157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

54/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla, kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia.

b) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia.

c) Barne Zuzendaritza Nagusia.

d) Justizia Zuzendaritza Nagusia.

e) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusia.

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

f) Nafarroako Administrazio Auzitegia.

2.–Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) Barne Zuzendaritza Nagusiaren egituran sartuko da, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari aginduko zaio behar dena egin dezan, erakunde autonomo hori desagerrarazi eta likidatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 107. artikuluan xedatuaren arabera.

Lehen xedapen iragankorra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuan eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka ez dauden neurrian eta eskumen esparru berriari dagokionez; betiere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari buruz egiten diren aipamenak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari buruzkoak direla ulertuta.

Bigarren xedapen iragankorra.–Organoen eta eginkizunen jarraipena.

Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia da Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ondorengoa eta bere egiten ditu hark lehendakaritza arloan baliatzen zituen eskumenak; Zuzendaritza Nagusi horrek justizia arloan baliatzen zituen eskumenak, berriz, Justizia Zuzendaritza Nagusi berriak egiten ditu bere.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen uztailaren 2ko 34/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1511494