83. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

Euskararen erabilera arautzen duen ordenantza

Izarbeibarko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2013ko urriaren 31n egin bilkuran, erabaki zuen hasierako onespena eta, horren ondotik, erregelamenduzko tramitazioa ematea Mankomunitatearen esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantzaren 5. artikuluaren aldaketari. Gisa horretara beteko da uztailaren 18ko 737/2013 Epaia, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emana eta partez baiesten zuena administrazioarekiko 240/2012 auzi errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 934. Ebazpenaren kontra paratua, 2012ko otsailaren 14ko data baitzuen. Ebazpen hori gora jotzeko 11-05520 errekurtsoan eman zen, eta halako artikulu batzuk baliogabetu zituen Izarbeibarko Mankomunitateak euskararen erabilera arautzeko onetsi zuen ordenantzan (2011ko irailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua). Hartara, ordenantza horrek idazketa berri hau izanen du.

Garesen, 2014ko martxoaren 25ean.–Mankomunitateko burua, María Teresa Iradiel Ibáñez.

ORDENANTZA, IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEAREN ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko eta hura berreskuratu eta garatzeko; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eremu mistoan, eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa onetsitakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, bertzeak bertze:

‘’...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin’’.

‘’...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)’’.

Beraz, ordenantza honen xede generikoa da bermatzea Izarbeibarko Mankomunitateko (hemendik aitzina, Mankomunitatea erranen duguna) edozein udalerritako bizilagunek Udalaren arreta eta zerbitzua euskaraz hartzeko aukera izatea.

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Mankomunitatearen eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

2. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Mankomunitatearen kanpo irudian.

5. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza, eta horretarako batzorde bat sortzea.

6. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakin behar ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

7. Irizpidea ezartzea Mankomunitate honen instalazio eta elementuen izendegirako.

8. Mankomunitatearen barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

3. artikulua. Ordenantza hau mankomunitate honen esparruan aplikatuko da, baita haren meneko enpresa eta erakunde autonomoetan ere.

4. artikulua. Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Mankomunitateak bertze administrazio publiko batzuei (tokikoak, autonomikoak, periferikoak) edo eremu mistoan beren artean edo euskal eremuetako bertze batzuekin lotutako zuzenbide publikoko entitateei zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak ele bitan idatziko dira oro har, baina gaztelaniaz idatziko dira hizkuntza bakarra erabiltzen bada.

Mankomunitateak bertze administrazio publiko batzuei eta beraiei lotutako zuzenbide publikoko entitateei, aitzineko atalean sarturik ez daudenei, zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak gaztelaniaz idatziko dira, baina elebiko moduak ere balioko du euskal eremuan eta euskaraz abiatutako administrazio prozedurak direlarik.

Ordenantza honi dagokionez, ele bitan idatzitako agiriak dira testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen dutenak. Horretarako, begiratuko da diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala bereizirik ager daitezen eta testua argi gelditzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Mankomunitateak ele bitan idatz diezaiotela eskatuko die edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakundeei.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Mankomunitateari euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko.

8. artikulua. Idatziz Mankomunitateari euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntz gaitasuna duen langile elebidunik ez bada, itzulpen zerbitzua erabiliko da. Zerbitzu hori Garesko Udalarena izanen da, edo bertze zerbitzu publiko nahiz pribatuena, eta herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta jakinarazi behar zaion erabaki edo erantzunarena. Gaztelaniazkoarekin zenbat egun, horren pareko epean eman beharko da erantzuna.

Halaber, pertsona fisikoak zuzentzen zaizkionean, Mankomunitateak haien komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko.

Hezkuntza arloko jarduketetan, eskolako hizkuntza ereduaren edo kasuan kasuko errealitate soziolinguistikoaren arabera edo jarduketaren xede duen taldearen eskaeraren arabera editatu eta garatuko du Mankomunitateak hezkuntza programa.

Honako hauetan ere irizpide bera erabiliko da:

–Mankomunitatearen instalazioetako edozeinetera egiten diren bisita gidatuak.

–Ingurumenaren astearen inguruan egiten diren jarduketak.

–Lantegiak, mintzaldiak eta emanaldiak.

–Sentikortze kanpainak.

–Erakusketak.

–Bertze erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan egiten diren kanpainak.

10. artikulua. 8 eta 9. artikuluetan ezarri denari dagokionez, Mankomunitateak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen diren baldintzetan.

IV. KAPITULUA

Kanpo irudia

11. artikulua. Mankomunitateak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritar guztiei zuzentzen zaienean.

Hartara, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikinetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko lekuetako, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Mankomunitateak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Bertze edozein baliabide edo formatu, Mankomunitatearen irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

12. artikulua. Mankomunitateak publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Jardueren informazio eta propagandako eskuorriak ele bitan egonen dira.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada (ikusizkoa, musikala, plastikoa, etab.), informazioa bi hizkuntzetan emanen da.

4. Mankomunitatearen web orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

13. artikulua. 11. artikuluan aurreikusten diren kasuetarako, Mankomunitateak ele biko formatoa erabiltzeko eskatuko die ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei.

Orobat, Mankomunitatearen bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Mankomunitateak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

Teknologia berriekin loturiko programek eta Mankomunitatearen bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

14. artikulua. Argitalpenak.

Mankomunitatearen eta bere meneko enpresa eta erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interesa badute edo enblematikoak edo sinbolikoak badira.

15. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Jardueraren gaineko publizitate zein zabalkunderako, idatzizko eta/edo ikus-entzunezko komunikabideetan bi hizkuntzak erabiliko dira, erran nahi baita, euskara eta gaztelania.

V. KAPITULUA

Langileak eta barne funtzionamendua

16. artikulua. Mankomunitatearen plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan egon behar diren langile euskaldunak, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik.

Azterlan bat eginen da jakiteko zein esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin, eta orobat zein diren administrazio prozedura ohikoenak, eta definituko dira aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen euskara mailak, aztertuko dira herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunak eta ezarriko da jarduketa plan bat, esleitutako euskara maila eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko dituena.

17. artikulua. Mankomunitateak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

18. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.

19. artikulua. Kapitulu honetan ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko jakite mailez egiten den proposamenari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

20. artikulua. Euskaraz ikasten lagunduko zaie langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

Mankomunitateak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

Langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Mankomunitatean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, duten ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Mankomunitatean egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

21. artikulua. Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honetan ezartzen dena aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

22. artikulua. Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Mankomunitatearen organo aholku-emailea.

Iragarkiaren kodea: L1404440