181. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 10a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

199/2015 FORU DEKRETUA, irailaren 9koa, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2015eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23an.

Halaber, abuztuaren 12ko 58/2015 Foru Dekretuaren bidez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, alde batera utzi gabe gero garatu ahal izatea.

Foru dekretu honen helburua, beraz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa finkatzea eta garatzea da.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 9an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eskumenen esparrua.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako sarbidea izateko erraztasunak ematea; arte sormena eta zabalkuntza bultzatu eta sustatzea; kirola sustatzea bizi kalitatea hobetzeko oinarrizko ardatz gisa; kirol azpiegiturak arautu eta hobetzea; gazteriak gizartean parte aktiboa izateko politika zeharkakoak garatzea; gazteak elkartzeko eta gazteriaren sormena eta ekintzailetza bultzatzeko politikak sustatzea; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularra.

1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Bereziki, eskudantzia hauek erabiltzea dagokio:

a) Diru-laguntza deialdiak eta haien oinarri arautzaileak onestea.

b) Lankidetza hitzarmenak eta elkarlanerako hitzarmenak eta akordioak sinatzea Estatuarekin, autonomia erkidegoekin eta beste administrazio publiko batzuekin.

c) Bere eskumenen esparruan beste administrazio batzuekin batera jarduteko planak onestea.

3. Era berean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari dagokio kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

a) Nafarroako Kultura Kontseilua.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseilua.

4. b) Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean Departamentuko titularraren mende.

3. artikulua. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren antolaketa orokorra.

1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere egituran:

a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

b) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitzen zaio.

4. artikulua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eskudantziak.

Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumen-esparruaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta Idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak (8. artikuluan aurreikusten direnak barne) erabiliko ditu Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularraren goi-zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta indarra duten xedapenek emandakoak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

2. Horrez gain, aipatu araudiari jarraituz bere dituen eskudantzia juridikoak, tekniko-administratiboak eta aurrekontuaren kudeaketari buruzkoak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoari dagokionez, haren estatutuetan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

3. Langileen arloan, dagozkion eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen arloan eskudantziak zehazten dituen araudiari jarraikiz, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako langileei dagokienez.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren mendeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren eskumenen esparruko lanak gauzatzea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien mendeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.

II. KAPITULUA

Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparrua eta egitura

8. artikulua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Vianako Printzea-Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu arlo hauetan:

a) Kultura, Estatuarekin koordinaturik.

b) Historia, arte, monumentu, arkitektura, arkeologia eta zientzia ondarea, betiere ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurka defendatzeko Estatuak dituen ahalmenak deusetan ukatu gabe.

c) Artxiboak, museoak eta kulturaren biltegi gisa erabiltzen diren beste zentro batzuk, haien titularra estatua ez bada.

d) Liburutegiak eta hemerotekak.

e) Indarra duten xedapenek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari esleitzen dizkiotenak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren berezko esparruan.

9. artikulua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Ondare Historikoaren Zerbitzua.

b) Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzua.

c) Museoen Zerbitzua.

d) Liburutegi Zerbitzua.

e) Kultur Ekintza Zerbitzua.

2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari zuzenean atxikita, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atala dago.

2. ATALA

Ondare Historikoaren Zerbitzua

10. artikulua. Ondare Historikoaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare historikoa babestu, zaindu, katalogatu eta hedatzea, balio artistikoa, arkeologikoa edo antzekoa duenean.

b) Ondare historikoa zaindu eta babesteko irizpide teknikoak ezartzea.

c) Obra publiko edo pribatu batek multzo edo ondasun higiezin historikoak edo ondasun arkeologiko edo higigarriak edo horien inguruak ukitzen baldin baditu, proiektu horiei buruz aginduzko txostenak egitea eta, arlo horretan, Nafarroako Gobernuaren beste zerbitzu batzuekiko koordinazioa erraztea, bakoitzaren eskudantzien esparruan.

d) Ondare historikoa ikuskatzea indarreko legeek ezarri bezala.

e) Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroa sortu eta kudeatzea.

f) Interes kulturaleko ondasunak, ondasun inbentariatuak eta garrantzi lokaleko ondasunak deklaratzeko espedienteak tramitatzea.

g) Nafarroako kultur ondarearen zainketa, babesa eta hedapena sustatzea, indarreko legedian aurreikusita dauden ekintzen bitartez.

h) Ondare historikoa zaintzeko ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

i) Nafarroako Gobernuko ondare historikoaren inbentarioak eta katalogo dokumental eta teknikoak prestatu, mantendu eta kontsultarako antolatzea.

j) Nafarroako ondare historikoaren gainean egiten diren esku-hartzeen proiektuak prestatu edo gainbegiratzea eta lan horiek zuzentzea.

k) Agintzen zaizkion Nafarroako Gobernuko monumentuen kudeaketa planifikatu, kontratatu eta gainbegiratzea.

l) Nafarroako Gobernuaren arkeologia funtsak antolatu eta kudeatzea.

m) Indusketa eta prospekzio arkeologikoetarako baimenak eman behar ote diren proposatzea eta horiek tramitatzea, eta, behar denean, baita lan horiek egitea ere.

n) Interes kulturaleko ondasunei buruz Departamentuak sustatzen dituen programa guztietan parte hartzea.

ñ) Aurretik adierazitako eginkizunei dagozkien espediente administratiboen instrukzioa egitea.

o) Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

p) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

11. artikulua. Ondare Historikoaren Zerbitzuaren egitura.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ondare Arkitektonikoaren Atala.

b) Arkeologia Atala.

c) Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Atala.

12. artikulua. Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eginkizunak.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare arkitektonikoaren legezko babesaz arduratzea eta monumentuak ikuskatzea.

b) Ondare arkitektonikoa dokumentatzea eta hedatzea.

c) Ondare arkitektonikoaren eraikinetan obra proiektuak eta zuzendaritza lana egitea.

d) Eraikin historiko artistikoetako obren plangintza eta kontratazioa.

e) Eraikin historiko artistikoak berritzeko ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

f) Vianako Printzea Erakundearen Artxiboa, Monumentuen Batzordea eta Argazkien Artxiboa zaintzea eta horien mantentze-lanez arduratzea.

g) Ondare arkitektonikoaren interes kulturaleko ondasunak, ondasun inbentariatuak eta garrantzi lokaleko ondasunak deklaratzeko espedienteak prestatzea.

h) Inbentario arkitektonikoa prestatzea.

i) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

13. artikulua. Arkeologia Atalaren eginkizunak.

Arkeologia Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare arkeologikoari legezko babesa ematea eta aztarnategiak ikuskatzea.

b) Ondare arkeologikoa dokumentatzea eta hedatzea.

c) Ondare arkeologikoan esku hartzeko proiektuak prestatu eta zuzentzea.

d) Indusketen Urteko Plana eta esku-hartze arkeologikoetarako baimenak tramitatu eta kudeatzea.

e) Ondasun arkeologiko higiezinetan mantentze-lanak egitea eta haiek kudeatzea (aztarnategiak).

f) Arkeologia funtsak antolatu eta kudeatzea.

g) Nafarroako Arkeologiaren inbentarioa prestatzea.

h) Ondare arkeologikoaren interes kulturaleko ondasunak, ondasun inbentariatuak eta garrantzi lokaleko ondasunak deklaratzeko espedienteak prestatzea.

i) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

14. artikulua. Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Atalaren eginkizunak.

Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare higigarriari legezko babesa ematea.

b) Ondare higigarria dokumentatzea eta hedatzea.

c) Ondare higigarrian esku hartzeko proiektuak prestatu eta zuzentzea.

d) Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroa sortu eta kudeatzea.

e) Nafarroako ondare historikoaren ondasun higigarrietan egin beharreko esku-hartzeak planifikatu eta kontratatzea.

f) Ondasun higigarri historiko artistikoak berritzeko ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

g) Nafarroako Gobernuaren ondasun higigarrien mantentze-lanez arduratzea eta horiek kudeatzea.

h) Nafarroako Kultur Ondareko Ondasun Higigarrien Katalogoa prestatzea.

i) Kultur intereseko ondasunen eta ondasun higigarri inbentariatuen espedienteak prestatzea.

j) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

3. ATALA

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzua

15. artikulua. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren eginkizunak.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako artxibo sistemaren arduradun edo buru izatea, eta sistema horretan dauden organoei dagozkien eginkizunak prestatu, erraztu eta bideratzea.

b) Nafarroako Gobernuaren artxibo sistemaren buru izatea, agirien antolaketa, tratamendu, azterketa eta zainketarako arauen koordinazioa bere gain hartuz, artxibo sistema horren maila guzti-guztietakoak (bulegoetako artxiboak, artxibo zentralak, Administrazio Artxiboa eta Artxibo Historikoa).

c) Nafarroako Gobernuaren dokumentu ondarea zuzen kudeatu, kontserbatu eta babesteko behar diren erregelamenduak eta bestelako arauak prestatu eta organo eskudunei igortzea, onets ditzaten.

d) Artxiboen inguruko administrazio jarduketak eta jardueren programazioak planifikatu eta kontrolatzea.

e) Dokumentu Ondareari eta Nafarroako Artxibo Nagusiari esleitutako berariazko eginkizunak gainbegiratzea eta koordinatzea.

f) Interes kulturaleko ondasunak deklaratzeko espedienteak tramitatzea, dokumentu ondareari buruzkoak badira.

g) Dokumentu ondarearen kontserbazio eta babeserako irizpide teknikoak ezartzea.

h) Dokumentu ondarea ikuskatzea, indarra duen legediak ezarritako moduan.

i) Nafarroako dokumentu ondarearen kontserbazioa eta babesa sustatzea, indarra duten legeetan aurreikusitako ekintzen bidez, eta dokumentuen ondasunak kontserbatzeko ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

j) Nafarroako Gobernuaren Dokumentu Ondarearen agiritegiak eta artxibo teknikoak eratu, mantentze-lanez arduratu eta kontsultarako antolatzea.

k) Dokumentu ondareko ondasunei buruz Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak sustatzen dituen programa guztietan parte hartzea.

l) Aurretik adierazitako eginkizunei dagozkien espediente administratiboen instrukzioa egitea.

m) Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

16. artikulua. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren egitura.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atala.

b) Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atala.

17. artikulua. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atalaren eginkizunak.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dokumentu funtsak zaindu, antolatu eta zabaltzea.

b) Dokumentuak zaintzeko sistemak planifikatzea eta dokumentuak berritzeko teknikak aplikatzea.

c) Dokumentuak zaintzeko baldintzei buruzko aholkuak ematea.

d) Hondamendiei aurrea hartzeko programak diseinatzea.

e) Funtsak antolatzeko koadroa ezartzea.

f) Dokumentuen sailkapen, antolamendu eta deskribapen programak garatzea.

g) Liburuen funtsa antolatu eta katalogatzea.

h) Herritarrek dokumentazioa eskuratzen dutela bermatzea eta haren kontsulta erraztea.

i) Erreprografia zerbitzua kudeatzea.

j) Gordetzen den dokumentazio historikoa behar bezala tratatzen dela gainbegiratzea.

k) Nafarroako Dokumentu Ondarea zabaltzeko programak garatzea.

l) Programak diseinatzea beste erakunde edo entitate batzuekin elkarlanean.

m) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

18. artikulua. Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxibo Sistema zaintzea.

b) Dokumentuak kudeatzeko irizpideak ezartzea Foru Komunitateko Administrazioaren Artxibo Sistemako zentro guztietan.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Artxiboa kudeatzea.

d) Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen funtzionamendua koordinatu eta gainbegiratzea.

e) Nafarroako dokumentu ondarea zaindu, antolatu eta hedatzeko politika dinamizatzea, edozein izanik ere haien data eta euskarria.

f) “Nafarroako Artxiboak” ataria sustatu eta eguneraturik edukitzea.

g) Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak hartzen dituen ebaluazio erabakiak betetzen direla gainbegiratzea.

h) Foru Komunitateko Administrazioak kudeatzen dituen agiriak gordetzeko eta kontsultatzeko egutegia eguneraturik edukitzea.

i) Informazioaren eskurapena erraztea eta datuen babesa bermatzea legedi indardunaren arabera.

j) Dokumentazio historikoa Administrazioko Artxibotik Nafarroako Errege Artxibo Nagusira transferitzea.

k) Dokumentu eta artxiboen kudeaketarako programak Foru Komunitateko Administrazioaren Artxibo Sistema osoan ezartzen direla dinamizatzea.

l) Artxibo Digitala Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa elektronikoan ezartzen dela koordinatu eta sustatzea.

m) Nafarroako Artxiboen Errolda eta Mapa bultzatu eta eguneratzea.

n) Nafarroako Artxiboen Erregistroa egin eta eguneraturik edukitzea.

ñ) Etengabeko prestakuntzarako programak diseinatu eta koordinatzea administrazio publikoetako artxibo eta dokumentuen ardura duten langileentzat.

o) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

p) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

4. ATALA

Museoen Zerbitzua

19. artikulua. Museoen Zerbitzuaren eginkizunak.

Museoen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Museoen plangintza prestatzea eta horien kudeaketa administratiboaz arduratzea.

b) Nafarroako museoen sistemaren arduradun edo buru izatea, eta sistema horretan dauden organoei dagozkien eginkizunak prestatu, erraztu eta bideratzea.

c) Museoen inguruko administrazio jarduketak eta jardueren programazioak planifikatu eta kontrolatzea.

d) Museoetako bildumak kontserbatu, babestu eta ezagutarazteko irizpide teknikoak ezartzea.

e) Museoetako bildumak ikuskatzea, indarra duen legediak ezarritako moduan.

f) Museoen eta bilduma museografiko iraunkorretan ondasunen kontserbazioa, ikerketa, erakusketa eta zabalkundea sustatzea.

g) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren museoak eta beren funtsak zuzentzea eta kudeatzea, eta funtsak kontserbatu, handitu, ezagutarazi eta hedatzeko programak burutzea.

h) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak museoen arloan sustatzen dituen programa guztietan parte hartzea.

i) Museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

j) Museo eta bilduma museografiko iraunkor gehiago sortu eta egokitzea.

k) Nafarroako museotako eta bilduma museografiko iraunkorretako funtsak Interes Kulturaleko Ondasun eta Ondasun Inbentariatu deklaratzeko espedienteetarako txostenak egitea.

l) Museo eta bilduma museografiko iraunkorrak ezagutzeko espedienteak tramitatzea, indarreko legediaren arabera.

m) Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren Erregistroa prestatzea eta eguneratzea.

n) Nafarroako museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako funtsen inbentario orokorra prestatu eta eguneraturik edukitzea.

ñ) Museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei aholku eta laguntza ematea.

o) Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

p) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

20. artikulua. Museoen Zerbitzuaren egitura.

Museoen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Museoen Atala.

b) Nafarroako Museoaren Atala.

21. artikulua. Museoen Atalaren eginkizunak.

Museoen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

b) Museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako funtsak zaindu, ikertu eta ezagutarazteko lanak sustatu eta koordinatzea.

c) Museoak eta bilduma museografiko iraunkorrak ikuskatzea, indarra duen legedian ezartzen den moduan.

d) “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoa eta Karlismoaren Museoa kudeatzea eta koordinatzea.

e) Ondasun etnologikoei eta ondasun ez-materialei buruz egiten diren Interes Kulturaleko Ondasunen eta Ondasun Inbentariatuen deklarazioen espedienteetan txostenak egitea.

f) Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduerak, hedapen jarduerak eta jarduera didaktiko eta pedagogikoak gauzatzeko jarduketak eta programak sustatu eta laguntzea.

g) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

h) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

22. artikulua. Nafarroako Museoaren Atalaren eginkizunak.

Nafarroako Museoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Museoari esleitutako funtsen tratamendu administratibo eta teknikoa.

b) Nafarroako Museoan gordetzen den kultur ondarea zaindu eta bere segurtasunaz arduratzea.

c) Beste toki batzuetan gordetako funts propioak kontrolatzea.

d) Nafarroako Museoaren instalazioetako mantentze eta segurtasun lanak.

e) Oinarrizko jarduketa arloei buruz (eskurapenak, zaintza, ikerketa, zabalkundea) izaten diren jardueren urteko plana prestatu eta organo eskudunari proposatzea.

f) Nafarroako Museoaren jarduera eta ematen dituen zerbitzuak antolatu eta kudeatzea.

g) Bilduma zabaldu, hedatu eta erakusteko jarduketa guztiak sustatu, erraztu eta koordinatzea.

h) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

5. ATALA

Liburutegien Zerbitzua

23. artikulua. Liburutegi Zerbitzuaren eginkizunak.

Liburutegi Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kultura, informazioa, prestakuntza eta aisialdi sortzailea eskura izateko aukeren demokratizazioa sustatzea, Nafarroako Liburutegien Sistemaren bitartez.

b) Nafarroako Liburutegien Sistema antolatu, egituratu eta kohesionatzea, zentro, baliabide eta zerbitzuen antolakundea den aldetik, komunitateari gizarteratu, kulturizatu eta herritartzeko espazioak eskaintzeko.

c) Foru Administrazioak Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemari ematen dizkion baliabideak eragimenez kudeatzea.

d) Herritar guztiei, edozein izanik ere bere egoera, jatorria, adina, kultur maila edo diru sarrerak, baliabideak eta zerbitzuak eskaintzeko politika planifikatu, ahalbidetu eta ebaluatzea.

e) Irakurketa Maparen jarraibideak eta Zerbitzuen Zorroarenak Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako liburutegietan berrikusi, eguneratu eta aplikatzea, eta Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren erregelamenduak erredaktatzea.

f) Nafarroako ondare bibliografikoa, filmografikoa eta ikus-entzunezkoa babestu, zaindu, antolatu eta ezagutaraztea.

g) Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea Nafarroako Liburutegi Publikoen Sisteman.

h) Liburutegietako langileen etengabeko prestakuntza bultzatzea.

i) Liburutegi publikoak kudeatzeko toki entitateekin sinatutako hitzarmenak eguneratu, kudeatu eta garatzea.

j) Liburutegien bestelako sistemekin eta irakurketa eta informazioaren teknologia berriak sustatzeko erakundeekin elkarlanean aritzeko prozedurak ezarri eta garatzea, bai Foru Komunitatean bai Foru Komunitatetik kanpoan.

k) Liburutegi Publikoen Sistema Nafarroako Liburutegien Sistemarekin elkarlanean aritzeko prozedurak ezarri eta garatzea.

l) Liburutegien Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

m) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

24. artikulua. Liburutegi Zerbitzuaren egitura.

Liburutegi Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Nafarroako Liburutegiaren Atala.

b) Liburutegien Sarearen Atala.

25. artikulua. Nafarroako Liburutegiaren Atalaren eginkizunak.

Nafarroako Liburutegiaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren gidari izatea, eta liburutegietako zerbitzuen erreferentea izatea herritar guztientzat.

b) Atalaren giza baliabideak eta baliabide materialak eraginkortasunez eta efizientziaz planifikatu, kudeatu, ebaluatu eta erabiltzea.

c) Nafarroako ondare bibliografikoa, filmografikoa, ikus-entzunezkoa eta digitala bildu, babestu eta ezagutaraztea.

d) Lege-gordailua kudeatzea, eta Nafarroako Bibliografia antolatzea.

e) Nafarroako Liburutegi Digitalaren prestaketa eta zabalkundea bultzatu eta koordinatzea, eta Espainiako eta Europako proiektuetan (Hispana, Europeana...) parte hartzea.

f) Erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak diseinatu, programatu, kudeatu eta ebaluatzea.

g) Liburutegiaren zerbitzuak sustatu eta hedatzeko tresnak sortu eta jarduerak antolatzea herritar guztientzat.

h) Nafarroako Liburutegiak eta Liburutegi Publikoen Sareak behar dituzten informazio baliabideak hautatu, ebaluatu, kudeatu eta eskuratzea zenbait euskarri eta formatutan.

i) Nafarroako Liburutegirako dokumentuen eskurapenak programatu, kudeatu, prozesu teknikoa gauzatu eta ebaluatzea.

j) Interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedienteak prestatzea, ondare bibliografikoari dagokionez.

k) Nafarroako Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboaren prestaketa eta zabalkundea koordinatzea.

l) Atalaren jardueren urteko memoria prestatzea.

m) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

26. artikulua. Liburutegien Sarearen Atalaren eginkizunak.

Liburutegien Sarearen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko liburutegiak zuzendu, koordinatu eta kohesionatzea, kudeaketan bere elementuen parte-hartzea sustatuz.

b) Atalaren giza baliabideak eta baliabide materialak eraginkortasunez eta efizientziaz planifikatu, kudeatu, ebaluatu eta erabiltzea.

c) Informazioaren sorkuntza eta hedapena erraztea, liburutegietako zerbitzuetatik erabiltzaileengana eta alderantziz.

d) Liburutegi publikoak sustatu eta hedatzeko programa diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, herritarrengandik hurbil dauden erakundeak diren aldetik.

e) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako liburutegietan zerbitzuak emateko jarraibideak erredaktatu, arautu eta aplikatzea.

f) Nafarroako Liburutegien Sisteman liburutegiaren zabalpeneko programak sustatu, lagundu eta koordinatzea.

g) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako zerbitzu informatikoak hautatu, kudeatu eta ebaluatzea.

h) Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera gauzatu, garatu eta sustatzea.

i) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sisteman sartutako liburutegien ekipamendu, antolaketa eta jendearentzako zerbitzua hobetzeko Foru Administrazioak ematen dituen laguntzak kudeatzea.

j) Liburutegi publikoak kudeatzeko toki entitateekin sinatutako hitzarmenen jarraipena egitea, eta Foru Administrazioaren konpromisoak gauzatzea.

k) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

6. ATALA

Kultur Ekintza Zerbitzua

27. artikulua. Kultur Ekintza Zerbitzuaren eginkizunak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sustapen, plangintza, koordinazio eta promozio lana egitea, herritar guztiek eskura izan dezaten kalitatezko arte eskaintza askotariko bat, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan banatua.

b) Nafarroako Foru Komunitateko sortzaile eta artistak ezagutarazten eta balioesten laguntzea eta horretarako erraztasunak ematea.

c) Arte programa berekiak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, sektorearen garapena eta kultur eskaintza sendotu eta osatzeko asmoarekin.

d) Kultura aniztasuna sustatzea herritarren artean. Herritarren parte-hartze horizontala, oro har, eta eragile kultural eta artistikoena, bereziki, sustatzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eragin-lerroen eta programen informazio, antolaketa eta ebaluazio prozesuetan.

e) Arte eta kultur eskaintza koordinatzea eta arte eta kultur entitateen sorrera eta garapena sustatzea Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuekin batera.

f) Toki entitateekin batera lan egitea artea eta kultura hedatzeko.

g) Arte eta kultur programak egiten dituzten beste kultur eragile batzuekin batera lan egitea, hala nola entitate publiko eta pribatuekin, herritarren elkarteekin eta talde artistikoekin.

h) Arte arloko talentua eta sorkuntza lagundu, erraztu eta sustatzea, kalitatea sustatzen duten irizpideen bidez, baita herritarren arte jardun ezberdinak ere, hala zuzenean nola hirugarrenekin elkarlanean.

i) Arteen publiko eta audientziak sortu, trebatu eta fidelizatzea.

j) Kultur eskaintzaz gozatzeko herritarrek izan ditzaketen oztopo guztiak kentzea (ekonomikoak, sozialak, fisikoak, heziketakoak eta bestelakoak).

k) Artearen eta kulturaren garapenean gizarteak, boluntarioek eta ekimen pribatuak parte har dezaten laguntzea eta eginkizun horretan aurrera egitea.

l) Arte eta kultur entitateekin izenpetzen diren hitzarmenak kudeatzea eta horien jarraipena egitea indarra duten bitartean.

m) Kultura herrikoi eta tradizionalaren garapena erraztea, oro har, eta haren forma eta adierazpen guztiena, zehazki, eta sektoreko entitateekin elkarlanean aritzea ahalik eta hobekien gara daitezen.

n) Arte eta kulturaren sektore berritzaileak, kultur industriak eta sormenezko entitateak sustatu eta koordinatzeko jarduerak gauzatzea, bai eta gaur egun arteen elkarketa, diziplinartekotasuna eta berrikuntza proposatzen dituzten agerpenenak ere.

ñ) Arte produkzioen eta sortzaileen proiekzioa eta aintzatespena sustatzea herritarren artean eta beste kultur eragile batzuen artean, eta bereziki, behar diren bideak irekitzea herritarrek laguntza publikoak jasotzen dituzten artisten eta kultur entitateen lana ezagut dezaten.

o) Kudeaketa, erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta gastuaren eta inbertsioaren errentagarritasuna hobetzea, eta helburu eta adierazleak ezartzea, geroko ebaluazioa egin ahal izateko.

p) Behar diren baliabideak ezartzea herritarrek eta herritarren elkarteek arte eta kultur ekintzan parte har dezaten, eta pertsona eta kolektibo batzuek arte programetara iristeko dituzten oztopoak desagerrarazteko.

q) Nafarroatik kanpo bizi eta lan egiten duten artisten hurbilpena, aurkezpena eta balioespena sustatzea.

r) Kultur eta arte sektorearen koordinazio tresnak garatzea, plan estrategikoak abiapuntu hartuta, eta etengabeko hobekuntzaren eta laguntzen baliabideen berri ematea aldian-aldian eta modu iraunkorrean.

s) Prozesu parte-hartzaileak zeharka sustatzea Administrazioan eta sektorean, prozesu berri eta ez-baztertzaileei eta prozesuaren garapen egokia ahalbidetzen duten metodologiei bide emanez.

t) Nafarroako arte eta kultur sormenaren eta produkzioaren kanpo proiekzioa sustatzea, eta Espainian eta atzerrian sareak, entitateak, arte zentroak, jaialdiak eta entitate publiko eta pribatuak etengabe bilatzea.

u) Kudeaketa, erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta gastuaren eta inbertsioaren errentagarritasuna hobetzea, eta helburu eta adierazleak ezartzea, geroko ebaluazioa egin ahal izateko.

v) Toki entitateekin elkarlanean aritzea, hurbiltasuneko kultur ekipamenduak bultzatu eta dinamizatzeko deialdi eta laguntzen bidez, bereziki arlo hauetan: antzerkia, musika, dantza, ikus-entzunezkoak eta arte plastiko eta ikusizkoak, liburua, artearen bestelako agerpen garaikideak, ondareari lotutako adierazpenak eta beste edozein adierazpen.

w) Kultur Ekintza Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

x) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak eta helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak, kudeatzen duen esparruan.

28. artikulua. Kultur Ekintza Zerbitzuaren egitura.

Kultur Ekintza Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atala.

b) Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atala.

29. artikulua. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren eginkizunak.

Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Musika eta arte eszenikoetako (antzerkia, dantza...) sektoreen kultur eragileei arreta eta aholku ematea modu integralean, bai eta haien sormen, produkzio eta hedapen prozesu guztiei ere.

b) Arte sektorea koordinatzea eremu guztietan eta eragile guztiekin, plan estrategikoak abiapuntu hartuta, eta etengabeko hobekuntzaren eta laguntzen baliabideen berri ematea aldian-aldian eta modu iraunkorrean.

c) Prozesu parte-hartzaileak zeharka sustatzea Administrazioan eta sektorean, prozesu berri eta ez-baztertzaileei bide emanez eta prozesuaren garapen egokirako metodologiak aplikatuz.

d) Kultur zerbitzu, proiektu eta programak koordinatu eta planifikatzea, programa berekien bidez edo hirugarrenekin elkarlanean, eta kalitatezkoak izan daitezen eta arte komunitateak eta herritarrek parte har dezaten begiratzea.

e) Kultura Zuzendaritza Nagusiko gainerako zerbitzuekin, Gazteriaren Zuzendariordetzarekin, Baluarte Fundazioarekin, Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin eta Zuzendaritza Nagusiaren beste entitate laguntzaileekin bakoitzak artearen hedapenerako prestatzen dituen programak koordinatzea, eskaintza bateratua egiteko, jarduerak bikoiztea saihesteko eta ahalik eta eskaintza zabalena eta bateratzaileena osatzeko.

f) Artearen hedapenerako programak gauzatzea beste kultur eragileekin, entitate publiko eta pribatuekin eta elkarteekin elkarlanean, bai eta interes publikotzat jotzen diren ekimenak dituztenekin ere.

g) Sormena, produktu artistikoen garapena eta arte eta kultur entitateen garapena sustatzen eta ahalbidetzen duten deialdiak eta laguntzak diseinatu eta kudeatzea, sormenaren eta kulturaren sektore egonkor, berritzaile eta lehiakor bat hazten laguntzeko.

h) Zuzeneko arteen sektoreekin aritzeko batzorde artistikoak eta lantaldeak proposatu eta koordinatzea, bai eta jaialdi eta jarduera berekien zuzendari artistiko eta koordinatzaileekin garatzen den lana ere.

i) Publiko berria sortu, trebatu eta fidelizatzeko hedapen estrategiak gauzatzea.

j) Hezkuntza, hedapen eta bitartekaritza estrategiak sartu, sustatu eta koordinatzea artearen hedapenerako programetan.

k) Atalaren eremuko sektore profesionalen berariazko prestakuntza laguntzeko lerroak sustatzea, hala nola bekak, jardunaldiak, biltzarrak eta interesekotzat jotzen diren beste edozein.

l) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

m) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

30. artikulua. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalaren eginkizunak.

Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arte plastiko eta ikusizkoen, ikus-entzunezkoen eta zeharkako beste diziplinen sektoreetako kultur eragileei arreta eta aholku ematea modu integralean.

b) Toki entitateekin elkarlana erraztu eta sustatzea, haien kultur ekipamenduak eta arte programak ahalik eta hobekien dinamizatzeko.

c) Kultura herrikoi eta tradizionalaren eta ondare immaterialaren babes eta garapenean lagundu, sustatu eta elkarlanean aritzea, lan ildoak eta laguntzak proposatuz eta haien aldeko jarduketak erraztuz.

d) Berrikuntza eta sormena zeharka bultzatzea programa, proiektu eta zerbitzu bereki guztietan, motor sozial, kultural, artistiko eta ekonomikoa diren aldetik.

e) Lan ildoak, estrategiak eta programak garatzea berrikuntzaren eta sorkuntza eta kultur industrien eremuetan, sorkuntza, ezagutza eta edukiak sortzen dituen lurralde bihurtu ahal izateko.

f) Sorkuntza, proiektu artistikoen garapena eta arte eta arte enpresen garapena sustatzen eta ahalbidetzen duten laguntza eta deialdien programak diseinatu eta kudeatzea, sormenaren eta kulturaren sektore egonkor, berritzaile eta lehiakor bat hazten laguntzeko, atalaren eskumenen esparruan.

g) Arte produkzioen eta sortzaileen proiekzioa eta aintzatespena sustatzea herritarren artean eta beste kultur eragile batzuen artean, eta bereziki, behar diren bideak irekitzea laguntza publikoak jasotzen dituzten pertsonen eta entitateen lana ahalik eta hobekien heda dadin.

h) Sortzaileekin, arte eragileekin eta kultur enpresekin elkarlanean aritzea baterako programetan, eta sortzen diren lan eta proiektuen hedapena eta zabalkundea sustatzea, atal honen eskumenen esparruan.

i) Kultur proiektu eta programak koordinatu eta planifikatzea, programa berekien bidez edo hirugarrenekin elkarlanean, eta kalitatezkoak izan daitezen eta arte komunitateak eta herritarrek parte har dezaten begiratzea.

j) Zuzendaritza Nagusiko gainerako zerbitzuekin, Gazteriaren Zuzendariordetzarekin, Baluarte Fundazioarekin eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin bakoitzak artearen sorkuntza eta hedapenerako prestatzen dituen programak koordinatzea, a) atalean adierazitako esparruetan egiten dituzten jarduera guztietan.

k) Sektoreko batzordeak koordinatzea arlo hauetan: kulturaren sektoreak, elkarteak, kultura herrikoiari lotutako entitateak eta arte sektorearen eta alboko arteen ekintzaileak.

l) Atalaren eremuko sektore profesionalen berariazko prestakuntza programak sustatzea, hala nola prestakuntza artistikorako bekak, jardunaldiak, biltzarrak eta interesekotzat jotzen diren beste edozein.

m) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

7. ATALA

Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atala

31. artikulua. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalaren eginkizunak.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren lan ildoen barneko eta kanpoko komunikazioa erraztea.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin batera eta Zerbitzuekin zeharka lan egitea denen intereseko proiektu eta planetan.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren planak, zerbitzuak eta atalak lagundu, kontrolatu eta ebaluatzea.

d) Kultur eta arte sektoreen garapena eta balioespena bultzatzen dituzten Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin elkarlanean aritzea.

e) Herritarrak kulturaren arloan sentsibilizatzen laguntzea, bai eta kultur ohitura eta praktiketan parte-hartzen ere.

f) Herritarrek kultura erabiltzen laguntzea komunikazio, sustapen eta informazioaren bidez.

g) Zeharkako planak sustatu eta gauzatzea lankidetza erraztu eta lurraldeko premia eta errealitatean oinarritutako erabakiak ahalbidetzen dituzten eragileekin.

h) Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beharren arabera, edozein lurraldetan jarduteko eta garapen-ereduetarako dauden aukerak aztertzea, eta beste kultur eta sormenezko entitate batzuek kultur politikaren eta kudeaketaren arloan aplikatzen dituzten neurriak konparatzea.

i) Espainiako eta atzerriko sareetan parte-hartzea sustatzea, bai eta informazioa trukatzea eta beste errealitateak ezagutzea ere, sortzaileen eta herritarren mesedetan.

j) Kultur sektore eta eremuetan lan egiten duten pertsonen duintasuna eta kalitatea errazten dituzten kultur prozesuetan behar diren baliabideak ematea.

k) Berrikuntza eta garaikidetasuna sustatzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak garatzen dituen jarduketetan.

l) Nafarroako Kulturaren Behatokia, datuen bilketa eta datu horiek erabiltzeko proposamenak sustatu eta garatzea.

m) Nafarroako Kulturaren Kontseiluarekin elkarlanean aritzea eta harekin lan egitea Kontseiluko kideen eta batzordeen eginkizunak hobeki gauzatzeko, modu pluralean eta kultur sentsibilitate guztiei erantzunez.

n) Nafarroako Kulturaren Kontseiluarekin elkarlanean aritzea kulturaren plan estrategiko bat egiteko, errealitatearen diagnosia abiapuntu hartuta.

ñ) Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea berrikustea, hainbat eragilerekin elkarlanean.

o) Eragile, artista eta entitate soziokulturalen elkarlana sustatzea Eskubide Kulturalen Foru Legea diseinatu eta prestatzeko, komunitateak kultura erabiltzen eta bizitza kulturalean parte hartzen duela bermatzeko.

p) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen urteko planaren proposamena prestatzea (argitalpen monografikoak, zientifikoak, dibulgatiboak, aldizkariak, inprimakiak, entzunezko materialak, ikus-entzunezkoak eta multimediakoak).

q) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

III. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

32. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

c) Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

33. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aginduzko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta eskatzen zaion beste edozein ere.

b) Departamentuaren egintza eta xedapenen kontra jarritako administrazio errekurtsoen ebazpen proposamenak prestatzea.

c) Departamentuaren eskumeneko arau eta xedapenen proiektuak prestatzen laguntzea eta haien gaineko txostenak egitea.

d) Departamentuko organo tekniko eta administratiboei aholkularitza juridikoa ematea.

e) Departamentuko Babesletzaren menean jartzen diren fundazioekin zerikusia duten izaera juridikoko eginkizunak gauzatzea.

f) Jabetza Intelektualaren Erregistroaren kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunak gauzatzea.

g) Departamentuari lotutako organoetako idazkaritzen eskumenak izan arren, esleitzen zaizkion eginkizunak betetzea.

h) Departamentua ukitzen duen eta Nafarroan aplikatu beharreko foru legeria, estatukoa zein Europar Batasunekoa, biltzea eta eguneratzea.

i) Arlo juridikoko funts bibliografikoak eratzea eta mantentze-lanez arduratzea.

j) Departamentuaren intereseko legedia, jurisprudentzia eta doktrina aztertu eta haien gaineko txostenak egitea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

34. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko zerbitzuek proposatzen dituzten espediente guztiak tramitatu eta artxibatzea eta horien kontrol administratiboa egitea.

b) Departamentuaren egitura organikoa kontrolatu eta haren jarraipena egitea.

c) Departamentuari atxikitako langileak kontrolatu eta kudeatzea.

d) Organo eskudunekin lankidetzan aritzea Departamentuaren modernizaziorako proiektuetan eta prozedurak antolatu eta koordinatzeko sistemak hobetzeko proiektuetan.

e) Agiriak konpultsatzea.

f) Agirien sarrera-irteeren erregistroa kudeatzea.

g) Jendeari argibideak ematea eta, horrekin batera, Departamentuarekin zerikusia duten inprimaki eta dokumentu guztiak eskura jartzea.

h) Atalaren jarduerei buruzko txosten eta memoriak prestatzea.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

35. artikulua. Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko aurrekontuen aurreproiektua egiten laguntzea eta lan hori koordinatzea.

b) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua nola garatzen den kontrolatzea, eta zerbitzuei zein unitateei aldian-aldian informazioa ematea, erabakitzen den maiztasunarekin.

c) Klausula ekonomikoak dituzten espedienteak tramitatzen laguntzea, eskatzen denean.

d) Aurrekontu aldaketak proposatzea kudeaketa lanak eskatzen duenean.

e) Departamentuko aurrekontua kudeatzeaz arduratzen direnentzat informazioa prestatu eta banatzea, aurrekontua egoki garatu ahal izateko jarraibide edo irizpideak ezartzeko.

f) Idazkaritza Tekniko Nagusiak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

g) Eskatzen zaizkion txostenak, azterlanak edo datuak prestatzea.

h) Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea departamentuari dagokionean betetzen dela begiratzea.

i) Kontu-hartzaile delegatuarekin lankidetzan aritzea.

j) Nafarroako Estatistika Institutuarekin elkarlana izatea eta, beraz, Institutuak eskatzen duen informazioa koordinatu eta prestatzea, zehazten diren estatistika plan eta programen arabera.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere esku uzten diren guztiak.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria.–Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

Bigarren Xedapen Gehigarria.–Eskumenen banaketa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira kontratazioaren eta ondare-erantzukizunaren arloetan, bai eta arau-hauste arinen eta larrien zehapen-prozedura hasi eta ebazteko ere, indarreko araudian Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari eta Nafarroako Gobernuari esleitzen zaizkien eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Hirugarren Xedapen Gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Artearen Hedapenaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua izanen dena.

–Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua izanen dena.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Atalekoa izanen dena.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratiboaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratiboaren Atalekoa izanen dena.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalekoa izanen dena.

Laugarren Xedapen Gehigarria.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Bosgarren Xedapen Gehigarria.–Organo eta unitate administratiboak.

Foru dekretu honen bidez Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari edo bere menpeko organoei esleitutako eginkizunei buruz indarreko beste arau batzuetan dauden aipamen guztiak foru dekretu honen bidez araututako organo eta unitateei dagozkiela ulertuko da.

Seigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuen aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauak indargabetzea.

Xedapen hauek indarrik gabe gelditzen dira:

a) 67/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

b) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko irailaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1512577