45. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Arazuriko S-1 sektoreko Plan Partziala. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2014ko urtarrilaren 30ean egin bilkuran, xedapen zatian honela dioen erabakia hartu zuen:

“Lehenbizikoa.–Behin betiko onestea Arazuriko S-1 sektorerako Arazuriko Kontzejuak sustatu duen Plan Partziala, sustatzaileak 2013ko abenduaren 13an aurkeztu duen testu bateginarekin bat; hura Jesús Aramendia, Tomas González eta Javier Otaño arkitektoek prestatu dute.

Bigarrena.–Erabaki hau eta haren hirigintzako araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta, abenduaren 23ko 35/2002 Foru Legearen 74.3 artikuluan xedatuari jarraikiz, dokumentuaren ale bat igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, hamar eguneko epean.”

Ororbian, 2014ko otsailaren 7an.–Alkatea, Pedro M.ª Azparren Ocaña.

ERANSKINA

INDIZEA

1.–Hirigintzako araubidea.

1.1. Lurzoruaren kalifikazioa-erabileren homogeneizazioa.

1.2. Lurzati eraikigarrien forma eta neurriak.

1.3. Eraikuntza motak. Kalifikazioa (Udal Planaren arabera).

1.4. Hirigintzako araudia. Fitxa xehakatuak.

1.5. Urbanizazioa.

1.6. Jarduketa sistema.

1.7. Exekuzio epeak.

1.8. Aparkalekuen dotazioa.

2.–Ordenantzak.

2.1. Lurzatiko lerrokadura ofizialak.

2.2. Eraikinaren lerrokadurak.

2.3. Eraikigarritasuna.

2.4. Oinplanoko okupazioa.

2.5. Garaierak.

2.6. Hirigintzako aprobetxamenduaren kontsumoa.

2.7. Baldintza estetikoak.

–Fatxadak.

–Estalkiak.

–Gorputz irtenak.

–Elementu irtenak.

–Eraikuntzarik gabeko lurzorua.

–Finken itxiturak.

1.–Hirigintzako araubidea.

Foru Legea garatzeko erregelamenduarekin bat, hirigintzako araudia titulu berariazko bat bezala agertuko da planaren barnean eta, gutxienez ere, atal hauek izanen ditu:

a) Lurzoruari buruzko hirigintzako araubidea, honako hauek jorratuko dituena:

–Lurzoruaren kalifikazioa, haren erabilera xehakatuak xehe-mehe azalduz.

–Lurzati eraikigarrien forma eta neurriak.

–Urbanizazioa.

–Jarduketa sistemak.

–Exekuzio epeak; lotesleak izanen dira, planeamenduak, espresuki, kontrakoa ezarri ezik.

b) Eraikuntza arauak, honako hauek aipagai dituela: bolumena, okupazioa, garaiera, erabilerak –baimenduak eta debekatuak aipatuz–, eta eraikinen konposizio arkitektoniko eta estetikoa.

Beraz, hirigintzako araudi honetan arautzen dira erabilera xehakatu eta zehaztuak, Oltza Zendeako Udal Planeko lurzoru urbanizagarriaren 1. sektorean, Arazurin.

1.1. Lurzoruaren kalifikazioa-erabileren homogeneizazioa.

Erabilera orokorra: Bizitegiak:

Erabilera xehakatuak:

Erabilera xehakatuen esleipena agerian jartzen da lurzati bakoitzaren fitxetan, aprobetxamendu unitateen gaineko aprobetxamenduaz aritzeko (AUak).

Aprobetxamendua kalkulatzeko, ondoko koefiziente hauek erabili dira:

–m² BOE motako etxebizitza babestua: 0,47 AU/m².

–m² PTE motako etxebizitza babestua: 0,62 AU/m².

–m² Familia bakarreko etxebizitza atxikia, librea: 1,50 AU/m².

–m² Familia bakarreko etxebizitza bikia, librea: 1,75 AU/m².

–m² Familia bakarreko etxebizitza bakartua, librea: 2,25 AU/m².

–m² Lurzati pribatua, BOE: 0,04 AU/m².

–m² Lurzati pribatua, PTE: 0,06 AU/m².

–m² Lurzati pribatua, etxebizitza atxikia: 0,15 AU/m².

–m² Lurzati pribatua, etxebizitza bikia: 0,17 AU/m².

–m² Lurzati pribatua, etxebizitza bakartua: 0,23 AU/m².

–m² Saltokia, bizitegitarako eraikinean: 1,50 AU/m².

Lurzatien ezaugarriak oinarrizkoak dira; lurzati bakoitzean alda daitezke, muga hauek izanik:

–Etxebizitza kopurua gehienekoa da.

–Hirigintzako aprobetxamendu AU-etan eta eraikigarritasuna gehienekoa da.

Baimentzen da erabilerak bertze erabilera bateragarriekin ordezkatzea, erabileren bateragarritasunari buruz Udal Planeko testu bateginaren hirigintzako araudiaren 88. artikuluan definituriko taularen arabera, eta, ondoriozko erabilera bakoitzari aplikaturik indarra duten homogeneizazio koefizienteak aplikatuz, ez da gainditzen ahalko ez hirigintzako aprobetxamendu ez eraikigarritasuna.

Halaber, etxebizitza kopurua murrizten ahalko da, betiere frogatzen bada betetzen dela indarra duen legeriak dioena babes ofizialaren etxebizitzaren portzentajeari buruz.

1.2. Lurzati eraikigarrien forma eta neurriak.

Honekin batera doazen planoetan zehazten dira, nahitaezko lerrokadurak izanik haietan adierazten direnak eraikuntzaren bolumen nagusirako, nahiz eta atzeraemateak baimenduko diren eranskin, garaje atxiki eta abarretarako.

Okupazioa orientagarria da eta dokumentazio grafikoan zehazten da, eta eraikinaren gehieneko sakonera atzeraemanen da familia bakarreko etxebizitzetarako, gutxienez 3,00 m atzeraeman ere lurzatiaren hondotik.

1.3. Eraikuntza motak. Kalifikazioa.

(Udal Planaren arabera, Plan Partzialaren ondoriozko aldaketekin).

3. kalifikazioa.–Familia anitzeko etxebizitza (1 eta 2. lurzatiei aplikatuta).

48.1.–Definizioa.

Sail honetan sartzen da gaur egun eraikinik ez duen lurzorua, bertan etxebizitzen eraikinak zutitzeko on dena, eraikinak lurzatiaren barnean antolaturik. Parametro hauen arabera arautzen da:

–Gutxieneko lurzatia: 800 m².

–Lurzatiaren gutxieneko aurpegia: 25 m.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 0,8 m²s/m²l lurzatiaren azalera osoaren gainean.

–Gehieneko okupazioa: %40 lurzatiaren azalera osoaren gainean.

–Solairu kopurua: beheko solairua gehi goiko solairu bi, gehi estalkipekoa.

–Beheko solairuaren gehieneko garaiera librea: 3,50 m.

–Goiko solairuaren gehieneko garaiera librea: 2,75 m.

–Gehieneko garaiera teilatu-hegalaren azpiraino: 10,00 m.

Estalkiak maldadunak izanen dira eta %30etik %45era bitarteko malda izanen dute. Estaltzeko materiala teila zeramikoa izanen da.

Eraikinak okupatu gabeko espazioaren gainean, lurzatiaren gehieneko okupazioko lerrokadurek definiturik, erabilera publikoko zortasun bat eratuko da azaleran; hango urbanizazio lanak 1. sektorearen kontura izanen dira.

Gehieneko lerrokadurek definituriko azalera guztia eraikinekin okupatuko ez direlakoan, lurzatiaren puska horretako urbanizazio lanak lurzatiaren jabeen kontura eginen dira, urbanizazioaren gainerakorako definituriko irizpide berekin.

48.2.–Familia anitzeko etxebizitzen eraikinari dagozkion erabilera baldintzak.

Honako erabilera hauek onartzen dira:

a) Etxebizitza.

b) Merkataritza beheko solairuan.

c) Ostatua, jatetxea eta gisakoak.

d) Bulegoak, administrazioa, gizarte eta kultura, aisia, osasun zerbitzuak, gizarte-laguntza eta hezkuntza.

e) Biltegia beheko solairuan.

f) Aparkalekua.

4. kalifikazioa.–Familia bakarreko etxebizitza atxikia (3 eta 4. lurzatiei aplikatua).

49.1.–Definizioa.

Sail honetan sartzen da gaur egun eraikinik ez duen lurzorua, bertan familia bakarreko etxebizitza atxikiak zutitzeko on dena. Sarbide ematen dion bidearen lerroan antolatuko dira eraikinak. Parametro hauen arabera arautzen da:

–Gutxieneko lurzatia: 150 m²/etxebizitza.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 1,00 m²s/m²l.

–Gehieneko okupazioa: %50.

–Lurzatiko gutxieneko fatxada: 6,00 m.

–Jabetzako mugetarainoko tarteak:

  • Lerrokadura fatxadara:
  • bat ere ez, PTE motako etxebizitza atxikietan.
  • 3,00 m, etxebizitza atxiki libreetan.
  • Lerrokadura bertze muga batzuetara: 3,00 m.

–Solairu kopurua: beheko solairua gehi goiko solairu bat gehi estalkipeko solairua.

–Beheko solairuaren gehieneko garaiera librea: 3,50 m.

–Goiko solairuaren gehieneko garaiera librea: 2,75 m.

–Gehieneko garaiera teilatu-hegalaren azpiraino: 7,00 m.

49.2.–Erabileren araubidea:

Erabilera orokorra familia bakarreko etxebizitza izanen da.

Etxebizitza erabilerari loturiko zerbitzuen erabilera osagarria onartzen da.

5. kalifikazioa.–Familia bakarreko etxebizitza bikia (5. lurzatiari aplikatua).

50.1.–Definizioa.

Sail honetan sartzen da gaur egun eraikinik ez duen lurzorua, bertan familia bakarreko binakako etxebizitza atxikiak zutitzeko on dena. Sarbide ematen dion bidearen lerroan antolatuko dira eraikinak. Parametro hauen arabera arautzen da:

–Gutxieneko lurzatia: 250 m²/etxebizitza.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 0,60 m²s/m²l.

–Gehieneko okupazioa: %50.

–Lurzatiko gutxieneko fatxada: 9,00 m.

–Jabetzako mugetarainoko tarteak:

  • Lerrokadura fatxadara: inor ez.
  • Lerrokadura bertze muga batzuetara: 3,00 m.

–Solairu kopurua: beheko solairua gehi goiko solairu bat gehi estalkipeko solairua.

–Beheko solairuaren gehieneko garaiera librea: 3,50 m.

–Goiko solairuaren gehieneko garaiera librea: 2,75 m.

–Gehieneko garaiera teilatu-hegalaren azpiraino: 7,00 m.

50.2.–Erabileren araubidea:

Erabilera orokorra familia bakarreko etxebizitza izanen da.

Etxebizitza erabilerari loturiko zerbitzuen erabilera osagarria onartzen da.

6. kalifikazioa.–Familia bakarreko etxebizitza bakartua (6. lurzatiari aplikatua).

400 m²-ko lurzatiak.

51.1.–Definizioa.

Sail honetan sartzen da gaur egun eraikinik ez duen lurzorua, bertan familia bakarreko etxebizitza bakartuak zutitzeko on dena. Parametro hauen arabera arautzen da:

–Gutxieneko lurzatia: 400 m²/etxebizitza.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 0,60 m²s/m²l.

–Gehieneko okupazioa: %50.

–Lurzatiko gutxieneko fatxada: 15,00 m.

–Jabetzako mugetarainoko tarteak:

  • Lerrokadura fatxadara: inor ez.
  • Lerrokadura bertze muga batzuetara: 3,00 m.

–Solairu kopurua: beheko solairua gehi goiko solairu bat gehi estalkipeko solairua.

–Beheko solairuaren gehieneko garaiera librea: 3,50 m.

–Goiko solairuaren gehieneko garaiera librea: 2,75 m.

–Gehieneko garaiera teilatu-hegalaren azpiraino: 7,00 m.

51.2.–Erabileren araubidea:

Erabilera orokorra familia bakarreko etxebizitza izanen da.

Etxebizitza erabilerari loturiko zerbitzuen erabilera osagarria onartzen da.

1.4. Hirigintzako araudia. Fitxa xehakatuak.

Jarraian erantsi dira Arazuriko 1. sektorean aurreikusitako antolamenduaren ondoriozko lurzati bakoitzaren fitxa xehakatuak, haietarako ezarritako determinazio guztien berri emanez.

1.5. Urbanizazioa.

Sektoreari dagokion urbanizazio proiektua prestatuz eginen da.

Urbanizazio proiektu horretan definituko dira hornidurarako eta saneamendurako sektoreko azpiegitura berriak, haien loturak dauden sareekin, eta behar den hitzarmena eginen da Iruñerriko Mankomunitatearekin; haien ondorioa izanen da indargarri horiek etxebizitza unitate bakoitzeko ekarriko duten ondorio ekonomikoaren kontaketa, izan ere sektoretik kanpoko lanak izanen bailirateke, eginez gero.

Eraikuntza eta urbanizazio lanak batera egiten ahalko dira, hirigintzari buruz indarra duen legeriak orokorrean ezarritako baldintzak betetzen badira.

Urbanizazio proiektuak planoetan adierazitako lerrokadurei lotuko zaizkie eta indarra duen planeamendu orokorrean ezarritako baldintzei.

Plan Partzial honetan, lurraren egungo topografiaren gaineko gainezarpen planoak erantsi dira, urbanizazio proiektuaren ondoriozko behin betiko sestrei buruzko aurrejuzkurik egin gabe.

Urbanizazio proiektua bakarra izanen da, obrak faseetan gauzatzen ahal badira ere, etapakako planean dauden aurreikuspenekin bat.

Nahitaez bereganatu behar du eremu berde publikoei emanen zaien tratamendua eta bertan eginen diren landaketak.

Aurreikusitako exekuzio unitatearen urbanizazio proiektuak urbanizazio lizentzia erdietsi aitzin, Iruñerriko Mankomunitateak aldeko txostena luzatua izan beharko du saneamendurako azpiegiturak handitzeko hartutako neurrien egokitzapenaren gainean: “C-4 intertzeptatzailea” eskualdeko bilketa-hodia.

1.6. Jarduketa sistema.

Sektorea garatzeko aurreikusitako jarduketa sistema konpentsaziokoa da, edo borondatezko birzatiketakoa, hala behar badu, esparruan sarturiko lurren titulartasun bakarra kontuan harturik.

1.7. Gauzatzeko epeak.

Igorri da Plan Partzial honetan proposaturiko etapakako plana.

1.8. Aparkalekuen ekipamendua.

Etxebizitza unitate bakoitzeko aparkatzeko leku bat, espazio publikotik kanpoan kokatua, BOE motako etxebizitza kolektiboetarako eta PTE motako familia bakarreko etxebizitzetarako.

Etxebizitza unitate bakoitzeko aparkatzeko bi leku, espazio publikotik kanpoan kokatuak, familia bakarreko etxebizitza atxiki, binakako edo bakartu libre eta lurzatidunetarako; horietariko bat eraikinetik kanpora kokatzen ahal da.

2.–Ordenantzak.

Orokorrean aplikatuko dira Oltza Zendeako Planeamendu Orokorrean daudenak, baita Udal Planean egin den aldaketan aurreikusitako determinazio xehakatuak ere, ondotik ematen diren zehaztapenekin.

Kontzeptuen definizioetarako, Udal Planeko Hirigintzako Araudiaren 30. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

2.1. Lurzatiko lerrokadura ofizialak.

Lurzatietako lerrokadura ofizialak antolamenduaren 6. planoan (Gainerako lurzatiak) gelditu dira definiturik eta definitzen dute espazio publikoaren eta espazio pribatuaren arteko muga.

Familia bakarreko etxebizitzetako lurzatietako itxituretarako, lerrokadura ofizialak antolamenduaren 7. planoan (Lerrokadurak) gelditu dira definiturik eta gehienekoak dira.

4. lurzatian, familia bakarreko etxebizitza atxikietarako baita, lurzatiko itxitura gutxienez ere 3,0 m atzeraemanen da karrikaren aldera, eta lurzatiaren aitzinaldean kokaturiko eremu pribatu libre hori urbanizatuko da Plan Partzial honetan aurreikusitako zehaztapenen arabera.

Familia bakarreko etxebizitza mota guztietarako lurzatietan, arau orokorra izanen da lurzatiko itxiturak atzeraeman ahal izatea, 6,0 m-raino, aparkatzeko eremu bat posible egin ahal izateko lurzatiaren barnean.

Etxebizitza kolektiboetan ez da baimenik emanen lurzatiei itxiturarik paratzeko.

2.2. Eraikuntzaren lerrokadurak.

Lerrokaduren planoan eta lurzatien hirigintzako fitxetan definitzen dira eraikuntzaren nahitaezko lerrokadurak eta gehieneko lerrokadurak.

Eraikuntzak nahitaezko lerrokadurei segituko die gutxienez ere fatxadaren luzeraren heren batean.

Familia bakarreko etxebizitzetan ez da gehieneko lerrokadurarik ezarriko mota bakoitzerako eskatzen diren gutxieneko tarteak badituzte mugetara.

2.3. Eraikigarritasuna.

Etxebizitza mota bakoitzak bere eraikigarritasuna izanen du, lurzatiaren azalera garbiaren arabera; Udal Planeko Hirigintzako Araudiarekin bat, gehieneko eraikigarritasunak honelako zenbakiak izanen ditu:

–BOE motako familia anitzeko etxebizitza (3. kalifikazioa): 0,80 m²s/m²l.

–Etxebizitza atxikia (4. kalifikazioa): 1,00 m²s/m²l.

–BInakakako etxebizitza (5. kalifikazioa): 0,60 m²s/m²l.

–Etxebizitza bakartua (6. kalifikazioa): 0,60 m²s/m²l.

2.4. Oinplanoko okupazioa.

Eraikinaren oinplanoko okupazioa lurzatiaren azalera garbiaren araberakoa izanen da etxebizitza mota bakoitzean.

BOE motako etxebizitza kolektiborako, eraikuntzaren gehieneko okupazioa antolamendu planoetan eta hirigintzako fitxetan adierazten da, eta bat egiten du lurzatiko pribatuko gehieneko lerrokadurekin.

Familia bakarreko etxebizitzetarako, gehieneko okupazioa lurzatiaren azaleraren %50 da.

2.5. Garaierak.

Honekin batera doazen planoetan, baita lurzatien hirigintzako fitxetan ere, eraikinaren solairu kopurua zehazten da, eta garaierak kontatzeko, Udal Planeko Hirigintza Araudian xedatuari jarraituko zaio.

Udal Planeko determinazioekin bat, etxebizitza mota bakoitzeko solairu kopurua eta gehieneko garaiera jarraian adierazten den bezala laburtzen da:

–BOE motako familia anitzeko etxebizitza (3. kalifikazioa): B + 2 + estalkipea (10,0 m).

–Familia bakarreko etxebizitza (4, 5 eta 6. kalifikazioa): B + 1 + estalkipea (7,0 m).

2.6. Hirigintzako aprobetxamenduaren kontsumoa.

Hirigintzako araudiaren arabera, sestra azpiko azalerak ez dira kontatuko hirigintzako aprobetxamenduaren kontsumoari dagokionez.

Estalkipeko solairuetako azalera eraikia hirigintzako aprobetxamendurako kontatuko da 1,50 m baino garaiagoa bada.

Beheko solairuko azalera eraikiak, espazio publikotik irekiak dauden lurzatietara jotzen badute eta gorputz irten, balkoi edo terrazen azpian eginak badira, ez dira kontatuko hirigintzako aprobetxamendurako.

Azalera eraikia kalkulatzeko, jarrairuko zaio Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan xedatuari.

2.7. Baldintza estetikoak.

Oltza Zendeako Udal Planeko Hirigintzako Araudian xedatuari jarraikiko zaio, eta ahaleginak eginen dira eraikuntzaren diseinuan batasuna egon dadin, gutxienez ere etxebizitza atxikieten ondoriozko lurzati bakoitzaren esparruan eta binakako bi etxebizitzak osatutako unitate bakoitzean.

Aitzinekoan oinarriturik, eraikuntza proiektu bakarraren arabera gauzatzen ez delarik, aitzinetik beharko da osotasunaren konposizio orokorraren azterlana, aurreproiektu mailakoa, xehetasun azterlan gisa tramitatuko dena eta jabe guztiak lotuko dituena.

Arazuriko 1. sektorerako, Plan Partzial honetan honela zehazten dira baldintza estetikoak:

–Fatxadak.

Udal Planaren 90. artikuluari jarraikiz, Arazuriko 1. sektorerako honela mamitzen baita:

Konposizioari, materialei, baoei eta abarri dagokienez, fatxaden estetika bat etorriko da Arazurin diren eraikinekin.

Akaberako material bakarrak honako hauek izanen dira:

a) Harri naturaleko harlangaitza.

b) Entokadura eta pintura, eskualdean ohikoak diren koloretan.

c) Adreiluzko fabrikak, kolore zurietan, okreetan edo eskualdean erabiltzen direnen gisakoak.

Kanpoko arotz-lanak zurez, izanik hura bernizatua edo pintatua, edo eskualdean tradizioz ohi direnek izaten duten akabera itxuran; onartzen da aluminio lakatua erabiltzea, kolore ilunetan.

Familia bakarreko etxebizitza atxiki edo binakakoak egitean bistako mehelinaren trataera fatxadaren trataera bezalakoa izanen da harik eta etxebizitza atxiki edo binakakoa gauzatzen den arte.

–Estalkiak.

Udal Planaren 42 eta 93. artikuluei jarraikiz, Arazuriko 1. sektorerako honela mamitzen baita:

Orokorrean, eraikinen estalkiak maldadunak izanen dira, bi isurialdekoak; estalki lauak onartuko dira eraikin nagusien beheko solairuko eranskinetan, betiere eraikin nagusiari terraza gisa gehitzen bazaizkie eta haietara etxebizitzatik sartzen ahal bada.

Malda %30etik 45era bitartekoa izanen da, eta teilatu-hegal bat izanen dute, gutxienez ere 60 cm-koa, eta teila zeramiko gorrizta edo lurkaraz edo eskualdean tradizioz ohi den teila motan eginiko akabera duena.

Aireztapenerako goialdeko erremateko elementuak eraikinaren fatxadetako material berdinekin bukatuko dira.

Zinkezko, kobrezko eta altzairu pintatuzko teilatu-hodi eta zorrotenen bidez bilduko da estalkietako ura; PVC debeku da espresuki.

–Gorputz irtenak.

Udal Planaren 34. artikuluari jarraikiz, Arazuriko 1. sektorerako honela mamitzen baita:

Fatxadak espazio publikoaren mugan dituzten eraikinetan, gorputz irtenen gehieneko hegalkina 1,00 m-koa izanen da, eta haien garaiera 3,50 m baino gehiagokoa hegalkin horren azpian.

Ez da gorputz irtenik paratzen ahalko mugetara ezarritako gehieneko tartea murrizten badu.

–Elementu irtenak.

Udal Planaren 35. artikuluari jarraikiz, honela laburbiltzen baita:

Onartzen dira elementu irtenak, fatxadaren planotik 15 cm baino gehiago ateratzen ez badira.

Teilatu-hegalak eta erlaitzak 60 cm-tik 100 cm-ra bitarte ateratzen ahal dira, eta gorputz irtenik baldin bada, 40 cm ateratzen ahal dira hegalkinetik.

–Eraikuntzarik gabeko lurzorua.

Udal Planaren 41. artikuluari jarraikiz, Arazuriko 1. sektorerako honela mamitzen baita:

Eraikuntzak okupatzen ez dituen lurretan ez da inolako aprobetxamendurik egiten ahalko, eraikuntzaren zerbitzuko espazio librea ez bada.

Bai lerrokadura nagusia karrikatik atzeraemana egoteagatik (4. lurzatia) bai diseinuan atzeraemateak egiten direlako eraikuntzan, aitzinaldeko espazio libre pribatuak trataera berezia izanen du aparkalekutako erabiltzen den zatian.

–Finken itxiturak.

Udal Planaren 44. artikuluari jarraikiz, Arazuriko 1. sektorerako honela mamitzen baita:

Espazio publikoetara jotzen duten itxiturek jarraitu behar diete planeamenduak finkaturiko lerrokadurari eta bidearen sestrari, nahiz eta haren atzeraematea justifikatzen ahalko den aparkamendutako erabiltzeko espazioa sortzeko aitzinaldean.

Eraikuntzaren fatxada nagusiaren eta lerrokadura ofizialaren artean ez da hesirik paratuko eta fatxada nagusiaren aitzinean espazio librea utziko da; haren trataera erabileraren araberakoa izanen da.

Itxitura opakoen gehieneko garaiera ez da 1,20 m baino handiagoa izanen; hartarako fatxadaren gisako materialak erabiliko dira, eta gehienez ere 2,00 m bitarte metalezko sarea erabiliko da; espresuki debeku da sare elektrosoldatua edo birhura hutsezkoa erabiltzea.

Iruñean, 2013ko abenduan.

Arkitektoak, Jesús Aramendía; Tomás González; Javier Otaño.

Iragarkiaren kodea: L1402047