62. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

446/2014 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, garun-perlesia edo antzeko prozesuak dituzten hamasei urtetik beherakoak Petö metodoaren bidez artatzeko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2014ko ekitaldirako luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Garun-perlesia izanik Petö metodoaren bidezko tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak” izeneko 511003 51110 4809 311102 kontu-saila dago.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

Aipatu 11/2005 Foru Legearekin bat, garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten haurrak 2013an Petö metodoaren bidez artatzeko diru-laguntzak ematea du xede ebazpen honen bidez onesten den deialdiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten 16 urtetik beherako haurrei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 2013an Petö metodoarekin egindako tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko.

2. Gehienez ere 119.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Garun-perlesia izanik Petö metodoaren bidezko tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak” izeneko 511003511104809311102 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko martxoaren 14an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Cristina Ibarrola Guillén.

ERANSKINA

Garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten 16 urtetik beherako haurrak 2013an Petö metodoarekin egindako tratamendurako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Diru-laguntzaren xedea.

Garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak izanik Petö metodoaren tratamendu errehabilitatzailea hartzen duten adingabeek 2013an izaniko gastua osorik edo hein batean finantzatzea.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-perlesia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

–Tratamenduaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

3.–Betebeharren frogaririak.

Eskatzaileek (adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra, diru-laguntzaren xede den tratamenduaren aurreko bi urtean, Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala. Haurrak bi urte ez baditu, modu berean frogatu beharko da Nafarroan bizi dela jaio zenetik.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena.

c) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

d) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua haurraren eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

e) Egindako gastuaren justifikazioa, jatorrizko faktura adostuak aurkeztuta, gutxienez ondoko datu hauek dakartzanak:

–Haurraren izen-deiturak.

–Tratamendua ematen duen entitatea.

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

–Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko eginbeharrak beteak izan beharko ditu eskatzaileak. Osasun Departamentuak egiaztatu eginen du eginbehar hori betetzen ote den, eskatzaileak aldez aurretik baimena emanda.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2014ko apirilaren 30ean bukatuko da, 14:30ean.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan (Amaia kalea, 2 A, Iruña) aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea igorririk. Eskabidearekin batera, deialdiaren 3. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, Ebaluazio Batzordeak proposatutakoari jarraikiz. Batzorde hori Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko hiru pertsonek osatuko dute, zerbitzu horretako zuzendariak izendaturik.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

–Zehazteko, kontuan hartuko da zenbat diru dagoen erabilgarri aurrekontuetan, hura hainbanatuko baita, laguntzak gastuarekin proportzionalak izan daitezen.

–Diru-laguntza oinarrizko tratamendu ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da, gutxienez ere, onuradun bakoitzeko; batzordeak zehaztuko du zenbatekoa eta ez du inolaz ere gaindituko onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren kostu osoa.

–Aurrekontuko kontu-sailen zenbatekoa ez bada aski eskatutako tratamenduen gastu osoari erantzuteko, poltsa osagarri bat sortzeko gordeko da kontu-sail horren zenbateko osoaren %7, baliabide ekonomiko gutxiagoko familiei emandako laguntzak handitzeko. Poltsa osagarriaren onuradunak zeintzuk diren zehazteko, hitzarmen bat ezarriko da, diru zuzkidurarik gabe, Aspace Navarra Residencial fundazioarekin.

Poltsa osagarriaz baliatu nahi duten pertsonek eskabidean adierazi beharko dute, eta fundazioak eskatzen dien dokumentazioa aurkeztuko dute, aipatu hitzarmenean zehaztuko dena.

5.3. Ebaluazio batzordearen proposamena lotzailea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, batzordearen proposamenarekin bat.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazi. Jasoz gero, zenbatekoa zein izan den aipatu beharko dute.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako beharkizunak bete beharko dituzte.

9.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpena eman ondoan.

10.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian aurreikusitako diru-laguntzaren onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

11.–Datuak babestea.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

12.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

13.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1404031