172. ALDIZKARIA - 2015eko irailaren 1a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

137/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 23an), Nafarroako Foru Komunitateko departamentuen egitura ezarri zen, baita departamentu bakoitzari zegokion eskumen esparrua ere. Foru dekretu hori lehendakariaren abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuak aldatu zuen (156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).

Era berean, abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an.

Foru dekretu honen helburua, beraz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea da.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapen jasangarri eta partizipatiboa; Nafarroako Toki Administrazioa; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; baliabide hidrikoak; lurraldearen antolamendua eta hirigintza; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularra.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, Departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu.

2. Bereziki, eskudantzia hauek dagozkio:

Behin betiko onestea udal plan orokorrak, plan bateratuak, plan orokorretako egiturazko antolamenduaren determinazioen aldaketak eta planeamenduko berrikuspenenak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

3. Era berean, Departamentuko titularrari dagokio kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

a) Nafarroako Nekazaritza Kontseilua.

b) Toki Araubideko Foru Batzordea.

c) Lurralde Mugaketako Batzordea.

d) Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.

4. Departamentuan Kontseilaritzaren Kabinetea dago, departamentuko titularrari laguntza politikoa eta teknikoa emateko; Kabinetea Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari lotu behar zaio eta titularraren mendean dago zuzenean.

3. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:

a) Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia.

b) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

c) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko zuzendaritza nagusiek, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumenen esparruan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean, hari atxikita baitago zuzenean Idazkaritza Tekniko Nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak izanen ditu, baita indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrak agintzen dion beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren mendeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak. Gainera, foru dekretu honetan zerbitzuei eta zeharkako beste unitate batzuei esleitutako eskudantziak galarazi gabe, zerbitzuei dagokie beren mendeko unitateen barneko lan protokoloak eta zerbitzuko jarraibideak onestea.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren eskumenen esparruko lanak gauzatzea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien mendeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.

II. KAPITULUA

Landa Garapeneko, Nekazaritzako
eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

–Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

–Ureztalur berriak sortzea eta jadanik badaudenak gaurkotzea eta sendotzea.

–Nekazaritzako azpiegituretarako laguntzak.

–Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea.

–Landa inguruneko jardueren aniztasuna bultzatzea, baita landa garapena ere, Estatuko eta Europako programen barrenean.

–Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

–Kalitate deiturak.

–Prozesuen eta produktuen kalitatea sustatu, babestu eta kontrolatzea.

–Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

–Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

–Landa garapenaren arloko neurriak bultzatu eta koordinatzea.

–Ardogintzako esperimentazioa eta ikerketa eta mahastizaintza eta ardogintzako laborategiak.

–Nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena.

–Landareen eta abereen osasuna.

–Mintegiko haziak eta landareak.

–Nekazaritzako aseguruak.

–Nekazaritzako eta abeltzaintzako ikerketa eta garapena koordinatzea.

–Nekazarien eta abeltzainen errentetarako laguntzak.

–Merkatuak erregulatzea eta haietan esku hartzea.

–Siloen Oinarrizko Sarea mantentzea eta zaintzea.

–Fruta eta barazki ekoizleen erakundeak eta nekazaritzako ekoizleen elkarteak.

–Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak nekazari eta abeltzainentzat, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak garatzen ahal dituenak galarazi gabe.

–Nekazaritzaren arloko prestakuntza.

–Abeltzaintzako eta nekazaritzako laborategiak.

–Indarra duten xedapenek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari esleitzen dizkiotenak Zuzendaritza Nagusiaren beraren esparruan eta, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtseko (NBEUF) Erakunde Ordaintzaileari eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari (LGENF) loturik, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkionak.

9. artikulua. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza Zerbitzua.

b) Abeltzaintza Zerbitzua.

c) Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzua.

d) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

e) Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua.

f) Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua.

2. ATALA

Nekazaritza Zerbitzua

10. artikulua. Nekazaritza Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikagaien segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan.

–Nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemak sustatzea.

–Landare osasuna kontrolatzea.

–Mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea.

–Prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta nekazaritzako ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzen transferentzia.

–Laguntzen eskaera bakarra antolatzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduaren arabera.

–Nekazari eta abeltzainendako laguntzak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratuan sartuak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) kargura emanak, eta sistema horrekin parekatuak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) edo Nafarroako Gobernuaren bidez kofinantzatuak; Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak garatzen ahal dituenak galarazi gabe.

–Merkatuko krisien prebentzioaren eta kudeaketaren arloko jarduketak.

–Ekoizpenaren, uztaren eta izakinen aitorpenak eta legez kanpoko mahastietatik ateratzen diren ekoizpenen xedea kontrolatzea.

–Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzak fruta eta barazki ekoizleen erakundeen programa eragileetarako, destilazioetarako eta mahastiak berregituratzeko, eta beste batzuk, Merkatuen Antolakunde Bateratutik ateratzen direnak.

–Nekazaritzako aseguruen kontratazioa sustatzea.

–Hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek nekazaritzako ustiategietan eragiten dituzten kalteak.

–Siloen oinarrizko sarea mantentzea eta zaintzea.

11. artikulua. Nekazaritza Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritza Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala.

b) Merkatuen Erregulaziorako Atala.

c) Etekinetarako Laguntzen Atala.

12. artikulua. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalaren eskumenen esparrua.

Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikagaien segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan, nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemak sustatzea, landare osasuna kontrolatzea, mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea, prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta nekazaritzako ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzen transferentzia, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

13. artikulua. Merkatuen Erregulaziorako Atalaren eskumenen esparrua.

Merkatuen Erregulaziorako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: merkatuko krisien prebentzioa eta kudeaketa, ekoizpenaren, uztaren eta izakinen aitorpenei buruzko mahastizaintzako eta ardogintzako kontrola, baita legez kanpoko mahastietatik ateratzen diren ekoizpenen xedearena ere, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzak fruta eta barazki ekoizleen erakundeen programa eragileetarako, destilazioetarako eta mahastiak berregituratzeko, eta beste batzuk, Merkatuen Antolakunde Bateratutik ateratzen direnak, nekazaritzako aseguruen kontratazioa sustatzea, hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek eragiten dituzten kalteak eta siloen oinarrizko sarea mantendu eta zaintzea, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

14. artikulua. Etekinetarako Laguntzen Atalaren eskumenen esparrua.

Etekinetarako Laguntzen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazari eta abeltzainendako laguntzak, Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratukoak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) kargura emanak edo Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez kofinantzatuak, Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratuaren parekoak diren Estatuko laguntzak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

3. ATALA.

Abeltzaintza Zerbitzua

15. artikulua. Abeltzaintza Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Abeltzaintza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Abere ekoizpena sustatu eta garatzea.

–Abere osasuna kontrolatu eta zaintzea.

–Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plana koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagokionean.

–Elikagaien Katea Kontrolatzeko Planeko programak, abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagozkionak, gauzatzea.

–Abeltzaintzaren arloko ikerketaren eta garapenaren emaitzak jakinaraztea.

–Abeltzaintzako ustiategiak erregistratzea eta abereak identifikatzea.

–Eskualdeetako Albaitaritza Bulegoak koordinatzea.

–Abeltzaintzako eta nekazaritzako laborategiak eta nekazaritzako elikagaien laborategien koordinazioa.

16. artikulua. Abeltzaintza Zerbitzuaren egitura.

Abeltzaintza Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Abere Ekoizpenaren Atala.

b) Abere Osasuneko Atala.

c) Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atala.

d) Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atala.

17. artikulua. Abere Ekoizpenaren Atalaren eskumenen esparrua.

Abere Ekoizpenaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: abere ekoizpena, abeltzaintzako ustiategien, gune zoologikoen eta lagun egiteko animaliak hazi, saldu eta mantentzeko establezimenduen erregistroa, abereak identifikatu eta kontrolatzea, Abere Trazabilitatearen Estatuko Sistema Integrala (SITRAN), abeltzaintzako zentsuak, abeltzaintzako ikerketaren eta saiakuntzaren emaitzak jakinaraztea, esnearen kalitatea eta higienea kontrolatzea, bertako arrazak eta azienda hazleen elkarteak sustatu eta kontrolatzea, abere lehiaketak, hiltegietan kanalen sailkapena kontrolatzea, abeltzaintza arloko Estatuko laguntzak kudeatzea, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

18. artikulua. Abere Osasuneko Atalaren eskumenen esparrua.

Abere Osasuneko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: abereen osasuna, saneamenduko kanpaina ofizialak, abereen gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko planak, kontingentzia planak, biosegurtasuneko programak, abereen mugimenduen osasun kontrola, azienda garraiatzen duten ibilgailuak desinfektatzeko zentroen kontrola, herrilarreetan bazkatzen diren abereen osasunaren babesa, Batasunaren barnean abere biziak eta haien produktuak trukatzen dituzten agenteak, agente ziurtatzaileak, osasunaren arloko babes elkarteak, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuak, larrialdi eta hondamendietarako planak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

19. artikulua. Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalaren eskumenen esparrua.

Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: Eskualdeetako Albaitaritza Bulegoak eta Arloetako Bulegoak koordinatzea, Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plana (EKKP) koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagokionean, abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagozkion EKKPko programak gauzatzea, abeltzaintzako ekoizpeneko osasun alertak koordinatzea, produktu eta material zoosanitarioen fabrikatzaileak eta banatzaileak, sendagaiak eta sendagai-pentsuak, abeltzaintzako hondakinei buruzko plan nazionala, abereen ongizatea eta babesa ustiategietan eta garraioan, abere biziak garraiatzeko ibilgailuak, Batasunaren barnean eta Estatuan abereak eta material genetikoa trukatzea, abeltegietan eska daitezkeen baldintzen gaineko kontrola, abere elikagaien eta zezen ikuskizunen arloko erregistroak eta kontrolak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

20. artikulua. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: saiakuntza analitikoak egitea nekazaritzako elikagaien inguruan, beharrezkoak baitira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Kontrol Ofizialeko Programetarako; laborategietako kanpoko baliabideen kudeaketa; koordinazio orokorra Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko beste laborategiekin, agintzen zaizkion beste saiakuntza analitiko batzuk egitea, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

4. ATALA

Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzua

21. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza.

–Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) laguntzen kudeaketaren barne prozedurak eta eskuliburuak onestea.

–NBEF (Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa) Koordinazio Erakundearekiko harremanak koordinatzea, NBEUF eta LGENF funtsek ematen dituzten laguntzei dagokienez.

–Nekazaritzako Europako Funtsen gastuetarako aurrefinantziazio nazionaleko sistemaren eta horien kontuak likidatzeko prozesuaren koordinazio finantzarioa.

–NBEUF eta LGENF funtsen kargura aurrerakinak jasotzeko abalen eta diruzkoak ez diren beste berme batzuen gordailua, kontrola eta jarraipena.

–Erakunde Ordaintzailearen informazio sistemen plana eta prestakuntza plana prestatu eta aplikatzea.

–Departamentuak, erakunde ordaintzailea den aldetik, egiten dituen ordainketak gauzatzea eta kontabilizatzea.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduak ezarritako Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratua eta baldintzazkotasuna koordinatzea.

–Tokian berean egiten diren kontrolak, erakunde ordaintzaileak tramitatutako laguntzak aplikatzeko araudiak eskatzen dituenak, eta baldintzazkotasunaren kontrola.

–Nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistemak kudeatu, mantendu eta zabaltzea NBEUF eta LGENF laguntzak ordaintzeko.

22. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren egitura.

Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Koordinazio Atala.

b) Ikuskapenen Atala.

c) Barne Auditoretzako Atala.

23. artikulua. Koordinazio Atalaren eskumenen esparrua.

Koordinazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Koordinatzea, erakunde ordaintzailearen esparruan, Europako Batzordearen eskura jarri behar den informazioaren bilketa, urteko kontuaren aurkezpena eta kontuak likidatzeko prozedurak.

–NBEUF eta LGENF laguntzen kudeaketa eta kontroleko afera horizontalak koordinatzea, horien aplikazio homogeneoa sustatzearren.

–Nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema kudeatu eta mantentzea.

–NBEUF eta LGENF funtsen kontabilitatea.

–Erakunde ordaintzailearen zordunen, aurrerakinen eta bermeen erregistroa kudeatu eta mantentzea.

–NBEUF eta LGENF laguntzen ordainketa gauzatzea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

24. artikulua. Ikuskapenen Atalaren eskumenen esparrua.

Ikuskapenen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Tokian berean egiten diren kontrolak, erakunde ordaintzaileak tramitatutako laguntzak aplikatzeko araudiak eskatzen dituenak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren finantziazioa dutenak, baita Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kofinantziazioa dutenak ere, Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratuaren parekoak, eta baldintzazkotasunaren kontrolak.

–Nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistemak kudeatu, mantendu eta zabaltzea NBEUF eta LGENF laguntzak ordaintzeko.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

25. artikulua. Barne Auditoretzako Atalaren eskumenen esparrua.

Barne Auditoretzako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: Batasunaren funtsen bidez finantzatzen diren espedienteen kontrol teknikoa, erakunde ordaintzailearen prozedurak egiaztatzea, biltegietan gordetzen diren nekazaritzako produktuak kontrolatzea esku-hartze publikoan, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

5. ATALA

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

26. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

–Uholdeen ondorioz nekazaritzako azpiegituretan izaten diren kalteengatik ematen diren laguntzak kudeatzea.

–Ureztalur berriak sortzea eta jadanik badaudenak gaurkotzea eta sendotzea.

–Landa garapeneko programazio europarrean aurreikusita dauden nekazaritzako azpiegiturei buruzko neurriei dagozkien ordainketak kudeatzea.

–Herri ondasunak defendatzea eta berreskuratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

–Ingurumeneko neurrien segimendua eta kontrola azpiegiturak erreformatzeko obretan.

27. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

b) Herrilurren Atala.

28. artikulua. Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren eskumenen esparrua.

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: azpiegituren erreforma, ureztalur berriak edo jadanik badaudenen modernizazioa barne, haien kudeaketa landa garapenaren inguruko programazioari dagokionez, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

29. artikulua. Herrilurren Atalaren eskumenen esparrua.

Herrilurren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: txostenak egitea eta espedienteak tramitatzea herrilurren inguruan, toki entitateei aholku ematea eta kontrol egitea herrilurrei buruz eta kargen berrerosteari buruz, nekazaritzako eta nekazaritza industriako toki azpiegituren laguntzak kudeatzea, nekazaritzako azpiegituren kalteak konpontzeko ezartzen diren laguntza kudeatu eta koordinatzea hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriak izaten direnean, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

6. ATALA

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua

30. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

–Nekazari gazteak nekazaritzako jardueran hastea sustatzea.

–Kalitate deiturak.

–Nekazaritzako elikagaien prozesuen eta produktuen kalitate kontrola sustatu, babestu eta kontrolatzea.

–Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

–Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

–Saiakuntza eta ikerketa enologikoa.

–Nekazaritzako ustiategien eta horien ekoizpen elementuen inguruko erregistroak.

31. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atala.

b) Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atala.

c) Ardogintza Sustatzeko Atala.

d) Nekazaritzako Erregistroen Atala.

32. artikulua. Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: laguntzak ematea nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko, nekazari gazteek beren lehenbiziko instalazioa jartzeko, nekazaritza garaia baino lehen uzteko, elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko eta nekazarien kooperatibak eta elkarteak sortzeko, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

33. artikulua. Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazaritzako elikagaien kalitatearen sustapena eta kontrola, elikagaien prozesuen normalizazioa,eta elikagaien kalitate deituren, partzuergoen eta talde marken sustapena, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

34. artikulua. Ardogintza Sustatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Ardogintza Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ardogintzako saiakuntza eta ikerketa, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

35. artikulua. Nekazaritzako Erregistroen Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Erregistroen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: mahastizaintzaren, ustiategien, makineriaren eta landa errentamenduen inguruko erregistroak eta nekazaritzako ustiategien eta horien ekoizpen elementuen inguruko gainerako erregistroak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

7. ATALA

Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua

36. artikulua. Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

–Landa Garapeneko Programen Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak betetzea, programa horien prestaketa eta aldaketa zuzenduz, baita haien jarraipena eta ebaluazioa ere.

–Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020rako Programa prestatu, tramitatu eta aldatzea, baita horren jarraipena eta ebaluazioa ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduaren esparruan.

–Indarra duten landa garapeneko programak garatzeko behar diren aholku teknikoetarako, argibideetarako eta publizitaterako neurriak.

–Zuzendaritza Nagusiari bere ordezkaritza lanetan laguntzea erakunde hauen aurrean: Estatuko Landa Sareko lantalde eta batzordeak, Estatuko Esparrua eta Estatuko Landa Garapeneko Programa.

–Landa Garapeneko Batzordetik eta Europako nahiz Estatuko beste erakunde batzuetatik heldu diren legeak, dokumentazioa eta argibideak biltzea eta haien jarraipena egitea, baita horiek departamentuko unitateei, sektoreari eta haren erakunde ordezkariei jakinaraztea ere.

–Landa aniztasuna eta garapena bultzatzea, landa garapeneko 2014-2020rako programazioaren esparruan.

–Lehen sektorean lankidetza eta berrikuntza sustatzea, produktu, prozesu eta teknologia berrien garapenari buruzko proiektu pilotuen bitartez, landa garapeneko 2014-2020rako programazioaren esparruan.

–Tokiko garapen parte-hartzailearen estrategiak aplikatu, koordinatu eta kontrolatzea (LEADER ikuspegia), Tokiko Ekintza Taldeen bitartez, landa garapeneko 2014-2020rako programazioaren esparruan.

–Hierarkiako goreneko organoek Batasunaren politikei buruz agintzen dizkioten guztiak.

37. artikulua. Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuaren egitura.

Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Plan eta Programen Atala.

b) Landa Aniztasunerako Atala.

38. artikulua. Plan eta Programen Atalaren eskumenen esparrua.

Plan eta Programen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: landa garapeneko programak prestatu eta horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, laguntza teknikoa, informazioa eta publizitatea, ordezkaritza lanak batzordeen eta lan taldeen aurrean, eta Batasuneko politiken eta landa garapenaren arloko dokumentazioa eta araudia bildu eta horien jarraipena egitea, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

39. artikulua. Landa Aniztasunerako Atalaren eskumenen esparrua.

Landa Aniztasunerako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: landa aniztasuna eta garapena bultzatzea, lehen sektoreko lankidetza eta berrikuntza, tokiko garapen parte-hartzailearen estrategiak (LEADER ikuspegia), Tokiko Ekintza Taldeen bidez, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk ere, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

III. KAPITULUA

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

40. artikulua. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ingurumena eta ur baliabideak zaindu eta babestea, lurraldearen antolamendua eta hirigintza, herritarren parte-hartzea eta proiektu europarrak kudeatzea bere eskumenen esparruetan. Berariaz, hauxe dagokio:

a) Gai hauen gaineko plangintza: hondakinen kudeaketa, ur baliabideak, naturgune babestuak, basa fauna eta bere habitatak, kutsaduraren kontrako borroka eta oihan ondarea.

b) Gai hauen gaineko koordinazioa: ingurumen hezkuntza, ingurumen osasuna, biosegurtasuna eta Foru Komunitateak ingurumenaren arloko politikan parte hartzeak dakartzan beste guztiak.

c) Nafarroako Foru Komunitateko naturgune babestuak, oihan ondareko finkak eta abelbideen sarea kudeatzea.

d) Hondakin kudeaketa eta urarekin lotutako natur baliabideen kudeaketa ingurumenaren aldetik kontrolatzea.

e) Ingurumenaren arloko ebaluazioa eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak.

f) Ikerketa eta prestakuntza eta heziketa jarduerak sustatzea ingurumenarekin eta mendien ustiapen eta erabilera antolatuarekin zerikusia duten gaietan.

g) Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumenaren arloko gaietan.

h) Foru Komunitateko Administrazioak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan dituen eskumenak.

i) Hirigintzaren, lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloko zehapen espedienteak. Zuzendari nagusiari dagokio espedienteak irekitzea eta ebaztea.

j) Bere eskumenen esparruarekin lotutako jardueretarako diru-laguntzen deialdia egitea eta diru-laguntzak ematea.

k) Departamentuan gauzatzen diren parte-hartze eta jasangarritasun prozesuei buruzko jarraibideak eta ildoak ezartzea, baita bere eskumeneko zeharkako gaietan ere, beste departamentu batzuk ukitzen dituztenean.

l) Intereseko proiektu europarretan ekimenak zehaztu eta koordinatzea gai berritzaileak garatzeko, zeinetan ingurumen arloko politikak eta lurraldearen antolamendukoak funtsezkoak izanen diren.

m) Indarra duten xedapenek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

41. artikulua. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzua.

b) Biodibertsitatearen Zerbitzua.

c) Uraren Zerbitzua.

d) Mendi Zerbitzua.

e) Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

f) Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa.

2. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari atxiki zaio Partaidetzaren eta Jasangarritasunaren Atala.

2. ATALA

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzua

42. artikulua. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: kutsaduraren kontrola eta prebentzioa, ingurumenaren ebaluazioa, aldaketa klimatikoaren inguruko plangintza, eta aldaketa klimatikora egokitzeko neurriak bultzatzea, baita bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

43. artikulua. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren egitura.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atala.

b) Ikuskapen eta Plangintza Atala.

c) Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atala.

d) Hondakinen Atala.

44. artikulua. Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren eskumenen esparrua.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumena zaintzeko aurreneurrien arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumenaren arloko baimen integratua eta jarduera sailkatuen lizentzia emateko espedienteei buruzko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu eta tramitatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean edo arlo horretako arauetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzko araudiaz aholku teknikoak ematea toki entitateei.

c) Ingurumenaren gaineko txostenak egitea, planen eta programen ingurumeneko ebaluazio estrategikoko administrazio prozeduretan, baita ingurumenaren gaineko eraginari buruzkoak ematea ere, horiek guztiak kutsadura murrizteko asmoz.

d) Jarraibideak, irizpideak eta arau proposamenak ematea, aipaturiko 4/2005 Foru Legearen a, b eta c epigrafeetan eta aplikatu beharreko bestelako arauetan aipatzen diren jarduerei buruz.

e) Ingurumenaren arloko kudeaketa eta ikuskapenerako Europar Batasuneko sistemaren (EMAS) erregistroa mantentzea.

f) Kutsadura murrizteko edo hari aurrea hartzeko inbertsioetarako diru-laguntzak eta laguntzak emateko espedienteak tramitatzea eta arlo horretako baliokidetza ziurtagiriak luzatzeko tramiteak egitea.

g) Ur jabari publikora egiten diren isurketen gaineko ingurumeneko txostenak egitea, Uren Legean eta dagokion foru araudian xedatutakoari jarraikiz.

h) Hotsari buruzko mapa estrategikoak egitea Iruñerriko Aglomerazioari dagokionez, eta hotsaren arloko ekintza planen ebaluazioa, kontrola eta proposamena, Foru Administrazioaren eskumenen esparruan.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

45. artikulua. Ikuskapen eta Plangintza Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ikuskapen eta Plangintza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea, airearen kalitatea zaintzea eta klima aldaketari aurrea hartzeko eta arindu eta egokitzeko jarduketak planifikatzea eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Industria eta abeltzaintza jarduerei dagozkien ingurumen ikuskapeneko planak prestatu eta gauzatzea.

b) Industria eta abeltzaintza jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea atmosferara egiten diren isurketak direla-eta, eta horren barrenean daude berotegi efektuko gasak, isuri likidoak, hondakinak sortzea eta kudeatzea eta hotsak eta dardarak sortzea.

c) Ingurumen ikuskapeneko lanetarako egiaztatu diren kontrol organoak kontrolatu eta zaintzea.

d) Ingurumen ikuskapenaren arloan eskumenak dituzten agintariekin koordinatzea.

e) Atmosferaren ingurumen kalitatea ebaluatu eta kontrolatzea eta atmosferaren saneamendu planak prestatzea.

f) Atmosfera babesteko eta atmosferako kutsaduraren ondorio kaltegarriak gutxitzeko planak eta programak prestatzea.

g) Klima aldaketari aurrea hartzearen eta haren ondorio kaltegarriak gutxitzearen eta egokitzearen arloko ekintza planen eta estrategien proposamenak egitea.

i) Berotegi efektuko gasak aireratzeko baimenen prozedurei buruzko txostena, kontrola eta tramitazioa, baita berotegi efektuko gasak aireratzeko eskubideen merkataritzaren gainekoak ere.

j) Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko baimentzen duen erakunde eskuduna izatea Nafarroan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EE) Erregelamenduak eta aplikatu beharreko gainerako arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak betetzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

46. artikulua. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumenaren gaineko eragina aztertzearen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumenean eragina izan dezaketen jarduerak ezartzeko planak eta jarraibideak ematea.

b) Planetan eta programetan ingurumen arloko ebaluazio estrategikoaren prozeduretako txostenak egitea eta prozedura horiek tramitatzea, indarra duen legediak ezarritakoari jarraikiz.

c) Ingurumenaren gaineko eragina baimentzeko prozeduretako txostenak egitea eta tramitatzea.

d) Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko espedienteen gaineko txostenak egitea eta tramitatzea.

e) Ingurumen ondorioen adierazpena behar duten plan eta proiektuen funtzionamenduan sortzen diren ingurumen eraginen jarraipena; ingurumen arloko adierazpenak, eragina eta ukipenak, eta horiek betetzearen kontrola.

f) Azpiegiturek ingurumenaren gainean duten eragina zuzentzeko inbertsioetarako diru-laguntzen eta laguntzen espedienteak tramitatzea.

g) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

47. artikulua. Hondakinen Atalaren eskumenen esparrua.

Hondakinen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu hondakinen kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren jarraipena.

b) Edozein motatako hondakinak sortzearen eta kudeatzearen arloko ingurumen kontrola eta jarraipena.

c) Hondakinak kudeatzeko sistema integratuei baimena emateko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu, tramitatu eta jarraipena egitea.

d) Hondakin sortzaileei eta hondakin arriskutsuen kudeatzaileei baimena emateko eta/edo jakinarazpena egiteko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek tramitatzea.

e) Hondakin arriskutsuen sorrera ahalik eta gehien murrizteko planak eta hondakinen prebentziorako planak onets daitezela proposatzea.

f) Europar Batasunaren barnean hondakinak garraiatzeko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu eta tramitatzea.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroak mantentzea, baita hondakin sortzaileen eta kudeatzaileen datu baseak ere.

h) Lurzoruak kutsatzen ahal dituzten jardueren kontrola eta jarraipena.

i) Kutsaturiko lurren deklarazioaren proposamena eta lur horiek ingurumenaren aldetik lehengoratzeko proiektuen onespena, eta kutsaturiko lurzoruen eta kutsadura kendutakoen inbentarioa mantentzea.

j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

3. ATALA

Biodibertsitatearen Zerbitzua

48. artikulua. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: biodibertsitatea zaintzea eta modu jasangarrian erabiltzea, naturguneak zaindu eta kudeatzea, basa espezieak babestea, ehiza eta arrantza kudeatzea, Nafarroako abelbideen sarea kudeatu eta babestea, eta Landa Garapeneko Programetan (Europako Funtsetakoak) sartutako neurriak gauzatzea, intereseko espezie eta habitatak babesteari begira, baita bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerako zereginak ere.

49. artikulua. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren egitura.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Habitaten Atala.

b) Ehiza eta Arrantza Atala.

50. artikulua. Habitaten Atalaren eskumenen esparrua.

Habitaten Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu basa espezieak eta naturguneak zaindu eta babestearen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroako Naturguneen Sarearen eraketa sustatzea eta, bereziki, Natura 2000 Sarea.

b) Naturguneen kudeaketa eta deklarazioko plan proposamenak prestatzea, Natura 2000 Sarekoak barne; gainera, plan horiei jarraipena egitea.

c) Bertizko Natura Parkea kudeatu eta Foru Komunitateko natur monumentuak babestea.

d) Naturgune horien kudeaketa arautzeko zainketa-irizpideak ezartzea.

e) Naturguneen kudeatzaileek irizpide horiek aintzat hartuko dituztela bermatzea eta Nafarroako sare hori osatzen duten taxonak eta habitatak zaintzeko behar diren neurriak hartzea.

f) Basa flora eta faunako espezieen populazioei eta habitat naturalei buruzko azterlanak, zentsuak eta, oro har, jarraipena egitea, eta dagozkien datu-baseak sortu, mantendu eta erabiltzea.

g) Mehatxupean dauden espezieak eta kontserbazio egoera txarrean dauden habitat naturalak babestu eta berreskuratzeko behar diren neurriak aplikatuko direla bermatzea.

h) Naturguneetako erabilerei eta jarduerei buruzko aginduzko txostenak egitea, bereziki Natura 2000 Sarekoei buruz.

i) Naturgune babestuetako erabileren mugaketaren ondorioz bidezkoak diren kalte-ordainak tramitatzea.

j) Basa animaliak harrapatzeko Nafarroan erabiltzen diren baliabide eta metodoen kontrola.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

51. artikulua. Ehiza eta Arrantza Atalaren eskumenen esparrua.

Ehiza eta Arrantza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ehizaren eta arrantzaren arloetan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroan ehiza eta arrantza osorik planifikatzea.

b) Ehiza eta arrantzako fauna sedentarioaren eta migratzailearen populazioen jarraipena eta kontrola.

c) Arrantza antolatzeko planak aplikatzea.

d) Ehiza eta arrantza kudeatzeko aholkularitza teknikoa.

e) Ehiza eta arrantza debekuei buruzko eta harrapatu eta merkaturatu daitezkeen animalien espezieei buruzko urteroko xedapenen proposamenak egitea.

f) Ehiza eta arrantzarako administrazio baimenak kudeatzea.

g) Nafarroako ehiza barrutien tramitazio administratiboa eta ehiza antolatzeko planak onetsi aurreko txostenak.

h) Ehiza eta arrantza lizentziak kudeatzea.

i) Arrain-haztegien, arrain-birpopulatzeen eta fauna sendatzeko zentroen kontrola eta jarraipena.

j) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 4.4 eta 6. artikuluek aipatzen dituzten baimenak kudeatzea.

k) Ehiza eta Arrantzako Aholku Batzordeen idazkaritza lana egitea.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

4. ATALA

Uraren Zerbitzua

52. artikulua. Uraren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Uraren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: baliabide naturalen ebaluazioa, ibaiak eta hezeguneak lehengoratzea, ingurumen hezkuntza, ingurumenaren eta lurraldearen esparruko proiektu europarren koordinazioa, Europako Aferen Batzordean parte hartzea (Ingurumeneko Konferentzia Sektoriala); baita bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

53. artikulua. Uraren Zerbitzuaren egitura.

Uraren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Ur Baliabideen Atala.

b) Ibaiak Lehengoratzeko Atala.

c) Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atala.

54. artikulua. Ur Baliabideen Atalaren eskumenen esparrua.

Ur Baliabideen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ur baliabideen kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ur kontzesioei eta uholde arriskuei buruzko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek tramitatzea.

b) Uraren plangintza eta kudeaketari eta uholdeen aurkako prebentzio eta babes neurriei buruzko azterlanak eta ikerketak bildu eta egitea.

c) Ikerketa hidrogeologikoak eta prospekzioak kudeatu eta garatzea, ur eskakizunak sortzen dituen arazoak konpondu ahal izateko.

d) Uraren kontrol piezometriko eta hidrometrikoko sareak eta kalitatearen kontrolekoak prestatu, ezarri eta mantentzea.

e) Datu hidrologiko eta hidrogeologikoen bankua mantendu eta ustiatzea eta informazioa ematea.

f) Plangintza hidrologikoaren kudeaketa eredua mantendu eta erabiltzea eta hartarako hautabideen gaineko ikerketak egitea.

g) Ura kutsaduratik babesteko jarduketak.

h) Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearen jarraipena egitea ingurumenaren aldetik.

i) Eskaera egiten duten udal, erakunde eta entitateei aholkuak eta laguntza ematea uraren arloan.

j) Natur baliabideen inbentarioen eta ebaluazioaren inguruko koordinazioa, eta lurzoruak andeatzetik babestearen arloko ikerlanak.

k) Ingurumen faktoreen jarraipen sareak diseinatu eta inplementatzearen inguruko koordinazioa, klimatologia barne.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

55. artikulua. Ibaiak Lehengoratzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Ibaiak Lehengoratzeko Atalak ibaietako jardueren arloko eskudantziak izanen ditu eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ibaialdeak kudeatzeari buruzko azterlanak.

b) Ibai inguruneak lehengoratu, atondu edo mantentzeko jarduketak.

c) Ibai inguruneetako jarduketak egiteko deialdiak eta laguntza emateak kudeatzea.

d) Ibai inguruneak lehengoratzeko eta mantentzeko lanetan, Ur Konfederazioek eskatzen dituzten espedienteen gaineko txostenak egitea.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

56. artikulua. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalaren eskumenen esparrua.

Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumenari buruzko informazio eta hezkuntzaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumen hezkuntzako plan eta programak prestatu, jarraitu eta gauzatzea.

b) Ingurumenari buruzko programak eta jarduerak, prestakuntzakoak, zabalkundekoak eta hezkuntzakoak, planifikatu, koordinatu eta gauzatzea.

c) Ingurumenari buruzko estatistiken eta adierazleen prestakuntza eta mantentzea koordinatu eta laguntzea.

d) Herritarrek ingurumenari buruz egiten dituzten informazio eskaerei erantzuna ematea.

e) Udaletako ingurumenaren arloko auditoretzen aplikaziorako behar diren neurriak proposatu eta gauzatzea.

f) Agenda 21 Tokiko Ekintzako Planak garatzeko laguntza ematea.

g) Hirietan natura berrezarri eta zaintzeko estrategiak garatzeko behar diren jarduerak egitea.

h) Nafarroako Toki Entitateen Sareko idazkaritzan aritzea, jasangarritasunari begira.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

5. ATALA

Mendi Zerbitzua

57. artikulua. Mendi Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Mendi Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu mendien babes eta hobekuntzaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek: oihan aprobetxamenduen jasangarritasuna, oihan plangintza eta oihaneko zuraren eta biomasaren erabilera sustatzea eta mugiaraztea, suteak itzaltzeko lanen arduradunei laguntza teknikoa ematea eskatuz gero, oihaneko produktuen erabilera jasangarria sustatzea eta oihan sektoreari laguntzea, baita bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

58. artikulua. Mendi Zerbitzuaren egitura.

Mendi Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Oihanak Kudeatzeko Atala.

b) Oihan Plangintzarako Atala.

c) Oihanak Zaintzeko Atala.

59. artikulua. Oihanak Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Oihanak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu oihanen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Antolatuak dauden mendiak aprobetxatu eta hobetzeko urteko planak prestatu, onetsi eta jarraipena egitea.

b) Antolatuak ez dauden mendietan, hala herri mendietan nola partikularretan, mozketak egiteko baimenak prestatu, onetsi eta jarraipena egitea.

c) Mendiak antolatzeko proiektuak eta haien ikuskapenak eta oihanak kudeatzeko plan teknikoak prestatu eta haien jarraipena egitea.

d) Mendi babesleen eta onura publikokoen katalogoak mantentzea.

e) Okupazioak, desafekzioak eta mendi katalogatuak ukitzen dituzten ekintza guztiak baimentzeko espedienteen gaineko txostenak egitea.

f) Oihan lurrak ukitzen dituzten era guztietako jarduketen, planen eta proiektuen gaineko txostenak egitea, Natura 2000ko kontserbazio planak barne.

g) Oihaneko suteei aurrea hartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta gauzatzea, eta izurriak eta beste hondamendi batzuk jasaten dituzten oihan eremuak lehengoratzeko lanak egitea.

h) Nafarroako Oihan Ondareko finkak kudeatzea, Urbasa-Andiako Natura Parkekoak barne.

i) Oihan lanetarako laguntzen deialdiak gauzatzea eta jarraipen teknikoa egitea.

j) Errekak eta oihanak lehengoratzeko behar diren neurriak gauzatzea, baita mendiak mantendu, hobetu eta modu jasangarrian erabiltzeko neurriak ere.

k) Oihangintzako Aholku Kontseiluko idazkaritza lana egitea.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

60. artikulua. Oihan Plangintzarako Atalaren eskumenen esparrua.

a) Oihanetako gaixotasun eta izurrien jarraipena eta kontrola egitea.

b) Oihanei buruzko ikerketa eta esperimentaziorako ekintzak eta proiektuak garatzea.

c) Oihan estatistika egitea.

d) Oihan lanetarako laguntzen deialdietan laguntza eta aholkuak ematea.

e) Oihanetako zura eta biomasa erabili eta sustatzearekin zerikusia duten ekintzak.

f) Oihan industriarako laguntzen deialdiak gauzatzea eta jarraipena egitea.

g) Oihan ziurtapenarekin zerikusia duten jarduketak eta arlo horrekin lotuta dauden organoetan parte hartzea.

h) Oihan arloko hezkuntzarako eta prestakuntzarako ekintzak.

i) Zerbitzuaren prozedurak modernizatu eta errazteko ekintzak.

j) Oihan elkarteei buruzko espedienteak kudeatzea eta horiekin solas egitea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

61. artikulua. Oihanak Zaintzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Oihanak Zaintzeko Atalak honako eskudantzia hauek izanen ditu: basozainen berariazko araubidea erregulatzen duen azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuak basozainei esleitzen dizkienak zainketaren, ikuskapenaren eta kudeaketaren arloetan, eta indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

Oihanak Zaintzeko Ataleko burutza esklusibotasuneko araubidean beteko da, burutza horretarako prestasun osoa eta erabateko dedikazioa behar baita.

6. ATALA

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

62. artikulua. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eginkizunak.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, lurralde antolamenduarekin eta hirigintzarekin loturik, baita bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

63. artikulua. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren egitura.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

b) Udalen Hirigintza Planeamendurako Atala.

c) Kudeaketa, Koordinazio eta Lankidetza Atala.

d) Informazio Geografikorako Sistemak Kudeatzeko Atala.

64. artikulua. Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren eginkizunak.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, lurralde plangintzarekin loturik, eta, zehazki, honako hauek:

a) Hala badagokio, lurraldea antolatzeko tresnak eta haien berrikuspenak edo aldaketak –egiturazkoak eta xehakatuak– prestatzea, tramitatzea, begiratzea eta burutzea, arlo horretako legezko zehaztapenekin bat.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuekin, sozietate eta erakunde publikoekin eta toki entitateekin lankidetzan aritzea eta haiei laguntza teknikoa ematea, lurraldearen antolamenduari eta lurzoru urbanizaezinari lotutako arlo eta jarduera guztietan.

c) Lurzoru urbanizaezinetan jarduera eta erabilerak baimentzeko espedienteak tramitatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

d) Hirigintza planeamendurik gabeko toki entitateetan jarduketak baimentzeko espedienteak tramitatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

e) Lurraldearen antolamenduari buruzko erabakiak planifikatzen eta hartzen laguntzeko azterketa sektorialak eta bestelako azterketak eta txostenak egitea.

f) Lurraldea antolatzeko tresnak aplikatu, bete eta burutzeko moduari buruz memoriak eta jarraipena egiteko eta ebaluatzeko bestelako txostenak prestatzea, indarra duen legerian ezarritako aurreikuspenekin bat.

g) Hirigintza legezkotasuna babesteko espedienteei eta zehapen-espedienteei dagozkien eginkizunetan laguntza teknikoa ematea.

h) Unitate eskudunekin elkarlanean aritzea, lurraldeari buruzko informazio sistemak ezartzeko, garatzeko eta gaurkotzeko burutu beharreko lanak koordinatzeko.

i) Nafarroako Ingurumenari buruzko Informazio Sistema diseinatu, mantendu eta ustiatzeko lanak koordinatzea, Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema-SITNAren garapenarekin batera.

j) Lurraldea antolatzeko tresnen artxiboa kudeatzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

65. artikulua. Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalaren eginkizunak.

Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, udal hirigintza planeamenduarekin loturik, baita udalerrien hirigintzako estrategien zuzendaritzarekin eta bultzapenarekin loturik ere. Zehazki, honako hauek:

a) Udal plan orokorrak prestatzen laguntzea, bereziki honako hauetan parte hartuz: jarraipen batzordeetan, udalaren hirigintzako planaren eta haren aldaketen zuzendaritzan eta Lurraldea Okupatzeko Estrategiaren eta Ereduaren zuzendaritzan.

b) Udalen hirigintza planei, lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduei eta egiturazko aldaketak egiteko espedienteei buruzko txostenak eta ebazpen proposamenak prestatzea, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunei igortzeko.

c) Subrogazio bidez, udal planeamenduaren prestaketetan eta tramitazioan parte hartzea.

d) Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuekin, toki entitateekin eta sozietate eta erakunde publikoekin lankidetzan aritzea eta haiei aholku teknikoak ematea, hirigintzako planeamenduaren eta lurzoru urbanizaezinaren kudeaketaren arloetan.

e) Planeamendurako Jarraibide Teknikoak prestatzeko lanetan parte hartzea.

f) Hirigintza legezkotasuna babesteko espedienteei eta zehapen-espedienteei dagozkien eginkizunetan laguntza teknikoa ematea.

g) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntzea toki entitateei eta beste eragile publiko eta pribatu batzuei hirigintza arloan arreta eman, aholkatu eta haiekin lankidetzan aritzeko eginbeharretan.

h) Administrazioen arteko lankidetza hitzarmenak sustatzea, udalen hirigintza planeamendua prestatzearren, eta hitzarmen horien kontrol administratiboa eta ekonomikoa egitea.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

66. artikulua. Kudeaketa, Koordinazio eta Lankidetza Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa, Koordinazio eta Lankidetza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, betiere lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko koordinazio eta lankidetza administratiboan, baita lurraldearen antolamendu eta hirigintzarako tresnen garapenaren eta gauzatzearen hirigintzako kudeaketan ere. Zehazki, honako hauek:

a) Hirigintzaren arloan Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion eginkizunak burutzeko koordinazio administratiboa.

b) Zerbitzuaren barne-koordinazio teknikorako prozedurak ezartzea eta hirigintza arloko xedapenak interpretatzeko irizpideak hedatzea.

c) Planeamendurako Jarraibide Teknikoak formulatzea eta tramitatzea.

d) Lurralde antolamendurako bitartekoak garatu eta horien hirigintzako kudeaketa egiteko hirigintza tresnak formulatzea eta tramitatzea.

e) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan (edo haren ordez ematen direnetan edo aplikatzekoak direnetan) jasotako baimenen txostena eta tramitazioa.

f) Zerbitzuaren administrazio prozeduren kalitatea kontrolatzea, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinaturik, arlo horretan eskumena baitu.

g) Toki garapenerako planeamenduak eta aldaketa xehakatuak prestatzeko lanak koordinatzea eta aholku teknikoak ematea toki entitateei.

h) Planeamenduaren Erregistroa kudeatzea.

i) Hirigintza legezkotasuna babesteko espedienteei eta zehapen-espedienteei dagozkien eginkizunetan laguntza teknikoa ematea.

j) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoekin garapenerako eta hirigintzako kudeaketarako tresnen arloan koordinatzeko lanetan.

k) Hirigintzaren eta lurzoruaren arlorako, administrazioen arteko koordinazio tresnak diseinatzea, ezartzea eta kudeatzea.

l) Lurralde bulegoen jarduketak gainbegiratzea eta koordinatzea.

m) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

67. artikulua. Informazio Geografikorako Sistemak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Informazio Geografikorako Sistemak Kudeatzeko Atalak, Zuzendaritza Nagusi Osoaren eta Departamentuaren euskarri izateko asmoz sortu delarik, foru dekretu honetan ezartzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Zerbitzuko informazio geografikorako sistemen garapen eta mantentze-lanak, Informazioa Kudeatzeko Atalarekin lankidetzan.

b) SITNA-NLIS garatzen laguntzea, bereziki sistema horretan dagoen informazio geografikoa mantentzeari dagokionez eta Departamentuaren gainerako unitateentzat interesgarriak diren eguneraketak zabaltzeari dagokionez.

c) Extr@ delakoaren ezarpena koordinatzea, zehazki Departamentuaren informazio geografikorako sistemekin duen loturari dagokionez.

d) Informazioa Kudeatzeko Atalarekin koordinatzea, Departamentuko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien ezarpenean eta erabileran.

e) Lurralde mailan eragina duten planak prestatu, ezarri eta jarraitzeko teknologia berrien garapenean eskumena duten unitateekin elkarlanean aritzea.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

7. ATALA

Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa

68. artikulua. Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoaren eginkizunak.

Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, betiere arlo hauekin loturik:

a) Lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren eta ingurumenaren arloko laguntza juridikoa eta administratiboa.

b) Lurraldearen Antolamenduko Batzordeko eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluko Idazkaritza.

c) Zuzendaritza Nagusiaren eragiketa estatistikoak egitea eta jarraipena egitea, Laguntza Teknikoaren Atalarekin lankidetzan.

d) Foru Komunitateko, Estatuko eta Europako Batasuneko erakundeek eskatutako esku-hartzeetan lankidetzan aritzea, Zuzendaritza Nagusiari dagozkion arloetan.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

69. artikulua. Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoaren egitura

Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atala.

b) Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atala.

70. artikulua. Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu ingurumenaren arloko eremu juridiko-administratiboan, eta berariaz honako hauek:

a) Ingurumen arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Ingurumenaren arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Ingurumenari buruzko legeriak aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen ahal zaizkion ondarearen gaineko erantzukizunari lotutako erreklamazioak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Ingurumenaren arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Ingurumenaren arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

f) Ingurumen arloko legezkotasuna babesteko ekintzak sustatzea eta bultzatzea.

g) Ingurumen arloan zehapen espedienteak instruitzea eta jarraipena egitea, eta zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

h) Laguntza juridikoa ematea, ingurumen arloko arau-hausteen kariaz aurkezten diren salaketa, erreklamazio eta kexei buruz zerbitzuek egiten dituzten proposamenetan.

i) Zerbitzuko zuzendaritzak eskatzen dizkion txosten juridikoak egitea.

j) Departamentuko titularrak, bide jurisdikzional zibilera jo aurretik, ebatzi behar dituen ingurumen arloko erreklamazioetan, txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

71. artikulua. Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, betiere lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren esparruko arlo juridiko-administratiboarekin loturik eta, zehazki:

a) Lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Lurraldearen antolamendu eta hirigintzari buruzko legeak aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen ahal zaizkion kalte-ordainak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Foru Komunitateko, Estatuko eta Europar Batasuneko lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren arloko araudia biltzea.

f) Laguntza juridiko-administratiboa ematea hirigintza arloan hautsitako lege-ordenaren gainean kautelazko neurriak eta ordena hori berreskuratzekoak hartzerakoan.

g) Hirigintza arloko legezkotasuna babesteko ekintzak sustatzea eta bultzatzea.

h) Hirigintza arloan zehapen-espedienteak instruitzea eta jarraipena egitea, eta zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

i) Hirigintza arloan, nahitaez desjabetzeko espedienteak tramitatzea.

j) Laguntza juridikoa ematea, hirigintzako antolamendu juridikoaren arloko arau-hausteen kariaz aurkezten diren salaketa, erreklamazio eta kexei buruz zerbitzuek egiten dituzten proposamenetan.

k) Programak prestatzea eta burutzea, hirigintzari buruzko legeria eta planteamendua ikertu eta horiek betetzen diren egiaztatzeko.

l) Zerbitzuko zuzendaritzak eskatzen dituen txosten juridikoak egitea.

m) Departamentuko titularrak, bide jurisdikzional zibilera jo aurretik, ebatzi behar dituen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko erreklamazioetan, txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

8. ATALA

Partaidetzaren eta Jasangarritasunaren Atala

72. artikulua. Partaidetzaren eta Jasangarritasunaren Atalaren eginkizunak.

Partaidetzaren eta Jasangarritasunaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu eta, zehazki, honako hauek:

a) Sustatu eta babestea Departamentuak bultzatzen dituen plan, programa eta proiektuei aplikatzen zaizkien herritarren parte-hartze prozesuak eta beste Departamentu batzuen koordinazioaren eta lankidetzaren beharra dutenak.

b) Jasangarritasuna bultzatzea Gobernuan garatzen diren politika orotan, gainerako zuzendaritza nagusi eta departamentuekiko koordinazioa eta lankidetza sustatuko dituzten lantaldeen bitartez.

c) Dinamizatu eta koordinatzea Departamentuko kontseilu eta batzorde aholku-emaileak.

d) Pausoak ematea Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean duen presentzia indartu eta koordinatzeko lanen aurrerabidean eta tokiko agenteekiko nahiz kooperazio sareekiko harremanetan.

e) Ingurumena zaintzeko laguntzaile eta boluntarioen jarduerak sustatu eta kudeatzeko behar diren ekintzak egitea natur inguruneko eta hiri inguruneko eremu guztietan.

f) Herritarrek egiten dituzten kontsultak eta ingurumenaren gaineko informazioari buruzko eskaerak gainbegiratzea eta gardentasuna nahiz herritarrentzako arreta hobetuko dituzten sistemak indartzea.

IV. KAPITULUA

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

73. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerriak mugatzeari buruzko espedienteetan.

b) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerrien mugapeak aldatzeko espedienteetan.

c) Tramiteko ebazpenak, Kontzejuak eta Barruti Administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteetan.

d) Toki entitateei baimena ematea Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 138.1 artikuluak aipatzen dituen ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

e) Toki entitateak baimentzea kreditu operazioak egin ditzaten, indarreko araudian ezarritako baldintza eta zehaztapenetan.

f) Nafarroako toki entitateei konpentsazio ekonomikoa ematea toki-tributuetan hobari fiskalak onesteagatik.

g) Udal zerbitzuak monopolio araubidean emateko onespena.

h) Saneamendu kanonarengatik eta batera emandako zerbitzuengatik toki entitateek ordaindu gabe dituzten diru-kopuruen ordezko ordainketa, eta toki entitateen batasun bateko partaide diren udalek bidegabeki ordaindu gabe utzi dituzten diru-ekarpenen ordezko ordainketa.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiarioari buruzko espedienteetan Nafarroako Gobernuak haren esku uzten dituen jarduketak.

j) Toki azpiegituren planak erregulatzen dituzten arauek Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkioten eskumenak, Nafarroako Gobernuari edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen zaizkionak izan ezik.

k) Ordainketak agintzea.

l) Nahitaez desjabetzeko, Zuzendaritza Nagusi honen eskumenekoak izanik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkion jarduketak.

m) Haren esku uzten diren gainerakoak.

74. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzua.

b) Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzua.

c) Toki Azpiegituren Zerbitzua.

d) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua.

2. ATALA

Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzua

75. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuaren esparru materiala.

Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuak, Departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin lankidetzan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu toki entitateekin eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Toki entitateei lege arloko aholku eta laguntza eskaintzea.

b) Toki Araubideko Foru Batzordeari eta Lurralde Mugaketaren Batzordeari laguntza ematea, lege kontuetan eta idazkaritza lanetan.

c) Toki entitateen batasunekin harremanak izatea eta haiekin lankidetzan aritzea.

d) Nafarroako udalerriak mugatzeari buruzko espedienteen tramitazioa.

e) Nafarroako udalerrien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

f) Kontzejuak eta Barruti Administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteen tramitazioa.

g) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

h) Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 138.1 artikuluak aipatzen dituen ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzea dela-eta, toki entitateentzako baimenak kudeatzea.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsiodiariorako prozedurak kudeatzea.

j) Nafarroako mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak.

k) Nafarroako Toki Administrazioaren arautegia aldatu edo garatzeko proposamenak.

l) Nafarroako Toki Entitateen jarduketen gaineko inpugnazioak tramitatzea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen IX. tituluan ezarritako moduan.

m) Toki entitateei dagozkien Estatuko xedapenak aztertu eta horiei buruzko txostenak egitea.

n) Toki Entitateen Erregistroa eta Interesen Erregistro Berezia kudeatzea.

ñ) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskaerak tramitatzea.

o) Kudeaketa Batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

p) Desjabetze espedienteak kudeatu eta bultzatzea.

q) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

76. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren egitura.

Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzua.

b) Toki Araubidearen Atala.

c) Kudeaketa Administratibo Orokorraren Atala.

77. artikulua. Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Atalaren esparru materiala.

Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Toki entitateen espedienteen egoerari buruzko azterlan eta txostenak egitea.

b) Beste departamentuekin elkarlanean aritzea toki entitateekin zerikusia duten azterlanetan eta gaien kudeaketan.

c) Toki Araubideko Foru Batzordearen laguntza juridiko-administratiboa eta idazkaritzako gaien ingurukoa ematea.

d) Toki entitateetan lege arloko teknikak hobetzeko tresnak ezartzea.

e) Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 138.1 artikuluak aipatzen dituen ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzea dela-eta, toki entitateentzako baimenak kudeatzea.

f) Nafarroako mankomunitateak sortu, aldatu eta iraungitzeari buruzko nahitaezko txostenak.

g) Nafarroako udalerrien izena, bandera, armarria eta hiriburua aldatzeko onespenaren prozedurak kudeatzea.

h) Eskatzen duten toki entitateen gobernu organoei laguntza juridiko teknikoa eskaintzea.

i) Lurralde Mugaketaren Batzordearen laguntza juridiko-administratiboa eta idazkaritzako gaien ingurukoa ematea.

j) Nafarroako udalerriak mugatzeari buruzko espedienteen tramitazioa.

k) Nafarroako udalerrien mugapeak aldatzeko espedienteen tramitazioa.

l) Kontzejuak eta Barruti Administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteen tramitazioa.

m) Nafarroako Toki Administrazioaren arautegia aldatu edo garatzeko proposamenak.

n) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsiodiariorako prozedurak kudeatzea.

ñ) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

78. artikulua. Toki Araubidearen Atalaren esparru materiala.

Toki Araubidearen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki Administrazioko Departamentuaren eskumenekoak diren xedapen orokorren proiektu eta aurreproiektuak aztertu eta tramitatzea.

b) Toki-tributuetan onetsitako hobari fiskalen konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskaerak tramitatzea.

c) Kudeaketa Batzordeak eratzeko espedienteak kudeatzea.

d) Desjabetze espedienteak kudeatu eta bultzatzea.

e) Toki Administrazioari dagozkion gaien gaineko bilduma eta argitalpen teknikoak prestatzea.

f) Departamentuari aholkularitza juridikoa ematea, Toki Administrazioaren arloan.

g) Legalitatea eta interes orokorra kontrolatzea.

h) Udal erroldaren kudeaketa subrogatua.

i) Toki entitateentzat interesgarria den informazioa sortu, banatu eta zabaltzea.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsiodiariorako prozedurak kudeatzea.

k) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

79. artikulua. Kudeaketa Administratibo Orokorraren Atalaren esparru materiala.

Kudeaketa Administratibo Orokorraren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Espedienteen Erregistro Orokorra kudeatzea.

b) Toki Entitateen Erregistroa kontrolatu eta egunean eramatea.

c) Interesen Erregistro Berezia kudeatzea.

d) Toki entitateen aktak erregistratu eta kudeatzea.

e) Eskatzen zaizkion administrazio lanak egitea.

f) Toki Ordenantzen Erregistroa eramatea.

g) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren espedienteen tramitazio administratiboa.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

3. ATALA

Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzua

80. artikulua. Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzuaren esparru materiala.

Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu eta garatzeko azterlanak egitea.

b) Udal Planta zehazteko, toki entitateen berrantolaketa administratiborako eta udal zerbitzuen lurralde antolaketarako azterlan eta analisiak egitea.

c) Toki entitateen elkarteentzako dauden laguntzei buruzko informazioa ematea eta horien alde onak eta txarrak argitzeko azterlanak egitea.

d) Elkartzeko figurak sortu eta garatzeko programa eta planak prestatzea eta horiek betetzeko epeak jartzea.

e) Onartu diren elkartzeko figuren funtzionamendurako giza baliabideen eta baliabide materialen beharrei buruzko proposamenak egitea.

f) Araudia aldatzeko proposamena egitea, Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuarekin batera, zerbitzuaren helburuak lortzeko asmoz.

g) Proposamen pizgarri eta sustagarriak egitea.

h) Eratzen diren elkartzeko formulen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

i) Udal zerbitzuak emateko espazio funtzionalak antolatu eta itxuratzeko behar diren jarduketak identifikatu eta sustatzea.

j) Nafarroako Toki Entitateen Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak betetzeko prozesuak bultzatzea.

k) Idazkaritza Teknikoarekin elkarlanean, arauak egokitzeko eta garatzeko proposamenak egitea, Nafarroako toki entitateen funtzio publikoen jarduna antolatzeko.

l) Arlo horien inguruan haren esku uzten den beste edozein eginkizun.

81. artikulua. Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzuaren egitura.

Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzuaren mende egonen da Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatu eta Laguntzeko Atala.

82. artikulua. Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatu eta Laguntzeko Atalaren esparru materiala.

Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatu eta Laguntzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki Entitateen Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak betetzeko prozesuak bultzatzea.

b) Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuarekin elkarlanean, arauak egokitzeko eta garatzeko proposamenak egitea, Nafarroako toki entitateen funtzio publikoen jarduna antolatzeko.

c) Toki entitateak elkartzeko figurak sortu eta garatzeko azterlanak egitea.

d) Udal Planta zehazteko, toki entitateen berrantolaketa administratiborako eta udal zerbitzuen lurralde antolaketarako azterlan eta analisiak egitea.

e) Toki entitateen elkarteentzako dauden laguntzei buruzko informazioa ematea eta horien alde onak eta txarrak argitzeko azterlanak egitea.

f) Elkartzeko figurak sortu eta garatzeko programa eta planak prestatzea eta horiek betetzeko epeak jartzea.

g) Onartu diren elkartzeko figuren funtzionamendurako giza baliabideen eta baliabide materialen beharrei buruzko proposamenak egitea.

h) Araudia aldatzeko proposamena egitea, Kudeaketa eta Lankidetza Juridikorako Zerbitzuarekin batera, zerbitzuaren helburuak lortzeko asmoz.

i) Proposamen pizgarri eta sustagarriak egitea.

j) Eratzen diren elkartzeko formulen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

k) Udal zerbitzuak emateko espazio funtzionalak antolatu eta itxuratzeko behar diren jarduketak identifikatu eta sustatzea.

l) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

4. ATALA

Toki Azpiegituren Zerbitzua

83. artikulua. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren esparru materiala.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki azpiegituren plangintza egitea, Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentuekin batean; toki azpiegituren planak prestatzea, eta haietan laguntza ematea lana, jarraipena eta kontrola eginez.

b) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari esleitutako funts komunitarioak kudeatzea.

c) Inbertsio planak erregulatzeko araudia prestatzen parte hartzea.

d) Arau, gomendio edo jarraibide teknikoak prestatzea.

e) Toki entitateei aholku ematea inbertsioen programa eta planetan.

f) Sustatze lana eta laguntza teknikoa, azpiegiturak ezarri eta kudeatuko dituzten udalez gaindiko erakundeak era daitezen.

g) Estatuko Administrazioarekin eta beste autonomia erkidegoekin koordinatzea herrietako inbertsioetan.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

84. artikulua. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren egitura.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa, Plangintza eta Azterlan Atala.

b) Azpiegituren Lankidetza Teknikorako Atala.

85. artikulua. Kudeaketa, Plangintza eta Azterlan Atalaren esparru materiala.

Kudeaketa, Plangintza eta Azterlan Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki azpiegiturak planifikatzea.

b) Plan Zuzentzaileak prestatu eta kudeatzea.

c) Plan zuzentzaileen azterlan eta proiektuak prestatzen gidatzea.

d) Proiektuen analisi eta txosten teknikoak eta plangintzan sartutako obren ikuskapen, kontrol eta jarraipen tekniko eta administratiboa egitea.

e) Beste departamentu batzuetako plan sektorialekin koordinatzea.

f) Uraren goi horniduraren Nafarroako Plan Zuzentzailea eguneratu eta mekanizatzea.

g) Ur murrizketengatik toki entitateei ematen zaizkien laguntzen programa kudeatzea.

h) Toki entitateei aholku eta laguntza teknikoa ematea.

i) Toki azpiegiturei buruzko beharren ebaluazioa egitea.

j) Toki azpiegituretako inbertsio planak prestatzen parte hartzea.

k) Aholku ematea, obra proiektuen erredakzio fasean.

l) Proiektuen gaineko azterketa eta txosten teknikoak.

m) Obren ikuskapena, kontrola eta jarraipen teknikoa.

n) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

86. artikulua. Azpiegituren arloko Lankidetza Teknikorako Atalaren esparru materiala.

Azpiegituren arloko Lankidetza Teknikorako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Agirien sarrera erregistratu eta kontrolatzea; eta toki azpiegituren gaineko espedienteak irekitzea.

b) Espedienteen mugimenduen kontrola eramatea.

c) Espedienteak kudeatzeko sistema.

d) Obrak planean sartzeko espedientea ireki eta tramitatzea.

e) Gorabeheren espedienteak ireki eta tramitatzea.

f) Ziurtapenen espedienteak ireki eta ordainketak tramitatzea.

g) Agiriak erredaktatzea eta testuen prozesua egitea.

h) Plan Zuzentzaileen eta funts komunitarioen inguruan txosten eta proposamenak egitea.

i) Toki azpiegituren gaineko agirien irteera erregistratu eta kontrolatzea.

j) Espedienteak eta proiektuak artxibatzea.

k) Toki azpiegituren arloan aholku ematea.

l) Toki azpiegituren sistema informatikoa.

m) Kudeaketa administratibo orokorra.

n) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

5. ATALA

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua

87. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren esparru materiala.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren epe erdi eta luzeko plangintza ekonomikoa eta aurrekontuak prestatu, aldatu eta kudeatzea, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lankidetzan.

b) Neurriak aztertzea, toki entitateek finantzabide egonkor eta nahikoa izan dezaten.

c) Nafarroako Gobernuko departamentuekin lan egitea toki entitateekiko lankidetza ekonomikoan.

d) Toki entitateen arteko ordezko ordainketak kudeatzea.

e) Toki entitateen kredituko baimenak kudeatzea.

f) Transferentzia Arrunten Funtsa eta hura banatzeko formula prestatu eta kudeatzea.

g) Kapital Transferentzien Funtsaren kudeaketa ekonomikoa.

h) Estatuko Administraziotik eta beste entitate batzuetatik toki entitateentzat datozen diru-sarreren ordainketa kudeatzea.

i) Kudeaketa ekonomikoaren arloan, kontabilitatearen arloan eta inbertsioen eta zerbitzuen arloan, toki entitateei aholku ematea.

j) Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko gaien inguruko azterlan ekonomikoak egitea.

k) Zuzendaritza Nagusiko informazio ekonomikoa ustiatzea.

l) Toki Araubideko Foru Batzordeari eta Lurralde Mugaketaren Batzordeari laguntza ematea ekonomia gaietan.

m) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

88. artikulua. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren egitura.

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Toki Entitateen Afera Ekonomikoak Kudeatzeko Atala.

b) Plangintza eta Kudeaketa Atala.

c) Aholkularitza eta Lankidetza Ekonomikoaren Atala.

d) Azterlan eta Analisi Ekonomikoen Atala.

89. artikulua. Toki Entitateen Afera Ekonomikoak Kudeatzeko Atalaren esparru materiala.

Toki Entitateen Afera Ekonomikoak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Transferentzia Arrunten Funtsaren banaketa eta ondoko ordainketa finkatzea.

b) Estatuko Administraziotik eta beste entitate batzuetatik toki entitateentzat datozen diru-sarreren ordainketa kudeatzea.

c) Toki entitateen arteko ordezko ordainketak kudeatzea.

d) Toki entitateentzako kreditu baimenen tramitazioa eta txostenak egitea.

e) Toki entitateen egoera ekonomiko finantzarioari buruzko txostenak prestatzea kredituko entitateentzat.

f) Transferentzia Arrunten Funtsaren afektazioak kontrolatu eta kudeatzea.

g) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak tramitatu beharreko espedienteen bideragarritasun txostenak eta azterlan ekonomikoa.

h) Toki entitateek, indarreko araudia betez, aurkeztu beharreko plangintza ekonomiko eta finantzarioen onespena eta segimendua.

i) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

90. artikulua. Plangintza eta Kudeaketa Atalaren esparru materiala.

Plangintza eta Kudeaketa Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren epe erdi eta luzeko plangintza ekonomikoa eta aurrekontuak prestatu, aldatu eta kudeatzea, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin lankidetzan.

b) Nafarroako Gobernuko departamentuekin lan egitea toki entitateekiko lankidetza ekonomikoan.

c) Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarrera eta gastuen administrazio zirkuituak ezartzea.

d) Banaketa kontua eta horko zorren geroratzea kudeatzeko, Zuzendaritza Nagusiari dagozkion lanak.

e) Toki entitateen inbertsioei buruzko espedienteen azterketa ekonomikoa eta bideragarritasunaren gaineko txostenak egitea, diru-laguntzei buruzko arauei jarraikiz.

f) SAP-GE`21 sisteman sartutako Azpiegituren Planak Kudeatzeko (APK) sistema kudeatzea.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

91. artikulua. Aholkularitza eta Lankidetza Ekonomikoaren Atalaren esparru materiala.

Aholkularitza eta Lankidetza Ekonomikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Nafarroako toki entitateei aurrekontu eta kontabilitate gaietan laguntzea eta aholku ematea.

b) Nafarroako toki entitateei aholku ekonomiko finantzarioa ematea.

c) Aurrekontuen eta kontabilitatearen inguruko araudia kudeatzea eta haren gaineko aholku ematea Nafarroako toki entitateei.

d) Finantza eta aurrekontu egoerak, inbentarioak eta kostuen azterlanak finkatzeko araudia garatu eta ezartzea.

e) Kontabilitatea eramateko modulu osagarriak garatu eta ezartzea: ukitutako baliabideak, gastuen proiektua, inbertsioen eranskina, aurrekontu luzatua, zor biziaren egoera, etab.

f) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

92. artikulua. Azterlan eta Analisi Ekonomikoen Atalaren esparru materiala.

Azterlan eta Analisi Ekonomikoen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, ondoko eginkizun hauek:

a) Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko gaien inguruko azterlan ekonomikoak egitea.

b) Toki entitateetatik datorren informazioa kudeatzea, IDECAL sistemaren bidez.

c) Zuzendaritza Nagusiko informazio ekonomikoa ustiatzea, baita analizatu eta hedatzea ere.

d) Toki entitateen inguruko gaietan Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin koordinatzea.

e) Toki entitateen sektoreko adierazle ekonomikoak diseinatu eta ustiatzea.

f) Neurriak aztertzea, toki entitateek finantzabide egonkor eta nahikoa izan dezaten.

g) Toki entitateentzako ekonomia arloko arauen proiektuak aztertu, prestatu eta eguneratzea.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

V. KAPITULUA

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

93. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Aurrekontuen Kudeaketarako Atala.

c) Informazioa Kudeatzeko Atala.

d) Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atala.

e) Laguntza Teknikoaren Atala.

94. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Araubide Juridikoaren Atalak beteko ditu foru dekretu honetan, idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoekin loturik, ezarritako eginkizunak, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo Idazkaritza Nagusiko titularrak bere jardueraren eremuan agintzen dizkionak ere.

Zehazki, eginkizun izan ditzakeen guztien artean, honako hauek beteko ditu:

a) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintzari buruzko legeria aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen ahal zaizkion ondarearen gaineko erantzukizunari lotutako erreklamazioak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

f) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan zehapen espedienteak instruitzea eta jarraipena egitea, eta fiskaltzarekin nahiz zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

g) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko txosten juridikoak egitea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak eskatzen dizkion guztiak ere.

h) Nafarroako Landa Garapeneko Programa gauzatzeko laguntza juridikoa, barne harturik landa garapeneko programa gauzatzerakoan tramitatzen diren espedienteek eskatzen duketen txosten juridikoa. Halaber, laguntza juridikoa Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritzari.

i) Departamentuko titularrak, bide jurisdikzional zibilera jo aurretik, ebatzi behar dituen landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko erreklamazioetan, txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

j) Koordinatu eta gainbegiratzea Departamentuko unitateen jarduna lege-proiektuak prestatzeko garaian.

k) Behar diren irizpideak eta jarraibideak ezartzea Departamentuko unitate guztiei zeharkako araudia aplikatzeko; kontratazioa, diru-laguntzak, gardentasuna, langileria, antolaketaren egitura, eta antzeko izaera duten gainerako guztiak.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

95. artikulua. Aurrekontuen Kudeaketarako Atalaren eskumenen esparru materiala.

Aurrekontuen Kudeaketarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu aurrekontuaren aurreproiektua egiteari, kontabilitateari, kudeaketari eta aurrekontu betearazpenaren informazioari dagokienez, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

96. artikulua. Informazioa Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparru materiala.

Informazioa Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Telekomunikazio eta informazio sistemen inguruan diren premiak identifikatzea, eta departamentuko unitate administratiboek gai horren gainean egiten dituzten eskaerak bideratzea.

b) Erabiltzaileen errekerimenduak eta asetzeko xedeak bildu, definitu eta lehenestea, hori guztia elkarlanean arituz jarraian aipatzen diren gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin; gai hauetan: informazio sistemak eta aplikazio informatikoak eratu eta ezartzea, auditoretza eta kontrola informazioaren segurtasunean, departamentuetakoak edo korporatiboak izan.

c) Departamentuko unitate organikoen lan metodoak hobetzeko beharrezkoak diren erreformak proposatu eta bultzatzea.

d) Ezagutzaren Ataria eta Departamentuaren web orria kudeatzea.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

97. artikulua. Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalak dituen eskumenen esparru materiala.

Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Eguneko gai zerrendak eta jakinarazpen administratiboak tramitatzea.

b) Giza baliabideak.

c) Erregistroa eta herritar, enpresa eta entitateentzako informazioa.

d) Eskualdeetako eta Arloetako Bulegoak.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

98. artikulua. Laguntza Teknikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Laguntza Teknikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Departamentuko estatistikak prestatu eta koordinatzea eta horien zabalkundea egitea.

b) Departamentuaren eraikin eta instalazioak eta hari atxikitako finkak, barne harturik Departamentuari atxikitako eraikinetako sarrera kontrolatzeko hartu beharreko antolaketa-neurriak.

c) Administrazio-artxiboa kudeatzea.

d) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskumenen banaketa Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusian.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta haien erabilera, arlo hauetan: diru-laguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskumenen banaketa Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian.

1. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta haien erabilera, arlo hauetan: diru-laguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

2. Era berean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen dizkion beste eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta haien erabilera, hain zuzen ere arlo hauetan: ingurumena babesteko esku hartzea, ehiza eta arrantza, oihan kudeaketa eta lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

Laugarren xedapen gehigarria.–Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren eskumenen banaketa.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera, arlo honetakoak: kontratazioa eta ondare erantzukizuna.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.

–Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.

–Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.

–Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Ikuskapen eta Plangintza Ataleko burua izanen baita.

–Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Ataleko buruarena, hemendik aurrera Ibaiak Lehengoratzeko Ataleko burua izanen baita.

–Hirigintza Ataleko buruarena, hemendik aurrera Udalen Hirigintza Planeamendurako Ataleko burua izanen baita.

–Nekazaritza eta Landa Garapeneko Araubide Juridikoaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Araubide Juridikoaren Ataleko burua izanen baita.

Seigarren xedapen gehigarria.–Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da, foru dekretu honen aurka jotzen duen orotan, uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena; orobat, martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretua, Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1511994