62. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

273/2014 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze eta elkarlan jardueretarako laguntzen deialdia onesten da, 2014rako.

Gaur egungo ingurune makroekonomikoak, oso konplexua eta ezegonkorra baita, finantza krisi global batetik sortua, hain zuzen 30eko hamarkadako atzeraldi handitik ikusi gabeko krisitik, bada, eragin handia izan du erakunde, enpresa eta administrazio guztien lehiakortasunean, eta, hortaz, baita zerbitzu teknologikoen sektorean ari diren entitateetan ere.

Bizi dugun testuinguru honek, azkeneko urteetan, teknologia zentroen antolakuntza ereduan eragina izan du. Honako hauek dira adibide nabarmenetako batzuk: administrazio publikoan izandako aurrekontu-mugak, enpresek I+Gra baliabide txikiagoak bideratzea, enpresek itzulkin lasterragoak bilatzea, enpresa handiek gero eta gehiago teknologian gaitzearen alde eta I+Garen alde egitea, enpresa asko gero eta gehiago nazioartekotzea –handitzeko bide bakar gisa– eta gero eta zentro gehiago izatea eremu teknologiko berberetan –oparoaldi ekonomikoan eskualde askok zentro berriak sortzearen ondorio–.

Inguruneko joera horiek zentro teknologikoak behartzen dituzte beren eredu propioen alde egitera, zeinek eskaintzari baliorik handiena emanen baitiote, espezializazioa edo lidergoa bezalako kontzeptuak bultzatuz. Eta exijentzia horiei (estrategia fokalizatua, hautatutako eremuetan lider izatea, intereseko sektore eta merkatuak oso ongi ezagutzea, gako diren alderdietan aliantzak eta elkarlanak edo presentzia globala izateko beharra) nekez eginen zaie aurre baldin eta ez bada tamaina eta masa kritiko gutxieneko bat.

Nafarroako Gobernuak hainbat ekintza gauzatu ditu Nafarroako teknologia eta ikerketa zentroei laguntza emateko. Gaur egun, ikusirik deskribatu diren inguruabar ekonomikoak eta enpresen beharrak, beharrezkoa da ekintza horiek bideratzea, zentro horien gaitzea, finkatzea eta elkarlana babesteko, lankidetza ingurune batzuk sustatuz zeinek ahalbidetuko baitute honako helburu hauek lortzea:

a) Bikaintasun eta espezializazio maila handiago bat erdiestea, Europako eremuan proiektuen lider izatea ahalbidetuko dutenak.

b) Enpresei ematen zaien zerbitzua hobetzea, horiei zerbitzu integrala emanez. Eta, neurri berean, enpresek zentroetan duten parte-hartzea handitzea.

c) Zentroen finantza iraunkortasuna handitzea, tamaina handitzearen eta beren lehiakortasuna hobetzearen bitartez.

d) Horiek Europatik finantzazio handiagoa lortzea.

e) Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak sortzea.

Helburu horiek lortzeak berarekin ekarriko du Nafarroako Garapen Ekonomikoaren Ereduan ezarritako helburuak betetzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze eta elkarlan jardueretarako laguntzen deialdia onestea, 2014rako.

2. Deialdi horren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean biltzen dira.

3. 5.950.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura: “Nafarroako Sare Teknologikoaren Transferentzia. EGEF 2007-2013 Programa Eragilea” izeneko 2014: 180011 18210 7819 467300 kontu-saila.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuaren Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoari eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

ERANSKINA

Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze eta elkarlan jardueretarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Diru-laguntza honen xedea da Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen (aurrerantzean, “zentroak”) gaitzea, finkatzea eta elkarlana bultzatzea.

2. Laguntza hauen bidez honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Bikaintasun eta espezializazio maila handiago bat lortzea, Europako eremuan proiektuen lider izatea ahalbidetuko dutenak.

b) Enpresei ematen zaien zerbitzua hobetzea, horiei zerbitzu integrala emanez. Eta, neurri berean, enpresek zentroetan duten parte-hartzea handitzea.

c) Zentroen finantza iraunkortasuna handitzea, tamaina handitzearen eta beren lehiakortasuna hobetzearen bitartez.

d) Horiek Europatik finantzazio handiagoa lortzea.

e) Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak sortzea.

3. Laguntza hauen bidez onuradunak egiten duen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena, Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2006/C 323/01). 2006ko abenduaren 30eko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, jarduera ez-ekonomikoen finantzazio publikoari ez zaio aplikatuko EE Itunaren 87. artikuluko 1. atalean xedatutakoa, hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzazioa ere.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroan kokatutako teknologia zentroak eta ikerketa erakundeak izan daitezke onuradunak.

2. Helburu horiek lortzeko, zentroek bere egin beharko dituzte zentroen arteko elkarlanerako eta koordinaziorako konpromisoak, Baterako Ekintza Plan batean formalizatuko direnak. Baturik parte hartu beharko dute zentroek. Zentro berak ezin izanen du parte hartu bi Batasunetan. Nafarroako Garapen Ekonomikoaren Planaren helburu diren zenbait esparru sektorial hartu beharko ditu Batasunak.

3. Eskabidean adierazi beharko dira Batasuneko kide bakoitzak onartutako konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa. Kide bakoitza ere onuraduntzat joko da. Batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatu beharko da.

4. Onuradun izateko, beharrezkoa da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarrita dauden debekuetako bat ere ez urratzea.

5. Halaber, Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunak baimena emanen dio departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Oinarri hauetan deskribatutako Baterako Ekintza Plana gauzatzeko jarduera ez-ekonomiko guztien kostu osoaren %100ek jaso dezake diru-laguntza.

Jarduera horien muina da zentroen gaitzea hobetzea, Batasunaren helburu komunak lortzeko, bai eta zentroen finkatze, elkarlan eta koordinaziora bideratutako jarduerak ere.

2. Zentro bakoitzari emanen zaio diru-laguntza, berak egindako eta Baterako Ekintza Planean jasotako ekintzengatik. Halaber, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira zeharkako gastu orokorrak, barnean direla langileriaren gastuak eta bidezkotzat jotzen diren beste batzuk, zentroek gauzatu dituztenak Baterako Ekintza Plana gauzatzeko, betiere kostu errealetan oinarritzen direnean, eskuarteko eragiketa gauzatzera bideratutakoetan, oro har kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo tarteko kostu errealetan, mota bereko eragiketetarako bideratutakoetan.

3. 2014. urtean egindako ekintzek jaso dezakete diru-laguntza, baita laguntzen eskaerak aurkeztu baino lehen egindakoek ere.

4. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Baterako Ekintza Plan bat erantsiko zaio eskabideari, Batasuneko kide guztiek sinatua, non agertuko baitira horietako bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak. Baloratu ahal izateko behar den xehetasunak izanen ditu, diru-laguntza emateko irizpideekin bat.

Baterako Ekintza Planeko ekintzen barnean izanen dira bai zentroak gaitzeko jarduerak bai zentroak finkatzeko, koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko jarduerak.

Baterako planeko gaitzeko ekintza bakoitzak honako hauek jasoko ditu gutxienez: helburu teknikoen deskribapen bat, egin beharreko zereginak azalduko dituen lan plangintza bat eta ekintza bakoitzari lotutako aurrekontua, zehaztuko dituena aktiboen amortizazioa, langileria, materialak, kanpoko elkarlanak eta zeharkako kostuak. Finkatze, elkarlan eta koordinaziorako ekintzetarako, baterako ekintza planean honako hauek jasoko dira: Batasunak oinarri hauetan azaldutako helburuak betetzeko duen estrategiaren deskribapena, egin beharreko zereginak deskribatzen dituen lan plangintza eta lotutako aurrekontua. Era berean, azaldu beharko du zer zentrok osatzen duten Batasuna, eta, eskabidea aurkeztean, horietako bakoitzean zenbat lagun ari diren I+G+B jardueretan.

3. Eskaerak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1; 31005-Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

4. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea.

b) Batasunak hartutako konpromisoak jasotzen dituen agiria eta Baterako Ekintza Plana, ondokoak izanen dituena: gaitze ekintzak eta finkatze, elkarlan eta koordinazio ekintzak.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazpenetik edo argitalpenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

5. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Behin ebaluazioa eginda, deialdiaren helburua betetzen dutela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

2. Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez eginen da. Eskabideen lehentasunak ezartzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zentroak gaitzeko ekintzak. Aurkeztutako proiektuen kalitatea eta zentroen bikaintasun handiagoa eta espezializazioa lortzeko egiten duten ekarpena. 40 puntu arte.

b) Zentroen finkatze, elkarlan eta koordinaziorako ekintzak. Oinarri hauetan deskribatutako laguntzen helburuak lortzeko plana. 30 puntu arte.

c) Zer neurritan lerrokatzen diren proiektuak Nafarroako Garapen Ekonomikorako Planeko sektore estrategikoekin. 15 puntu arte.

d) Parte hartzen duen Batasunaren tamaina: zentro eta ikertzaile kopurua. 15 puntu arte.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntza esleitu eta, hala balegokio, ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik bi hilabetera eman eta jakinaraziko da.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Ezarritako baldintzak bete direla eta diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako helburuak lortu direla agiri bidez justifikatu beharko da 2014ko abenduaren lehenbiziko hamabostaldian. I+G+B proiektuen justifikazio teknikorako eta ekonomikorako eskuliburuaren araberakoa izanen da justifikazioa, eta gastuak justifikatzeko ereduaren bidez frogatuko dira gastuak. Biak ere Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian daude, www.navarra.es helbidean.

2. Betiere, frogagirietan hau jasoko da:

a) Zentroaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereiziko dituena.

b) Laguntza hauen xede diren jarduera ez-ekonomikoen kostua, proiektuka eta gastu-kontzeptuka xehakatua.

c) Laguntza hauen xede diren jarduera ez-ekonomikoaren diru-sarrerak, finantzazioaren jatorriaren arabera xehakatuak.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin bat, jardueran diru-laguntza jaso dezakeen gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak justifikatuko.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza esleitu baino lehen egin bada.

4. Azpikontrataziorako, diru-laguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren ehuneko ehun arte hitzartu daiteke hirugarrenekin. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.3 artikuluarekin bat, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

9. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzak ematea eragin zuten jarduerak burutu direla egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzok. Nolanahi ere, diru-laguntza jaso duten jarduerak modu egokian eginen direla bermatzeko, diru-laguntza zatika ordaindu daiteke, eta horretarako justifikazio partzialak eginen dira, gutxienez esleitutako diru-laguntza guztiaren heren batena.

2. Ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta justifikatzen bada diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla. Aurrerakin horiek guztiek Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena beharko dute.

3. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 artikuluan arreikusitako salbuespenak gertatzeagatik, baita 2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoak gertatzeagatik ere, ez dira bermeak eskatuko.

10. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Aurkeztutako Baterako Ekintza Planean jasotako proiektuak eta jarduerak egitea.

b) 8. oinarrian aipatutako frogagiriak aurkeztea.

c) Behar denean, izandako eta justifikatutako gastuak kontuan izanik, aurrerakinaren soberakina itzultzea.

d) Ondasun inbentariagarririk eskuratzen bada, diru-laguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu onuradunak ondasun horiek, eta erabilera hori 7 urtekoa izanen da gutxienez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta 2 urtekoa gutxienez gainerako ondasunen kasurako, ondasuna eskuratu zen egunetik.

e) EGEFren ekarpena aipatzea web orrian, ongi ikusten den tokian ondoko esaldia paratuz modu iraunkorrean:

“Zentro honek laguntza jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 konfinantzatua, Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez”. Esaldiarekin batera, honako logotipo hau jarriko da, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak euskarri elektronikoan emanen duena:

f) Europar Batasunaren Egitura Funtsak ongi erabili daitezen erantzukizuna duten arduradunek (Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegia), kasua bada, egiten dituzten finantza kontrolak onartzea, eta auditoria horiek egitearen ardura duten pertsonei laguntza ematea, horiek ongi gauza daitezen.

g) Laguntzen jatorrizko frogagiriak (fakturak, hornitzaileen eskaintzak, bankuko ordainketak, etab.) gordetzea, gutxienez ere EGEF 2007-2013 Programaren aldia itxi eta hiru urte igaro arte.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

i) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek telematikoki aurkeztuko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Diru-laguntzak bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Diru-laguntza jaso duten jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostuaren %100.

2. Baldin aurreko atalean ezarritako muga gainditzen badute jasotako diru-laguntzek, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek, aipatutako mugara iritsi arte.

11. oinarria.–Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kofinantzazioa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak konfinantzatuta daude, Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez.

2. EGEFa arautzen duen oinarrizko araudia ondokoa da:

–Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua, uztailaren 11koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezarri eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duena.

–Batzordearen 1828/2006 (EE) Erregelamendua, abenduaren 8koa, Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendurako garapen arauak ezartzen dituena.

–EHA/524/2008 Agindua, otsailaren 26koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsa eta Kohesio Funtsak izeneko programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituena.

–Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilea.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

2. Halaber, Batzordeak abenduaren 8an eman zuen 1828/2006 EE Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatua betez, adierazten da zentroei emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko direla (minhap.es), Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilea kudeatzen duen agintaritza baita, honako hauek adierazita: onuradunaren izena, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1404442