176. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 4a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

132/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2015eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23an, eta abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen (2015eko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).

Era berean, abuztuaren 12ko 57/2015 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 2015eko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an.

Foru dekretu honen helburua, beraz, Osasun Departamentuaren egitura organiko berria finkatu eta garatzea da.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Osasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Osasun Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: osasun publikoa, lan osasuna, osasun laguntza eta osasuna babesteari buruzko eskubideak bermatzea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Osasun Departamentuko titularra.

1. Osasun Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Era berean, Osasun Departamentuko titularrari dagokio kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

–Nafarroako Osasun Kontseilua.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gobernu Kontseilua.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gobernu Kontseilua.

3. Osasun Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean Departamentuko titularraren mende.

3. artikulua. Osasun Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Osasun Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere egituran:

a) Osasun Zuzendaritza Nagusia.

b) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoak Osasun Departamentuari atxikita egonen dira, eta beren estatutuen bidez arautuko dira. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da.

3. Miguel Servet Fundazioa bere estatutuen arabera antolatuko da, eta Osasun Departamentuaren sostengu zientifiko eta teknikorako erakunde bat da, xede hauekin: irakaskuntza eta osasun arloko ikerketa sustatzea.

4. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Batzordea sortu da. Koordinaziorako kide anitzeko organoa da, hilean behin bilduko da gutxienez, eta honako hauen titularrak ditu kide: Osasun Departamentua, Osasun Zuzendaritza Nagusia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetza, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko egitura zentraleko zuzendaritzak eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

4. artikulua. Zuzendaritza Nagusiaren eskudantziak.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenean ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, horrez gain, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Osasun Departamentuko titularrak haren esku uzten duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritakoak ere (8. artikuluan ezarritakoak barne), indarra duten xedapenek ematen dizkiotenak eta Osasun Departamentuko titularrak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

Horietaz gainera, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eskudantzia hauek izanen ditu:

–Laguntza juridikoa behar duten kide anitzeko organoen eta batzordeen idazkaritza lana egitea, arauetan ezarritako moduan.

–Bide judizial zibilaren edo lan arlokoaren aurreko errekurtso administratiboei eta erreklamazioei buruzko txostenak egitea.

–Osasun arloko fundazioen gaineko babesletzarekin zerikusia duten eginkizun juridikoak betetzea.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek eginkizun hauek beteko dituzte departamentuko goragoko organoek zuzendurik, bakoitzak foru dekretu honetan berari ezarritako esparru material eta funtzionalean: haien mendeko atalak edo unitate organikoak planifikatzea, koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; prozedurak azkartu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioen aplikazioa bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek ematen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalei dagozkie, departamentuko goragoko organoek zuzendurik, kasuan kasuko esparruan, mendeko dituzten bulego edo unitateen jarduerak bete, haiei buruz txostenak eman eta proposatzeko eginkizunak, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzekoak, eta departamentuko organo eskudunek esleitzen dizkietenak.

II. KAPITULUA

Osasun Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Bere eskumenen esparruan osasun agintea erabiltzea eta, norbanakoaren eta ororen osasunari doakionean, esku-hartze publikoko eginkizunak betetzea.

b) Plangintza eta ebaluazio estrategikoa. Osasun Plana, Osasun Departamentuaren Plan Estrategikoa eta izaera estrategikoa duten laguntza planak prestatzea. Emaitzak aldizka ebaluatzea.

c) Osasun baliabideen lurralde banaketari buruzko plangintza egitea.

d) Departamentuari atxikitako erakunde autonomoak eta Miguel Servet Fundazioa gainbegiratu eta kontrolatzea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin helburuen araberako kudeaketa-itunak proposatu, kontrolatu eta ebaluatzea, baita Miguel Servet Fundazioarekiko eginkizun esleipena ere.

f) Osasun laguntza beste entitate pribatu eta publiko batzuekin ituntzeko politika orokorra ezartzea.

g) Osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzea eta Osasun Prestazio Publikoen Katalogoa baliatzeko baldintzak kontrolatzea. Herritarren eskubideei eta osasun prestazioei dagokienez, herritarren arteko aukera-berdintasuna.

h) Nafarroako Gobernuak edo Osasun Departamentuak neurri mediko prebentiboen arloan ezartzen dituen osasun programa eta prestazioak.

i) Herritarrek eta entitate publiko nahiz pribatuek osasunari dagokionez dituzten eskubideak eta betebeharrak bermatu eta zaintzeko sistemak garatzea.

j) Gizarteak eta profesionalek Osasun Sistema Publikoan parte hartzeko bideak garatzea.

k) Osasun arloko herritartasunaren, gardentasunaren eta gobernu onaren arloko politikak bultzatzea.

l) Pazientearen segurtasunerako politikak eta osasun zentro eta zerbitzuetako prestazioen kalitatea.

m) Osasun zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta jarduerak –publikoak nahiz pribatuak– baimentzea, erregistratzea, egiaztatzea eta ikuskatzea.

n) Osasunaren zainketa, eta esku-hartze publikoa osasunaren gainean eragina duten zentro eta jarduera publiko nahiz pribatuetan.

ñ) Botiken, produktu sanitarioen eta parekoen arloko jarduerak, zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta programak, barne hartuta publizitatea, saiakuntza klinikoak eta farmakozaintza.

o) Hilotzen gaineko osasun neurriak.

p) Teknologia sanitarioak ebaluatu eta haien emaitzak eta gomendioak zabaldu eta jarraitzea.

q) Toki entitateek osasun arloko udal eskumenetan jardutean, haiekin elkarlanean aritu eta, hala behar izanez gero, subsidiarioki esku hartzea.

r) Osasunaren arloan esku hartzea. Departamentuen arteko koordinazioa, baita osasun arloan diharduten erakundeekin eta entitate publiko eta pribatuekin ere.

s) Odol, organo eta ehunen transplantea eta ematea. Zentroak baimendu eta kontrolatzea.

t) Osasun laguntza beste entitate pribatu eta publiko batzuekin ituntzeko politika orokorra ezartzea.

u) Osasun arloko informazio eta inteligentzia sistemen plangintza estrategikoa egitea eta Emaitzen eta Kontu-ematearen Behatokia garatzea.

v) Prestakuntzaren eta ikerketaren arloko, eta oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta diru-laguntzak deitzea, ematea eta kudeatzea.

w) Osasun Zientzietako etengabeko prestakuntza planak, eta jarduerak, programak eta ikastetxeak egiaztatzea.

x) Graduaurreko, graduondoko eta espezializazioko prestakuntza, osasun sare publikoa erabiliko duten beste irakaskuntza-instituzio batzuekin koordinaturik.

y) Osasuneko langileen beharren plangintza eta erregistroa. Lanbide-gaitasunak egiaztatu eta ebaluatzeko sistemen garapena.

z) Ezagutzaren kudeaketa, argitalpenen edizioa, Osasun Zientzien Liburutegia eta informazio zientifikoaren beste iturri batzuk, Osasun Sistema Publikoan ebidentzia zientifikoa, berrikuntza eta jardunbide egokienak sustatzeko.

aa) Osasun zientzien arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza, baimena ematea halakorik behar duten proiektuei eta erakundeekin eta entitateekin elkarlanean aritzea ikerketaren arloan.

bb) Ordenamendu juridikoak Osasun Departamentuari esleitzen dizkion gainerako guztiak.

9. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:

a) Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua.

b) Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

2. Laguntza Soziosanitarioko Planaren arduradunak bere araudiaren ondoriozko lotura izanen du Osasun Zuzendaritza Nagusiarekin.

2. ATALA

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua

10. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak dituen eskumenen esparru materiala.

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun arloko herritartasuna bultzatzea, bai eta gardentasunaren eta gobernu onaren arloko politikak ere.

b) Herritarrek osasunari eta prestazio sanitarioei dagokienez dituzten eskubideak eta betebeharrak bermatu eta zaintzeko sistemak garatzea.

c) Gizarteak eta profesionalek Osasun Sistema Publikoan parte hartzeko bideak garatzea.

d) Ondokoak antolatu, ikuskatu, ebaluatu, egiaztatu eta baimentzea, eta haien informazio-sistemak: zentroak, zerbitzuak, establezimenduak, osasun jarduerak, botikak, produktu sanitarioak eta parekoak, bai eta hilotzen gaineko osasun neurriak eta farmakozaintza ere.

e) Osasun jarduera, botika, produktu sanitarioen eta parekoen gaineko publizitatea.

f) Osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzea.

g) Departamentuen arteko koordinazioa egitea, bai eta xede sanitarioa duten elkarte eta erakunde publiko edo pribatuen jarduerak koordinatzea ere, eta gobernuz kanpoko erakundeenak ere, osasunaren sustapenerako edo/eta autolaguntzarako programak egiten badituzte.

h) Nafarroan egiten diren organo-transplanteen koordinazioarekin lotura duten eginkizunei elkarlana eskaintzea eta laguntza ematea.

i) Osasun arloko profesionalen erregistroa kudeatu, zaindu eta garatzea.

j) Farmakozaintza Zentroko zuzendaritza.

k) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuaren egitura.

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atala.

b) Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atala.

c) Farmazia Ikuskapenaren Atala.

12. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atalak foru dekretu honetan osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzeari dagokionez aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, bai eta prebentzioaren, osasunaren sustapenaren eta autolaguntzaren arloan aritzen diren elkarteekiko harremanei dagozkienak ere.

Horrekin batera, gai hauen gaineko eginkizunak ere beteko ditu: osasun arloko herritartasuna eta gardentasunaren eta gobernu onaren politikak bultzatzeko politikak, herritarrek osasunari eta prestazio sanitarioei dagokienez dituzten eskubideak eta betebeharrak bermatu eta zaintzeko sistemak garatzea, eta Osasun Sistema Publikoan gizartearen eta profesionalen parte-hartzea garatzea.

13. artikulua. Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalaren eskumenen esparru materiala.

1. Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalak foru dekretu honek jarraian adierazten diren arloetan ezarritako eginkizunak izanen ditu: entitate publiko zein pribatuen osasun zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta jarduerak, osasunari eta prestazio sanitarioei dagokienez; publizitate sanitarioa kontrolatzea; herritarren eskubideak eta segurtasun arauak betetzen direla ikuskatzea; eta hilotzen gaineko osasun neurriak.

Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun ere beteko du.

2. Organoen transplanteen koordinazioaren gaineko eginkizunei dagokienez, Osasun Departamentuko titularrak esleitzen ahalko dizkie ataleko langileei edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitakoei, dagokion foru agindua onetsita.

14. artikulua. Farmazia Ikuskapenaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Farmazia Ikuskapenaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu honakoei dagokienez: farmaziako zentro, zerbitzu eta establezimendu publiko eta pribatuak; produktu sanitarioak neurrira fabrikatzen dituzten zentroak eta establezimenduak; produktu sanitarioak banakakoari egokituta banatu edo saltzekoak; gizakiendako botikak, produktu sanitarioak eta parekoak; animaliendako botiken banaketa.

Era berean, foru dekretu honetan, jarraian adierazten diren arloetan, ezartzen diren eginkizunak izanen ditu:

a) Jardunbide egokietarako arau hauek betetzen direla ikuskatzea: laborategikoak; gizakiendako botiken banaketari dagozkionak; saiakuntza klinikoen arau klinikoak, farmakozaintzakoak eta botikak behar bezala fabrikatzeko arauak.

b) Etengabeko farmazia arreta programatzea eta jarraipena egitea.

c) Nafarroako Farmakozaintza Zentroa.

d) Herritarrek eta entitate publiko zein pribatuek, botikei eta produktu sanitarioei dagokienez, dituzten eskubideak eta betebeharrak babestea.

e) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

4. ATALA

Plangintzarako, Ebaluaziorako
eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua

15. artikulua. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

1. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasuneko langileen etengabeko prestakuntzarako irakaskuntza planen plangintza estrategikoa eta koordinazioa, laguntza-beharretan oinarrituak eta lanbide-gaitasunak garatzera bideratuak.

b) Etengabeko prestakuntzaren eta bilera zientifikoen antolakuntzaren arloetako laguntzak, diru-laguntzak eta hitzarmenak kudeatzea.

c) Osasuneko lanbideen jarduerak, programak eta etengabeko prestakuntzako zentroak egiaztatze arloan indarra duten legeek Nafarroako Foru Komunitateari ematen dizkioten eskumenak bere gain hartzea, Nafarroako Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak eskatzen duen laguntza emanez.

d) Osasun zientzietako prestakuntza espezializatuaren arloan, indarra duten legeek Nafarroako Foru Komunitateari ematen dizkioten eskumenak bere gain hartzea. Prestakuntza espezializatuko zentro, unitate eta ikaspostuei buruzko plangintza egitea; egiaztatzeko, koordinatzeko, irakaskuntza-kalitatea ebaluatzeko eta abarrerako eskaerak tramitatzea eta horiei buruz txostena ematea.

e) Unibertsitateekin eta beste irakaskuntza-erakunde batzuekin egiten diren prestakuntza-hitzarmenak kudeatzea, osasun arloko tituluak eskuratzeko graduaurreko, graduko, graduondoko edo lanbide heziketako irakaskuntza praktikoa gauzatzeko osasun sare publikoa erabili behar badute. Hezkuntza Departamentuarekin koordinatzea.

f) Lanbide gaitasunak egiaztatzeko sistemak garatzea eta osasuneko langileen etorkizuneko beharrei buruzko plangintza egitea.

g) Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioarekin koordinatzea prestakuntzaren arloan (graduaurrekoa, espezializatua eta etengabekoa) eta osasuneko lanbideen garapenean.

h) Miguel Servet Fundazioarekin koordinaturik, osasun zientzietarako helburuak eta ikerketa-ildoak ezartzea, eta ikerketarako talde eta ildo egonkorrak sortu eta mantentzen direla sustatzea.

i) Miguel Servet fundaziorako eginkizunen esleipena proposatzea eta horiek nola gauzatzen diren gainbegiratzea.

j) Nafarroako Foru Komunitateak ikerketaren alderdi etikoak egiaztatu eta baimentzeko dituen eskumenak garatzea, Ikerketarako Etikako Batzordeei babesa eta laguntza emanez.

k) Proiektuak, ikertzaileak eta zentroak koordinatzea eta euren arteko sinergiak sortzea, Nafarroako Osasun Sistemako ikerketa-baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko, Miguel Servet Fundazioaren laguntzarekin.

l) Ikerketa biomedikorako laguntzak kudeatzea eta Osasun Departamentuaren baimen espresa behar duten proiektuak ebaluatzea.

m) Kalitate zientifiko-teknikoa eta bikaintasun klinikoa sustatzea, ebidentzia zientifikoa osasun laguntzako praktikan erabil dadila sustatuz, lanbide erakundeekin eta zientzia elkarteekin elkarlanean.

n) Osasun sistema publikoko Osasun Zientzien Liburutegia kudeatzea, baita argitalpenak eskuratzea ere, zientziari buruzko informazio-iturriak batuz ezagutzaren hedapena laguntzeko.

ñ) Osasun Departamentuak sustatutako argitalpen zientifikoen edizioa kudeatzea.

o) Nafarroako herritarren osasuna baldintzatzen duten faktoreak, bai eta haien eragina norbanakoen zein taldeen osasunean ere, aztertu eta ebaluatzea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean.

p) Osasun planetako beharrak zehaztu eta jarduketa helburu integratuak ezartzea. Halaber, horiek betetzen direla aldian-aldian begiratzea.

q) Osasunaren arloko estrategiak eta esku-hartzeak planifikatzea, barnean sartuta Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioaren osasun estrategien koordinazioa eta sustapena.

r) Nafarroako Foru Komunitateko osasun laguntzari aplikatutako laguntza- eta antolamendu-teknikak berritzea, ikertzea eta hobetzeko proposamenak egitea.

s) Osasun zientzien arloan xedeak eta berrikuntza teknologikoko ildoak ezartzea, Osasun Departamentuak finantzatuta eta I+G+Bko nazio eta nazioarte mailako planen barnean garatzeko.

t) Osasun prestazio publikoen katalogoa mantentzea eta eguneratzea.

u) Teknologia sanitarioak ebaluatzea eta haien emaitzen eta gomendioen jarraipena egin eta hedatzea.

v) Osasun Departamentuaren jarduera estatistikoa koordinatzea. Departamentuko adierazleak definitu eta eguneratzea, osasun sistemaren emaitza orokorrak ebaluatzeko eta haien kontu emateko.

w) Osasun baliabideen lurralde banaketa eta osasun eskualdeak planifikatzea.

x) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin helburuen araberako kudeaketa-itunak proposatzea.

y) Osasun arloko itunen politikaren plangintza estrategikoa.

z) Emaitzen eta Kontu-ematearen Behatokia garatzea.

aa) Osasun arloko informazio eta inteligentzia sistemen plangintza estrategikoa egitea.

bb) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

16. artikulua. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu:

a) Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atala.

b) Prestakuntza Atala.

c) Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

d) Ebaluazio eta Kontu-emate Atala.

17. artikulua. Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atalaren eskumenen esparru materiala.

Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atalak foru dekretu honek ondotik adierazten diren arloetan ezarritako eginkizunak izanen ditu: osasunaren eta esku-hartze sanitarioaren plangintza estrategikoa egitea eta prestazio sanitario publikoen katalogoa mantentzea. Horrekin batera, gai hauei buruzko eginkizunak ere beteko ditu: lurralde plangintza eta antolamendua, erakunde autonomoekin izenpetu beharreko helburu itunak proposatzea eta osasun sisteman itunak egiteko politikaren plangintza estrategikoa.

18. artikulua. Prestakuntza Atalaren eskumenen esparru materiala.

Prestakuntza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan: irakaskuntza planen plangintza, antolakuntza eta koordinazioa; etengabeko prestakuntzaren arloko egiaztapena eta laguntzen, diru-laguntzen eta hitzarmenen kudeaketa; prestakuntza espezializatuaren arloko eskumenen garapena; graduaurreko, graduko, graduondoko edo lanbide heziketako irakaskuntza praktikorako prestakuntza-hitzarmenen kudeaketa; eta lanbide gaitasunak egiaztatzeko sistemen garapena.

19. artikulua. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak izanen dituen eskumenen esparru materiala.

Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezartzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan: osasun zientzien arloko ikerketaren sustapena eta orientazioa, Miguel Servet Fundazioaren eginkizun esleipena barne; ezagutza eta kalitate zientifikoaren sustapena eta hedapena; osasun zientzien arloko liburutegiaren kudeaketa; eta argitalpenen edizioa, eta osasun arloko teknologien berrikuntza eta ebaluazioa.

20. artikulua. Ebaluazio eta Kontu-emate Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ebaluazio eta Kontu-emate Atalak foru dekretu honetan ezartzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan: osasun arloko informazio eta inteligentzia sistemak garatzea, departamentuaren estatistika lana koordinatzea, emaitzen ebaluazioa eta kontu-ematea.

III. KAPITULUA

Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

21. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atala.

22. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan, arlo juridikoan, Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako eginkizunak izanen ditu.

Era berean, departamentuan irekitzen diren zehapen-espedienteak instruitu eta tramitatuko ditu, bukatu arte, arlo horretan eskumena duten gainerako unitateekin koordinatuta, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak agintzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu.

23. artikulua. Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalak gai tekniko-administratiboen, ekonomikoen eta kontabilitatearen gainean foru dekretu honetan Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako eginkizunak izanen ditu.

Era berean, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusiari langileen arloan esleitutako gaien kudeaketa administratiboa egitea.

b) Material suntsigarri eta inbentariagarria erostea.

c) Tresna korporatiboen definizio funtzionala.

d) Prozeduren modernizazioa, diseinua, sinplifikazioa eta hobekuntza.

e) Administrazio elektronikoa eta administrazioaren sinplifikazioa.

f) Herritarrei arreta ematea kanal desberdinetatik.

g) Idazkaritza Tekniko Nagusiak agintzen dion beste edozein.

Lehen Xedapen Gehigarria.–Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren atxikipena.

Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa, Antolakuntza Atalaren menpekoa, Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalari atxikitzen zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria.–Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

Bigarren Xedapen Gehigarria.–Eskumenen banaketa.

1. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten dira ondoko eskudantzia hauen titulartasuna eta erabilera:

a) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Osasun Departamentuko titularrari dagozkion ahalmenak erabiltzea, foru lege horren 37. artikuluan aipatzen diren kontratuen gainekoak izan ezik, horiek Nafarroako Gobernuaren baimena behar baitute.

b) Osasun arloko arau-hausteengatik zehapen espedienteak irekitzea, ebaztea eta, kasua bada, zehapenak jartzea, 30.000 eurotik beherakoak badira.

2. Osasun Departamentuko titularrak eraginik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen banaketa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Laugarren Xedapen Gehigarria.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan: Osasun Jardueren Ikuskapenerako eta Aseguramendurako Ataleko buruarena, orain Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalekoa izanen da; Prestakuntza eta Lanbide Garapenerako Ataleko buruarena, orain Prestakuntza Atalekoa izanen da; eta Barne Araubidearen Ataleko buruarena, Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalekoa izanen da.

Xedapen Iragankor Bakarra.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 134/2011 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena eman zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Osasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1511970