62. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURIETA

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Murietako Udalak, 2014ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Murietako udal mugapeko herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza (2014ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 5ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aldaketa hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murietan, 2014ko martxoaren 13an.–Alkatea, Emilio Jesús Ruiz Recalde.

TESTU BATEGINA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Murietako udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Definizioa.

Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatua ezertan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Murietako Udalaren ahalmenak.

Murietako Udalari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Murietako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Murietako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Murietako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Zainketa, defentsa.

Murietako Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Berreskurapena.

Murietako Udalak berez eta noiznahi berreskura dezake herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Finken hedadura soberakina.

Murietako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Murietako Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Transakzioak.

Murietako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herrilurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Ondasunen gaineko eskubideen iraungipena.

Murietako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Interpretazioa.

Murietako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Murietako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abia daiteke zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Murietako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Izaera soziala.

Murietako Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Onuradunen betebehar orokorrak.

1. Orokorrean, Murietako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Murietako Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herrilurren itxitura.

Herrilurretan itxiturak paratzeko Murietako Udaleko Alkatetzaren lizentzia idatzia beharko da, herrilurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Onuradunen arteko trukaketak.

Orokorrean, ez dira onartuko aprobetxamenduen trukaketak onuradunen artean. Eskaera batera egiten badute eta interesdun eta ukituak bat heldu badira, Udalak baimena ematen ahalko du, herrilurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

19. artikulua. Zuhaitzen landaketa.

Zuhaitzen landaketari dagokionez, Udalak baliorik gabe utz dezake herrilurraren esleipena, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herrilurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betiko, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

20. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Murietako Udalak zuzenean ustiatzea.

Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

21. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira. Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, beste irizpide batzuk ebalua daitezke, hala nola: lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako beste edozein datu ere.

22. artikulua. Lotearen azalera.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurra: 20 erregu.

–Ureztalurrak: 3 erregu.

2. 21. artikuluan ezarritakoa (lehentasunekoak) betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea = 20 erregu lehorreko edo 3 erregu ureztalurreko.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea = 40 erregu lehorreko edo 6 erregu ureztalurreko.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea = 60 erregu lehorreko edo 9 erregu ureztalurreko.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea = 100 erregu lehorreko edo 15 erregu ureztalurreko.

23. artikulua. Faktoreak beheratzea.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Murietako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 23. artikuluan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

24. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da, oro har.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta interesdunak eskatuta, Udalak eskaera aztertu eta herrilurren ardura duen batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzeko.

25. artikulua. Kanona.

Murietako Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herrilurrak esleitzeko espedientea hasteko erabakian.

Kanona izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50.

Ureztalurretan, esleipen hartzaileak, gainera, bere gain hartu beharko ditu ureztatzaileen elkarteari dagokion kuota eta ur kontsumoarena.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

26. artikulua. Laborantza zuzeneko eta pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Murietako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 27 a) artikuluan xedatua aplikatuko da.

27. artikulua. Esleipen-hartzaile izatetik gelditzea.

Esleipen-hartzaile izateari utzi nahi diotenek eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.

a) Uztea ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko du uzteko eskaria. Esleipena uzteko eskaria onartuta dela, herrilurren gaia eramaten duen batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoan, Udalak herritarren arteko zuzeneko esleipena baliatuko du.

Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartu ahalko zaio. Dena dela, ezin izanen da herrilurretako lurzati baten onuradun izan, ez lehorrekoa ez ureztalurrekoa, beste esleipen aldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.

b) Uztea familia unitateko beste kide bati subrogatzeagatik.

Inork lurzatien onuradun izan nahi badu, jatorrizko eskatzaileak subrogatuta familia unitatearendako eskatzaile gisa, eskaera idatzia aurkeztu beharko da Udaleko Erregistroan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren uztea eta familia unitate bereko titularrarendako subrogazioa onetsi ondoan, hura onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.

c) Epea baino lehen uztea.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, esleipen-hartzaile izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ezin izanen dira herrilurretako lurzatien onuradunak izan, ez lehorreko lurrenak ez ureztalurrekoenak, egokitu zitzaien esleipen aldi osoa bete arte.

d) Behartuta uztea.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte. Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Esleipen-hartzaile izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.

Betiere, esleipena utzi beharko dute laborantza urtean erretiratu edo pentsiodun bilakatzen diren onuradunek.

28. artikulua. Laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzea.

Murietako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Herrilurren gaia eramaten duen batzordearen txostenaren ondoan Udalak osoko bilkuran gehiengo soilez hartzen duen erabakiaren arabera, esleitutako herrilurrak zuzenean eta norberak lantzen ez dituenean, ordenantza honen 26. artikuluan xedatuari jarraikiz.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena egiten ez duenean errentan emandako lurzatiengatik.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez duenean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

g) Erretiroduna eta pentsioduna denean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

29. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

30. artikulua. Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskura dagoen azaleraren %25 banatzeko irizpidea izanen da eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa.

b) Eskura dagoen azaleraren %75 banatuko da lehentasuna duten herritarren ustiategien titularren artean, irizpidea izanik eskatzaile bakoitzaren ustiategiaren azaleraren alderantzizko proportzioa. Ustiapenaren tamaina zehazteko, ureztalurretan eta lehorreko lurretan lantzen den azalera hartuko da kontuan. Ureztalurretako erregu bakoitzak lehorreko lurretako bi erregu bezala kontatuko du.

31. artikulua. Epea.

Esleipenaren epea 24. artikuluan adierazitako berbera da.

32. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.

Murietako Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herrilurrak esleitzeko espedientea hasteko erabakian.

Haren zenbatekoa izanen da ezaugarri berdintsuko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90.

Ureztalurretan, esleipen hartzaileak, gainera, bere gain hartu beharko ditu ureztatzaileen elkarteari dagokion kuota eta ur kontsumoarena.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

33. artikulua. Laborantza zuzenean egitea.

Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatua bete beharko da.

34. artikulua. Erreserba, onuradun berriendako.

Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

35. artikulua. Familia-baratzeak.

Murietako Udalak ureztalurretako familia-baratzeak uzten ahalko ditu hala nahi duten familia unitateen titularren eskutan, baldin eta 26. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta lurrik gelditzen bada premia hori asetzeko.

Esleipena 8 urterako izanen da.

Murietako Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herrilurrak esleitzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, erretiratuak eta pentsiodunak izan ahalko dira familia-baratzeen onuradunak.

Horretarako, Murietako Udalak azalera bat gordeko du, eskaera horiei erantzuteko bezainbatekoa.

Eskatzaile kopurua nolakoa, halakoa izanen da loteen azalera.

3. ATALA

Enkante publiko arrunta

36. artikulua. Enkantearen bidezko esleipena.

Aitzineko ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lur sobera baldin badago, Murietako Udalak, enkante publikoan eginen du esleipena. Arau orokorra izanen da 2 urte izatea enkante arrunt hauetako esleipen epea, non eta Udalak, osoko bilkuran, gehiengo soilaz beste erabaki bat hartzen ez duen, herrilurren ardura duen batzordeak txostena egin ondoan, izan ere erabaki dezake esleipen epea amaitzea lehenago esleitutako lurzatien esleipena amaitzen denean.

Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

4. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena

37. artikulua. Udalaren zuzeneko ustiapena.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatu ahalko du.

5. ATALA

Esleipen modu guztien prozedura

38. artikulua. Esleipen eskaera aurkezteko epea.

Murietako Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.

39. artikulua. Agiriak.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Udalaren erroldatze eta bizikidetza agiria, gutxienez 3 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Familia unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia unitateko kide guztiena.

e) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

f) Errentan edo jabetza ez den beste titulu batean lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

g) Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena.

h) Jabetzako lurrak, hirugarrenei errentan emanak daudenak.

Eskatzaileren batek eskatzen zaizkion agiriak ekartzen ez baditu, akatsa zuzentzeko epea emanen zaio eta hura iraganik eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.

40. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Herrilurrez arduratzen den batzordeak aztertu ondoan, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan.

Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta alegazioak egin daitezen argitaratuko da.

41. artikulua. Alegazioak.

Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko.

Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

42. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Familia unitatearen titular diren bizilagunen zerrenda ikusirik, Osoko Bilkurari igorriko zaio, behin betiko onets dezan, eta lurzatiak esleitzeko egunak emanen dira aditzera.

43. artikulua. Esleipena.

Lehentasuna duten herritarrendako esleipenaren behin betiko zerrenda ikusita, loteak esleituko dira; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 22. artikulukoak izanen dira.

Herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 30. artikulukoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

1. ATALA

Xedapen orokorrak

44. artikulua. Bazkatokia.

Murietako udal mugapea bazkatoki bakarrean antolatzen da. Larreak aprobetxatzeko lurra osatzen dute Udalaren herrilurrek eta partikularrenak diren beste batzuek, baterako ustiapen unitatea osaturik antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz. Hartan sartzen dira une bakoitzean udal mugapean dauden belar guztiak.

45. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.

Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.

46. artikulua. Kanona.

Murietako Udaleko Osoko Bilkurak urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta alhatzeko eremua zehaztuta.

Esleipenaren prezioa urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

Seihilekoa bukatuta ordainduko du esleipen-hartzaileak aprobetxamenduaren urteko zenbatekoa, aitzinetik jakinarazpena eginda ekainaren 15ean eta abenduaren 15ean.

Hamabost egun iragaten badira bidezko den zenbatekoa ordaindu gabe, esleipena deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.

47. artikulua. Fidantza.

Behin betiko esleipen hartzaileak, Udalaren aldeko fidantza eratu beharko du Udal Diruzaintzan, ordenantza honen eta esleipenaren baldintzak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzeko.

Fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez era daiteke, betiere esleipena behin betikoa bilakatu ondoko 15 egun baliodunean.

Fidantza horren zenbatekoa izanen da esleipenaren lehen urteko kanonaren %10.

48. artikulua. Arriskua eta mentura.

Esleipenean esleipen-hartzaileak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, kanonean ez da murriztapenik eginen ezbeharragatik.

Orobat, ez du izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo izadiko beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaiolako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaiolako. Udalak ere ez du bere gain hartuko esleipen hartzailearen ardurapeko langileek izan ditzaketen lan istripuengatik etor daitekeen erantzukizunik.

2. ATALA

Larratzeko lurra

49. artikulua. Aprobetxamendua.

Larratzeko izanen den lurren azalera Udalaren herrilurrek eta partikularren lurrek osatzen dute.

Debeku da finketan aziendak sartzea euria atertu ondoko 48 ordu baino lehen, eta orobat ureztatu diren finketan, ureztatu ondoko 6 egun baino lehen, eta uzta bildu ondoko 30 egun baino lehen, eta lantzen ari diren finka guztietan.

Halaber, debeku da aziendak hirigunean sartzea, baita hirigunetik kanpora jostetarako dauden eremuak eta makaldietan.

Ez da aziendak iragaterik onartzen Murietako hiriguneko eremu publikoetan barna.

Kalkulatzen denez, 400 ardiko azienda-karga izan dezake.

50. artikulua. Ureztapeneko laborantza duten lurzatiak.

Ureztapeneko laborantza duten lurzatietan baimendurik dago larratzea, laborariek espresuki ezezkoa eman ezean.

Laborariek mugarriak edo seinaleak –makilak, kanaberak, edo beste– erabiliz markatzen dituztenean ulertuko da ureztapeneko laborantza duten lurzatietara sartzeko ezezkoa dagoela.

51. artikulua. Larreak gordetzea.

Murietako Udalak, bazkalekuaren azalera kontuan hartuta, ez du larre guztietatik bosten bat espresuki gordeko, urtean onuradun gehiago agertuz gero, haiei esleitzeko.

52. artikulua. Aprobetxamendua epea baino lehen uztea.

Murietako Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenago jakinarazita, aprobetxamendu horien esleipenak bertan behera utz ditzake, herrilur horietan hobekuntzak egiteko asmoa baldin badu, bazkaleku osoan izan edo haren parte batean izan.

3. ATALA

Esleitzeko prozedura

53. artikulua. Moduak.

Murietako Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

54. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izan beharko dute eta aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik.

55. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Murietako Udalak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

56. artikulua. Prozedura.

Murietako Udalak erabakiko du, osoko bilkuran eta onuradun izan litezkeenek beren eskabideak aurkeztu aitzin, Murietako mugapeak jasan dezakeen aziendaburuen kopurua.

Urtero, epea irekiko da, urtarrilaren 2tik 15era bitartean, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Erroldatze agiria eta bizikidetasunarena, gutxienez hiru urteko antzinatasuna adierazten duena, eta Murietan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Ziurtagiria, Murietako Udalarekin zerga arloko eginbeharrak eguneratuak dituela dioena.

c) Aitorpena, famili unitatea zenbat kidek osatzen duten adierazten duena. Aparteko eranskinean adieraziko da horietarik bat edo batek gorputzez edo adimenez ezindua den.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia unitateko kide guztiena.

e) Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena.

Murietako Udalak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

57. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Aurkeztutako eskabideak eta Murietako herrilurrak jasan dezakeen azienda karga ikusirik, behar den banaketa eginen da azienda espezie desberdinen arteko baliokidetasunak kontuan harturik, familia unitatearen diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan. Herrilurren ardura duen batzordeak behin-behinekoz onetsiko ditu onartuen zerrenda eta larreetan bazka daitezkeen azienda espezieak eta bakoitzeko buruen kopurua.

Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Udalaren iragarki oholean paratuko da hamabost egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, herrilurren ardura duen batzordeak haien gaineko ebazpena emanen du, eta herrilarreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko.

58. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Onuradunak izateko eskubidea duten famili unitateen titularrak diren bizilagunen zerrenda osoko bilkurara eramanen da, behin betiko onespena eman diezaion, eta belarrak aprobetxatzeko datak zehaztuko dira. Zerrenda 15 egunean emanen da argitara, iragarki oholean.

59. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urte izanen da. Hala ere, epe motzagoa ezarri ahalko da, Murietako Udalak osoko bilkuran hala erabakitzen badu.

60. artikulua. Soberako larreak.

Ez da aurreikusten herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzerik, baina hala gertatzen bada, enkante publikoaren bidez esleituko dira, Murietako Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta, betiere, eta herrilurren ardura duen batzordeak aldez aurretik txostena eginda, indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

61. artikulua. Aziendek egiten dituzten kalteak.

Bazkalekua aprobetxatzen edo larreez eta belarrez baliatzen diren azienden jabeak ordainduko ditu aziendek jabego partikularretan egiten dituzten kalteak.

Aziendek bide, areka eta ezpondetan egiten dituzten kalteak herrilurren ardura duen batzordeak ebaluatuko ditu, eta peritazioaren ondotik, horiek konpontzeko epea emanen zaio abeltzainari, eta konpontzen ez baditu, Udalak eginen du, baina konponketaren kostua abeltzainaren gain izanen da.

62. artikulua. Esleipen hartzailearen betebeharrak.

Hona hemen esleipen-hartzailearen betebeharrak:

a) Azienda Murietako katastroan edukitzea, esleipenak dirauen bitartean.

b) Esleitu zaizkion lurrak inori errentan ez ematera, ezta eskualdatzera ere.

c) Larreetarako esleitu diren lurretan laborantzetan ez aritzea.

d) Aziendak oihanetan ez larratzea.

e) Debeku da 56. artikuluan ezarri baino aziendaburu gehiago larreetara botatzea. Horrek ez dakar abeltzainak buru kopuru bera izatea, baizik eta aldi bakarrean baimendu baino buru gehiago ezin duela atera.

63. artikulua. Lur landu gabeak eta hobekuntzak.

Udalak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena; baita belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen duenean ere, helburua bada azpiegitura lanak, basoberritzekoak, lehorreko lurrak berregituratu edo ureztalur bihurtzekoak, larreak sortzea edo basoberritzea, edo abeltzaintzarekin bateraezina den beste edozein erabilera egitea. Esleipen hartzaileari entzutea emanen zaio sortzen den espedientearen gainean, eta eguneratuko da larreen esleipenaren prezioa.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

64. artikulua. Egur loteak.

Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Murietako Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

65. artikulua. Aprobetxamendua kentzea.

Murietako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Murietako Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

66. artikulua. Zuzenean erabiltzea.

Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu. Horretarako, errekerimendu egiten ahalko da frogatzeko berokuntza egur bidezkoa dela, edo sutondoa, sukalde ekonomikoa eta gisakoak erabiltzen direla.

67. artikulua. Irizpide sozialaren araberako banaketa.

Egurra banatzerakoan Murietako Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emanen die lehentasuna.

68. artikulua. Irizpideak.

Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Murietako Udala irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

69. artikulua. Kanona.

Udalak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

70. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, albienteak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

71. artikulua. Ehiza.

Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

72. artikulua. Urak eta harrobiak.

Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Murietako Udalak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

73. artikulua. Hobekuntzak herrilurretan.

1. Murietako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Lurzatien berrantolamenduak.

c) Herrilurra hobetzea.

d) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

74. artikulua. Herrilurra hobetzeko proiektua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, hamabost egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira gero.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

75. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako gertaera hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Esleipenetako epeak ez errespetatzea.

j) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herrilarreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia ez betetzea.

n) Azienda sartzea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

ñ) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

76. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitatea fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

83. artikulua. Ordenantza hauek ez diete ematen ez Udalari ez aprobetxamenduen esleipen hartzaileei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emanak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1403830