88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAÑERU

Aldaketa, Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Mañeruko Udalak, 2014ko martxoaren 12an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Mañeruko Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan.

Horren iragarkia 2014ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean ere, eta orduz geroztik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, hasiera batean onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da ordenantzaren testua. Hona hemen:

ORDENANTZA, MAÑERUKO UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udalerrian dauden bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 158. artikuluan eta hurrengoetan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 186. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Herri larreen esleipena egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean, enkante publikoaren bidez edota antzinako ohiturari jarraituz.

3. artikulua. Herri larreen aprobetxamenduen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua, edo legez eratutako pertsona juridikoa izatea.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Mañerun urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Abeltzaintzan aritzea; hori Udal honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko du.

e) Mañeruko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

4. artikulua. Esleituko diren bazkalekuak, ondoko hauek izanen dira:

–Ardi-azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Done Jakue bideko autobiatik harata).

2.–Herriko edo erdialdeko bazkalekua.

3.–Sotoko eta Salbazeko bazkalekua edo hegoaldekoa.

5. artikulua. 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluko 2. lerroaldean aurreikusitakoari jarraikiz, belarren tasazioa egin da haren egiazko balioaren %90 hartuta, hortaz, urtean honako zenbateko hauek izanen dira bakoitzerako:

–Ardi-azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Done Jakue bideko autobiatik harata): 654,81 euro.

2.–Herriko edo erdialdeko bazkalekua: 654,81 euro.

3.–Sotoko eta Salbazeko bazkalekua edo hegoaldekoa: 1.964,43 euro.

6. artikulua. Udalak hamabortz eguneko epea emanen du, ordenantza honen 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenek bazkaleku baten edo gehiagoren esleipena eska dezaten; esleipenaren prezioa hartan finkatutakoa da, aprobetxamenduaren balio errealaren %90 kalkulatuta.

Eskabidearekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituela erakusten duena.

Abeltzainen artean akordiorik ez badago norberaren aziendaren arabera bazkalekuak modu proportzionalean banatzeko, batek baino gehiagok bazkaleku bera eskatzeagatik, interesdunei entzun ondoren, Udala ados jartzen ahaleginduko da. Hori ezinezkoa bada, zozketaren bidez esleituko da, tasazio berari eutsiz.

7. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren prozedura bukatuta, eta bazkalekurik oraindik esleitu ez bada, enkante publikoa eginen da, hartan aurreikusitako epea bera emanda eta indizetzat hartuta bazkalekuen balio errealaren %100.

8. artikulua. Bazkaleku guztiak esleitzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Esleipena bukatzeko epea baino lehen aprobetxamenduaren titularrak abeltzaintzako jarduera uzten badu, abeltzainak hori jakinarazi beharko dio Udalari jarduera utzi baino hiru hilabete lehenago, gutxienez. Horrelakorik gertatzen bada, Udalak erabakiko du belar horiek nola aprobetxatuko diren epea bukatu arte.

9. artikulua. Udalaren eskorta duten bazkalekuen esleipen-hartzaileak, eskorta oker edota gehiegikeriaz erabiltzeagatik, izanen dira erantzuleak sortzen diren hondamen edo kalteena, salbu eta erabilera normal edo arruntagatik sortzen diren hondatzeak eta denboraren ondorioz sortzen direnak baldin badira.

Eskorta horiek artatzea eta mantentzea esleipen-hartzailearen kontura izanen dira, baita behar diren hobekuntzak ere, baina betiere Udalak aldez aurretik baimena emanda.

10. artikulua. Errespetatu egin beharko dira euriondoko 3 egun, neguan, eta egun batekoa, udan, baina sekula ezin dira sartu lurrak istiltsuak badaude.

11. artikulua. Laboreetarako diren herrilurretako lurzatiak ezin izanen dira landu irailaren 25a baino lehenago, horrela bertako belarrak aprobetxatzeko aukera izanen da.

12. artikulua. Esleipen-hartzailea izanen da erantzulea bere aziendak sortzen dituen kalteena.

13. artikulua. Bazkalekuko abeltzain esleipen-hartzaileak ezin izanen du inolako kalte-ordainik eskatu, bertako idoiak idortzen badira, eta haren kontura izanen da aziendarendako behar den ur hornidura.

14. artikulua. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 204. artikuluari jarraikiz, herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria beharko du izan, erakusteko betetzen dituela herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendaren osasuna zaintzeari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluko betekizunak.

15. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko, 6/1990 Foru Legearen 161. artikuluari jarraikiz. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, esleipenak bertan behera geldituko dira, fidantza galduko da eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira. Mañeruko Udalak, noiznahi, nahi adina egiaztapen egin ditzake, larreak zuzenean aprobetxatzen direla frogatzeko, N.T.E.O.E.ren 195. artikuluari jarraikiz.

16. artikulua. Udalak beretako gordeko du eskubidea egun landugabe dauden herrilurrak berriz hartzeko, nekazaritzarako erabiltzeko, larre berriak sortzeko edota basoberritzeko, betiere esleipen-hartzaileari kalte-ordaina emanez, okupatutako azaleraren arabera, esleipenaren prezioa kontuan hartuta, eta larreen aprobetxamendu gabe emandako denbora ikusita.

17. artikulua. Bazkaleku bakoitzean aldian-aldian alatzen den azienda kopuru gehienekoari ez zaio mugarik jarriko, garbi ikusten baita esleipen-hartzailea dela interes handiena duena larreak arrazionalki aprobetxatzeko, eta azienda gutxi sartzeagatik belarrak galtzera ez uzteko, edota sobera ustiatzeagatik belarra ahitu edo ez ahultzeko.

18. artikulua. Udalaren jabetzako eskortetan sortzen den gorotza esleipen-hartzailearena izanen da esleipenaren azkeneko eguna bitarte; egun horretatik aitzina, Udalaren jabetzakoa izanen da.

19. artikulua. Landatzaileek nahi ez badute azienda sartzea zuhaitzen sailetan, mahastietan eta zainzurien sailetan, belarren zati proportzionala ordaindu beharko dute okupatutako lurrengatik.

20. artikulua. Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu esleipen-hartzaileak, bai belarrak aprobetxatzeko epean ezar daitezkeenak ere, edota iragarkiak edo sor daitezkeen gainerako gastuak.

21. artikulua. Esleipen hartzaileek Udal Diruzaintzan ordainduko dute esleipenaren urteko zenbatekoa, hiruhilekotan ordaindu ere, hiruhileko bakoitza amaitu baino hamar egun lehenago, gutxienez. Hiruhilekoa iraganik zenbatekoa ordaindu ez bada, %10 garestiagoa izanen da, eta 5 egun igaroz gero ordaindu gabe, Derrigorrezko Diru-bilketa Agentziaren bitartez ordainaraziko da.

22. artikulua. Bazkaleku bakoitzaren esleipenaren prezioa urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumorako prezioen gorakadaren arabera, betiere Toki Ogasunen Arauei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluak ezarritakoarekin bat. Erakunde ofizial eskudunak aipatutako indizeak onetsi arte, eguneratzea kontura eginen da, azkeneko urteko Nafarroarako kontsumorako prezioen lehengo urteko gorakadaren arabera.

23. artikulua. Zuzen esleitzen ez diren bazkalekuetan, horiek enkantearen bidez esleitu behar direnean, lizitatzaileek eskaerari 150 euro erantsi beharko dizkiote, behin-behineko fidantza gisa. Esleipen-hartzaileak behin betikotzat jo beharko du behin-behineko fidantza, hamar urteko esleipenaren prezioaren %4ra iritsi arte, hogeita hamar eguneko epean, behin betiko esleipenetik hasita. Behin betiko fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez egiten ahalko da. Aipatu fidantza edo banku-abala behin ordainduta, esleipen-hartzaileari itzuliko zaio enkantean parte hartu ahal izateko eman zuen behin-behineko fidantza.

24. artikulua. Zuzenean esleitzen ez diren bazkalekuak arautuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen Kontratuei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako gertaera hauek:

a) Herrilarreetan alatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Esleitu ez zaizkion bazkalekuetan aziendak sartzea.

d) Azienda alatzea edo bertatik iragatea, ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

f) Esleitu den bazkalekua berriz errentan ematea edo bertze bati eskualdatzea.

f) Esleipen-hartzailearen jabetzakoa ez den aziendak bazkalekuaren aprobetxamendua egitea.

g) Ordenantza honetako 3. artikuluko baldintzetakoren bat ez betetzea.

h) Udalari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jarduera utzi duela.

i) Esleipen-hartzaileak edo haren edozein enplegatuk su egitea edo nahita sua eragitea esleitu zaion lotean, horretarako baimenik izan gabe.

26. artikulua. Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

29. artikuluko a, e, f, g, e eta i atalei buruzkoak, kontzesioa galtzea ekarriko du.

29. artikuluko b, c, d eta h atalei buruzkoak, 200 euroko isuna, gehienez.

Hori guztia, ondasun publikoetan edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

27. artikulua. Udalaren eskorta zaharren bat ezin bada erabili, egoera txarrean dagoelako, esleipen-hartzaileak ez du eskubiderik izanen bazkalekuaren zenbatekoan deskontua izateko.

28. artikulua. Ordenantza hau edo hura aplikatzeari buruzko udal egintza nahiz erabakiak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren edo argitalpenaren biharamunetik aitzina.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina.

Mañerun, 2014ko apirilaren 28an.–Alkatea, Nuria Irisarri Arbeloa.

Iragarkiaren kodea: L1406188