45. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

45E/2014 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, kontserbak fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Titularra Unión de Fabricantes de Conservas, S.A. (UNFASA) da.

Instalazio honek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak azaroaren 27ko 439/2006 Foru Aginduaren bidez emana, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 873/2013 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak eginen dituela behar diren jarduketak baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako isuriei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EE Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta isuri akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isurketa berrikusi da, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da hori gertatzeko arrisku maila txikia denez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Uste da kasu honetan Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak daudela eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuak ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen honen VI. eranskinean jaso dira entzunaldian titularrak aurkeztutako ebazpen proposamenari egindako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Funesko udal mugapean kontserbak fabrikatzen dituen (titularra Unión de Fabricantes de Conservas, S.A. (UNFASA) da) instalazioaren Ingurumen baimen integratua eguneratzea; instalazio horren Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatuta dauden espedienteei dagozkien proiektuan eta dokumentazio teknikoan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte instalazioak eta jarduerak eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio horri Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 873/2013 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen baimen integratuan hondakin uren isuriei eta hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruzko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Instalazioa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P03104011922013 zenbakiarekin inskribatzea hondakin ez arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak Ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakin arriskutsuen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Zuzendaritza Nagusi honek, aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoak bai Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoak.

Bosgarrena.–Orobat, Zuzendaritza Nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isurketak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Kendu egin dira instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldia eta berritzeko betebeharra, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez, eta kendu egiten da aurreko 25. artikulua, Ingurumen baimen integratuaren berrikuntzari buruzkoa.

Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Unión de Fabricantes de Conservas, S.A.ri (UNFASA), Faltzesko Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1402027