. 94. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“94. artikulua. Laguntza Teknikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Laguntza Teknikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Departamentuko estatistikak prestatu eta koordinatzea eta horien zabalkundea egitea.

b) Departamentuaren eraikin eta instalazioak eta hari atxikitako finkak, barne harturik Departamentuari atxikitako eraikinetako sarrera kontrolatzeko hartu beharreko antolaketa-neurriak.

c) Administrazio-artxiboa kudeatzea.

d) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hogeita zazpi. V. kapitulua (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia) aldatzen da. Orain 89. artikuluan hasi eta 94.ean amaituko da.

Hogeita zortzi. Indarrik gabe uzten dira 95.etik 98.era doazen artikuluak.

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen bera duten burutzetako titularren izendapenak berresten dira.

Orobat, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Toki Entitateen Afera Ekonomikoak Kudeatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Kudeaketa Ekonomiko-finantzarioaren Atalekoa burua izanen dena.

–Plangintza eta Kudeaketa Ataleko buruarena, hemendik aurrera Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua izanen dena.

–Azpiegituren arloko Lankidetza Teknikorako Ataleko buruarena, hemendik aurrera Kudeaketa eta Lankidetza Tekniko-administratiboaren Ataleko burua izanen dena.

–Kudeaketa Administratibo Orokorraren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Laguntza Administratiboaren Ataleko burua izanen dena.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko urriaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1514001