51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

148/2014 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, genetikoki aldatutako organismoekin eginen diren jardueretarako eskaera bat jendaurrean jartzen duena. Honako hau da jardueraren identifikazioa: B/ES/14/02 eta B/ES/14/03.

Merkaturatzea ez beste helburu batekin genetikoki aldatutako arto landareen borondatezko askapenari buruzko jakinarazpenak jaso dira Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian, landa-saiakuntzak egiteko, Limagrain Ibérica, S.A.k, Genective, S.A. ordezkatuz, sustaturik. Hauek dira jakinarazpenaren erreferentziak: B/ES/14/02, glisofato herbizida jasaten duen artoa, eta B/ES/14/03, glisofato herbizida jasaten duen eta lepidopteroen larbei gogor egiten dien artoa.

Merkaturatzea ez beste helburu batekin genetikoki aldatutako organismoen borondatezko askapenari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea garatu eta gauzatzeko erregelamendu orokorra onesten duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuaren 25. artikuluko 4. atalean xedatutakoarekin bat, jarduera baimendu aurretik, organo eskudunak jendaurrean jarriko du, 30 egunez, borondatezko askapenaren proiektua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak eta azken xedapenetan lehenak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT

1. 30 egunez jendaurrean jartzea Nafarroako Gobernuaren Zerbitzu Katalogoko “Ingurumeneko proiektuen jendaurreko aldia” izeneko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios)genetikoki aldatutako organismoekin jarduerak egiteko eskaera; sustatzailea Limagrain Ibérica, S.A. da, Genective, S.A. ordezkatuz, eta jardueren identifikazioak honako hauek: B/ES/14/02, glisofato herbizida jasaten duen artoa, eta B/ES/14/03, glisofato herbizida jasaten duen eta lepidopteroen larbei gogor egiten dien artoa.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Behar diren ondorioak izan ditzan, ebazpen hau honako hauei igortzea: Biosegurtasunerako Batzorde Nazionaleko buruari, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Landa Garapeneko eta Oihan Politikako zuzendari nagusiari, Nafarroako Biosegurtasun Batzordeko kideei eta jardueraren sustatzaileari.

Iruñean, 2014ko otsailaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1402744