150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2015eko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, ordenantza hau hasiera batean onestea erabaki zuen.

Aurreko erabakia 2015eko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 30ean. Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei eta Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, ordenantzaren testu osoarekin batera.

Ordenantzaren behin betiko onespenaren kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Tuteran, 2015eko ekainaren 30ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

I. Administrazio elektronikoa bultzatzearen helburua da administrazio publikoa herritarrengana hurbiltzea, herritarrei Udalaren zerbitzu elektronikoak erabiltzeko aukera emanez, baita administrazioa erraztea ere, herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateko arauak ematen dituen legedian ezarritakoari jarraikiz.

II. Ebazpen honen oinarri juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan dago, eta, tokiko esparruan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 6. artikuluan, efizientziari, herritarrendako zerbitzuari, eraginkortasunari, koordinazioari, gardentasunari eta parte hartzeari dagokienez.

Garrantzi handiagoa du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak indarra hartzeak, horrek aldaketa kualitatiboa sortu baitu orain hein batean indargabetu den 30/1992 Legearen 45. artikuluak jada jasotzen zuen manuan; hain zuzen ere, “teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili eta aplikatzea” administrazio publikoen jardueretan eta beren eskumenak gauzatzean. Administrazio publikoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko aukera betebehar bihurtzen du lege horrek, eta bi ardatzen inguruan zehazten du betebehar hori: herritarrek administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bitartez komunikatzeko duten eskubidea, eta administrazio publikoak eskubide hori gauzatzeko behar diren baliabide eta sistemez hornitu beharra.

III. Herritarrek, enpresek eta beste erakunde batzuek Udalarekin izaten dituzten harremanetan teknologia horiek ohikotasunez erabiltzea bultzatzeko eta teknologia horien onurak aprobetxatzen laguntzeko, beharrezkoa da herritarrekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak, bermeak eta ondorio juridikoak pixkanaka arautzea, eta Udal Administrazioak arlo horretan jarduteko printzipioak ezartzea.

1. artikulua. Xedea.

Tuterako Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitateen esparruan baliabide elektronikoak nola erabiliko diren arautzen da, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoa.

1. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoa Interneten duen ataria edo webgunea da, https://sede.tudela.es helbide elektronikoan, nahiz eta maila txikiagoko tokiko beste egoitza elektroniko batzuk, sektorialak edo departamentuetakoak, bildu ahalko dituen korporatiboki, edo lurralde esparru handiagoko egoitza elektronikoak eratu edo horietan txertatu osorik edo hein batean.

2. Egoitza elektronikoaren bidez eginen dira udal administrazioaren edo herritarren autentifikazioa behar duten jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak, betiere baliabide elektronikoak erabiliz, nahiz eta izaera publikoko beste informazio tipologia bat ere gehitu ahalko den.

3. Udalaren egoitza elektronikoaren bidez honako hauek ere egiten ahalko dira: hala informazio orokorra nola errolda edo zentsuetako datu pertsonalak eta ordainagiriak kontsultatu, tramite pertsonalak on-line egin, ordainagirien kopiak eskatu, jardueretarako izena eman eta egintza bakarrean ebatz daitezkeen beste tramite erraz batzuk egin.

4. Egoitza elektronikoak eman beharreko informazioa argitaratuko du, legez, judizialki edo erregelamenduz hala agintzen denean.

5. Herritarrek egoitza elektronikoaren bidez jo dezakete Udal Administraziora, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudian eta toki araubidearen arloko araudi indardunean ezarritako eskubideak gauzatu nahi dituztenean.

6. Herritarrek Udal Administrazioari eska diezaiokete baliabide horien bitartez komunika dadila beraiekin, eta dokumentuak formatu elektronikoen bidez eskuratu ahalko dituzte, zerbitzu eta harreman elektronikoen ezarpenak aurrera egin ahala, pixkanaka-pixkanaka erabat gauzatu arte.

7. Udaleko organo administratibo, alor, departamentu edo zerbitzu bakoitzak bere eskumenen esparruko berariazko edukiak kudeatu, administratu eta herritarrei eskaini beharko dizkie Internet bidez; halaber, Interneten bidez zabaltzen diren edo egoitza elektronikoaren bidez eskura jartzen diren zerbitzuen eta informazioaren zuzentasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz arduratuko da, betiere bere eskumenekoak badira. Eskaintzen dituzten informazio, zerbitzu eta tramitazioak Udalaren egoitza elektronikoaren barruan erabat integraturik geldituko dira, eta zuzenean eskuratu ahalko dira egoitza horretatik bertatik, identitate eta homogeneotasun korporatiboa galdu gabe, nahiz eta beste helbide elektroniko bat izan dezaketen, herritarrak sar daitezen.

8. Egoitza elektronikoaren garapena, kudeaketa eta administrazioa, edukiak kanpo, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arloan (IKT) Udalaren eskumen horizontalak esleituak dituen zinegotzigoari dagozkio, Udalean Administrazio Elektronikoa Bultzatzeko Batzordeak esleituak dituen eginkizunei kalte egin gabe.

9. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko maneran.

10. Egoitza elektronikoak beharrezkoak diren segurtasun mekanismoak izanen ditu, erabiltzen den informazioaren konfidentzialtasuna, zuzentasuna, eskuragarritasuna, egiazkotasuna eta trazabilitatea bermatzeko.

11. Tuterako Udal Administrazioak ez du inolako erantzukizunik bere mende ez dauden kanpoko iturrietatik eskuratu ahal den informazioaren gainean, ezta entitateei loturik ez dauden pertsonek edo bertako erakundeek Udalaren web orrien bidez adierazten dituzten iritzien gainean ere.

3. artikulua. Eskuragarritasuna.

1. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoak eskuragarritasunaren eta kalitatearen aldetik Administrazio Publikoendako gomendatu diren estandarrak beteko ditu eta, bereziki, bermatuko da bide elektronikoa erabiliz pixkanaka ezartzen diren zerbitzu, jakingarri, tramite eta prozedurak eskuragarriak izatea kode irekiko sistema eragile eta nabigatzaile nagusietatik.

4. artikulua. Zerbitzua aldi baterako etetea.

1. Udalaren sistemen, aplikazioen, kanalen edo baliabide elektronikoen mantentze tekniko edo operatiboa egin behar izateagatik arrazoi justifikatuak daudenean, aldi batez eten ahalko da harreman juridiko-administratiboak bide elektronikoz gauzatzeko aukera. Horretaz gainera, ofizioz zehaztuko dira epeen luzatzeak, zerbitzua etetearen ondoriozkoak, zehazten diren kasuetan eta legez ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoan aditzera emanen da zerbitzua aldi baterako eten dela, etete hori noiz artekoa izatea espero den eta zein kasutan hartu beharko diren epeen konputuan eragina duten neurriak.

5. artikulua. Herritarren identifikazio elektronikoa.

1. Herritarrak, Tuterako Udal Administrazioarekin egoitza elektronikoaren bitartez aritzen direnean, identifikatu egin behar dira eta beren borondatea egiaztatu behar dute; horretarako, onartutako sinadura elektroniko aurreratua erabiliko da. Egoitza elektronikoan adieraziko da zeintzuk diren bertan aritzeko une bakoitzean onartu eta aintzat hartzen diren ziurtagiri elektronikoak.

Hala ere, Udalak zehatz dezake herritarrek zein kasu eta baldintzetan erabil ditzaketen beste identifikazio sistema batzuk, hala nola aldez aurreko erregistro batean hitzartutako gakoak, bi aldeek ezagutzen duten informazioa ematea edo kriptografikoak ez diren beste sistema batzuk.

2. Tuterako Udalak, zuzenean edo beste entitate batzuekin egindako hitzarmen, akordio edo kontratuen bidez, identifikaziorako edo sinadura elektronikorako mekanismoak edo baliabideak eman ahalko dizkie, zentzuzko kostuan, eskaera egiten duten herritarrei, haien nortasuna berariaz egiaztatu ondoren.

3. Pertsona fisikoek kasu guztietan eta orokorrean erabili ahalko dituzte Nortasun Agiri Nazional Elektronikoari sinadura elektronikorako gehitutako sistemak, horri buruzko araudiari jarraikiz. Edonola ere, pixkanaka edo mailaz maila ezartzearen printzipioak ere arautuko du eskubide hori.

4. Sinadura elektronikoa erabiltzeak ez du alboratzen beharrezkoak diren identifikazio datuak sartu beharra dokumentu edo komunikazio elektronikoan.

5. 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatutakoarekin bat, Udal Administrazioak herritarrei eskatuko die akats formalak zuzen ditzatela, artikulu honetan ezarritako identifikazio eta egiaztapen baldintzak betetzen ez direnean.

6. artikulua. Herritarrek administrazioko informazioa eskuratzea.

1. Legeak ezarritako kasuez gain, ez da aldez aurreko egiaztapen elektronikoa beharko egoitza elektronikoko informazio orokorra eskuratzeko, ezta bertako datu publikoak eskuratzeko ere, edo herritarren parte-hartze elektronikorako legez ezartzen diren kasuetan; ezta kanal edo baliabide elektronikoen bidez betebehar tekniko eta juridikoei buruzko informazioa edo orientazioa eskatzeko eskubidea erabiltzen denean edo Udalari kontsultak egiten zaizkionean ere.

2. Zehazki, herritarrek ez dute identifikaziorik eman beharko informazio hau eskuratzeko:

a) Udalaren antolamenduari eta interes orokorreko zerbitzuen gaineko informazioa.

b) Xedapen orokorrei eta araudiei buruzko kontsultak.

c) Tuterako Udalaren argitalpen ofizialak.

d) Jendaurrean jarritako espedienteak.

e) Edonork eskura dezakeen edozein informazio, legediak ezarritakoaren arabera.

7. artikulua. Organo administratiboen borondatearen egiaztapena eta identifikazioa.

1. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoak, identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua izateko, sinadura elektronikoko sistemak erabiliko ditu, betiere gailu seguruko ziurtagirietan edo baliabide baliokideetan oinarrituak.

2. Tuterako Udal Administrazioko langile publikoek, beren eskumenak erabiltzean identifikatu eta autentifikatzeko, sinadura elektroniko onartua erabiliko dute, langile publikoarena ahal izanez gero, nahiz eta sinadura elektroniko pertsonala edo nortasun agiri nazionalekoa erabili ahalko den artikulu honen ondorioetarako.

3. Tuterako Udalak, administrazio jarduerako eskumenak baliabide elektronikoen bidez erabiltzean identifikatu eta autentifikatzeko, sistema hauek zein kasutan erabili zehaztu ahalko du:

a) Udal organoaren edo Udalaren aplikazioko zigilu elektronikoa, ziurtagiri elektronikoan oinarritua, betiere sinadura elektronikoari buruzko legediak ezarritako baldintzak betetzen baditu eta identifikazio fiskaleko zenbakia eta dagokion izena jasotzen baditu; organo administratiboaren zigilu elektronikoa denean, pertsona titularraren nortasuna ere jaso ahalko du. Gainera, Udalak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu bere zigilu elektronikoen egiaztapena egin ahal izateko.

b) Egiaztapenerako kode segurua, Udalari edo bertako organo bati lotua; dena dela, zilegi izanen da dokumentuaren zuzentasuna Udalaren egoitza elektronikoan sartuz egiaztatzea.

8. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatua.

1. Tramiteko egintzak edo prozedurak ebaztekoak, baita komunikazio egintza hutsak ere, “administrazio jarduketa automatizatu” baten bidez egin ahalko dira, egoki programatutako informazio sistema baten bidez, kasu bakoitzean pertsona fisiko batek esku hartu beharrik izan gabe. Horrela egiten diren dokumentuak udal organo baten edo Udalaren aplikazioko zigilu elektroniko baten bitartez egiaztatuko dira.

2. Ebazpenek eta, oro har, administrazio jarduketa automatizatu guztiek honako hau errespetatu beharko dute: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 13. artikuluan balorazioak aurkaratzeari buruz ezarritakoa.

9. artikulua. Eskaerak egiteko edo agiriak aurkezteko eredu normalizatuak.

1. Udalak ezarriko ditu inprimaki guztien gutxieneko edukiak, prozedurei eta tramiteei dagozkien eskabideen, idazkien eta komunikazioen eredu orokorra, eta honako hauek baliabide elektronikoen bidez aurkeztu ahal izateko formatuak, euskarriak eta sistemak: eskaerak egiteko edo agiriak aurkezteko eredu normalizatuak, eta horiei erantsitako dokumentuak, baliabide elektronikoz aurkez daitezkeenak.

2. Eskaerak egiteko edo agiriak aurkezteko eredu normalizatuak, onetsi ondoren, herritarren eskura jarriko dira Udalaren egoitza elektronikoan, tramitazio elektronikoan sartu diren prozedura eta tramiteetarako.

Egoitza horretantxe argitaratuko dira aurkezpen elektronikorako eskatzen diren baldintzak eta betebeharrak, eredu normalizatua erabiltzeko betebeharra eta hori ez betetzearen ondorioak.

3. Eskaerak egiteko eredu normalizatuek datu hauek jasoko dituzte gutxienez: beharrezkoak diren metadatuak eta informazioa, katalogatu ondoren Udalaren dokumentuen gordelekuan sartu eta bertan ongi artxibatu eta zaintzeko; halaber, kasuan kasuko espedientea identifikatzeko beharrezkoak diren datuak, espediente horrekin lotu ahal izateko.

4. Haien erabilera errazteko, ukitua ados badago, eskaera egiteko eredu normalizatuek egiaztapen automatizatuak edo eskuzkoak izan edo sorraraz ditzakete, aurkeztutako informazioa sistema propioetan edo beste administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko; halaber, galdetegia osorik edo hein batean beteta eskain dezakete, interesdunak informazioa egiaztatu eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

10. artikulua. Erregistro elektronikoa.

1. Tuterako Udaleko sarrera-irteeren erregistro elektronikoa sortu da egoitza elektronikoan, eta edonor eta doan sartu ahalko da bertan.

Erregistro horretan, Udal Administrazioaren eskumenekoak diren prozedurei eta gaiei buruzko eskaerak, idazkiak edo komunikazioak aurkeztu ahalko dituzte herritarrek, eta ebazpen honetan aipatzen diren jakinarazpen elektronikoak igorri izana jasoko da erregistro horretan.

2. Erregistro elektronikoa Udaleko sarrera-irteeren Erregistro Orokorrean txertatuko da ondorio guztietarako, eta borondatezkoa izanen da herritarrentzat, ez badu behintzat lege mailako arau batek kontrakoa ezartzen edo ez badute behintzat etorkizuneko prozedura administratibo elektronikoen gaineko arauek betebeharra ezartzen, hau da, Administraziorako idazki, eskaera eta komunikazioak baliabide horren bidez aurkezteko betebeharra.

3. Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki, eskaera eta komunikazioek gaitutako beste edozein erregistrotan aurkeztutakoen ondorio berberak izanen dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudi orokorrean ezarritakoaren arabera. Edozein idazki mota erregistro elektronikoan aurkeztearekin batera epeen zenbaketa hasiko da nahitaez. Ondorio horietarako, idazkiak egun baliogabe batean jasotzen badira, hurrengo lehen egun balioduneko lehen ordu baliodunean aurkeztutzat joko dira erregistroari begira. Erregistro elektronikoak egun eta ordu ofizialei jarraituko die, eta horiek Udalaren egoitza elektronikoan agertuko dira.

4. Erregistro elektronikoa eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura. Kontsignazio elektronikoko sistema batek egiaztatuko du idazki, eskaera eta komunikazioen sarrera eta irteerako data.

Erregistro elektronikoak automatikoki luzatuko du aurkeztutako dokumentuak jaso izanaren frogagiria, eta dokumentuari esleitzen zaion sarrerako idazkuna agertuko da bertan. Aurkeztutako dokumentazioa erregistro elektronikoan jasotzen ez bada, horren berri eman beharko zaio eskatzaileari edo, bestela, igorpenean akatsa izan dela adierazten duen mezua jaso beharko du, dokumentuak beste une batean edo beste baliabide batzuk erabiliz aurkezteko.

Herritarrendako komunikazioek denboraren zigilua edukiko dute, data egiaztatzeko.

11. artikulua. Sarrerako erregistroa izan dezaketen idazkiak eta agiriak.

1. Erregistro elektronikoak dokumentu elektroniko normalizatuak onartu ahalko ditu, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, kasu hauetan bakarrik: Udalaren egoitza elektronikoan herritarren eskura jarri diren zerbitzu, prozedura eta tramiteei dagozkien dokumentuak, aurrez ezarritako formatuen arabera beteak.

2. Aurreko lerroaldean aipatu diren eta baliabide elektronikoen bidez aurkez daitezkeen eskaera, idazki eta komunikazioen zerrenda eguneratua agertuko da Udalaren egoitza elektronikoan.

3. Herritarrek aurkezten dituzten idazki eta dokumentuek herritarra identifikatzeko eta beren borondatea egiaztatzeko mekanismoa eduki beharko dute, kasu bakoitzean zehaztutako moduan.

4. Interesdunak dokumentu batzuk erantsi behar dituenean bere eskaera edo idazkia tramitatzeko, euskarri elektronikoan egin ahalko da, baldin eta dokumentu horiek elektronikoki sinatuak baditu interesdunak berak edo sinadura elektroniko onartuaren bidez autentifikatuta dauden hirugarrenek, betiere ezarri diren formatuko estandarrak eta segurtasuneko baldintzak betetzen badituzte.

Bestela bada, dokumentazio hori gehienez ere hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko da paperezko euskarrian (jatorrizko dokumentua edo zuzenbidean onartutako bideetakoren baten bidez konpultsatutako kopia), Udalaren edozein erregistro bulegotan edo administrazio prozedurari buruzko araudi orokorrak ezartzen dituen gainerako lekuetan. Dokumentazioaren fitxa zein eskaerari eransten zaion, eskaera horrek duen sarrera erregistroko zenbakia adieraziko da. Aurkeztu ezean, eskaerak zuzentzeko araubide orokorra aplikatuko da.

5. Udal Administrazioak, idazki edo dokumentu elektronikoa aurkeztu ondoren, akats formalak zuzentzeko eskatu ahalko du; nortasunari, zuzentasunari eta egiazkotasunari buruzko betebeharrak, ebazpen honetan ezarriak, ez betetzearen ondoriozkoak izanen dira akats horiek.

12. artikulua. Prozedurari hasiera ematea.

1. Ebazpen honetan ezarritako baldintzetan, tramitazio elektronikoan sartutako prozedura administratiboak baliabide elektronikoen bidez hasi ahalko dira alderdi batek eskaturik, arestian arautu den erregistro elektronikoan sinatutako eskaera aurkeztuz.

2. Eskaera batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, eskaera hori denek sinatuko dute elektronikoki, eta espresuki adierazten denarekin jarraituko dira jarduketak edo, bestela, lehen sinatzaile gisa agertzen den herritarrarekin.

3. Herritarrak, Tuterako Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoen bitartez aritzen direnean, ordezkari edo ahaldun baten bidez aritu ahalko dira, administrazio prozeduaren araudi orokorrean ezarritakoarekin bat. Edonola ere, ordezkari edo ahaldun baten bidez egiten diren jarduketek balioa izateko, egiaztapena beharko da.

13. artikulua. Prozeduren tramitazio elektronikoa.

1. Administrazioko tramiteak baliabide elektronikoen bitartez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: denbora eta epeen kontrola, data eta ordua agertzea eta jarduketen organo arduradunen identifikazioa. Gainera, espedienteen tramitazio hurrenkera errespetatu beharko dute.

2. Modu elektronikoan tramitatutako administrazio prozeduretan, Tuterako Udal Administrazioak bermatuko du baliabide elektronikoak erabiliz gauzatu ahal izatea tramite hauetarako eskubideak: alegazio eta agiriak aurkeztea, interesdunei entzunaldia eta jendaurreko informazioa ematea, eta atzera egitea eta uko egitea.

3. Interesdunak baliabide elektronikoen bitartez eskatu eta lortu ahalko du berari dagozkion prozeduren tramitazio egoerari buruzko informazioa; informazio horretan agertuko da espedientearen prozedura zein fasetan dagoen eta zeintzuk diren espedientea tramitatu eta ebatziko duten organoak.

4. Ebazpenak eman eta modu automatizatuan jakinarazi ahalko dira, orobat, horixe aurreikusita dagoen prozeduretan; ebazpen horiek organo eskudunaren edo Udalaren aplikazioko zigilu elektronikoarekin egiaztatuta egonen dira.

5. Administrazio prozedura batean emandako ebazpenak adierazi beharko du, aplikatu beharreko araubide orokorreko araudiari jarraikiz nahitaezkoa den edukiaz gain, zein den haren kontrako errekurtsoak aurkezteko bide elektronikoa.

6. Ez da beharrezkoa izanen Udal Administrazioaren esku edo Tuterako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatua duten beste administrazio publiko batzuen esku dauden dokumentuak aurkeztea, baldin eta ukituak horri buruzko adostasuna eman badu. Nolanahi ere, prozedura bakoitzari aplikatu beharreko araudiari jarraikiz gauzatuko da eskubide hau.

Eskubide hau zein dokumentu edo prozeduretan aplika daitekeen azalduko da egoitza elektronikoan.

7. Partikularrek Tuterako Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoen bitartez aritzean aurkezten dituzten dokumentuek balioa izateko, haien egiazkotasuna, zuzentasuna eta kontserbazioa egiaztatu beharko da.

14. artikulua. Administrazioaren ziurtagiri elektronikoak eta datuen transmisioa.

1. Tuterako Udalak paperean egiten diren ziurtagiriak pixkanaka kentzea bultzatuko du, horien ordez ziurtagiri elektronikoak edo datuen transmisioak ezartzeko. Ziurtagiri eta transmisio horiek bat etorriko dira datu babesaren eta administrazio prozeduraren arloetan indarra duen araudiarekin, baita ebazpen honetan xedatutakoarekin ere, eta paperean egindakoen ondorio berberak izanen dituzte. Ziurtagiri eta transmisio horien edukia paperean eman ahalko da, hurrengo artikuluaren 7. epigrafean ezarritako prozeduraren arabera.

2. Herritarrek, paperezko ziurtagirien ordez, beste administrazio batzuetan elektronikoki lortutako ziurtagiriak euskarri elektronikoan aurkeztu ahalko dituzte Udal Administrazioan; orobat, paperezko euskarrira behar bezala aldatutako ziurtagiri elektronikoak, egiaztapenerako kode seguru eta guzti.

3. Tuterako Udala ahaleginduko da hitzarmenak egiten ziurtagiri edo dokumentu administratiboen luzatzaile nahiz hartzaile diren entitate publiko edo pribatuekin, horrela dokumentu edo ziurtagiri elektronikoen lorpena, transmisioa eta, hala behar badu, baliokidetzea errazteko, datu transmisioen bidez.

15. artikulua. Kopia eta konpultsa elektronikoak, eta dokumentuak paperezko euskarrira aldatzea.

1. Tuterako Udal Administrazioak, baita tramitazio elektronikoan guztiz sartu ez diren prozeduretarako ere, herritarrek paperean aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi digitalak lortu ahalko ditu, baita dokumentu publikoenak ere, balio eta eraginkortasun berarekin, kopia elektronikoaren bitartez.

2. Bide elektronikoaren bidezko tramitazioan sartu diren tramite eta prozedura administratiboei paperezko dokumentuak erantsi ahal izanen zaizkie, dokumentu horien kopia elektronikoaren bidez.

3. Kopia elektronikoa, edo paperezko dokumentuak dokumentu elektroniko bihurtzea, digitalizazioko prozedura seguru baten bidez eginen da, dela konpultsa egin duen Udal Administrazioko langileen sinadura elektroniko onartuaren bidez, edo dela organo eskudunaren edo Udalaren aplikazioko zigilu elektronikoaren bidez, horrela kopiaren edo irudiaren egiazkotasuna, zuzentasuna eta kontserbazioa bermatzeko. Kopia hori modu automatizatuan egin daiteke, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

4. Kopia elektronikoa benetako kopiatzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legean ezarritako ondorioetarako, eta balioa izanen du bai kopia elektronikoaren xede den prozedura zehatzerako bai Udal Administrazioak tramitatutako beste edozein prozeduratarako.

5. Interesdunek kopia konpultsatuak gehitu nahi dituztenean prozeduran, baldin eta jatorrizko dokumentuek espedientean agertu behar ez badute eta prozeduraren araudiak aukera hori ematen badu, konpultsatu beharreko dokumentuen kopia elektronikoa lortuko du Udaleko erregistro bulegoak, artikulu honen 3. epigrafean araututako prozeduraren bidez.

6. Modu elektronikoan hasitako administrazio espediente bat ez denean erabat euskarri elektronikoan tramitatzen, eskumena duen organoak paperezko euskarrira pasatuko du, espedientearen tramitazioarekin jarraitzeko eta, betiere, jatorrizko dokumentu elektronikoen artxibo segurua ziurtatuko du.

7. Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatu ahalko dira prozedura automatizatuen bidez. Baliabide elektronikoen bidez luzatu eta elektronikoki sinaturiko dokumentu publiko administratiboen paperezko kopiak benetako kopiatzat hartuko dira, baldin eta elektronikoki sorturiko egiaztapenerako kode seguru bat inprimatua badute, edo egiaztapenerako beste sistema batzuk, haien benetakotasuna egiaztatu ahal izateko Udal Administrazioaren artxibo elektronikoetan sartuz.

16. artikulua. Prozeduraren amaiera.

1. Elektronikoki tramitatutako prozedura bat amaitzen duen egintzak edo ebazpenak identifikatu egin beharko du ebazteko eskumena duen organoa, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako betebehar formalak bete beharko ditu, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboko langileen sinadura elektroniko onartua eduki beharko du.

2. Dokumentu elektronikoak paperera aldatu behar direnean (Udaleko gobernu organoen ebazpenen liburuetan eta egintzen liburuetan egon behar dutenak barne, horiek euskarri elektronikoan ez dauden bitartean), dokumentu elektronikotik paperera pasatzeari buruz ebazpenen honen 15. artikuluko 7. epigrafean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

17. artikulua. Jakinarazpen elektronikoa.

1. Administrazio prozeduretan eta tramiteetan baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena eginen da interesdunak baliabide horiek lehentasunez hautatu dituenean edo horiek erabiltzeko adostasuna eman duenean, edo nahitaezkoa denean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluaren arabera, baina bakarrik berariazko araudiak espresuki ezartzen dituen kasuetan eta Udalak gaituak baditu jakinarazpen elektronikoak bidaltzeko.

11/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoak arautuko ditu jakinarazpen elektronikoak.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete Udal Administrazioko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera. Alderdi batek eskatuta hasten diren administrazio prozedura elektronikoetan onarpen hori emantzat joko da, interesdunak kontrakoa adierazi ez badu behintzat.

Prozeduraren tramitazioan, interesdunak eskatu ahalko du hurrengo jakinarazpenak ez daitezela modu elektronikoan egin; kasu horretan, administrazio prozedura erkideari aplikatu beharreko araudian onartutako beste edozein bide erabiliko da.

2. Bai jakinarazpen elektronikoa borondatez hautatu dutenek bai hartara behartuek helbide elektroniko bat eman beharko dute, egiten zaizkien jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Edozein administrazio egintzaren jakinarazpen elektronikoa egiteko sistemak adierazi beharrekoak: jasota geratu izana, eta jakinarazitako egintza interesdunaren eskura zein egun eta ordutan jarri den, baita edukiko sarrerari dagozkionak ere, une horretatik aurrera legezko ondorio guztietarako egintzat joko baita jakinarazpena.

3. Jakinarazpena, prestatu ondoren, interesdunaren eskura jarriko da egoitza elektronikoan. Interesdunaren eskura jartzen den unean, ohar bat bidaliko da hark emandako helbide elektronikora. Jakinarazpenari buruzko oharrak egoitza elektronikora bideratzeko esteka bat edukiko du; hain zuzen ere, jakinarazpenak kontsultatzeko atalera eramanen duena. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen 28. artikuluko 2. lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako, ohar hori bidaltzearekin batera betetzat joko da jakinarazpena interesdunaren eskura jarri beharra.

4. Egoitza elektronikoan nabarmen agertuko dira egiteke dauden jakinarazpenak, eta adieraziko da dokumentuan sartzean edukia jakinarazitzat joko dela.

5. Jakinarazpenaren edukia ikusi aurretik, hartzaileak hartu-agiria sinatu beharko du sinadura elektroniko aurreratuarekin. Hartu-agiria jakinarazpena egin duen administrazio organoari edo entitateari igorriko zaio, kasuan kasuko espedientean sartzeko. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen 28. artikuluko 3. lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako, hartu-agiria sinatzearekin batera egintzat joko da jakinarazpenaren edukirako sarrera.

6. Jakinarazpenen eragiketak hartzaileari aukera emanen dio jakinarazpena eta, halakorik bada, dokumentu erantsiak ikusteko, horiei loturiko sinadura elektronikoak egiaztatzeko eta hori guztia bere terminal fisikoan deskargatzeko.

7. Interesdunaren eskura jarri izana jasota geratu eta hamar egun naturaleko epea iragaten bada haren edukian sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako ondorioekin, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta frogatzen bada sarbiderako ezintasun tekniko edo materiala.

Jakinarazpen elektronikoa egiterik ez bada arazo teknikoak direla eta, udal organo jarduleak modu konbentzionalean egin ahalko du jakinarazpena.

Legez ezarritako kasuetan, jakinarazpen elektronikoaren ordez zilegi izanen da egunkari eta aldizkari ofizialetan eta iragarki ohol elektronikoetan argitaratzea, baita helbide elektroniko bakarraren edo antzekoaren bidez ere, Udalak beste administrazio publiko batzuekin batera izaten dituen harremanen esparruan.

18. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Espediente elektronikoa administrazio prozedura bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa da, edozein dela ere daukaten informazio mota.

2. Espediente elektronikoen folioak zenbakitu eginen dira, udal, langile edo organo jarduleak sinatu edo zigilatutako aurkibide elektroniko baten bidez. Aurkibide horrek bermatuko du espediente elektronikoaren osotasuna eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko; onartzeko modukoa izanen da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.

3. Tuterako Udalak modu hauetakoren bat erabiliz bidali ahalko ditu dokumentu edo espediente elektronikoak:

a) Modu telematikoan, sinadura elektroniko aurreratuaren edozein sistema erabiliz, legeek ezartzen dituzten baldintzetan.

b) Interesdunaren eskura jarriz eta agertuz modu elektronikoan; horretarako, dokumentu edo espedientea zuzenean sartuko da, lotura elektronikoa eginen da edo birtualki gordetzeko beste sistema bat erabiliko da, betiere Udalaren egoitza elektronikoaren barneko berariazko eremu batean edo hartzailearen karpeta pertsonal elektronikoan edo araudiak ezartzen duen beste eremu batean.

c) Dokumentu eta espediente elektronikoen benetako kopiak biltzen dituzten euskarri digitalen igorpen fisikoa.

19. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Tuterako Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bitartez artxibatu ahalko ditu bere eginkizunak gauzatzean sortzen diren dokumentu eta espediente guztiak, jatorrian zuten euskarria gorabehera, administrazio prozedura erkidearen araudian eta Nafarroako autonomia erkidegoaren araudian artxiboei buruz ezarritako baldintzak betez.

Paperezko dokumentuen kopia elektronikoa edo alderantzizkoa egin nahi izanez gero, ebazpen honen 15. artikuluan ezarritako prozedurei jarraituko zaie.

Euskarri elektronikoan hein batean edo osorik tramitatu diren administrazio espedienteak euskarri horretan gordeko dira, ondorio guztietarako.

2. Paperean zeuden dokumentu administratiboen kopia elektronikoa egiten bada, zilegi izanen da paperezkoak suntsitzea. Horretarako ezinbestekoa izanen da “administrazio elektronikoaren analisia” agertzea, neurriaren beharra, prozedura eta eragina positiboki baloratuko duena.

Kasu bakoitzean eskuduna den Udaleko zerbitzu teknikoak eginen du aipatu den “administrazio elektronikoaren analisia”, eta hori Administrazio Elektronikoa Bultzatzeko Batzordera igorriko da, administrazio elektronikoari buruzko aginduzko txostena egin dezan, alde batera utzi gabe Udaleko Idazkaritza Nagusiak ere gai horri buruzko txostena egiteko duen aukera.

3. Administrazioko dokumentu eta espediente elektronikoak biltzen dituzten baliabide edo euskarriek segurtasun neurriak izanen dituzte, artxibatutako dokumentu eta espedienteen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzeko eta, bereziki, erabiltzaileen identifikazioa eta sarrerako kontrola.

Administrazioko dokumentu eta espediente elektronikoetan migrazio digitala egin ahalko da, edo eboluzio teknologikoaren ondorioz etorkizunean sortzen diren formatu eta euskarrietara aldatu, horrela bermatuko baita dokumentu horien kontserbazioa, iraunkortasuna, egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna eta eskuragarritasuna, betiere kalitatezko baldintzetan, arlo horretan indarra duen araudiarekin bat.

Epigrafe honetan azaltzen dena betetzeak eskatuko du luzaroko sinadura sistemak erabiltzea, administrazioko dokumentu eta espedienteen denborazko erreferentzia bermatuko dutenak, horrela epe luzera egiaztatu ahalko baitira une jakin batean elektronikoki sinatutako dokumentuen sinadura elektronikoak.

4. Tuterako Udalak hitzarmenak edo akordioak egin ditzake beste entitate batzuekin dokumentu elektronikoen behin betiko artxiborako, betiere artikulu honetan ezarritako bermeak betetzen badira.

20. artikulua. Prozedurak tramitazio elektronikoan sartzea.

1. Tuterako Udalak pixkanaka ezarriko ditu egoitza elektronikoko zerbitzuak, eta Udaleko tramite eta prozedura administratiboak ere pixkanaka sartuko ditu tramitazio elektronikoan. Alkatetza honek ebazpenen bidez arautuko ditu horiek guztiak, pixkana-pixkana.

2. Tuterako Udalak, prozedurak eta tramiteak bide elektronikora pasatu aurretik, “administrazio elektronikoaren analisia” eginen du beti, eta analisi horrek prozeduraren berdiseinu funtzionalari eta sinplifikazioari buruzko azterlana jasoko du, herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko araudian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Eskaerak egiteko eredu normalizatuak eta ebazpen honen hurrengo artikuluan azaltzen den katalogoaren informazioa ere jasoko ditu.

Prozedura horietan eskudunak diren Udaleko zerbitzu teknikoek eginen dute “administrazio elektronikoaren analisia”.

3. Aipaturiko “administrazio elektronikoaren analisiak” Administrazio Elektronikoa Bultzatzeko Batzordera igorriko dira, administrazio elektronikoari buruzko aginduzko txostena egin dezan, alde batera utzi gabe Udaleko Idazkaritza Nagusiak ere gai horri buruzko txostena egiteko duen aukera.

Iragarkiaren kodea: L1510005