88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

365/2014 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Urbasa eta Andiako parke naturaleko Urederraren Iturburua natur erreserban (RN-14) sartzeko araubidea onesten duena.

Urederraren iturburua RN-14 natur erreserba deklaratu zen Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen bidez. Gero, otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez parke natural deklaratutako Urbasa eta Andiako eremuan sartu zen erreserba hori.

Aipatu foru legeek zehaztu eta arautzen dituzte parke naturalean oro har aplikatzekoak diren arauzko xedapenak, baita natur erreserban berariaz aplikatzekoak direnak ere; bestetik, arau hauek:

–Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea, 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduak garatzen duena.

–Nafarroako Naturguneei buruzko 9/1996 Foru Legea.

–Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legea.

–Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretua, Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu plana arautzen duena, irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretuak aldatua.

–Uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretua, Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituena.

9/1996 Foru Legearen 25. artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuari dagokio natur erreserbak kudeatzea.

Urederraren iturburua Nafarroan bisita gehien dituen naturgune babestuetako bat da. Lau urtean, 2012 arte, bisitarien kopurua 53.000tik 74.000ra igo da. 2013an, 103.000 bisitaritik gora izan dira.

Eragin handia du bai Bakedaoko Kontzejuaren herrigunean eta horren ingurunean, bai natur erreserban berean, hain da handia bisitarien kopurua; igoera esponentzial horrek zalantzan jartzen ditu deklarazioaren oinarri izan diren ekosistemaren egonkortasuna eta ingurumen balioen kontserbazioa. Horri gehitu behar zaio bisitariei kalitateko zerbitzua emateko dituen azpiegiturak, aparkalekuak esate baterako, nahikoa ez direla.

2013ko apirilaren 16an, Bakedaoko Kontzejuaren eskaera bat jaso zen Oihanak Kudeatzeko Atalean Urederrako natur erreserbako bisitari kopurua arautzeari buruz, naturgune babestu hau zaindu, kalitateko bisita eskaini eta herrigunean kolapsoak eta eragozpenak saihestearren.

Aipatutakoaren ondorioz, hainbat bilera egin dira 2013ko bigarren erdialdean eta 2014ko hasieran, Bakedaoko Kontzejuaren ordezkariak eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko zein Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko langileak parte izanik, gai honi heltzeko. Adostu egin zen naturgunearen kontserbazioa bermatzeko eta Bakedaoko herrigunean arazoak saihesteko abiapuntua bisitarien kopurua mugatzea dela.

Oro har, eta 13/1990 Foru Legearen 64. artikuluarekin bat, Oihan Administrazioari dagokio, Ingurumen Administrazioak txosten loteslea egin ondoren, mendietako josteta jarduera arautzea, natur ingurunea begiratzea printzipioa izanik, bisitarien etorriak edo ingurunearen ahultasunak horretara bultzaturik. Gainera, 13/1990 Foru Legearen Erregelamenduko 96. artikuluak ezartzen du Ingurumen Administrazioak, edo ofizioz Oihan arlokoak, bultzaturik, mendietako josteta jarduera arautuko duen espedientea abiaraziko dela, eta partikularra izaten ahalko dela mendi jakin baterako edo mendi multzo baterako.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 34. artikuluaren arabera, natur ingurunean egiten diren kirol, aisia eta turismoko jarduerek ingurunea errespetatu beharko dute eta landa ingurunearen ezaugarriak eta haren ingurumen arloko balioak hartu beharko dituzte kontuan, basa fauna errespetatzea barne.

Gainera, parke natural deklaratu izateagatik, Nafarroako Naturguneei buruzko 9/1996 Foru Legearen arabera, nabarmenagoa da, besteak beste, turismo eta aisia arloko jardueren kontrola eta antolamendua direla helburu, eta horiek basa fauna eta florako elementu naturalak eta espezieak babestu eta zaintzearen menpe daudela.

Mendi Zerbitzuak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak egindako txostena ikusita, natur erreserbarako sarrera arautzea proposatu da, parke naturalaren deklarazioaren helburu orokorrak eta ingurumenari buruz aipatu araudia betetzearren eta naturgune babestuan berean zein Bakedaoko herrian sortutako ondorio kaltegarriak gutxitzearren.

Eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak (azaroaren 27ko 71/2013 Foru Dekretuak hein batean aldatua) ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Urbasa eta Andiako parke naturaleko Urederraren Iturburua natur erreserban (RN-14) bisitariak sartzeko araubidea onestea, une berean 450 lagun izan daitezen, gehienez ere.

2. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren martxoaren 14ko 18/2014 Foru Aginduak sortu eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak garatu eta kudeatutako programaren bidez abiaraziko da erregulazio hori.

3. Bestetik, Bakedaoko Kontzejuko langileek eta Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko langileek, zeinek beren eskumenen esparruan, ebazpen honetan ezarritakoa bete dadin zainduko dute.

4. Ebazpen honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hitzarmen bat eginen da Bakedaoko Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren artean, non aldeen erantzukizuna eta konpromisoa eta hartu beharreko neurriak jasoko baitira, erabilera publikoari buruzko erregulazio hau behar bezala abiaraz dadin natur erreserban.

5. Beharrezkoa izanez gero eta ebazpen honetan eta, gero, hitzarmenean, ezarritakoa gauzatzearren, partaide den toki entitateak bere ordenantzak moldatuko ditu.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Bakedaoko Kontzejuak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. Ebazpen hau Oihanak Kudeatzeko Atalera, Habitaten Atalera, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Urbasako Barrutira, Bakedaoko Kontzejura, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Foruzaingoko Brigada Ekologikora eta Sepronara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko apirilaren 4an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1405494