169. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

552/2015 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien barne dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta kualitateei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktuek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen haien berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen orrien bitartez, hala produktuek dituzten berezko ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkion erreferentziengatik; hori guztia kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpen bat indartzeko eta balioesteko modu bat da.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 16. artikuluan “Nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta 2. puntuan zehazten da neurri horretarako laguntza barne merkatuko ekoizle-taldeek egindako informazio eta sustapen jardueren ondoriozko kostuei ere ematen ahalko zaiela, produktuek kalitate araubide bat dutenean; alegia, 17. artikulu horren 1. puntuan garatzen den “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza” deituriko azpineurriaren araberako laguntza jasotzen dutenean.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programaren proposamenak neurri hori osorik jasotzen du, bi azpineurritan bereizten dena: “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea” eta “Informazio eta sustapen jarduerak”; ebazpen honen asmoa bigarren azpineurria ezartzea da.

Azpineurriaren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Aipatu helburuak bilatzen ditu neurri honek, kalitate figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko pizgarriak emanez; figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatzen dituzte sustapen ekintzak, eta Nafarroako Foru Komunitatean, zehazki, kontseilu arau-emaileek.

Babestutako Jatorri Deituren (BJD) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) Kontseilu arau-emaile horiek eta Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK) babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, balioetsi eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte; horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horienganako laguntza instituzionala, finantza ahalmen handigoa lortu eta gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, ekoizpen sistemak, kalitate kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak alferrikakoak izanen dira, segur aski.

Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; horrexek kalitate figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzen dituela; gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, bai banaketa handiaren esparruan, bai hobi espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta berriak sortzen, landaguneetan.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroari dagokionean, “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeko eta haietan parte hartzeko tenorean; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen xedeak lortzera, eta islatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluak jasotzen duen “esparru estrategiko komunari” dagozkion helburu tematikoak. Haren bidez xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2005 (EE)Erregelamendua.

Berariaz, azpineurri hau, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. 2, b) artikuluaren arabera, Batasuneko landa garapenaren lehentasunari lotzen zaio; hau da, “ustiategien emaitza ekonomikoak hobetzeari eta haien berregituraketa eta modernizazioa bultzatzeari, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere; bereziki, haien parte-hartzea eta merkatuarenganako orientazioa handitzearren.”

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 4ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Ebazpen honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean. Foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak ordaintzen dituen erakundea Nafarroako Foru Komunitatean baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Azken xedapen horrek, berriz, ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3kok 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala, baita ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinak ere.

2. Deialdia onestea.

“Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen deialdia onesten da, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, 2015eko ekitaldirako, hurrengo artikuluetan ezarritako oinarri arautzaileei eta baldintzei loturik.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 260.000,00 euroko gastua baimentzen da 2015eko ekitaldirako, ekitaldi horretara luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako honako honen kargura: “Elikagaien kalitate figuren sustapena. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720003 72220 4459 413105 kontu-saila. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideak” neurria. Hortaz, programa onetsia ez dagoen bitartean ez dira laguntza hauek esleituko. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunak aintzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak berarekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira deialdi honetarako eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 13an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

ERANSKINAREN KODEA

IZENA

I. eranskina

Oinarri arautzaileak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak emateko.

II. eranskina

Urteko Ekintza Planaren edukia.

III. eranskina

Erantzukizuneko aitorpena.

IV. eranskina

Kostuak apaltzeko moduluak.

V. eranskina

Produktua edo azalera baliokidea.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” neurrirako laguntzak emateko

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautzen du Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten Kontseiluaren (EE) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da pizgarriak ematea elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei, babesten dituzten produktuak barne merkatuan susta ditzaten eta haien gaieneko informazioa eman dezaten; izan ere, kontsumitzaileek horrela ezagutu eta balioesten dituzte gehiago, aukera hobeak daude haien produkzioak merkaturatzeko eta haien balio erantsia handitzeko; hori guztia, kontsumitzaileei kalitate berme handiagoa eskainiz eta produktuaren berezko ezaugarriak mantenduz.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balioa erantsiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Hurrengo kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak (Kontseilu Arau-emailea, Kontseilua edo kudeaketarako elkartea) izanen dira deialdi honetako onuradunak:

–“Lodosako pikillo piperra” BJD.

–“Erronkariko gazta” BJD.

–“Idiazabal gazta” BJD.

–“Nafarroako olioa” BJD.

–“Nafarroako zainzuria” AGB.

–“Tuterako orburua” AGB.

–“Nafarroako aretxea” AGB.

–“Nafarroako bildotsa” AGB.

–Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpena, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduan agertzen dena.

2. Entitate horiek ekintza plan bat aurkeztu beharko dute, eta hartan kalitate figura horiek babesten dituzten nekazaritzako elikagaien gaineko informazio eta sustapenaren esparruan garatu beharreko jarduketak jaso.

3. Aurreko 1. atalean jasotako kalitate figura baten esparruko laguntzak eskuratzeko, kalitate figura horretarako laguntzak ezartzen dituen deialdia izan beharko da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Kalitate araubideetan lehen aldiz parte-hartzea” izeneko azpineurriaren esparruan.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

Onuradunek, onartuak izateko, hurrengo irizpideak bete beharko dituzte eskaera egiten den egunean:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea.

5. oinarria.–Urteko Ekintza Plana.

1. Eskaerarekin batera, Urteko Ekintza Plana aurkeztu beharko da, horren gainean sortuko baita laguntzarako eskubidea. Garatuko diren jarduketen programa jaso beharko du Ekintza Plan horrek, entitate eskatzaileak kudeatzen duen kalitate figurak babestutako nekazaritzako elikagaien gaineko informazioa eta sustapena egiteko.

2. Azpineurri honen ondorioetarako, deialdiaren ekitaldi osoan Europar Batasunaren barne merkatuan egiten diren sustapen ekintzen multzoak osatzen du Urteko Ekintza Plana, baldin eta kalitate figurek babestutako produktuak kontsumitzera bultatzen badute kontsumitzaileek produktu horiei buruz duten informazioa, onarpena eta lehentasuna handituta. Ekintza horiek behar bezala deskribatu eta programatuta egon beharko dute, aurrekontua eta guzti.

3. Hurrengo taulan jaso eta xehakatzen diren informazio eta sustapen neurrietako edozein har daiteke ekintzatzat.

Sustapen ekintzak

EKINTZAK

JARDUERAK

Azoka eta erakusketetan parte hartzea

Nazio barreneko edo nazio arteko azokak EBn, berariazkoak sektorean edo orokorrak.

Erakusketa eta ikuskizunak produktua erakusteko eta aintzat hartua izan dadin.

Misio komertzialak.

Produktuaren aurkezpena.

Sustapeneko produktuak.

Informazioa eta sustapena, hainbat komunikabide baliatuz

Askotariko sustapen kanpainak (TB, irratia, kazetak, ikuskizunen antolaketa, etab.).

Web atariak, kalitate figurak eta babestutako produktuak sustatu eta zabaltzeko.

Argitalpenak: liburuak, liburuxkak, kartelak, etab., formatu fisikoan edo digitalean.

Sustapeneko produktuak.

Informazio eta sustapenerako harreman publikoak, produktuen kalitatea, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta horiek bermatzen dituen ziurtagiria agertzeko

Sustapena saltokian.

Produktuaren aurkezpenak.

Sustapeneko produktuak.

Alderantzizko misioak eta misio komertzialak.

Lehiaketak.

Produktuen demostrazio eta dastaketak.

Jardunaldi eta mintegi teknikoak, kalitate figurei eta haien produktuei buruz.

Merkatu azterketa eta analisiak

Merkatu analisiak egitea, kanpainen eragina ebaluatzea, etab.

4. Ekintza Planak II. eranskinean zehaztutako informazioa eduki beharko du, gutxienez ere.

5. Ekintza Planean aurreikusitako ekintzek honako hau beharko dute bete:

a) Laguntza-eskabidea aurkeztu ondoren hasitakoak izan.

b) Europar Batasuneko zer estatutan burutzen diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela bermatu informazio eta sustapen jardueran prestatzen den material guztian.

c) Marka komertzialen sustapenarekin zerikusia duten jarduerak baztertu.

6. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta kontsultoretzekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ikuskizunak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin.

b) Azoka eta eraskusketetan inskribatzea eta parte-hartzea.

c) Ekipoen, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak, sustapeneko azoka, erakusketa, lehiaketa edo ikuskizunak antolatzen direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpen standak.

f) Entitatearen web orrialdeak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai urteko planeko sustapen jarduerei buruz.

g) Sustapena komunikabideetan (TB, irratia eta kazetak (fisikoa edo/eta digitala).

h) Sustapen ekitaldietako adituak eta profesionalak (ikertzaileak, teknikariak, sukaldariak, blogerrak, etab.) kontratatzea.

i) Kabineteak edo adituak kontratatzea, merkatu azterketak egiteko edo sustapen ekintzen eragina ebaluatzeko.

j) Sustapen jardueretarako produktuak.

k) Sustapeneko materiala.

l) Lehiaketetako sariak.

m) Sustapen jarduerei ezinbestean lotutako entitate onuraduneko langileen dietak eta joan-etorriak.

n) Sustapen jarduerei lotutako bertako langileen gastuak, Urteko Ekintza Planeko guztirako kostuaren %15, gutxienez ere; betiere, Ekintza Planean dabiltzanen dedikazioa frogatu beharko da.

2. Pertsona eta egun bakoitzeko topeak ezartzen dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sarietarako, kostuak apaltzeko IV. eranskinaren arabera.

3. Urteko Ekintza Planean diru-laguntzaren xede den gastuak 5.000 eurotik gorakoa izan beharko du, eta 200.000 eurotik beherakoa.

4. Beste autonomia erkidego batzuetan ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, deialdia argitaratzen denean Nafarroan bukatu den azken kanpainan pisuan edo bolumenean ziurtatu den produktuaren portzentajea izanen da aukeratzen ahal den gastua.

5. Ez dira diru-laguntzen xede eta, hortaz, ezin dira aukeratu, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta beste zergak.

6. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu diru-laguntzaren xedeko jardueren %100 arte.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Zuzeneko diru-laguntza bat emanen da, horren xedeko kostuak, onuradunak benetan egin eta ordainduak, itzultzeko.

2. Ekintza Planean diru-laguntza izan dezaketen gastuen %70ekoak izanen dira laguntzak.

3. Delako ekitaldian, deialdian neurrirako ezarri den aurrekontuaren %20 izanen da, gehienez ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa, onuradun bakoitzeko.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta lehenespenerako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozeduraren arabera emanen dira laguntza hauek, aurkezten diren eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzearren.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera; gehienez ere, 100 puntu:

a) Urteko Ekintza Planean aurreikusitako gastuaren portzentajea, entitate onuradunak onetsi duen azken urteko aurrekontuaren gainean:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik %30era arte: 15 puntu.

–%10etik %20ra arte: 10 puntu.

–%5etik %10era arte: 5 puntu.

–%2tik %5era arte: 2 puntu.

b) Sektoreko ordezkagarritasunaren arabera, hau da, Nafarroako guztirako ekoizpen edo azaleraren gainean produktu baliokideak (bukatua den azken kanpainako estatistikaren arabera) duen portzentajea edo azalera ziurtatua:

–%75etik gora: 20 puntu.

–%50etik %75era arte: 15 puntu.

–%25etik %50era arte: 10 puntu.

–%5etik %25era arte: 5 puntu.

V. eranskinari jarraituz zehazten den ekoizpena edo azalera da produktu baliokidea.

c) Integratutako operadoreen kopurua, bukatua den azken kanpainako erregistroaren arabera:

–500dik gora: 20 puntu.

–200dik 500era arte: 15 puntu.

–50etik 200era arte: 10 puntu.

–10etik 50era arte: 5 puntu.

d) Autonomia erkidegoen lurralde eremutik kanpo garatu beharreko jarduerak, kalitate figuraren baldintza-agirian zehaztuak, garatzeko den Urteko Ekintza Planeko aurrekontuaren portzentajea:

–%30etik gora: 20 puntu.

–%20tik %30era arte: 15 puntu.

–%10etik %20ra arte: 10 puntu.

–%2tik %10era arte: 5 puntu.

e) Programaren jarduerak, estaldura eta ebaluazioa: 20 puntu arte, hurrengo atalen arabera banaturik:

–Programaren jarduerak: 5 puntu arte.

–Lau jarduera edo gehiago: 5 puntu.

–Hiru jarduera: 3 puntu.

–Bi jarduera: 2 puntu.

–Jarduera bakarra: puntu bat.

–Urteko Ekintza Planaren estaldura (sustapenaren hartzaile den gehiengoa): 5 puntu arte.

–Preskriptoreak, komertzialak, banatzaileak, etab.: 5 puntu.

–Jendea, oro har: 3 puntu.

–Adituak, prestatzaileak edo berariazko taldeak: 2 puntu.

–Soilik sare sozialetara, on-line baliabideetara (Internet) bideratutako ekintza, edo tokiko komunikabideetako iragarki soilak: puntu bat.

–Ondorioaren ebaluazioa: 5 puntu arte.

–Bada deskribatuta dagoen ebaluazio metodoa: 5 puntu.

–Bada deskribatuta ez dagoen ebaluazio metodoa: 3 puntu.

–Ez dago ebaluazio metodorik: 0 puntu.

–Koherentzia eta koordinazioa: 5 puntu arte.

–Kanpainaren edo urte anitzeko programaren parte diren Urteko Ekintza Planeko jarduerak eta beste kalitate figura batzuen jarduerekin konbinatuak: 5 puntu.

–Kanpainaren edo urte anitzeko programaren parte diren Urteko Ekintza Planeko jarduerak: 4 puntu.

–Urteko Ekintza Planeko jarduerak, beste kalitate figura batzuen jarduerekin konbinatuak: 3 puntu.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortu duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarriaren barne.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a), b), c), d) edo e) ataletan puntuazio handiena duen espedienteak, zerrenda bukatu arte.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 10 puntu lortzea, balorazio irizpideetan aurreikusitakoen artetik.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntzak emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauei loturik daude:

a) Laguntza ematen dien deialdian adierazten den epean gauzatzea Urteko Ekintza Plana.

b) Egindako gastuak eta ordainketak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan frogatzea, baita jasotako funtsak diru-laguntza emateko arrazoi izan zen helbururako erabili direla ere, ezarritako moduan eta epeetan.

c) Laguntza behar bezala eman dela, jarduerak behar bezala gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

d) Entitateko teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri horren esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko helburuz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Ekintza Plana gauzatzean, eta burutzen diren informazio eta komunikazio ekintza guztietan, LGENFk eta Nafarroako Gobernuak eragiketari emandako laguntza aitortu beharko du onuradunak, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak agertuz eta LGENFaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari buruzko aipamena eginez honako honen arabera:

–Onuradunak erabilera profesionalerako webgunerik badu, hartan eragiketaren deskripzio labur bat aurkeztuta, estekarik ezartzen ahal bada webgunearen xedearen eta eragiketari emandako laguntzaren artean; zenbaterainoko laguntza den eta helburuak eta emaitzak adieraziko dira, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

–LGENFarekin batera finantzatutako neurri eta jarduerei buruzko argitalpenetan (liburuxkak, eskuorriak eta buletinak), argi adieraziko da Europar Batasunaren parte-hartzea azaleko orrialdean, eta haren ikurra agertuko da Nafarroako Gobernuarenarekin batera. Argitalpenetan edukiaren organismo arduraduna eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, LGENFaren eta Estatuaren laguntza aplikatzeaz arduratzen dena, aipatuko dira.

Europar Batasunaren ikurra honako orrian aurkezten diren arau grafikoei lotuko zaie: http://europa.eu/about-eu/basic-information/symbols/flag/index_es.htm.

Leman deklarazio hau eginen da: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

2. “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” izeneko neurrian laguntzen eskaera aurkezteak berarekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntzen eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan ageri diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nekazaritzako Bulegoetan, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetako edozeinetan. Telematika bidez ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria baliatuz.

2. Urteko Ekintza Planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira eskaerak.

3. Laguntza-eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahalko da.

4. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia.

b) Urteko Ekintza Plana, oinarria arautzaile hauen 5. artikuluan eta II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

c) Entitatearen ziurtagiria, operadore kopuruari buruzkoa.

d) Entitate onuradunak onetsi duen urteko azken aurrekontua.

e) Nafarroako Foru Komunitatearena baino goragoko esparruko figuren kasuan, Foru Komunitateari dagokion ekoizpenaren portzentajeari buruzko ziurtagiria.

f) Informazio eta sustapeneko materialaren egokitasuna segurtatzearren, eskatzaileak, eskaerarekin batera, erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, non adieraziko baitu material horren egokitasuna eta aplikatzea dagokion araudia, III. eranskinaren araberakoa, betetzen duela.

12. oinarria.–Kostuak apaltzea.

1. Proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzeko eskatzen dute Batzordearen 2809/2014 Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen Urteko Ekintza Planean kostuak apaltzeko printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, ondoko sistema hauek erabiliko dira:

a) IV. eranskinean jasotako moduluen aplikazioa (“Kostuak apaltzeko moduluak”).

b) “Kostuak apaltzeko moduluak” izeneko eranskinean jaso gabeko jarduerentzat, diru-laguntza izan dezaketen gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean aholkularitza edo laguntza ematen duen enpresa bakoitzaren ondasun horniduraren edo zerbitzu emateen kasuan, onuradunak hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua egiteko behar adina enpresa ez badago.

c) Beren ezaugarriengatik, aurreko kasuetan sartzen ez diren elementuak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta gaian adituak diren bi teknikarik osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Orobat, batzorde horren erabakia justifikatua izanen da baldin eta ondasunen prezioak egiaztatzen badituzte, onuradunaren jarduketari dagokion merkatu logiko batean.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluaziokoa, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, esleitu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordaindu aurretik. Halaber, jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik, onuradunak aldaketa garrantzitsuak eginez gero, egiaztatu eginen dira.

4. Kostuen apaltzea zuzen aplikatzeko, onuradunak behar den dokumentazioa (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak...) aurkeztu beharko du legez eska daitekeen informazio guztiarekin, dokumentua aurkeztera behartuta dagoenaren identifikazio-datuei buruzko informazio fidagarriarekin eta azalpen zehatz batekin gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoei buruz.

5. Azkenik, onuradunak aurkeztutako dokumentazioa ez bada nahikotzat jotzen, behar adinako bermerik ez bada jarduera batzuetan kostuak apalduta aplikatzeko, ez dira kontuan hartuko diru-laguntzarako.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskabidea osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezteko unean dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, diruz laguntzen ahal den aurrekontua eta oinarri arautzaile hauen 7. artikuluan aurreikusitako topeak hartuko dira kontuan.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduran eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek diru-laguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da ebazpenean eta, eskaerarik ezetsiz gero, espresuki agertuko dira; horien artean, aurrekontuko baliabide eskasiagatik ezetsi direnak agertuko dira.

4. Deialdia ixten den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete beharreko baldintzak eta konpromisoak jasoko ditu.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa dela-eta ematen dela diru-laguntza, LGENFarekin batera finantzatuta, “Nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideak elikagaien katea hobetzeko” deituriko neurria dela medio.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

16. oinarria.–Eskaeren aldaketa.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasieran onetsitako Urteko Ekintza Planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu edo/eta jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik.

2. Espediente baten gainean, Urteko Planaren aldaketa bakar bat onartuko da.

3. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta diru-laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

4. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz onetsi beharko dira Ekintza Planeko aldaketak eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doikuntza eginda ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

17. oinarria.–Ordaintzeko eskaera.

1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, Urteko Ekintza Plana bukatuta dela, ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko du 2015eko abenduaren 10a baino lehen.

2. Horretarako ezarritako inprimakiaren bidez aurkeztu beharko da ordainketaren eskaera; inprimaki hori tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian: www.navarra.es.

3. Onartzeko modukoak izan daitezen, honako hauek, gutxienez ere, erantsi beharko zaizkie ordaintzeko eskaerei:

a) Ekintzen gaineko laburpen txostena, haiek jardueratan xehakatuta, zein bere aurrekontuko zenbatekoa eta azken kostua adierazita dituela, eta lortutako emaitzen balorazioa. Txosten horrek garatu den ekintzaren beraren errealizazioaren adierazleak jaso beharko ditu.

b) Fakturak eta/edo frogagiri gisa baliokideak diren dokumentuak, eta diruz lagun daitezkeen gastu guztiak ordaindu izanaren frogagiriak. Ekintzak gauzatzeko, azpikontratazioa egiten denean zerbitzu hornitzaileekin, hornitzaile horren faktura eta ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dira.

c) Orobat, sustapen ekintzak egin izana egiaztatzen duten frogabideak aurkezteko eskatzen ahalko zaio onuradunari.

18. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, Ekintza Plana aurkeztu zen proiektuaren arabera gauzatu dela egiaztatzearren. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezkoak diren ordainketak baimenduko ditu, eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren ordainketa eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke Ekintza Planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo organo instruktoreak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Orobat, exekuzioaren memoria, argazkiak, behar diren itzulpenak, exekuzioaren gaineko txostenak, etab. dituela, aurkezteko eskatzen ahalko da.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzkako desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketaren eskaeratik, hurrengo 19. oinarrian aurreikusitako murrizketa eta salbueste irizpideak aplikatuko dira.

19. oinarria.–Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. Ekintza plana buruturik, laguntza jasotzen duen gastua onetsitakoa baino txikiagoa bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, baldin eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste badu garatu den planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izaten segitzen duela.

2. Ordainketa ziurtatzean egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioan aintzat hartutako baldintzak edo beharkizunak aldatu direla laguntzak emateko prozeduran, eta puntuazio txikiagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Ordaintzeko eskaerari loturik, murrizketa hau aplikatuko da:

Onuradunak ordainketa eskabidean adierazitako laguntzaren zenbatekoa eskaera horren onargarritasun azterlana egin ondoren ateratzen den zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diru-laguntzaren xede izaterik ez duen zenbatekoa sartzearen erantzulea.

4. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

Honako egoera hauetan, ezinbesteko arrazoiak edo salbuespeneko kasuak gertatu direla ulertuko da:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landare eritasuna, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena, hurrenez hurren.

5. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

20. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

21. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. eranskina

Urteko Ekintza Planaren edukia

I.–Entitate eskatzailea.

Izena, helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefonoa, faxa, programaren arduraduna harremanetarako.

II.–Sustatu beharreko produktuak.

–Zehaztu produktuak, baldintza-agiriak uzten dituen aukeren artean.

–%tan zehaztu eta justifikatu produktu horren (mota edo kategoria parekagarria) ekoizpen ziurtatuak duen ordezkagarritasuna Nafarroako ekoizpen osoaren aldean.

III.–Hartzaile diren merkatuak.

Zehaztu hartzaile diren herrialde, eskualde, hiri edo herriak, eta adierazi zergatik aukeratu diren eta zer aukera dauden produktuak aukeratu diren merkatuetan saltzeko.

IV.–Helburua.

Helburuak zehaztuta eta, ahal dela, zenbatekoak adierazita.

V.–Estrategia.

Zehaztu zer tresna erabiliko diren marketin eta komunikazio aldetik programaren helburuak lortzeko.

VI.–Ekintzak.

–Ekintza eta jarduera bakoitzaren deskripzio zehatza.

–Aurreikusten diren egutegia eta tokiak.

–Helburu duen jendea.

Zehaztu norentzat den: kontsumitzailearentzat, banatzaileentzat (supermerkatuak, handizkakoak, txikizkako espezializatuak, hornitzaileak, jatetxeak), inportatzaileentzat, iritzi liderrentzat (kazetariak eta aditu gastronomikoak), gastronomia eskolentzat eta jatetxeentzat, etab.

VII.–Mezuak.

(Jatorria, kalitatea, segurtasuna, osasuna, ingurumena, etab.).

VIII.–Aurreikusten den ondorioa eta hura neurtzeko modua.

Eskaeraren bilakaerari, produktuaren nabariari eta irudiari edo helburuei lotutako beste edozein alderdiri dagokienez.

Zehaztu erabiliko diren metodoa (kuantitatiboa edo/eta kualitatiboa) eta adierazleak, emaitzak edo ondorioak neurtzeko.

IX.–Aurrekontua.

Prestatu laburpen taula bat ekintza bakoitzeko. Aurrekontua aurkezteko, jardueren deskribapenak dituen egitura berari eta ordena berari jarraituko zaie. Ikus erantsitako eredua.

KONTZEPTUA

1.

EKINTZA

2.

EKINTZA

n.

EKINTZA

GUZTIRA

Zerbitzu hornitzaileak (agentziak, komunikazioko aholkularitzak, etab.)

Azoketako inskripzioa eta parte-hartzea

Ekipo eta espazioen alokairuak

Argitalpenen edizioa, inprimaketa eta banaketa

Web orrialdeak sortzea edo/eta egokitzea

Sustapena hedabideetan

Adituak eta profesionalak kontratatzea

Sustatzeko produktua

Sustapeneko materiala

Sariak

Dietak eta joan-etorriak.

Merkatu azterketak eta txostenak.

Bertako langileak, Ekintza Planeko guztirako gastuen %15 gehienez ere

Guztira

X.–Finantzaketa plana.

FINANTZAKETA

ZENBAT EURO

%

Eskatzailea

Nafarroako 2014-2020 L.G.P.ko dirul.

Guztira

XI.–Entitatearen urteko aurrekontua.

AURREKONTUA

ZENBAT EURO

%

Ekintza Planaren aurrekontua, guztira

Entitatearen aurrekontua, guztira

100

III. eranskina

Erantzukizuneko aitorpena

Onuradunak erantzukizuneko aitorpen hau egiten du, puntu hauei buruz:

1.–Finantzaketa bikoitzaren eza.

Ez dela Kontseiluaren 2007ko abenduaren 17ko 3/2008 Erregelamenduaren (EE) 2.3 artikuluan jasotako laguntzarik hartzen; erregelamendu hori barne merkatuko eta hirugarren herrialdeetako nekazaritzako produktuen informazio eta sustapen ekintzei buruzko da.

2.–Materialaren egokitasuna.

Europar Batasuneko zer estatutan burutzen diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela bermatzea, informazio eta sustapen jardueran prestatzen den material guztian.

3.–Marka komertzialak baztertzea.

Ekintza Planetik baztertzea marka komertzialen sustapenarekin zerikusia duten jarduerak.

IV. eranskina

Kostuak apaltzeko moduluak

Pertsona eta egun bakoitzeko tope hauek ezartzen dira dietetarako eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sari sinbolikoetarako:

a) Ostatuak: 90 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

b) Mantenua: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.

c) Kilometroak autoan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat ekitaldi honetarako ezarria.

d) Lehiaketetan emandako sari sinbolikoak: gehienez ere 300 euro sari bakoitzeko.

V. eranskina

Produktua edo azalera baliokidea

KALITATE FIGURAKO PRODUKTUA

BALIOKIDETZA

Tuterako orburua AGB

Orburu ekoizpena

“Nafarroako zainzuria” AGB

Zainzuri ekoizpena Nafarroan

Lodosako pikillo piperra BJD

Pikillo ekoizpena Nafarroan

Nafarroako behi azienda AGB

Haragitarako behi aziendaren ekoizpena

Nafarroako bildotsa AGB

Bildots ekoizpena

Erronkariko gazta JDB

Ardi gaztaren ekoizpena

Idiazabal gazta JDB

Ardi gaztaren ekoizpena

Nafarroako olioa JDB

Olio ekoizpena

Ekoizpen ekologikoaren azalera

Nafarroako nekazaritza azalera erabilgarria (larreak barne)

Iragarkiaren kodea: F1511639