165. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

515/2015 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira nekazari batasunen ustiategiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia, ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurriarekin bat, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horren barnean nekazaritzako ustiategien modernizazioaren sustapena dago, ustiategi horietako aktibo fisikoetan inbertsioak egiten laguntzeko neurrien bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak arautu zuen nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntuan zehazten zena, nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetu beharrei buruz.

Aipatutako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezartzen dira laguntzaren gehieneko portzentajeak, eskualde motaren, onuradunaren izaeraren edo proiektu motaren arabera.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak neurri hori barne hartzen du. Haren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeko eta haietan parte hartzeko tenorean; lehentasun horiek bideraturik daude hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta bateratzailea erdiesteko Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen xedeak lortzera, eta islatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluak jasotzen duen “esparru estrategiko amankomunari” dagozkion helburu tematikoak. Haren bidez xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenarerako laguntzari buruzko 1305/2013 (EB) Erregelamendua esparru juridikotako ezarri da, eta orobat hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 4ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta ordainketa zuzenei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen helburuetako bat da onura publikokoak deklaratutako tokietan bultzada ematea nekazarien sozietateek gauzatu ditzaten lurzatietan ureztapenerako instalazioetan egiten diren inbertsioak, lurrak amankomunean ustiatzeko, eta, hala, ureztatzeko azalera handiagoak eta unitate gehiago lortzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Lur Ureztatuen Planean sartutako ureztapenetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen arabera deklaratu ziren onura publikoko tokiak, eta 1/2002 Foru Legearen 41., 44. eta 45. artikuluetan definitzen dira aipatutako sozietateak.

Halaber, Nafarroako Gobernuak 2015aren martxoaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen “Nekazaritzaren eta elikaduraren arloan kooperatibetan integratzea sustatzeko esparru estrategikoa, Nafarroako Foru Komunitaterako, 2014-2020 aldirako”. Erabaki hartan konpromisoa hartzen zen behar ziren arau xedapenak eman zitezen, esparru estrategikoan jasotako jarduketak abiarazteko.

Ildo beretik doa abuztuaren 2ko 13/2013 Legea, nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatiben eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzekoa. Hala, hitzaurrean aitortzen du ezen, hertsiki nekazaritzakoa den jardueraz gain, kooperatibek landa ingurunean duten ezarpenaren arabera jarduten dutela, kasu honetan jabeek ekarritako lurrak elkarrekin ustiatuz, eta, hala, horrek laguntzen du populazioa landa ingurunean finka dadin. Legeak ezartzen dituen sustapen politikak ardazten dira Landa Garapeneko Programetan aurreikusitako laguntzak eta diru-laguntzak lehenestera bideratutako neurrietan, hain zuzen ere beren lurralde eremuan dauden jarduketetarako, betiere egoki diren arauekin bat eta Europako eta lehiari buruzko araudiak errespetatuz.

Horregatik, eta lehentasunezko helburu horiei aurre egiteko, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomiko berariazko bat erabiltzea lurzatietan ureztapenetarako inbertsioak egiteko, hain zuzen ere nekazari batasunen ustiategi horiek egin ditzaten.

Azkenik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean. Foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak ordaintzen dituen erakundea Nafarroako Foru Komunitatean baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Azken xedapen horrek, berriz, ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko maiatzaren 6ko Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman dio 2016ko ekitaldian laguntza hauek finantzatzeko gastu konpromisoa hartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, “Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenetarako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian, I. eranskinean azaldu bezala, baita ebazpen honen II. eta IV. eranskinetan azaldu bezala ere.

2. Deialdiaren onespena.

“Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko laguntzen deialdia onesten da, inbertsio horiek jasota baitaude “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian, 2015eko ekitaldirako, aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin bat.

3. oinarria. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 700.000,00 euroko gastua baimentzen da, 2016an, 2015. urtera luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako honako honen kargura: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 72230 7700 412102 kontu-saila. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

4. 2015eko ekitaldiko deialdian eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Aplikatzeko baldintzak.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurria. Hortaz, programa onetsirik ez dagoen bitartean ez dira laguntza hauek esleituko. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunak aintzakotzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak berarekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarriak aldatzea.

6. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduko zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan zerrendatutakoak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, indarrean baldin badaude deialdi honek indarra hartzen duenean.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko uztailaren 17an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da “Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko laguntzak arautzea, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenarako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005(EB) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoari jarraiki, neurri honen helburu orokorrak dira nekazaritzako ustiategien errendimendu orokorra hobetzea, eta horien jasangarritasuna erraztea.

2. 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunen alde argi eta garbi egiten dutenez, helburu estrategikotzat jotzen da nekazaritzako profesional kualifikatuak jar daitezela, behar adinako tamaina duten eta bideragarriak eta jasangarriak diren familia-ustiategietan, batez ere baldin profesional horiek jardueraren ikuspegi kolektiboa ekartzen badute, elkarteak sortuz eta horietan parte hartuz, zeinek balioa erantsiko baitute, bai enpresa bera egonkortzeagatik, bai oinarri duten lurraldearekiko loturarengatik.

3. Ustiategiaren errendimendu orokorra eta Batasunaren lehentasunak lortzeko oinarri izateagatik, interes handieneko eragiketa-helburutzat hartzen dira, besteak beste, honako hauek (zerrenda ez da zehatz-zehatza):

a) Inputak erabiltzean efizientzia hobetzea, bereziki uraren eta energiaren erabileran.

b) Nekazaritza sektorean enplegua mantentzea eta sortzea.

c) Lan eta osasun baldintzak hobetzea.

4. Finantza baliabideak optimizatzeko eta foku batean biltzeko, efizientzia eta eraginkortasun irizpideekin, erabaki da baliabide horietako batzuk erabiltzea inbertsioen sustapenean, lurzatian ureztatzeko ekipamenduetan, 7/1999 Foru Legearen arabera onura publikokoak direla deklaratutako tokietan, ezaugarri hauen arabera:

–Lurra elkarrekin ustia dadila lortzea, jabeak elkartuz, horrek eskalako ekonomia eraginda.

–Urezta daitekeen azalerarik ahalik handiena har dezatela inbertsioek, betiere Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean jasotako ustiatzeko oinarrizko azaleren araubidea errespetatuz.

–Ahalik eta kide gehien elkartzen dituzten entitateek egitea inbertsioak, horrek onura soziala ekartzen baitu, elkartu ezean zaila izanen bailitzateke inbertsioak banaka egitea.

–Inbertsioek, azalera handiagoetarako ekipamendua elkarrekin ezarririk, energia efizientzia eta uraren aurreztea optimizatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Inbertsioak Nafarroan egiten dituzten pertsona juridikoak dira neurri hauen xede, onuradun izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak, eta aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko hitza ematen dutenak.

4. Oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona juridikoak izan daitezke onuradunak:

a) Elkarte direnak Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 41., 44. eta 45. artikuluen arabera, edo nekazaritzako kooperatiba direnak Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65, 1, a) eta b) artikuluaren arabera.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea.

c) Jarduneko nekazari gisa sailkaturik egotea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarretako batean ere ez egotea, onuradun izatea eragozten badu.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

5. Oinarria.–Ustiategiak onartzeko irizpideak.

Nekazaritzako ustiategien titularrei laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da, ustiategiek onartuak izateko irizpide hauek bete ditzatela, laguntza eskaera aurkezteko unean:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

b) 10 eta 950 bitarteko Europako Dimentsio Unitate tamaina izatea, biak barne.

c) Behar den azterlan tekniko-ekonomikoaren bidez bideragarritasun ekonomikoa frogatzea, aurkeztutako inbertsio plana aplikatuz gero.

6. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gain, inbertsio planak frogatu beharko du ustiategiaren errendimendu orokorra handituko dela, hots, aurrerapen bat izanen dela honako hauetan: hobekuntza ekonomikoarekin lotutako alderdiren bat, inputen eta energiaren erabileraren efizientzia, enpleguaren mantentzea edo handitzea, kalitate sistemetan sartzea, jarduerak dibertsifikatzea, ingurumenaren zainketa, laneko segurtasuna, etab., oinarri arautzaile hauen 2.3 oinarrian azaldutako ildotik.

3. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza azaltzea.

–Ustiategiari atxikiriko laneskuaren zerrenda sailkatu eta zenbatua: soldatapekoa, finkoa, aldi baterakoa.

–Azalera eta batez besteko errendimenduak ekoizpen jarduera bakoitzean.

–Abelburuak, espezieen arabera, eta, hala denean, batez besteko errendimenduak.

–Jarduera bakoitzaren ekoizpen gordina.

–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.

b) Ustiategiko bukaerako egoeraren azalpena, abiapuntuko parametroen aipamen konparatiboa barne, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu eta haren bideragarritasuna bermatzen dituena.

c) Egin asmo diren inbertsioen azterketa, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta, eta abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentziarena. Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu justifikazio teknikoak eta agiri bidezkoak, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko beharrezkoak, oinarri arautzaile hauetako 7. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin bat.

d) Kostuen apaltzea aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 14. oinarriko 1.b puntuaren araberako inbertsioetarako.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta fase bakoitza burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, hasteko aurreikusitako eguna barne.

f) Proiektatutako inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da ingurumenaren gainean aurreikusitako eraginaren ebaluazio bat, honelako inbertsioetan aplikatzekoa den araudiarekin bat (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea).

4. Inbertsio plana prestatzeko, deialdi honen IV. eranskinean jasotako indizea erabiliko da, baita ezarritako eredua ere. Nafarroako Gobernuaren atarian lor daiteke eredua, tramiteen katalogoko web orrian.

7. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1. Nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute inbertsioek. Horretarako bideratuko da oinarri arautzaile hauetako 2.3 oinarrian zehaztutako helburu baten edo gehiagoren lorpena.

2. Inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.

3. Eskaeraren xede diren inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoren hasitako inbertsioek, fakturek, albaranek eta gastuek baizik ez dezakete jaso laguntza, salbu oinarri honen 5, c) atalean aurreikusitako kasuan.

Honi dagokionez, laguntza eskaera erregistratu ondoan, instrukzio organoak agerraldia eginen du ustiategian, inbertsioak ez direla hasi egiaztatzeko, inbertsio horien kokapen geografikoa zehazten ahal denetan.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko instalazioak eta ureztalurrak modernizatzea, baldintza hauek betetzen badira:

–Oro har, 1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotakoak.

Horri dagokionez, honako hau justifikatu beharko da eta memoria baloratuan sartu, ureztapen instalazio bakoitzerako, III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera:

i) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea inbertsioaren barnean, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

ii) Aurretik baden ureztapen instalazio bat modernizatu behar bada, frogatu behar da hobekuntzak ura aurreztea ahalbidetzen duela, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %5, oraingo instalazioa kontuan hartuta.

iii) Azalera ureztatua modu garbian handitu nahi bada, frogatu beharko da betetzen direla 46. artikuluaren 5. puntuko errekerimenduak, ur masaren egoeraz eta inbertsioak ingurumenari dakarzkion ondorioez den bezainbatean.

–Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen babeseko inbertsioen kasuan, lege horren 54. eta 55. artikuluetan jasotako baldintzak betetzea, finantzazioarekin hornitu beharreko gehieneko azalerari dagokionez.

Horri dagokionez, laguntzaren eskatzailea nekazaritzako elkarte entitatea bada, aipatu legearen 41., 44. eta 45. artikuluekin bat definiturik, bere inbertsio planean justifikatu beharko du artikulu horietan jasotako baldintzak betetzen direla.

Betiere, inbertsio horiei aplikatuko zaizkie 1/2002 Foru Legearen 51. eta 52. artikuluetan ureztatzeko oinarrizko azalera gainditzeaz eta kasuan kasuko ureztapen unitaterako diseinu orokorreko baldintza teknikoei lotzeaz ezartzen diren baldintzak.

b) Eskaeraren xede diren ureztapen instalazioak zer lurzatitan kokatuko diren, horietan bakarrik egindako jarduketak, finkak hobetzeko, II. eranskineko “Finkak hobetzea” izeneko atalean jasoak.

c) Aitzineko ataletan sarturiko gastuei loturiko kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotuak, bideragarritasun azterketak barne. Betiere, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren %12ko muga ezarri da atal honetarako.

6. Ez dira diruz laguntzen ahal eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) Ordezte hutsak diren inbertsioak, salbu ordeztu beharreko ekipamenduak 10 urte baino zaharragoak badira.

b) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

c) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, gauzatan nahiz zerbitzutan.

d) Onuradunaren inbertsio edo partaidetza finantzarioak, kide direneko Ureztatzaile Elkarteak sustatutako interes orokorreko obretan.

e) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, eskualdatzeko prozedura edo era edozein delarik ere, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute.

f) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen gastu orokorretan jasotako etekin industriala.

Zortzigarren oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak kapitaleko zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Diru-laguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 100.000 euro ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, gehienez ere 800.000 euro.

b) Diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 15.000 euro.

Kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren kalkulatuko dira zenbateko horiek, inbertsio plana oinarri hartuta.

c) Gehieneko laguntza espedienteko: 300.000 euro.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza, 2014-2020 programazio aldian: 800.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

3. Gastu hautagarrien gainean, laguntzaren portzentajea %30 izanen da gehienez ere.

4. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen portzentajeak, aurreko puntuan seinalatutako mugekin, honako baremo honen arabera kalkulatuko dira:

a) Gutxieneko portzentaje orokorra: %25. Portzentaje hori handitu ahal izanen da, ondoko ataletako inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Inbertsioak mendialdean edo eskualde behartsuetan dauden ustiategietan gauzatzen badira: %5.

c) %5eko gehikuntza, onuradunek honako bi konpromiso hauek beren gain hartzen dituztenean, edo %2koa, bakarra hartzen dutenean:

–Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatzaileari Aholku Emateko Zerbitzuak ureztapeneko uraren erabilerari, efizientziari eta kontsumoari buruz ematen dituen ikastaroetara joatea. Inbertsio plana gauzatu delako azken ziurtagiriaren aurretik eginak behar dira.

–1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera onartutako prestakuntza entitateek nekazaritzako enpresa kudeatzeari buruz ematen dituzten ikastaroetara joatea. Inbertsio plana gauzatu delako azken ziurtagiriaren aurretik eginak behar dira.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako araubidean emanen dira laguntza hauek. Aurkeztutako eskaerak alderatu eginen dira, horien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera, eta 140 puntu izanen da baloraziorik handiena:

a) Onuraduna elkartea baldin bada, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 41., 44. eta 45. artikuluen arabera: 35 puntu.

b) Onuraduna nekazaritzako kooperatiba baldin bada, Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65, 1, a) eta b) artikuluaren arabera, eta aurreko atalaren barnean ez badago: 25 puntu.

c) Lehentasunezko gisa sailkatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrek egin badituzte inbertsioak: 10 puntu.

d) Inbertsioak mendialdeko edo eskualde behartsuetako ustiategietan gauzatzen badira: 15 puntu.

e) Onuraduna lehentasunezko elkarte gisa sailkatutako nekazaritzako kooperatiba bat bada, 13/2013 Legearen arabera, edo lehentasunezko elkarte baten kide bat: 10 puntu.

f) Laguntza espedientea pertsona juridiko batek eskatzen baldin badu eta hartan gobernu organoen %30 gutxienez emakumeen esku badaude: 10 puntu.

g) Ureztalur bihurtzeko inbertsioa eskatzen bada eta ureztapena abian dela dioen adierazpena 2015eko urtarrilaren 1aren aurrekoa bada: 20 puntu.

Aurreko atalean jaso gabeko jarduketa-toki baterako eskatzen bada inbertsioa, eta baldin Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berrantolamenduaren erabakia onetsi zenetik iragandako denbora honako hau baino txikiagoa bada:

–Urtebete: 20 puntu.

–Bi urte: 10 puntu.

–Hiru urte: 5 puntu.

Baldin inbertsio planak aurreko bi lerroaldeen araberako jarduketak baditu, eskatutako azalera handienari dagozkion baldintzen arabera emanen da puntuazioa.

h) Baldin onuradunak parte hartzen badu Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurri batean, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera: 5 puntu.

i) Baldin onuradunak parte hartzen badu Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateek ematen duten aholkularitzari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera: 5 puntu.

f) Baldin onuradunak parte hartzen badu Nafarroan ezarritako kalitate araubideei buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera: 5 puntu.

3. Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du puntu gehien duenak a), b), c), d), e) edo f) ataletan eta ondorengoetan, zerrenda bukatu arte.

Berdinketak irauten badu, bazkide gehien dituzten pertsona juridikoek izanen dute lehentasuna. Berdinketak irauten badu, berrikien sortutakoak izanen du lehentasuna.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatutako irizpideen arabera balorazio handiena lortu duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 50 puntu lortzea, balorazio irizpideetan aurreikusitakoen artetik.

3. Baldin deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntzak emateko, ezetsi eginen dira ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) 2016ko urriaren 1a baino lehen gauzatzea inbertsio plana, galarazi gabe justifikatutako arrazoiengatik onar daitezkeen luzapenak. Luzapen horiek ezin iraun dute uneko aurrekontuaren ekitaldiak baino gehiago.

Betebehar honek berarekin dakar 8. oinarriko 4.c puntuko ikastaroak egitea, baldin laguntzaren portzentajea handitzeko edo baremoko puntu gehiago lortzeko erabili badira.

b) Azkeneko ordainketa ebatzi arte, 4. eta 5. oinarrietan ezarritako beharkizunei eustea, baita 9. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei eustea ere.

c) 12. oinarriaren arabera etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera, edo hiru urtez, baldin onuraduna Enpresa Txiki edo Ertaina bada.

d) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

e) Laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

f) Ustiategiko teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

g) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

h) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) 50.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen plaka bat paratu beharko du.

Plaka horretan proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, honako orri honetan aurkeztutako arau grafikoekin bat: http://europa.eu/about-eu/basic-information/symbols/flag/index_es.htm; eta, horrekin batera, honako lema hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

k) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauek hala ezarritako kasuetan.

l) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko behar den erregistro ofizialean inskribatuko dira.

2. “Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko laguntzen eskaerak aurkezteak berarekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

12. oinarria.–Etorkizunean bete beharreko konpromisoak.

1. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, Enpresa Txiki eta Ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak izanen dira, oro har, era guztietako espediente eta onuradunentzat, honako inguruabar batean ez dagoena:

–Ekoizpen jarduera bertan behera uztea, edo programatik kanpoko beste toki batera eramatea; edo

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementu baten jabetzaren aldaketa; edo

–Funtsezko aldaketa bat, eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, halako moduz non jatorrizko helburuak kaltetzen dituen.

Konpromiso hori ez zaie aplikatuko finantza tresnek egin edo jasotako ekarpenei, ezta bestelako eragiketei ere ekoizpen jarduera bertan behera uzten delarik iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Etorkizunean bete beharreko konpromisoa izanen da, laguntzaren tamainari lotua, ustiategia mendialdean edo eskualde behartsuan egon beharra.

4. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak izanen dira 9. oinarriaren araberako balorazio irizpideei lotuak:

a) Gobernu organoetan kideen %30 emakumeak izaten jarraitzea.

b) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera.

c) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateek emandako aholkularitza neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera.

d) Parte hartzen jarraitzea Nafarroan ezarritako kalitate araubideei buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera.

5. Ulertzen da pertsona onuradunak hartutako konpromisoa dela aurreko 2. puntuko konpromisoa. 3 eta 4. puntuetako konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehazki sartu badira, laguntzaren intentsitatea handitzeko edo eskaeren hurrenkerarako balorazio irizpideetan parte hartzeko.

13. oinarria.–Eskaerak eta agiriak.

1. Hartarako ezarritako atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.navarra.es).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren eta NANaren/PINaren bidez. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 277/2015 Ebazpenak, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 20ko 72/2012 Ebazpena aldatzen duenak, ahalbidetzen du laguntza hau tramitatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren entitate laguntzaileen bidez.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

b) Inbertsio plana, 6. oinarrian ezarritakoaren araberakoa.

c) Ureztapena hobetzearen eta ezartzearen memoria baloratua, III. eranskinaren araberakoa. Proiektuen Nafarroako Gobernuaren gordetegiaren bidez (KONTSIGNA) erantsiko da memoria hori, eta kontsultarako kodea sartuko da eskaeran.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkez dezake deialdiko.

5. Onuradunak ezin izanen ditu sartu deialdi honen babespeko inbertsioak “Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak” egiteko laguntzetarako aldi berean egiten den deialdian. Halakorik gertatuz gero, deialdi honetan aurkeztutakoa ebaluatuko da bakarrik, eta “Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak” egiteko laguntzen deialdian aurkeztutakoak ez hautagarritzat hartuko dira.

14. oinarria.–Kostuak apaltzea.

1. Batzordearen 2809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak exijitzen dute proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, inbertsio planean kostuak apaltzearen printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, instrukzio organoak ondoko sistema hauek erabiliko ditu:

a) II. eranskinean jasotako moduluen aplikazioa (“Inbertsio moduluak”).

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskatzaileak aurkeztutako hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da. Halakoak aurkeztu behar dira baldin zenbateko hauek gainditzen badira:

  • 30.000 euro, obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo
  • 12.000 euro, ekipo ondasunez hornituz gero, edo
  • 12.000 euro, aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean.

Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hau behar bezain justifikatua egonen da eskaerarekin batera eransten den inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta hango bi teknikarik osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Orobat, batzorde horren erabakia justifikatua izanen da baldin eta ondasunen prezioak egiaztatzen badituzte, onuradunaren jarduketari dagokion merkatu logiko batean.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluaziokoa, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, esleitu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordaindu aurretik. Halaber, egiaztatzea eginen da baldin onuradunaren eskaeran aldaketak egiten badira.

4. Kostuen apaltzea zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak (proformako fakturak, aurrekontuak...) sartuko ditu inbertsio planean eta/edo egoki den ordainketa agirian, legez eska daitekeen informazio guztiarekin, agiria emateko betebeharra duenaren identifikazio-datuei buruzko informazio egiazkoa eta azalpen zehatz bat, adierazten dituena eman beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan gaitasuna, tamaina, etab.

5. Onuradunak aurkeztutako agiriak ez badira nahikotzat jotzen, kostuen apaltzea behar bezalako bermez aplikatu ezin zaien ondasunek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

16. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskabidea osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela. Horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitetatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioen aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak, oinarri arautzaile hauen arabera.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduran eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da onuradunek horiek eskuratzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egoen dira beti.

3. Diru-laguntza jasoko jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da ebazpenean. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan”, “Ustiategien bideragarritasuna hobetzeko” delako neurrian.

6. Diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan prozedura ebazteko epea bukaturik, edo deialdiak ezarritako epean, berariazko ebazpenik eman ez bada, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ofizioz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

18. oinarria.–Inbertsio plana aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako inbertsio planean aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hau, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baina hiru hilabete lehenago.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbeste arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna,

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmen gisa sailkatuko dira honako kasu hauetan:

a) Ustiategiko ekoizpenaren ildoa aldatzen bada, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

b) Ustiategiko ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, aurreikusitakoekin alderatuta, inbertsio plana aplikatu ondoren.

c) Onetsitako inbertsio planaren barneko elementuak handitzen, gutxitzen edo kentzen badituzte, diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbateko osoaren %30 baino gehiago aldatuz, eta aldaketa horrek 5.000 euro gainditzen baditu.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketen onespena. Onetsita ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

–Aldaketa nabarmenak izanez gero, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz, baita kostuak apaltzeko irizpide berei ere. Behar izanez gero, laguntza doitu beharko da.

–Aldaketak nabarmenak ez badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

19. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak eskatzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du 2016ko urriaren 10a baino lehen. Hartan, honako hauek jasoko dira: inbertsioen bukaeraren komunikazioa, horiek gauzatu izanaren justifikazioa eta laguntzaren xede diren kontzeptuengatik egindako ordainketen gauzatzea, eta, behar denean, inbertsio planaren arabera eska daitezkeen ordainketen gauzatzea. Fakturak eta/edo frogagiri gisa baliokideak diren agiriak erantsi beharko dira, eta diruz lagun daitezkeen gastu eta inbertsio guztiak ordaindu izanaren frogagiriak ere bai.

2. Hartarako ezarritako formularioaren bidez egin beharko dira ordainketa eskaerak; formulario hori tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren web orrian.

20. oinarria.–Laguntzak ordaintzea.

1. Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuen jarduera burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko jarduera burutua dagoela frogatu denik harik eta inbertsio plana bukatu dela frogatu arte eta ordainketa frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko entitate onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezkoak diren ordainketak baimenduko ditu, eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitetatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren ordainketa eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien baitan, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

4. Baldin instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen bada beheranzkako desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaeraren aldean, hurrengo oinarrian aurreikusitako murrizketa eta salbueste irizipideak aplikatuko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. Inbertsio plana ezarritako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, 11. oinarriaren a) letrarekin bat, laguntza galdu eginen da.

Behar den epean ikastaroak ez egitearekin loturik baldin badago ez-betetze hori, laguntza doitu eginen da, azkeneko ordainketaren unean egoki den portzentajearen arabera.

2. Hamaikagarren oinarriko b) letrako konpromisoa ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, laguntza galdu eginen da, salbu ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada; hala izanez gero, laguntza ez da ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

3. Baldin eta, behin inbertsio plana gauzaturik, diru-laguntza jaso dezakeen inbertsio gauzatua onetsitakoaren %70 baino txikiagoa bada, egiaz gauzatutako inbertsioari egokituko litzaioke ordaintzen den zenbatekoa, eta %10eko penalizazioa izanen du, doikuntza egin ondoko laguntzaren gain kalkulatuta, betiere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste badu oraindik ere baliozkoak direla gauzatutako planak, bai teknikoki bai ekonomikoki.

4. Diru-laguntzaren ordainketa eskaerarekin loturik, honako murrizketa hau aplikatuko da:

a) Ordainketa eskabidearen zenbatekoa onargarritasun azterlana egin ondoren ateratzen den zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere gutxituko entitate onuradunak frogatzen badu ez dela diru-laguntzaren xede izaterik ez duen zenbatekoa sartzearen erantzulea.

b) Esleipen eskaeran aipatutako elementu bakoitzak jaso beharreko laguntzaren oinarrizko kalkulua egiteko agiriak emateko, horretarako ezarritako formularioa aurkeztu beharko da ordainketa eskaerarekin batera. Web orrian dago eskura, tramiteen katalogoan.

5. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatzekoak izanen baldin entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiak gertatu direla, hurrengo oinarriaren 3. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Espediente baten bidez egiaztatzen bada entitate onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, entitate onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

22. oinarria.–Etorkizunean betetzeko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako etorkizunerako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutza interesak ere.

a) 12.2 oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, ezarritako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

i) Ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada, edo programatik kanpoko beste toki batera eramaten: jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

ii) Diru-laguntzen inbertsioen jabetza aldatzen bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagatze, alokatze edo antzeko sistema baten bidez: ondasun horregatik jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

iii) Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, halako moduz non jatorrizko helburuak kaltetzen dituen: jasotako laguntzaren %100 itzultzea. Funtsezko aldaketatzat hartuko da baldin azkeneko ordainketaren unean zeuden Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

b) Mendialdeko edo eskualde behartsuetako ustiategien kokapena beren horretan gelditzea.

c) Egiaztatzen bada mendialdean kokatutako ustiategi izaera konpromisoko lehenbiziko urtean galdu dela, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15.

Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak ez badu Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten.

d) Egiaztatzen bada ez dela bete, pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakume izaten jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %20 galduko da, salbu konpromisoa betetzea, materialki, ezinezkoa izan bada.

e) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

f) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateek emandako aholkularitza neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

g) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroan kalitate araubideei buruz 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera ezarritako neurrian, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla :

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

f) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak modu nabarmenean ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen ezbeharrezko suntsiketa.

f) Epizootia edo landare eritasuna, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Onuradunak edo eskubidedunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradun diren pertsonek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskuratu, salbu hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa.

24. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

KONTZEPTUA

EUROAK/UNITATEA

FINKAK HOBETZEA

1.–Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2.–Ubideak garbitzea/m³ (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3.–Lur-erauzketa eta bulldozerrarekin garraiatzea, hainbat distantziatara/m³

0,68

4.–Lur-erauzketa pala kargatzailearekin eta kamioiarekin garraiatzea, finkaren barnean/m³

1,70

5.–Lur-erauzketa beldar-traktorearekin eta are-makina motordunarekin garraiatzea, finkaren barnean / lur m³

1,25

6.–Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean / lur m³

0,85

7.–Arroka-erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere/m³

22

8.–Zangak, putzuak, etab. hustea/m³

13

9.–Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea/m³

2

10.–Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako euro/m.l.

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euro/m.l.

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euro/m.l.

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

11.–PVCko lurpeko hodia, finkan noizean behin sartutako ura ateratzeko euro/m.l.

16

12.–Luberritzeak eta sasi garbiketak

12.1. Lur ez sasitsua/ha

500

12.2. Lur sasitsua/ha

1.070

12.3. Sasi-garbitzea, %50etik beherako sastraka dagoela (hektareako)

230

12.4. Sasi-garbitzea, %50etik gorako sastraka dagoela (hektareako)

440

UREZTAPENAK ORO HAR

1.–Irazgaizte naturaleko ureztatzeko putzuak, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondak egitea, inguruko hesitura, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

11

2.–Irazgaizteko xafla elastikoko ureztatzeko putzuak, xafla geotestila, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondatzea, inguruko hesitura, hainbat hormigoiztatze, hondoko hargunea, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

16

3.–Ura hartzeko azaleko putzua, honako hauek barne: hartxintxarra, hormigoizko eraztunak (gehienez 2 metroko diametrokoak) eta estalkia/metroa (sakon)

255

4.–Ureztapeneko etxola, zolata barne/m²

600

LURZATIKO EKIPAMENDUA NEKAZARITZAKO INTERES PRIBATUKO UREZTAPEN INSTALAZIOETARAKO

1.1. Aspertsiozko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euro/ha)

–Azaleko instalazioak < 2 hektarea

4.200

–Azaleko instalazioak >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea

3.700

–Azaleko instalazioak >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea

3.300

–Azaleko instalazioak >= 10 hektarea

3.000

1.2. Aspertsiozko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha

2.600

2.–Tantakako ureztapena (euro/ha)

2.400

3.–Pibotaren bidezko ureztapena,150 metro baino gutxiagoko erradioa duenean edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duenean (hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

4.–Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metroko erradioa edo handiagoa duenean eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duenean. (Pibotaren metro linealeko)

200

5.–Ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena

5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa. (Hektareako) Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

5.2. Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (a+b)

a) Pibotak ureztatutako azalerarako. (Pibotaren metro linealeko)

200

b) Izkinetako estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda. (Hektareako)

4.700

5.3. Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, diruz laguntzen ahal den aurrekontua kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal baino erradio handiagoa duten piboten erradioen batuketa, betiere horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, haien azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 5.2.b ataleko kopurua aplikatuko zaio

Aurrekoen konbinazioak

6.–Ureztapena alboko aitzinamenduaren bidez

6.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

6.2. 6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzagatik)

5.800

7.–Hipodromo bidezko ureztapena

7.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

7.2. 7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzagatik)

10.300

III. ERANSKINA

Memoria baloratuaren fitxa

a) Memoria baloratu batek oro har jaso behar duen informazioaren atalen zerrenda, gehiago izan badaitezke ere:

1.–Memoriaren xedea.

2.–Aurrekariak.

3.–Jarduketen azalpena:

–Jardueraren/obraren deskribapena.

–Erabilitako materialak.

–Kokapena (poligonoa, lurzatia eta udalerria), kontzeptu bakoitzarena.

4.–Jarduketen balorazioa (aurrekontua):

–Neurketak.

–Prezioen taula: unitate balioa (euro/neurketa unitatea).

–Aurrekontua eta neurketak: kontzeptuaren zenbateko osoa.

5.–Proformako fakturak edo aurrekontuak, kasuan-kasuan dagokiona.

6.–Lurzatien zedulak; egin beharreko jarduketak bertan marraztuko dira, ahalik eta zehaztasun handienaz.

7.–Ingurumen ukipenen azterlana/Eraikuntzaren hondakinen kudeaketa, kasuan-kasuan dagokiona.

8.–Inbertsioen laburpen taula (obra eta/edo jarduketaren osagaiak eta horien balorazio ekonomikoa).

b) Memoria baloratua lurzatietan ureztapena jartzeko bada, kasuan kasuko ataletan jarraian adierazten den informazioa jaso beharko da:

Oro har, eta 1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikulua betetzen dela egiaztatzeko:

–Ureztatzeko instalazioak modernizatzen badira:

  • Urez hornitzeko iturria “ona” baino hobea bada plan hidrologikoaren arabera: instalazioak zenbat ur aurrez dezakeen ebaluatzea, oraingo egoeraren aldean %5.
  • Urez hornitzeko iturria “ona” baino makurragoa bada plan hidrologikoaren arabera: instalazioak zenbat ur aurrez dezakeen ebaluatzea, oraingo egoeraren aldean %50tik gora.

–Lehorreko lurra ureztalur bihurtzen badira:

  • Agintari eskudunek 2013ko urriaren 31 baino lehen onetsitako urtegi batetik (jadanik badena) heldu bada urez hornitzeko iturria: ingurumeneko azterketa, egiaztatzeko ez duela kalterik eragiten.
  • Agintari eskudunek 2013ko urriaren 31 baino geroago onetsitako urtegi batetik (jadanik badena) heldu bada urez hornitzeko iturria, edo bestelako ur masetatik, nahiz azalekoetatik nahiz lurpekoetatik: ur masaren egoera “ona” baino hobea dela frogatzea, eta ingurumeneko azterketa, egiaztatzeko ez duela kalterik eragiten.

1.–Lehen mailako hoditeriaren kasuan, instalazioaren lau ezaugarri hauek zehaztuko dira:

i) Erabilitako diametroak eta horiei dagozkien luzerak.

ii) Eskatutako abiapuntuko emaria (l/s)

iii) Eskatutako presioa (MPa)

iv) Diametro ezberdineko tarte bakoitzaren gehieneko abiadura.

2.–Bigarren mailako hoditeriaren kasuan, instalazioaren beste lau ezaugarri hauek zehaztuko dira:

v) Erabilitako diametroak eta horiei dagozkien luzerak.

vi) Eskatutako sektoreko abiapuntuko emaria (l/s).

vii) Eskatutako presioa (MPa).

viii) Sektore bakoitzari dagokion bigarren mailako hoditeriaren gehieneko abiadura.

3.–Ondoko ezaugarri orokor hauek zehaztuko dira:

ix) Emari handiena eta txikiena kontsumitzen duten bi sektoreen emari nominalen arteko aldea.

x) Sektoreko balbulan presio handiena eta txikiena behar duten bi sektoreen arteko presio nominalen arteko aldea.

4.–Gainera, erabilitako materialen atalean, ondoko informazio hau zehaztuko da:

xi) Hodiak: fabrikatzeko materiala eta presio nominala.

xii) Igorleak: fabrikatzeko materiala, pita motak, modeloa.

5.–Instalazioa lurzatian diseinatzeko planoak sartuko dira, gutxienez ere ondoko elementu hauen kokapena islatuko dutenak:

–Kontagailuak.

–Aspertsoreak.

–Lehen, bigarren eta hirugarren mailako hoditeria.

–Balbulak.

–Hustubideak.

–Pilotu erregulatzaileak.

(Ahal den guztietan, “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean erabilitako unitate beretan emanen dira neurriak).

IV. ERANSKINA

Inbertsio planeko edukien aurkibidea

1.–Ustiategiaren identifikazioa.

1.1. Hasierako ustiategiaren datuak.

1.2. Hasierako ustiategiaren deskribapen orokorra.

2.–Abiaburuko egoeraren deskribapena.

2.1. Ustiategiari atxikitako laneskuaren zerrenda sailkatu eta zenbatua, hasierako egoerari dagokiona.

2.2. Ekoizpen jarduera bakoitzaren azalera, hasierako egoerari dagokiona.

2.3. Abeltzaintzako aktiboak, hasierako egoeran.

2.4. Ekoizpen jarduerako gastuak.

2.5. Eraikinak eta instalazioak (berotegiak, ureztapena lurzatian etab.), hasierako egoeran.

2.6. Makinak eta ekipoak hasierako egoeran.

2.7. Parametro ekonomikoen laburpena, hasierako egoerari dagokiona.

3.–Inbertsioaren justifikazio teknikoa.

3.1. Laguntza jaso dezaketen inbertsioen justifikazioa.

3.2. Aurreko 3.1 puntuan definitutako inbertsioen justifikazio teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa.

3.3. 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren honako neurrietan kokatzen diren jarduketak ezartzea: 17 1.b) eta c) artikulua eta 19 1.a) ii eta 1b) artikulua.

3.4. Jardueraren egutegia, arlo hauei dagokiena: prestakuntza, aholkularitza, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, ekoizpen ekologikoa, eta kalitate araubideak.

4.–Bukaerako egoeraren deskribapena.

4.1. Bukaerako ustiategiaren datuak.

Nortasun juridikoaren kasuan.

4.2. Bukaerako ustiategiaren deskribapen orokorra.

4.3. Ustiategiari atxikitako laneskuaren zerrenda sailkatu eta zenbatua, bukaerako egoerari dagokiona.

4.4. Ekoizpen jarduera bakoitzaren azalera, bukaerako egoerarako.

4.5. Abeltzaintzako aktiboak, bukaerako egoeran.

4.6. Ekoizpen jarduerako gastuak.

4.7. Eraikinak eta instalazioak (berotegiak, ureztapena lurzatian etab.), bukaerako egoeran.

4.8. Makinak eta ekipoak bukaerako egoeran.

4.9. Parametro ekonomikoen laburpena, bukaerako egoerari dagokiona.

5.–Ustiapenaren bideragarritasuna diagnostikatzeko laburpen-taula.

Iragarkiaren kodea: F1510716