169. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

539/2015 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du Nafarroan nekazaritza eta abeltzaintza gaietan eta jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) eta 56.1.a) artikuluek ezartzen duten bezala.

Eskumen horien barrenean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea, eta, bereziki, ekoizleek horrelako figuretan parte har dezaten bultzatzea, beren ekoizpenari balio erantsi bat eskaintzeko modu gisara; horri esker beren ustiategien bideragarritasuna hobetuko da, produktu horiek merkataritza bideetan lehenetsiz.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen pleguen bitartez, hala produktuek dituzten berezko ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkion erreferentziengatik, hori guztia orokorrean kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta balioesteko modu bat delakoan.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 16. artikuluan “Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta, zehatzago, 1.a) puntuan adierazten da neurri horretarako laguntza emanen zaiela Europar Batasunaren esparruan aitorpena duten kalitate araubideetan lehenbiziko aldiz parte hartzen duten nekazariei edo nekazari elkarteei, edo baldintza berezi batzuk betetzen dituztenei.

Gainera, baliabideak egoki erabiltzen direla bermatzearren, “jardunean” dauden nekazarientzat bideratu behar da laguntza, 1307/2013 Erregelamenduaren 9. artikuluan adierazten denaren ildotik, eta, hasiera batean, gehienez ere bost urterako izan behar dira, izan ere, horrelako araubideetan sartzeko unean eta parte-hartzearen lehenengo urteetan, parte hartzeagatiko kostuak eta nekazariei ezartzen zaizkien eginbehar osagarriak ez dira erabat konpentsatzen merkatuan.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ustiategi bakoitzari urtero emanen zaizkion gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, laguntzaren oinarri arautzaileetan zehaztu beharko dira, 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren arabera.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programaren proposamenak neurri hori jasotzen du, bi azpineurritan bereizten dena: “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” eta “Informazio eta sustapen jarduerak”. Ebazpen honen helburua da lehenengo azpineurria ezartzea.

Azpineurriaren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroari dagokionez, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeko eta haietan parte hartzeko tenorean; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen xedeak lortzera, eta islatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluak jasotzen duen “esparru estrategiko komunari” dagozkion helburu tematikoak. Haren bidez xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

Azpineurri hau, bereziki, Batasunaren landa garapenerako 3.a) lehentasunari egokitzen zaio, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluari jarraikiz, honako helburu hau duelako: lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea kalitate araubideen bidez nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integra daitezen, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan.

Beraz, laguntza hauen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 4ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Foru agindu honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Foru agindu hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3kok 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala, baita ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere.

2. Deialdia onestea.

“Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2015eko ekitaldirako deialdia onesten da, hurrengo artikuluetan ezarritako oinarri arautzaile eta baldintzei loturik.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 35.000,00 euroko gastua baimentzen da 2015eko ekitaldian, 2015. urtera luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako honako kontu-sail honen kargura: “Kalitate figuretan lehenbizikoz sartzea. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720003 72220 4700 413100 kontu-saila.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideak” neurria. Hortaz, programa hori onetsia ez dagoen bitartean ez dira laguntza hauek esleituko. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunak aintzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak berarekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira deialdi honetarako eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko uztailaren 29an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

I. ERANSKINA

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea”
azpineurrirako laguntzen oinarriak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.1. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenarako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez ematen dena (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EE) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria. Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da, batetik, pizgarriak ematea nekazariei nekazaritzako elikagaien kalitate araubideetan parte har dezaten, beren produktuei balio bat eransteko eta hobeki merkaturatzeko aukera ematen dietelako, eta bestetik, kontsumitzaileei eskaintzea produktuaren kalitatea ziurtatzeko eta berezko ezaugarriei eusteko berme gehiago.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balio bat erantsiz.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke nekazariak, nekazari elkarteak eta lehengaien ekoizleak, nekazaritzako produktuen kalitate araubide hauetako batean bederen parte hartzen badute lehenbizikoz:

–“Lodosako pikillo piperra” Babestutako Jatorri Deitura.

–“Erronkariko gazta” Babestutako Jatorri Deitura.

–“Idiazabal gazta” Babestutako Jatorri Deitura.

–“Nafarroako olioa” Babestutako Jatorri Deitura.

–“Nafarroa” Babestutako Jatorri Deitura.

–“Errioxa” Jatorri Deitura Kalifikatua.

–“Cava” Jatorri Deitura Kalifikatua.

–“Hiru Erribera” Adierazpen Geografikoa.

–“Queilesko Erribera” Adierazpen Geografikoa.

–“Nafarroako zainzuria” Adierazpen Geografiko Babestua.

–“Tuterako orburua” Adierazpen Geografiko Babestua.

–“Nafarroako aretxea” Adierazpen Geografiko Babestua.

–“Nafarroako bildotsa” Adierazpen Geografiko Babestua.

–Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpena, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduan agertzen dena.

2. Neurri hauen xedeko kalitate figuren ezarpen eremuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa edo zati bat hartu beharko du.

3. Onuradunak produktu babestu bera kalitate figura batean baino gehiagotan inskribatu dezaketen ustiategien titularrak badira, kalitate figura bakar baterako laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

4. Laguntza hauen onuradun izateko debekua dute nekazaritza ekologikoaren araubideari lotuta dauden nekazariek, araubide horretan lehenbizikoz parte hartzen ari baldin badira eta laguntza eman baldin bazaie 1305/2013 Erregelamenduaren “Nekazaritza ekologikoa” izeneko 28. artikuluaren babesean.

4. oinarria. Onuradunak onartzeko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan nahi duten nekazariek (pertsona fisikoak eta juridikoak) eta nekazari elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezten duten egunerako:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea.

c) Jarduneko nekazari gisa aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) Eskatzen den laguntzaren xedeko kalitate figuraren erregistroetan inskribatua egon ez izana eskaeraren eguna baino lehen.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

f) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Onuradun izaera bost urteren buruan galduko da, kalitate berezitu bakoitzaren araubidean parte hartzen hasten denetik aurrera.

5. oinarria. Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

Ustiategiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa txiki eta ertainen definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

6. oinarria. Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Zehazki, honako gastu hauek dira laguntzaren xede:

–Kalitate araubide bakoitzean inskribatzearen ondoriozko kostuak (kudeaketa organo batean eta/edo ziurtapen eta kontrol organo batean inskribatzea).

–Kalitate araubide bakoitzean parte hartzeagatiko urteko kuota (kudeaketa organo batean eta/edo ziurtapen eta kontrol organo batean).

–Ziurtapen kontrolen kostua.

2. BEZa ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko.

3. Gastu hautagarriak izanen dira onuradunak urtero jasandako gastuak, lehenagoko eta/edo geroagoko produkzio kanpaina batekoak badira ere, babestutako produktuaren produkzio zikloaren arabera.

7. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Neurri honen babesean ematen diren laguntzak erabiliko dira diruz laguntzen den kalitate araubide bakoitzean parte hartzearen ondorioz onuradunek jasandako gastu finkoak ordaintzeko, bost urtez gehienez.

2. Laguntza urte osorako diru-laguntza bat izanen da, benetan izandako eta onuradunak egiazki ordaindutako gastu diruz lagungarrien %70 adinakoa.

3. Laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen, ustiategi bakoitzeko eta urteko, eta diruz lagungarriak izanen dira kalitate figura bakoitzean parte hartzeagatik sortutako gastuak, betiere guztirakoa ez bada aipatutako zenbatekoa baino handiagoa.

4. Gastu diruz lagungarria kalkulatzearen ondorioetarako, III. eranskinean ezarritako moduluak aplikatuko dira.

8. oinarria. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozeduraren arabera emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

a) Nekazari gaztea izatea, Kontseiluaren 1698/2005 Erregelamenduan adierazitakoaren arabera, eta inbertsio plan bat onartua izatea 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruko ustiategiak modernizatzeko neurriaren esparruan: 25 puntu.

b) Lehentasunezkotzat hartutako nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea: 20 puntu.

c) Mendialdean edo eskualde behartsu batean kokatutako nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea: 10 puntu.

d) Lehentasunezko elkarte bateko bazkide den entitate bateko bazkide izatea: 10 puntu.

e) Laguntza espedientearen onuraduna emakumezkoa izatea: 10 puntu.

f) Onuradunak parte hartu behar baldin badu aholkularitza eta prestakuntza neurrietan Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera: 10 puntu.

g) 1151/2011 eta 1308/2013 erregelamenduen arabera (II. zatia, II. titulua, I. kapitulua, 2. atala) Nafarroan ezarritako kalitate araubideetan daukan parte-hartze bakoitzeko, ardoari dagokionez: 5 puntu. Gehienez 15 puntu emanen dira.

3. Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du puntu gehien duenak a), b), c), d) ataletan eta ondorengoetan, zerrenda bukatu arte.

Berdinketa horrela hausten ez bada, azkeneko inbertsio planaren eskaera egunean antzinatasunik txikiena duten a) ataleko eskatzaileak lehenetsiko dira.

4. Lehentasunezko nekazaritzako ustiategitzat hartuko dira uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan agertzen den definizioaren araberakoak direnak.

9. oinarria. –Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza honen norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 10 puntu lortzea, balorazio irizpideetan aurreikusitakoen artetik.

3. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kasuan kasuko kalitate figuraren erregistroan egindako inskripzioa eta behar den kontrol erakundearekin sinatutako kontratua (edo balio bera duen agiri lotzailea) formalizatzea.

b) Kalitate figuraren barrenean kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duten organoek ezarritako kuotak ordaintzea.

c) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan justifikatzea, ezarritako epean eta moduan, jasotako funtsak diru-laguntza emateko aintzat hartutako helburuei lotutako gastuak ordaintzeko erabili direla.

d) Laguntza egoki eman dela eta ordaindu dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

e) Ustiategiko alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

h) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

2. Neurri honetan laguntzen eskaera aurkezteak berarekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria. Laguntza eskaerak eta dokumentazioa.

1. Foru agindu honetan ageri diren diru-laguntzak jasotzeko eskaera Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nekazaritzako Bulegoetan, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetako edozeinetan. Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria baliatuz.

2. Laguntza-eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko izapideen katalogoan eskuratzen ahalko da.

3. Eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera kalitate figura bakoitzean parte hartzearen ondoriozko urteko gastuen aurrekontua aurkeztu beharko da, kontzeptuz kontzeptu xehakatua, II. ereduaren arabera.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdiko.

12. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 2809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Horren ondorioetarako, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) III. eranskinean jasotako moduluen aplikazioa (“Inskripzioen, parte-hartzeen eta ziurtapenen kostuen moduluak”).

b) Aurreko kasuan sartzen ez diren egoeretan, balorazio batzorde batek parte hartzea eskatuko da, aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena edo aurrekontu alternatibo bat aurkeztu beharko duena. Batzorde hori kudeaketa unitatearen arduradunak eta gaia ezagutzen duten Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko bi teknikarik osatuko dute.

Batzorde horren erabakia justifikatuko da kudeaketa eta kontrol organoek ezarritako tasa, tarifa edo kostuak egiaztatuz; izan ere, onuradunak nahitaez inskribatu beharko dira organo horietan, bakar-bakarrik.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta behar den sistema aplikatuz ateratzen dena, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, laguntza onartu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordaindu aurretik.

4. Onuradunak aurkezten dituen agiriak ez badira nahikotzat jotzen, kostuen apaltzea behar bezalako bermearekin aplikatu ezin zaien kontzeptuek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

13. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskaera osorik dagoenean, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioen aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak, oinarri arautzaile hauen 7. oinarrian ezarriak.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduran eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da ebazpenean. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, banan-banan, deialdia ixten den egunetik hasita sei hilabeteko epearen barrenean.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatua, “Nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideak” izeneko neurriaren barrenean, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzeko.

6. Diru-laguntzaren prozedura ebazteko ezarritako epea, edo deialdian finkatzen dena, bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ofizioz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

16. oinarria. Ordainketa eskaera.

1. Diru-laguntzak emateko ebazpenean jasotzen diren laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek ordainketa eskaera aurkeztu beharko dute 2015eko abenduaren 1a baino lehen. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, izapideen katalogoan, eskura dagoen eredua erabili beharko dute, eta, horrekin batera, jatorrizko fakturak eta/edo froga balioa duten bestelako agiriak eta ordainketaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

17. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntzak ematea eragin zuen jarduera egin dela egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak. Horren ondorioetarako, jarduera egin izanaren egiaztapena ez da aintzat hartuko harik eta kasuan kasuko ekitaldian kalitate figuraren erregistroetan segitzen duela egiaztatu arte eta kontrol organoaren egiaztapena bukatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezkoak diren ordainketak baimenduko ditu, eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Instrukzio organoaren egiaztatze lanen ondorioz ikusten bada hartutako konpromisoak ez direla nabarmen bete, oinarri arautzaile hauen 18. oinarrian adierazitako murrizte eta baztertze irizpideak aplikatuko dira.

4. Laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, betiere jarduneko nekazarien definizioan ezarritakoa bete dela eta eskatutako betebeharrak eta konpromisoak ere bete direla egiaztatu ondoren.

18. oinarria. Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. Diru laguntza jaso dezaketen jasandako gastuen zenbatekoa txikiagoa bada onartutako laguntza baino, laguntzaren zenbatekoa egokitu eta behar den proportzioan murriztuko da.

2. Ordainketa egin behar denean egiaztatzen bada aldatu direla eskaeren hurrenkera finkatzeko aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak, eta puntuazio baxuagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatzekoak izanen baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

Honako egoera hauetan, ezinbesteko arrazoiak edo salbuespeneko kasuak gertatu direla ulertuko da:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

f) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak modu nabarmenean ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen ezbeharrezko suntsiketa.

f) Epizootia edo landare eritasuna, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

19. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa.

20. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan ematen diren laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Gastuen aurrekontuaren eredua

Ekitaldia:

Kalitate figura:

KONTZEPTUA

UNITATEAK

UNITATEKO PREZIOA

EUROAK, GUZTIRA

1

Hasierako inskripzioaren kuota

.....................

2

Parte-hartzearen urteko kuota

.....................

.....................

.....................

3

Ziurtapenaren eta kontrolaren kostuak

Hektarea kopurua

.....................

.....................

.....................

Abelburu kopurua

.....................

.....................

.....................

Produkzioaren arabera (kiloak edo litroak)

.....................

.....................

.....................

4

Ziurt. eta kontr. beste kostu batzuk

.....................

.....................

5

Gastuen aurrekontua, guztira

.....................

(*) Taula hau orientabide moduan erabili behar da. Onuradun bakoitzak bere eredua erabil dezake, baina balio bera duen informazio guztia aurkeztu beharko du.

III. ERANSKINA

Laguntza moduluak kalitate figura bakoitzeko

KALITATE FIGURA

INSKRIPZIO KUOTA

PARTE
HARTZEAREN URTEKO KUOTA

KONTR. ETA ZIURT. KOSTUAK/PRODUKZIO UN.

K. ETA Z. KOSTUAK/PRODUKZIOA

Nekazaritza ekologikoa

50 euro

50 euro

4 euro/ha

Nafarroako zainzuria

50 euro/ha (1)

6,5 euro/1.000 k

Lodosako pikillo piperra

100 euro

100 euro/ha (2)

5 euro/1.000 k

Tuterako orburua

22 euro

9,30 euro/ha (3)

0,86 euro/1.000 k

Nafarroako olioa

5 euro

1,6 euro/ha

1,5 euro/1.000 k

“Erronkari” ardi gazta

12 euro/1.000 l

“Idiazabal” ardi gazta

12 euro/1.000 l

Nafarroako arkumea

0,40 euro/arkumea

Nafarroako aretxea

3,96 euro/behia

(1) 12,50 euro gutxienez ha bakoitzeko. 1. eta 2. urteko lurzatiak kuotak ordaintzetik salbuetsiak.

(2) Gutxieneko tarifa: 100 euro.

(3) Gutxieneko tarifa: 22 euro.

Iragarkiaren kodea: F1511632