157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

359/2015 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.2.e) artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren eskumena dela Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege horren 42.4 artikuluak xedatzen du Nafarroako kirol federazioei, beren berariazko eginkizunez gainera, administrazio arloko eginkizun publiko batzuk ere badagozkiela, delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzaile gisa aritzen direla.

Lege horren 49.2.i) artikuluak ezartzen du Nafarroako kirol federazioek, delegazio bidez, federazioetako hauteskunde prozesuak kontrolatuko dituztela, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak koordinaturik eta babesturik.

Bestalde, Nafarroako kirol entitateak eta horien erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluak xedatzen du federazioko lehendakaria eta Batzar Nagusiko kideak aukeratzeko hauteskunde prozesuak erregelamendu bidez arautuko direla, ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioei jarraikiz, kasuko kirol modalitatearen berezitasunei erreparatuta.

45. artikulu horren 2. idatz-zatian zehazten da Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioetako hauteskunde prozesuetarako arauak emanen dituela, karguan aritzeko bateraezintasun kausak zehaztuz, deusetan galarazi gabe estatutuetan ezar daitezkeen beste bateraezintasun kausa batzuk.

Hortaz, bidezkoa da Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuak erregulatzeko araua onestea. Arau hau denboran irauteko asmoarekin onesten da, aurreko xedapenak ez bezala, izan ere, horien bidez hauteskunde prozesuak epe jakin baterako arautzen ziren (4 urteko ziklo olinpiar baterako).

Horrenbestez, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira, federazioetan egin beharreko hauteskunde prozesuetarako.

3. artikulua. Hauteskundeak egitea.

1. Federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde prozesuak lau urtean behin eginen dira, ziklo olinpiarrekin bat.

2. Kirol arloan eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez, federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde urtearen hasiera onetsiko da, eta hauteskunde prozesuak egiteko baliozko aldiak finkatuko dira.

3. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako kirol federazio bakoitzaren hauteskunde prozesua arautzeko erregelamendu bat aurkeztuko dute kirol arloan eskumena duen organoak ezartzen duen epean, eta hauteskunde prozesua hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hauteskunde prozesua ezin hasiko da kirol arloan eskumena duen organoak ebazpen bidez erregelamendu hori onetsi ez badu. Ebazpen hori eman gabe egiten den ezein hauteskunde prozesu deuseza izanen da erabat, eta behar diren erantzukizunak eskatzen ahalko dira, Nafarroako Kirol Diziplina erregulatzen duen araudiaren arabera.

4. Hauteskunde prozesua hasi baino hilabete lehenagoko epe hori, aurreko puntuan aipatu dena, betetzen ez duten eskaera batzuk ere ebazten ahalko ditu kirol arloan eskumena duen organoak, baldin eta uste badu prozesu hori egiteak federazioaren garapen eta funtzionamendu hobea ekarriko duela.

5. Hauteskunde Erregelamenduaren proiektua Zuzendaritza Batzordeak prestatu eta onetsiko du, eta federazioaren Batzar Nagusiak berretsiko. Onesten denetik gehienez hilabeteko epean, erregelamendu horren bi kopia aurkeztu behar dira kirol arloan eskumena duen organoaren erregistroan, berretsi zen Batzar Nagusiaren aktarekin batera. Akta horretan berariaz jaso beharko da erregelamendu proposamen hori kirol arloan eskumena duen organoak indarreko arauak zorrotz betez egin ditzakeen aldaketen mende dagoela, eta aldaketa horiek Hauteskunde Erregelamenduari gehituko zaizkiola federazioaren Batzar Nagusia berriz bildu beharrik gabe.

6. Kirol arloan eskumena duen organoak federazioetako hauteskunde erregelamendu guztiak gainbegiratuko ditu, eta haien onespenari buruz ebatziko du, eskaera egin ondorengo hilabeteko epean, gehienez. Gainera, hauteskunde prozesuak koordinatu eta babestuko ditu. Berariazko ebazpenik eman ezean, erregelamendua onetsi ez dela ulertuko da.

7. Gobernu eta ordezkaritza organoak normalean lau urtean behin hautatuko dira. Haien agintaldiak ordezkoek jabetza hartu arte iraunen du, eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordura arte.

8. Batzar Nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia finkatuko du, eta haren gehieneko iraupena kirol arloan eskumena duen organoak hauteskunde urtea hasteko ematen duen ebazpenean ezarriko da.

9. Hauteskundeak, ezinbestean, kirol federazio bakoitzari dagokion urte olinpiarrean eginen dira. Federazio olinpiarrak ez direnek, berriz, udako Joko Olinpiarrak jokatzen diren urtean eginen dituzte hauteskundeak.

4. artikulua. Hauteskunde errolda.

1. Hauteskunde erroldan pertsonen eta kirol entitateen datuak agertuko dira. Erroldan kasuan kasuko federazioak emandako ziurtagiri bat sartuko da, foru agindu honetan Batzar Nagusirako hautesle izateko eskatutako beharkizunak betetzen direla adierazten duena.

Federazioak ezartzen badu entitate batzuek lizentzia kopuruarengatik boto gehiago izateko aukera dutela, hauteskunde erroldan adierazi beharko da zenbat lizentzia dituzten kirol entitate horiek.

2. Hautesle errolda honako leku hauetan erakutsiko da: federazioaren egoitzan, Kirolaren Etxeko egoitzako iragarki oholean –baldin eta federazioak egoitza soziala etxe horretan badu–, federazio bakoitzaren web orrian eta kirol arloko administrazioaren bulegoetan. Iragarki oholean argitaratutako erroldak kontsultarako baino ez dira, eta ezin izanen da haien kopiarik egin.

3. Hauteskunde erroldari buruzko erreklamazioak egiteko, gutxienez 5 egun balioduneko epea izanen da. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du horien gainean.

Hauteskunde Batzordeak erroldari buruz ematen dituen ebazpenen kontrako errekurtsoak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio 5 egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi eta hauteskunde errolda irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inolako inpugnaziorik egin hauteskunde prozesuaren hurrengo faseetan.

4. Behin betiko hauteskunde erroldaren ale bat kirol arloan eskumena duen organoari igorri beharko zaio, eta bertan geldituko da gordailutua.

5. Erroldan sartutako pertsona fisikoei dagokienez, datu hauek bilduko dira: a) ordena zenbakia; b) izen-abizenak; c) jaiotze data; d) kirol lizentziaren zenbakia; e) zein kirol estamentutakoa den.

6. Erroldan sartuta dauden kirol entitateen kasuan, honako datu hauek jaso beharko dira: a) ordena zenbakia; b) izena; c) erregistro zenbakia; d) ordezkatzen dituen lizentzia kopurua (10.4 artikuluaren arabera, boto ponderatua aurreikusia dagoen kasuetan, bakar-bakarrik).

5. artikulua. Hauteskunde Erregelamendua.

1. Federazioek hauteskunde erregelamendu bana izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsi beharrekoa.

2. Hauteskunde Erregelamenduak ondoko alderdi hauek arautuko ditu, gutxienez:

a) Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusiaren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkari kopurua adierazita.

b) Hauteskunde Batzordearen osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

c) Bete beharrekoak, epeak eta hautagaien aurkezpena eta aldarrikapena.

d) Gatazkak eta erreklamazioak ebazteko prozedura.

e) Hauteskunde mahaien osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

f) Hauteskundeei buruzko errekurtsoak aurkezteko bidea.

g) Bozketa egiteko sistemak.

h) Federazioko lehendakaria hautatzeko arauak.

i) Hauteskundeen egutegia.

j) Batzar Nagusian norbaitek kide izateari utziz gero izaten diren hutsuneak betetzeko prozedura.

3. Batzar Nagusian dauden estamentu guztietan, kide bakoitzak boto bat emateko eskubidea izanen du, ohiko kasuetan. Federazioaren estatutuetan hala jasota badago, boto ponderatua ezartzen ahalko da, estatutuetan finkatzen diren irizpideen arabera.

6. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

1. Federazio bakoitzeko lehendakariak eginen du Batzar Nagusirako hauteskundeetarako deia, Hauteskunde Erregelamendua onetsi ondoren, bertan ezartzen den araudiari eta prozedurari jarraikiz.

2. Deialdia federazioaren web orrian eta iragarki oholean eta kirol arloan eskumena duen administrazio organoaren iragarki oholean jarri beharko da ikusgai. Egoitza Kirolaren Etxean duten federazioek Kirolaren Etxeko iragarki ohol orokorrean ere erakutsi beharko dute, hauteskunde prozesua hasi baino lehen. Baldintza hori bete ezean, hauteskunde prozesua balio gabe utziko da, eta erantzuleei dagokien erantzukizuna eskatuko zaie, Nafarroako kirol diziplina arautzeko araudiarekin bat.

3. Kirol arloan eskumena duen administrazio organoak nahi dituen baliabideak erabil ditzake hauteskunde prozesuen zabalkundea egiteko.

4. Deialdia egiten den unetik aurrera, Zuzendaritza Batzordea federazioaren Kudeaketa Batzorde gisa arituko da eta federazioko lehendakaria jarduneko lehendakaria izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

5. Aipatutako Kudeaketa Batzordeko kideren bat federazioko lehendakari izateko hautagai gisa aurkezten baldin bada, Batzordea utzi beharko du aurkeztu baino lehenago edo aldi berean.

6. Kudeaketa Batzordeak eta federazioko kideek ezin izanen dute hautagaitza bat bultzatu edo erraztu federazioaren bitartekoak baliatuz.

Betebehar hori bete ezean, erantzukizunak eskatzen ahalko dira.

7. Deialdian ondoko alderdi hauek azalduko dira gutxienez:

a) Behin-behineko hauteskunde errolda.

b) Federazioaren Hauteskunde Batzordearen eraketa.

c) Hauteskunde Erregelamendua (hauteskundeen egutegia barne).

7. artikulua. Hauteskundeen egutegia.

1. Hauteskundeen egutegian jarduketa hauek egiteko egunak jasoko dira zehatz-mehatz:

a) Hauteskundeen egutegia argitara ematea eta federazioaren Hauteskunde Batzordearen eraketa.

b) Hauteskunde errolda argitara ematea eta horren gainean erreklamazioak egiteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez bost egun baliodunekoa izanen da.

c) Erroldaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen bukaera.

d) Erroldari egindako erreklamazioak ebazteko Hauteskunde Batzordearen ebazpena (gehienez 3 egun balioduneko epean eman beharrekoa) eta behin betiko hauteskunde erroldaren onespena.

e) Behin betiko hauteskunde erroldaren onespenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko ezarritako 5 egun balioduneko epearen hasiera.

f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

g) Batzar Nagusirako hautagaitzak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egun baliodunekoa izanen da.

h) Batzar Nagusirako hautagaitzak aurkezteko epearen bukaera.

i) Hauteskunde Batzordeak Batzar Nagusirako hautagaitzak aldarrikatzea.

j) Behin betiko hauteskunde erroldaren onespenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko ezarritako 5 egun balioduneko epearen hasiera.

k) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

l) Hauteskunde Mahaiaren izendapena.

m) Nafarroako kirol federazioen batzordeetako kideak aukeratzeko hauteskundeetako bozketen emaitzak eta aktak federazioaren Hauteskunde Batzordera igortzea.

n) Hauteskunde Batzordeak Batzar Nagusirako hautetsiak aldarrikatzea.

o) Batzar Nagusiko kideen aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

p) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

q) Nafarroako kirol federazioetako lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egun baliodunekoa izanen da.

r) Nafarroako kirol federazioetako lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epearen bukaera.

s) Hauteskunde Batzordeak federazioko lehendakaritzarako hautagaitzak aldarrikatzea. Federazioko lehendakaria izateko hautagai bakar bat besterik ez badago, ez da beharrezkoa izanen hauteskundeen egutegi osoa betetzea, eta federazioko lehendakaria bere karguaz jabetzen ahalko da Hauteskunde Batzordearen aurrean.

t) Lehendakaritzarako hautagai zerrenden aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

u) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

v) Batzar Nagusia eratzeko eta federazioko lehendakaria hautatzeko bilkuraren deialdia.

w) Hauteskunde Batzordeak lehendakaria aldarrikatzea.

x) Federazioko lehendakariaren aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

y) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

z) Federazioko lehendakariaren kargu-hartzea.

2. Hauteskundeen egutegia prestatzeko orduan, Hauteskunde Batzordearen ebazpenen aurkako errekurtsoen ebazpenek ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten hauteskunde prozesuan, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak jartzeko epea bukatzen denetik hauteskunde prozesuaren hurrengo egintza bitarte gutxienez 5 egun baliodun igaro beharko dira.

3. Behin-behineko erroldaren aurka jartzen diren erreklamazioei buruz Hauteskunde Batzordeak ematen dituen ebazpenak federazioaren beraren eta Kirolaren Etxearen iragarki-oholetan argitaratuz jakinaraziko dira, eta federazioaren web orriaren bitartez.

4. Batzarreko kideak eta federazioko lehendakaria aukeratzeko hauteskundeak ezin izanen dira egin erregio mailako lehiaketa ofizialak egiten diren egunetan.

5. Hauteskunde Batzordeak zilegi izanen du hauteskundeen egutegia aldatzea, hura ezarri ondoren gertatutako gorabeherak direla-eta, ahalik eta partaidetzarik handiena bultzatzearren. Hauteskundeen egutegia aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da kirol arloan eskumena duen organoaren baimena, eta horretarako, aurretik, Hauteskunde Batzordeak berariazko eskaera arrazoitua egin beharko dio.

8. artikulua. Batzar Nagusirako hautesleak.

1. Federazioaren Batzar Nagusirako hauteskundeetan ondoren azaltzen diren estamentuetako kideak izanen dira hautesle, federazioko lizentzia indarrean badute hauteskundeak egiten diren kirol denboraldian eta aurrekoan:

a) Denboraldi horretan, eta aurrekoan ere, indarreko kirol lizentzia duten adin nagusiko kirolariak.

b) Kirol klubak, klub filialak, eskoletako kirol klubak eta kirol sozietate anonimoak, denboraldi horretan eta aurrekoan federazioaren lizentzia indarrean izan badute eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude. Federazioko lizentziarik ez badago, horrelakotzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketa eta/edo jardueretako inskripzioa eta parte-hartzea. Hori helburu, federazioek ziurtagiri bat eskatuko diote Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari, Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden eta kasuan kasuko kirolean gaiturik dauden entitateak erakusten dituena.

c) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adin nagusiko teknikari, epaile, arbitro eta antzekoak. Horretarako, federazioaren lizentziatzat hartuko da dagokion kirol federazioan sartuta egotea ekartzen duena, adibidez, dagozkien entrenatzaileen elkargoetako, arbitroen batzordeetako edo antzekoetako kide izatea.

d) Federazioren baten estatutuetan arestian aipatu ez den estamenturen bat jasotzen baldin bada, estamentu horretako parte-hartzaileak, denboraldi horretan eta aurrekoan federazioaren indarreko lizentzia atera dutenak, kasuan kasuko estatutuetan jasotzen den bezala. Federazioaren lizentziarik ez badago, federazioaren indarreko lizentziatzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketetako eta/edo jardueretako indarreko inskripzioa eta parte-hartzea, edo federazioko kide izatea, federazioaren erregelamendu edo estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Kirol denboraldiak, kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarriak kontuan harturik, federazioaren Erregelamenduan zehaztuko dira, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

3. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautesle izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek bietan erabiltzen ahalko dute botoa emateko eskubidea.

4. Erregelamendu bidez eta Batzar Nagusiak onetsirik, gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle izateko berariazko betebehar batzuk ezartzen ahalko dira, kirol modalitatearen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta, horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

9. artikulua. Batzorde Nagusiko kide eta lehendakari izateko hautagaiak

1. Federazioaren Batzar Nagusirako hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Kirolari, teknikari, epaile, arbitro edo antzekoen estamentuetatik, hautesle diren adin nagusiko pertsona fisikoak.

b) Kirol entitateen aldetik, hautesle diren kirol entitateak. Kirol entitate bakoitzak hautagaitza bakar bat aurkezteko eskubidea du entitate den aldetik, eta hautatua gertatuz gero, Batzar Nagusian ordezkari bat izateko eskubidea izanen du. Kirol entitateen kasuan, behin betiko hauteskunde erroldan dauden guztiak Batzar Nagusirako hautagai izanen dira zuzen-zuzenean, eta, horrenbestez, ez dute berariazko hautagaitzarik aurkeztu behar.

c) Estatutuetan jasotako beste estamentu batzuen aldetik, hautesle diren pertsona fisikoak edo entitateak.

2. Bi estamentuko edo gehiagoko kide diren pertsona fisikoen kasuan, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenak estamentu bakar batean izan daitezke hautagai, bakoitzak aukeratzen duenean, hain zuzen.

3. Federazioko lehendakari izateko hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona fisikoak, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera hautesle izaera dutenak.

b) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten 18 urtetik gorako pertsona fisikoak, hautesle diren federazioko entitateek federazioko lehendakari izateko hautagai gisa proposatuak.

c) Aurrekoaz gainera, federazio bakoitzak berariazko baldintza batzuk jar ditzake federazioko lehendakarigaiak bete beharrekoak, federazioaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, betiere. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta, horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

d) Federazio batekin lan edo zerbitzu emateko harremana duten pertsona fisikoak ezin dira federazio horretako lehendakari izan, berariaz.

e) Era berean, federazio bateko hautesle erroldan sartutako klub batean zuzendaritza karguren bat duten pertsonak ere ezin dira federazio horretako lehendakari izan.

4. Hautagaiak aurkezteko epea irekita egonda, norbaitek hautagai izateko baldintzak ustez ez betetzeagatik aurkezten den errekurtso bat ebatzi gabe dagoenean, aurkezten diren hautagaiak behin-behinekoz onartuko dira.

10. artikulua. Kirol entitateak.

1. Kirol entitateek, bai Batzar Nagusirako hauteskunde prozesuan, bai Batzar Nagusian bertan, izanen dituzten ordezkariak aukeratzea kirol entitateei beraiei dagokie, horretarako nahi dituzten pertsona fisikoak izendatuz. Batzar Nagusiaren bilkuretan, ordezkaritza hori ezin du bere gain hartu, kirolarien, teknikarien, epaileen, arbitroen edo beste batzuen estamentuen izenean, jadanik batzarkide den ezein pertsona fisikok.

2. Ordezkaritza hori bere gain hartu behar duen pertsona fisikoa egiaztatzeko, kirol entitateek ordezkaritza hori egiaztatzeko agiri bat aurkeztu beharko dute, entitateko lehendakariak sinatua.

3. Federazioan inskribaturik dauden edo lizentzia duten kirol entitate guztiek, finkatutako antzinatasuna badute, gutxienez boto bat emateko eskubidea izanen dute Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan.

4. Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez baimena ematen ahalko diete kirol entitateei boto gehiago izateko Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan, bakoitzak duen lizentzia kopuruaren arabera. Horrelakoetan, botoen proportzionaltasuna ponderatuko da kirol entitate bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera.

11. artikulua. Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea gutxienez hiru kidek osatuko dute. Nolanahi ere, kideetako bik federazioko diziplina batzordeetako kide izan beharko dute, eta gainerakoak zozketaz hautatuko dira hauteskunde erroldako kideen artetik. Gero, denen artean, gehiengoz, batzordeburua eta batzordekideak aukeratuko dituzte. Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautagaiek ezin izanen dute batzorde honetan parte hartu. Edozein arrazoi dela eta, diziplina batzordeetan ez badago Batzar Nagusiko tokiak betetzeko behar adina kide, toki huts horiek zozketaz beteko dira hauteskunde erroldako kideen artetik.

2. Hauteskunde Batzorde bakoitzeko kideen zerrenda kirol arloan eskumena duen organoari jakinaraziko zaio.

3. Hauteskunde Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketarik badago, batzordeburuak kalitatezko botoaren bidez erabakiko du. Hauteskunde Batzordearen erabakiek balioa izateko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.

4. Edozein arrazoirengatik, Hauteskunde Batzordearen agintaldian zehar, kargurik hutsik gelditzen bada, bete egin beharko da, 11.1 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, kargu horiek bete bitarte Hauteskunde Batzordeak lanean jardun dezake, betiere kideen gehiengoa osatzeko adinako quoruma baldin badago.

5. Hauteskunde Batzordearen agintaldia hauteskunde prozesua bukatzearekin batera bukatuko da, eta horren barrenean sartzen da hasierako hautagairik ez egoteagatik lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea berriz irekitzearen ondoriozko denbora (20. artikuluan arautua). Ziklo olinpiarraren erdian hautaketa partzialen bat egin behar bada edo lehendakaria aukeratu behar baldin bada, beste Hauteskunde Batzorde bat izendatuko da.

12. artikulua. Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

1. Hauteskunde Batzordeari honako hauek dagozkio:

a) Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusirako eta lehendakaritzarako hauteskundeak antolatzea.

b) Hauteskunde mahaiek eta hauteskundeetan parte hartzen duten hautagaiek egindako kontsultak ebaztea.

c) Behin-behineko hauteskunde erroldaren aurka jartzen diren erreklamazioak ebaztea.

d) Hauteskundeetako ekintzetan ofizialki parte hartzen duten pertsona guztien gaineko diziplina jurisdikzioa bere gain hartzea eta hauteskunde prozesuan gertatzen diren arau-hausteak zuzentzea, deusetan galarazi gabe Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari dagozkion eskumenak.

e) Hauteskunde erroldak onestea, federazioen batzar nagusietarako eta lehendakaritzarako hauteskundeetako hautagaiak eta hautetsiak aldarrikatzea eta horiei karguen jabetza ematea.

2. Federazioaren Hauteskunde Batzordeak ondoko hauek bidali beharko dizkio kirol arloan eskumena duen organoari:

a) Hauteskunde Batzordea eratzeko bileraren akta.

b) Hauteskunde errolda, hala behin-behinekoa nola behin betikoa, onetsi izanaren ziurtagiria.

c) Hauteskunde Mahaiaren osaketaren ziurtagiria.

d) Batzar Nagusirako aurkeztutako hautagaitzen ziurtagiria.

e) Batzar Nagusirako bozketen emaitzen ziurtagiria.

f) Batzar Nagusiko kide aldarrikatzen dituzten hautagaien zerrenda, ondoko hauek adierazita: kideen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa.

g) Federazioko lehendakaritzara aurkeztutako hautagaitzen ziurtagiria.

h) Federazioko lehendakaria aukeratzeko Batzar Nagusiaren bilkuraren akta, bozketa bakoitzaren emaitzen ziurtagiria barne.

i) Federazioko lehendakaria karguaz jabetzearen gaineko akta.

3. Dokumentazio hori ondorengo epe hauetan aurkeztu beharko da kirol arloan eskumena duen organoan:

a) 2.a) puntutik 2.d) puntura bitartekoak, Batzar Nagusirako hauteskundeak egin aurretik.

b) 2.e) puntutik 2.g) puntura bitartekoak, lehendakaritzarako hauteskundeak egin aurretik.

c) 2.h) eta 2.i) puntuetakoak, hauteskunde prozesuaren bukaeran.

13. artikulua. Hauteskunde Mahaia. Hautapena eta osaera.

1. Hauteskunde Mahaiaren osaera eta hautatzeko prozedura honako prozedura hauekin bat eginen da:

1.1. Prozedura arrunta:

a) Hauteskunde Mahaia, oro har, bat bakarra izanen da, hurrengo atalean aurreikusitako salbuespen kasuan izan ezik, eta gutxienez hiru kide izanen ditu: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Kargu horien ordezkoak ere hautatuko dira.

b) Estamentu batzuetan kide asko izateagatik hauteskunde mahai bat baino gehiago eratzea beharrezkotzat jotzen bada, kasuan kasuko federazioak behar beste mahai ezartzen ahalko ditu. Bereizgarri hori Hauteskunde Erregelamenduan jaso beharko da, eratu beharreko mahaien kopurua zehaztuta. Horrelako kasuetan, hautesleak mahaietan banatzeko, ordena alfabetikoaren irizpidea erabiliko da.

c) Hauteskunde Mahaiko kideak zozketaz aukeratuko dira estamentu desberdinetako hauteskunde erroldako hautesleen artetik. Horrela aukeraturiko mahaikideek beren artean eta gehiengo soilaz hautatuko dituzte mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea.

1.2. Prozedura berezia:

Federazioko kideen kopurua txikia izateagatik edo ohiz kanpoko inguruabarrengatik (bozketa prozesuaren iraupena edo antzeko beste batzuk), zaila baldin bada Hauteskunde Mahaia federazioko kideen arteko zozketa bidez eratzea, federazioek baimena eskatzen ahalko dute mahaia prozedura honen bidez eratzeko:

a) Hauteskunde Mahaia, bakarra izanen baita, federazioarentzat lanean ari diren langileen artetik izendatutako kideek osatuko dute, edo horretarako kontratatzen direnek. Horrelakoetan, Hauteskunde Mahaia pertsona bakarrekoa izan daiteke.

b) Hauteskunde Mahaiaren osaera eta kideak hautatzeko prozedura Hauteskunde Erregelamenduan jaso beharko da, eta kideak izenez identifikatu behar ditu.

c) Kirol arloan eskumena duen organoak uko egin diezaioke federazioak prozedura berezia erabiltzeko egiten duen proposamenari, uste baldin badu hauteskunde prozesuan ez direla behar bezain ongi segurtatzen federazioko kideen eskubideak eta bermeak, edo izendatutako kideren batek abstenitzeko arrazoiren bat dagoela, edo beharrezkotzat jotzen badu federazioko kideek parte-hartze handiagoa izatea hauteskunde prozesuan. Horrelakoetan, prozedura arrunta jasoko da Hauteskunde Erregelamenduan.

2. Hauteskunde Mahaia eratzea ezinezkoa denean titular eta ordezkoak bertaratu ez direlako, lehen hiru boto-emaileek ordezkatuko dituzte, eta mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hartuko dituzte hurrenez hurren.

14. artikulua. Hauteskunde Mahaia. Funtzionamendua.

1. Hauteskunde mahai bakoitzean, nahitaez, estamentu bakoitzarentzako hautestontzi prezintatu bat, hauteskunde erroldaren zerrenda (4. artikuluko 5. eta 6. ataletan jasotzen diren datuekin), gutun-azalak eta boto-txartelak egonen dira.

2. Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetara aurkezten diren hautagaiak ezin izanen dira hauteskunde mahaietan aritu.

3. Hauteskunde mahaietako kideei dagokie bozketak egoki garatzen direla begiratzea, hala nola boto-emaileen nortasuna frogatzea, botoen kontaketa egitea eta bozketa-akta prestatzea eta sinatzea. Akta horretan alderdi hauek jasoko dira: botoa eman duten hautesleen kopurua, bozketan gertatutako gorabeherak, bozketaren ondorioz egin diren erreklamazioak, eman diren boto baliozkoak, baliogabeak eta zuriak eta hauteskundeen emaitza.

4. Hauteskunde Erregelamenduan ezartzen ahalko da Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan zilegi izanen dela Hauteskunde Mahaia beste herri batzuetara eramatea, hauteskunde prozesuan parte hartzeko erraztasunak emateko. Alderdi hori Hauteskunde Erregelamenduan jaso eta zehaztu beharko da.

15. artikulua. Hauteskunde barrutia.

Hauteskunde barrutia bakarra izanen da eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartuko du.

16. artikulua. Hautagai-zerrenden aurkezpena.

1. Idazki sinatu baten bidez aurkeztuko dira Batzar Nagusirako eta lehendakaritzarako hautagaitzak. Hartan, hautagaiak azalduko du postua eskuratzeko beharkizunak betetzen dituela, eta hautagai aurkezteko nahia adieraziko du, NANaren edo federazioko lizentziaren fotokopia erantsirik.

2. Lehendakaritzarako hautagaitzen kasuan, beste idazki bat erantsi beharko da, abal-emaileen identifikazioa eta sinadurak jasoko dituena, baita NANaren edo federazioko lizentzien fotokopiak ere. Abal-emailea kirol entitate bat bada, organo eskudunak hautagaitza abalatzeko hartutako erabakia ere erantsi beharko da.

3. Aipatutako dokumentazioa paperean aurkeztu beharko da, jatorrizko sinadura eta guzti, edo euskarri digitalean, ezagutzeko moduko sinadura digital eta guzti. Dokumentazio hori posta elektroniko arruntaz igorriz gero, ez du baliorik izanen. Debeku hori foru agindu honetan jasotako tramitazio guztietan aplikatuko da.

17. artikulua. Bozketaren prozedura.

1. Hautagaiek artekari bat izendatzen ahalko dute; horretarako, agiri bat emanen diote kargu hori egiaztatzeko. Artekari izateko beharrezkoa izanen da hautesle izatea. Artekariek botoa emateko eskubidea izanen dute; gainera, Hauteskunde Mahaira joaten ahal dira eta haren eztabaidetan parte hartu, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Bozketa honela eginen da: boto-emaileak bere izaeraren berri emanen dio idazkariari; horrek Hauteskunde Erroldaren alboan botoa eman duela markatuko du, ezabatu ezin den materiala erabiliz. Berehalakoan, hautesleak botoa emateko gutun-azal itxia eskura emanen dio mahaiburuari. Ondoren, mahaiburuak, gutun-azala denbora guztian denen bistan izanik, ozenki aditzera emanen du hauteslearen izena, eta, "botoa eman du" esaldia erantsita, gutun-azala hautesleari itzuliko dio, hautestontzian sar dezan.

3. Batzar Nagusiko kideak hautatzeko bozketan ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

4. Bozketa errazteko asmoz, Hauteskunde Batzordeak boto-paperen eta gutun-azalen ereduak prestatuko ditu.

5. Hautesle bakoitzak, botoa zein hautagairi eman nahi dien, horien izenak adieraziko ditu, betiere estamentu bakoitzari esleitutako ordezkari kopurua gainditu gabe.

6. Boto-paper hauek baliogabekotzat hartuko dira:

a) Hauteskunde Batzordeak ezartzen duen ereduari egokitzen ez zaizkionak.

b) Dauden hautagaiak baino izen gehiago dituztenak.

c) Boto-paperean bozketari ez dagokion edozein ohar dutenak.

d) Botoa hautagai-zerrendetan ageri ez diren pertsonei ematen dietenak.

7. Botoa emateko, boto-emaileak gurutze bat jarriko du hautagaiaren izenaren aurrean.

18. artikulua. Batzar Nagusirako hauteskundeak.

1. Nafarroako kirol federazioen Batzar Nagusira aurkeztu eta behin betiko aldarrikatutako hautagai-zerrenden kopurua ordezkarien kopurua bezalakoa edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeek batzarkide gisa aldarrikatuko dituzte aurkeztutako hautagaiak. Horrela gertatzen bada, ez da hauteskunderik egin beharko.

2. Federazioaren Batzar Nagusirako bi hautagaitzaren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada eta, hori dela kausa, kasuan kasuko estamentuko ordezkari kopurua gainditzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa eginez erabakiko da zein aldarrikatu Batzar Nagusiko kide.

3. Batzar Nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira, hauteskunde erroldako kideen kopurua bete beharreko postuen kopurua baino txikiagoa delako, toki hutsak sortzen direnean eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo entitateek beteko dituzte postu hutsak.

4. Batzar Nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira, hauteskunde erroldako kideek behar adina hautagai aurkeztu ez dituztelako, Batzar Nagusian betetzeko gelditzen diren postuak hautagai gisa aurkeztu ez diren erroldako kideek beteko dituzte, zozketa eginda.

19. artikulua. Lehendakariaren hautaketa. Arau orokorrak.

1. Federazioko lehendakaria aukeratzeko Batzarraren eraketa bilkuran, zozketaz aukeratuko den estamentuko hautetsi zaharrena arituko da batzarburu. Idazkari lanetan, berriz, zozketaz aukeratuko den estamentuko hautetsi gazteena arituko da, baina hasierako bi kargu horiek betetzen dituztenak ezin izanen dira estamentu berekoak izan.

2. Bozketa egin baino lehen, hautagai bakoitzak bere programa azal dezake Batzarraren aurrean.

3. Lehendakari izateko hautagaiek beren hautagaitza abalatu beharko dute, gutxienez batzarkideen %10en eta gehienez %25en sinadura aurkeztuz. Zilegi da lehendakarigaiak Batzarreko kide ez izatea.

Batzarreko kide bakoitzak hautagaitza bakarra abala dezake.

4. Lehendakari izateko hautagaiak aurkezteko epea ez da hiru egun baliodunekoa baino txikiagoa izanen.

5. Federazioko lehendakaria hautatzeko bozketan, ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

6. Lehendakari izateko bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, 30 minutuko geldialdia egin eta gero bozketa errepikatuko da; orduan ere ere berdinketa gertatzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa eginda aldarrikatuko da federazioko lehendakaria.

7. Behin federazioko lehendakaria aldarrikatu eta gehienez ere 10 egun balioduneko epean, federazioaren Hauteskunde Batzordeko buruak lehendakari hautetsiari dei eginen dio karguaren jabetza har dezan organo horren aurrean. Ekitaldi horren akta eginen da eta kirol arloan eskumena duen organoari igorriko zaio.

8. Federazioko lehendakari gisa aldarrikatzen den pertsonak zuzendaritza karguren bat baldin badu federazio horren Hauteskunde Erroldan sartutako elkarteren batean, lehendakari karguaz jabetu baino lehen beste karguari uko egin beharko dio.

9. Lehendakari izateko hautagai bakarra behin betiko aldarrikatuz gero, ez da beharrezkoa izanen aurreko puntuan adierazitako prozesu osoa burutzea, izan ere, Hauteskunde Batzordeak lehendakari gisa aldarrikatuko du eta zuzenean hartzen ahalko du kargua, aurreko puntuan ezarri bezala.

20. artikulua. Lehendakaritzarako hautagairik ez egotea.

1. Hauteskunde egutegian ezarritako epea bukatzen denerako federazioko lehendakaritzarako hautagai bat ere aurkezten ez bada, aurreikusitako hauteskunde egutegia eten, eta beste egutegi bat aurkeztu beharko da, lehendakaritzarako hautagaiak aurkezten diren momentutik.

2. Egutegi hori federazioko Kudeaketa Batzordeak prestatu eta onetsiko du, eta kirol arloan eskumena duen organoaren ebazpen bidez ere onetsi beharko da.

3. Epe horretan ere lehendakaritzarako hautagairik aurkezten ez bada, hauteskunde prozesua behin betiko etenen da, eta bitartean Kudeaketa Batzordea jardunean arituko da. Kasu horretan, kirol arloan eskumena duen organoak kirol federazio horren aitorpena atzera botatzeko prozesuari hasiera emanen dio, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 46. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eta foru lege horren 51. artikuluan aurreikusitako tutoretza-neurriak hartuko ditu.

21. artikulua. Federazioko lehendakariaren hautapena. Bertaratze quoruma.

1. Federazioko lehendakaria hautatuko duen Batzar Nagusia lehenengo deialdian eratzeko eta baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da Batzar Nagusia osatzen duten kideen erdiak gutxienez bertan egotea.

2. Bertaratze quorum hori lortzen ez bada, baliozkoa izanen da Batzar Nagusia bigarren deialdian eratzea, eta orduan bertaratzen direnek hautatuko dute lehendakaria zenbat-nahi kide izanda ere. Bigarren deialdi hori lehenengo deialdia baino ordu erdi bat geroago izanen da gutxienez.

3. Nolanahi ere, beharrezkoa da batzarburua eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan izatea, 19.1 artikuluan ezarritako prozedurarekin bat izendatuak. Kide horiek Batzar Nagusia egiten den bitartean bertan egon beharko dute.

22. artikulua. Federazioaren Hauteskunde Batzordeari zuzendutako erreklamazioak.

1. Behin-behineko hauteskunde erroldaren argitalpena dela-eta egiten diren erreklamazioak hauteskunde egutegian ezarritako epearen barrenean eginen dira.

2. Erreklamazioa aurkezteko egintza berean, alegazioak aurkeztu behar dira, eta, hala badagokio, bidezko diren frogabideak.

3. Federazioaren Hauteskunde Batzordeak gehienez hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa jartzen denetik hasita.

4. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, hauteskundeetako berraztertzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.

23. artikulua. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.

1. Federazioaren Hauteskunde Batzordearen ebazpenen aurka errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzenduta, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita 5 egun balioduneko epean.

2. Kontuan harturik kirol federazioetako ordezkaritza eta gobernu organoetarako hauteskundeen arloko berrikuspen prozedura sumarioa dela, hauteskunde prozesuak normalki gara daitezen eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean aurkezten diren errekurtsoak ebazteko epea arintzeko asmoz, organo horrek ahalmena izanen du federazioaren Hauteskunde Batzordearen ebazpenak eta egintzak berrikusteko prozedurek presako tramitazioa behar dutela deklaratzeko. Prozedura batek presako tramitazioa duela deklaratuz gero, ohiko tramitaziorako ezarritako epeak erdira murriztuko dira.

3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz edo alderdi interesdun batek eskaturik, prozedura hasi ondoren, egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu, gero eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

Behin-behineko neurriak honelakoak izan daitezke, besteak beste:

a) Hauteskunde prozesua bertan behera uztea.

b) Hauteskunde Batzordea bertan behera uztea aldi baterako.

c) Prozedura irekitzea ekarri duten gertakariekin zerikusi zuzena duten objektuak konfiskatzea.

d) Beharrezkoak iruditzen zaizkion bestelako behin-behineko neurriak.

4. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek bide administratiboa agortzen dute, eta zilegi izanen da haien aurka errekurtsoa jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

5. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak baliozkoak eta nahitaez eta berehala betetzekoak izanen dira alderdientzat, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan haien aurka jotzeko aukera galarazi gabe.

24. artikulua. Hauteskunde prozesuaren zabalkundea.

1. Nafarroako kirol federazioek Batzar Nagusiko kideak eta lehendakaria hautatzeko deialdiei ahalik eta zabalkunde eta publizitaterik handiena eginen diete eta helburu hori lortzeko behar diren baliabide guztiak jasoko dituzte Hauteskunde Erregelamenduan; hori dela eta, gutxien-gutxienez deialdia, hauteskunde errolda eta egutegia federazio bakoitzaren eta kirolaren arloan eskumena duen organoaren iragarki-oholetan eta federazioaren web orrian jartzen direla bermatuko dute.

Nolanahi ere, federazioko lehendakaria hautatzeko batzarra eratzeko deialdia batzarkide guztiei jakinarazi beharko zaie banan-banan, interesdunak jakinarazpena jaso duela frogatzeko moduko edozein bide erabiliz.

2. Federazioek, beren web orrietan, hauteskunde prozesuari buruzko atal bat izanen dute nahitaez. Hartan, hauteskunde prozesuari buruzko informazio guztia jarriko dute, datu pertsonalak babesteari buruzko araudian datu pertsonalen gainean ezarritakoa errespetatuz.

Web orri horretan, halaber, honako informazio hau sartu beharko da, gutxienez:

a) Hauteskunde prozesua onesteko, kirol arloan eskumena duen organoak emandako ebazpena.

b) Hauteskunde Erregelamendua.

c) Hauteskundeen deialdia.

d) Hauteskunde errolda.

e) Hauteskunde Batzordearen eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aktak eta ebazpenak.

f) Federazioak onartzen dituen dokumentazio-ereduak.

3. Hauteskunde erroldari buruzko informazioan, kirol entitateen atalean, entitate horien posta helbideak jaso beharko dira. Kirolarien, teknikarien eta epaileen ataletan Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikotik eratorritako araudia errespetatuko da.

4. Batzar Nagusiko hautetsien zerrenda federazioaren egoitzan jarriko da ikusgai, eta federazioko lehendakari izateko hautagai guztiei emanen zaie, hala eskatzen badute.

5. Nafarroako kirol federazioek arau batzuk emanen dituzte Batzar Nagusiko hautagai guztiek eta federazioko lehendakari izateko hautagai guztiek baldintza beretan bidal dezaten informazioa eta propaganda, zertarako eta, batetik, hautagai guztiek beren programaren berri eman ahal izateko, eta bestetik, Datuak Babesteko Legean ezarritakoa betetzeko. Gainera, federazioaren baliabideak ezin izanen dira erabili hautagai bakar baten onerako.

6. Batzar Nagusiko, Zuzendaritza Batzordeko eta federazioak dituen gainerako zuzendaritza organoetako kideen zerrendak eguneraturik izan beharko dira uneoro federazioaren web orrian, haien agintaldiak iraun bitartean.

Lehen xedapen gehigarria.–Batzar Nagusia eratzeko bilkura eta federazioko lehendakariaren lehenengo hautapena.

Federazioaren lehenbiziko Batzar Nagusia osatzeko eta federazioko lehenbiziko lehendakaria hautatzeko, zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagai izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Kasu horretan, kirol federazioaren bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Kudeaketa Batzordeak prestatuko du Hauteskunde Erregelamendua, eta kirol arloan eskumena duen organoak onetsi beharko du.

Bigarren xedapen gehigarria.–Batzarrean gertatzen diren altak eta bajak.

1. Kargualdia bukatu baino lehen, hautatua izateko eskatutako betebeharretatik bat edo beste galtzen duten pertsonek edo entitateek kasuko kirol federazioaren Batzar Nagusiko kide izaera galduko dute. Batzarkideei horrelako baja emateko, beharrezkoa izanen da behar den espedientea irekitzea; horren barnean, interesdunari hamar egun balioduneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioak egin eta baja hori ekarri duen egoera konpontzeko. Epe hori bukaturik, federazioan horretarako eskumena duen organoak bidezko den bezala ebatziko du, eta kirol arloan eskumena duen administrazioari horren berri emanen dio. Espediente horren aurka errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean.

2. Baja gertatzen bada estamenturen batean federazioaren lizentzia berritu ez delako horretarako ezarritako epearen barrenean, bestelako tramiterik gabe emanen zaio baja, egoera hori konponezina delako. Hala ere, berritzeko eskaera behar bezala eta behar den epean aurkeztu bada eta federazioaren ebazpenaren zain baldin badago, espediente horren ebazpenaren zain geldituko da.

3. Aurreko zenbakietan xedatutakoa ez zaio federazioko lehendakariari aplikatuko.

4. Batzar Nagusia osatzen duten estamentuetako ordezkarien bajak eta toki hutsak, federazioaren estatutuan eta/edo Hauteskunde Erregelamenduan horri buruz beste zerbait arautu ezean, estamentu horretako hauteskunde emaitzen zerrendan hurrengo postuan dauden hautagaiek beteko dituzte.

5. Hauteskunde emaitzen zerrendan ez badago sortutako bajak betetzeko nahikoa pertsonarik, horiek betetzeko zozketa eginen da, hauteskunde erroldan Batzar Nagusia osatzeko beharkizunak betetzen dituzten kideen artean.

6. Edozein arrazoirengatik kargu huts horiek betetzeko behar diren baldintzak biltzen dituen pertsonarik ez badago, kargua hutsik gelditzen denean baldintza horiek betetzen dituzten entitate edo pertsonekin beteko dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Lehendakariaren hautapen partziala.

1. Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzen dituzten arauak aplikatuko dira, orobat, edozein arrazoirengatik, agintaldi olinpiarraren barrenean lehendakariaren hautapen partzial bat egin behar den kasuetan.

Kasu horretan, honako hauek aplikatuko dira:

a) Hauteskunde egutegiari dagokiona, lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteari buruzko puntutik aurrera.

b) Araudi honetan federazioko lehendakaria hautatzeari buruz dauden artikuluak, eta indarrik gabe geldituko dira gainerako atalei buruzko artikuluak.

2. Baldintza horietan hautatzen diren lehendakarien agintaldiak dagokion ziklo olinpiarreko hurrengo hauteskunde urtera arte iraunen du.

3. Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua uzten badute, eta horren inguruan estatutuetan aurreikuspenik ez badago, federazioko eskubide osoko kideen artetik hautagaiak aurkezteko epe bat irekiko da, Kudeaketa Batzordea osatzeko. Batzorde horrek desegiten den Zuzendaritza Batzordeko kide kopuru bera izanen du. Kide kopuru hori baino hautagai gehiago edo gutxiago aurkezten badira, zozketaz erabakiko da nork osatuko duen Kudeaketa Batzordea. Prozesu hori guztia kirol arloan eskumena duen administrazioaren tutoretzapean garatuko da.

4. Prozesu hori kirol arloan eskumena duen organoak onetsi beharko du ebazpen baten bidez. Horretarako, federazioak, aurretik, eskaera aurkeztu beharko du, eta horrekin batera, aplikatuko den erregelamendua eta Batzar Nagusiak hari emandako onespena.

5. Lehendakari kargua hutsik gelditzen bada ziklo olinpiar baten eta, hortaz, lehendakariaren kargualdiaren azken urtean, federazioak erabakitzen ahalko du Kudeaketa Batzordearen eta jarduneko lehendakariaren agintaldia luzatzea hurrengo hauteskunde prozesua egin arte.

Erabaki hori baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kirol arloan eskumena duen organoak ebazpen baten bidez onestea, horrek erabakiko baitu eskaera onesten den ala ez, federazio eskatzailearen egoera partikularraren arabera.

Horrela hautatzen den jarduneko lehendakariari dagozkion eginkizunak eta eskumenak bide arruntetik hautatutako lehendakariari dagozkionak bezalakoak izanen dira.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aipamen organikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren oraingo egitura organikoa aldatuz gero, ulertuko da foru agindu honetan egitura organikoari edo eginkizunei buruz egiten diren aipamenak egitura organiko berria sortzeko edo lehengoa aldatzeko araudiaren bitartez kirol arloko eskumenak hartzen dituzten erakunde, organo eta unitateei dagozkiela.

Xedapen iragankor bakarra.–2016-2019rako hauteskundeen deialdia.

1. Nafarroako kirol federazioen batzar nagusiak eta lehendakariak aukeratzeko 2016-2019rako hauteskundeen deialdia onesten da.

2. 2016-2019rako hauteskunde prozesuak 2016ko ekainaren 30a baino lehen bukatu beharko dira oso-osorik (udako federazio olinpiarren kasuan eta olinpiarrak ez diren federazioen kasuan) edo 2018ko ekainaren 30a baino lehen (neguko federazio olinpiarren kasuan), salbu eta hurrengo puntuan jasotzen den kasuan.

3. Prozesua dagokion urteko (2016ko edo 2018ko) uztailaren 1etik aurrera egin nahi bada, federazioak urte horretako martxoaren 31 baino lehen eskatu beharko du, eskaera arrazoitu eta justifikatu baten bidez, hasiera batean proposatzen dituen datak adieraziz. Kasu horretan, behin kirolaren arloan eskumena duen administrazio organoak eskaeraren gainean ebatzi ondoren, federazioaren Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak erregelamendua onesteari ekinen diote.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten da Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren uztailaren 14ko 158/2011 Foru Agindua, 2012-2015 aldian Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuak egiteko arauak onesten dituena, eta, orobat, foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Betearazpena.

Kirol arloan eskumena duen administrazio organoari honako gai hauen gainean ebazteko ahalmena ematen zaio:

1. Foru agindu honetan xedatutakoa interpretatu eta aplikatzea.

2. Olinpiar urteen hasierarekin batera, federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde urtearen hasiera onestea eta hauteskunde prozesuak egiteko baliozko aldiak zehaztea.

3. Hauteskunde urte bakoitzaren barrenean, Nafarroako kirol federazioek hauteskunde erregelamenduak aurkezteko daukaten epea onestea.

4. Federazioetako hauteskunde prozesuen gehieneko iraupena onestea.

5. Nafarroako kirol federazioetako lehenengo Batzar Nagusia eta lehenengo lehendakaria aukeratzeko hauteskunde prozesuaren gaineko arauak onestea.

Azken xedapenetan bigarrena.–Argitalpena.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko ekainaren 24an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1509759