157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

53/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Halaber, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzeko, zuzendaritza nagusiak, Idazkaritza Tekniko Nagusia eta Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa zehaztuta, beharrezkoa da horri buruzko foru dekretua onestea.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

c) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

2. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari atxikita egonen da eta bere estatutuek arautuko dute.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren antolaketaren egitura zerbitzu eta ataletan garatzen ez den bitartean, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretua aplikatuko da, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dion orotan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen ekainaren 27ko 28/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarraldia.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1511492