45. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

42E/2014 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zerri aziendaren instalazio baten (gizendegia) Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Titularra Granja Sojo, S.L. da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 0800/2008 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak eginen dituela behar diren jarduketak baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenindustriako isuriei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EE Zuzentarauari egokitzeko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isurketa berrikusi da, eta erabaki da horrelakorik ez dagoenez ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Uste da kasu honetan Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak daudela eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuak ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena titularrari entzuteko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Fustiñanako udal mugapean den zerri azienda baten (titularra Granja Sojo, S.L. da) instalazioaren (gizendegia) Ingurumen baimen integratua eguneratzea; instalazio horren Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatuta dauden espedienteei dagozkien proiektuan eta dokumentazio teknikoan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte instalazioak eta jarduerak eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio horri Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 0800/2008 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen baimen integratuan hondakin uren isuriei eta hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruzko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Zuzendaritza Nagusi honek, aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoak bai Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoak.

Laugarrena.–Halaber, Zuzendaritza Nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isurketak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Bosgarrena.–Kendu egin dira instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldia eta berritzeko betebeharra, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez, eta kendu egiten da aurreko 25. artikulua, Ingurumen baimen integratuaren berrikuntzari buruzkoa.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Granja Sojo, S.L.ri, Fustiñanako Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko otsailaren 5ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1402028