142. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PITILLAS

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan Behin betiko onespena

Pitillasko Udalak, 2015eko martxoaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, aldaketa hasiera batean onestea Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratu zen, eta jendaurrean jarri legezko epean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Epe horretan hasierako onespenari buruzko alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsitzat jotzen da, aipatu artikuluarekin bat.

Hala, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aipatu ordenantza argitara ematen da, osorik, orok jakin dezan eta aplikatu beharreko antolamenduko juridikoan ezarritako gainerako ondorioak izan ditzan.

Pitillasen, 2015eko ekainaren 17an.–Alkate udalburua, Francisco Arrazubi Pérez.

ERANSKINA Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide
eta tasak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluan, eta Nafarroako Toki Ogasunen gaineko Erregelamenduaren 33.17 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Pitillasko Udalari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dion guztian.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta, bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Panteoietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik badaude.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik badaude.

c) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi badira, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal dira, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak atera daitezke, hilarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ehorzketarako kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, dohainik edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du erregelamendu honi jarraikiz.

Ez da inoiz inola epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen.

Bi kontzesio mota izanen dira:

a) Bat, dohainik, lagun bakarrarendako horma-hilobietan, hamar urterako. Hala ere, leku gutxi izateagatik premiarik izanez gero, legeak ezartzen duen gutxieneko epea beteta jasoko da.

b) Bat, kostu bidez, lagun bakarrarendako horma-hilobietan, 50 urterako.

Kostu bidezko kontzesioa luzatzeko eskatzen bada, gehienez ere 49 urterako emanen da, eta ematen den unean indarra duen prezioa ordaindu beharko da. Eskaera mugaeguna baino bi hilabete lehenago egin beharko da gehienez, eta 15 egun lehenago, gutxienez.

13. artikulua. Interesdunek aurretik eskatuta, Udalaren Osoko Bilkurak emanen du hilobien eta horma-hilobien erabilera.

Adinez nagusi diren guztiek eskatzen ahal dute horma-hilobien kontzesioa.

14. artikulua. Kontzesioaren prezioa 450 eurokoa izanen da horma-hilobi bakoitzeko, eta lehen 50 urterako. 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta hurrengo urteetako lehen egunean, prezio hori aurreko urteko KPIaren arabera handituko da.

Aurreko erregela hori aplikatzetik aterako da luzapenaren prezioa.

Kontzesioaren prezioaren diru-sarrera Udalbatzaren kutxan eginen da, jakinarazpenaren ondoko 15 eguneko epean; ordainketa egiaztatu arte ez du inolako ondoriorik izanen.

15. artikulua. Bai doako bai kostu bidezko kontzesioen titularrek baimena izanen dute horma-hilobiaren kanpoaldean plaka bat jartzeko, herriko erabilerei eta ohiturei jarraikiz.

16. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren kontzesio guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak. Ondorioz, bai lurzatia bai paratzen diren hilobietako elementuak araudi honetan ezarritakoaren menean egonen dira.

17. artikulua. Horma-hilobien kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Horma-hilobietan hilobi elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.

18. artikulua. Erregelamendu hau baino lehenagoko kontzesioak zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira. Hemendik aitzina ematen direnek, ordea, 12. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

Halako familia batek, betiereko kontzesioa izateagatik, hilobi bat erabili badu orain arte, eta kontzesio hori frogatu ezin badu titulurik ez duelako, gaurko erabiltzaileek kostu bidezko kontzesioetarako aipatu diren baldintza beretan egiten ahal dute eskaera.

19. artikulua. Hilobien oinordekotzari buruz Udalak egiten duen aitorpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez du arlo zibilean deusen gainean indarrik izanen.

20. artikulua. Onartutako panteoiak, kaperak, horma-hilobiak eta lurrak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere; horrelakoetan, araubidea oinordetzarena bera izanen da.

21. artikulua.

1. Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, hilobia erabili izanik ere, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, eta hartarako behar diren baldintzak adieraziko ditu.

2. Eskualdaketa egiten bazaio ondoko ahaidetasun mailetan sartzen ez den pertsona bati:

–Titularraren ezkontideari.

–Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza bidezko ahaidetasunaren 3. graduraino. Eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifaren arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du kontzesioa hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.

Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, kontzesioa eman zenetik 5 urte baino gutiago iragan baldin bada, Udalak kontzesioa bertan behera uzteko eskubidea izanen du, eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Udalak eskubide hori erabiltzen ez badu, aurreko lerroaldean ezarritakoari lotu beharko zaio. Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, Udalari modu sinesgarrian eskualdaketaren berri ematen zaionetik.

22. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 26. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak.

Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira kontzesioaren tituluan.

23. artikulua. Hilerriko lurren kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, erregelamendu honetako aginduei lotuz, betiere.

Lurren kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

24. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

25. artikulua. Kontzesioak honako hauengatik ere iraungitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.

c) Hilobia erabili beharko luketenak desagertzeagatik.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

26. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzea.

3.–Lekualdatzeak (lurperatzea eta hilobitik ateratzea).

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

27. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

28. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

29. artikulua. Hobi bakar batean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularraren kontura izanen dira.

30. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

31. artikulua. 29. artikuluko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ehorzketak: 150 euro.

Beste hilerri batzuetatik ekartzen diren gorpuzkinen ehorzketak: 200 euro.

2. epigrafea.–Hobitik ateratzea: 100 euro.

3. epigrafea.–Lekualdatzeak (ehorzketa eta hobitik ateratzea) ireki beharreko hobira: 250 euro.

4. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk. Inork eskatzen badu ordenantza honetan zehazturik ez dagoen zerbitzurik edo ehorzketa bat arau orokorretik kanpo egin nahi bada eta, beraz, Udalak baimendu behar badu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu, edo, bestela, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiteko baimena emanen da.

Tasa horiek urtero eguneratuko dira, aurreko urteko KPIaren aldaketaren arabera; lehenengo eguneratzea bi mila eta lauko urtarrilaren batean izan zen.

PREZIOEN ERANSKINA

Hilotz bakar bat ehorzteko horma-hilobiaren kontzesioa: 450 euro ehorzte bakoitzeko, lehenbiziko 50 urtean.

Prezio hori urtero handituko da, aitzineko urtean KPIak izan duen goiti-beheitiaren arabera. Lehenbiziko eguneratzea bi mila eta lauko urtarrilaren batekoa da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe utzi dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1509255