157. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

51/2015 FORU DEKRETUA, abuztuaren 12koa, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 22an emandako 8/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kontseilari titularraren menpe, zuzenean. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, departamentu bakoitzeko kontseilariak proposaturik.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Garapen Ekonomikorako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Garapen Ekonomikorako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia.

c) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia.

d) Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak zituzten eskumenak, salbu eta Hitzarmen Ekonomikoari eta Nafarroako Estatistika Institutuari dagozkienak, eta hari atxikitzen zaizkio Garapen Ekonomikorako Departamentuaren eskumen esparruko gaietan eskudantziak dituzten unitate organikoak.

3. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak.

4. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak garraio arloan zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak. Orobat, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia atxikitzen zaio Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua.

Xedapen gehigarri bakarra.–Deskontzentrazioa.

1. Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren esku deskontzentratzen dira, nork bere eskumenen esparruan, kontratazioaren arloan Garapen Ekonomikorako kontseilariari esleitutako eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

2. Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren esku deskontzentratzen dira ondare-erantzukizunaren arloan Garapen Ekonomikorako kontseilariari esleitutako eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

3. Garapen Ekonomikorako kontseilariak eraginik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen deskontzentrazioa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Xedapen iragankor bakarra.–Arauek indarrean segitzea.

Departamentuaren egitura organikoa zerbitzu eta atal mailan garatzen ez den bitartean, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, aplikatuko da Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuan, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuan, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretuan, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa, eta ulertu behar da izen horiei erreferentzia egiten zaienean Garapen Ekonomikorako Departamentuari egiten zaiola erreferentzia.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen ekainaren 27ko 30/2012 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarraldia.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abuztuaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1511487