88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

148/2014 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, “Egoera ekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko ikastetxe publikoetarako laguntzak 2014-2015 ikasturterako” deialdia onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloan bidezkoak diren neurriak hartu behar ditu egoera ahulean dauden ikasleei behar duten laguntza emateko, hezkuntza sisteman ezarritako hezkuntza eta prestakuntza arloko xedeak lor ditzaten.

93/2008 Foru Aginduak, Nafarroako ikastetxeetako aniztasunerako laguntza arautzen duenak, 36. artikuluan adierazten du Hezkuntza Departamentuak baliabide eta laguntza materialak ezarriko dituela egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei berdintasuna eta konpentsazioa bermatzeko, Foru Komunitateko ikastetxeetan eskolatzen direnean.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasle horiei laguntza ematen die hainbat baliabide materialen bitartez, hala nola, eskola materialerako laguntza ekonomikoa eta ikasgelatik kanpoko eskola jardueretarako eta Gorputz Hezkuntzako ekipamendurako laguntza.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du 2014-2015 ikasturteko deialdi publikoa onesteko, ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko behar diren baliabideak aztertu eta esleitu daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi publikoaren oinarri arautzaileak onestea, 2014-2015 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko beharrezkoak diren baliabideak esleitu eta emateko. Ebazpen honi gehitu zaizkio, 1. eranskin gisa.

2. 2014-2015 ikasturteko deialdiaren xedeko baliabide ekonomikoak finantzatzeko kreditua 140.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, 2014ra luzatutako 2012ko aurrekontuko “Ikastetxe publikoentzako zuzkidura immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako” izeneko 425009-42100-2269-322400 kontu-sailaren kargura.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

140.000,00

G/425009/2269/322400: ikastetxe publikoentzako zuzkidura immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako

2014

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 7an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

1. ERANSKINA

Deialdi publikoaren oinarriak, 2014-2015 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko beharrezkoak diren baliabide materialak esleitu eta emateko

1. Deialdiaren xedea.

Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe publikoei diru-laguntza ematea du xede deialdi honek, ikasle horiek bertan integratzen laguntzeko eta behar duten materiala izan dezaten.

Ebazpen hau aplikatuz ematen diren baliabideak hezkuntza sisteman sartu, jarraitu edo aurrera egiteko zailtasunez desabantaila ekonomikoan dauden ikasleentzat izanen dira, ez besterentzat.

2. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Zuzendaritza taldeak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik jasotako informazioarekin eta ikastetxean eskura duenarekin, eskaeraren xedeko ikasleak baloratuko ditu eta horren txostena emanen dio Eskola Kontseiluari. Informazio hori Educa kudeaketa sisteman dago islatuta, familiaren zailtasunei, gizarteratzeko zailtasunei, berandu eskolatzeagatiko zailtasunei eta abarrei buruz, hau da, egoera ekonomiko zailean edo gizarte laguntzaren menpe diren familietakoak izateagatik. Gero, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio 2014-2015 ikasturterako laguntza eskaera.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak ikastetxeek igorritako informazioa Educa kudeaketa sisteman jasotakoarekin bat datorrela egiaztatuko du.

Eskaerak deialdi honen 2. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

3. Zuzkidura ekonomikoa.

2014-2015 ikasturteko deialdiaren xedeko baliabide ekonomikoak finantzatzeko kreditua 140.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, 2014ra luzatutako 2012ko aurrekontuko “Ikastetxe publikoentzako zuzkidura immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako” izeneko 425009-42190-2269-322400 kontu-sailaren kargura.

Aurreko puntuan aipatutako kontu-sailaren zenbatekoak baldintzatzen ditu ikastetxeei emanen zaizkien modulu ekonomikoak, aldez aurretik Educa programa kontsultatuta, hartutako datuak egiaztatzeko.

Ikastetxe bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ebazpen bakar baten bidez ordainduko dira.

Ikasle bakoitzari esleituko zaion modulua zehazteko, kontu-sailaren guztirakoa, ikastetxe eskatzaileen kopurua eta laguntza jasotzen duten ikasleen kopurua hartuko dira kontuan. Orobat, datu horiek guztiak Educa programan jasotakoekin alderatuko dira.

4. Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

Deialdi hau Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak ebatziko du, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak proposatuta, eta ikastetxeei jakinaraziko zaie. Eskabidean espresuki eskatzen bada, jakinarazpen hori telematika bidez egiten ahalko da, helbide elektroniko bakarra izanez gero (Posta Zerbitzuari eskatua).

5. Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko deialdi honetan aipatzen diren baliabide ekonomikoak honako hauek izanen dira:

–Eskolako materiala erosteko: testuliburuak, material osagarria (hiztegiak, atlasak, zorroak eta abar).

–Gorputz Hezkuntzako ekipamendua.

–Ikaslearen diru-ekarpena behar duten gelatik kanpoko eskola jardueretarako laguntza ekonomikoa (kultur bisitak, lan ateraldiak, ikasturtearen bukaerako txangoak eta abar).

Dirua ez da behin ere erabiliko eskolako jantokia ordaintzeko, zerbitzu horrek berariazko laguntzak ditu eta.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, ikastetxeetan laginketa eginez, deialdiaren xedeko laguntzak haren helburuetarako erabiltzen direla egiaztatuko du, gastuak justifikatzeko eskatuko baitu.

Zuzendaritza taldeak laguntzaren xede diren ikasleen zerrenda, 2. eranskinean azaltzen dena, artxibatuko du.

2. ERANSKINA

Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak

Laguntza ekonomikorako eskaera.

................ herriko .................. ikastetxeko Eskola Kontseiluak egoera sozioekonomiko ahulean dauden .................... (zenbat) ikaslerentzako diru-laguntza eskatzen du.

2014-2015 ikasturteko ikasleei buruzko datuak:

IZEN-DEITURAK

HEZKUNTZA MAILA

ETAPA

Laguntza ekonomikoak har ditzaketen kasuak azterturik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei galdetu ondoren,

Honako hau eskatzen du:

2014-2015 ikasturtean egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzeko behar diren baliabide materialak esleitu eta emateko, honako hauek alegia:

A) Haur Hezkuntza/Lehen Hezkuntza (ikasle kopurua):

H.H.

LHko 1. ZIKLOA

LHko 2. ZIKLOA

LHko 3. ZIKLOA

GUZTIRA

B) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (ikasle kopurua):

DBHko 1. MAILA

DBHko 2. MAILA

DBHko 3. MAILA

DBHko 4. MAILA

GUZTIRA

C) Batxilergoa/LH (ikasle kopurua):

BATX./LH 1. MAILA

BATX./LH 2. MAILA

GUZTIRA

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an

  Zuzendaria Orientatzailea

Stua.: .................................... Stua.: .................................

ANTOLAMENDUAREN ETA AUKERA BERDINTASUNAREN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F1405519