165. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

538/2015 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazari gazteak beren gain jar daitezela sustatzea, neurri hori lagungarria izanen baita belaunaldi aldaketa egiteko, biztanleria finkatzeko eta landa eremuetan jarduera sortzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntuan zehazten zena, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean nekazari gazte bakoitzeko emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programaren proposamenak neurri hori jasotzen du, eta, zehatzago, nekazari gazteak jardueran hasteko azpineurria ere bai. Haren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Nekazari gazteentzako enpresak sortzeko laguntzaren bidez belaunaldi aldaketa sustatu nahi da, behar bezalako prestakuntza daukaten nekazari gazte enpresaburuak oinarri hartuta, izan ere, nekazaritzaren sektoreari jarraipena emateko eta etorkizunari arrakastaz ekiteko alternatiba nagusia hori delako.

Kontuan harturik nekazaritzan ari den populazio aktiboa zahartzen ari dela, gazteek landa eremuetatik hiri aldera joaten direla, gazteek jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuk nahiago dituztela eta landa eremuetan gizonezkoak nagusitzen ari direla, beharrezkoa da gazteak (gizonezkoak zein emakumeak) nekazaritzan aritzera bultzatzeko estrategiak ezartzea, horien bitartez biztanleria finkatzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen iraunkortasuna eta garapen orekatua bermatzeko.

Nekazari gazteak beren gain hasteari laguntzeak oso helburu garbiak ditu, eta oso lotuta dago Nafarroako nekazaritzaren sektorearen beharrekin. Azken helburua da erraztasunak ematea gazteak nekazaritza lanetan has daitezen ustiategi bideragarrietan, sektorearen egokitzapen estrukturalarekin bat. Neurri hori beste neurri batzuekin estuki lotuta egonen da, hala nola, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin, garapen okupazionalarekin eta etengabeko aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez gaitasunak hobetzeko neurriekin.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna bultzatu nahi da, beste jarduketa ildo batetik, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta aukera berdintasunerako eta bizitzeko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeko eta haietan parte hartzeko tenorean; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen xedeak lortzera, eta islatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluak jasotzen duen “esparru estrategiko amankomunari” dagozkion helburu tematikoak. Haren bidez xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: "erraztasunak ematea nekazaritza sektorean nekazari behar bezala prestatuak sartzeko, eta, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztea."

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 4ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta ordainketa zuzenei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean. Foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak ordaintzen dituen erakundea Nafarroako Foru Komunitatean baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Azken xedapen horrek, berriz, ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko maiatzaren 6ko Erabakiaren bidez, Industria eta Merkataritzako zuzendari nagusiari baimena eman dio 2016ko eta 2017ko ekitaldietan laguntza hauek finantzatzeko gastu konpromisoa hartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala.

2. Deialdiaren onespena.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honen gastuei aurre egiteko, 1.250.000 euroko gastua baimentzen da 2016ko ekitaldirako eta 1.250.000 euroko gastua 2017ko ekitaldirako, 2015era arte luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 72230 7700 412102 kontu-sailaren balio berekoa den kontu-sailaren kargura, betiere horretarako kreditu aski eta egokia baldin badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko ekitaldiko deialdian.

Eskaerak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea” neurria. Hortaz, programa onetsia ez dagoen bitartean ez dira laguntza hauek esleituko. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunak aintzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak berarekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarriak aldatzea.

Era berean, Europako Batzordeak neurri hori onesteko datak baldintzatzen baditu onuradunek, deialdi honen arabera, betebeharrak betetzeko dituzten epeak, azken horiek aldatuko dira; horrela bermatuko da enpresa plana aplikatzen hasten dela laguntza eman eta ondoko 9 hilabeteren barrenean, eta onuradunak jarduneko nekazari izatearen baldintza betetzen duela nekazari gisa instalatu eta ondoko 18 hilabeteren barrenean, hori guztia 1305/2013 EB Erregelamenduaren 19.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko uztailaren 22an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

I. ERANSKINA

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurri honen azken helburua da landa eremuetan enpresak sortzea, eta azpineurri honen helburua da, zehazki, nekazari gazteek nekazaritzako enpresak sortzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira enpresen garapena eta prestakuntza eta enplegua sortzea, eta, horrekin guztiarekin loturik, landa eremuen toki garapena sustatzea, Batasunaren lehentasunak (1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen direnak) lortzen laguntzen baitute zalantzarik gabe, izan ere, neurri horiek lagungarriak izanen dira behar bezalako prestakuntza duten nekazariak nekazaritzaren sektorean sartzeko eta, zehatzago, belaunaldi aldaketa egiteko, eta jarduerak dibertsifikatzeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hau behar bezalako enpresa plan baten bidez, bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa, lanean jartzen diren pertsona fisikoentzat bideratuta dago. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diote.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke nekazaritzako ustiategi batean lehenbizikoz instalatzen diren pertsona fisikoak, laguntza eskatzen den egunean onartua izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 18tik 40 urte bitarte izatea, biak barne.

b) Enpresa plan bat aurkeztea, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoaren araberakoa.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza izatea.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da, eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen baldin badu:

–Nekazaritza arloan, erdi edo goi mailako ziklo bati dagokion prestakuntza arautua baldin badu.

–Guztira 250 ordutik gorako prestakuntza egin baldin badu Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek emandako ikastaroetan.

–Nekazaritzako ustiategian sartzeko berariazko ikastaro bat egiten badu, gutxienez 200 ordukoa. Ordu kopuru horretatik kentzen ahalko dira gazteak truke programetan eta nekazaritzako ustiategietara egindako bisitetan emandako orduak (1305/2013 EB Erregelamenduaren 14.1 artikulua).

Laguntza eskatzen duenean gazteak aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, 2017ko urriaren 1era arte izanen du prestakuntza hori jaso duela erakusteko, eta hala zehaztuko da bere enpresa planean.

d) Laguntzen onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarretako batean ere ez egotea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Onuradunek laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteko epean hasi beharko dute ustiategian instalatzeko prozesua. Prozesu hori hasia dela ulertuko da, inguruabar hauetako bat betetzen dela egiaztatzeko modua baldin badago:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

–Bazkide gisa sartzea elkarte batean.

3. Nekazari gaztea ustiategiaren titular bakarra ez bada, haren izaera juridikoa zeinahi delarik ere, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien antzeko instalazio baldintzak eskatuko zaizkio. Kasu guztietan, ustiategiaren benetako kontrola gazteen esku egon beharko da.

5. oinarria.–Instalatzeko modalitateak eta ustiategiak onartzeko irizpideak.

1. Ustiategiaren titular bakarra onuraduna bada, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu, enpresa plana aplikatu ondoren:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat katalogatua izatea.

b) Gazteak egin nahi dituen jarduketak, inbertsioak edo neurriak Nafarroan egin beharko dira, enpresa planean ezarritako helburuei loturik egon beharko dute, eta hala ondasun higiezinak nola higigarriak Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan inskribatu edo erregistratu beharko dira.

c) Enpresa txiki eta ertainen definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

2. Onuraduna elkarte batean sartzen bada bazkide gisa, ustiategiak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Instalatu aurretik:

–Enpresa txiki eta ertainen definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egon beharko du, eta ustiategiaren eraketa egunetik eskaera aurkeztu arte 12 hilabete baino gehiago igaro badira, lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa katalogatua izan beharko da uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera.

b) Enpresa plana aplikatu ondoren:

–Ustiategi horretan, gazte bakoitzeko, nekazaritzako lan unitate bat sortzen dela frogatzea. Baldintza hori ez da eskatuko gazteak beste bazkide bat ordezten duenean, betiere enpresa planaren aplikazioak erakusten badu instalatua dagoen pertsona bakoitzeko neurri hori lortzen dela.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza dela frogatzea.

3. Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakarra, epe luzera entitate juridikoaren benetako kontrola bere gain hartzeko moduan sartu beharko da. Horretarako, gazteak kontrol hori bere gain hartu duela ondorioztatuko da baldin eta, instalatu ondoren, bere partaidetza partaidetzarik handiena duen bazkidearen kapital soziala bezalakoa edo handiagoa bada eta ustiategiaren gobernu organoetan parte hartzen baldin badu. Kontrol hori enpresaren jokabide estrategikoari buruzko funtsezko erabakiak hartzearen gainekoa izanen da (negozio planak, aurrekontua, finantzaketa, etab.), onuradunarentzako konpromisoak indarrean dauden denbora osoan.

Elkarteek beren eraketa-agiria eskritura publiko batean jaso beharko dute, eta hartan adierazi beharko da nola banatzen diren partaidetzak eta haiek mantentzeko konpromisoa.

6. oinarria.–Enpresa plana.

1. Eskaerarekin batera enpresa plana aurkeztu beharko da, gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular, titularkide edo bazkide gisa instalatzeko prozesuaren oinarri izanen dena.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Instalazioaren egoera eta jardueraren hasieraren justifikazioa, 4. oinarriko 2. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Nekazaritzako ustiategian instalatzeko prozesuaren garapenerako faseen eta funtsezko helburuen deskribapena.

c) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, konparazio batera, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

d) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentziak: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

e) Bost urteren buruan, ustiategiak lortu nahi dituen helburuak, abiaburuko egoeran azaldutako parametroekin konparatuz, eta azken helburu hori lor daitekeela agerian jartzen duen azterlan ekonomiko bat, ustiategiaren bideragarritasuna bermatzen duena, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian jasotzen diren betebeharren arabera.

3. Enpresa planean gaztea jarduneko nekazari gisa aritzeko konpromisoa jasoko da, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

4. Enpresa plana prestatzeko, deialdi honen II. eranskinean jasotzen den aurkibidea erabiliko da, baita ezartzen den eredua ere. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskura daiteke eredua, izapideen katalogoko web orrian.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari gazteak instalatzeko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Laguntzen zenbatekoa 37.276 eurokoa da, guztira.

3. Prima bakarreko laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira. Azkeneko ordainketa egiteko, enpresa plana zuzen bete izana eskatuko da.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako araubidean emanen dira laguntza hauek. Aurkeztutako eskaerak alderatu eginen dira, horien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera, eta 100 puntu izanen da baloraziorik handiena:

a) Oinarri arautzaile hauen arabera aurkeztutako eskaera honekin batera, "nekazaritzako ustiategietako inbertsioak" izeneko neurrirako eskaera ere aurkezten baldin bada, eta onuraduna ustiategiko titular bakarra baldin bada edo "nekazari gazteak beren gain jartzeko" neurrira aurkeztu diren eskatzaileek besterik osatzen ez duten elkarte baten izenean aritzen bada: 40 puntu.

b) Instalazioa eskualde menditsuetan eta eskualde behartsuetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 15 puntu.

c) Enpresa planaren barneko jarduketa batzuk sailkatzen ahal baldin badira eraldakuntzan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko neurrietan, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren 1 b) puntuaren arabera, edo nekazaritzakoak ez diren enpresak sortzeko edo nekazaritzakoak ez diren jarduerak garatzekoetan, erregelamendu beraren 19. artikuluaren 1 a) ii eta 1 b) puntuen arabera: 10 puntu.

d) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, onuradunak parte hartu behar baldin badu aholkularitza eta prestakuntza neurrietan Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera: 10 puntu.

e) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, parte hartu behar baldin badu Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera: 10 puntu.

f) Enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, nekazaritzako ustiategiko titularra, aldi berean, lehentasunezko elkarte bateko bazkide den entitate bateko bazkidea ere bada: 5 puntu.

g) Laguntzaren eskatzailea emakumezkoa baldin bada: 5 puntu.

h) Enpresa planak aurreikusten badu Nafarroan ezarritako kalitate-araubideren batean parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera: 5 puntu.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Horrela ere berdinduta segitzen badute, eskatzaile zaharrenaren alde eginen da.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 10 puntu lortzea, balorazio irizpideetan aurreikusitakoen artetik.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa plana deialdian ezartzen den epean burutzea. Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 8. oinarriko 2. puntuan aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Enpresa plana aplikatzen hastea laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean. Horren ondorioetarako, enpresa plana hasi dela ondorioztatuko da gutxienez inguruabar hauetako bat gertatu bada eskaera aurkeztu ondoren, eta hura ez bada bideratu jardute-hasiera egiaztatzeko:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

c) 2017ko azaroaren 10erako, jarduneko nekazari gisa aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) 2017ko urriaren 1erako, behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzea, 4.c) oinarrian ezarritakoaren arabera, onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

e) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak egin dituela, hala lanean sartzearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

f) Laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak.

g) Ustiategiko teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Diru-laguntza jaso duen jarduera finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

11. oinarria.–Etorkizunean bete beharreko konpromisoak.

1. Hauek izanen dira etorkizunean bete beharreko konpromisoak: onuradunak bere gain hartzen dituenak, bost urtez haiei eusteko baldintzarekin, laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik hasita.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, etorkizunean bete beharreko konpromisoa da gaztea lanean sartzen den ustiategia jardutetik ez gelditzea. Konpromiso hori ez zaie aplikatuko ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Etorkizunean bete beharreko konpromisoa da, orobat, gaztea ustiategian sartu ondoren lortzen den ustiategiaren gutxieneko dimentsioari eustea, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

3. Balorazio irizpideei loturiko konpromisoak ere etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira, 8. oinarriaren arabera:

a) Nekazaritzako ustiategietako inbertsioetarako neurrian onetsitako inbertsio plana gauzatzea.

b) Ustiategia mendialdean eta eskualde behartsu batean mantentzea.

c) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategia izaten jarraitzea.

d) Lehentasunezko elkarte bateko bazkidea den entitate bateko bazkide izaten jarraitzea.

e) Parte hartzen jarraitzea 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera Nafarroan ezartzen diren prestakuntza eta aholkularitza neurrietan.

f) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan inplementatutako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera.

g) Parte hartzen jarraitzea 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera Nafarroan ezarritako kalitate-araubideetan.

5. Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da. 3. puntuko konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehaztu baldin bada haiek sartzea eskaeren hurrenkera finkatzeko balorazio irizpideetan parte hartzeko elementu gisa.

12. oinarria.–Laguntzen eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.navarra.es).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren eta NANaren/PINaren bidez. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 277/2015 Ebazpenak, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 20ko 72/2012 Ebazpena aldatzen duenak, ahalbidetzen du laguntza hau tramitatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren entitate laguntzaileen bidez.

3. Eskaerak enpresa planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira, 10. oinarriaren 1.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz, lanean bere gain hasi dela justifikatzeko erabiltzen direnak izan ezik.

4. Eskatutako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Enpresa plana, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

c) Behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza justifikatzeko, aski izanen da hiru aukera hauetako batean adierazten diren agiriak aurkeztea:

i) Nekazaritza arloko ikasketa titulu bat, erdi mailakoaren edo goi mailakoaren baliokidea.

ii) Nafarroako Foru Komunitatean homologaturiko edo aitorturiko prestakuntza entitateek emandako ikastaroak egin izana egiaztatzen duten agiriak. Ikastaroak, guztira, 250 ordutik gorakoak izan beharko dira.

iii) Nekazaritza enpresan sartzeko ikastaro bat egin dutela frogatzen duen ziurtagiria. Ikastaroa, gutxienez, 200 ikastordukoa izan beharko da.

5. Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lanean jartzen deneko entitatearen IFZren fotokopia, entitatea eratua badago.

b) Lanean jartzen deneko entitatearen eraketa eskritura aldatuak, nekazari gaztearen ekarpena eta hori bazkide edo partaide gisa sartzeko baldintzak adieraziko dituena, eta horrekin batera entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea eta bertan zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda.

6. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdiko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskabidea osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezteko unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduran eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da ebazpenean. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, "Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea" eta "Nekazari gazteak beren gain jartzea" izeneko neurrietan.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, espresua izanez gero, edo isiltasun administratiboz ofizioz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

16. oinarria.–Enpresa planen aurrerapenak egitea eta eskaerak aldatzea.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa planaren oinarrizko alderdiak nola garatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez, nola ustiategian bertan. Kontrolak epe hauek bukatu baino lehen eginen dira, betiere laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

–9 hilabetera:

Hasierako kontrola, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 4. puntuan ezarritakoa bete ote den egiaztatzeko. Horretarako, honako jarduketa hauetako bat justifikatzeko behar diren agiriak eskatuko dira, betiere ez badira erabili eskaera aurkeztearekin batera instalazioaren hasiera egiaztatzeko:

  • Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.
  • Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.
  • Eskaera bakarra aurkeztu izana (NPB).
  • Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

–15 hilabetera:

Tarteko kontrola, jarduketa hauetako bat justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.).

–27 hilabetera:

Kontrol honetan jarduketa hauek justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategiko sarrera.
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketari eta ingurunearekin duen harremanari (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.) buruzko agiriak.
  • Ustiategia bisitatzea, azken ordainketa egin aurretik, ustiategiaren elementuak egiaztatzeko.

Horren ondorioetarako, onuradunak ebaluazio horren unitate arduradunarekin kolaboratu beharko du, eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurreikusitako epeetan emanez eta ustiategira egiten diren bisitetan lagunduz.

2. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketaren bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, deialdian ezarritako enpresa plana bukatzeko epea baino sei hilabete lehenago.

b) Proposatutako aldaketa behar adina arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Enpresa plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

c) Kasu hauek aldaketa nabarmentzat hartuko dira:

–Ekoizpenaren orientazioa aldatzea, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

–Ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitzea edo kentzea, enpresa planean aurreikusitakoekin alderatuta.

3. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

4. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

–Aldaketa nabarmenak izanez gero, enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berberei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

–Aldaketak ez badira nabarmenak, enpresa planean behar bezalako doikuntzak eginen dira, eta espedientean horren berri jaso beharko da, txosten tekniko bat erantsita.

17. oinarria.–Enpresa plana gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa planaren hasiera: laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean.

b) Enpresa planaren exekuzioa bukatzea: 2017ko urriaren 1a.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2017ko urriaren 1a.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, jarduneko nekazaria dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2017ko azaroaren 10a.

2. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; hura Nafarroako Gobernuaren web orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.navarra.es). Hala ez aurkezteak dagokion urtekoa galtzea ekarriko du.

3. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko egiaztagiriak erantsi beharko dira.

18. oinarria.–Laguntza ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2016ko eta 2017ko ekitaldietan.

2. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–2016. urtean: laguntza emateko ebazpenaren egunetik 9 hilabete igaro baino lehen. Enpresa plana hasi dela egiaztatu ondotik ordainduko da.

–2017. urtean: urriaren 10a baino lehen, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, jarduneko nekazari gisa aritzearena barne.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezkoak diren ordainketak baimenduko ditu, eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren ordainketa eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, enpresa plana bukatu eta zuzen gauzatu dela egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

19. oinarria.–Murrizketak eta salbuesteak ordainketetan.

1. Laguntza emateko ebazpenaren egunetik bederatzi hilabetera onuradunak aurkeztu ez baditu ordainketa eskaera eta jardueraren hasiera justifikatzeko agiriak, edo instrukzio organoak egiaztatzen badu hasiera hori ez dela eraginkorra, espedientea deuseztatuko da.

2. Enpresa plana gauzatzeko epea bukaturik egiaztatzen bada plana ez dela bete edo onuradunak hartutako konpromisoak ez direla bete, azkeneko ordainketa deuseztatuko da.

Honako kasuetan, enpresa plana ez dela bete ondorioztatuko da:

–Enpresa plana aplikatu ondoren, ustiategiaren onargarritasun irizpideak betetzen ez badira, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Oinarri arautzaile hauen 10. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen ez badira.

3. Azken ordainketa egin aurretik, egiaztatzen bada aldatu direla eskaeren hurrenkera finkatzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, eta puntuazio baxuagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du, eta jasotako diru guztia itzuli beharko du, legez ezarritako interesak barne.

4. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatzekoak izanen baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

20. oinarria.–Etorkizunean betetzeko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauen 11. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurrerago bete behar diren konpromisoak bete ezik, azken ordainketan jasotako laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra ezartzen ahalko da.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, azken ordainketan jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze interesak ere:

a) 11.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ondoren, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo horrelako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa, betiere onuradunak entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetzaren arabera ustiategian egokitzen zaion zatia berak jarritakoa bezalakoa edo handiagoa bada eta sartzen deneko entitatea lehentasunezko nekazaritzako ustiategia baldin bada.

b) 11.3 oinarrian ezarritako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, balorazio irizpideei lotuak daudenak, jasotako laguntzaren %50 galduko da azkeneko ordainketaren ondoko lehenengo urtean gertatzen bada, eta hurrengo urteetako batean gertatuz gero, %25.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak modu nabarmenean ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen ezbeharrezko suntsiketa.

f) Epizootia edo landare eritasuna, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Onuradunak edo eskubidedunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

22. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Enpresa planaren aurkibidea

1.–Identifikazioa.

2.–Nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren deskribapena.

2.1. Abiapuntuko egoera.

a) Hasierako egoeraren deskribapena.

2.2. Sektorean sartzeko prozesua.

a) Sektorearekin duen lotura.

b) Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean sartzean dituen helburuak.

c) Instalazio proiektuaren deskribapen zehatza.

d) AMIA analisia.

e) Laguntzak aldi berean aurkeztea.

f) 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren neurri hauen barnean sartzen diren jarduketak ezartzea.

2.2.1. Antolaketa eta giza baliabideak.

–Antolaketa:

a) Nekazaritzako ustiategian instalatzeko prozesuaren jarduerak garatzeko gakoak.

a.1) 9 hilabetera.

i) Egin beharreko jardueraren deskribapena.

a.2) 15 hilabetera-Enpresa planaren aurrerapenen segimendua.

i) Egin beharreko jardueraren deskribapena.

a.3) Deialdian ezartzen den egunean, enpresa planaren exekuzioa bukatzeko.

i) Jarduneko nekazari bihurtzeko konpromisoa.

ii) Egin beharreko jardueraren deskribapena.

iii) Jardueraren egutegia eta azken egoera lortzeko plangintza.

iv) Input eta output-en balorazioa.

–Giza baliabideak.

a) Pertsona fisikoen kasuan.

b) Pertsona juridikoen kasuan.

c) Lanaldiaren deskribapena.

2.2.2. Salmenta eta merkaturatze jarduerak.

2.2.3. Jardueraren egutegia, arlo hauetan: prestakuntza, aholkularitza, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, ekoizpen ekologikoa, eta kalitatezko araubideak.

2.3. Bukaerako egoera.

a) Bukaerako egoeraren deskribapena.

b) Ustiategiak hurrengo 5 urteetan izanen duen bilakaera.

3.–Ustiategiaren bideragarritasuna diagnostikatzeko laburpen-taula.

4.–Agiri osagarriak.

Iragarkiaren kodea: F1510734